Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2019ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5208

EBAZPENA, 2019ko urriaren 18koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Eibarko Udalak (Gipuzkoa), 2019ko abuztuaren 1ean, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-organoaren aurrean, plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko: Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Ihobe, Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkartea. Era berean, Eibarko Udalari jakinarazi zitzaion zein erakunderi eta pertsonari egin zitzaien kontsulta.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu zuen diputatuen kontseiluak 2006ko abenduaren 12an, 2010eko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez. Plan horretan zehazten da indarrean dagoen hirigintza-araubide orokorra. HAPOaren arabera, eremua bi orubez osatuta dago (Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbaki ohiak), eta industria-lantegi eraiki batez eta EE-125 Txonta lurzatiko zati txiki batez.

Hizpide dugun Hiri Antolamenduko Plan Bereziak aldatu egin du A.9.1 Urkizu eremuaren hirigintza-araubide xehatua, baina ez du handitzen hirigintza-eraikigarritasuna, Eibar (Gipuzkoa) udalerrian indarrean den planeko zehaztapenak betez. Planaren helburuak hauek dira:

– Hego-ekialdeko muga finkatzea, jabe beraren beste eremu bat (21,33 m2-ko azalerakoa) sartuta; egun, EE-125 Txonta eremuan sartuta dago.

– Egungo industria-lantegiaren eremua birkalifikatzea sestrapeko gainazal eraikigarri gisa, aipatu zatia kontuan hartuta, garajeetarako eta eraikinaren lagungarrietarako. Jabari eta erabilera pribatuak onartuko dira sestra gainean, baina eraikigarritasunik ez.

– Bizitegi-eraikinaren lerrokadurak eta sestrapeko eta gaineko mailak zehaztea (izan ere, orubeok ez daude eraikita), udal-zerbitzu teknikoen emandako irizpideen arabera.

Planak proposatzen duen hirigintza-garapenaren arabera, etxebizitza-bloke bakarra eraikiko da, S+BS+4 S+T profilekoa. Horretarako, Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakietako eraikinak eraitsiko dira, baita horien hegoaldean dagoen industria-lantegia ere. Halaber, hego-ekialdeko muga berrezarriko da, EE-125 Txonta eremuaren zati bat hartuta. Hala, sestrapeko azalera handituko da, ezinbestekoa baita arranpa kokatu eta gurpildun ibilgailuak sotoko garajeetara behar bezala sartu ahal izateko.

Planaren helburuko eremuak 561,94 m2-ko azalera du; Eibarko hirigunean dago, udalerriko hiri-ehunaren barnean. Urkizu eta Bidebarrieta kaleek mugatzen dute, eta hiri-lurzoru finkatua da. Batik bat bizitegi-erabilerako eremua da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarriak proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako dokumentuak ikusi da, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da, hau da, hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin bateratu daiteke.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedeko esparrua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratua. Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.

Eremuari loturiko arrisku nagusiari dagokionez, esan behar da kutsatuta egon daitekeen lurzoru gisa inbentariatuta dagoela, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretua kontuan hartuta (20030-00147 eta 20030-00119 kodeak).

Bestalde, zaratari dagokionez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa) ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko direla aurreikusten da.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremu urbanizatua da (hiri-lurzoru finkatua). Bertako flora landaredia erruderal nitrofilo motakoa da. Eremuaren hegoaldean, baso misto txiki bat dago.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu naturagune babesturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik, ibai-ibilgurik eta hezegunerik ere. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

– Eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako zenbait lurzati daude (20030-00147 eta 20030-00119 kodeak).

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman uholde-arrisku aipagarririk.

– Zarata-iturri nagusia Urkizu, Bidebarrieta, Arragueta, Bittor Sarasketa eta Galiziako pasealekuaren kaleetako zirkulazioa da. Zarata-maparen arabera, planaren xedeko eremuan gainditu egiten dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Halaber, Hiri Antolamenduko Plan Bereziari loturiko jarduketak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan beharko dira. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren 31.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Bestalde, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorrera eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eibarko Udalari.

Laugarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada Eibarko Urkizu kaleko 2. eta 4. zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: lurzorua kutsa dezakeen edo kutsatzen duen jardueraren bat egon den eremuetako lur-mugimenduak egiteko, organo honek gaikako indusketa-plan bat onartu beharko du aldez aurretik. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek.

Halaber, Eibarko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berri guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala