Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2019ko urriaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5035

EBAZPENA, 2019ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko maiatzaren 21ean, Donostiako Udalak Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu die egoki ikusten dituzten oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Gipuzkoako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; Gipuzkoako Ekologistak Martxani, eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Bukatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta zenbait erantzun jaso dira; espedientean jasota daude horien edukia eta emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketa kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean, XA), jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Familia bakarreko 7 etxebizitza eraiki ahal izateko, XAk proposatzen du Añorga auzoko a.400.7 eta a.500.95.A lurzatiak elkartzea, eta, horren ondorioz, proposatutako antolamendua deskribatzea, eta A.40.7 multzoaren ondoriozko lurzatiaren lerrokadurak, sestrak eta gainerako parametroak definitu, mugatu eta osatzea.

Lurzatia «Bizitegi-erabilerarako eraikuntza atxikia a.401» eraikuntza-tipologian oinarrituta garatzen da eta proiektatuta dauzka azpiegitura-zerbitzu guztien hartuneak. Antolamendu-parametro hauek proposatzen dira:

– Ezartzeko plataformaren +40,00 m-ko kotari eusten zaio eta mugaketa perimetrala egokitzen da proposatutako eraikinera. Aztertzen da ezartzeko plataforma maximizatzea, eta etxebizitzen beheko solairuan hutsik dauden espazioak erabiltzea.

– 400.7 lurzatiko etxebizitza eraitsi eta gero, eta bi lurzati elkartu ondoren, sestra gaineko eraikigarritasuna 922 m2 (t)-koa da (familia bakarreko 7 etxebizitza).

– Sestrapeko eraikigarritasuna gehienez ere 922 m2 (t)-koa izango da. Hor, etxebizitza bakoitzeko bi aparkaleku-plaza egingo dira, eta erabilera osagarri batzuk emango zaizkie, gelarena izan ezik.

– Eraikinen gutxieneko erretiroa 5 metrokoa izango da, sestra gainean, eta 3 metrokoa, sestra azpian.

– Ibilgailuak lurzatian sartzeko bidea bakarra eta komuna da, Atotxaerreka Bidetik.

– Oinezkoen sarbidea Atotxaerreka Bidetik egingo da.

– Eraikinak gehienez ere 8 metroko altuera du.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko XAk ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. XAk ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan. XA bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: XAk aukera ematen du hiri-eremua hobetzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Egiten diren jardueretan honako arlo hauetako arauak bete beharko dira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia eta kutsadura akustikoa eta urak.

e) XA egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten XAk ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, XAtik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketak ingurumen-efektu kaltegarri esanguratsurik izango ez duela, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta, horrenbestez, ez zaiola egin behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako Atotxa Errekako (Añorga) AÑ.01 HEko a.400.7 eta a.500.95.A lurzati-multzoaren xehetasun-azterketa gehienez ere lau urteko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala