Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2019ko urriaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5033

EBAZPENA, 2019ko urriaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Getxoko (Bizkaia) Zugazarte etorbideko 61. zenbakia kokatuta dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketaren gainean.

AURREKARIAK

2019ko apirilaren 11n, Getxoko Udalak eskabidea osatu zuen Zugazarte etorbideko 61. zenbakia kokatuta dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezkoa balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lituzkeen zehazteko.

Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako Zuzendaritza Nagusiari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait erantzun jaso dira, eta espedientean jasota dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Getxoko Zugazarte etorbideko 61. zenbakian kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, xehetasun-azterketa), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getxoko Zugazarte etorbidearen 61. zenbakian kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Getxoko Udalak berak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Xehetasun-azterketaren deskribapena. Helburuak eta jarduketak.

Garrantzi historikoa duen etxebizitza-eraikin batean egin nahi da esku-hartzea.

Higiezinak lau solairu ditu: erdi-sotoa, beheko solairua, 1. solairua eta 2. solairua. Beheko solairuko okupazioa 514,00 m2-koa da.

Xehetasun-azterketaren bidez, eraikineko sotoaren egoera urbanistikoaren ondoriozko lerrokadura aldatu nahi da, aparkaleku gisa erabili ahal izateko eta indarrean dagoen araudiaren ordenantzek baimendutako erabilerak emateko. Hau da, lurzatiaren sestra peko lerrokaduren gaineko zenbait zehaztapen aldatu nahi ditu, eraikina indarreko plangintzaren arabera finkatzeko.

– Xehetasun-azterketak konponbidea ematen die Zugazarte etorbideko 61. zenbakian kokatutako lurzatiaren sestra peko lerrokadura-auziei. Eraikineko sotoaren egoera urbanisitikoaren ondoriozko lerrokadura aldatu da, aparkaleku gisa baliatzeko, indarreko ordenantzetan baimentzen diren erabileretan (Zugazarte 5.-6. ordenantza). Zugazarte etorbidearekiko lau metroko banalerroa lurzatiaren mugara mugitzea proposatzen da, sestra peko erabilera ahalbidetzeko.

– Sestra peko lerrokadura berri horri esker, guztizko azalera erdi-sotoaren egungo okupazioa baino handiagoa da; hala, sestra peko okupazio berriak gainazal osoa hartuko du, gorakako eraikinak egun okupatzen ez duen eremura arte.

– Proposamenak ez du eragingo aldaketarik batere estandar urbanistikoetan, egitura-zehaztapenei dagokienez.

Eraikina dagoen lurzatia hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago, erabat dago antropizatuta eta ez du interes bereziko natura-elementurik.

Nabarmentzekoa da azterketa-eremua akuiferoekiko oso kaltebera dela.

Kultura-arloari dagokionez, Zugazarte 5.-6. eremuan kokatutako eraikina babes ertainekoa da: Luis Arana «Cisco»ren etxeak babes-maila ertaina du, maiatzaren 22ko 89/2001 Dekretuaren arabera. Dekretu horretan, Getxoko eremu berezia kultura-ondasun izendatzen da, monumentu-multzo kategoriakoa.

B) Xehetasun-azterketaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Xehetasun-azterketaren ezaugarriak, batez ere alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Xehetasun-azterketak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, xehetasun-azterketak ez du ezartzen baldintzarik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Xehetasun-azterketa zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin. Ingurumen Dokumentu Estrategikoan, besteak beste, hauekin bateragarria den aztertu da: Lurralde Antolamenduko Gidalerroekin, Bilboko Lurraldearen Arloko Planarekin (LAP), Nekazaritzako eta Basogintzako LAParekin, EAEko Errekak eta Ibaiak Antolatzeko LAParekin eta Itsasertza Antolatu eta Babesteko LAParekin.

c) Xehetasun-azterketak ingurumen-alderdiak txertatu behar lituzkeen ala ez, batik bat, garapen jasangarria sustatzeari begira: proposatu jarduketek ez dute okupatuko artifizialdu gabeko lurzorurik, hiri-lurzoru finkatuan egingo baitira. Ez da inola ere kaltetuko lurzoru urbanizaezineko ingurune naturalik, esaterako, habitatak, landaredia, fauna, nekazaritza-sektorea, etab.

d) Xehetasun-azterketarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu denez, proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa. Gainera, kultura-ondarean eragina izan dezake; beraz, edozein jarduketa egin aurretik, gaian eskumena duen administrazioaren baimena eskuratu beharko da.

e) Xehetasun-azterketa egokia da ingurumenaren arloko legeria –Europar Batasunekoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Ondorio gisa esan daiteke ez dela hauteman xehetasun-azterketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta, batik bat, kultura-ondarearen babesari dagokienez.

3.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan adierazitakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

– Ebazpen honetan jada aipatu denaren arabera, Zugazarte etorbideko 61. zenbakian kokatutako eraikina babes-maila ertaina duten elementuen zerrendan sartuta dago, maiatzaren 22ko 89/2001 Dekretuaren bitartez. Dekretu horretan, Getxoko (Bizkaia) eremu berezia kultura-ondasun izendatu zen, monumentu-multzo kategoriakoa. Horrenbestez, ez da tipologia aldatu behar –lorategiz inguratutako txaleta– eta eremu osoko espazio publikoetako landare-elementuak eta lurzati-itxiturak zaindu beharko dira.

Aparkalekua instalatzeko eraikuntza-jarduketa eta hirigintza-araudian baimenduta dauden beste erabilera batzuen ezarpena xehe-xehe aztertu beharko dira, eta kasuan kasuko erakunde eskudunak aurretiaz baimena ematea beharko dute. Erakunde horrek aztertuko du proposamena eta higiezinaren kultura-balioak bateragarriak diren.

– Obra-proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: proiektuan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, egoki garbituko dira obra-materialak eta -eremua.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Getxoko Zugazarte etorbideko 61. zenbakian kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Getxoko Zugazarte etorbideko 61. zenbakian kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala