Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2019ko urriaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4906

EBAZPENA, 2019ko urriaren 11koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baita gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren 2019-2020 denboraldia noiz hasten den.

Gripearen aurkako txertaketaren helburua da gripearekin lotutako hilkortasuna eta gaixotze-tasa murriztea, bai eta gaixotasun horrek komunitatean duen inpaktua gutxitzea ere.

Pertsona eta arrisku-talde hauentzat da txertaketa-kanpaina:

1.– 65 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiak.

2.– Gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonak:

● Gaixotasun kardiobaskular kronikoak (arteria-hipertentsio isolatua izan ezik) edo biriketako gaitzak (besteak beste, bronkio eta biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta aldiro berritzen den asma larria) dituzten haurrak (6 hiletik gorakoak) eta helduak.

● Honako hauek dituzten haurrak (6 hiletik gorakoak) eta helduak:

– Gaixotasun metabolikoak, eta, horien artean, diabetes mellitusa.

– Obesitate morbidoa (gorputz-masaren indizea =40 helduengan, = 35 nerabeengan edo =3 DS haurrengan).

– Giltzurrun-gutxiegitasuna.

– Hemoglobinopatiak eta anemiak.

– Hemofilia eta hemorragia-nahasmendu kronikoak, baita hemoderibatuen hartzaileak eta transfusio anizkoitzak ere.

– Asplenia.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa. Alkoholismo kronikoa.

– Gaixotasun neuromuskular larriak.

– Immunogutxitutako pazienteak, GIB infekzioaren, sendagaien edo transplanteen ondorioz.

– Minbizia eta hemopatia gaiztoak, tratamenduan/jarraipena egiten.

– Kokleako inplantea edukitzea edo horren zain egotea.

– Gaixotasun zeliakoa.

– Gaixotasun inflamatorio kronikoa.

– Disfuntzio kognitiboa dakarten trastorno eta gaixotasunak: Down sindromea, dementziak eta bestelakoak.

Talde horretan, bereziki zaindu behar dira mediku-jarraipen aldirokoa behar duten pertsonak eta aurreko urtean ospitaleratuak izan direnak.

● Erakunde itxietan bizi diren pertsonak, 6 hiletik gorakoak, baldin eta prozesu kronikoak bizi baldin badituzte.

● Sei hile eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeak, baldin azido azetilsalizilikoarekiko tratamendu luzean badaude, gripearen ondoren Reye sindromea garatzeko duten arriskuagatik.

● Antikoagulatzaileekin tratamendu kronikoan dauden pertsonak.

● Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan.

3.– Konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonei gripea transmiti diezaioketen pertsonak:

● Osasun-zentroetako eta larrialdi sanitarioetako langileak, lehen arreta espezializatukoak eta ospitale publiko zein pribatuetakoak. Bereziki erreparatuko zaie adierazi diren arrisku handiko talde horietako pazienteak hartzen dituzten profesionalei.

● Osasun-zentroetan praktikak egiten ari diren osasun-lanbideetako ikasleak.

● Geriatria-erakundeetan edo gaixo kronikoei arreta emateko zentroetan lan egiten duten pertsonak, eta, bereziki, egoera ahulean dauden pertsonekin etengabeko harremana duten langileak.

● Arrisku handiko pazienteei edo adineko pertsonei etxeko zainketa-zerbitzuak ematen dizkieten pertsonak.

● Etxean arrisku handiko talderen bateko kidea den norbaitekin bizi diren pertsonak, haurrak barne, baldin eta egoera kliniko berezia dutelako baldin badaude talde horretan (2. puntuan adierazitakoak dira).

4.– Komeni da txertoa beste talde hauetako pertsonei ematea:

● Funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenak:

– Polizia.

– Suhiltzaileak.

– Babes zibileko zerbitzuetako langileak.

– Espetxeetan eta erabaki judizialek agindutako barneratze-zentroetan lan egiten duten pertsonak.

● Duten lanbidea izateagatik, hegazti- edo txerri-etxaldeetan edo -ustiategietan etxe-hegaztiekin edo txerriekin edota hegazti basekin edo hegazti-gripe oso patogenikoak kutsatuta daudela egiaztatuta dutenekin kontaktuan egon daitezkeen pertsonak, honako hauek, bereziki:

– Agerraldiak kontrolatzeko eta desagerrarazteko lanak zuzenean egiten dituzten pertsonak (hildako animaliak errausten eta eremuak garbitzen eta desinfektatzen aritzen direnak).

– Hegaztitegietan eta hegazti-hiltegietan lan egiten duten pertsonak, agerraldi-arriskua baitago.

Pertsona horiei Espainiako Osasun Sistematik administratuko zaizkien txerto indargabetu tribalenteen edo tetrabalenteen erabileran oinarritzen dira gomendio hauek. Txertoak bakoitzaren fitxa teknikoko argibideekin bat erabiliko dira.

2019-2020 denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Espainiako Osasun Sistemako Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak 2019ko urriaren 14an emandako gomendioekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzeko Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2019ko urriaren 14a izatea gripearen aurkako 2019-2020 denboraldiko kanpaina hasteko eguna.

Bigarrena.– Kanpaina hori azaroaren 24an amaituko da. Nolanahi ere, iraupena alda liteke, arrazoi epidemiologikoak tarteko.

Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aurkerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Halaber, ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 11.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.


Azterketa dokumentala