Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2019ko urriaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4902

AGINDUA, 2019ko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2019ko ediziorako, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuak Ikerkuntzarako Euskadi Saria arautzen du, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Dekretu horren 1.3 artikuluan zehazten denez, Ikerkuntzarako Euskadi Sarirako deialdia urtero egingo da Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez. Agindu horretan aipatuko dira xedea eta hautagaiak aurkezteko epea –gutxienez hilabete bat–.

Kontuan harturik zer dioen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko denak.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, Gizarte-zientzia eta Humanitateen modalitatean, Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2019ko ediziorako deialdia egitea –abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuaz arautua da sari hori.

2.– artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzeko eskaeretan eta aurkezten den dokumentazioan agertzen diren datu pertsonalak Ikerketa Zuzendaritzak tratatuko ditu, datu-tratamenduaren «arduradun» gisa. Tratamendu horren helburua da oraingo dirulaguntzen deialdia kudeatzea eta ebaztea. Helburu horrek oinarria du eskaeren interes publikoan eta deialdi horretan parte-hartzerako eskaeretan.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Ikerketaren Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan zehazten diren ondorioetarako, deialdi honetako sariak ebazteko baldintza izango da 2020. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan xedatzen ez diren alderdietarako, abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuan xedatutakoa beteko da, bertan arautzen baita jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duen Ikerkuntzarako Euskadi Saria.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala