Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2019ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4858

80/2019 EBAZPENA, irailaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Sailaren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmena, 2019an «Euskara Eskura Txartela» deritzon programa abian jartzeko.

HABEK hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Sailaren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmena, 2019an «Euskara Eskura Txartela» deritzon programa abian jartzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 23KO 80/2019 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO EUSKARA ETA KULTURAKO FORU SAILAREN ETA HABEREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, 2019AN «EUSKARA ESKURA TXARTELA» DERITZON PROGRAMA ABIAN JARTZEKO

Bilbaon, 2019ko abuztuaren 1ean.

BILDU DIRENAK

Alde batetik, Lorea Bilbao Ibarra andrea, ondore hauetarako helbidea Bilboko Recalde zumarkaleko 30. zenbakian duena, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatua den aldetik.

Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, ondore hauetarako helbidea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 3. zenbakian duena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta HABEren lehendakaria den aldetik.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehendabizikoak dihardu Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatu gisa, batetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapen, Antolaketa, Araubide eta Jardunbideari buruzko 1987ko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren bidez dagozkion ahalmenen arabera, eta, bestetik, Kulturako Foru Sailaren egitura organikoari buruzko erregelamenduan ezarritakoa garatzeko dagozkion eskumenen arabera (Bizkaiko Foru Aldundiaren 2018ko martxoaren 6ko 22/2018 Foru Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori).

Bigarrenak dihardu HABE erakundearen izenean eta haren ordezkari gisa (IFZ: Q 2040002 D), erakunde horren lehendakaria baita.

Alderdiek, beren karguen berezko egitekoetan ari direla, erabateko gaitasuna aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau egiteko. Hori dela eta, hauxe

ADIERAZTEN DUTE:

Bat.– Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskara eta Kultura Sailaren bitartez, kulturaren arloko hainbat jarduera eta egitarau antolatu eta sustatzen ditu, hainbat xedapenetan ezarritakoari jarraituz eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak 2012an eta 2013an eta Eusko Legebiltzarrak 2013an onetsi zuten Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) ezarritakoaren arabera. Horretara, bada, Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezkotzat jotzen du euskara ikasteko ahaleginetan ari direnei laguntzeko neurri egokiak hartzea, esan nahi baita, euskaraz edonoiz eta edonon aritu ahal izateko gaitasuna lortu arte bide horretan jarraitzeko gogoa pizteko lagungarriak izango diren neurriak.

Foru Erakundeak, halaber, euskara ikastearren ezer ordaindu beharrik ez izateko egin beharreko bidea jorratzen lagundu nahi du; horrela, gainera, helduentzako euskararen irakaskuntzan dihardutenen sektorea indartuko da.

Bi.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zuen 1983ko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako izaera administratibodun erakunde autonomiaduna da, berezko nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana.

HABEren helbururik aipagarriena, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik helduen euskalduntzea sustatzea da, baita helduen euskalduntzearen alde lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuekin plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea ere.

Hiru.– 2016ko ekitaldian lehen aldiz ezarri zen Euskara Eskura Txartela programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Ostean, hitzarmen horri atxiki dakizkioke euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak; izan ere, hitzarmena sinatzen duten alderdien iritziz, programa hori ezartzea komeni da, bizkaitarren zerbitzura euskarari beste bultzada bat emateko.

2019ko ekitaldirako hitzarmen honen bidez, jarraipena eman nahi zaio programa horri, haren edukian jasotako zehaztasunak aintzat hartuta.

Lau.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera, hitzarmen honek lege horren 47.2.a) artikuluan xedatutakoa betetzen du.

Halaber, hitzarmen hau Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak onesten duen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago, haren edukia kontuan hartuta. Izan ere, lege horren 6.1 artikuluan adierazten denez, lege horren eremutik kanpo geratzen dira lege honetan edo arau administratibo berezietan araututa dauden kontratuen edukian sartzen ez den edukia duten hitzarmenak, honako hauek elkarren artean egindakoak badira: Estatuko Administrazio Orokorra, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileak eta zerbitzu erkideak, unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoak, toki-entitateak, haien mendekoak diren nortasun juridiko publikoko erakundeak eta nortasun juridiko pribatua duten erakundeak, baldin eta, azken kasu horretan, botere adjudikatzailearen izaera badute.

Bost.– Kontuan hartuta Bizkaiko Foru Aldundiak eta HABEk elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa dutela, eta lankidetza hori interes publikoaren onerako izan daitekeela, esku-hartzaileek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako hauen arabera

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta HABEren arteko lankidetza-esparru modura ezarri da, 2019an Euskara Eskura Txartela (EET) programa martxan jartzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren helburua.

Euskara Eskura Txartela programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskara eta Kulturako Sailaren bitartez, euskararen ikaskuntza sustatuko du HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan. Horretarako, deskontu-bonu bat emango die hitzarmen honetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten ikasleei, 2019-2020 ikasturtean erabili ahal izateko:

a) Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea.

b) HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro batean matrikulatua egotea 2018ko ekainaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitarteko epean.

c) HABEko zuzendariaren ebazpenez deitutako 2018. urteko laugarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2019. urteko ekainaren arteko ebaluazio-aldietan edo lehen azterketa-deialdian parte hartu eta A1, A2, B1 edo B2 mailak gainditu eta egiaztatu izana.

d) Halaber, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek EETerako eskubidea izango dute baldin eta, estipulazio honen a) eta b) letretan zehaztutako eskakizunak betetzeaz gain, 2010eko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak (2017ko uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatu zenak) HABEren A1, A2, B1 edo B2 euskara-mailekin baliokidetutako euskara-mailetako edozein gainditu eta egiaztatu badute 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera).

Hitzarmen honen esparrutik kanpo eta beraz, deskontu-bonua erabiltzeko aukerarik gabe geratuko dira administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonak, administrazio publikoek euskara ikasteko eta hizkuntza horretan gaitzeko ikastaroak ordaintzen badizkiete.

Zirkulazioan jarritako EETak izendunak eta besterenezinak izango dira. Eta lau kategoriatan sailkatuko dira:

● A1 motako EETa; txartel mota honek gehienez ere 150 euroko balioa izango duen deskontu-bonua lortzeko eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei.

● A2 motako EETa; txartel mota honek gehienez ere 200 euroko balioa izango duen deskontu-bonua lortzeko eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei.

● B1 motako EETa; txartel mota honek gehienez ere 300 euroko balioa izango duen deskontu-bonua lortzeko eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei.

● B2 motako EETa; txartel mota honek gehienez ere 400 euroko balioa izango duen deskontu-bonua lortzeko eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei.

EET guztiak metatu daitezke; beraz, maila bat baino gehiago gaindituz eta egiaztatuz gero hitzarmen honetan ezarritako epeen barruan, lortutako EET bakoitzari egotzi ahal zaizkion zenbatekoen baturari dagokion deskontua lortuko du. Edonola ere, matrikularen zenbatekoan ezarritako muga errespetatuko da (hau da, ez da egongo gehiegizko finantzaketarik).

EETen kanpaina hau 2019-2020 ikasturtean programari atxikitako euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetan izena emanda dauden ikasleei bakarrik aplikatuko zaie, eta edonola ere, urriaren 18a baino lehen eta, barnetegi iraunkorretako ikastaroak badira, azaroaren 4a baino lehen. Hala, deskontu-bonua jaso badute baina 2019-2020 ikasturterako ezarritako epean izena eman ez badute, ez dute zenbateko baliokideagatiko likidazioa aplikatzeko eskubiderik izango.

Ikasleek Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako gaitutako web-orri baten bitartez parte hartuko dute. Web-orri horren inguruko publizitatea egingo da eta momentu egokian haren berri emango zaie HABEri eta programan parte hartzen duten euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei.

Hirugarrena.– Hitzarmenaren baliabide ekonomikoak.

Programa honetarako 2019ko ekitaldian erabiliko den zenbatekoa laurehun eta laurogei mila euro (480.000 euro) da, partida hauetan honela banatuta: G:/0406/335106/0000/432.99-2015/0052 partida, 200.000 euro; G:/0406/335106/0000/443.00-2015/0052 partida, 150.000 euro; eta G:/0406/335106/0000/451.00-2015/0052 partida, 130.000 euro. Partida bakoitzean ordaindu beharko den zenbateko zehatza programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek aurkeztutako likidazioak aztertu ondoren zehaztuko da, bakoitzaren forma juridikoaren arabera; horrenbestez, ordainketak egin aurretik, kredituak birbanatu egingo da arestian aipatutako partiden artean, edo beste batzuen artean, hasiera batean aurreikusi ez den beste forma juridikoren bat balego.

Laugarrena.– Hitzarmenaren gauzatzea.

Programa hau exekutatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

ATXIKITZEKO BALDINTZAK EUSKALTEGIENTZAT ETA AUTOIKASKUNTZARAKO ZENTRO HOMOLOGATUENTZAT

Euskara Eskura Txartela programari atxiki ahal izango zaizkio honako baldintza hauek betetzen dituzten euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak:

● HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan inskribaturik egotea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak 2003ko abuztuaren 6an emandako aginduari jarraituz.

● Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak epean beteta izatea. Hala dela egiaztatzeko, horretarako emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

● Dagokion inprimakiaren bitartez hitzarmen honi atxikitzea. Inprimaki horrekin batera hartzekodunaren fitxa bete beharko da.

ATXIKITZEKO EPEA ETA PROZESUA

Behin hitzarmen hau indarrean sartu eta gero, euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak edozein momentutan atxiki ahal izango zaizkio Euskara Eskura Txartela programari. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Recalde zumarkalea 30, 5. solairua, 48009 Bilbao) emango zaien inprimakian behar bezala adierazi beharko dituzte datu guztiak, eta Gizarte Segurantzari eta Foru Ogasunari egin beharreko ordainketa guztiak eginda dituztela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

LAGUNTZEN INDARRALDIA ETA PROGRAMAREN EGUTEGIA

Deskonturako EET txartelak arestian deskribatutako baldintzak betetzen dituzten euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan erabili ahal izango dira.

Programaren egutegia honako hau izango da:

1.– Ikasleek Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako gaitutako web-orriaren bidez eman ahal izango dute izena ekimen honetan, 2019ko uztailaren 1etik 2019ko uztailaren 19ra bitartean (egun horiek biak barne). Horretarako, eskabideari erantsi behar diote –webaren bidez eta arestian adierazitako epearen barruan– «Ikasleek EETak lortzeko prozedura» atalean adierazitako dokumentazio guztia.

2.– Ikasle eskatzaileek programan ezarritako baldintzak (Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea) betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko uztailaren 30a baino lehen bidaliko beharko dio HABEri Bizkaian erroldatutako eskatzaileen zerrenda, erakunde horrek parte-hartzaileek egiaztatuko mailak jarrita itzul diezaion zerrenda hori. Hau da, EETaren onuradun diren pertsonak eta parte-hartzaile bakoitzari esleitu ahal zaion EET mota jasotzen dituen behin-behineko zerrenda bidali behar dio HABEK. Behin-behineko zerrenda hori 2019ko abuztuaren 21a baino lehen helarazi behar dio HABEk Bizkaiko Foru Aldundiari.

3.– Behin zerrenda hori jasota, honako hauek argitaratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak eskatzaileen profiletan, programa kudeatzen duen aplikazioa erabiliz: eskatzaile bakoitzak egiaztatutako maila eta matrikulan deskontu bat izateko eskubidea. Deskontuaren gutxieneko zenbatekoa aurkeztutako eskabideen arabera zehaztuko da; gehieneko zenbatekoa, berriz, hitzarmen honen bigarren estipulazioan EET bakoitzarentzat zehaztutakoa izango da. Argitaratzea, gutxi gorabehera, iraileko lehenengo astean egingo da.

4.– Eskatzaileek 10 egun naturaleko epea edukiko dute aurreko puntuan adierazitako emaitzaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, horretarako gaituko den postontzia erabiliz (webean adieraziko da zein den postontzi hori).

5.– Behin 10 egun naturaleko epea igarota, Bizkaiko Foru Aldundiak posta elektronikoz helaraziko dizkio HABEri aurkeztutako erreklamazio guztiak. HABEk 10 egun naturaleko epea izango du, erreklamazioak bidaltzen zaizkionetik, haiek ebazteko eta ebazpena sistema bera erabiliz (posta elektronikoa) jakinarazteko Bizkaiko Foru Aldundiari.

6.– EETa jaso duten ikasleek programari atxikitako euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan bakarrik erabili ahal izango dituzte txartelok, hurrengo ikasturterako –2019-2020 ikasturterako– matrikulazio-epea hasten denetik 2019ko urriaren 18ra arte, eta 2019ko azaroaren 4ra arte erabili ahal izango dituzte, berriz, barnetegi iraunkorren kasuan.

7.– Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek astebete izango dute deskontu-bonuak aplikazio informatikoan sartzeko, oraindik sartu gabe badituzte. Hau da, 2019ko urriaren 25erako sartuta izan beharko dituzte, eta epe hori ezin izango da luzatu. Barnetegi iraunkorren kasuan, epe hori 2019ko azaroaren 6an bukatuko da.

8.– Aurreko zenbakian ezarritako epeak igaro ondoren, ezin izango dira erabili deskontua lortzeko. Ikasleei ez zaie inolako diru-kopururik itzuliko lortu baina erabili ez dituzten EET bonuak direla eta.

9.– Programari atxikitako euskara irakasteko erakundeei matrikulan erabilitako deskontu-bonuak aplikazioan sartzeko ematen zaien epea amaitu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak, HABErekin batera, deskontu-bonuen zenbateko zehatza zehaztuko du. EET bakoitzaren behin betiko zenbatekoa benetan matrikulatutako ikasle onuradunen kopurua egiaztatu ondoren kalkulatuko da, honako hauek kontuan hartuta:

● Erabilgarri dagoen partidaren zenbatekoa.

● Matrikularen zenbatekoa.

● EET mota bakoitzari egotzi ahal zaion gehieneko zenbatekoa.

● Benetan erabilitako deskontu-bonuen kopurua eta mota.

10.– Programari atxikitako euskara irakasteko erakundeek benetan matrikulatutako ikasle bakoitzak matrikula dela-eta ordaindutako zenbatekoa sartu behar dutenez aplikazio informatikoan, Bizkaiko Foru Aldundiak zainduko du ez dagoela gehiegizko finantzaketarik. Horrek esan nahi du deskontu-bonuaren zenbatekoak ezin duela inola ere gainditu matrikulari dagokion kopurua. Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko azaroaren 11 baino lehen zehaztu beharko du EET bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa, HABEren laguntzarekin.

11.– Behin zenbateko horiek zehaztuta, Bizkaiko Foru Aldundiak onuradun bakoitzari eta programari atxikitako euskara irakasteko erakundeei ere jakinaraziko die. Jakinarazpena programa kudeatzen duen aplikazio informatikoaren bidez egingo da, erakunde horiek likidazioa prestatu eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzura bidal dezaten.

12.– Likidazio hori –legezko ordezkariak zigilatua–, Ogasunari eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta deskontuak benetan egin direla erakusten duten egiaztagiriak 2019ko azaroaren 15a baino lehen bidali beharko dira Euskara Zerbitzura, ordainketak foru-araudian ezarritako aurrekontu-epeen barruan izapidetu ahal izateko.

IKASLEEK EETAK LORTZEKO PROZEDURA

Ikasleek nahi badute bakarrik hartuko dute parte programa honetan, web-orri baten bitartez, eta honako hau egin beharko dute:

● Programaren baldintzak onartu beharko dituzte; web-orrian bertan zehaztuko dira baldintzok.

● Bizkaiko Foru Aldundiaren, HABEren eta programari atxikitako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen arteko datuen trukea onartu beharko dute, DBLOrekin bat etorriz.

● Programarako eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte horretarako ezarritako epea bukatu baino lehen. Nahitaezko datu edo agiriren bat falta bada, ezingo da eskaera bukatu.

Zentzu horretan, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek jaso ahal izango dute EETa:

a) Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea. Horretarako, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, web-orriaren bidez. Ziurtagiri hori indarrean egon beharko da eskabidea egiten den egunean. Hori dela eta, erroldatze-ziurtagiri hori eskabidea egin baino hiru hilabete lehenago emandakoa izango da, gehienez ere.

b) HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro batean matrikulatua egotea 2018ko ekainaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitarteko epean.

c) HABEko zuzendariaren ebazpenez deitutako 2018. urteko laugarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2019. urteko ekainaren arteko ebaluazio-aldietan edo lehen azterketa-deialdian parte hartu eta A1, A2, B1 edo B2 mailak gainditu eta egiaztatu izana.

d) 2010eko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak (2017ko uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatu zenak) HABEren A1, A2, B1 edo B2 euskara-mailekin baliokidetutako euskara-mailak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) gainditu eta egiaztatu izana.

HABE arduratuko da dagokion maila gaindituta eta egiaztatuta izatearen baldintza hori teknikoki egiaztatzeaz eta ziurtatzeaz.

Ikasleak lortutako ziurtagiria ez bada HABEk emandako ziurtagirietako bat, baina programa honetan maila bakoitza gainditzeko ezarritako baldintzak eta betebehar guztiak bete ondoren lortu bada, ikasleak zehaztu beharko du zer agiri lortu duen eta zer erakundek eman dion agiri hori.

EETa lortu nahi duten eta arestian ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu beharko dute programaren web-orriaren bitartez, bertan identifikatzeko, eta, horretarako, nahitaezko eremu hauek bete beharko dituzte:

● Izen-abizenak.

● Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia edo agiri baliokidearena, euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan izena emateko orduan identifikatzeko erabili zuena eta HABEk duen erregistroarekin bat datorrena.

● Helbidea.

● Posta elektronikoa.

● Telefono-zenbakia.

● Programaren baldintzen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, HABEren eta programari atxikitako euskaltegien zein euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen arteko datuen trukearen onarpena, DBLOrekin bat etorriz.

● Erroldatze-ziurtagiria eskaneatuta (irakurtzeko moduko kalitatea izan beharko du). Erroldatze-ziurtagiri hori eskabidea egin baino hiru hilabete lehenago emandakoa izango da, gehienez ere.

● Agiria HABErena ez bada, lortutako ziurtagiria eta dagokion maila.

Adierazitako datuak eta agiriak ezarritako epean aurkezten ez badira, ezingo da eskaera grabatu eta, beraz, parte hartzeko eskaera ezingo da epe barruan aurkeztu.

Ikasleek postontzi bat izango dute programari buruzko zalantzak bidaltzeko.

Web-orriaren bitartez, programaren kudeatzaileak dagokien txartela emango die programan parte hartzeko eskaera egin duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleei. Deskontu-bonu modura erabili ahal izango dira programari atxikitako euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan 2019-2020 ikasturterako izena ematean.

PROGRAMARI ATXIKITAKO EUSKALTEGIEK ETA EUSKARAREN AUTOIKASKUNTZARAKO ZENTRO HOMOLOGATUEK JASOTAKO EETAK TRUKATZEKO PROZEDURA

Behin programari atxikitako euskaltegietan edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan 2019-2020 ikasturterako izena emateko EETak aurkeztuta, Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da haiekin zuzenean deskontuak trukatzeaz eta ordaintzeaz. Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu horiek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Euskara Zerbitzura (Recalde zumarkalea, 30, 5. solairua, 48009 Bilbao):

● Ikasleak jasotako EET, 2019-2020 ikasturterako matrikula ordaindu duela erakusten duen agiriarekin batera.

● Izena emateko prozesuan EETa erabili duten ikasleen zerrenda. Honako hauek agertu behar dira zerrenda horretan:

– NANa.

– Izen-abizenak.

– Deskontua egiteko erabilitako EET mota.

● Egindako deskontu osoari dagokion zenbatekoagatiko likidazioa. Euskaltegian eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan erabilitako EET kopurua adierazi beharko da, txartel motaren arabera bereizita.

Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatutako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, HABEren lankidetza teknikoaz eta koordinazioaz ordainduko dira deskontuak.

Nolanahi ere, ordainketa egin aurretik, programaren kudeatzaileak egiaztatuko du programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek bete egiten dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Bizkaiko Foru Aldundiak kontrol-mekanismo bat ezarriko du –2019ko ekitaldiaren barruan betiere– hitzarmen honi atxikitako euskaltegiekin eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuekin trukatzen direnean hala HABEk emandako zerrendan agertzen diren pertsonen matrikulazioei buruzko datuak nola pertsona horiei egindako likidazioak.

Bosgarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiaren betebeharrak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, hots, programaren kudeatzaileak, honako konpromiso hauek hartzen ditu hitzarmen honen bitartez:

1.– Parte hartzeko eskaerak egiteko web-orria martxan jartzea eta erabiltzaileen eskura jartzea.

2.– Programari atxikitako euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei EETak erabiltzetik eratorritako deskontuen pareko zenbatekoa ordaintzea, aurreko horiek EETak jaso dituztela frogatu ondoren.

3.– Programari dagokion publizitate-kanpaina egitea eta HABEren eta programari atxikitako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen esku jartzea berorren publizitate-material guztia.

4.– Euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak programara batzeko agiriak biltzea eta izapidetzea, aldez aurretik ezarritako baldintzak errespetatuz.

5.– Programan parte hartzeko eskaera egin duten ikasleek erroldatuta egotearen gutxieneko baldintza betetzen dutela egiaztatzea.

6.– Programan parte hartzeko eskaera egin duten pertsonen zerrendak bidaltzea HABEri.

7.– EET bakoitzaren zenbatekoa kalkulatzea, HABErekin batera, aurkeztutako erreklamazioak (halakorik aurkeztu bada) ebatzi ondoren. Kalkulu hori egiteko, kontuan hartuko da ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen kopurua.

8.– Ikasleen esku jartzea dagozkien EETak, web-orriaren bidez.

9.– Programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek erabilitako EETen likidazioak eta frogagiriak jasotzea.

10.– Programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek jasotako EETak eta likidazioak erkatzea, eta ordainketa izapidetzea euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzenean; HABEren lankidetza teknikoaz eta koordinazioaz egingo da Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatuta daudenen kasuan.

11.– Programan erabilitako EETen zerrenda bidaltzea HABEri.

12.– Eskatzaileek planteatu ahal dituzten gaiei zuzenean erantzuteko harreman teknikorako bide bat eskaintzea, batez ere aplikazio kudeatzailearen funtzionamenduari dagokionez. Lantik foru sozietateak berariaz prestatuko dituen baliabideak erabiliko dira horretarako.

13.– Arlo informatikoan baliabideak (harremanetan jartzeko pertsonak eta ordezkoak) eskaintzea, datuak transmititzeko programa kudeatzen duten aplikazioen artean. Transmisio hori elektronikoa izango da.

Seigarrena.– HABEren betebeharrak.

HABEk, hitzarmen honen bitartez, honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

1.– Dagozkien mailak gainditu eta haiei lotutako ziurtagiriak lortu dituzten ikasleen zerrenda prestatzea, administrazio publikoetan lan egiten duten ikasleak alde batera utzita, administrazio publikoek euskara ikasteko eta hizkuntza horretan gaitzeko ikastaroak ordaintzen badizkiete.

2.– Programari atxikita baina Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatuta dauden euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei lankidetza teknikoa eta koordinazioa eskaintzea jasotako EETak bidera ditzaten.

3.– Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Sailari EETak erabiltzearekin lotutako informazio estatistikoa ematea.

4.– Harreman teknikorako bide bat eskaintzea eskatzaileek planteatu ahal dituzten gaiei zuzenean erantzuteko, batez ere egiaztatutako mailei buruzko informazioari dagokionez.

5.– Arlo informatikoan baliabideak (harremanetan jartzeko pertsonak eta ordezkoak) eskaintzea, datuak transmititzeko programa kudeatzen duten aplikazioen artean. Transmisio hori elektronikoa izango da.

Zazpigarrena.– Alderdiek hartu dituzten betebeharrak eta konpromisoak ez betetzearen ondorioak.

Alderdi sinatzaileek hitzarmena sinatuz beren gain hartutako konpromisoak ez betetzea hitzarmena azkentzeko arrazoia izango da, hamaikagarren estipulazioan ezarritakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren gauzatzearen jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.

Hitzarmen honen xede diren jardueren jarraipena egiteko eta jarduera horiek zaindu eta kontrolatzeko, eta hitzarmena bera interpretatzeko, jarraipen-batzordea eratuko da. Batzordea alderdi biek osatuko dute: Foru Aldundiaren ordezkari bik eta HABEren beste ordezkari bik.

Jarraipen Batzordea honela osatuko da:

● Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailaren aldetik:

– Euskara Zerbitzuko burua, edo bera ordezten duena.

– Hizkuntza Gizarteratzeko Ataleko burua, edo bera ordezten duena. idazkari legez arituko da.

● HABEren aldetik:

– HABEren Kudeaketa Zerbitzuko burua.

– HABEren Ikuskatzailetzaren arduraduna.

Aipatutako batzordeak ohiko bilera bi egingo ditu; hasteko, hitzarmen hau sinatutakoan, eta, ondoren, programa amaitutakoan. Ezohiko bilerak ere egingo ditu, alderdiek hala eskatuta beharrezkotzat jotzen den edozein unetan.

Hitzarmen honetan beren-beregi ezarrita ez dauden gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. Atalean, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2018ko ekainaren 20ko 4/2018 Foru Arauan kide anitzeko organoei buruz araututakoa aplikatuko da.

Hitzarmen honen babesean egindako azken bileran, jarraian adierazten diren baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunei esleituko zaizkien deskontu-bonuen proposamena adostuko du Jarraipen Batzordeak (hala badagokio, bilera horretan ebatziko da programari atxikitako euskaltegiei eta autoikaskuntzarako zentroei nola likidatu bonuoi dagozkien zenbatekoak):

● Hizkuntzaren A1, A2, B1 edo B2 mailak egiaztatuta izatea Euskara Eskura Txartelaren programa honetan araututako deialdietan.

● Programan parte-hartzaileak izatea eta HABEk jakinarazitako emaitzen aurka erreklamazioa aurkeztu izana.

● Erreklamazioa aurkeztu dela horretarako dagoen epearen barruan jakinarazi izana programaren kudeatzaileari.

● Erreklamazioa ebatzi gabe egon behar da deskontu-bonua erabiltzeko epea amaitu aurretik.

● Azkenean, programan parte hartzen duen ikasle horren aldeko ebazpena eman izana HABEk.

Kasu horretan, erreklamazioa aurkeztu duten programako parte-hartzaileek aldeko ebazpena lortu badute, kasuan kasuko Euskara Eskura Txartela programari dagokion zenbatekoa egokituko zaie, hots, txartela lortzeko eskubidea ematen duen euskara mailaren deialdiko programari dagokiona, matrikularen zenbatekoaren mugarekin betiere.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.

Lankidetza-hitzarmen hau aldatzeko alderdi sinatzaileen ahobatezko adostasuna behar da.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatuko denean bertan jarriko da indarrean eta horrela mantenduko da harik eta burututako prestazioak zuzen daudela eta egokiak direla ziurtatu arte. Jarraipen Batzordearen azkeneko bilerari buruzko aktaren bitartez egiaztatuko da hori, eta, horretarako, berariaz batzartu beharko da 2020ko martxoaren 31 baino lehen. Halere, bi alderdietako edozeinek suntsiarazi ahal izango du, besteari jakinaraziz, hitzarmena indargabetu nahi den data baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

Hamaikagarrena.– Azkentzeko arrazoiak.

Lankidetza-hitzarmena arrazoi hauengatik azkenduko da:

– Hitzarmenaren indarraldia amaitzeagatik, hura luzatzeko erabakia hartu ez bada.

– Alderdi sinatzaileek hitzarmena azkentzeko ahobatezko erabakia hartzeagatik.

– Alderdi sinatzaileetakoren batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik.

– Deuseztasuna adierazteko epaileen erabakia emateagatik.

– Legeetan aurrez ikusitako beste edozein arrazoirengatik.

Hamabigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezarritakoa betetzeko, datuak helburu bakarrarekin tratatuko dira: espediente hau eta beronekin zerikusia duen beste edozein espediente kudeatzea. Tratamenduaren arduraduna Bizkaiko Foru Aldundiko Zuzendaritza Nagusia izango da.

Interesdunak bere datuak eskuratu ahal izango ditu, zuzentzeko edo ezabatzeko eskatu, datuen tratamendua mugatzeko eskatu, eta tratamenduaren aurka agertu, baina aurretik bere identitatea egiaztatu beharko du Laguntzan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean: Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Atala (Diputazio kalea 7, Bilbao 48009), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabilita, «Lege Aholkularitza, Informazioaren Segurtasuna eta Datu Babesa Bideratzeko Atalera» zuzenduta.

Eskubidea du, halaber, kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa jartzeko, alegia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean.

Era berean, aukera izango du datuak babesteko Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariarekin harremanetan jartzeko, idazki bat bidalita Lege Aholkularitza, Informazioaren Segurtasuna eta Datu Babesa Bideratzeko Ataleko buruari (Diputazio kalea, 7 48009 Bilbao).

Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren babesean izenpetzen da, administrazio-izaera du eta ez zaio Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legea aplikatu behar, lege horren 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (lege horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora).

Hitzarmen honek bete egiten ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren 2014ko abenduaren 16ko 169/2014 Foru Dekretuaren 46.2 artikuluan ezarritako baldintzak. Foru-dekretu horrek, izan ere, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontuei buruzko Araudi Orokorra onesten du, zeinak garatzen baitu Aurrekontuei buruzko 2006ko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina.

Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren interpretazioa.

Alderdiek Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren arbitrajea onartzen dute lankidetza-hitzarmenaren ondoriozko loturaren interpretazioaz Jarraipen Batzordeak konpondu ez dituen zalantzak argitzeko, betiere administrazioek zuzenbidean ezarritakotik at gelditzeko aukerarik ematen ez duen gaietako bat ez den kasuetan.

Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren hitzarmena egilesten dutenek beraren edukia berresten dute, eta ados daudela agerrarazteko bi kopia sinatzen dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Euskara eta Kulturako foru diputatua,

LOREA BILBAO IBARRA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta HABEren lehendakaria,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala