Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2019ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4830

AGINDUA, 2019ko urriaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertitzeko proiektuetarako laguntzen deialdia egiten da 2019rako, minimis laguntzen araubidea baliatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko xedez, laguntza-lerro bat ezarri da, zeinaren bidez mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertsioak egingo baitira, enpresen errendimendu orokorra hobetzeko eta merkatuko eskaeretara egokitzeko.

Europan, Merkatu Antolakunde Erkide bat (MAE) dago indarrean, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak arautua. Gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duen Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 (EB) Erregelamenduan, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalak arautzen dira.

Estatuan, 2018ko urtarrilaren 13an, argitara eman zen urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretua, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzekoa. Errege-dekretu horretan, II. kapituluko 4. sekzioan, «Inbertsioak» neurria jasota dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2018ko urtarrilaren 24ko eta 2018ko abenduaren 4ko aginduen bidez, hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programak eta -ekintzak egiteko eta mahastizaintza eta ardogintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzen deialdia egin zen, 2018rako eta 2019rako hurrenez hurren.

Hala ere, laguntza horiek ez ziren iritsi Euskal Autonomia Erkidegoko bodegarik gehienetara; izan ere, Estatuko gainerako autonomia-erkidegoetako beste bodega batzuekin lehian jartzen dituzten betekizunak eta balorazio-irizpideak jasotzen dira bertan. Hori dela eta, laguntzen deialdi hau egiten da, kontuan hartu baita bi deialdi horietan balorazio ona izan duten proiektu horiek laguntzarik gabe gelditu direla arrazoi bakar batengatik; hau da, erabilgarri dauden FEAGA funtsak agortu direlako; baina, era berean, kontuan hartzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko esparruari erreparatuta, laguntza jasotzea merezi dutela, ardogintzaren alorrean daukaten interesagatik.

Horrela, bada, laguntza hauen bidez aurre egin nahi zaie Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura mahastizaintza eta ardogintzako sektorerako 2018 eta 2019ko deialdietan (MAE inbertsioa) bete gabe gelditu ziren inbertsio-beharrizanei, baina oraingo honetan Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Erregelamenduaren esparruan eta erregelamendu horrek ezarritako mugen barruan (aipatutako erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertitzeko proiektu hauetarako laguntzen deialdia egitea 2019rako: mahastizaintza eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa nazionalei buruzko Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera eta Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzeko urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren arabera egindako 2018ko eta 2019ko deialdietan laguntza jaso ez duten proiektuetarako.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak izango dira honako ezaugarri hauek betetzen dituzten mahastizaintza eta ardogintzako enpresak: eskabidea egiten den unean MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018ko eta 2019ko deialdietan parte hartu dutela egiaztatzea; deialdi horietan, enpresa horiek egindako eskabideak aukeratuak, lehenetsiak eta urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoaren arabera onartutako eskabideen behin betiko zerrendan sartutakoak izatea; eta programa horretan aurrekontu-zuzkidura faltagatik laguntzarik jaso ez izana.

2.– Ez zaie laguntzarik emango zailtasun-egoeran dauden enpresei, betiere aintzat hartuta Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpenean halako enpresei buruz jasotako definizioa.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak izango dira MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018ko eta 2019ko deialdietarako eskabideetan jasotzen zirenak, baldin eta aukeratu, lehenetsi eta onartutako eskabideen behin betiko zerrendan sartu baziren eta programa horretan aurrekontu-zuzkidura faltagatik laguntzarik jaso ez bazuten.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoak, arau hori baita aurreko atalean aurreikusitako eskabideei aplikatzekoa zitzaien araua.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Enpresa bakarrari minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan. Beraz, kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia izango da 2019ko ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak.

2.– Eskatzaile bakoitzari eman beharreko hasierako zenbatekoa ezarriko da MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018ko eta 2019ko deialdietarako eskabideetan aurkeztutako proiektuaren arabera, honako kasuistika kontuan hartuta:

– Mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainetarako –Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan enpresa horiei buruz ematen den definizioa kontuan hartuta– dagokion deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 30.

– 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2.1 artikuluaren kasuan ez dauden enpresetarako –750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak– dagokion deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 15.

– 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2.1 artikuluaren kasuan ez dauden enpresetarako –750 langile edo gehiago dituzten enpresak eta 200 milioi euroko edo gehiagoko negozio-bolumena dutenak– dagokien deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 7,5.

3.– Ondoren, laugarren atal honetako 1. puntuan adierazitako hiru urteetan eskatzaile bakoitzari legokiokeen minimis laguntza kalkulatuko da. Hori kalkulatzeko, honako eragiketa hau egingo da: 200.000 euro ken kalkulatutako aldi horretan jasotako minimis laguntzak.

4.– Ondoren, eman beharreko laguntzaren zenbateko kalkulatuko da, atal honetako 2. puntuan adierazitako portzentajeak aplikatuz:

– Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa dena delako eskatzailearentzat kalkulatutako laguntza baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoaren bidez konponduko da.

– Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa dena delako eskatzailearentzat kalkulatutako laguntza baino handiagoa bada, kalkulatutako minimis laguntzaren bidez konponduko da.

Bosgarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

Laguntza hauen finantziaziorako, 2019ko ekitaldirako, 2.800.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura bakarrik finantzatuko da, eta horietatik 2.000.000 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, 400.000 euro 2020rako konpromiso-kredituari eta, beste 400.000, berriz, 2021erako konpromiso-kredituei.

Seigarrena.– Emateko prozedura eta lehenesteko irizpideak.

1.– Laguntza hauek esleitzeko prozedura norgehiagoka izango da.

2.– Bi deialdien puntuazio- eta balorazio-irizpideak berberak izan direnez, eskabideak zerrenda bakarrean jasoko dira, eta MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018ko eta 2019ko deialdietan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira; laguntzak esleituko dira puntuaziorik gehien dutenetatik hasita.

Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emango zaie eskabidea egitean ehunekorik handiena betearazita duten proiektuei.

Zazpigarrena.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez deitutakoekin. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen da. Laguntza hauek bereziki bateraezinak dira programa horretako «Lehiatu Berria» laguntzekin, bai eta helburu berarekin administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein laguntzarekin ere.

Era berean, bateraezinak izango dira Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriei buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua edo hori ordezten duen araudia aplikatuz deitzen diren MAE (ardoa inbertsioa) laguntzekin.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio.

2.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 artikuluan xedatutakoa betez:

a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

– Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 4. puntuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

b) Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, ebazpen honen 4. puntuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

3.– Laguntza hauen eskabide-ereduaren oinarrizko edukia agindu honen I. eranskinean azaltzen dena da. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako dokumentazioa modu presentzialean eta elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

– http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erref.: 1092701)

– http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Eref.: 1092701)

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

– http://www.euskadi.eus/micarpeta, eta

– http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

5.– Eskabidean honako hauek adieraziko dira:

– Zein deialditan aurkeztu zen proiektua MAE (inbertsioa) programara, 2018an edo 2019an. Inbertsio-programaren bat bi deialdietan aurkeztu bada, 2019an aurkeztutzat joko da.

– Zer portzentajetan dagoen proiektua betearazita laguntza-eskabidea egiten den egunean.

Azalpen-txosten batean zehaztuko da proiektua zer portzentajetan dagoen betearazita, eta dagozkion justifikazio-agiriak, fakturak eta ordainagiriak erantsiko dira.

– Laugarren ataleko 1. puntuan adierazitako epean jasotako minimis laguntzak eta laguntza horien zenbatekoak.

Hala badagokio, epe horretan minimis laguntza horiek eman zituen organoaren ebazpenak erantsiko dira.

– Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

6.– Era berean, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

– Legezko ordezkariaren NANa.

– Enpesa eratzeko eskritura.

– Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

– Entitatearen estatutuak.

– Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

c) Bien kasuan:

– Ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan, hirugarrenaren altaren dokumentua.

– Enpresa merkaturatzailearen kasuan:

• Fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela ziurtatzeko idatzizko konpromisoa.

• Proiektua deskribatzeko memoria, atal hauek dituena:

• Ekintza eta inbertsioen deskripzio zehatza.

• Betearazteko aurreikusitako epea.

• Aurrekontu zehatza, euskarri-dokumentazioarekin batera; besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak.

– Obra zibila duten proiektuen kasuan:

• Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.

• Obra betearazteko proiektu ikus-onetsia.

• Obra-lizentziaren eskabidea.

• Inbertsio guztien kostuen moderazioa (hiru eskaintza, hiru hornitzaile desberdinena).

• Enpresaren bideragarritasun-memoria tekniko-ekonomikoa; honako hauek jasoko dira gutxienez:

• Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

• Enpresaren egitura.

• Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

• Prestatutako produktuen merkatuak.

• Proiektuaren kokalekua.

• Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza...).

• Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

• Lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria.

7.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

8.– MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018 eta 2019ko deialdietan eskabidearekin batera erantsitako agiriak agindu honen babesean aurkeztutako eskabideen dokumentazio gisa erabili ahal izango dira. Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez dute aurkeztu beharko eskatzaileek, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

10.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11.– Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Bederatzigarrena.– Organo Kudeatzailea eta Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio.

2.– Inbertsio-eskabideen ebaluazio eta baloraziorako, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako hauek osatuko dute: Miguel Ángel Osua Perdigón eta Santiago Martínez Martínez de Lizarduy bokalak izango dira, eta Mario Michel Rodriguez lehendakaria izango da; denak dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzakoak.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

3.– Aurkeztutako eskabide guztiak aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta zerrenda bakarra osatuko du, 2018 eta 2019ko deialdietan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkerarekin.

4.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak atal honetako 6. puntuko edukia jaso beharko du, gutxienez.

5.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan aurreikusi gabeko guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko diote.

6.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak aztertutakoan, atal honen 3. puntuan xedatutakoaren arabera eginiko proposamena ikusita, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatu egingo ditu, eskabidea aurkezteko epea bukatu eta sei hilabeteko epean. Ebazpenean minimis laguntzak direla adieraziko da, eta, gutxienez, honako informazio hau jasoko da:

a) Aintzat hartutako eskaerei dagokienez:

– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.

– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren portzentajea.

– Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.

b) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

7.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez, nekazaritza arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako dirulaguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, publikotasunaren ondorioetarako.

Hamargarrena.– Betearazteko gehieneko epeak.

1.– 2018ko deialdian aurkeztutako inbertsioak betearazteko gehieneko epea 2020ko abenduaren 31 izango da, eta ez da luzatzeko aukerarik izango.

2.– 2019ko deialdian aurkeztutako inbertsioak betearazteko gehieneko epea 2021eko abenduaren 31 izango da, eta ez da luzatzeko aukerarik izango.

Hamaikagarrena.– Inbertsioaren justifikazioa eta ordainketa.

1.– Emandako laguntzaren xede den inbertsioa betearazi dela justifikatzeko, laguntzaren ordainketa-eskabidea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan aurkeztuko da, eta zuzendaritza horrek ordainketa-ebazpen bat eman beharko du, behin inbertsio-eragiketan aurreikusitako ekintzak betearazi direla ziurtatzen denean.

Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

a) Betearazi izanaren memoria baloratua, non gastuak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko agiriak jaso eta zerrendatuko diren. Horiez gain, memoria horrek honako hauek ere jasoko ditu: aurreikusitako lanen eta egindakoen artean diren aldeak, eta, beharrezkoa bada, ezinbesteko edo aparteko kasuen justifikazioa.

b) Honako hauen gaineko deklarazioa, onuradunak egindakoa: inbertsio bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso ez izana, eta dirulaguntzak itzultzeko prozesuren baten barruan ez egotea, edo, hala badagokio, egunean egotea itzultze- edo zehapen-prozedura batean ezarritako zenbatekoen ordainketari dagokionez.

c) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

d) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak –jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izango dira–, eta ordainketen ziurtagiriak.

e) Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baldin eta automatikoki egiaztatzeko baimena berariaz ukatu badu.

f) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta emakida-ebazpenean adierazitakoak, laguntza emateko beharrezko diren baldintza eta zirkunstantzietako batzuk egiaztatzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

2.– Behin eragiketa osorik betearazita, ezin bada egiaztatu diruz lagundu daitekeen inbertsioa hasieran onartutakoaren % 60koa dela gutxienez, ez da inolako laguntzarik ordainduko.

3.– Ordaintzeko eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean ordainduko da laguntza, baina ordaindu aurretik egiaztatu beharko da osorik betearazi direla laguntza-eskaerak estaltzen dituen eragiketa globalaren ekintza guztiak, eta ekintza horien gainean administrazio-kontrolak eta bertatik bertarakoak egin direla.

Hamabigarrena.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte obligazio hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan xedatutakoak, eta, edonola ere, honako hauek:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta dirulaguntza eman duen erakundeari frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

b) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatuz gero agindu honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei– men egin.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da dirulaguntza onartu duela.

e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, horiek kanpoko zein barruko izan.

f) Pertsona onuradunari azken ordainketa egiten zaionetik aurrera, gutxienez 5 urtez martxan egon beharko dute inbertsioak eta, epe horretan, ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

2.– Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek, agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko idatzizko zein ahozko harremanetan, euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

Hamahirugarrena.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste dirulaguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Ondorio horietarako, gutxieneko betekizunak errespetatu direla ulertuko da, baldin eta inbertsioaren % 60 egin bada.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, aplika daitezkeen legezko interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Behin aurreko paragrafoan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatuta zati bat ez bada betetzen, itzuli egin beharko da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako gaindikina, bai eta dagokion berandutze-interesa ere.

3.– Hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriro doitzeko ebazpena emango du kudeaketa-organo eskudunak.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hamabosgarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 10a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
MINIMIS LAGUNTZEN ARAUBIDEA BALIATUTA MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZAKO SEKTOREAN INBERTITZEKO LAGUNTZEN INPRIMAKIAREN EDUKIA

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek bakarrik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Emaila.

– Ordezkaria.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

– Ohartarazpenak jasotzeko posta-helbidea.

– Ohartarazpenak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Ohartarazpenak jasotzeko mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

– Betearazteko eta justifikatzeko aurreikusitako egutegia.

– Programak betearazteko arduraduna.

Eremu osagarriak:

Honako hauek ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpenak:

– Eskatutako inbertsioak bat datoz oso-osorik MAE programaren (ardoa inbertsioa) 2018 eta 2019ko deialdietan eskatutako inbertsioekin.

– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso, administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

– Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ez du adieraziko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

– Konpromisoa hartzen du, halaber, programa gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko.

– Proposatutako programaren iraupen osorako finantzazioa bermatzen du.

– Ez da krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

– Pertsona onuradunari azken ordainketa egiten zaionetik aurrera, gutxienez 5 urtez martxan izango ditu diruz lagundutako inbertsioak eta, epe horretan, ezingo dira besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

– Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta.

– Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

– Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

– Ez du zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

Enpresa mota:

– Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

– Enpresa txikia edo ertaina da, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

Enpresaren kategoria:

– ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako balantze orokorra).

Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NAN, IFZ, zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.


Azterketa dokumentala