Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2019ko urriaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4734

93/2019 EBAZPENA, urriaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gironako Unibertsitatearekin sinatutako lankidetzako esparru-hitzarmen bat, Gironako Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten.

Aipatu hitzarmena sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eta, beraz, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetzako esparru-hitzarmenaren testua, Gironako Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN 2019KO URRIAREN 8KO 93/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZAKO ESPARRU-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN (SEGURTASUN SAILAREN BITARTEZ) ETA GIRONAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, GIRONAKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 31.

HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Segurtasuneko sailburua, Segurtasun Sailaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz (IFK: S4833001C; helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz –Araba–). Horretarako zilegitasuna eman dio Segurtasuneko sailburu izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 35/2016 Dekretuak (2016ko azaroaren 28ko EHAA, 226. zk.).

Beste aldetik, Joaquim Salvi Mas doktorea, Gironako Unibertsitateko errektore gorena, Unibertsitate horren izenean eta hura ordezkatuz (egoitza: Girona, Sant Domènec plaza 3; PK: 17004; IFZ: Q-6750002E), Gironako Unibertsitateko errektorea izendatzeko abenduaren 22ko 1065/2017 Errege Dekretuak zehazten duen moduan (2017ko abenduaren 29ko DOGC, 7525. zk.), eta Gironako Unibertsitateko 93. eta 97. artikuluekin bat etorriz (ekainaren 7ko GOV/94/2011 Erabakiaren bidez onartu ziren estatutu horiek; 2011ko ekainaren 9ko DOGC, 5897. zk.).

Alderdi biek hitzarmen hau sinatzeko behar den gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta ondorioz honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Gaur egun, Unibertsitatean zenbait unibertsitate-diziplina ematen dira, eta haien ikasketa-planetan, jasota dago ikasleek aukera izango dutela erakundeetan eta enpresetan praktika-aldi bat egiteko, dela aukerakoa, dela derrigorrezkoa. Hala ere, ikasleek kanpoko praktikak egin ditzakete, ikasketa-planetan sartutako praktikez gain. Curriculumetik kanpoko praktika esaten zaie praktika horiei.

II.– Gironako Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak Graduen eta Masterren Kanpoko Praktika Akademikoei buruzko Araudiak arautzen ditu. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen araudi hori, 2012ko abenduaren 20ko ohiko saioan (8/12 zk.), eta bertan, praktiken modalitateak (curriculum barrukoak eta curriculum kanpokoak) zehazten dira, bai eta praktikak Tituluaren Gehigarri Europarrean sartzeko eskakizuna ere.

III.– Halaber, aplikagarriak dira honako hauek: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolaketari buruzkoa; abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasleen estatutua onartzeari buruzkoa; uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua, unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dituena; eta indarreko gainerako legedi aplikagarria.

IV.– Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa– 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia-erkidegoko polizia; b) Hauteskunde-administrazioa; c) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Autonomia-erkidegoko komunikazio-bideetatik dabiltzan ibilgailuen zirkulazioaren polizia; e) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisioak eta komunikazioak; g) Poliziaren ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea (Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia), legeek eta erregelamenduek xedatzen dutenaren arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

V.– Segurtasun Sailak programa honetan elkarlanean aritzeko interesa du. Hala, bere instalazioetan kanpoko praktikak egiteko aukera eskainiko die ikasleei, eta parte-hartze aktiboa izango du haien prestakuntza praktikoan.

Kontraprestazio ekonomikorik ez duen lankidetza horren bidez, titulazio horietako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da; lantokietako egoera errealetara egokitu behar da prestakuntza, eta kolektibo horrek harreman zuzena izan behar du lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin. Titulazioa lortuko duten pertsonek lanbide-kualifikazio hobea izatea ekarriko du horrek.

VI.– Bi aldeek, unibertsitate-munduaren eta lan-errealitatearen arteko harremanak areagotu nahian, ikasleen prestakuntza teoriko eta praktikoaren arloan elkarlanean aritu nahi dute, eta horregatik, elkarrekiko lankidetza gauzatzeko erarik onena hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat formalizatzea dela adostu dute, ikasleek modu praktikoan garatu ditzaten unibertsitatean eskuratutako ezagutzak. Alde horretatik, alde interesdunek lotesteko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri, eta lankidetza-hitzarmen hau ematea adostu dute.

KLAUSULAK

1.– Lankidetza-hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da alde sinatzaileen arteko lankidetzaren baldintzak zehaztea, Gironako Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren (aurrerantzean, Segurtasun Saila) instalazioetan.

2.– Formalizazioa.

Lankidetza hori ikaslearen, Segurtasun Sailaren eta Gironako Unibertsitatearen artean sinatutako hitzarmen espezifiko baten bidez gauzatuko da.

Segurtasun Sailak jakinarazi egingo dio Gironako Unibertsitateari nork sinatuko dituen klausula honetan aipatzen diren hitzarmenak. Gironako Unibertsitatearen izenean, praktikak egingo dituen ikaslea ikasten ari den zentroko dekanoari edo zuzendariari dagokio hitzarmen hauek sinatzea.

3.– Praktikak egiteko baldintza orokorrak.

3.1.– Kanpoko praktika akademikoak prestakuntza-jarduerak dira, eta ikasleei prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak aplikatzeko eta osatzeko aukera emango diete, jarduera profesionalerako prestatzen, lan-merkatuan sartzen eta ekimenerako gaitasuna sustatzen lagunduko dieten gaitasunak ahalik eta errazen eskura ditzaten.

3.2.– Erakunde laguntzailean egingo duten praktika-egonaldian, ikasleek graduatu gisa jardungo duten lanbide-esparruko berezko jarduerak egin beharko dituzte, prestakuntza akademikoan eskuratutako ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatzeko, eta beren tituluaren bidez lan egin dezaketen mailetako laneko esperientzia eskuratzeko.

3.3.– Ikasleek erakunde laguntzaileak erabakitako ordutegiak eta arauak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, ahaleginak egingo dira ordutegiak bateragarriak izateko ikasleak unibertsitatean duen jarduera akademikoarekin, prestakuntza-jarduerarekin, ordezkaritza-lanarekin eta parte-hartzearekin.

3.4.– Ikasleek bi tutorek gainbegiratuta egingo dute praktika-egonaldia: Segurtasun Saileko profesional bat eta Unibertsitateko irakasle bat, Unibertsitateak izendatua. Segurtasun Saileko profesionala ikaslearen praktiketako lana gidatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko da. Unibertsitateko irakasleak Segurtasun Saileko profesionalarekin koordinatuta jardun beharko du, praktiken jarraipen eraginkorra egiteko, ikasleari memoria prestatzeko laguntza emateko, eta praktiken ebaluazio-prozesua egiteko.

3.5.– Segurtasun Sailak izendatutako tutoreak bete beharreko lan-plana finkatu behar du, prestakuntza-proiektuarekin bat etorriz eta tutore akademikoarekin lankidetzan arituta. Halaber, amaierako txostena eman beharko du, eta hor baloratu beharko du zenbateraino eskuratu dituen ikasleak praktika-aldian uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluan jasotako trebetasunak eta gaitasunak.

3.6.– Praktikak amaitzean, ikasleak praktiken amaierako memoria bat egin eta tutoreari eman beharko dio. Memoria horretan, besteak beste, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoak adierazi beharko dira.

3.7.– Praktiken amaierako ebaluazioa egitea tutore akademikoari dagokio, hitzarmen honetako 4. klausulan jasotako lankidetza-hitzarmen espezifikoan xedatutako ebaluazio-irizpideekin bat etorriz.

3.8.– Praktikak egiteak ez du inola ere esan nahi lan-harremanik sortzen denik ikasleen eta erakunde laguntzailearen artean. Administrazio publikoei, zuzenbide publikoko erakundeei eta gainerako erakunde publikoei dagokienez, praktikak haietan egitea ez da meritutzat joko funtzio publikora sartzeko orduan, eta ez da antzinatasun gisa zenbatuko, ez eta aldez aurreko zerbitzuen aintzatespentzat ere.

3.9.– Erakunde kolaboratzaileak segurtasunari eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legediaren berri emango die praktikak egingo dituzten ikasleei. Halaber, desgaitasunik duten ikasleek praktikak egin ahal izateko behar dituzten baliabideak eta bitartekoak antolatu beharko ditu erakunde laguntzaileak, eta jarduerek bateragarriak izan beharko dute desgaitasun-egoera horren ondorioz sortutako egoera pertsonalen beharrekin.

4.– Praktikak egiteko berariazko baldintzak.

4.1.– Alde sinatzaileek lankidetza-hitzarmen espezifiko bat sinatu behar dute. Hitzarmen honen eranskinean dago jasota, eta datu hauek jaso beharko ditu:

a) Praktikak egingo dituen ikaslearen identitatea.

b) Praktiken modalitatea (curriculum barrukoak edo curriculumetik kanpokoak).

c) Prestakuntza proiektua (hezkuntza-helburuak eta egin behar diren jarduerak jaso behar ditu).

d) Praktiken jarraipen-plana (ikasleak egin beharko dituen txostenak eta/edo memoriak adierazita).

e) Praktiken iraupena, ordutegia, eta praktikak egiteko aldia.

f) Praktikak egiteko lekua (lantokia).

g) Segurtasun Sailak eta Unibertsitateak izendatutako pertsona tutoreen identitatea.

h) Ebaluazio-irizpideak.

i) Ikaslearen konpromisoak.

j) Adierazpen zehatza, praktikak egiteak Segurtasun Sailaren eta ikaslearen arteko lan-harremanik ez dakarrela jasotzeko.

k) Balorazioa kreditutan, hala badagokio.

l) Hala badagokio, Unibertsitatean ordaindu beharreko kudeaketa-gastuen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

4.2.– Aipatutako dokumentuak ikasleak sinatzeko atal bat izan behar du, eta hor, ikasleak adierazi beharko du ezagutzen dituela eta berariaz onartzen dituela lankidetza-hitzarmen espezifiko honekin lotutako praktikak egiteko baldintza guztiak, eta konpromisoa hartzen duela deskribatutako baldintzen eta legedia aplikagarriaren arabera eska dakizkiokeen betebeharrak betetzeko. Atal horretan bertan, ikasleak berariaz adierazi behar du konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala gordetzeko konpromisoa, erakunde kolaboratzailearen barne-informazioari eta jarduerei dagokienez.

5.– Ikasleen baimen-erregimena.

Ikasleak praktika akademikoak egiten egongo dituzten lekutik joan daitezke, behar adina denboraz, baldin eta hori beharrezkoa bada, beren jarduera akademikoaren eta Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoetako parte-hartzearen ondorioz sortutako betebeharrak egiteko. Halaber, osasun-arrazoiengatik edo Segurtasun Sailak eta Unibertsitateak batera adostutako beste arrazoi batzuengatik ere joan daitezke praktikak egingo diren lekutik, behar adina denboraz ere.

Nolanahi ere, ikasleek absentzia horiek erakunde laguntzaileari jakinarazi beharko dizkiete aldez aurretik eta garaiz, eta dagozkion justifikazioak aurkeztu beharko dituzte.

6.– Datuen babesa.

6.1.– Bi aldeek konpromisoa hartzen dute izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legedia zorrotz betetzeko, honako hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa –horren bidez, indargabetu egiten da 95/46/CE Zuzentaraua (datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra)–, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, bai eta hitzarmen honen indarraldian aplikatzekoa den izaera pertsonaleko datuen babesari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko araudi oro, baldin eta 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta 3/2018 Lege Organikoan araututakoaren kontrakoa ez bada, kontraesanean ez badago edo bateraezina ez bada.

6.2.– Erakunde laguntzaileak klausula hau zuzenean edo zeharka betetzen ez badu, erantzukizun zuzena izango du praktiketarako hartutako ikasleei edo Unibertsitateari eragindako kalte-galerengatik.

7.– Asegurua.

Hitzarmen honen xede diren kanpoko praktikak egitean, Unibertsitateko ikasleek istripuengatiko, gaixotasunagatiko edo familiako ezbeharragatiko prestazioak estalita dituzte, eskola-aseguruaren bidez. 28 urtetik gorako ikasleek aseguru pribatu bat kontratatu beharko dute, kontingentzia horiekin lotutako prestazioak estaltzeko. Halaber, ikasleek estalita dute praktikak egitean izan dezaketen erantzukizun zibila, Unibertsitateak kontratatutako erantzukizun zibileko poliza kolektiboari esker. Segurtasun Sailak beste asegururen bat eskatzen badu, hori ikaslearen kontura izango da, eta hitzarmen honen laugarren klausulan xedatutako dokumentu osagarrian adieraziko da.

8.– Praktiken ondoriozko aitortzak.

8.1.– Praktiketako egonaldia amaitu ondoren, eta ikasleek aurretiaz eskatuta, Segurtasun Sailak egindako jarduerak, praktiken iraupena eta ikaslearen errendimendua egiaztatzeko txostena emango du.

8.2.– Segurtasun Sailak izendatutako tutoreen aintzatespenari dagokionez, Unibertsitateak, pertsona interesdunak aurretiaz eskatuta, erakunde-aintzatespenaren ziurtagiri bat igorriko du, eta, hor, honako hauek adieraziko dira gutxienez: lankidetzaren ezaugarriak, zer ikasketatan egin den lankidetza hori, tutoretzan hartutako ikasle kopurua, eta tutoretza orduen guztizko kopurua.

9.– Ikasleen eta tutoreen eskubideak eta betebeharrak.

Kanpoko praktika akademikoak egiteko aldian, ikasleek uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte.

Segurtasun Saileko tutoreak uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutako eskubideak eta betebeharrak izango ditu. Unibertsitateko tutore akademikoak uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutako eskubideak eta betebeharrak izango ditu.

10.– Lan-harremanik eza.

Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-izaera dela-eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik sortuko, eta bere edukiak ezingo du bide eman lanpostuek berezkoak dituzten lan-prestazioak ordezkatzera. Halaber, jarduera hori egitearen trukean ez da ordainsaririk jasoko.

Segurtasun Sailak hitzarmen hau sinatzeak ez du inola ere ekarriko hitzarmenean jasotako konpromisoak baino gehiago hartzea.

11.– Jarraipen Batzordea.

11.1.– Batzorde bat eratuko da, honako hauetaz arduratzeko: jarraipena egiteko, praktikak egitean sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko, eta praktika-aldiaren zaintzaz, kontrolaz eta exekuzioaren interpretazioaz arduratzeko. Batzordea Gironako Unibertsitateko bi ordezkarik eta Segurtasun Saileko bi kidek osatuko dute. Batzorde horretan, aldeek adostuta izendatzen dituzten beste kide batzuek parte ahal izango dute.

Batzordeak, bestalde, zeregin hauek izango ditu:

a) Gironako Unibertsitateak aurkeztutako praktika- eta jarduera-programa aztertzea eta onartzea, 3. klausulan xedatutako moduan.

b) Gironako Unibertsitateak proposatutako ikasle-zerrendak onartzea.

c) Ikasle bakoitzak praktikak zer zerbitzutan egingo dituen zehaztea.

d) Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor litezkeen gorabeherak konpontzea.

11.2.– Hitzarmena sinatzen duten aldeak txandaka izango dira batzordearen buru, ikasturte batez; lehenbiziko txanda Gironako Unibertsitateari dagokio.

11.3.– Urtean bi aldiz egingo ditu ohiko batzarrak Batzorde horrek, eta ezohikoak, presidenteak erabakitzen duenean edo alde bietako batek hala eskatzen duenean.

12.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.

Honako hauek izango dira hezkuntzako lankidetza-hitzarmena suntsiarazteko kausak:

a) Indarraldia amaitzea.

b) Alderdiek hala adostea eta idatziz adieraztea.

c) Hitzarmen honetako xedea betetzeko gerora sortutako legezko ezintasuna edo ezintasun materiala.

d) Lankidetza-hitzarmen honetako edo sinatuko diren hitzarmen espezifikoetako aldeetako edozeinek ez betetzea hitzarmen honetan, hitzarmen espezifikoetan edo xedapen aplikagarrietan jasotako betebeharrak. Kasu horretan, hitzarmena aurretiaz suntsiarazi nahi duen aldeak asmo hori beste aldeari jakinarazi beharko dio, hamabost eguneko aurrerapenaz, gutxienez.

e) Legedia aplikagarrian xedatutako kausak.

13.– Indarraldia.

13.1.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du sinatzen den egunetik, eta, bi aldeek berariaz adostuz gero, lau urte gehiagora arte luzatu ahal izango da, betiere alderdi sinatzaileetako edozeinek salatu ezean. Hitzarmenaren salaketa idatziz jakinarazi behar zaio beste aldeari, amaitu baino 3 hilabete lehenago, gutxienez.

13.2.– Hitzarmena idatziz salatu beharko da eta ez du eraginik izango une horretan egiten ari diren praktiketan.

13.3.– Nolanahi ere, hitzarmen honen amaierak ez dio eragingo haren babesean sinatutako hezkuntzako lankidetza-hitzarmenen indarraldiari.

14.– Araubide juridikoa eta gatazken konponbidea.

Lankidetza-hitzarmen honen zein haren babespean sinatzen diren hitzarmen espezifikoen aplikazioan, interpretazioan edo exekuzioan sor daitekeen edozein eztabaida bi aldeen arteko adostasun bidez konponduko da. Hori ezinezkoa balitz, aldeek beren eskumenari uko egiten diote eta dagokion hirian eskumenak dituzten epaitegi eta auzitegien erabakien mende geratuko dira.

Eta hala jasota geratu dadin, eta ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta ondorio bakarrerako, beherago aipatutako lekuan eta datan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 31.

EAEko Administrazio Orokorraren izenean,

ESTEFANIA BELTRAN DE HEREDIA ARRONIZ.

Gironako Unibertsitatearen izenean,

JOSEP M. SERRA I BONET.

(Errektoreak 2018ko urtarrilaren 8an emandako Ebazpenaren bidez, sinadura eskuordetzeko).

HITZARMENAREN ERANSKINA
HEZKUNTZA-LANKIDETZARAKO HITZARMENA, ERAKUNDE LAGUNTZAILEETAN KANPOKO PRAKTIKAK EGITEKO
HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, Gironako Unibertsitateko......(e)ko Fakultateko dekanoa (fakultatearen helbidea: Sant Domènec plaza, 3 zenbakia, 17004 Girona; IFZ: Q-6750002 E).

Beste aldetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, erakunde laguntzailearen (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Segurtasun Saila) izenean eta hura ordezkatuz (helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba, IFK: S4833001C).

Eta beste aldetik, ..................................., Gironako Unibertsitateko ikaslea.

Aldeek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau izenpetzeko behar den lege-gaitasuna, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen indarraldiko legediaren esparruan, aldeek dokumentu hau sinatu, eta honako hauek

ADOSTEN DITUZTE:

Lehena.– Hau da hitzarmen honen xedea: ikasleak bere prestakuntzarako egin behar dituen kanpoko praktika akademikoak gauzatzeko baldintzak xedatzea. Praktiken helburuak ikaslearen ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatzea izan behar du, ikasleak prestakuntza osoa eta integrala izan dezan.

Ikasleak hitzarmen honetako eranskinean jasotako hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz egin beharko ditu kanpoko praktikak. Proiektuan adierazita daude hezkuntza-helburuak eta egin beharreko jarduerak.

Bigarrena.– Hauek izango dira praktiken egonaldirako baldintzak:

1.– Praktiken iraunaldiari dagokionez, hasiera-data {FECHA_INICIO_CONVENIO_} izango da, eta amaiera-data, berriz {FECHA_FINAL_CONVENIO_}. Ordutegia, goizez eta arratsaldez izango da. Dedikazio hori bateragarria da ikasleak unibertsitatean duen jarduera akademikoarekin, prestakuntza-jarduerarekin, ordezkari-lanarekin eta parte-hartzearekin.

2.– Praktiketarako hitzarmen bat sinatu ahal izateko, graduko ikasleak gaindituta izan beharko ditu dagokion tituluaren kredituen % 50.

3.– Kanpoko praktiken egonaldiaren guztizko ordu kopurua: {[HORAS]}.

4.– Praktiken egonaldia hemen izango da: {[LUGAR ACTIVIDAD]}.

Hirugarrena.– Ikaslearen eskubideak eta betebeharrak indarreko legedia aplikagarrian xedatutakoak dira. Besteak beste:

Eskubideak:

a) Prestakuntzako praktika-aldian unibertsitateko tutore baten eta kanpoko erakunde laguntzailearen profesional baten tutoretza izatea.

b) Aseguru baten estaldura izatea praktikak egiteko aldian.

d) Praktikei buruzko dokumentazioa aldez aurretik eta garaiz jasotzea.

e) Laneko segurtasunaren eta arriskuen prebentzioaren arloko legediari buruzko informazioa jasotzea erakunde kolaboratzailetik.

f) Beren ikasketetako ebaluazio-probetara eta derrigorrezko beste jarduera batzuetara joateko, bai eta unibertsitateko gobernu-organoen bileretara joateko ere, enpresari edo erakundeari aurretik nahikoa denboraz jakinarazita.

g) Txosten bat jasotzea praktikak ahalbidetu dizkion erakunde laguntzailetik. Txosten horretan beren-beregi jasoko dira egindako jarduera, iraupena eta, halakorik beharko balitz, errendimendua.

h) Jabetza intelektual eta industriala izateko eskubidea, arlo hori arautzen duen legedian ezarritakoaren arabera.

i) Desgaitasuna duten ikasleentzat behar diren bitartekoak antolatuta izateko eskubidea, tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta praktiken garapena aukera-berdintasunez izan ditzaten.

j) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egitearekin bateratu ahal izatea desgaitasun-egoeraren ondorioz edo horrekin erlazionatuta dituzten jarduera edo egoera pertsonalak.

k) Unibertsitatearen araudian jasotako beste eskubide batzuk.

Betebeharrak:

a) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak izendatutako tutorearen jarraibideak betez, Unibertsitateko tutoreak gainbegiratuta.

b) Gironako Unibertsitateak kanpoko praktika akademikoei buruz ezarrita duen indarreko araudia betetzea.

c) Tutore akademikoarekin harremanetan egotea jarduerarako aurreikusitako iraunaldi osoan, eta tutoreari jarduera egitean sor daitekeen gorabehera oro komunikatzea eta jakinaraztea.

d) Unibertsitateari ematea jarraipena eta ebaluazioa egiteko eskatzen zaizkion dokumentu eta txosten guztiak, praktika motaren arabera.

e) Kanpoko erakunde laguntzailean adostutako datan hastea.

f) Kanpoko erakunde kolaboratzailearen funtzionamendu-arauak eta politikak betetzea eta errespetatzea.

g) Prestakuntza-proiektua gauzatzea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, zehaztutako lankidetza-ildoekin bat etorriz.

h) Konfidentzialtasunez jokatzea enpresa edo erakunde publiko edo pribatuaren barne-informazioari dagokionean, eta praktikan lortutako datuak ez ustiatzea, enpresa edo erakunde publiko edo pribatuaren eta Gironako Unibertsitatearen esanbidezko baimenik gabe.

i) Kanpoko erakunde laguntzailearen politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta Gironako Unibertsitatearen izen ona zaintzea.

Ikasleak baimen-erregimen hau izateko eskubidea du:

a) Azterketetarako, dela azterketa partzialak, dela amaierako azterketak. Azterketa bat duenean, ikasleak egun osoko baimena izango du.

b) Tutoretzarako. Ikasleak tutoretzarako behar dituen adina orduko baimena izango du.

c) Lan akademikoak aurkezteko. Ikasleak lan akademikoak aurkezteko behar dituen adina orduko baimena izango du.

d) Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoetan ordezkaritzako eta parte-hartzeko jarduerak egiteko. Ikasleak baimena izango du organo horietako saioetara joateko eta dagozkion hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko behar diren orduetan.

e) Medikuarenera joateko. Ikasleak mediku-kontsultetara joateko beharko dituen adina orduko baimena izango du.

f) Erakunde laguntzaileak eta Gironako Unibertsitateak batera adostutako beste kasu batzuetarako.

Ikasleak aurreikusteko moduko absentziak jakinarazi behar dizkio erakunde laguntzaileari, nahikoa aurrerapenaz, eta dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

Baimen baten ondorioz egin gabe geratu diren praktika-orduek praktika-egonaldiaren amaiera-data atzeratzea eragin dezakete, baimenerako hartutako adina denboraz. Horretarako, luzapen hori Gironako Unibertsitatearekin hasieran adostutako aldia amaitu baino lehenago jakinarazi beharko da.

Ikasleak esanbidezko konpromisoa hartzen du praktika-egonaldia egingo duen erakunde laguntzailearen barne-informazioa erabateko konfidentzialtasunez tratatzeko, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzeko, bai egonaldian, bai egonaldia amaitu ondoren.

Praktika-egonaldiaren amaieran, ikasleak amaierako memoria bat egin beharko du, eta ikastetxeko barne-erregelamenduan xedatutako epean eta moduan aurkeztuko du.

Praktika-egonaldia amaitu ondoren, Unibertsitateak ziurtagiri bat igorriko du ikaslearentzat, eta egonaldia Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) sartuko du.

Ikasleak derrigorrezko eskola-aseguruaren estaldura izango du, eta adinagatik aseguru horretatik kanpo geratzen bada, Gironako Unibertsitateak ikasle guztiei eskaintzen dizkien aseguruaren estaldura izango du. Kanpoko praktiketan parte hartzen duten ikasleek aseguru hori kontratatu behar dute ezinbestean, derrigorrezko aseguru-eskola baliatu ezin badute.

Gironako Unibertsitateak adierazten du erantzukizun zibileko poliza bat kontratatuta duela hitzarmen hau sinatzeko datan, kanpoko praktikak egitearen ondorioz sor daitezkeen kontingentziak estaltzeko.

Bosgarrena.– Erakunde laguntzaileak {NOMBRE_TUTOR_ENTIDAD_} tutore izendatzen du. Honako hauek egin beharko ditu: ikaslearen prestakuntza zaintzea, lan-plana zehaztea, prestakuntza-proiektuaren arabera, eta Unibertsitateak izendatutako barne-tutorearekin koordinatzea.

Erakunde laguntzaileak konpromisoa hartzen du ikaslearen datuak izaera pertsonaleko datuei buruzko araudia betez tratatzeko, bai eta ikasleari behar diren datuak emateko ere, datuak ikusteko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak erabili ahal ditzan.

Erakunde laguntzaileak konpromisoa hartzen du ikasleari erakundearen antolaketaren eta funtzionamenduaren berri emateko, bai eta intereseko araudiaren berri emateko ere, laneko segurtasunaren eta arriskuen arlokoa batez ere.

Erakunde laguntzaileak izendatutako tutoreak indarreko legedian jasotako eskubideak eta betebeharrak izango ditu.

Praktiken egonaldia amaitu ondoren, erakunde laguntzaileko tutoreak amaierako txosten bat prestatu, eta Unibertsitateko tutoreari bidali beharko dio, bost eguneko epean, praktiken egonaldia amaitzen denetik kontatzen hasita.

Erakunde laguntzaileak izendatutako tutorearen datu pertsonalak Gironako Unibertsitateko fitxategi batean sartuko dira, hitzarmen honetako xedearen exekuzioa kudeatzeko eta ikasleen bilakaeraren jarraipena egiteko. Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko indarreko legediarekin bat etorriz, tutore izendatutako pertsonek beren datuak ikusteko, aldatzeko, ezeztatzeko edo haien kontra egiteko eskubidea izango dute, Gironako Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren aurrean.

Seigarrena.– Praktikak egiteak ez du esan nahi aldeek agiri honetan ezarritakoez haragoko betebeharrik beren gain hartzen dutenik, eta inola ere ez dakar lan-harremana izatea ikaslearen eta erakunde laguntzailearen artean.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honetan eta haren eranskinetan zehaztutako baldintzen ez-betetzeak, eta hitzarmena deuseztatzea ekar dezaketen legedia aplikagarrian jasotako xedapenen ez-betetzeak lehenbailehen jakinarazi behar zaizkio ikastetxearen dekanotzari/zuzendaritzari.

Unibertsitateak hitzarmen hau alde bakarretik deusezta dezake, aldeetako batek xedatutako akordioak eta legedia aplikagarria betetzen ez dituela uste badu.

Zortzigarrena.– Baldintza espezifiko hauek unibertsitate-ikasleen kanpoko praktikak arautzen dituen indarreko legedian xedatutakoaren babespean sinatu dira. Xedapen guztiek, hain zuzen ere, indarreko araudi horren mende egon beharko dute.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen honen aplikazioan, interpretazioan edo exekuzioan sor daitekeen edozein eztabaida bi aldeen arteko adostasun bidez konponduko da. Hori ezinezkoa balitz, aldeek beren eskumenari uko egiten diote eta Gironako epaitegi eta auzitegien erabakien mende geratuko dira.

Hamargarrena.– Gironako Unibertsitateak eta erakunde laguntzaileak hitzarmen honen sinaduraren berri publikoki zabal dezakete, aldeen artean ezarritako lankidetza-espirituaren eta -borondatearen baitan, betiere.

Eta hala jasota gera dadin, aldeek dokumentu hau sinatzen dute, hiru aletan, adierazitako lekuan eta datan.

Gironan, 2019ko................................aren........(e)an.

(Ikus .PDF)
ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-PROIEKTUA.

Kanpoko praktika akademikoak egiteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmenarekin lotutako prestakuntza-proiektua. Honako hauen artekoa da hitzarmena: Gironako Unibertsitatea (IFZ: Q-6750002E), erakunde kolaboratzailea (EUSKal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Segurtasun Saila; IFZ: S4833001C, eta ikaslea (NAN:).

I.– Prestakuntza-proiektuari buruzko datuak.

Praktika mota: curriculum barrukoak.

Erakunde laguntzailea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Segurtasun Saila (IFK: S4833001C).

Ikaslea:

Praktikak egiteko lekua: {[LUGAR ACTIVIDAD]}.

Praktiken egonaldia egingo den arloa/saila/zerbitzua: {[LUGAR ACTIVIDAD]}.

Erakunde laguntzaileko tutorea: {NOMBRE_TUTOR_ENTIDAD_}.

Gironako Unibertsitateko Fakultateko tutorea:

II.– Motibazioa.

Guztiz beharrezkoa da esparru juridikoan jarduten duten erakundeen lankidetza izatea, ikasleei benetako prestakuntzako eremu bat eskaini ahal izateko, Zuzenbideko Graduan landutako edukiekin eta ikasleen lanbide-gaitasuneko espektatibekin. Tokiko, autonomia-erkidegoko, herrialdeko eta nazioarteko esparruko erakunde publiko edo pribatu guztiak.

III.– Praktiken egonaldiaren helburua.

Prestakuntza-eremu bat sortzea, etorkizunean Zuzenbidean graduatuko direnek tituluaren gainerako irakasgaietan eskuratutako ezagutzen eta tekniken praktikak egiteko, eta lanbide-gaitasunak garatzeko; hain zuzen ere, haien izaera dela-eta nekez lor daitezkeenak, jardun profesionaleko eremuetan egiten ez badira.

IV.– Praktiken egonaldiko edukien xehetasunak.

Giza Baliabideen arloari laguntzea honako ataza hauetan: hautapen-prozesuak, kontratazioa, alten eta eguneroko gorabeheren kudeaketa, prestakuntza-ekintzak prestatzeko laguntza, langileekiko harreman zuzenak, gorabeheren konponketa, etab.

V.– Ikasleek praktika-egonaldia amaitzean lortuta izan beharko dituen gaitasunak.

– Norberaren jarduera eta norberaren ikaskuntza ebaluatzea, eta horiek hobetzeko estrategiak prestatzea.

– Eskuratutako gaitasun profesionalak aztertzea eta lan-inguruneko premiekin lotzea, tokiko esparruan, batez ere.

– Taldean lan egitea.

– Ahoz eta idatziz komunikatzea.

– Delituaren kontrolaren eragileen lege-esparrua eta funtzionamendu-eredua aztertzea eta aplikatzea zenbait egoeratan.

– Errealitate multikulturala deskribatzea eta aztertzea kriminologiaren esparruko egoerekin lotuta.

– Gatazketan eta kriminalitatearen aurka esku hartzeko dauden gizarte-baliabideak identifikatzea eta aztertzea.

– Ikertutako fenomeno kriminologikoan eragina izan dezaketen faktoreak identifikatzea eta deskribatzea.

– Printzipio etikoak, legezko erantzukizunak eta kriminologiaren esparruan jarduten duten pertsonen eta kolektibitatearen jardun profesionala aztertzea.

– Balioestea zein garrantzitsuak diren printzipio etikoak pertsonen, gizartearen eta lanbidearen onurarako.

– Justizia sozialaren printzipioa aplikatzeko zenbait egoera aztertzea (batez ere, auzipetuekiko eta zigortuekiko tratu duina) jardunbide profesionalean, arrazoi etikoak argudiatuta.

– Gatazkan eta kriminalitate-egoeretan parte hartzen duten aldeekiko diskriminaziorik gabeko eta errespetuzko hizkera erabili beharreko kasuak aztertzea eta egoerak simulatzea.

– Esku-hartze kriminologikoetarako proposamenak prestatzea, gizarte-bizikidetza eta -integrazioaren balioak eta gatazka berrien prebentzioa kontuan hartuta.

VI.– Erakunde laguntzaileak izendatutako pertsonak jarraipena egiteko prozedura.

Praktika-aldia amaitzean, erakunde laguntzaileko tutoreak memoria sinatuko du eta ikaslearen balorazioaren txostena emango du. Txosten hori enpresetan egindako praktiken irakasgaiko amaierako notan sartuko da.


Azterketa dokumentala