Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2019ko urriaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4698

87/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin hezkuntza-arloko sinatutako lankidetza-hitzarmena, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko gradu eta graduondoko ikasleek kanpo-praktika akademikoak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko gradu eta graduondoko ikasleek kanpo-praktika akademikoak egiteko Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 1a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN, URRIAREN 1EKO 87/2019 EBAZPENARENA
UPV/EHU EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA LAN ETA JUSTIZIA SAILAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, UNIBERTSITATEKO IKASLEEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANEKO ETA GIZARTE SEGURANTZAKO IKUSKARITZAN EGINGO DITUZTEN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK ARAUTZEKO

Gasteizen, 2019ko irailaren 1ean.

BILDURIK:

Alde batetik, M.ª Jesús San José López andrea, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua, arau hauek ematen dizkioten eskumenak baliatuta: 36/2016 Dekretua, Lehendakariarena, arazoaren 26koa, Lan eta Justiziako sailburua izendatzeko dena, eta 84/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (apirilaren 11ko EHAA).

Beste alde batetik, Juana Goizueta Vértiz andrea, dekanoa, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen izenean eta ordezkaritzan, praktiken araudiaren 27.4 artikuluarekin bat etorrita. Araudia Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketen antolamendurako errektoreordearen 2012ko urriaren 16ko ebazpenean jasota dago. Ebazpen horrek argitara eman ditu unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoen arautegia, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27ko bileran onartu baitzuen.

HAU AZALTZEN DUTE:
I.

Alderdi biek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko eskumena daukate, eta segidan zehazten da eskumen horren lege-oinarria, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (SPAJL) 49.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. Lege horretan ezartzen da hitzarmenetan gutxienez hauxe jaso behar dela: «b) Zer eskumenetan oinarritzen den administrazio publikoaren, hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoen eta zuzenbide publikoko entitateen edo unibertsitate publikoen jarduketa».

Lan eta Justizia Sailaren eskumena Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16.1 artikuluan ezarritakoan oinarritzen da (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu). Artikulu horren arabera, Lan eta Justizia Sailari dagozkio, besteak beste, honako egiteko eta jardun-arlo hauek: a) Lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritzea.

Bestalde, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, sail horretako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzari dagozkio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza bere gain hartzea, eta haren funtzionamendua zaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Sailburuordetzaren barruan dago Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza, eta apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1 artikuluaren arabera, hari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, baita ikuskatze-jardueraren planak eta programak ezartzea ere.

Bestalde, Juana Goizueta Vértiz andreari dagokio –Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean, UPV/EHU) ordezkatuz, Zuzenbide Fakultateko dekano den aldetik eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiak 27.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (2012ko azaroaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen araudi hori)– kanpoko ikasketen hitzarmenak sinatzea UPV/EHUko ikastegi bateko ikasleei baino eragiten ez dietenean.

II.

Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak interesa dauka UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko, praktika akademikoen bidez. Interes horren xede bakarra unibertsitateko ikasleen prestakuntza osatzea da.

III.

Ikasleek gauzatzen eta unibertsitateek gainbegiratzen dituzten prestakuntza-jarduerak dira kanpoko praktika akademikoak, eta ikasleei prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak garatzeko eta osatzeko bidean laguntzea da haien helburua, jarduera profesionalerako prestatzen, lan-merkatuan egokitzen eta ekimenerako gaitasuna sustatzen lagunduko dieten gaitasunez ahalik eta errazkien jabe daitezen.

IV.

Erakunde sinatzaileek, euren helburuei iritzita hein batean bat datozela eta elkarren osagarriak direla, euren egitekoen garapena hobetu ahal dute elkarrekiko lankidetzaren eta laguntzaren bidez, indarreko legeen esparruan. Egin-eginean ere, unibertsitate-praktikak funtsezkoak dira ikasleen prestakuntza osoa gauzatzeko eta ikasleak behar bezala laneratzeko.

Hitzarmen honek ez du inolako lan-harremanik ezartzen ikaslearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lan eta Justizia Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren artean, bien arteko harremana, berez, erabat akademikoa baita. Era berean, hitzarmen honen edukiak ezin du berekin ekarri lanpostuen berezko lan-prestazioa ordezkatzea.

Hori dela eta, Kanpoko praktika akademikoak arautzeko hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzea adosten da, indarreko legeetan ezarritako baldintzen arabera. Hartzaileak UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko graduko eta graduondoko ikasleak dira. Honako klausula hauek ezartzen dira:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek prestakuntza hobea jaso dezaten laguntzea, erraztasunak emanez kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten, curriculum barrukoak zein kanpokoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan.

Hitzarmen honetan jasotako praktika akademikoak egiteak helburu hauek ditu:

a) Ikasleei prestakuntza osoa bereganatzen laguntzea, ikasketa teorikoak eta praktikoak osa ditzaten.

b) Ikasleei laguntzea etorkizunean erabili beharko duten lanbideko lan-metodologia egokia ezagutzen, metodologia hori eta haiek jada eskuratutako ezagutzak erkatu eta ezagutza horiek ere aplikatu ahal ditzaten.

c) Konpetentzia teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak garatzen laguntzea.

d) Esperientzia praktikoa hartzea, etorkizunean lan-merkatuan errazago sartu eta lanera daitezen.

e) Balio hauek bultzatzea: berrikuntza, sormena eta ekintzailetza.

Bigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

1.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestalde, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da.

2.– Hitzarmen honetatik auzirik etorriz gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunak arduratuko dira ebazteaz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Prestakuntza-proiektua.

Kanpoko praktika akademiko bakoitzean beteko den prestakuntza-proiektua I. eranskinean ezarritako ereduari egokituko zaio, eta hezkuntza-helburuak eta garatu behar diren jarduerak ezarriko ditu. Helburuak ezartzeko, kontuan hartuko dira ikasleek bereganatu behar dituzten oinarrizko konpetentziak, konpetentzia generikoak edota espezifikoak.

Era berean, praktikaren edukiak halako eran definituko dira, non bereganatu beharreko konpetentzien eta egindako ikasketen arteko zuzeneko harremana ziurtatuko den. Prestakuntza-proiektua hitzarmen honi erantsiko zaio. Jarraipenari eta kontrolari dagokienez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak egoki irizten dien pertsonak (kanpoko instruktoreak) eta unibertsitateko tutore bat (tutore akademikoa) arduratuko dira.

Praktiken edukia eta modua ikasleen prestakuntzaren premiei egokituko zaizkie. Praktikak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan egiteko ordutegia bateragarria izango da programaren irakaskuntza teorikoarekin. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak beti errespetatuko ditu ikaslearen konpromiso akademikoak; batez ere, azterketa-egunetan. Ikasleek, bere aldetik, praktika programatu bakoitzaren betebeharrak beteko dituzte.

Laugarrena.– Praktika motak.

Kanpoko praktika akademikoen modalitatea hauetako bat izan daiteke, eta batzuk batera ere antola daitezke:

a) Curriculum barruko praktikak: dagokion ikasketa-planean sartzen diren jarduera akademikoak dira.

b) Curriculumetik kanpoko praktikak: ikasleek borondatez egin ahal dituzte prestakuntza-aldian eta, curriculum barruko praktiken xede bera badute ere, ez daude jasota ikasketa-planean. Tituluaren gehigarri europarrean aipatuko dira gero, indarreko araudiarekin bat etorrita.

Bosgarrena.– Iraupena eta ordutegia.

a) Curriculum barruko kanpo-praktiken iraupena ikasketa-planean zehaztuko da.

b) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan praktikak egingo dituzten ikasleen kopurua Ikuskaritzaren bitartekoen araberakoa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Ikuskaritzako Zuzendariordetzak balioetsiko du norainoko baliabideak dauden.

c) Praktika bakoitzaren iraupena I. eranskinean zehaztuko da. Oro har, praktikek 200 ordu iraungo dute.

d) Oro har, praktiken ordutegia I. eranskinean zehaztuko da, eta 09:00etatik 14:00etara, bitartekoa izango da, hargatik eragotzi gabe ordu-berezitasunak zehaztu ahal izatea.

Seigarrena.– Azpiegiturak eta baliabideak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak bermatzen du bere azpiegituren eta baliabideen erabilera, beharrezkoak direnean.

Erakunde horrek ez du jasoko diru kopururik bere bulegoetan egiten diren jarduera praktikoen truke.

Zazpigarrena.– Praktiken hartzaileak eta eskakizunak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan kanpoko praktika akademikoak egin ahal izateko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte ikasleek:

a) UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko eskakizun bereziak.

b) UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean matrikulatuta egotea, praktikak fakultate horri lotzen baitzaizkio.

c) Ikasketa-plana zein den, praktikei lotutako irakasgaian matrikulatuta egotea, curriculum barruko praktikak direnean.

d) Eusko Jaurlaritzarekiko kontratu-harremanik ez izatea, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak berariaz baimendu ezean.

Zortzigarrena.– Praktiketako ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.– Honako eskubide hauek izango dituzte ikasleek, kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten bitartean:

a) Praktikaldian tutoretza jasotzeko eskubidea. Horretaz arduratuko dira: batetik, unibertsitateko irakasle bat; eta, bestetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaile bat, dagokion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Unitatean zerbitzua ematen duena.

b) Unibertsitateak ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa jasotzeko eskubidea.

c) Praktikak non egin dituen, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Unitate horretako txosten bat jasotzeko eskubidea. Txostenean berariaz adierazi beharko dute zer jarduera egin den, jardueraren iraupena eta, hala dagokionean, errendimendua. Horretarako, hitzarmen honetako II. eranskina erabili beharko da.

d) Jabetza intelektualerako eta industrialerako eskubidea, arlo hori arautzen duten legeetan ezarritakoaren arabera.

e) Segurtasuneko eta lan-arriskuen prebentzioko arauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eman behar die informazio hori.

f) Ikasleak bere lan akademikoa, prestakuntzakoa, eta ordezkapenekoa nahiz partaidetzakoa betetzeko eskubidea du, behar bezalako aurrerapenez jakinarazita Laneko Ikuskaritzari.

g) Desgaitasunen bat duten ikasleek praktikak egiteko, haien zereginetarako behar dituzten baliabideak eskuratzeko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eskubideak dituzte.

h) Desgaitasunen bat duten ikasleek hauek uztartzeko eskubidea dute, halaber: praktikak eta desgaitasun-egoeraren ondoriozko jarduera eta egoera pertsonalak.

i) Indarreko arauetan aurreikusitako gainerako eskubideak.

2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten bitartean, honako eginbehar hauek bete behar dituzte ikasleek:

a) Unibertsitateak kanpoko praktiketarako indarrean duen araudia bete.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutu eta bete, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak izendatutako instruktorearen gidalerroen arabera, Unibertsitateko tutoreak gainbegiratuta.

c) Unibertsitateko tutore akademikoarekiko harremanari eutsi praktikak egin bitartean, eta, intzidentzia edo gorabeherarik sortuz gero, hari adieraztea. Hari entregatu behar dizkiote, era berean, eskatzen zaizkien tarteko jarraipen-txostenak eta -agiriak, baita amaierako memoria ere.

d) Adostutako egunean joan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Unitatera, hezkuntza-proiektuan adierazten den ordutegia bete, eta unitate horretako funtzionamendu-arauak, segurtasunekoak eta laneko arriskuak prebenitzekoak errespetatu.

e) Prestakuntza-proiektua garatu, eta prestutasunez bete Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin hitzartutako jarduerak, proiektuan ezarritako ildoen arabera.

f) Praktiken amaierako memoria egin (indarreko legeetan ezarrita baitago) eta, hala dagokionean, tarteko txostena ere.

g) Isilpean gorde Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren barne-informazioa eta jarduerei buruzko sekretu profesionalari eutsi, praktikak egiten ari diren bitartean eta amaitu ostean. Bereziki, eta kontuan hartuta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren bitartez eskuratu eta ikus daitezkeen datuen konfidentzialtasuna eta babes-maila altua, ikasleek zorroztasun handiz bete beharko dute informazio hori isilpean gordetzeko agindua, Ikuskaritza Sistemari eta Ikuskaritzari atxikitako funtzionarioek eta langile guztiek egin behar duten modu berean, arau hauek kontuan hartuta: 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Sistema antolatzekoa, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Antolakuntzaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua, otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuak onartua.

h) Errespetuzko jarrera erakutsi beti Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren politikarekiko, unibertsitatearen izen ona ere behar bezala babestuta.

i) Indarreko arauek agintzen dituzten gainerako betebeharrak.

3.– Praktika egin behar duen ikasleak III. eranskineko eredua sinatu beharko du, ados dagoela adierazteko.

Bederatzigarrena.– Tutoretza.

Kanpoko praktikak egiteko, ikasleek lagun izango dituzte Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako instruktore bat eta UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko tutore akademiko bat.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak izendatutako instruktoreak EAEko Ikuskaritzari atxikitako Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailea izan behar du.

Unibertsitateko tutore akademikoa Unibertsitateak ezarritako prozeduren arabera izendatuko dute.

Hamargarrena.– Tutoreen eta instruktoreen eskubideak eta eginbeharrak.

1.– Honako eskubide hauek izango ditu Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako instruktoreak:

a) Unibertsitateak haren jarduera laguntzailea aintzat har dezan.

b) Kanpoko praktiken araubideari buruzko informazioa jasotzekoa, baita prestakuntza-proiektuari eta hura egiteko baldintzei buruzko informazioa jasotzekoa ere.

c) Unibertsitaterako sarbidea izatekoa, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratzeko.

d) Unibertsitateak ezar ditzakeen beste baldintza espezifiko batzuk.

2.– Halaber, honako eginbehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egin, eta jarduera garatu prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera.

b) Ikaslearen lanak ikuskatu, praktiken garapena orientatu eta kontrolatu, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarritutako harremanean.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioa eman ikasleari, bai eta jakin behar dituen arauen berri ere; bereziki, laneko arrisku eta segurtasuneko arauei dagokienean.

d) Unibertsitateko tutore akademikoarekin koordinatu hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan hitzartutako jardueren garapena, barnean hartuta prestakuntza-proiektuaren aldaketak, beharrezkoak badira praktikak behar bezala egiteko; praktikak egin bitartean intzidentzia edo gorabeherarik sortuz gero, haien berri eman eta haiek konpontzea, eta azterketak egiteko baimenen kontrola.

e) Tarteko txostenak egin, hala dagokionean, bai eta amaierako txostena ere, indarreko legeetan ezarritakoarekin bat.

f) Ikasleek praktikak egiteko behar duten prestakuntza osagarria eman.

g) Praktika egiteko ezinbesteko baliabide materialak eman ikasleari.

h) Erraztasunak eta bultzada eman ikasleek berrikuntzako, hobekuntzako eta ekintzarako proposamenak egin ditzaten.

i) Erakunderako irispidea erraztu tutore akademikoari, hari dagozkion eginkizunak bete ditzan.

j) Isilpean gorde tutore-lanak egitean ikasleengandik jakiten duen informazio oro.

k) Erakundean dagoen bitartean, ikasleari lagundu lanbide-zalantzak edo -galderak argitzen, ikasleak erakundean egin behar dituen jarduerak behar bezala egin ahal ditzan.

3.– Honako eskubide hauek izango ditu unibertsitateko tutore akademikoak:

a) Jarduera akademikoaren aintzatespen efektiboa jasotzekoa, unibertsitateak bere barne-araudian ezarritakoaren arabera.

b) Kanpoko praktiken araubideari buruzko informazioa jasotzeka, baita tutoretzapeko ikaslearen egonaldiari lotutako prestakuntza-proiektuari eta hura egiteko baldintzei buruzko informazioa jasotzekoa ere.

c) Dagokion unitaterako sarbidea izatekoa, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

4.– Halaber, honako eginbehar hauek izango ditu:

a) Prestakuntza-proiektua behar bezala garatzea begiratu, eta bateragarritasuna bermatu praktiken ordutegiari eta ikasketa-, prestakuntza-, ordezkaritza- eta parte hartzeko eginbeharrei dagokienez.

b) Praktiken jarraipen efektiboa egin. Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako instruktorearekiko koordinazioa egin beharko du, eta, hala dagokionean, jarraipen-txostenak egin.

c) Prestakuntza-proiektuan aldaketarik izanez gero, baimena eman.

d) Tutoretzapeko ikaslearen praktikak ebaluatzeko prozesua.

e) Isilpean gorde tutore-lanak egitean jakiten duen informazio oro.

f) Intzidentzia edo gorabeherarik sortuz gero, horren berri ematea Unibertsitatean kanpoko praktikez arduratzen den organoari.

g) Beharrezko diren laguntza-bitarteko egokiak gainbegiratu, eta, hala dagokionean eskatu, hau bermatze aldera: desgaitasunen bat duten ikasleek praktikak egitea baldintza-berdintasunean, diskriminaziorik gabe eta irisgarritasun unibertsalarekin.

Hamaikagarrena.– Laneko eta gizarte segurantzako ikuskaritzaren instruktorearen txostena.

1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako instruktoreak praktiken amaierako txostena egin eta bidaliko dio unibertsitateko tutore akademikoari, eta II. eranskineko eredua erabili beharko du txosten hori egiteko. Txostenean jasoko ditu ikasleak praktikaldian egin duen ordu kopurua eta, honako alderdi hauek ere baloratu ahalko ditu, prestakuntza-proiektuan jasotako konpetentzia espezifikoei eta generikoei buruz:

a) Gaitasun teknikoa.

b) Ikasteko gaitasuna.

c) Lanen administrazioa.

d) Ahozko eta idatzitako komunikazio-trebetasunak. Desgaitasunen bat duten ikasleek mintzatzeko zailtasunak baldin badituzte, trebetasun horretan duten autonomia-maila adierazi beharko da, bai eta horretarako baliabide teknikorik edota giza baliabiderik behar duten ere.

e) Erantzukizun-sena.

f) Egokitzeko erraztasuna.

g) Sormena eta ekimena.

h) Inplikazio pertsonala.

i) Motibazioa.

j) Kritikak ondo hartzeko jarrera.

k) Puntualtasuna.

l) Lan-inguruarekiko harremana.

m) Talde-lanean jarduteko gaitasuna.

n) Egokitzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

2.– Praktikaldien erdia igaro ondoren, tarteko jarraipen-txostena egin ahalko da, hala erabakiz gero unibertsitatearen araudiarekin bat etorrita.

3.– Txosten horiek ez dute froga-baliorik izango, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin lan-loturarik edo administrazio- edo negozio-harremanik frogatzeko, ezta UPV/EHUrekin ere.

Hamabigarrena.– Lan-harremanik eza eta gizarte-segurantzaren araubide orokorrean sartzeko betebeharra.

1.– Lan-harremanik eza.

Kanpoko praktika akademikoak prestakuntzaren osagarri direnez, praktikak egitearen ondorioz ez da inola ere sortuko lan-harremanari berezko zaion betebeharrik. Ikasleek ez dute ordainsaririk jasoko egiten dituzten jardueren truke.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak inoiz eta inola ere ezingo du lanposturik bete ikasleekin, ez eta behin-behinean edo bitarteko moduan ere, praktikaldirako ezarritako denboran.

Etorkizunean ikasleren bat erakunde laguntzailearen plantillan sartuko balitz, praktikaldiko denbora ez litzateke zenbatetsiko antzinatasunaren eta probaldiaren ondorioetarako, salbu eta hitzarmen kolektibo aplikagarrian bestelakorik hitzartu denean beren-beregi.

2.– Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzea.

Urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita (urriaren 27ko BOE), hitzarmen honen bidez arautzen diren praktikek ez dute sortzen prestakuntza-programan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeko betebeharra, ezta kotizatzekoa ere. Errege-dekretu horrek arautzen ditu prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko modua eta baldintzak, eta garapena ematen dio Gizarte Segurantzako Sistema eguneratu, egokitu eta berritzeko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotakoari.

Arau orokor hori aldatzera etorri da oraintsu abenduaren 28ko 28/2018 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria (Errege-dekretua pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoa da, eta abenduaren 29ko BOEn argitaratu da). Xedapen horretan adierazitakoaren arabera, hitzarmen honetan arautzen diren praktikek, doakoak izanda ere, ikasleak gizarte-segurantzaren araubide orokorrean sartu beharra dakarte, inoren konturako langileekin parekatuta.

Hala eta guztiz ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek gobernuari agintzen dio bertan jasotakoa garatzeko eta arlo horretako erregelamendu-arauak xedapen horretara egokitzeko.

Xedapen horretan ezarritakoaren arabera, bertan ezarritakoa aplikatuko zaie hurrengo apartatuan aipatzen den erregelamenduzko garapen-araua indarrean jarri eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera prestakuntza-programak edo lanez kanpoko praktika edota praktika akademiko ordaindu gabeak egiten hasten diren pertsonei.

Araudi hori aplikatze aldera, hitzarmen honen xede diren praktikek ez dute sortuko ikasleak gizarte-segurantzaren sisteman sartzeko betebeharra, harik eta arau hori aplikagarria den arte, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

Hori guztia, ezertan galarazi gabe eskola-aseguruaren estaldura, Unibertsitateak horren berri emango baitio ikasleari.

Eta, era berean, Unibertsitateak beste aseguru batzuk hitzartu ahalko ditu.

Hamahirugarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UPV/EHUk badu erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ikasleek praktikak egitean kalterik egiten badute edo.

2.– UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak ez dute erantzukizunik, lankidetza-hitzarmen honen xede den praktikaldian ikasleak kalte pertsonalik jasoz gero.

3.– Praktikak egiteko, 28 urtetik gorako ikasleek ezinbestean kontratatu beharko dute aseguru bat. Aseguru osagarri hori izan daiteke UPV/EHUk hitzartuta daukan Cum Laude istripu-poliza kolektiboa, edo beste erakunde batek eskaintzen duena, baldin eta aseguru horrek gutxienez UPV/EHUk eskaintzen dituen kontzeptuak estaltzen baditu (Cum Laude). Egokitzat jotzen baldin badu, aipatutako adina bete baino lehen hitzartu ahalko du.

4.– Atzerriko unibertsitateetako ikasleek UPV/EHUrekiko hitzarmen bat baldin badute, eta praktikak erakundean egiten badituzte, istripu-aseguru bat izan beharko dute, eta estaldurak gutxienez Cum Laude polizarena izan beharko du.

5.– Instruktoreak prestakuntza-programako jarduerez kanpoko agindu edo jarraibiderik eman, eta horren ondorioz kalterik sortuz gero, UPV/EHUk eta praktiketako ikasleak ez dute erantzunik izango.

Hamalaugarrena.– Praktikaldia etetea.

Alderdietako edozeinek eten dezake praktikaldia, arrazoi justifikaturik bada. Idatziz eman beharko dio horren berri beste alderdiari, gehienez ere hamar eguneko epean, etenaldiaren hasieratik zenbatuta.

Hamabosgarrena.– Datuen babesa.

Ikasleen datu pertsonalak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari lagako zaizkio hitzarmen honetan jasotako xedeetarako, hitzarmenera bildutako ikaslearen edo ikasleen prestakuntza-praktikak garatzeari dagokionez. Hortaz, datuok ezin dira bestelako xedeetarako erabili.

Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorrita eskuratu eta lagako ditu unibertsitateak datu horiek. Lege horretan ezarritakoa bete beharko du lagapenaren hartzaileak lagapenaren xedeko datuen tratamenduan. Horrez gain, araudi hori betez, EAEko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak hartu behar ditu, datu horien segurtasuna bermatzeko.

Hamaseigarrena.– Informazioa.

Alderdi biek elkarri aitortzen diote hitzarmen honen sinadura eta hitzarmenaren ondorioak euren web-orriaren edo beste baliabide baten bitartez jakinarazteko aukera.

Hamazazpigarrena.– Indarraldia eta luzapena.

Kanpoko Praktikak Arautzeko Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmen hau indarrean egongo da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak urtez urte onartzen duen ikasturtean. Indarraldia 2019-2020 ikasturtean hasiko da (zehazki, 2019ko irailetik 2020ko uztailera), eta ikasturte bakoitzean automatikoki luzatuko da, gehienez ere lau urtean, SPAJLren 49.h.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, salbu eta epe hori baino lehen suntsiarazten bada alderdietako batek salatuta. Salaketarik izanez gero, idatziz komunikatu beharko zaio beste alderdiari, ekainaren lehena baino lehen, ondorioak hurrengo ikasturtean izan ditzan.

Hitzarmen honetan aurreikusitako praktikak EAEko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren baliabide edo eskuarteen mende daude. Ikuskaritza horretako zuzendariordetzari dagokio halakorik dagoen zehaztea, eta UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateari komunikatzea.

Hemezortzigarrena.– Suntsiarazpena.

Alderdi bakoitzari dagozkion betebeharretatik edozein betetzen ez bada, beste alderdiak eskubidea izango du hitzarmena suntsiarazteko. Hori egiteko, beste alderdiari komunikatu beharko dio, komunikazioa hartu izana jasota uzteko moduan. Suntsiarazpenaren inguruabar zehatzak adierazi beharko dira komunikazioan, baita ondorioak noiztik aurrera izango dituen ere.

Hemeretzigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez dauka eduki ekonomikorik. Alderdi sinatzaileek hitzarmena betearazteko egiten dituzten jarduketak euren aurrekontu korronteen kontura egingo dituzte, kosturik sortu gabe, eta haien arteko kontraprestaziorik sortu gabe.

Hogeigarrena.– Jarraipena, zaintza eta kontrola.

SPAJLren 49.f) artikuluak hitzarmenaren gutxieneko edukien artean sartu ditu jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoak, hitzarmenaren betearazpenari eta sinatzaileek beren gain hartutako konpromisoei aplikatzekoak.

Hitzarmen hau dela eta interpretazio- eta betetze-arazorik sortuz gero, lege-xedapen hori betetze aldera:

1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da gorabehera edo intzidenteak ebazteko, halakorik gertatzen bada-edo praktikak egitean edo hitzarmena betetzean. Alderdi bakoitzeko bi kidek osatuko dute, eta alderdi bakoitzak izendatuko ditu.

2.– Jarraipen-batzordea eratu ondoren, hitzarmenaren alderdi sinatzaileek txandaka izango dute haren burutza, eta UPV/EHUk izango du hasierako txanda.

Eta bidezko ondorioetarako jasota gera dadin, alderdiek hitzarmenaren hiru ale sinatzen dituzte, Eta bidezko ondorioetarako jasota gera dadin, alderdiek hitzarmenaren hiru ale sinatzen dituzte, ondore bakarrarekin.

Lan eta Justizia Saila,

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Euskal Herriko Unibertsitatea,

Zuzenbide Fakultateko dekanoa,

JUANA GOIZUETA VÉRTIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala