Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2019ko urriaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
4696

AGINDUA, 2019ko irailaren 18koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) erakunde autonomoko kontratazio-mahaiaren osaera iraunkorra ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta, bestetik, Administrazioko sailen artean eskumenak berriro esleitu dira. Alde horretatik, «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea / Instituto Vasco de Administración Pública (HAEE/IVAP)» erakunde autonomo administratiboa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitzen zaiola ezartzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak erregulazio berria eman die kontratazio-organoaren laguntza-organoei. Zehazki, dekretuaren 8. artikuluan, osaketarako eta kideak izendatzeko arauak xedatzen dira, eta kontratazio-mahaien osaera baliozkotzen du.

Artikulu horren 3. apartatuak ezartzen du kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izenda daitezkeela, edo berariaz ere bai, justu kontratu bakoitza adjudikatzeko. Kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira edo mahaiari kontratu anitzetarako eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu baten bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, zuzendariaren egitekoa da kontratazio-organo gisa jardutea, erakunde autonomiadunak aurrera eramatea dagozkion eginkizunak burutu ahal izateko dena delako arloko espedienteen kasuan, baina ordenamendu juridikoak eskumen hori ez baldin badu beste organo batzuen eskuetan utzi.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) jardun-arloak kontuan hartuta, egoki iritzi zaio aipatutako erakunde autonomoko kontratazio-mahaiaren osaera iraunkorra arautzeari.

Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) organismo autonomoaren kontratazio-organoak prozedura irekietan, prozedura murriztuetan, prozedura negoziatu publizitatedunetan, berrikuntzarako elkartzeko prozeduretan eta prozedura ireki sinplifikatuetan (kasu honetan, salbuespen hauekin: 80.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten obra-kontratuak eta 35.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten hornidura- eta zerbitzu-kontratuak, objektutzat izaera intelektualeko prestazioa dutenak izan ezik), kontratazio-mahai baten laguntza izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko. Honako hauek izango dira kontratazio-mahaiko kideak:

a) Presidentea:

Erakunde autonomoaren Zerbitzu Orokorretako arduraduna. Postua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, kontratazio-organoak ordezkoa izendatuko du.

b) Mahaikideak:

1.– Kontratua sustatzen duen IVAPeko zerbitzuaren ordezkari bat. Kontratazio-organoaren aholkularitza teknikoko eginkizunak beteko ditu, eta horrek izendatuko du.

2.– Kontratazio-organoaren ekonomia eta aurrekontuak kontrolatzeko zeregina esleitua duen mahaikide bat, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak izendatua.

3.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan eskumena duen zuzendaritzako ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua, aipatutako zuzendaritzaren titularrak proposatuta, IKTen arloko ondasunak, azpiegitura teknologikoak eta zerbitzuak kontratatzen direnean.

4.– Mahaikide-idazkaria: IVAPeko Zerbitzu Orokorretako aholkularitza juridikoko edo kontratazioko teknikariren bat, Zuzenbideko lizentzia edo gradua daukana; mahaiko aholkularitza juridikoko eta idazkaritzako lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu. Postua hutsik badago, kanpoan baldin bada edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, kontratazio-organoak ordezkoa izendatuko du.

2. artikulua.– Aukeran, kontratazio-organoak eskatuz gero, aipatutako kideez gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta.

3. artikulua.– Horren osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-baldintza partikularren pleguetan sartuko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko dira.

Mahaiko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.

Mahaikideek euren jardunean hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute. Euskararen normalizazioa helburu dela, mahaiak horrela erabakitzen badu, bilera deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak, oro har, euskaraz idatzi ahalko dira. Bestelakoa erabakitzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

4. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera osatutako kontratazio-mahaiak, aldi berean, esleitze-prozeduretan esku hartzeko eskumena izango du, baldin eta, kide anitzeko organo horien esku-hartzea aginduzkoa ez izanda ere, kide anitzeko organo horrek hala erabakitzen badu.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 18a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala