Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4649

EBAZPENA, 2019ko irailaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abadiñoko (Bizkaia) UI-1 sektoreko Merkataritza Eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko apirilaren 4an, Abadiñoko Udalak (Bizkaia) eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko UI-1 sektoreko Merkataritza Eremuaren aldaketa puntuala egiteko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari (aurrerantzean, aldaketa puntuala), Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari zuzenduari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren aldaketa puntualaren memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, 2019ko ekainaren 25ean, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza (Eusko Jaurlaritzarenak biak ere); Kulturako Zuzendaritza Nagusia, eta Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusia (Bizkaiko Foru Aldundiarenak biak ere); Ihobe eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentziaren bitartez (URA).

Era berean, Abadiñoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion 2019ko ekainaren 15ean.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait erantzun jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Abadiñoko (Bizkaia) UI-1 sektoreko Merkataritza Eremurako Plan Partzialaren aldaketa puntuala kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Planaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abadiñoko (Bizkaia) UI-1 sektoreko Merkataritza Eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Abadiñoko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Eraikin berria egongo den lurzatia Abadiñoko UI-1 industrialdean dago, zeina araututa baitago sektore horretako 1998ko «Plan Partzialaren Aldaketan» eta 2000ko xehetasun-azterketan.

Aldaketa puntualaren bidez, UI-1 sektoreko «Merkataritza-gune» lurzatiaren eraikigarritasun-muga aldatu nahi da, eraikin berri bati lekua uzteko, bai eta estalkian aparkatu ahal izateko ere, plaza-eskaerari erantzute aldera. Aldaketa puntualak ibilgailuak eta oinezkoak lurzatira sartzeko baldintzak ezartzen ditu. Gainerako hirigintza-zehaztapenei eutsiko zaie (eraikigarritasuna, eraikinen gehieneko altuera, gehieneko okupazioa, etab.) eta Aldaketa Puntualari indarrean daudenak batzen zaizkio.

Eraikin berriak 118 plaza izango ditu estalkian; horrela, guztira, 936 plaza izango ditu lurzatiak.

Garapena eta kudeaketa: merkataritza-eraikin berria egiteko aurreikusi diren jarduerak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen II. Kapituluaren artikuluetan oinarrituta izapidetu eta garatuko dira (oinarrizko obra-proiektua, egikaritze-proiektua eta hirigintza-lizentzia).

Aldaketa puntualaren eremua Ibaizabal ibaiaren bailararen erdialdean kokatutako hiri- eta industria-bilbe baten barruan dago, oso urruti gune babestuetatik. Zehazki, lurzatia Traña-Matiena auzoaren erdigunean dago, Abadiñoko udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean eta Durangoko herrigunearen ekialdean. Lurzatia erabat urbanizatuta dago, eta, gaur egun, merkataritza-eraikin bat eta gasolindegi bat daude bertan. Gainerako eremuak aparkalekuaren edo zirkulazio-eremuaren erabilera du.

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Aldaketa puntualak eragindako eremuko ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenak hauek dira.

– Ibaizabal ibaiak (I. maila) aldaketa puntualaren xedea den lurzatia inguratzen du, ekialdetik eta iparraldetik. Tarte horretan Sarria ibaia batzen zaio, eskuineko ertzetik. Ibai-zati hori Durangoko Uholde Arrisku Handiko Eremuan dago (ES018-BIZ-9-1), I. taldean.

– «Merkataritza-gunea» lurzatiak, ekialdeko muturrean, 500 urteko etorbidearen eragina du; hegoekialdeko muturrean, ordea, 100 eta 500 urteko etorbideena. Aldaketa puntualarekin proposatzen den eraikinak ez du arrisku hori izango.

– Ez dago Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementu bakar bat ere.

– Eremuak akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun txikia du.

– Ibaizabal ibaiaren tartea eta haren ibaiadarra interes bereziko gunetzat hartzen dira bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako kudeaketa-planean.

– Planaren eraginpeko eremuan ez dago natur-gune babesturik, ez eta gune natural interesgarririk ere.

– Eremuko bi lurzati EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude. Egin nahi den eraikin berriaren ondoko gasolindegia dagoen lurzatia da, eta merkataritza-gunea dagoen eraikinaren zati txiki bat.

– Ingurune horretako zarata-foku nagusiak N-634 eta Ap-8 errepideak dira, eremuaren iparraldeko muturrean daudenak, eta B-732 errepidea, mendebaldeko muturrean dagoena. Eremuaren hegoaldean, eraikin industrial batzuk daude. «Abadiñoko (Bizkaia) UI-1 sektoreko Merkataritza Eremurako Plan Partzialaren aldaketa puntualaren Inpaktu Akustikoaren Azterlana» 2019ko urtarrilean egin zen. Azterlan horren arabera, bete egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren I. zatiaren A taulan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak.

Eragindako eremuaren ingurumen-arriskuak.

Aldaketa puntuala hiri-lurzoru finkatuan egiten da, lehendik zeuden hiri-garapenetan arreta jarriz, eta ez dakar lurzoru ez-artifizialdu berririk okupatzea.

Aurreikusitako jarduketen eta aldaketa puntualak eragindako eremuaren ezaugarriak ikusita, aldez aurretik uste da ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsuenak bi hauen presentziarekin lotuta daudela: Ibaizabal ibaia, eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten bi lurzati.

Eraikin berria egiteko obren fasean eta zerbitzu lagungarri lotuak (elektrizitatea, gasa eta ura, eta telekomunikazioak) eta sarbideak egiten hasten direnean gertatuko dira afekziorik garrantzitsuenak: lur-mugimenduak, hondakinen sorrera, partikulak aireratzea (eragina izan lezake lurrazaleko uren kalitatean) eta zaratak, makinen joan-etorria, baliabideen kontsumoa eta herritarrei eragindako eragozpenak.

Babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE) planaren edo programaren aplikazioak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak jasota daude, klima-aldaketa kontuan hartuta. Proposamena lurzoruaren eta sistema hidrologikoaren babesarekin, hondakin-kudeaketarekin eta eraikinaren beraren jasangarritasunarekin loturiko neurrietan oinarritzen da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aldaketa puntualak proposatzen du ezarritako lerrokadurak doitzea, 6 lokaletarako merkataritza-eraikin bat finkatzeko. Eraikinaren estalkian, aparkalekua egongo da. Indarrean diren gainerako hirigintza-zehaztapenei eutsiko zaie. Ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. Ingurumen Dokumentu Estrategikoan beste plan batzuekin bateragarri den ere aztertu da; besteak beste, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planarekin eta Durangaldeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialarekin.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Aldaketa puntualak ez dakar lurzoru ez-artifizialdu berririk okupatzea; hiri-lurzoru finkatuan egiten da, lehendik zeuden hiri-garapenetan arreta jarriz. Kanpo geratzen dira lurzoru urbanizaezineko ingurune naturalen berezko afekzioak, hala nola habitat-, landaretza-, eta fauna-afekzioa, nekazaritza arloko afekzio sektoriala, etab., ez baita zuzeneko interakziorik gertatzen aldaketaren eta ingurumeneko gisa horretako alderdien artean.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu den moduan, aurreikus daitezkeen eragin nagusiak eraikina egiteko obrenak izango dira (lurzoruaren okupazioa; lur-mugimenduak; kutsadura atmosferikoa, partikulak aireratzea eta zaratak; baliabideen kontsumoa; herritarrei eragindako eragozpenak; eta abar).

e) Planaren aldaketa puntuala egokitzat jotzen da, ingurumen arloko legedia (erkidegokoa eta estatukoa) txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta aldaketa puntualaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa, bereziki zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere. Ebazpen honen 1.A apartatuan adierazitakoaren arabera:

– Ibaizabal ibaiak planaren barruan aldatu nahi den lurzatia inguratzen du, bai ekialdetik, bai iparraldetik.

– Eremuko bi lurzati EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude. Gasolindegia dagoen lurzati bat da, eta merkataritza-gunea dagoen eraikinaren zati txiki bat.

– Ibaizabal ibaiaren tartea eta haren ibaiadarra interes bereziko gunetzat hartzen dira bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako kudeaketa-planean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta plan partzialean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

• Obra-proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

• Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuetarako tranpak edo iragazkiak.

Lehengaiak manipulatzean, eta obretan erabiliko diren makinak erabiltzean eta mantentzean, olioa eta beste hidrokarburo batzuk nahi gabe isur daitezke. Baina lurzoruak duen asfaltatzeak eta handik Ibaizabal ibaira bitarteko distantziak gutxitu egiten dute isurtze-arriskua. Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora.

Uneren batean saneamendu-sare berririk diseinatzen bada, sare horiek bereizi egingo dituzte hondakin-urak eta euri-urak, eta udal edo toki sarearen kolektoreen sare orokorrean sartuko dira.

• Dagoen landaredia babestea.

– Ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

– Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

– Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

– Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

• Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

• Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Abadiñoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

• Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

– Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

• Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsita [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo kontsumoa murriztea. Etorkizuneko erabileretara hobekien egokituko den energia berriztagarria aprobetxatzeko sistemak ezartzeko bideragarritasuna aztertzea (eguzki-energia, termikoa, fotovoltaikoa, energia geotermikoa edo biomasa).

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Eraikuntza berrian, ura eta energiaren kontsumoa aurrezteko sistemak ezartzea (difusoreak, itzaltzeko eta pizteko sentsoreak, kontsumo baxuko argiztapena eta abar).

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea. Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Abadiñoko (Bizkaia) UI-1 sektoreko Merkataritza Eremuaren aldaketa puntualak eragin kaltegarri garrantzitsurik edukitzea ingurumenean, eta, beraz, ez zaiola egin behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Abadiñoko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Abadiñoko UI-1 sektoreko Merkataritza Eremuaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana