Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4648

EBAZPENA, 2019ko irailaren 18koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko «A.E.29 San Andres Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko martxoaren 26an, Arrasateko Udalak eskabide bat bete zuen, Arrasateko A.E.29 «San Andrés Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren –aurrerantzean, planaren– ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zuela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2019ko otsailaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki irizten zieten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan.

Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, URA, Uraren Euskal Agentziari eta Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdiko elkarteari, interesduntzat hartu baitira.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Indarreko araudian erantzunak jasotzeko ezarrita dagoen epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, URA-Uraren Euskal Agentziaren eta Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira.

Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Arrasateko A.E.29 «San Andrés Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta plana aplikatzearen inpaktuen gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko A.E.29 «San Andrés Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, planaren) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Arrasate udalerriko hirigunearen hegoaldean dagoen 16.047 m2-ko lurzati baten antolamendu xehakatua ezartzea. Lurzatia Deba ibaitik gertu dago (50 bat metrora), eta etxebizitza-eraikinak ditu iparraldean, eta industria-pabiloiak hegoaldean. Hutsik dagoen orube bat da, Polmetasa enpresaren instalazioa eraitsi zirenez. Enpresa horrek motordun ibilgailuentzako eta horien motorrentzako zati, pieza eta osagarri ez-elektrikoak ekoizten zituen, eta metalen galdaketan ere baziharduen.

Arrasateko HAPOren arabera –2016ko martxoaren 22ko osoko bilkuran onartu zen behin betiko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu 2016ko maiatzaren 31n (102. zk.)–, A.E.29 «San Andrés Berri» eremua eraikuntza ireki eta etxebizitza babestuko bizitegi-eremua da, eratorritako antolamendu baten bidez garatu behar dena. Erabilera horrek industriarena ordezkatuko du.

Horrenbestez, plan hau idaztea indarreko Arrasateko HAPOn ezarritako betekizunetako bat da. Hala, eremuaren antolamendu xehakatua ezarri nahi da, aipatu plan orokorraren araudi partikularrean ezarri hirigintza-helburuak garatuz:

– Eraikuntza ireki eta etxebizitza babestuko bizitegi-eremu berria antolatzea eta sortzea.

– Urbanizazio-obrak antolatzea, San Andres eremuarekin konexio egokia sortuta.

Planak bi eraikin-gune proposatzen ditu; errepide bat egongo da bien artean, egungo etxebizitza multzoaren errepide-sistemarekin konektatuko dena:

– Mendebaldeko eraikin-gunea, egungo etxebizitzetatik gertuen egongo dena, babes-araubideko etxebizitzetarako izango da. 11.500 m2 (e) dituen eremua da, eta horietatik gutxienez 6.000 m2 (e) BOEtara bideratuko dira. Etxe-uharte handi bat eratuko da, bi bloke linealetan bereizita egongo dena. Tamaina handiko bat, kanpoaldean, errepide berrian bermatuta, eta txikiago bat barnealdean. Bien sestra gaineko eraikuntza-profila BS+5+A izango da, egungo etxebizitzen BS+5 horren parekoa.

– Ekialdeko eraikin-gunea, araubide libreko etxebizitzetarako izango da. Eraikigarritasuna 12.000 m2 (e)-koa izango da. «U» formako elementu batez egituratuko da, Araba Etorbiderantz iraulita egongo da, eta hego-mendebaldera begira. Sestra gaineko eraikuntza-profila handiagoa da mendebaldekoa baino; BS+7+A eta BS+8+A da.

Bi gune eraikien barnealdean oinezkoentzako eremuak eta lorategiak egongo dira, handi samarrak.

Hirugarren gunea, berdegunea eta oinezkoentzakoa dena, moteltze-eremu begetala da. Eremuaren ertzean diseinatu da, industria-jarduerako gunearekin muga eginez. «V» ireki baten forma izango du, eta horren arabera diseinatu da Alfontso VIII.a kalearen eta Araba Etorbidearen arteko konexioa.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak.

a) Hiri-lurraldearen antolamenduari eta planaren xedeko eremua modu xehakatuan antolatzeko irizpideei eta baldintzei dagokienez, eta bizitegi-eremu berri bat urbanizatu eta eraikitzeko xedearekin, ez da espero planak bide ematea legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuei, ingurumenean izan ditzakeen eraginak kontuan hartuta.

b) Ez da bateraezintasunik aurkitu planaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.

c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, urbanizatzean, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak murriztean eta aprobetxatzean, eta bitartekoen zein biodibertsitatearen kalitatearen sustapenean.

– Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Negutegi-efektuko eta argi-gasen igorpenak murriztea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Biodibertsitate autoktonoa sustatzea (lorategi-jardueretan).

– Espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztea.

d) Era berean, Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoa.

2) Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Eremuan eta inguruetan ez dago garrantzizko natura-elementurik.

Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremuak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo.

– Lurrazpiko urak kutsatzeko arrisku handia du eremuak.

– Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batekin (20055-00095 Metalen galdaketa-jarduera egon den lurzatia), hain zuzen, Polmetasa enpresa zegoen lurzatiarekin (10.900 m2).

Aipatu lurzatian hainbat jarduera egin dira (ikerketa xehakatua, arrisku-analisia, gaikako indusketa eta erremediatzea) lurzoruaren kalitate-adierazpenaren espedientearen barnean (POLMETASA - PMG (SC-50/07-NP)). Horiek eginda, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak industria-erabilerako lurzoruaren kalitate-adierazpena eman zuen 2019ko martxoaren 13an, bete beharreko baldintzak batzuk ezarriz:

– Inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, aztertu diren hiru aukeretatik guztiek betetzen dituzte KAHak kanpoaldean eta fatxada-altuera guztietan, Alfontso VIII.a aldekoetan. Hori bai, Borda Berri eraikinaren alboko fatxada muga-mugan dago, eta ez du segurtasun-tarterik. Hiru aukeretan, Araba Etorbidearen alboko eraikinean, kanpoaldeko KAHak mugan daude, eta fatxadek 1 dB(A)-ko marjina dute. Horrenbestez, egokitasuna auzitan dago, ereduaren ziurgabetasuna ± 3 dB(A)-koa baita.

IDEk inpaktu nagusi hauek aurreikusten ditu:

– Urbanizatze- eta eraikuntza-fasean: lurzoru kutsatuak dauden kokagune bateko lurrak mugitzea, lurrazaleko eta lurpeko urak kaltetzeko arriskua, hondakinak, hautsa eta zaratak sortzea, etab.

– Hirigintza-garapenaren fasean: baliabideen eskaria handitzea (ura, energia, etab.), hondakin eta inpaktu akustikoak handitzea. Azterlan hidraulikoaren arabera, hirigintza-garapen berriak ez du uholde-arriskurik urbanizatze-kotan, eta ez uholdu-arriskua areagotuko ibaian behera.

C) Babesteko edo zuzentzeko neurriak.

Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, txosten honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Planak ezarri beharko dituen neurrien artean, lurzoruaren erabilera berria bizitegi-erabilera izango dela kontuan hartuta, nabarmendu behar da erabilera berri horretarako lurzoru-kalitatearen adierazpenaren prozedura berria jarri beharko dela abian. Horretarako, hiri-erabilerako EBA-B balioez goragoko balioak (industria-erabilerako EBA-B balioen ordez) eta lurpeko uretan hautemandako gainerako eragina ebaluatu beharko dira, eta bizitegi-erabilerarako lurzoru-kalitatearen adierazpena jaso beharko du planak, behin betiko onartu aurretik.

Halaber, planak argitu egin beharko du eremuaren zati handi batean 500 urteko errepikatze-denborako uraldiei loturiko uholde-arriskua egotearen gainean (Azterlan Hidraulikoa egin duen Artaza Ingeniería enpresaren arabera) Uraren Euskal Agentziak adierazitako desadostasuna. Hala, planaren eremuak izango dituen bizitegi-erabilera berrien mugen norainokoa zehaztu ahal izango da.

Kutsadura akustikoari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatu behar du planak. Hala, ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremuetan, EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa gorabehera.

Bestalde, plana garatzeko proiektuak, alegia, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak, egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin.

Besteak beste, planetik eratorritako urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Jardunbide egokien eskuliburua:

Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Horretaz gain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: egin beharreko lur-mugimenduak egiteko, organo honek aurretiaz onartu beharko du gaikako indusketa-plan bat, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Onartzeko adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira, baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Era berean, Arrasateko Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia eman aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek «UNE-EN ISO 140-5:1999: Isolamendu akustikoa neurtzea eraikinetan eta eraikuntza-osagaietan» arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

Bestalde, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Gainera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:

– Arkitektura jasangarria.

Eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira etxebizitzak eraikitzeko gida honetan jasotako gomendioak: Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarriaren Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako dena. Eusko Jaurlaritza. 3. edizioa. 2015eko abendua.

Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.

Kasu honetan, neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Negutegi-efektuko eta argi-gasen igorpenak murriztea.

– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lorategiz hornitzea.

Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen -txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Arrasateko A.E.29 «San Andrés Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez du kontrako efektu esanguratsurik izango ingurumenean, txosten honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Arrasateko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Arrasateko A.E.29 «San Andrés Berri» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala