Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4644

86/2019 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Mondragon Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Mondragon Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko dena. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN, IRAILAREN 30EKO 86/2019 EBAZPENARENA

Lankidetza-hitzarmena, Mondragon Unibertsitatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren artekoa, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko.

Arrasaten, 2019ko uztailaren 8a.

HONAKO HAUEK ELKARTU DIRA:

Batetik, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa Uribe, haren izenean eta ordezkari, hala izendatu baitzuen Kontseilu Errektoreak bere 2014ko irailak 8ko bileran, eta horretarako nahikoa botere izanik.

Aurrerantzean, Mondragon Unibertsitatea.

Eta bestetik, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren lehendakari gisa, haren izenean eta haren ordezkari, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9.c) artikuluan xedatutakoaren arabera esleitutako eskumenak baliatuz.

Aurrerantzean, Lanbide.

Bi aldeek aitortu diote elkarri hitzarmen hau izenpetzeko gaitasun juridikoa, eta, hala, hau

AZALTZEN DUTE:

Mondragon Unibertsitatea sentsibilizatuta eta konprometituta dago goimailako irakaskuntzako zerbitzua ematen duen jardun-inguruneko premia sozial, ekonomiko eta kulturalei erantzuteko betebeharrarekin.

Mondragon Unibertsitatea funtsezko bazkidea da Europako Estrategia (EE2020) abian jartzeko, xedetzat hartuta ezagutza oinarri duen ekonomia jasangarria eta arduratsua sustatzea eta finkatzea, gizartearen prestakuntza hobetzea eta lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa bizkorretara egokitu dadin bultzatzea.

Globalizazio-prozesuak aldaketa sakonak eragin ditu eta eragiten ditu alor guztietan, hala nola joera ekonomikoetan, lanprozesuetan, enpleguen edukian, lanbidegaitasunetan, enpresa-kudeaketako ereduetan, informazioko eta komunikazioko teknologien inpaktuan, eta joera, sozial, politiko, teknologiko eta ingurumenekoetan. Horrek guztiak beharrezkoa egiten du errealitatea zein den ezagutzea eta errealitate horri aurrea hartzea, eta, horrezaz gain, erakundeen arteko lankidetza, aldaketa horien garrantziarekin bat datorren erantzuna emateko.

Mondragon Unibertsitatearen helburuetako bat da kalitatezko goimailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko, eta, horretarako, hezkuntza-baldintzak sustatuko ditu, bai eta ikasleen gizarteratzea eta lanalorrean txertatzea bultzatzeko eskaintza osagarriak ere.

Unibertsitateko agintariek gizarteerrealitateari buruzko informazio egokia behar dute, hain zuzen, unibertsitateak parte hartzen duen eta eragina duen gizarteari buruzkoa, horren arabera irakaskuntza antolatzeko, curriculumeko edukiak berritzeko, titulazio-mapak aldatzeko, eta, halaber, egresatuei informazio-zerbitzuak eskaintzeko lanari eta lan-merkatuan txertatzeari buruz.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez sortu zen, eta izaera administratiboa duen erakunde autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikia. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Besteak beste, funtziotzat du lan-bitartekotza kudeatzea eta enplegu-politika aktiboen betearazpena. Horrenbestez, erakunde autonomo horrek lan-merkatuko informazioko politika aktiboaren edukiak eratzen laguntzen du, estatistika-jardueren bidez, bere zein beste batzuen estatistiken bidez, eta administrazio-erregistroen bidez, guzti-guztiak lan-alorrarekin lotutakoak. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Kabinete Tekniko bat du, analisi eta azterketak, informazioa, berrikuntza eta horien antzeko eginkizunak garatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22koa 82/2012 Dekretuaren 11.2.a) artikuluan xedatutakoa betez.

Testuinguru hori izanik, Mondragon Unibertsitatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua bat datoz asmo honetan: hezkuntza-sistematik lan-merkaturako trantsizioa behatzeko tresna bat garatzea. Zehazki, biek ala biek interes handia dute informazio espezializatua lortzeko tresnak eta jarduerak elkarrekin kudeatzeko eta elikatzeko, eta, horretarako, Mondragon Unibertsitateko egresatuen laneratzeari buruzko estatistika-jarduerak egiteko.

Estatistika-jarduera horiek informazioa lortzeko tresnatzat hartu behar dira, informazio horrek lagunduko baitigu hezkuntza-eskaintzaren eta -kudeaketaren alorreko erabakiak hartzen; horrez gain, enplegu-politikako jarduketak sustatzera bideratutako tresnatzat ere hartu behar dira.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da informazio-sistema bat ezartzea, inkestak oinarri hartuta horretarako, Mondragon Unibertsitateko egresatuak lan-munduan txertatzeak eta lan-merkatura igarotzeak dituen ezaugarriak identifikatu ahal izateko eta haien kualifikaziorako eta enplegagarritasunerako hezkuntza- zein enplegu-politikak garatu ahal izateko.

Bigarrena.– Egin beharreko jarduerak.

Hitzarmen honen esparruan, honako jarduera hauek garatuko dira:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urtero egingo die laneratzeari buruzko inkesta bat Mondragon Unibertsitatean gradu eta graduondoko titulua eskuratu dutenei; lehenbiziko inkesta ikasketak 2016an amaitu dituztenei egingo die.

Bi inkesta-modalitate aurreikusten dira, bata oinarrizkoa eta bestea zabalagoa; inkestak bi urtean behin txandatuko dira, eta oinarrizko inkesta izango da lehenbizikoa. Oinarrizko inkestan galderak, funtsean, honako alderdi hauei buruzkoak dira: lan-merkaturatzearen nondik norakoak, karrera amaitu osteko jarduera den aldetik; inkesta betetzeko uneko lan-egoera; eta titulua lortuz geroztik egindako prestakuntza. Inkesta zabalean, adierazi berri diren alderdiei buruzko galderez gain, honako hauei buruzkoak egingo zaizkie: unibertsitatearen balorazioa; unibertsitatean eskuratutako konpetentzien balorazioa, eta konpetentzia horien baliagarritasuna lanposturako.

– Norainokoa.

Errolda-izaerako eragiketa bat da. Promozio bakoitzeko ikasleen kopuruaren araberakoa izango da erroldaren bolumena. Promozio bakoitzak inkesta bat egingo du, eta titulua lortu eta hiru urteren buruan beteko dute inkesta pertsona horiek.

Egresatuaren lan-jarduerarekin zerikusia duen galdera-multzo batean datza inkesta. Lanbidek zehaztuko du zer erantzun-maila behar den lortutako emaitzak esanguratsuak izan daitezen. Inkesta osatutzat emango da uneko lan-egoera gaitzat duen galderari erantzunez gero, gainerako galderei erantzun ala ez erantzun. Eta era berean, galdera horri erantzuten ez bazaio, nahiz eta gainerako guztiei erantzun, inkesta ez da osatutzat hartuko.

– Faseak eta epeak.

1.– Datuen entrega. Lanbidek, urtearen lehenbiziko hiruhilekoan, aztertu beharreko promozioko egresatuen datuak (bai graduko titulazioa duten pertsonenak, bai «Master ofiziala» eta «Doktoretza Programa» modalitateetan katalogatutako graduondoko titulazioa dutenenak) eskatuko dizkio Mondragon Unibertsitateak horretarako eskumena ematen dion pertsonari. Zehazki, datu hauek:

Promozioa: ikasketak amaitutako urtea.

Izen-abizenak.

NAN, letra eta guzti.

Jaiotza-data.

Sexua.

Inkestatutako pertsonaren identifikazio-zenbakia.

Familiaren egoitzaren posta-kodea.

Lortutako titulua (euskaraz).

Lortutako titulua (gaztelaniaz).

Titulazio-mota (gradua, gradu bikoitza, master ofiziala edo doktoretza-programa).

Titulazioaren kodea.

Titulazioaren ezagutza-arloa.

Prestakuntza duala (bai/ez).

Ikasketak egiten hasitako urtea.

Ikasketak amaitutako urtea.

Lortutako batez besteko nota.

Ikasketak zer hizkuntzatan egin dituen.

Ikasketak zer fakultatetan egin dituen.

Harremanetarako telefonoa: eskukoa.

Harremanetarako telefonoa: finkoa.

Helbide elektronikoa.

Mondragon Unibertsitateak, oro har, hilabeteko epea izango du eskaera horri erantzuteko.

Datu egokiak, beharrezkoak eta ezinbestekoaren neurrira mugatutakoak soilik eskatutako dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 5. artikuluan xedatutakoa betez; horrenbestez, hezkuntza-erreformaren ondorioz edo hezkuntza-eskaintza zabaltzearen ondorioz beste aldagai batzuk beharrezkotzat joz gero, eskatu egingo dira, Mondragon Unibertsitatearekin adostu ondoren.

Mondragon Unibertsitateak konpromisoa hartzen du ikasketak amaitutakoan ikasleek eguneratuta dituzten datuak helarazteko Lanbideri; nolanahi ere, ikasleek datuak zuzentzeko eskubidea baliatuz gero, zuzendu osteko datuak helaraziko ditu.

2.– Inkestaren gauzatzea. Lanbidek egingo die inkesta egresatuei. Inkesta, ahal dela, urteko laugarren hiruhilekoan egingo da.

3.– Emaitzen ustiapena. Lanbidek emaitzak ustiatuko ditu eta txostenak prestatuko ditu inkestak egin osteko urtearen lehenbiziko hiru hiruhilekoetan, erakundeak berak erabakitako formatuetan. Zehazki, honako hauek izango ditu entregagai:

– Hedatzeko txosten orokorra (gaztelaniaz eta euskaraz).

– Txosten espezifikoa, ezagutza-arloa kontuan hartua.

– Txosten espezifikoa, titulazioa kontuan hartuta.

– Bi aldeek adostutako txosten egingarri guztiak.

4.– Emaitzen entrega. Lanbidek entregagai guztiak igorriko dizkio, euskarri automatizatuan, Mondragon Unibertsitateak propio horretarako eskumena ematen dion pertsonari, inkestak egin osteko urtearen laugarren hiruhilekoan, non eta entrega atzeratzen ez den ezinbesteko kasua dela eta.

Lanbidek, bestalde, Mondragon Unibertsitateak aldez aurretik helarazitako datuak bueltatuko dizkio (datu pertsonalak eta ikaslearekin harremanetan jartzeko datuak), bai eta inkestetan jasotako erantzun jakin batzuk ere, bi aldeen artean aurretik adostutakoak, zehazki.

Mondragon Unibertsitateak informazio horrezaz gain informazio gehiago behar badu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatuko dio, Mondragon Unibertsitateak propio horretarako eskumena ematen dion pertsonaren bidez. Lanbidek, gero, eskaera baloratu eta eskatutako informazioa 15 laneguneko epean igorriko dio euskarri elektronikoan, eskaera egin dion pertsonari.

5.– Hedapena. Ezinbestekoa da egindako lanari merezi duen balioa ematea eta azterketaren emaitzak gizarteari helaraztea. Horretarako, hona hemen jarduerak:

– Mondragon Unibertsitateak konpromisoa hartu du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hala eskatuta, prentsaurreko bat egiteko elkarrekin, eta, hala, datu nagusiak plazaratzeko.

– Bi aldeek konpromisoa hartu dute datuak jaso eta hilabeteren buruan ez argitaratzeko datuok, aurreko lerrokadan adierazitako kasuan izan ezik.

– Txostenak jaso eta hilabeteko epea igarotakoan edo elkarrekin prentsaurrekoa egin ondoren, inkestan parte hartu duten bi aldeek emaitzak plazaratu ahal izango dituzte, horretarako egokien jotako bitartekoen bidez.

Hirugarrena.– Araubide ekonomikoa.

Hitzarmen honek zeharkako eduki ekonomikoa du. Izan ere, Inkestak egitea kanpoko enpresa baten bidez egingo da Sektore Publikoko Kontratuei buruzko, azaroaren 8ko 9/2017 Legearen mendeko kontratuaren bidez.

Laugarrena.– Egindako lanen titulartasuna.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako txostenak, hitzarmen honetako bigarren klausulan adierazitakoak, Lanbideren jabetzakoak dira. Nolanahi ere, bi aldeetako edozeinek azterketaren emaitzak argitaratu ondoren, Mondragon Unibertsitateak txosten horiek ikerketak egiteko erabili ahal izango ditu, betiere txosten horien aipamena egiten duen bakoitzean iturria eta jabetza norena den aipatuta.

Inkestak egitetik lortutako datuei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarena da, halaber, haien jabetza. Mondragon Unibertsitateak ere erabili ahal izango du informazio hori ikerketak egiteko, betiere datu horien aipamena egiten duen bakoitzean iturria eta jabetza norena den aipatuta.

Mondragon Unibertsitateak, bestalde, aukera emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hitzarmen honen esparruan egindako ikerketa-azterketen ondorioz egiten dituen txosten, ikerketa eta dokumentu-funtsak eskura edukitzeko, behin haiek guztiak argitaratu ondoren.

Bosgarrena.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua.

1.– Hona hemen izaera pertsonaleko datuak babesteko aplikatuko den araubidea: Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko apirilaren 27an onartutako 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena, bai eta hura garatzeko onartzen den araudia ere.

2.– Mondragon Unibertsitatea da «alumnos» gaitzat duen ororen tratamendu-jardueraren arduradun, eta unibertsitateak eskaintzen dituen jarduera eta zerbitzuekin zerikusia duten edukiak zein datu pertsonalak hartzen ditu barnean. Mondragon Unibertsitateak Tratamendu Jardueren Erregistroan jasoko ditu Lanbideri egindako datu-lagatzeak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, bestalde, «Lanbideren Inkestak» gaitzat duen ororen tratamendu-jardueraren arduradun, honako hau xede izanik: 1) Unibertsitateko kolektiboaren aktibazioari eta laneratzeari buruzko ikerketa soziologikoak eta estatistikak egitea. 2) Lanbideko zenbait organok enplegua sustatzeko ekintzak eta prospekzio-jarduerak egitea, erakunde autonomo honi esleitutako eskumenak baliatuz. Fitxategi horretan, inkestatutako pertsonek galdetegietan emandako erantzunak jasoko ditu Lanbidek. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluak xedatutakoa betez, Lanbidek tratamendu-jardueren erregistroan bilduko ditu jarduera horri buruzko datuak.

Mondragon Unibertsitateak «alumnos» alorreko tratamendu-jardueraren eduki jakin batzuk (datu pertsonal jakin batzuk) lagako dizkio Lanbideri, eta datu horiei esker jarriko da harremanetan Lanbide pertsona horiekin, inkesta egiteko.

Lanbidek, halaber, «Lanbideren Inkestak» alorreko tratamendu-jardueraren eduki jakin batzuk (Mondragon Unibertsitateak hasieran lagatako datu pertsonalak eta inkestako hainbat galderen erantzunak, bi aldeek aurretiaz adostutakoak) lagako dizkio Mondragon Unibertsitateaari, eta eduki horien bidez, Mondragon Unibertsitateak zenbait adierazle lortuko ditu bere helburuetarako, eta bere interesen arabera erabili ahalko ditu.

Horrez gain, dokumentu-sorrerarekin eta dokumentu horien baterako zein partaidetzako hedapenarekin zerikusia duten alderdiak ere jaso nahi ditu hitzarmen honek. Horretarako, printzipio hauek hartu dira oinarri: lortutako emaitzak murrizketarik gabe partekatu eta hedapen-estrategia koordinatuen bidez hedatu.

Datu-lagapen horiek datu-euskarrien sarrera eta irteera egiteko baimenaren bidez antolatuko dira, eta baimen hori datu-truke bakoitzeko sinatu beharko dute parte hartzen duten bi aldeek (hitzarmen honetako I. eranskinean dago jasota dokumentua).

3.– Bi aldeek honako konpromiso hauek hartzen dituzte bere gain, izaera pertsonaleko datuak babestearen alorrean indarrean dagoen araudiaren arabera:

a) Datu pertsonalak tratatzean, kasuan kasu adierazitako argibideen arabera tratatuko dituzte datuak; argibide horiek nork bere erakundean ezarri beharreko xede, erabilera eta neurri tekniko zein antolakuntzari buruzkoak izango dira.

b) Datuak ez dira ezein kasutan aplikatuko edo erabiliko hitzarmen honetan adierazi ez den beste inolako helburuetarako.

c) Ez zaizkie ezein egoeretan jakinaraziko datu pertsonalak beste pertsona batzuei, non eta dagokion tratamenduaren arduradunak berariaz adierazten ez duen hala egiteko.

d) Ez da inola ere izaera pertsonaleko daturik erregistratuko, baldin eta hautemandako arriskuaren araberako segurtasun-baldintza tekniko egokiak betetzen ez baditu tratamendu-jarduerak, eta ez baditu datuak eskuratu, aldatu, galdu edo baimenik gabe hedatzearen aurka babesteko beharrezko baldintzak betetzen.

e) Aurretiaz baimenik eduki gabe datu pertsonalak beste xede batekin erabiltzen badira edo hitzarmenean adostu eta jasotakoa bete gabe komunikatu edo erabiltzen badira, tratamenduaren erantzuletzat ere hartuko dira hori egiten dutenak, eta pertsonalki erantzungo dute egin dituen arau-hausteen gainean.

f) Bi aldeek konpromisoa hartzen dute Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean xedatutakoak betetzeko, eta, bereziki, honako arau hauek betetzeko:

– 6. artikulua. Tratamenduaren zilegitasuna: tratamendua ezinbestez egongo da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean xedatutako oinarri juridikoren baten bidez legitimatuta.

– 13. artikulua. Informatzeko eskubidea: datuak lortzen diren unean, bi aldeek DBEOren 13. artikuluan adierazitako informazio guztia eskuratuko diete egrasatuei.

g) Inkesta egitean ikasleren batek adierazten badu Mondragon Unibertsitateak Lanbideri lagatako datuen tratamenduaren aurkako eskubidea baliatu nahi duela, Lanbidek amaitutzat emango du datuen tratamendua.

4.– Bi aldeek ziurtatuko dute izaera pertsonaleko datuei aplikatuko zaizkien segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak egokiak direla hautemandako arriskurako (hitzarmen honetako II. eranskinean adierazita daude neurriak).

5.– Bi aldeek eskatu ahal izango dituzte datuen babesaren alorreko xedapenak betetzen direlako ebidentziak.

Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmen hau behar bezala betearazten dela koordinatzeko eta bermatzeko, Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, eta lau kide izango ditu: bi kide Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkari izango dira, eta beste bi Mondragon Unibertsitatearen ordezkari.

Batzordearen mahaiburutza urtean behin aldatuko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak izango du lehenbiziko urtean.

Batzordea aldeetako edozeinek eskatzen duenean elkartuko da, eta gutxienez urtean behin, egindako lankidetzaren emaitzak eta gertaerak edo intzidentziak aztertzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren suntsiarazpena.

Hauek izango dira hitzarmen honi amaiera emateko arrazoiak:

– Bi aldeek hala adostea.

– Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

– Hitzarmenaren sinatzaileetakoren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek eskaera bidali ahalko dio hitzarmena bete ez duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan bete gabekotzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu edo eskaera hori hitzarmena gauzatzeko jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei komunikatuko zaie.

Errekerimendu edo eskaeran adierazitako epea igarotakoan, ez-betetzeak jarraitzen badu, hura bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta, beraz, suntsitutzat joko da hitzarmena.

– Indarreko legerian ezarritako gainerako arrazoiak.

Suntsiarazpena edo hutsalketa gertatuz gero, aldeek kontratua suntsiarazi aurretik beste aldearen eta hirugarrenen aurrean beren gain hartutako betebeharrak bete beharko dituzte.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita.

Indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, aldeek aho batez adostu ahalko dute hura urtebetez luzatzea –gehienez beste lau urtez– edo hura azkentzea.

Azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, aldeek hitzarmen honen lau ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Mondragon Unibertsitatearen izenean,

Mondragon Unibertsitateko Errektorea,

VICENTE ATXA URIBE JAUNA.

Lanbideren izenean,

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lehendakaria,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ ANDREA.

HITZARMENAREN I. ERANSKINA

Euskarrien sarrera/irteerarako baimena, Mondragon Unibertsitateak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarri lagatako datu pertsonalak dituztenak.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK EUSKARRIAK IGORRI ZEIN JASOTZEKO BAIMENARI BURUZKO DATUAK

Mondragon Unibertsitateak baimendu duen pertsona:.......................................jaun/andrea.

Kargua: Idazkari Nagusia.

Lanbidek baimendu duen pertsona:..........................................jaun/andrea.

Kargua: Kabinete Teknikoaren teknikaria.

TRATAMENDU-JARDUERARI BURUZKO DATUAK

Izena: «alumnos».

Arduraduna: Mondragon Unibertsitatea.

Erabilerak eta xedeak: espediente akademikoak kudeatzea.

Segurtasun-maila: oinarrizkoa.

LAGAPENARI BURUZKO DATUAK

Erakunde lagapen-hartzailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.

Xedea: ikasketak Mondragon Unibertsitatean amaitu dituzten ikasleen datu-basea jasotzea, xede izanik: 1) Unibertsitateko kolektiboaren aktibazioari eta laneratzeari buruzko ikerketa soziologikoak eta estatistikak egitea. 2) Lanbideko zenbait organok enplegua sustatzeko ekintzak eta prospekzio-jarduerak egitea, erakunde autonomo honi esleitutako eskumenak baliatuz.

Euskarri-mota: elektronikoa (e-maila).

Datu-mota: datu identifigarriak eta akademikoak.

Igortzeko modua: posta elektronikoa, Mondragon Unibertsitateak propio horretarako baimendutako pertsonak.

Hartzailea: Lanbidek baimendu duen pertsona.

Entrega-eguna: 20....(e)ko......................aren........a.

Idazkari Nagusia.....................................................

Gabinete Teknikoko arduraduna.....................................................

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK EUSKARRIAK IGORRI ZEIN JASOTZEKO BAIMENARI BURUZKO DATUAK

Lanbidek baimendu duen pertsona: .......................................jaun/andrea.

Kargua: Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren arduraduna.

Mondragon Unibertsitateak baimendu duen pertsona: .......................................jaun/andrea.

Kargua: Idazkaria.

TRATAMENDU-JARDUERARI BURUZKO DATUAK

Izena: Lanbideren inkestak.

Arduraduna: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.

– Egitekoaren arduraduna: Kabinete Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna.

Erabilerak eta xedeak: 1) Unibertsitateko kolektiboaren aktibazioari eta laneratzeari buruzko ikerketa soziologikoak eta estatistikak egitea. 2) Lanbideko zenbait organok enplegua sustatzeko ekintzak eta prospekzio-jarduerak egitea, erakunde autonomo honi esleitutako eskumenak baliatuz.

Segurtasun-maila: oinarrizkoa.

LAGAPENARI BURUZKO DATUAK

Erakunde lagapen-hartzailea: Mondragon Unibertsitatea.

Xedea: Unibertsitatearen berezko xedeak.

Datu-mota: 2016ko promozioko egresatuen laneratze datuak eta irakaskuntzaren kalitatearen balorazioa.

Igortzeko modua: posta elektronikoa, Lanbidek propio horretarako baimendutako pertsonak.

Hartzailea: Mondragon Unibertsitateak baimendu duen pertsona.

Entrega-eguna: 20....(e)ko......................aren........a.

Idazkari Nagusia.....................................................

Gabinete Teknikoko arduraduna.....................................................

HITZARMENAREN II. ERANSKINA
EZARRIKO DIREN SEGURTASUN-NEURRIAK

Segurtasun-maila: oinarrizkoa.

Segurtasun-arautegia sortu eta ezarriko da agiri baten bidez, izaera pertsonaleko datu automatizatuak eta informazio-sistemak atzitzeko modua duten langile guztiek nahitaez bete dezaten. Agiri horrek, gutxienez, honako argibide hauek bilduko ditu bere baitan:

• Segurtasun-agiria:

– Aplikazio-eremua.

– Segurtasun-neurriak, -arauak, -prozedurak, -jarraibideak eta -estandarrak.

– Langileen funtzioak eta betebeharrak.

– Fitxategien eta informazio-sistemen egitura eta deskripzioa.

– Intzidentziei buruzko jakinarazpen-, kudeaketa- eta erantzun-prozedura.

– Datuei buruzko babes- eta berreskurapen-kopiak egiteko prozedurak.

• Langileak:

– Funtzioak eta betebeharrak argi eta garbi zehaztu eta dokumentatuta.

– Langileei jakinaraziko zaie zer arauk eragiten dieten eta zer ondorio dituen arau horiek ez betetzeak.

• Intzidentziak:

– Intzidentzia nolakoa izan den eta noiz gertatu den erregistratuko da.

– Jakinarazpena nork egin duen, jakinarazpena nori egin zaion, eta intzidentziaren ondorioak.

• Identifikazioa eta autentifikazioa:

– Erabiltzaileen eta sarbide baimenduen zerrenda eguneratua.

– Identifikazio- eta autentifikazio-prozedurak.

– Sarbide-irizpideak.

– Pasahitzak emateko eta kudeatzeko prozedurak, eta pasahitzak aldatzeko maiztasuna.

– Inork ez ulertzeko moduan jasoko dira aktibo dauden pasahitzak.

• Sarbide-kontrola:

– Erabiltzaile bakoitza bere eginkizunak garatzeko beharrezko datu eta baliabideetan bakarrik sartuko da.

– Erabiltzaile batek baimenduta dituenez bestelako daturik edo baliabiderik erabiltzeko modurik ez izateko mekanismoak.

– Baimenduta dauden langileek soilik emango dituzte sartzeko baimenak.

• Euskarrien kudeaketa:

– Biltzen duten informazio-mota identifikatuko da.

– Inbentarioa.

– Datuak biltegiratzea eta sarbidea murriztuko da.

– Fitxategiaren arduradunak baimendutako euskarri-irteera.

• Babes-kopiak:

– Babes- eta berreskurapen-kopiak egiteko prozedurak ondo definituta dauden eta aplikatzen diren ziurtatuko da.

– Datuak galdu edo suntsitu aurre-aurreko unean zeuden bezala berreskuratuko direla bermatuko da.

– Babes-kopia, gutxienez astean behin.


Azterketa dokumentala