Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4641

AGINDUA, 2019ko irailaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Mubil Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa.

Ikusi da «Mubil Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Mubil Fundazioa»ren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Gipuzkoako Foru Aldundiak eratu zuen fundazio hori). Eskabidearekin batera, eraketaren eskritura publikoa aurkeztu zen. Eskritura horri fundazio-gutunaren izaera eman zitzaion, beste pertsona batzuek ere fundatzaile gisa atxikitzeko aukera izan dezaten, egiletsi eta bi urteko epean.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2019ko uztailaren 19an aldeko txostena eman zuen fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, fundazioaren xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren gaitasunak sendotzea elektromugikortasunaren arloan, mugikortasun elektrikoarekin lotutako sektorearen garapena bultzatzea eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzea.

Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioak Donostiako Gipuzkoa Plazan (z/g) izango du egoitza (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregia), eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan egingo du lan batez ere, horrek ezertan galarazi gabe jarduera hori Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea. Gainera, fundazioaren helburuak garatzeko, Estatuko eta nazioarteko bitartekoekin ezarri ahal izango ditu harremanak, eta egoki iritzitako baliabideak erabili, baliabide horiek edozein tokitan egonda ere.

Bosgarrena.– Erakunde fundatzaileak 30.000 euroko ekarpena egin du, fundazioaren hasierako hornidura gisa.

Seigarrena.– Eratzeko eskritura publikoan jasotzen denez, erakunde fundatzaileak ebatzi du bost izango direla hasierako patronatukideak, eta ondoren adierazitakoak izendatu ditu berezko patronatukide. Horien iraupena mugagabea izango da, eta onartu egin dituzte karguak.

– Lehendakaria: Ainhoa Aizpuru Murua andrea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Oreka Saileko foru-diputatua.

– Lehendakariordea: Antton Tomasena Rodríguez jauna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendari nagusia.

– Idazkaria: Garikoitz Agote Alberro jauna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusia.

– Bokala: Jose Enrique Corchón Álvarez jauna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia.

– Bokala: Maite Barruetabeña Zenekorta andrea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusia.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eratze-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 7. artikulutik 41. artikulura eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak, beraz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) «Mubil Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetako datarekin eta F-449 erregistro-zenbakiarekin–, baita Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek seigarren aurrekarian agertzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2019ko maiatzaren 15ean Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 602).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala