Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4639

AGINDUA, 2019ko abuztuaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Museo Etnográfico del País Vasco-Artea-Euskal Herriko Museo Etnografikoa Fundazioaren eraketa.

Ikusi da Fundación Museo Etnográfico del País Vasco-Artea-Euskal Herriko Museo Etnografikoa Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Fundación Museo Etnográfico del País Vasco-Artea-Euskal Herriko Museo Etnografikoa Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko; Asociación Etnográfica Artea elkarteak sortu zuen fundazio hori. Eraketaren eskritura publikoak fundazio-gutunaren izaera zeukan, bi urteko epean beste fundatzaile batzuk batu zitezen. Eskabideari eraketaren eskritura publikoa erantsi zitzaion, zeina Fundazioen Erregistroak eskatu eta gero zuzendu baita, notario-eginbidearen bitartez.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2019ko uztailaren 19an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Fundazioak xede hauek ditu:

«1.– Gure arbasoen historia, kultura eta bizimodua ezagutzeko eta zabaltzeko lana sustatzea. Bai eta isildutako kolektiboei balioa ematea ere.

2.– Ondare, etnografiko, historiko eta kulturala mantendu, sustatu eta jendaurrean jartzea.

3.– Dokumentuak, fitxategiak, planoak, irudiak, marrazkiak eta argazki historiko eta etnografikoak berreskuratu eta kontserbatzea.

4.– Ondare arkiteknikoa historiko-kulturala berreskuratzeko lana sustatzea.

5.– Jasangarritasun-irizpideak kontuan harturik, Euskadiko landa-eremuaren garapen sozioekonomikoa bultzatzea eta turismoa sustatzea, haren balio kulturalei eta naturazkoei zabalkundea emanez.»

Laugarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Artziniegan egongo da (Arteko Aldapa 12), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.– Erakunde fundatzaileak Alejandro Quincocesek egindako «El ser humano» lanaren ekarpena egin du, fundazioaren hasierako hornidura gisa. Lan hori 90.000 eurotan balioztatuta dago.

Seigarrena.– Estatutuen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, gutxienez hiru kidek eta gehienez hamabik osatuko dute Patronatua. Horietatik zazpi patronatuko kide berezkoak izango dira eta gainerakoak kide hautazkoak. Hautetsitako kideak izendatzeko erabakian zehazten ez bada noiz arte egongo diren kargu horietan, lau urtez jardungo dute.

Eraketaren eskritura publikoan ezarritakoaren arabera, lehenengo Patronatuak kide hauek izango ditu:

– Lehendakaria: Luis Ángel Villate Villanueva.

– Idazkaria: María Francisca Ofizialdegi Fernández.

– Diruzaina: José Luis Fernández-Zurbitu Rodríguez.

– Bokala: Teresa Lafragua Álvarez.

– Bokala: Mateo Lafragua Álvarez.

– Bokala: Benjamín Respaldiza Álava.

– Bokala: Unai Gotxi Kastrexana.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legeak 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren eraketaren espedientea agindu bidez ematea. Hala aurreikusita dago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Berariaz legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 7-12. bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 7. eta 41. artikuluetan ezarritako betekizunak. Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-448 erregistro-zenbakiarekin–, Artziniegako (Araba) Fundación Museo Etnográfico del País Vasco-Artea-Euskal Herriko Museo Etnografikoa Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak seigarren aurrekarian agertzen dira, 2019ko apirilaren 15ean Igone Aretxaga González notario andrearen aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 359). Eskritura hura notario berak 2019ko ekainaren 20an emandako notario-eginbide baten bidez zuzendu zen.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 20a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala