Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2019ko urriaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4584

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 27koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Irungo 2.1.07 Jaizkibel bizitegi-eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz.

AURREKARIAK

2019ko apirilaren 24an, Irungo Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Irungo 2.1.07 Jaizkibel Bizitegi Eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko maiatzaren 28an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak dira); Uraren Euskal Agentziari; Kulturaren Zuzendaritza Nagusiari, Mendien eta Natura Ingurunearen Zuzendaritza Nagusiari eta Bide Azpiegituren Saileko Kudeaketa eta Plangintzaren Zuzendaritza Nagusiari (hirurak Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundeak dira); Ekologistak Martxan Gipuzkoa eta Eguzkizaleak Elkartea.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena (guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak) eta Uraren Euskal Agentziarena (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Irungo 2.1.07 Jaizkibel Bizitegi Eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plan) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo horrek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legeari eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari jarraiki–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzeak sortuko dituen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Irungo 2.1.07 Jaizkibel Bizitegi Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Irungo Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Irungo Hiri Antolamendu Plan Orokorrak 2.1.07 Jaizkibel Bizitegi Eremurako planteatzen dituen zehaztapenak garatzea eta, zehazki, eremuaren eta ondorengo gauzatzean hirigintza-antolamendu zehaztuaren zehaztapenak ezartzea.

Indarrean dagoen Irungo HAPOk Planaren xede den partzela Bizitegi Lurzoru Hiritar gisa kalifikatzen du, arrasa gainean gehienez 3.000,00 m2-ko (t) hirigintza-eraikigarritasuna ematen dio, eta arrasa azpian 1.800,00 m2-koa (t), eta garapen-plangintzara igortzen du eremuaren antolamendu zehazturako. Eremu hori 18.079,69 m2-ko partzela pribatu bat da. Partzela hori Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dago, Irungo hirigunetik mendebaldera, Bentak auzoan. Eremuak mugakide ditu ekialdean eta iparraldean Jaizkibel urbanizazioa; hegoaldean, GI-636 errepidearen adar baten zortasun-gune bat, eta mendebaldean, Amezti (edo Aginagasasi) errekastoa, partzelaren barnealdean.

Planean proposatutako antolamenduak 7 partzela pribatu ditu, horietatik 6 bizitegi-erabilerakoak dira eta bi familiako txaletak izango dituzte, bakoitzak gehienez 2 solairu izango ditu, eta, guztira, 12 etxebizitza izango dira. Garajetara bideratutako bolumena etxebizitza-eraikinaren bolumenean sartzen da. Zazpigarren partzela pribatua gune libre pribatu gisa kalifikatua, igerilekurako eta komunitateko berdeguneetarako izango da, ez du bizitegi-erabilerarik izango.

Bizileku-partzeletan irabazi-asmoko erabilerarako baimentzen den arrasa gaineko gehieneko aprobetxamendua 2.400 m2-koa da, etxebizitza-erabilerarako izango direnak, eta 100 m2 gune libre pribatuei lotutako eraikuntzarako izango dira. Ez dira agortu, beraz, HAPOn Planaren xede den eremurako xedatutako arrasa gaineko 3.000,00 m2-ak eta arrasa azpiko 1.800 m2-ak.

Eremuak, gainera, jabari eta erabilera publikoko partzela bat du, eta horren azalera 4.452,59 m2-koa da.

Sarbideak Jaizkibel urbanizazioko bizitegi-partzeletara joateko gaur egun dagoen errepidetik egingo dira zuzenean (sarbide partekatuak bi partzelako). Bide horren azpitik hiri-zerbitzuetako hainbat azpiegitura pasatzen dira; beraz, azpiegitura horietarako sarbide zuzena dago. Hortaz, jarduketa urbanizatzailea mugatua izango da.

Antolamendua partzelaren goiko aldean egitea planteatu da; horrela, Amezti errekastoaren ingurunetik urrunduko dira eraikuntza-bolumenak. Antolamenduak ibilguaren zortasun-eremuaren atzerapenak (5 m) eta eraikuntzaren atzerapenak (12 m) errespetatzen ditu. Halaber, eraikinak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-kotatik gora egongo dira eta ez da aurreikusten betelanik egin beharko denik 100 urteko uholdeari dagokion gunean.

Proposatzen da, halaber, lurren ildo-bitarte (edo lubeta) bat sortzea +21,5 metroko koroatze-kota bat izango duten zuhaitz-landaketekin. Ildo-bitarte hori eremuaren hego-ekialdean egongo da, GI-636 errepideko (eta adarren eta loturetako) zarataren pantaila akustikoa izateko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: planak zehazki antolatzen du eremua eta partzelako eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu ondoren, Birpartzelazio Proiektu bat eta Eraikuntzako eta Urbanizazioko Obra Osagarrien Proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentuak ikusi dira, eta Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak partzelaren antolamendu zehatza garatzen du hirigintzako eta ingurumeneko bideragarritasuna hobetzeko irizpideen mende, indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatutakoarekin bat; hala, eraikuntzak Amezti errekastotik urrunduko dira eta lursail urbanizatuetara hurbilduko dira, eremua garatu ahal izateko, bertako ingurumen-balioekiko eragina minimizatuz. Gainera, Planak barne hartzen ditu Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Ingurumen Jasangarritasun Txostenean azaldutako neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Horri dagokionez, Planak kontuan hartu beharko ditu, Planaren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Planaren ingurumen-ondorio nabarmenenak izango dira baliabide naturalen kontsumoarekin eta lurzoru naturalen artifizializazioarekin erlazionatutakoak, gaur egun baso naturalek okupatzen baitituzte (gaztaroan edo degradatze-fasean daude) eta horiei 4.630 m2 inguruko azaleran eragingo die.

Gainera, aipatu behar da antolamendu-eremuko kalitate akustikoa GI-636 errepideak, eta A-8rako loturak, baldintzatuko duela, horiek partzelaren mugakideak baitira hegoaldeko muturrean; beraz, Planaren antolamendu-eremuaren zati batean ez dira lortuko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak aurreikusitako bizitegi-erabilerarako, hala gaur egun nola etorkizunean. Arrazoi horrengatik aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanean aztertutako zuzenketa-neurriez gain osagarriak hartu beharko dira, kalitate akustikoaren helburuak betetzeko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan ezarritako baldintzetan.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Eremu honetako gaur egungo erabilera lurzoru naturalarena da, artifizializatu gabe dago, gaztaroan edo degradatze-fasean dauden baso naturalak baitaude.

Testuinguru honetan, Planaren garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eta urbanizazioaren eraikitze-obrei lotuta egongo dira; izan ere, baliabide naturalak kontsumituko dira (baso naturalaren 4.630 m2), lurzoru naturalen azalerak artifizialduko dira, lur-mugimenduak izango dira eta eraikuntzako hondakinak sortu dira, urak kutsa daitezke lurrak herrestan joateagatik, zeren lurrazaleko ur-ibilguak obretatik gertu daude (Amezti edo Aginagasasi errekastoak) eta giza habitataren kalitatea murriztuko da ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek sortuko dituzten molestiengatik, urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduengatik: zarata, hautsa, bibrazioak, etab.

Kokapenaren egoera akustikoaren kasuan, hirigintza garapen berri bat egiten bada, sustatzaileak aurkeztutako Inpaktu Akustikoaren Azterlanaren arabera, ikus daiteke antolamendu-eremuko kalitate akustikoa GI-636 errepideak, eta A-8rako loturak, baldintzatuko duela, horiek partzelaren mugakideak baitira hegoaldeko muturrean; beraz, Planaren antolamendu-eremuaren zati batean ez dira lortuko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak aurreikusitako bizitegi-erabilerarako, hala gaur egun nola etorkizunean. Arrazoi horrengatik zuzenketa-neurriak hartu beharko dira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Nolanahi ere, adierazi behar da Planak sustatzen dituen jarduketek ez dutela era nabarmenean areagotuko zarata-maila partzelaren kanpoaldean, ezta ingurunean ere.

Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen HAPOn xedatutako egoerarekin alderatuta. Kontuan izanda hori eta eremuaren gaur egungo egoera, eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, baita aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentua Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (ibaiertzeko landaredia eta hariztiak) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Obrak hasi aurretik, aditu batek lursaila aztertuko du, basafaunaren babeslekurik edo habiarik ez dagoela egiaztatzeko. Horrelako zerbait aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, beharrezkotzat jotzen diren neurri babesleak eta zuzentzaileak har daitezen.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makineria uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraiki hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezin izango dira inola ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten espazioetan eta ibilguetatik hurbil diren lursailetan.

– Kenduko den intereseko landaredia berriz jarriko da leheneratzean bertako espezieak landatuta, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenean adierazitakoaren arabera, hau da, 1:1 proportzioan eta Planaren eremutik kanpo ere gauza daiteke (zeren Planaren eremu barneko urbanizazioak eragiten ez dion azalera kontserbazio-egoera onean dago), edo konpentsazio gisa Planaren eremu barneko gune libreetan egiten diren errefortzuen eta berrezarpenen bidez, betiere habitat naturalizatuak (ez lorategiak) sortzeko badira eta bertako funtzionalitate ekologikoa nabarmen hobetzen bada gaur egungoarekin alderatuta. Adierazitako neurri konpentsatzaileak argi eta garbi identifikatu beharko dira dokumentazio grafikoan eta Plan Bereziko aurrekontuan sartuko dira.

– Proiektuak eragingo dien eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

– Landare-estaldura leheneratzeko jarduketetan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduketa horiek gauzatzean, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

– Eraikuntzen eta urbanizazio obren proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontziek, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eta kalitate akustikoaren helburuei dagokienez, kontuan izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa.

Jardunbide egokien eskuliburua:

Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta obrako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen isurketa eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Planaren eraginpeko alboko urbanizazioko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

Kontuan izan beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako gomendioak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute alderdi hauek:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena – Irungo 2.1.07 Jaizkibel Bizitegi Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik ez duela izango zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraiki, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo 2.1.07 Jaizkibel bizitegi-eremurako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala