Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2019ko irailaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
4356

AGINDUA, 2019ko irailaren 18koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, 2019ko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen 2019ko ekitaldiari dagokionez, kontabilitate-prozesuan eskuartzen duten organoen bitartez, ekitaldiko kontuak prestatzeko eta aurrekontuen likidazioa koordinatu eta arintzeko, beharrezkotzat jotzen da ekitaldia ixteko eragiketak arautzea.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuak esleitutako ahalmenez baliatuz, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2019ko ekitaldia ixteko eragiketei aplikatuko zaie, baita administrazioko erakunde autonomo hauetako eragiketei ere: Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP), Euskal Estatistika Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), Lehiaren Euskal Agintaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora).

2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak jasotzeko egunak.

Honako hauek izango dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoan 2019ko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak jasotzeko azken egunak:

1.– 2019ko urriaren 31ra arte.

a) Aurrekontuetako aldaketei buruzko agiriak eta kontabilitateko egozketa egokitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak jasotzen dituztenak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragin eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

b) «A» agiriak, kudeaketaren hainbat alditan burutu behar diren gastuetarako baimenei dagozkienak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

2.– 2019ko azaroaren 18ra arte.

a) «D» eta «AD» agiriak II. eta VI. kapituluei egotzi beharreko kontratuei dagozkienak. Barne hartzen ditu abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharreko kontratu txikiak; nahitaez fase bereizietan tramitatu beharko dira. Aurreratutako funtsen erregimenaren bitartez tramitatutako kontratu txikiak kanpo gelditzen dira.

b) «ADO» agiriak, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzen gastuen kontuetarako aurreraturiko funtsak berrezartzekoak eta funtsak bidaltzekoak.

3.– 2019ko azaroaren 29ra arte.

a) «AD», «D» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak diren dirulaguntzei dagozkienak, baita kontabilitateko egozketa zuzenerako beharrezkoak diren kapitulu horien «A/» eta «A» agiriak ere, hilabeteko maiztasuna duten dirulaguntzei dagozkienak izan ezik.

b) «A aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

c) «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak, administrazioko erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko partzuergo eta fundazioei egindako eskualdaketei dagozkienak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak; eta «R», «RI» eta «MI» agiriak, erakunde autonomoetan kapitulu horiei egoztekoak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren agiriei dagozkienak izan ezik.

d) «D», «O» «DO» eta «ADO» agiriak, VIII. kapituluari egoztekoak diren gastuei dagozkienak, langileentzako maileguei dagozkienak izan ezik.

e) «DO» agiriak, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailaren desjabetzeen kontuko funtsak berrezartzekoak.

4.– 2019ko abenduaren 13ra arte.

a) «D aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

b) «ADO» agiriak, nomina-aurrerapenei eta langileentzako maileguei dagozkienak. Geroago izapidetzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

c) 2019ko ekitaldiaren kargurako «EO» agiriak, ordainketa-modua «F Formalizazioa» delakoa dutenak salbu.

d) «RI», «P/» eta «EI» agiriak, zordunketa-agiri bidezko diru-sarrerei dagozkienak. Geroago jasotzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

e) «MV», «P/», «OR/» eta «OR» agiriak, itxitako ekitaldien hondarrei dagozkienak. Geroago egiten diren ordainketa eta mugimenduak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izapidetuko dira, ekitaldi horri dagozkion erreferentzia berriekin.

f) «ADO», «DO» eta «O» agiriak, «B Eskuzko transferentzia» ordaintzeko modua dutenak. Geroago izapidetzen direnek, eskuz ordaindu behar direnek, «R Hondarrak, eskuz ordaintzekoak» ordainketa modua izango dute.

5.– 2020ko urtarrilaren 20ra arte.

a) «AD», «D», «DO», «O» eta «ADO» agiriak, aurreko ataletan berariaz aipatu gabekoak, salbu eta artikulu honetako 6. puntuan aipatutakoak izan ezik.

b) Nominan gerta litezkeen gorabeherak zuzentzeko behar diren agiri guztiak.

c) 2019ko abenduaren 31ra arte aitortutako eskubideen eta, hala badagokio, sartutakoen kitatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta zerga horri dagozkion kontabilitate-agiriak.

d) Aurreraturiko funtsen kargurako ordainketetarako eskuordetutako kontuen itxiera-agiriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuan ezarritakoarekin eta aurreratutako funtsen erregimenari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2000ko martxoaren 30eko eta 2005eko martxoaren 9ko Aginduetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailaren desjabetzeen kontuaren itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/2006 zirkularrean ezarritakoari jarraituz.

6.– 2020ko urtarrilaren 31ra arte.

a) «O» agiriak, VI. kapituluari egoztekoak diren obra-ziurtagiriei dagozkienak.

b) 2019ko abenduaren 31ra arte aitortutako eta likidatutako eskubideen eta, kasua bada, sartutakoen likidazio-agiriak, 5.c) puntuan adierazi ez direnak, eta data horretara arte jasotako fidantzen eta gordailuen agiriak; halaber, horiei dagozkien kontabilitate-agiriak.

c) Hezkuntza Saileko finantza-autonomia duten ikastetxeen diru-sarrera eta gastuak kitatzeko agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/1999 eta 2000ko urriaren 19ko 2/2000 zirkularretan ezarritakoaren arabera.

d) Hezkuntza Saileko ordezkaritzen gastu-kontu baimenduen itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/2007 zirkularrean ezarritakoaren arabera.

e) Artikulu honetako apartatuetan berariaz aipatu gabeko edozein kontabilitate-agiri, 2019ko ekitaldian kontabilizatutako obligazioen ordainketei dagozkien «MV» agiriak izan ezik; agiri horiek hartzeko epemuga Kontrol Ekonomikoko Bulegoak jakinaraziko du.

f) 2019rako programaturiko helburuak zenbateraino bete diren azaltzen duen memoria.

3. artikulua.– 2020rako konprometitutako urte anitzeko gastuen karga.

Aurreko ekitaldietan 2020ko ekitaldirako konprometitutako urte anitzeko gastuak ahalik eta lasterren kontabiliza daitezen eta 2019ko ekitaldia ixteko aukera eman dezaten, sailek eta erakunde autonomoek, 2020ko otsailaren 7a baino lehenago, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko abenduaren 11ko 7/2007 zirkularrean urte anitzeko gastuak kargatzeko ezarritako izapideak egingo dituzte.

4. artikulua.– Ordainketak eta diru-sarrerak itzultzea.

1.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2019ko ekitaldiari dagozkion ordainketa-itzulera guztiak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko diru-sarreratzat hartuko dira, eta 380.00 kontzeptuari («Itzulketak») egotziko zaizkio.

2.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2019ko ekitaldiko diru-sarreren itzulerak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko gastutzat joko dira.

5. artikulua.– Urteko kontuak prestatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta horko erakunde autonomoen urteko kontuak prestatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari zenbait agiri bidaliko zaizkio, 2020ko otsailaren 7a baino lehen; 2019ko abenduaren 31 baino lehenago amaitutako obren espedienteei buruzkoak. Zehazki, honako izenez erregistratutakoak jaso behar ditugu: «Bidean dauden ibilgetu materiala», «Ibilgetu aurrerakinak» eta «Beste erakunde batzuentzat erositako edo eraikitako aktiboak».

– Inbertsioak behin betiko hartu izanaren akta edo, hala badagokio, inbertsio horiek amaitu direla justifikatzeko memoria, eskudun organoak sinatua, kasu bietan ere jasotako inbertsioaren zenbatekoa eta noiz jaso den zehaztuz. Obra-proiektuei dagokienez, aipatutako agiriak ez dira bidaliko harik eta obra amaitu arte, obra egiten ez denean izan ezik. Kasu horretan, egoera zein den adieraziko da.

– Gauzatutako inbertsioari egotzi behar zaion behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 18a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala