Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2019ko irailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4282

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita 2019-2020ko ikasturterako deialdia Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, itunpeko ikastetxeetan eta berariazko ikastetxeetan eskolatze osagarriko programak baimentzeko eta diruz laguntzeko prozeduretarako deialdia, 2. lerro estrategikoaren barruan: hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren trataera.

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak neurri positiboak hartzea aurreikusten du, diskriminazio-egoerak desagertzen laguntzeko eta hezkuntzarako eskubidea benetan erabil dadila bermatzeko.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak 37. artikuluan zehazten ditu aniztasunari erantzuteko neurriak, eta 2. puntuan esaten du hezkuntza-beharrak dituzten ikasleen behar horiek landu behar dituztela ingurune normalizatu eta barne-hartzaile batean, eta edozein kasutan Oinarrizko Hezkuntzaren eta dagokien titulazioaren helburuak lortzeko bide eman behar dietela. 37.4 artikuluak zehazten du neurri horien artean eskolatze osagarriko programak sartuko direla.

Bestalde, 236/2015 Dekretuak 41. artikuluan garatzen ditu eskolatze osagarriko programak, eta ezartzen du programa horien hartzaileak heziketa-prozesuan beharrizan espezifikoak azaltzen dituzten ikasleak izango direla, izan ezaugarri pertsonalengatik izan eskola-historiarengatik. Baina, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiek agortuta egon behar dute agortuta egon behar dute. 2. apartatuak adierazten du eskolatze osagarriko programen helburua dela ikasle horiek heziketa-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizartearekiko jarrera baikorrak edukitzea, hartara arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten eta, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.

Azkenik, aipatutako dekretuak 41.3 artikuluan ezartzen du eskolatze osagarriko programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoetan egingo direla, edo, bestela, gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzea egiten duten erakunde eta entitateetan. Azken erakunde eta entitate horiek programa osagarri horiei buruzko hitzarmen edo itun bat izenpetuko dute Hezkuntza Sailarekin, berariaz egingo diren deialdien bidez.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, 23.3 artikuluan, Hezkuntza Administrazioari eskumena ematen dio eskolatze osagarriko programak ezartzeko egoera berezietarako erantzun gisa. Programa horiek zuzenean ezar ditzake Hezkuntza Administrazioak edo, bestela, hezkuntzan esku hartzen duten beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak har ditzakete aldi baterako, Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei jarraituz, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren esparru orokorrean hartutako neurriak nahikoak izan ez badira.

Aurreko mandatuak garatzeko eta zehazteko, 2002ko maiatzaren 7ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindua argitaratu da –Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duena–, egoera txarragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen dituena, bai eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak ere. 1998ko uztailaren 30eko Aginduko V. kapituluan programa hauek arautzen dira.

Hori dela-eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII tituluaren III. kapituluan–Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearekin, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Agindu honen xedea deialdia egitea da, 2018-2019ko ikasturtean garatuko diren eskolatze osagarriko programak baimentzeko eta diruz laguntzeko prozeduretarako, hauetan ezarritakoaren arabera: Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 24.3 artikulua; Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehazten duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 41. artikulua, eta 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren 14tik 18ra bitarteko artikuluak, 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak emandako testuaren arabera (2002ko maiatzaren 9ko EHAA). 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren bidez, gizarte edo kulturaren aldetik egoera okerragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen dira, baita eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak ere.

2.– Deialdi honen aplikazio-eremu subjektiboa pertsona edo entitate titular hauek osatzen dute:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuak.

b) Berariazko ikastetxeak. Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, berariazko ikastetxeak dira irabazi asmorik gabeko erakundeek eratu eta, irakaskuntza arautuen ikastetxeak ez izan arren, agindu honen arabera eskolatze osagarriko programak emateko baimena jasotzen dutenak.

2. artikulua.– Eskabide, izapidetze eta jakinarazpen elektronikoak.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte agindu honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko; izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak elektronikoki nola egin jakiteko eta horien ereduak eskuratzeko, jo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/pec/y22-izapide/es

3.– Eskaeraren ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikaren bidez egingo dira, Iragarki Taula Elektronikoan, Nire Kudeaketak atalean, edo helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/pec/y22-izapide/es

4.– Ordezkari bat izendatzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, pertsona horrexek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus

5.– Akatsak zuzentzeko errekerimenduaren jakinarazpena eta gainerako izapideak, baita prozeduraren behin betiko ebazpenaren jakinarazpena ere, modu elektronikoan egingo dira, 3. artalean adierazitako egoitza elektronikoan edo helbide elektronikoan egingo dira.

6.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak, baita gainerako administrazio-egintzenak ere, jakinarazitako administrazio-egintzaren testu osoa jasoko du, eta, horrela dagokionean, errekurtso posibleak zein diren eta zein organotan eta epetan aurkez daitezkeen adieraziko du.

Egoitza Elektronikoko Iragarki Taula Elektronikoak hau baino ez du argitaratuko: jakinarazitako administrazio-egintzaren edukiaren laburpen bat eta prozeduran interesdun direnek administrazio-egintzaren eduki osoa non aurkitu dezaketen.

7.– Jakinarazpenak burututzat joko dira interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.

Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean, interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela joko da eta izapidea prozeduraren arabera egin dela; non eta ez den, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, egiaztatzen ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.

8.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

3. artikulua.– Eskabideen eta interesdunek egindako gainerako izapideen hizkuntza.

1.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran.

2.– Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.

1.– Pertsonak edota ikastetxeetako titularrak baimenerako eta dirulaguntzarako eskabidea formulario berean aurkeztu ahal izango dute, edo, bestela, baimena baino ez eskatzeko aukera ere izango dute. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/pec/y22-izapide/eu. Aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ikastetxeak ez izan arren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera dirulaguntza eska dezaketen entitateek ezin izango dute soilik baimena eskatu. Dirulaguntza eskatu eta lortu badute, programarako baimena dirulaguntza ematen duen ebazpenean inplizituki ematen dela ulertuko da.

3.– Entitate berak eskatutako eskolatze osagarriko programa guztiak eskabide-orri berean sartuko dira.

4.– Eskabidearekin batera, baimendu nahi diren Eskolatze Osagarriko Programa edo Programak aurkeztu behar dira, hurrengo kapituluan zehazten diren edukiarekin eta baldintzekin.

Dirulaguntza eskatuz gero, 21. artikuluan eskatzen den dokumentua 22. artikuluan aipatutako unean aurkeztuko da.

5. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatzen badu aurkeztutako eskabidea edo dokumentazioa ez dagoela osatuta edo ez dituela baldintzak betetzen, errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak gehitzeko; era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, gertatutakoak eta aplikatu beharreko arauak jasotzen dituen ebazpen baten bidez.

6. artikulua.– Izapidetzeko eta kudeatzeko eskumena duen organoa.

Deitutako prozeduren tramitazioa eta baimenen eta dirulaguntzen kudeaketa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan egingo da, hezkuntzako lurralde ordezkaritzekin lankidetzan.

7. artikulua.– Organo eskuduna eta emateko edo ukatzeko ebazpena.

1.– Hezkuntza Sailburuordetzak ebatziko ditu deitutako prozedurak, ebazpen bakarraren bidez edo baimenari eta dirulaguntzei buruzko ebazpen berezituen bidez.

2.– Kasu guztietan, ukatutako ebazpenak zein diren eta zergatik ukatu diren adieraziko du.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren jakinarazpena 2. artikuluan aurreikusitako eran eta bidean eman eta jakinaraziko da, 3 hilabeteko gehieneko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Epe hori pasa ondoren aipatutako ebazpena jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak ezetsi direla interpretatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.

4.– Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen horretatik zenbatzen hasita.

8. artikulua.– Eskolatze osagarriko programen jarraipena.

1.– Hiru hilean behin, gutxienez, programa horietan dauden ikasleen banakako jarraipena egingo da. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko ikasketa-buruak, programaren ardura duen taldeko pertsona batek, eta dagokion Berritzeguneko hezkuntza-premia berezietako aholkulari batek egingo dute jarraipena.

2.– Programa horietan diharduten ikasleen talde bat eratzen den kasuetan, horien ardura duen ikastetxeak programa ebaluatzeko txosten bat egingo du. Txosten hori maiatzean deituko den berariazko bilera batean aurkeztuko da.

Lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berrikuntzako arduradunek egingo dute bilera horretarako deialdia, eta honako hauek parte hartuko dute bertan: bilera egiten den ikastetxearen ordezkari bat, Osabidezko Hezkuntzako Zerbitzuko burua, ikastetxearen lurraldeko Osabidezko Hezkuntzako Unitateko teknikari bat, eskualdeko ikuskari bat eta dagokion Berritzeguneko kide bat.

Pedagogia Berriztatzeko lurralde-arduraduna, edo hori ordezten duen pertsona, izango da bilerako presidentea. Batzorde horren txostena Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidaliko da.

9. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak izeneko 19. fitxategian sartuko dira, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo behar da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

II. KAPITULUA
ESKOLATZE OSAGARRIKO PROGRAMAK BAIMENTZEA

10. artikulua.– Baimenaren eskatzaileak.

Eskolatze Osagarriko Programak emateko baimena pertsona hauek eskatu ahal izango dute:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duen ikastetxe itundu baten titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzeko erakundeak edo entitateak.

11. artikulua.– Eskolatze osagarriaren hartzaile diren ikasleak.

1. artikuluan aipatzen den aginduaren 14. artikuluarekin bat etorriz, Programan sartuta dauden ikasleek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, 15 urte dituztenak gehienez, programa hasten den urteko abenduaren 31n beteta.

b) Ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatuta egon behar dute, ikastetxe batean.

c) Heziketa-prozesuan berariazko laguntzaren beharra izan behar dute, beren ezaugarri pertsonal larriengatik edo eskola-historialarengatik. Dena den, ikasleok programan sartu aurretik, agortuta egon behar dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiak.

d) Ikaslea programa batean sartzeko, beharrezkoa izango da onarpen espresua eta 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren 14. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzea (2002ko maiatzaren 7ko Aginduak, 2002ko maiatzaren 9ko EHAAn argitaratuak, emandako testuaren arabera). 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren bidez, gizarte edo kulturaren aldetik egoera okerragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen dira, baita eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak ere.

2.– Programak hezkuntza-administrazioaren dirulaguntza jasotzen badu, administrazio horrek beharrezkotzat jotzen dituen ikasleak esleitu ahal izango ditu.

12. artikulua.– Programen kopurua, ikasleen kopurua, eta Eskolatze Osagarriko Programaren edukia.

1.– Ikastetxe berean Eskolatze Osagarriko Programa bat edo bat baino gehiago garatu ahal izango dira.

2.– Dirulaguntza jasotzen badu, programa bakoitzak 8 ikasle izango ditu gutxienez, eta 15 gehienez.

3.– Eskolatze osagarriko programak, gutxienez, hauek izan beharko ditu:

a) Oinarri pedagogikoak: helburu orokorrak, metodologia eta ebaluazio-prozedurak.

b) Prestakuntza-planaren eskema.

c) Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako zehaztutako egutegiari egokitzen zaion egutegia.

d) Ikasleei arreta emateko asteko ordutegi bat.

e) Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxearekin koordinatzeko ordutegi bat.

f) Ikaslearekin koordinatzeko eta jarraipena egiteko plana, matrikulatuta dagoen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxearen eta programa gauzatzen den ikastetxearen artean ezarritakoa ikastetxe hori beste bat baldin bada, ikastetxe bakoitzeko erreferentziako pertsonak zein diren ere zehaztuta.

g) Orientazio-plana.

h) Azpiegitura eta giza baliabideak eta materialak.

i) Aurrekontua.

j) Programarako proposatutako ikasleak. Hala ere, hezkuntza-administrazioak ere izendatu ahal izango ditu, programak dirulaguntza jasotzen badu.

13. artikulua.– Giza baliabideak eta baliabide materialak.

1.– Ikastetxeek irakasle-talde espezializatu bat izan beharko dute, programa garatzeko beharrezkoak diren instalazioez eta ekipamenduaz gainera.

2.– Programa irakasten duten irakasleek modu koordinatuan lan egingo duen irakaskuntza-talde bat erako dute, honako hauek osatuta:

a) Lanbide Heziketako irakasle tekniko bat edo dagokion sektorean egiaztatutako pertsona espezialista bat, «Oinarrizko Lanbide Teknikak» blokea irakatsiko duena.

b) Unibertsitateko diplomaduna edo lizentziaduna den irakasle bat, «Oinarrizko Prestakuntza: komunikazioaren eremua eta eremu zientifiko-teknologikoa» blokea irakatsiko duena.

3.– Halaber, hezkuntza-taldeko kide izan ahalko dira Programan jarraitutasunez esku hartzen duten beste profesional batzuk (psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-laguntzaileak, gorputz-hezkuntzako irakasleak).

4.– Sexu-delitugileen erregistro zentralaren berariazko ziurtagiri negatiboaren bitartez, ikasleekin harremana izan ohi duen pertsonalak egiaztapena eduki beharko du ez dela epai irmo baten bidez kondenatua izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den moduan.

14. artikulua.– Baimenaren indarraldia.

Eskolatze Osagarriko Programetarako baimenaren indarraldia ikasturte bakarrekoa izango da, geroago baimenak emateko aukera baztertu gabe.

III. KAPITULUA
DIRULAGUNTZAK

15. artikulua.– Dirulaguntzen Pertsona edo erakunde titular onuradunak.

Entitate onuradunei 20. artikuluan eskatzen zaizkien baldintzak betez gero, pertsona edota entitate titular hauek eska dezakete dirulaguntza:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduak.

b) Gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzeko erakundeak edo entitateak.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen programak.

1.– Deialdi honetan Eskolatze Osagarriko 19 programak jaso ahal izango dute dirulaguntza gehienez, eta baldintza hauek bete beharko dituzte aldi berean:

a) Agindu honetan xedatutakoaren arabera baimenduta egotea. Ikastetxeez besteko entitateen kasuan, programarako baimena dirulaguntza ematen duen ebazpenean inplizituki ematen dela ulertuko da.

b) Programak aurreko artikuluan aipatzen diren entitateetako batek ematea.

c) Programak udalerri hauetako batean ematea:

– Donostia

– Errenteria

– Arrasate

– Eibar

– Irun

– Zumarraga

– Barakaldo

– Bilbao

– Ortuella

– Portugalete

– Sopuerta

– Vitoria-Gasteiz

17. artikulua.– Kreditu erabilgarria eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Helburu horretarako 1.211.250 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa 63.750 euro izango da programako, eta gehieneko muga horietarako bakoitzerako eskatutakoa eta aurreko artikuluan aipatutako gehieneko programa-kopurua izango da. Programa gehiagorako dirulaguntza eskatu bada, muga hori gaindituta puntuazio onena lortu duten programei soilik ematea proposatutako du Balorazio Batzordeak, horrela badagokio.

3.– Emandako dirulaguntza diruz lagundutako jarduketaren gutxieneko gastu gauzatua eta justifikatua da, dirulaguntzaren xedea eta helburua betetzat jotzeko eskatzen dena. Diruz lagundutako jarduketaren amaierako egiazko kostua hasierako aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa bada, 28.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

18. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31 artikuluaren arabera Eskolatze Osagarriko Programaren exekuzioarekin zuzeneko harremana duten gastu hauek dira dirulaguntza jaso dezaketenak:

a) Langile-gastuak: erakunde onuraduneko langileek sortutakoak soilik jotzen dira halakotzat, langileak plantillakoak nahiz proiektua gauzatzeko berariaz kontratatutakoak izan; gastuok, betiere, nomina bidez justifikatu beharko dira.

b) Inbertsioak: informatika-ekipamenduak edo beste aktibo finko higigarri batzuk erosteari dagozkion gastuak joko dira halakotzat.

c) Gastu orokorrak: halakotzat hartuko dira erakundearen egiturak proiektua gauzatzeko eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.). Programaren kostu osoaren % 25era arteko dirulaguntza jaso ahal izango da gastu horiengatik. Ez da beharrezkoa gastu horiek justifikatzea.

d) Beste gastu batzuk: halakotzat joko dira dietei eta lekualdatzeei dagozkienak, bai eta, eskolatze programarekin zuzen erlazionaturik egonik, beren izaera dela eta aipatutako ataletan justifikatu ezin diren gastuak (Gastu orokorrak, Langileenak edo inbertsioak).

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu berarekin beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, betiere helburu horretarako lortutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez bada guztizko kostua baino handiagoa.

2.– Helburu horretarako lortutako dirulaguntzek guztizko kostua gainditzen badute, gehiegizko kopuru horrekin murriztuko da deialdi honen bidez esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzeko erakundea edo entitatea izatea.

b) Eskaera egin izana, eta Eskolatze Osagarriko Programa baimentzeko baldintzak betetzea.

c) Entitate eskatzaile bakoitzaren organo eskudunaren berariazko erabakia, programa ematearen eta dirulaguntza eskatzearen aldekoa, agindu honetan ezarritako baldintzetan.

d) Entitate motari dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

e) Egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

f) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak hala nola dirulaguntzen ateratze-diruzko betebeharrak egunean izatea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

21. artikulua.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

1.– Ikastetxeak ez diren eskatzaileen kasuan gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzeko erakunde edo entitatea izateko baldintza entitateen xedeak eta helburuak finkatzen dituen eratze-agiriaren edo estatutuen bitartez egiaztatu beharko da, eta, entitate publikoen kasuan, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea beren xede edo eskumenen artean jasotzen dituzten dokumentuen bitartez.

2.– Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du, zuzenean, eskaera egin den eta eskolatze osagarriko programa baimentzeko baldintzak betetzen diren.

3.– Entitate eskatzaile bakoitzaren organo eskudunaren berariazko erabakia, agindu honetan ezarritako baldintzetan programa ematearen eta dirulaguntza eskatzearen aldekoa, entitateko idazkariaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horri hartutako erabakia erantsiko zaio.

4.– Aurreko artikuluko d) eta f) letretan ezarritako baldintzak dagokien erregistro- eta zerga-dokumentazioa aurkeztuz egiaztatuko dira, eskabidean baimen espresurik ematen ez bada laguntza ematen duen organoak informazio hori erakunde eskudunetan zuzenean lortu dezan.

5.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko modu bat izan daiteke dirulaguntza ematen duen organoa baimentzea egiaztapena zerga-administrazioetatik eta gizarte-segurantzatik zuzenean eskura dezaten, egiaztagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion ziurtapena aurkeztu beharko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera (Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen).

Horretarako, eskabide-orriak baimen hori emateko edo ukatzeko aukera jasoko du. Baimen hori ematen ez bada, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da, uztailaren 21eko 887/2996 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Eskabidean jasoko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan zehaztutako betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere. Horrela badagokio, horren zenbatekoa adieraziko da:

b) Pertsona edo erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea eta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak bereziki aipatuz.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez, eta baiezkoa balitz aipatzea.

d) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

e) Kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez egotea.

f) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

g) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

h) Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7.– Eskabideek barne hartuko dute erakunde eskatzaileak berariaz adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak eskuratzeko edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

22. artikulua.– Eskabidea eta baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztea.

1.– Eskabideak 2., 3, eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera egingo dira. Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

2.– Eskolatze osagarriko programa edo programak, aurreko kapituluan eskatzen diren edukiarekin eta baldintzekin, eskabidearekin batera aurkeztuko dira.

3.– Aurkeztutakoa osorik ez badago edo akatsen bat badu, 5. Artikuluan zedatutakoaren arabera egingo da..

23. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, zeinak eskabide bakoitza analizatu eta hurrengo artikuluan jasotzen diren balorazio-irizpideak aplikatuko baititu eta ebazpen-proposamena egin eta helaraziko baitio ebazteko eskumena duen organoari.

2.– Hezkuntza Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez izendatuta, hurrengo kide hauek izango ditu Balorazio Batzordeak:

Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

Lehendakariordea: horretarako izendatzen den pertsona.

Kideak: Lurralde-ordezkaritzetako Hezkuntza Berriztatzeko Arduradunak, Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko Hezkuntzako eta Helduentzako Hezkuntzako Zerbitzuko pertsona bat.

Idazkaria: Horretarako izendatutako funtzionario bat, idazkariaren funtzioak egiteko; hitz egiteko eskubidea edukiko du, baina ez du botorik emango.

24. artikulua.– Laguntzak onartzeko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Norgehiagoka bidez emandakotzat hartuko dira dirulaguntzak, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoak, 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Puntuaziorik onena lortu duten eskabideei emango zaizkie dirulaguntzak, hurrengo balorazio-irizpideen arabera. Dirulaguntza lortzeko, beharrezkoa izango da gutxienez 5 puntu lortzea.

3.– Eskabideak baloratzeko, hurrengo balorazio-irizpideak eta puntuazio eskala hartuko dira kontuan:

a) Hezkuntza Sailak Eskolatze Osagarriko Programei buruz emandako gidalerroen betetze-maila, 3 puntu gehienez. Gidalerro horiek Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehazten duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuan argitaratu ziren.

b) Jarduketa-proiektuaren kalitatea eta oinarri pedagogikoek eskolatze osagarriko programen helburuekin eta planteamendu orokorrarekin duten koherentzia, 3 puntu gehienez.

c) Programan erabiltzeko jarriko diren giza baliabideak eta baliabide materialak: 2 puntu gehienez.

d) Aurkeztutako aurrekontuaren koherentzia langileen ordainsarien eta funtzionamendu-gastuen esleipenaren arabera, 2 puntu gehienez.

25. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Prozeduraren ebazpena emango da, eta prozedura horretan interesdunak diren entitateei jakinaraziko zaie, 27.a) artikuluan zehaztutakoaren arabera.

2.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ematen diren dirulaguntzak, laguntza horiek jasoko dituzten entitateak eta laguntzen zenbatekoak, herritar orok horren berri izan dezan.

26. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren % 20 ordainduko da, 7.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerakoa –esleitutako dirulaguntzaren % 80– tarteko txosten bat aurkeztutakoan ordainduko da. Txosten horretan, une horretara arte proiektuak izandako garapena azalduko da, ikasle bakoitzaren aurrerapen banakatua barne. Txosten hori 2019ko apirilaren 1etik 30era bitartean entregatuko da, biak barne. Tarteko memoria modu elektronikoan aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/pec/y22-izapide/es

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ez baditu, edo dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

27. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honen bidez deitutako laguntzen erakunde onuradunek, indarrean dagoen araudiaren gain aplikatu daitezkeenak xedaturik gabe eta zehazki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte hala agintzen baitu.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta 15 eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari justifikatzea eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela.

d) Dirulaguntza eman dion administrazioari jakinaraztea xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak programa garatzeko erosi duen tresneria, bestalde, programa horretako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Ekipamendu hori inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia eskuratzea.

f) Laguntza ematea egiteko dirulaguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

g) Erakunde onuradunak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzekoak (eskola-aseguruak jasotzen dituen prestazio guztiak eskaini beharko ditu).

h) Entitate onuradunari dagokio programa antolatzea eta garatzea, eta horretarako egoki diren giza baliabideak eta materialak bermatuko ditu. Langileak Hezkuntza Sailak antolatzen dituen prestakuntza-prozesuetara joan ahal izango dira.

i) Entitate onuradunak egiaztatuko du, halakorik ezeztatzen duen sexu-delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiri negatiboaren bitartez, ikasleekin harremana izan ohi duen pertsonala ez dela epai irmo baten bidez kondenatua izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den moduan.

28. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– 2020ko ekainaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean, biak barne, entitate onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/pec/y22-izapide/es

a) Programaren garapenaren laburpen-memoria, puntu hauek barne hartuz:

– Laburpen motza eta egindako aldaketak, dirulaguntza eskatzean egindako programaren proiektuan oinarrituz.

– Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, oinarritzat hartuko dira programaren proiektuan aurreikusitako helburuak.

– Emaitzen analisia, proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.

b) «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatua (ikus eranskina):

– Pertsonako eta hileko nominak, bakoitzaren zenbatekoa eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindutakoa zehaztuta.

– Gastuak justifikatzeko dokumentuen zerrenda, honako hauek adierazita: data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, zenbateko egozgarria (egoki bada) eta ordainketaren data.

– Dirulaguntzaren kargura eskuratutako material inbentariagarria inbentarioan sartu izana adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

– Emandako dirulaguntzaren xedea eta helburua bete izana eta horretarako jarritako zenbatekoak adierazten dituen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako nominak.

d) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako ordainagiriak eta fakturak.

e) Aurrekontuaren likidazioa, non arrazoitzen baitira aurkeztutako aurrekontutik izandako desbideratzeak, halakorik izan bada.

2.– Diruz laguntzen den jarduketaren amaierako egiazko kostu justifikatua txikiagoa bada hasieran aurrekontuan jasotakoa baino, likidazio ebazpena emango da, betiere emandako dirulaguntza proportzio berean murriztea badago. Kasu horretan, entitate onuradunak jasotako soberako kopurua itzuli beharko du.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko kontratu txikirako legedi erregulatzailea ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

29. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da dirulaguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, emandako dirulaguntza aldatzeko ebazpena emango du dirulaguntza ematen duen organoak.

30 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Dirulaguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

31. artikulua.– Onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

1.– Jarduera hau azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, eta gauzatutzat joko da erakunde onuradunak hirugarrenekin ituntzen duenean jardueraren guztizko exekuzioa edo partziala. Erakunde onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera hori diruz lagundutako jardueraren % 100era irits daiteke.

2.– Enpresa kontratatuak erakunde onuradunaren mende soilik egongo dira, eta horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

3.– Erakunde onuradunaren eta kontratatuaren artean egiten den kontratua idatziz jasoko da eta aurrez Administrazioak baimendu beharko du. Horretarako, enpresa kontratatuak antzeko arloetako prestakuntza-esperientzia egiaztatua izan beharko du, baita orientazio- eta laguntza-zerbitzu ona dituen hezkuntza-ingurunea ere.

4.– Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

5.– Azpikontratazioak beteko du Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala