Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2019ko irailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4178

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingumen-txosten estrategikoa egiten baita Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren xehetasun-azterketari buruz.

EGITATEAK

Irungo Udalak, 2019ko martxoaren 13an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren xehetasun-azterketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko otsailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu die egoki ikusten dituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Gipuzkoako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; Gipuzkoako Ekologistak Martxani, eta Eguzkiri.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian, interesdunek egin ditzaten egoki ikusi dituzten ingurumen-arloko oharrak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer plan edo programek pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horietako bat da, hain zuzen ere, Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren Xehetasun Azterlana.

Aztertuta geratu dira xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren xehetasun-azterlanari buruz, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena:

Irungo Plan Orokorra 2015eko urtarrilaren 28an onartu zen behin betiko, eta, hor, Fermin Calbeton 5.3.10 eremua hiru-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta dago, eraikigarritasun haztatua eraikin-bolumen bakarrarekin handitu baita; plan horrek dionez, xehetasun-azterlan batean ezarri behar da eremuaren antolamendu zehatza. Xehetasun-azterlanaren (aurrerantzean, Planaren) helburua da eraikitzeko baldintzak ezartzea, eta, horretaz gainera, bizitokia berriz antolatzea proposatzen du, eremu publikoen zuzkidura handitzeko aukera emanez Irungo Beraketa, Sarasate eta Fermin Calbeton kaleen arteko eremuan.

Planak geometrikoki zehazten du etorkizuneko eraikigarritasuna, honako hauek finkatuz: profila, lerrokadurak, sestrak, hegalak, atzeraemanguneak, estaldurak eta eraikinen solairuetako gainerako garapen-parametroak. Gainera, aurreikusten du lorategi-espazio bat eraikitzea Fermin Calbeton eta Beraketa kaleen artean, kale horietan egun dauden hormak eta desnibelak kenduta. Eremuaren ekialdeko muturrean, egungo eraikinaren ordez, profil hau duen beste hau eraikiko da: beheko solairua, lau solairu eta atzeraemandako atiko bat; oinplanoko azalera handituko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. Plana gauzatzeak aukera emango du udalerriko zenbait zoru artifizializatu berreskuratzeko, hiri-ingurunea hobetzeko eta oinezkoentzako espazioak sortzeko.

Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako antolamenduari dagokionez Planak jasotzen dituen aldaketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak betiere.

Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Efektuen eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriei dagokienez:

Planaren eraginpeko eremua Irungo hirigunean dagoen lursail bat da. Hiru-lurzoru finkatugabea da, Beraketa, Sarasate eta Fermin Calbeton kaleek zedarritua. Lursailak trapezoide itxura du, 1.772,09 m2-koa da, eta, egun, eraikin bat dago han, 1.114,57 m2-ko azalera eraikia duena.

Naturaren ikuspegitik, eremuan ez dago elementu esanguratsurik, ez eta ingurumen-arrisku aipagarririk ere. Hala ere, Planaren eremua Oiassoko antzinako hiri erromatarraren zona arkeologikoan dago, zeina jasota baitago Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. Zehazki, xehetasun-azterlanaren eremua bat dator zona arkeologiko horretako «Z6 Beraketa» sektorearekin. HAPOko arau partikularrek zona horretarako ezartzen dutenez, egin asmo diren obren jabeak edo sustatzaileak azterlan bat aurkeztu behar du orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoari buruz eta balio horrek obra-proiektuan izan dezakeen eraginari buruz, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak bere txostenean adierazten duenez, Beraungo muinoa –haren inguruan baitago Planaren eremua– zona garrantzizkoa da ikuspegi historikotik eta ondarearen ikuspegitik, eta, han, indusketa ugari egin izan dira hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera; hain zuzen ere, horregatik sortu zen Oiasso Museo Erromatarra, Fermin Calbeton 5.3.10 eremutik gertu dagoena. Ezin da baztertu aztarna arkeologikoak, kontserbatzeko eta haien balioa nabarmentzeko nahikoa garrantzia dutenak, azalduko ez direla, eta aukera horrek baldintzatu lezake aurreikusitako antolamendua. Alde horretatik, beraz, prebentzio-neurriak hartu behar dira.

Gainontzean, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuan eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazten denez –ebazpen honi erantsi zaio–, garrantzi handikotzat jotzen da birpartzelazioa eta urbanizatzeko proiektua egin aurretik azterlan diagnostiko bat egitea, zundaketa bidez, eraginpeko eremuaren potentzial arkeologikoari buruz, hain zuzen ere, neurriak har daitezen, hala behar izanez gero, aztarnak hirigintza jarduketako proiektuan babestu eta integratzeko. Gainera, ingurumenaren zaintzarako programan egiaztatu beharko da sustatzaileak ondare arkeologikoa babesteko erregimena Plan Orokorrean aplikatzetik eratorritako betebeharrak betetzen dituela, hau da: obrak abiarazi aurretik azterlan arkeologiko bat egitea eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala zehazten badu, proiektu arkeologiko bat egitea.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte: obretako jardunbide egokien eskuliburuan ezarritakoa; lurren eta soberakinen kudeaketa; hondakinen sorrera eta kudeaketa; induskatutako lurzoruen kontrola, eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoaren babesa (ebazpen honen eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

Bigarrena.– Ez da aurreikusten Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren xehetasun-azterlanak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik, betiere ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, azterlan horri ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egingo.

Hirugarrena.– Irungo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Irungo Fermin Calbeton 5.3.10 eremuaren xehetasun-azterlana onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.


Azterketa dokumentala