Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2019ko irailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4177

EBAZPENA, 2019ko irailaren 3koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko irailaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2019ko irailaren 3ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak dirulaguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 3a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
30 URTETIK GORAKO LUZAROKO LANGABEAK EAEKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2019. URTERAKO DEIALDIA

EAEn azken urteotan langabezia-tasak behera egin badu ere (% 9,22koa izan da 2019ko martxoan, INE-EPAren 2019ko lehen hiruhilekoko datuen arabera), joera positibo horri eusteko erronka dago oraindik ere.

Bestalde, datuak aztertuz gero, ikusten da langabezia-egoeran dauden pertsona asko eta asko luzaroko langabeak direla (guztizkoaren % 54,70), eta ezaugarri hori nabarmenagoa da adin handieneko pertsonen kasuan; hain zuzen ere, Lanbiden inskribatutako 45 urtetik gorako pertsonen % 70,50 daude egoera horretan. Oro har hartuta, luzaroko langabeen banaketa ekitatiboa da bi sexuen artean (% 50,12 emakumeak dira, eta % 49,88, berriz, gizonak), baina, hala ere, emakumeak gehiengoa dira 45 urtetik beherako taldean (% 53,39) eta 45 urtetik 54 urtera bitarteko taldean (% 55,76).

Europar Batasunak luzaroko langabeak lan-merkatuan integratzeari buruz emandako Gomendioan (2016/C 67/01) adierazten da luzaroko langabeziak Europar Batasuneko ekonomien hazkunde-ahalmena murrizten duela, eta gizarte-esklusioa eta desberdintasuna izateko arriskuak areagotzen dituela.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020ren irizpideetan, D ardatzean (aukera-berdintasuna), jasotzen da beharrezkoa dela luzaroko langabeentzako aukera espezifikoak sustatzea. Pertsona horientzako neurrien artean, honako hauek daude: arreta pertsonalizatua; pertsona horien birprestakuntza lantzea, gaitasun espezifikoak eta zeharkakoak barne hartuta, bai eta enplegua eskuratzeko gero eta garrantzitsuagoak diren gaitasun teknologiko eta digitalak barne hartuta ere; eta kontratatzeko pizgarriak mantentzea eta garatzea, bereziki kontratazioa egonkorra bada.

Aipatutako marko programatikoarekin bat, eta Enplegurako Euskal Estrategia 2020rekin duen konpromisoa argi eta garbi adierazteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 3/2011 Legeak esleitzen dizkion funtzioak baliatuz, luzaroko langabeen kontrataziorako laguntzen programa berri bat martxan jartzea proposatzen du, euskal enpresek pertsona horiek kontratatzea sustatzeko.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2019ko irailaren 3an egindako batzarrean, 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko laguntzen deialdia onartu da.

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen helburua da 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, pertsona horiek euskal lan-merkatuan laneratzen laguntzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.410.000 eurokoak dira, horietatik 705.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2019ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 705.000 euro, berriz, 2020ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa ere izan dezakete, EGIF-Euskadi 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

3.– Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hura handitzetik ateratzen dena, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala bada, hori guztia argitara eman beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin egindako kontratu mugagabeak, 12 hilabeteko edo hortik gorako iraupeneko aldi baterako kontratuak, eta 6 hilabeteko edo hortik gorako iraupeneko aldi baterako kontratuak, baldin eta haien xedea bada Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan lanpostuak betetzea.

Kontratu horiek deialdi hau argitaratzen denetik hasi beharko dira, eta deialdian zehaztutako epeak, baldintzak eta eskakizunak bete beharko dituzte.

Diruz lagundutako gehieneko aldiak honako hauek izango dira: 6 hilabete, kontratua 6 hilabetekoa edo hortik gorakoa baina urtebetetik beherakoa bada; eta 12 hilabete, kontratua urtebetekoa edo hortik gorakoa bada, mugagabea edo aldi baterakoa izan, eta kontratuaren guztizko iraupena dena delakoa izanda ere. Diruz lagundutako aldia 2020ko azaroaren 21ean amaituko da ezein kasutan.

2.– Deialdi honen esparruan diruz lagundu daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriarekin bat datorren edozein kontratu-modalitate erabilita formalizatu ahal izango dira, honako hauek izan ezik: prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak; aldizkako lan-kontratu finkoak, eta aldi baterako laneko enpresekin langileak enpresa erabiltzaile bati lagatzeko egindako kontratuak. Kontratuek, aldi baterakoak edo mugagabeak izan, deialdian xedatutako gutxieneko iraupenaren baldintza bete beharko dute, bai eta beste baldintza hauek ere:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonen ikasketa-mailetarako egokiak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala; kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data; kontratuaren iraupena; lanaldia; eta bete beharreko lanpostua.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

d) Ordainsariei dagokienez, urteko soldata gordina adierazi beharko da urtebeteko edo hortik gorako iraupeneko kontratuetan, edo hileko ordainsaria, sei hilabeteko edo hortik gorako baina urtebetetik beherako iraupeneko kontratuetan.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, urteko ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:

(Ikus .PDF)

3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegu-sorrera garbia eragin beharko dute, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen/dituen lantokiko/lantokietako langile kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horren ondorioz, enpresako langileen batez bestekoak gora egin beharko du.

Enplegu-sorrera garbiaren baldintza betetzeari dagokionez, plantillaren batez bestekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauek medio azkendu diren kontratuak: langileen diziplinazko kaleratze bidezkoak; dimisioak; desgaitasunak; adina betetzeagatiko erretretak; lanaldiaren borondatezko murrizketak; ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

c) Etxeko zerbitzuko araubidean egindako kontratuak.

d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea amaitu duten pertsonen kontratazioa.

e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresek edo erakundeek (haien forma juridikoa edozein dela ere), honako hauek izan ezik: administrazio publikoek eta erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskabidean berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

c) Europar Batasunaren aurretiko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu bat ez izatea haren gainean, dirulaguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu komunarekin bateraezintzat jo delako.

d) Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrekiko egunean egotea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, bai dirulaguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean. Horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra garatzeko Erregelamenduaren 22.4 artikuluak ere (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, orduan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrekin lotutako ordainketekiko egunean egotea.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, barnean hartuta sexu-diskriminazioarekin loturikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko pertsonek bete beharreko baldintzak.

30 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdia hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Langabeak izan eta izena emanda egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa, bai kontratuaren hasiera-datan, bai aurreko 540 egunetan 360 egunez gutxienez.

c) Eskainitako lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.

6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.

1.– Kontratatuko diren pertsonak honako prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Hautaketa mota horretarako, eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskabide hori horretarako xedatutako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza hura jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresara bidaliko dira Lanbiden luzaroko langabezia-egoeran inskribatuta dauden hautagaiak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.

Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

b) Enpresak zuzenean hautatzea, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskabiderik egin gabe.

Kasu horretan, 8. artikuluan xedatutakoa betetzeko, kontratatuko den pertsonak, kontratazioaren aurretik, luzaroko langabezia-egoeran dagoela egiaztatzen duen txostena eskatu beharko dio Lanbideri, eta txosten hori enpresa kontratatzaileari eman beharko dio, dirulaguntzarako eskabidearekin eta eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera aurkez dezan.

2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-data arte.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:

(Ikus .PDF)

2.– Aipatutako dirulaguntzen zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 45 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.

3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa dakarren prestakuntza-ekintzaren bat amaitu badu 2019. urtean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutakoa, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren baitan – Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen du dekretu horrek–, eta formalizatzen den kontratua mugagabea bada edo gutxienez 12 hilabeteko iraupena badu, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70 bada.

4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.

Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza gehigarrien ehunekoak ere:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

5.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskinean dago eredu hori), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango dira: http://www.lanbide.euskadi.eus helbidean, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan.

Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Luzaroko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidearen sinatzailearen NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta eskabidearen sinatzaileak pertsona juridiko eskatzailearen izenean duen legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Egindako kontratuaren edo kontratuen kopia.

d) Eskabidea langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinean jasoko baita enpresa eskatzaileak jakinarazi diola langileen legezko ordezkaritzari laguntza-deialdi honen babesean kontratatzeko asmoa duela, bai eta zer lanpostu bete nahi den eta lan-harremanak zenbat iraungo duen ere. Langileen legezko ordezkaritzarik ez badago, enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, zirkunstantzia hori jasotzeko.

f) Kontratatutako pertsonarekin senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honen 3.4.a artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz).

g) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, adieraziz ez duela kontratatutako pertsonarekin aurretik lan-harreman mugagabea izan, ezta iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabetetan ere.

h) Bi txosten "Alta egoeran dauden langileen plantillaren batez bestekoaren txostena" izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteei dagokiona, eta bestea, kontratazioaren egunari dagokiona.

3.– Diruz laguntzeko eskatzen den kontratazioa Lanbideri enplegu-eskaintza egiteko eskatu gabe egin bada, aurreko paragrafoetan xedatutakoaz gain, Lanbidek igorritako txosten bat ere aurkeztu beharko da, indarrean dagoena, pertsona hori kontratazioa egin aurretik luzaroko langabezia-egoeran zegoela egiaztatzeko, deialdiaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Txosten hori diruz laguntzeko eskatu den kontratazioaren xede den pertsonak aurretik eskatu beharko dio Lanbideri.

4.– Eskabideak betetzen ez baditu oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari hamar eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2019ko azaroaren 22an amaituko da.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, eta dirulaguntza emateko eta ebazteko prozedurak.

1.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Luzaroko langabeak kontratatzeagatik jaso daitezkeen dirulaguntzak emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.

Ebazpenean berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela, EGIF-Euskadi 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako zerrenda publikoan jasoko da.

10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Kontratuan xedatutako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko lan-uzteagatik, bidezko kaleratzeagatik, edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo balioezintasunagatik, kontratua azkentzen bada diruz lagundu daitekeen gehieneko aldiaren barruan –aldi baterako kontratuetarako, 3.1 artikuluan xedatutakoa, eta kontratu mugagabeetarako, 15 hilabete–, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri, idatziz.

Komunikazio hori kontratua azkendu eta hamabost eguneko gehieneko epean egin beharko da, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera egokitzeko.

Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan xedatutako aldia eta kontratuaren amaiera-data hartuko dira kontuan.

2.– Artikulu honen 1. apartatuan xedatutako aldian lan-harremana azkentzen bada, hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, deialdian adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da lehen ordainketan, dirulaguntza ematea onartzeko unean, 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela, eta enpresako plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan gainerako % 50a ordainduko da, 2020ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatu ondoren, 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak kontratatu dituen pertsona langabeen eta haien kontratuen iraupenen zerrenda aurkeztu beharko du.

Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Aldi baterako kontratuen kasuan, hilabete bat, 3.1 artikuluan aipatzen den diruz laguntzeko gehieneko aldia amaitzen denetik.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, urtebete, kontratua hasten denetik.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2020ko abenduaren 11 izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiaren 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

2.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdiaren 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena xedatutakoa baino laburragoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Hasieran hitzartutako iraupena baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko eskakizunak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin, edo kontabilitate-kode egoki batekin.

d) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gorabehera ere.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAE-EGIF 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

h) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

i) Erakunde onuradunek kontratatutako langileei helarazi beharko diete 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzea eta kontratuen iraupena ezartzen duten baldintzak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2026ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek kontzeptu eta helburu berberetarako emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariak edo murrizketak salbu.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpena emanda, adieraziko du deialdi honetako onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituztela, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Diruz lagundutako kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

4.– Alegazioak aurkezteko epea amaitzean, onuradunak halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

6.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauetan jasotakoa beteko da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak "Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak" izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

19. artikulua.– Lehiari buruzko EBko araudia.

1.– Deialdi honetan luzaroko langabeak kontratatzeagatik emateko laguntzek bete egin beharko dute Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako «minimis» araua (Erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da; DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den "enpresa bakarra" Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloko arau aplikagarriak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

Dirulaguntzek, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa dutenez, bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 Erregelamendua (EB), eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana