Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2019ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4108

126/2019 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzkoa.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluaren bidez, batetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa ezartzen da, eta, bestetik, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuen zerrendan, adinekoentzako egoitza-zentroak daude aipatuta (2.4.1 apartatua).

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan, I. eranskineko fitxan, non «adinekoentzako egoitza-zentroak» (2.4.1) deskribatzen baitira, zehaztuta dago zer zerbitzu eta helburu betetzen duten, zer prestazio aintzat hartzen duten, zer motatako hartzaileak dituzten, eta sartzeko zer beste baldintza bete behar diren; eta, horrez gain, koordainketari lotutako zerbitzuak direla ere badago zehaztuta.

Adinekoentzako egoitza-zentroak ohiko etxebizitza edo etxebizitza iraunkorra edo, hala badagokio, aldi baterakoa izateko zentroak dira, mendekotasun-egoeran edo mendekotasun-arriskuan dauden 65 urtetik gorako adinekoei zuzenduak, bertan arreta integrala eta etengabea ematen baitzaie.

Gaur egun, zerbitzu hori dekretu hauetan dago araututa: Adintsuentzako Etxeetako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuan –zeina Adintsuentzako etxeetako gizarte zerbitzuei buruzko dekretua aldatzeko maiatzaren 31ko 125/2005 Dekretuak aldatu baitzuen– eta Adintsuentzako etxeetako gizarte zerbitzuei buruzko dekretua bigarrenez aldatzeko urriaren 10eko 195/2006 Dekretuan. Araudi bera ezartzen zaie, halaber, 1.9.3 Apartamentu babestuak fitxan eta 1.9.4 Etxebizitza komunitarioak fitxan araututako udal-eskumeneko adinekoentzako ostatu-zerbitzuei, zerbitzuen zorroari buruzko dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

Argi geratu da eguneratu egin behar direla Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onartu aurretik zeuden betekizun materialak eta funtzionalak.

Lege-esparru horretan eta beharrizan-egoera horretan, dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroak arautzea da helburua, zentro horietan dauden pertsonei kalitateko egoitza-arretako zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzearren. Hori guztia bat dator Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 9.1.m) artikuluarekin eta apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuaren 11. artikuluarekin (dekretu horren bidez onartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren karta eta iradokizunen eta kexen araubidea). Izan ere, haietan ezartzen da gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek eskubidea dutela eskueran dituzten zerbitzu eta zentroek kalitateko zerbitzua eman diezaieten, aplikagarri zaizkien arauetan ezarritakoaren araberako baldintza materialak, funtzionalak eta langileen aldetikoak kontuan hartuta, hartara eragotzi gabe etengabeko berrikuspen-prozesu bat, eta beti hobetu daitekeelakoan.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren printzipioetako bat gutxieneko kalitate-estandar bat bermatzea da, eta, horretarako, adinekoentzako egoitza-zentroek bete beharko dituzten betekizun materialak, funtzionalak eta langileen aldetikoak ezarri behar dira; izan ere, gutxieneko eskakizun-mailak txertatu nahi dira, erantzukizun publikoa duten gizarte-zerbitzuen sistema bermatzeko eta hura erabiltzen duten pertsonek kalitateko gizarte babesa izateko duten eskubidea bermatzeko.

Horrela, gutxieneko eskakizun-maila baten ataria ezartzen zaie zentroei, adinekoen egoitza-arretaren arloan jardun ahal izateko.

Horrez gain, plantillei buruzko ratioak handitzeko premia hartzen du aintzat dekretuak, eragina baitute ematen den arreta-mailan. Hori dela eta, Adintsuentzako Etxeetako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren egungo ratioak aldatu eta beste batzuk ezartzen ditu.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 40. artikuluak Eusko Jaurlaritzari gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak egiteko ematen dion ahalmenaz baliaturik ematen da dekretu hau, non arautzen baita zer-nolako eskakizun material eta funtzionalak eta langileen aldetikoak bete behar dituzten gizarte-zerbitzuetako zentroek baimena eta homologazioa lortzeko, lege horren laugarren xedapen gehigarriaren aginduari jarraikiz.

Testua honela dago egituratuta: zioen azalpena, 45 artikulu (bost kapitulutan banatuta), xedapen gehigarri bat, sei xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, eta azken xedapen bat.

Xedapen orokorren I. kapituluan, dekretua aplikatzeko esparruaren funtsezko elementuak daude definituta. Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentro guztiei aplikatuko zaie, titulartasun publikoa zein pribatua izan.

II. kapituluan, baliabide materialen eta ekipamenduen gutxieneko betekizunak daude ezarrita. Ahal dela, zentroek biztanleguneetan egon behar dute eta, edonola ere, komunitatearen gainerako zerbitzuetarako irispide erraza eta arina izan behar dute. Ondorengo manuetan ezarritakoarekin bat etorriz, instalazioek bete beharko dituzte sektore-legeetan tamainaren eta ezaugarrien arabera eskatzen zaizkien oinarrizko baldintzak, eta modu berezi batean bermatu beharko dute erabateko irisgarritasuna dagoela. Halaber, ezarrita dago zein diren nahitaezko eremu sanitarioaren eta aukerako psikogeriatria-unitate eta unitate soziosanitarioaren gutxieneko baldintzak.

III. kapituluan, egoitza-arretaren betekizun funtzionalak daude ezarrita, zerbitzuaren arreta-kalitatea bermatzeko xedez, eta hauek arautu dira: arreta-eredua, pertsona ardatz duen eta integrala den arreta, erreferentziako profesionala, kudeaketa-eredua, kalitatearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza, adinekoentzako egoitza-zerbitzuaren gutxieneko baldintzak eta edukiak, sarrera-aldia (prestatzea eta egokitzea), egonaldia, zentrotik ateratzeko aldia, langileen eta erabiltzaileen arteko harremanak, arrisku-egoeretarako gidalerroak. Azkenik, zehaztu da zein diren egoitza-zentroak antolatzeko eta kudeatzeko arauak, zentroek eduki behar dituzten dokumentuen zerrenda zehatza emanda. Eta horiekin batera, zentroaren betebeharrak eta erabiltzaileen pribatutasuna.

IV. kapituluan, arautu da zein diren langileen aldetiko gutxieneko eskakizunak, zentroak ondo funtziona dezan bermatzearren, bai profesionalei begira, bai profesionalen prestakuntzari begira; horretarako, zenbait kategoria profesional bereizi dira: a) zeharkako arretako langileak (zentroko arduraduna, administrazio-langileak eta zerbitzu orokorretako langileak); b) arreta zuzeneko langileak (talde teknikoa, zaintzaileen taldea). Horrez gain, ezarri da zer titulu akademiko behar diren lanpostuetan jarduteko eta, arreta zuzeneko laguntza-langileei dagokienez, aukeran, horretan jarduteko kualifikazio profesional egokia dutela egiaztatzeko, lanbide-prestakuntzako tituluen ordez, baliokidetzat jo diren profesionaltasun-ziurtagiriak erabili ahal izango dituzte. Gutxieneko langile-ratioak ezartzeko, arreta-mota eta mendekotasun-maila hartu dira aintzat.

V. kapituluan, ezarri da zer homologazio-irizpide bete beharko dituzten Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman dauden gizarte-zerbitzuak emateko baimena duten entitate pribatuen mendeko egoitza-zentroek, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 59.2 artikuluan adierazitakoaren arabera. Xedapen gehigarri bakarrak salbuespen bat ezartzen du dekretu honen aplikazioari begira, izaera esperimentala duten egoitza-zerbitzuak direla-eta, horren bidez bideratu ahal izateko arretarako aukerako modalitate berritzaileen garapena, betiere Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako baimentze-epeak beteta.

Betekizun horiek eskatu ahal izango zaizkie jardunean hasten diren zentro berriei hasiera-hasieratik; hala ere, xedapen iragankorrek salbuespenezko araubide bat ezartzen diete dekretu hau indarrean jarri aurretiko zentroei.

Ondorioz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da: adinekoentzako egoitza-zentroetan bete behar diren eskakizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak arautzea, arreta-eredua definitzea, eta funtzionamendu-baimena, egiaztapena eta homologazioa lortzeko baldintzak ezartzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentro guztiei aplikatuko zaie, titulartasun publikoa zein pribatua izan.

2.– Dekretu honen aplikazio-eremutik, adinekoentzako ostatu-zerbitzuak salbuesten dira espresuki, hau da, tutoretzapeko apartamentuak eta etxebizitza komunitarioak, haien araubidea erregelamenduz zehaztuko baita.

3.– Hala eta guztiz ere, adinekoentzako egoitza-zentroa hartzen duen eraikin berean, talde horrentzako beste zerbitzu batzuk ere eman daitezke, zerbitzu horiei aplikatu behar zaizkien arauekin bat etorriz.

3. artikulua.– Definizioa.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroak ohiko etxebizitza edo etxebizitza iraunkorra edo, hala badagokio, aldi baterakoa izateko zentroak dira, mendekotasun-egoeran edo mendekotasun-arriskuan dauden 65 urtetik gorako adinekoei zuzenduak, bertan arreta integrala eta etengabea ematen baitzaie.

2.– Intentsitate handiko zentroak dira, zeinetan bermatuta dagoen: a) zaintzaileen etengabeko presentzia –24 ordu egunean–; b) medikuen eta erizainen zerbitzua; c) diziplina anitzeko talde baten laguntza, ongizate fisiko, psikologiko eta soziala lortzera bideratutako arreta integrala emateko ezaugarri egokiak dituzten profesionalez osatua.

4. artikulua.– Helburuak.

Adinekoentzako egoitza-zentroek helburu hauek dituzte:

a) Erabiltzaileei eguneroko jarduerak egiteko behar duten zainketa eta laguntza pertsonala bermatzea; horretarako, autonomia pertsonalari eusten saiatuko dira, eta, ahal dela, autonomia hori garatzeko eta ez okerragotzeko ahaleginak egingo dituzte.

b) Erabiltzaileek ingurune komunitarioarekiko harremanei eustea, edo harreman horiek garatzea, behar den laguntza emanda, ingurune komunitario horretan parte har dezaten.

c) Erabiltzaileek familiarekiko, gainerako egoiliarrekiko edo egoitza-ingurunetik kanpoko jendearekiko harremanei eustea eta harreman horiek zabaltzea, eta, ahal dela, zentroaren bizimoduan parte hartzea.

d) Haien segurtasun-sentimendua sustatzea.

5. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Egoitza-zentroen erabiltzaileak mendekotasun-egoeran edo mendekotasun-arriskuan dauden 65 urtekoak edo zaharragoak izango dira, eta, salbuespenez, adinez nagusi izan eta egoera pertsonala eta soziala kontuan hartuta horiekin pareka daitezkeenak.

Apartatu honetan adierazitako salbuespenetan, behar bezala egiaztatu eta justifikatu beharko da adinekoentzako egoitza-zentroetan emandako arreta egokia dela pertsona horien premiak betetzeko.

2.– Salbuespenez eta bizikidetza-unitatea ez banantzeko xedez, lehen aipatutako erabiltzaileekin, adin-muga ezarri barik, hauek ere sar daitezke egoitza-zentroetan:

a) Ezkontidea edo izatezko bikotekidea, ohiko bizikidea bada kasu batean zein bestean.

b) Erabiltzailearekiko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko harremana duela egiaztatzen duena, ohiko bizikidea bada. Oinarrizko gizarte-zerbitzuen motibazio funtsatua beharko da, eta foru-baimena, aldundiarekin itundutako tokiak badira; titulartasun publikoko zentroetan, fundamentuak ere beharko dira.

6. artikulua.– Printzipio gidariak eta interpretazioa.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroek euren jarduketak bideratzeko printzipio gidari hauek bete behar dituzte:

a) Normalizazio-printzipioa Erabiltzaileen bizitza-generoa ahalik eta gehiena egokitu beharko da, bizitza-ordena orotan, gainerako herritarrentzat arruntak diren jarreretara eta portaera-arauetara.

b) Autonomia-printzipioa Erabiltzaileen eguneroko bizimoduan, guztien balioak, nahiak eta sinesmenak errespetatuko dira, baldin eta ez badute eragin txarrik gainerako kideengan, eta bakoitzari bere egoerari egokitutako beharrezko laguntza emango zaio.

c) Partaidetza-printzipioa: egoitza-zentroan, erabiltzaileak erabat integraturik egoteko, sustatu egingo da zentroko jardueretan eta funtzionamendu orokorrean parte har dezaten, bakoitzaren lehentasunak, gustuak eta nahiak kontuan hartuta.

d) Integrazio-printzipioa: egoiliarren bizimodu familiarraren, sozialaren, politikoaren eta kulturalaren esparruan, ingurune komunitarioan bizimodu horri eustea izango da joera; horretarako, erraztu egingo da baliabide komunitarioak gainerako biztanleek bezain irisgarri eta erabilgarri izan ditzaten.

e) Integralitatearen printzipioa: erabiltzaile bakoitzari arreta integrala emango zaio, hau da, osasun- eta ongizate-eredu globala lortzera zuzendutako arreta, hauek barnean hartuta eta elkarrekin koordinatuta: alderdi sanitarioak, sozialak, psikologikoak, ingurumenekoak, bizikidetzakoak, kulturakoak eta antzeko beste batzuk.

f) Profesionalizazioaren printzipioa: gizarte-boluntarioen lana gorabehera, zeinari balio osagarria aitortzen baitzaio, egoitza-zentroko langile guztiek izan beharko dituzte kalitatez zaintzeko behar diren gaitasun teknikoak, harremanetakoak eta etikoak.

g) Arreta pertsonalizatu eta integralaren printzipioa. Pertsona ardatz duen ikuspegi batetik, erabiltzaile bakoitzaren beharrizanen araberako arreta integral, pertsonalizatu eta egokitu bat izateko ereduak sustatuko dira. Halaber, pertsona guztiak bereziak direla kontuan hartuta, guztien intimitatea eta duintasuna errespetatuko da; beraz, behar den laguntza emango da nork bere nortasun bakana gorde dezan.

h) Autodeterminazioaren printzipioa: erabakiak hartzeko esparruan, erabiltzaileei behar duten informazioa, orientazioa eta laguntza emango zaie nork bere bizi-proiektuan aurrera egin dezan, eta beraiek izan daitezen beren gaiak kontrolatzen dituztenak.

2.– Dekretu honetako xedapenak hauen arabera interpretatuko dira:

a) Hauetan adierazitako espiritua eta printzipioak: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretua.

b) Horietaz gain, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen xedapenak.

7. artikulua.– Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroen erabiltzaile guztiek, sistema publikokoak izan zein ez, bermatuta izango dituzte, Konstituzioak eta legeek aitortutako eskubideak ez ezik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan araututako eskubideak ere.

2.– Adinekoentzako egoitza-zentroen erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 10. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan araututako betebeharrak.

3.– Erabiltzaileen familiakoak edo bisitariak izateagatik egoitza-zentroan daudenek ere bete beharko dituzte zentroaren antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, 36. artikuluan aurreikusitako barne-araubideko erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

8. artikulua.– Administrazio-jardunak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroek entitate titular publikoa edo pribatua izatearen arabera dagozkien baimen-, erregistro-, homologazio- eta ikuskaritza-jardun administratiboak egin behar dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuarekin eta Gizarte-zerbitzuen erregistroei buruzko uztailaren 24ko 155/2012 Dekretuarekin bat etorriz.

2.– Adinekoentzako egoitza-zentro pribatuek, Administrazio eskudunaren baimena lortzeko, dekretu honen II., III. eta IV. kapituluetan araututako eskakizun materialak, funtzionalak eta langile-eskakizunak bete beharko dituzte.

3.– Adinekoentzako egoitza-zentro pribatuek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartzeko, baimenaz gain, homologazioa ere beharko dute; horretarako, dekretu honen V. kapituluan araututako eskakizunak behe behar dituzte.

4.– Zerbitzu-sarearen homogeneotasuna bermatzeko xedez, adinekoentzako egoitza-zentro publikoek, nahiz eta baimenaren eta homologazioaren lotura hori ez izan, II., III. eta IV. kapituluetako eskakizun materialak, funtzionalak eta langile-eskakizunak eta V. kapituluko homologazio-irizpideak bete beharko dituzte.

II. KAPITULUA
ESKAKIZUN MATERIALAK

9. artikulua.– Kokalekua.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroak ez dira ingurune isolatu batean egongo, zerbitzu komunitarioetatik hurbil baizik. Edonola ere, komunikazio ona izan behar dute udalerriaren erdigunearekin, garraiobide publikoan joateko, edo, halakorik izan ezean, egoitzek beraiek jarriko dute egunero aukerako garraiobide bat udalerriaren erdigunera joateko.

2.– Kokalekuak segurtasun-, osasun- eta irisgarritasun-baldintzak beteko ditu, eta sarbideak zein hurbileko inguruneak ondo argiztatuta egongo dira.

3.– Kanpoaldean lorategiak edo espazioak izan beharko dituzte ibiltzeko, edo plaza edo lorategi publikoetarako sarbidea izango dute.

4.– Identifikatuta egon behar dute errotuluz edo plakaz; errotulu horiek bide publikotik ikusteko modukoak izango dira eta sarreran edo sarbide nagusian jarriko dituzte. Identifikazio horretan zentroaren izena eta jarduera idatziko dituzte.

10. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Tamainari eta ezaugarriei dagokienez, adinekoentzako egoitza-zentroek arlo hauetako indarreko legeria bete beharko dute: hirigintza, arkitektura, lan-arriskuen prebentzioa, osasuna eta higienea, hondakinen trataera, eta aplikagarri den beste edozein gai.

2.– Adinekoentzako 25 toki baino gehiago daukaten egoitza-zentroek moduluka banatuko dira, eta modulu bakoitzak 25 toki izango ditu gehienez. Egoitza-zentro bakoitzaren gehieneko edukiera 150 tokikoa izango da.

3.– Egoitza-zentroen bizi-kalitatea egoitzako adinekoen beharretara egokitu beharko da, batez ere bizigarritasuna, espazioa, segurtasuna, irisgarritasuna, orientazioa eta espazio pribatua kontuan hartuta.

4.– Adinekoentzako egoitza-zentroek behar beste instalazio edo ekipo izango dituzte adinekoen beharrizanetara egokitutako arreta eman ahal izateko. Beharrizanak aldatu ahala egokitzen joateko etengabeko prozesu bat finkatuko da.

5.– Arreta berezia jarriko da lokalen, instalazioen eta altzarien mantentze-lanetan, kontserbazioan eta, halakorik behar izanez gero, konponketan, honda ez daitezen; eta, horiekin batera, hauei ere erreparatuko zaie: makineria, galdarak, instalazioak eta tresnak, zeinak, arriskurik sortzeko aukera izanez gero, enpresa instalatzaile baimenduek baino ez baitituzte ukituko.

6.– Horretaz gain, bermatuko dute behar bezain maiz garbitu eta desinfektatuko direla etxea eta gelak, baita materialak, lanabesak eta gainerako tresneria ere.

7.– Egoitza zentroetan, egoiliarrentzako arreta hobetzeko, psikogeriatriako unitateak, unitate soziosanitarioak eta bizikidetza-unitateak sor daitezke, zer-nolako mendekotasuna den, zenbateko mailakoa den eta zer-nolako zainketak behar diren kontuan hartuta.

11. artikulua.– Bizigarritasun- eta komunikazio-baldintzak.

1.– Soto eta erdisotoetan, ezin izango da inola ere logelarik jarri.

2.– Logeletan, egongeletan, jarduera-geletan eta jantokian, argiztapen eta aireztapen natural eta zuzena egongo da. Horretaz gain, erabiltzaileek edo langileek erabili ohi dituzten areto eta gela itxi guztietan, aireztatzeko eta airea berritzeko aukera egon behar da. Dena den, hala dagokionean, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua aplikatu beharko da.

3.– Oro har, gela eta zirkulaziogune guztietan, gutxienez 200 luxeko argiztapen artifiziala bermatuko da. Langunetan edo irakurgeletan, kontsulta-gelan eta sendaketa- eta botika-gelan, gutxienez 500 luxeko maila egongo da. Gomendagarria da mekanismo erregulatzaileak izatea.

4.– Bainugeletan eta komunetan, kanpoalderako aireztapen zuzena izango da, edo aireztatze-hodien bidez egina.

5.– Konfort termikoa bermatuko da; barne-tenperatura 21 ºC edo hortik gorakoa izango da, eta 27 ºC-tik beherakoa. Ez da inola ere onartuko ukitzeagatik edo hurbil egoteagatik sugarra piztu dezakeen berokuntza-sistemarik erabiltzea.

6.– Gelen gutxieneko altuera librea 2,50 m-koa izango da. Pasabideetan, gela teknikoetan edo zerbitzukoetan, bainugeletan, komunetan, aldageletan edo puntu zehatzen batean 2,30 m-ra baino ezin daiteke jaitsi. Txapitula-erako geletan, 2,20 m-rainokoa ez da kontuan hartuko.

7.– Egoitza-zentroak telefono bat izango du gutxienez, erabiltzaileei kanpoko deiak pribatuki jaso eta egiteko aukera emateko; modulu bakoitzean bat gutxienez.

12. artikulua.– Babes- eta segurtasun-baldintzak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroek arlo hauetako indarreko xedapenetatik eratorritako betebehar guztiak bete beharko dituzte: makineriaren instalazioa eta funtzionamendua, instalazioen segurtasuna, larrialdietarako autobabes-neurriak, suteen prebentziorako sistemak eta sektore-legeek zehaztutako beste edozein. Langileak eta erabiltzaileak egokiro informatuta eta prestatuta egotea ere bermatu behar da.

2.– Suteen aurkako babesari dagokionez, adinekoentzako egoitza-zentroek hauek bete beharko dituzte:

a) Zentroaren entitate titularrak autobabeserako plan bat egin eta abiaraziko du, zerbitzu teknikoekin batera; organo eskudunak onartu behar du plan hori, legez araututako prozeduraren arabera (autobabeserako oinarrizko araua onartzen duen martxoaren 23ko 393/2007 Errege Dekretua eta Autobabes-betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua, edo bera ordezten duen araudia).

b) Entitate titularrak langileei informazioa eta prestakuntza emango die prebentzio- eta detekzio-alderdiez, suteetan jarduteko arauez eta egoitza-zentroaren ebakuazioaz, autobabes-planaren arabera, eta arreta berezia izango du aintzat hartzen zer-nolako beharrak dituzten erabiltzaileek.

c) Egoitza-zentroa dagoen eremuari dagokion suhiltzaileen zerbitzura igorriko zaio autobabes-plana, bai eta jarduera hasteko edo gauzatzeko lizentzia edo baimena eman behar duen Administrazio publikoko organo eskudunari ere, eta, baldin eta eraikinaren ebakuazio-altuera 28 m-koa edo handiagoa bada edo bere kaxa atera ezin daitekeen bizilagunen bat badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean larrialdietako eta babes zibileko organo eskudunari ere igorri beharko zaio, berak homologatu beharko baitu.

d) Egoitza-zentroaren zuzendaritzak berehala hartuko ditu behar diren neurriak suhiltzaileen zerbitzuko ibilgailuek zirkulazio librea izan dezaten eta sarbideko atetik, kanpoko eskaileretatik, sute-ahotik edo kanpoko ur-harguneetatik hurbil aparka dezaten.

e) Egoitza-zentroak eraikinaren plano eguneratuen kopia bat emango dio suhiltzaileen zerbitzuari, alderdi hauek adierazita: suteen aurkako larrialdi-planean aurreikusitako ebakuazio-bideak, sua itzaltzeko ekipo finkoak eta mugigarriak non dauden, eta sua hartzeko arrisku handiko eremuak zein diren.

f) Dokumentazio horren kopia, behar bezala eguneratua eta plastifikatua, egoitza-zentroan gordailutuko da, egoitza-zentroari dagokion zonaldeko suhiltzaileen zerbitzuak adierazitako leku batean, erraz eskuratzeko moduan, eta «suhiltzaileek bakarrik erabiltzeko» errotulua jarriko da bertan, suhiltzaileek baino ezin baitute erabili.

g) Prebentzioari, detekzioari, itzaltzeari eta ebakuazioari dagozkion alderdiei dagokienez, establezimenduaren zuzendaritza da suteen aurkako segurtasun-sistemen mantentze-lanen antolatzailea eta erantzulea. Sistemak kontrolatzeko, egindako berrikusketen erregistroa egingo da.

h) Egoitza-zentroek gutxieneko instalazio hauek izango dituzte:

– Seinaleak.

– Larrialdietako argiak.

– Su-itzalgailu eramangarrien zuzkidura.

– Detekzio- eta alarma-instalazioa.

– Sute-aho ekipatuak.

3.– Oheratutako pertsonen ebakuazio edo babes segurua bermatuko da.

4.– Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan xedatutakoaren arabera, egoitza-zentroek hornikuntza osagarria edo segurtasunekoa izango dute.

5.– Entxufeek babes-estalkiak edo segurtasun-sistema baliokideak izango dituzte.

13. artikulua.– Irisgarritasuna.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroek hauetan xedatutako eskakizunak bete behar dituzte: Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea, bera garatzeko arauak, batez ere, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baitira hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio- eta komunikazioko-sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak, eta Eraikuntzaren Kode Teknikoko Erabilerako Segurtasunerako eta Irisgarritasunerako Oinarrizko Agiria.

2.– Logela guztietan, komunetan eta bainugeletan, oztoporik gabeko 1,50 m-ko diametroko zirkulu libre bat inskribatu ahal izango da.

3.– Erabiltzaileak ibiltzeko guneetan, alde bietan eta 90 ± 5 cm-ko altueran, eskudelak instalatuko dira.

4.– Ekipamendu, altzari eta material guztiek egokituta egon beharko dute mugikortasun urria edo bestelako behar bereziak dituzten pertsonentzat, segurtasunez erabili ahal izateko.

5.– Kontraste kromatikoa erabiliko da hormetan, lurrean eta altzarietan, ikusgaitasuna bermatzeko edo espazioak eta elementuak desberdintzeko.

6.– Adinekoentzako egoitza-zentroek behar dituzten laguntza-produktu aukera guztiak izan beharko dituzte, eta behar beste, mugikortasun urriko pertsonak zaintzeko eta mobilizatzeko. Betebehar honek ez du barnean hartuko laguntza-produktu indibidualik baldin eta norberak eskuratu ahal badu Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoaren 3.3 apartatuko baliabide teknologikoak eskuratzeko laguntzen esparruan.

Mugikortasun urriko pertsonak mobilizatzeko eta altxatzeko behar diren elementuak ere izango dituzte.

7.– Erabiltzaileek instalazioak erabiltzeko orduan, irisgarritasuna, autonomia eta segurtasuna areagotzeko, gomendatzen da konponbide domotikoak edo baliokideak ezartzea.

14. artikulua.– Gela-banaketa.

Egoitza-zentroek hauek izan behar dituzte:

1.– Administrazio-gunea; bertan, kudeaketa- eta administrazio-egitekoetarako bulegoak eta gainerako langile teknikoen esku-hartzeetarako aretoak izango dira.

2.– 25 toki baino gehiagoko egoitza-zentroetan, eremu komun orokorrak; bertan, egongelak, jarduera-gelak eta komunak, modulu guztiek partekatuak izango dira.

3.– Moduluak:

a) Eremu komunak: jantokia eta egongela.

b) Gelak.

c) Bainugelak eta komunak.

d) Sukalondoa.

4.– Eremu sanitarioa; bertan, kontsulta-gela, sendaketa- eta botika-gela, fisioterapia-gela eta farmazia-zerbitzurako eta medikamentu-biltegirako espazioa izango dira.

5.– Langileentzako aldagelak eta komunak.

6.– Zerbitzugunea; bertan, besteak beste, sukalderako, biltegietarako eta arropa-garbitegirako espazioak izango dira.

15. artikulua.– Administrazio-gunea.

1.– Bulego profesionalak. Egoitza-zentroek bi bulego profesional izango dituzte gutxienez: bata, zentroaren arduradunarentzat; bestea, talde teknikoko profesionalentzat, esku-hartze terapeutikoak egin ditzaten. 25 tokirainoko egoitza-zentroetan, espazio berean egon daitezke.

2.– Bulegoek egoiliarrei buruzko dokumentazioaren zaintza bermatzen duten sistemak izango dituzte eta, gainera, sistema informatikoa eta Internet konexioa.

3.– Bilera-gela. Egoitza-zentroek bilera-gela bat izango dute gutxienez, profesional guztiek erabili ahal izateko.

16. artikulua.– Eremu komun orokorrak.

1.– 25 toki baino gehiagoko egoitza-zentroek modulu guztietarako egongela eta jarduera-gela komunak izango dituzte; toki bakoitzeko, guztirako azalera erabilgarria 2,50 m2-koa izango da; eguneko egonaldietarako, toki bakoitzeko 4,5 m2-koa.

2.– Gune komun horietan, komun-ontzia eta oin-gabeko konketa dauzkan komun bat egongo da 20 erabiltzaileko edo frakzioko, eta moduluetako komunei eskatzen zaizkien baldintzak beteko ditu.

3.– Gune komunetan, kanpoaldera irekitako argiztapen eta aireztapen naturalak bermatuko dira. Beirazko azalera erabilgarria gelaren azalera erabilgarriaren 1/10 edo handiagoa izango da, eta aireztapenerako azalera erabilgarria, berriz, egongelaren azalera erabilgarriaren 1/20 edo handiagoa.

4.– Leihoak jartzeko, jesarrita daudenei ikusgaitasuna bermatu behar zaie, eta segurtasun-berme guztiak bete behar dira.

5.– Gomendagarriagoa da zenbait espazio txiki erabiltzea egongela handi bat baino. Edonola ere, diseinu egoki baten bidez, giro bat baino gehiago sortuko da, masifikazio-sentsaziorik ez sortzeko.

6.– Egongeletan, banako besaulki nahiko jarriko dira, eta besaulkiok erabiltzaileen segurtasuna eta konforta bermatzen duten ezaugarri ergonomikoak izango dituzte.

17. artikulua.– Moduluak.

1.– Eremu komunei dagokienez:

a) Moduluaren eremu komunak jantokiak eta egongelak dira. Guztira, gutxienez, 4 m2-ko azalera erabilgarria izango dute erabiltzaile bakoitzeko. 25 tokirainoko egoitza-zentroetan, azalera erabilgarri hori, gutxienez, 5,5 m2-koa izango da tokiko.

b) Espazio nahikoa erreserbatuko da ontziteria eta jantokiko bestelako tresneria gordetzeko.

c) Gune komunetan, kanpoaldera irekitako argiztapen eta aireztapen naturalak bermatuko dira. Beirazko azalera erabilgarria gelaren azalera erabilgarriaren 1/10 edo handiagoa izango da, eta aireztapenerako azalera erabilgarria, berriz, egongelaren azalera erabilgarriaren 1/20 edo handiagoa.

d) Leihoak jartzeko, jesarrita daudenei ikusgaitasuna bermatu behar zaie, eta segurtasun-berme guztiak bete behar dira.

e) Gomendagarriagoa da zenbait espazio txiki erabiltzea egongela handi bat baino. Edonola ere, diseinu egoki baten bidez, giro bat baino gehiago sortuko da, masifikazio-sentsaziorik ez sortzeko.

f) Egongeletan, banako besaulki nahiko jarriko dira, eta besaulkiok erabiltzaileen segurtasuna eta konforta bermatzen duten ezaugarri ergonomikoak izango dituzte.

2.– Gelei dagokienez:

a) Leku espezifiko bat hartuko dute, eta, ondorioz, ezin izango dira beste gela baterako pasabide izan.

b) Banako logelak edo logela bikoitzak izango dira, egoitza-zentro guztiek banako logeletan izan beharko dituzte toki guztien % 75 gutxienez. Ehuneko horiek minimoak dira; hala ere, bizikidetzarako, intimitate pertsonala garrantzitsua denez, banako gela gomendatzen da mota ideal gisa.

c) Logela bikoitzen gutxieneko azalera erabilgarria 19 m2-koa izango da, bainugela kontuan hartu gabe.

d) Banako logelen gutxieneko azalera erabilgarria 13 m2-koa izango da, bainugela kontuan hartu gabe.

e) Bainugelak 5 5m2-ko gutxieneko azalera izango du, eta partekatua izan daiteke.

f) Ohetik paramenturako distantzia ez da 60 cm-tik beherakoa izango, eta beste aldeko espazioa gutxienez 90 cm-koa izango da, baita ohearen oinaldeko espazioa ere. Oheen arteko gutxieneko distantzia ere hori berori izango da.

g) Armairura aurrez aurre hurbiltzeko espazioa 1,00 m-koa izango da.

h) Zoladurak erraz garbitzeko moduko material irristaezinez eginak izango dira.

i) Argiztapen artifiziala irakurtzeko eta lan egiteko egokia izango da.

j) Gela bakoitzean, sentikortasun handiko diferentzial bat eta magnetotermikoak egongo dira.

k) Gela bakoitzean, lotarako argia egongo da.

l) Logela guztietan, argiztapen eta aireztapen naturaletarako, kanpoaldera irekitako leiho bana egongo da. Beirazko azalera erabilgarria gelaren azalera erabilgarriaren 1/10 edo handiagoa izango da, eta aireztapenerako azalera erabilgarria egongelaren azalera erabilgarriaren 1/20 edo handiagoa.

m) Leihoak jartzeko, jesarrita daudenei ikusgaitasuna bermatu behar zaie, eta segurtasun-berme guztiak bete behar dira.

n) Egoiliar orok izango du bere gelan ekipamendu hau behintzat:

– Ohe artikulatu bat, gutxienez 90 cm zabal, eta, behar izanez gero, presioaren ondoriozko ultzerak prebenitzeko eta zaintzeko egokiak diren zehaztapen teknikoak edo azalera erabilgarria dauzkan koltxoia.

– Armairu giltzadun bat, 1 m3-ko gutxieneko edukierakoa. Armairuaren ateak, ate lerragarriak badira ere, esku-heldulekua ere izango dute.

– Gau-mahai tiraderadun eta ertz biribildun bat. Mendekotasun-maila handiko pertsonen moduluetan, erretilu zabalgarri bat ere izango du.

– Aulki besoduna.

– Deitzeko txirrina, edo etengabeko asistentzia bermatzen duen beste sistema bat, ohetik altuera egoki batetik sakatzekoa, abisua kontrol-postura igortzeko eta nondik datorren identifikatzeko modukoa. Gainera, txirrina sakatzeaz batera, gelako atearen gainean argi bat piztuko da; argi hori itzaltzeko berrarmatze-sakagailua egongo da.

– Oheratutako erabiltzaileek edo mendekotasun handikoek ohe artikulatu eta gurpildunak izango dituzte, tren jasotzaile eta babes-barra eta guzti.

ñ) Erabiltzaileak eskatuz gero, gurpil-aulkietan jesarritako pertsonek banaka zein partekatuta erabili ahal izateko mahai bat egongo da. Mahai hori eraisgarria izan daiteke.

o) Gelaren diseinua desbidera daiteke aurreko apartatuetan definitutakotik baldin eta zentroko talde teknikoak irizten badu diseinu horrek benetako arriskua dakarrela, kontuan hartuta erabiltzaile bakoitzaren beharrizanak edo egoera.

p) Logelen gunean, espazio bat aurreikusiko da gurpil-aulkiak, garabiak, etab. gordetzeko.

3.– Bainugelei eta komunei dagokienez:

a) Moduluaren eremu komunetan, komun-ontzia eta oin-gabeko konketa dauzkan komun bat egongo da 15 tokiko.

b) Komun-ontzia, oin-gabeko konketa eta dutxa dauzkan bainugela bat eskatuko da 2 gelako, eta logeletarako sarbide zuzena izan behar du.

c) Kanpoaldetik desblokeatzeko kondena botoidun bat eta bi txirrin izango ditu, horietako bat komun-ontzitik heltzen erraza eta abisua kontrol-postura igortzeko eta nondik datorren identifikatzeko modukoa.

d) Dutxek ez dute inolako irtengunerik izango zoladuran, eta ur-putzurik ez sortzeko malda egokia emango zaie. Gainera, txorrotak telefono-modukoak izango dira eta xurgapen handiko sifoi-hustubidea izango dute.

e) Material irristaezineko zoladurak izango dituzte eta, paramentuen antzera, erraz garbitzekoak izango dira.

f) Konketaren gainean, ispilu bat jarriko da, paramentu bertikalaren gainetiko inklinazio erregulagarrikoa, eta gurpil-aulkietako pertsonek erabiltzeko modukoa.

g) Egoitza-zentro guztiek izango dituzte baliabide tekniko nahikoak, mendekotasun handiko pertsonen higienea bermatzeko.

4.– Sukalondoari dagokionez:

25 tokitik gorako egoitza-zentroetan, modulu bakoitzean sukalondo bat izango dute jantokiaren ondoan, eta ezaugarri hauek izango ditu:

a) Txorrotak aginte bakarrekoak izango dira.

b) Hormak erraz garbitu eta desinfektatzen diren materialez estaliko dira.

c) Harraska-gunea eta lan-eremua alikatatuta egongo dira.

d) Zoruak irristaezinak eta erraz garbitzekoak izango dira.

18. artikulua.– Eremu sanitarioa.

1.– Arreta geriatrikoaren zerbitzuak bertako langileek eman zein hitzartutakoak izan, egoitza-zentro guztiek izan behar dituzte espazio hauek behintzat:

a) Kontsulta-gela:

– Espazio nahikoa izan behar du, egoiliarren hitzezko kontsultetarako, azterketetarako eta miaketetarako.

– Ur bero eta hotzeko konketa bat eta miaketa-ohatila izan behar ditu.

b) Sendaketa- eta botika-gela:

– 50 tokirainoko egoitza-zentroetan, espazio bateratu bat sor daiteke kontsulta-gelarekin batera.

– Ur bero eta hotzeko konketa bat izango du.

c) 25 tokitik gorako egoitza-zentroetan, fisioterapia- eta errehabilitazio-gela egongo da, mantenimendu- eta errekuperazio-ariketa fisikoak egiteko, eta ezaugarri hauek izango ditu:

– 2 n/5 m2-ko gutxieneko azalera erabilgarria izango du (n = egoiliarren kopurua) eta ezin izango da 15 m2 baino txikiagoa izan.

– Zerbitzu higienikoetatik hurbil egongo da.

d) Farmazia-arreta:

Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzko otsailaren 26ko 29/2019 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Adinekoentzako egoitza-zentroek farmazia-zerbitzu propioa izan dezakete, ehun ohe edo gehiago izateko gaitasuna badute.

Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zentroaren entitate titularrak hala eskatuz gero, Osasun Administrazioak eskakizun horretatik salbuetsi ahal izango du; horretarako, zentro horrek egiaztatu beharko du badaukala botika-gordailu bat Euskadiko Osasun Sistemako ospitaleren bateko farmazia-zerbitzuren bati atxikita, zeinek bere osasun-eremuan.

Adinekoentzako egoitza-zentroek botika-gordailu bat izan beharko dute, hogeita bost ohetik gora izateko gaitasuna badute.

e) Botika-gordailuak behar bezala identifikatuta egongo dira eta instalazio seguru eta egokiak izango dituzte, bermatu behar baita botikak eta osasun-produktuak ondo kontserbatzen direla eta ondo gordeta daudela, bai eta gordailuaren funtzionamendu egokia ere.

Farmazia-zerbitzuen barne-banaketak eremu hauek izango ditu:

– Administrazio- eta kudeaketa-eremua.

– Medikamentuak eta produktu sanitarioak jaso, berrikusi eta biltegiratzeko eremua.

– Medikamentuak eta produktu sanitarioak prestatzeko eta emateko eremua.

– Formula magistralak eta prestakin ofizinalak egiteko eremua.

2.– Eremu sanitarioaren espazioek aplikagarri zaizkien arauak bete behar dituzte.

19. artikulua.– Langileentzako aldagelak eta komunak.

Egoitza-zentroetan, langileentzat erreserbatutako aldagelak eta komunak egongo dira, eta bertan komun-ontzia eta konketa izango dira. Lantokietako segurtasun- eta osasun-arloko indarreko arauek une oro adierazten dituzten neurriak eta ezaugarriak bete beharko dituzte.

20. artikulua.– Zerbitzugunea.

1.– Sukaldea: jantoki kolektibo instituzionaletarako eskakizunak arautzen dituzten arauetan xedatutakoa bete beharko du une oro; batez ere, egoitza-zentroei buruzko eskakizun higieniko-sanitario espezifikoak. Sukaldaritza-zerbitzua bertakoa edo kontratatua izan daiteke.

25 tokitik gorako egoitza-zentroek sukaldea izan behar dute.

2.– Biltegiak: biltegiratzeko espazio egokiak sortuko dira, elikagaiak, arropa zuria eta zentrorako garbigarriak banatuta gorde ahal izateko. Gailu bereziren bat izango dute erabiltzaileak sar ez daitezen, eta behar den beste segurtasun-neurri eta neurri higieniko hartuko da.

3.– Arropa-garbitegia: garbiketa-zerbitzua emango da, bertakoa edo kontratatua, arropa zuria eta egoiliarren eta langileen arropa aldian-aldian garbitzen dela bermatzeko. Edonola ere, egoitza-zentroak arropa garbitzeko oinarrizko unitate bat izango du.

21. artikulua.– Eguneko egonaldietarako berariazko eskakizun materialak.

1.– Eguneko egonaldia da egoitza-zentroetan gaurik igaro gabe egiten den egonaldia; hirurogeita bost urtekoentzako edo gehiagokoentzako arreta eta, hala badagokio, mendekotasun-arriskua edo bizimodu autonomoa izateko mendekotasunen bat duten pertsonen arreta du helburu, eta emandako zerbitzuak eta instalazioak bideratuta daude familia- eta gizarte-ingurunean irauteko aukera ematera, eurekin bizi diren familiei laguntza emanda eta mendekotasunaren ondorioak arinduta.

2.– Egoitza-zentroak dekretu honetako eskakizun material eta funtzionalak bete behar ditu, kontuan hartuta 16.1 artikuluan eguneko egonaldietako zerbitzuari buruz zehaztutakoa.

22. artikulua.– Psikogeriatria-unitatea.

1.– Psikogeriatria-unitateak izanez gero, baina zentrotik bertatik banatutako beste egitura fisiko batean egonez gero, dementzia-prozesuren bat (alzheimerra, dementzia baskularra eta beste batzuk) edo narriadura kognitiboa eragiten duen gaixotasun mental edo desgaitasun intelektualen bat duten adinekoei ere emango zaie arreta, portaeraren nahasmendurik badute.

2.– Honako hauek dira helburu zehatzak:

a) Dementzia-prozesuak dituzten eta fase moderatu-larri batean dauden pertsonei arreta integral bat ematea, egoitzaren esparruan, baliabideak efizientzia handienaz erabiltzeko irizpideak kontuan izanik.

b) Pertsona horiek egoitza-zentrotik ihes egiteko duten arriskua minimizatzea, euren osotasun fisikorako arriskutsua delako.

c) Ahal dela, lotura fisikoak eta eusle farmakologikoak ez erabiltzea, zentroko zerbitzu medikoak aginduta baino ez baitira erabili behar eta, azken baliabide gisa, erabiltzailea bera edo gainerako egoiliarrak arriskuan dauden egoeretan; horretarako, arreta-protokolo espezifikoak beteko dira beti.

d) Psikogeriatria-unitateko segurtasun-eremuan askatasunez ibil daitezela sustatzea, ariketa fisiko positiboa egin dezaten, loa ezartzeko eta antsietate-mailak txikitzeko xedez.

e) Erabiltzaileen senideei bermatzea ahalik eta arreta onena ematen zaiela eta eskubide indibidualak ahalik eta gehiena errespetatzen direla.

3.– Psikogeriatria-unitateak dimentsio konpaktuak izango ditu, geletatik unitateko eremu komunetara joateko distantzia mugatua izateko eta igogailurik behar ez izateko.

4.– Unitate bakoitzeko gehieneko tokien kopurua 20koa izango da.

5.– Eremu komunek 17.1 artikuluko ezaugarriak izango dituzte eta, horretaz gain, hauek:

a) Batetik bestera libre ibiltzeko gunea; logelak banatzeko korridorea izan daiteke, zehaztapen hauek betez gero:

– Eskudelak alde bietan jarriko dira 90 ± 5 cm-ko altueran, diseinu anatomikoa eta 4 eta 5 cm arteko sekzio zirkularra izango dute.

– Gutxieneko azalera erabilgarria 2,00 m2-koa izango da erabiltzaile bakoitzeko.

b) Leihoek beira hauskaitza eta segurtasun-itxiera izango dute.

6.– Logela guztiak banakoak izango dira eta 17.2 artikuluko ezaugarriak izango dituzte, salbuespen hauekin:

a) Ohe guztiak izango dira artikulatuak eta gurpildunak, eta tren jasotzailea eta babes-barrak izango dituzte.

b) Leihoak beira hauskaitza eta segurtasun-itxiera izango du.

c) Gela bakoitzean, aukera egongo da zaintzaileek gela bera ikusteko, atea zabaldu barik (zuzenean behatuta, edo erizaintza-kontrolera konektatutako telebista-zirkuitu batean zehar).

7.– Bainugelek eta komunek 17.3 artikuluko ezaugarriak izango dituzte.

8.– Sukalondoak 17.4 artikuluan ezarritako baldintzak beteko ditu.

9.– Psikogeriatria-unitateko sarbide guztiek izango dituzte ate segurtasun-itxieradunak; ez da erabiliko itxiera giltzadunik.

10.– Modulu guztietarako ingurumen-gomendio orokorrez gain, pisikogeriatria-unitateetan:

a) Ez da jarriko pertsona horien eskura arriskutsua izan daitekeen objektu txiki apaingarririk.

b) Ez da neurriz gaindiko estimulaziorik egongo (ingurune-zarata, musika) eta arretaz zainduko da zer maila duten txirrinen, telefono finkoen, sakelako telefonoen eta telebisten soinuek.

c) Pastel-koloreak, kolore beroak eta suabeak erabiliko dira, ez, ordea, gorrien, granateen eta abarren gamak.

d) Erabiltzaileen orientazioa erraztuko da; horretarako, unitateko gela guztietan kolore espezifikoetako ateak jarriko dira, eta ateetan bertako egoiliarraren izena eta argazkia, komunetako ateetan piktogramak, etab.

e) Erloju eta egutegi handiak eta irakurterrazak erabiliko dira, denbora-orientazioa errazteko.

23. artikulua.– Unitate soziosanitarioa.

1.– Egoitza-zentroan unitate soziosanitario bat badago, 18. artikuluko eskakizunez gain, unitateak erizaintzako gela propioa izan behar du. Hor emango zaie arreta osasun-arazo larriengatik, muga funtzionalengatik, mendekotasunagatik edo gizarte-bazterkeriako arriskuagatik aldi berean arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra behar dutenei, arretaren jarraitutasun-printzipioari egokituta.

2.– Erizaintzako gelak ur bero eta hotzeko konketa bat eta miaketa-ohatila izan behar ditu, mugikortasun urriko pertsonei egokituak.

3.– Logela guztiek izango dituzte ospitale-erabilerarako behar diren instalazioak; hain zuzen ere, honako hauek: oxigenoa, airea, oxido nitrosoa eta hutsa.

4.– Unitate bakoitzeko gehieneko tokien kopurua 25ekoa izango da, eta unitate bat baino gehiago egon daiteke zentro bakoitzeko.

5.– Logelek ohe artikulatuak izango dituzte, eta oheek tren jasotzailea, babes-barrak eta koltxoi biskoelastikoa izango dituzte.

6.– Unitate bakoitzak hauek izango ditu:

a) Erabiltzaileak bainatzeko behar diren gailuak, mendekotasun-mailaren arabera: bainuontzi geriatrikoak, bainu-aulkiak, eta abar.

b) Gutxienez, lekualdatze-garabi bat, arnes bikoa (bata, ohetik mugitzeko; bestea, jasotzeko eta pixoihalak aldatzeko).

c) Pultsometroa, elektrokardiografoa, bihotz-arnaseko geldialdirako orga desfibriladoreduna, medikazio eta larrialdietarako osagarri eta guzti, eta sendaketa-orga, sendaketetarako behar den materiala geletara erraz eraman ahal izateko.

7.– Horietaz gain, hauetarako behar diren materialak ere izango ditu:

a) Medikazioa ahoz dosi bakarrean ematekoak, edo azalpean eta zain barnean ematekoak.

b) Nutrizio-euskarriko teknikak, zunda nasogastrikoak, ostomia-kateterrak eta infusio-ponpak.

c) Erizaintza-teknika, zainketetarako materialak, etab.

d) Errehabilitazio-teknikak: behar bezala eta egoki hornitutako fisioterapia-gela, baliabide informatikoekin.

24. artikulua.– Bizikidetza-unitatea.

1.– Autonomia pertsonala sustatu eta etxe-giroa emateko xedez, gomendagarria da egoitza-zentroek moduluetan dauden erabiltzaileentzako bizikidetza-unitateak izatea.

2.– 17. artikuluan modulu orokorretarako ezarritako eskakizunak beteko ditu, sukalondokoa izan ezik. Horren ordez, etxeko sukaldearen moduko bat instalatuko da.

3.– Ekipamenduak:

a) Etxetresnak elektrikoak izango dira eta segurtasun-neurriak izango dituzte, arriskuak ahalik eta gehiena murrizteko.

b) Instalatzen den sukaldeak hauek behintzat izango ditu: hozkailua, bitrozeramika, labea, mikrouhin-labea eta ke-kanpaia.

c) Txorrotak aginte bakarrekoak izango dira.

d) Hormak erraz garbitu eta desinfektatzen diren materialez estaliko dira.

e) Harraska-gunea eta lan-eremua alikatatuta egongo dira.

f) Zoruak irristaezinak eta erraz garbitzekoak izango dira.

4.– Sukaldeak erabiltzaileen beharrizanetara egokituta egon behar du, eta erabiltzaile gurpil-aulkidunek sarbidea izan behar dute.

III. KAPITULUA
ESKAKIZUN FUNTZIONALAK

25. artikulua.– Arreta-eredua.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroetan aplikatzekoa den arreta-ereduak oinarrizko osagai hauek izango ditu:

a) Integrala den eta pertsona ardatz duen arreta.

b) Kalitateko kudeaketa-eredua.

c) Eskubideen bermea.

26. artikulua.– Pertsonentzako arreta integrala eta pertsona ardatz duena.

1.– Egoitza-zentroetako egoiliar bakoitzari arreta integrala emango zaio, hau da, osasun- eta ongizate-eredu globala lortzera zuzendutako arreta, hauek barnean hartuta eta elkarrekin koordinatuta: alderdi sanitarioak, fisikoak, sozialak, psikologikoak, ingurumenekoak, bizikidetzakoak, harremanetakoak, kulturalak eta antzeko beste batzuk.

2.– Halaber, bere beharretara egokitutako arreta pertsonalizatu bat emango zaio egoiliar bakoitzari, arreta-plan indibidualizatu baten bidez (API).

3.– Arreta integralaren markoan, egoitza-zentro guztiek hiru prozesu handi mugatu beharko dituzte, eta horien inguruan antolatuko dituzte zerbitzuak, protokoloak eta esku-hartzeak.

a) Sarrera.

b) Egonaldia.

c) Irteera.

4.– Adinekoentzako egoitza-zentroek jarduna egokituko dute, lehendabizi, pertsona ardatz duen plangintza batera bideratuta, etengabe entzuteko eta ikasteko prozesu gisa antolatuta, pertsonentzako gauza garrantzitsuenetara begira, hala nola etorkizuneko bizi-planetara; eta prozesu kolektibo baten moduan ere, hain zuzen ere, adinekoak berak eta harekiko lotura sendoa duten pertsonek parte hartzeko prozesu gisa –senideak, lagunak eta profesionalak–; baina, adinekoak aldez aurretik onartu behar du parte-hartze hori.

5.– Ikuspegi hori ezartzeak hauek ahalbidetzen ditu:

a) Indibidualtasuna eta pertsonen arteko aldeak errespetatzea, eta pertsonen beharrizanak zentroaren egituraren beraren baliagarritasunaren arabera definitzeko joerari aurre egitea.

b) Pertsonei beren gaitasunak eta jarrerak gordetzen laguntzea, beren bizitzaren gaineko kontrola izan dezaten, nork bere mugen eta ahalmenen arabera, eta, era berean, beren bizitzaren gaineko ardura hartzen laguntzea.

c) Pertsonaren bizitzari eustea, alderdi guztietan, egoitzako bizitzara mugatu beharrean, kontuan hartuta zeinen garrantzitsuak diren euren bizitzetan bestelako euskarri formalak eta informalak; halaber, neurriak hartuko dira jardunak ahalik eta ondoena koordinatzeko eta esku hartzeko irizpide koherenteak aplikatzeko.

6.– Genero-ikuspegia zeharka sartuko dute; horretarako, emakumeen aurkako indarkeria antzeman, prebenitu eta desagerrarazteko protokolo bereziak ezarriko dituzte.

27. artikulua.– Erreferentziako profesionala.

Erreferentziako profesionalak egoiliarrak izango ditu esleituta, eta egoiliarren eta senideen eskura egon beharko du, ongizatean laguntzen duten alderdi garrantzitsuenak bideratu ahal izateko; horretarako, antolakuntzaren ikuspegi orokorra izan behar du. Zentro bakoitzaren ardura da sarrera egiten den unetik nor izango den zehaztea, eta erreferentziako pertsonaren izen-abizenak idatziz utziko dira jasota egoiliarraren hasierako balorazioan.

28. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko, ebaluatzeko eta etengabe hobetzeko eredua.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroetako arreta-ereduaren oinarrizko helburua izango da prozesu guztien kudeaketa etengabe hobetzea, horren ondorioz erabiltzaileen bizi-kalitateak hobera egingo du eta.

2.– Eskakizun hau dela eta, pixkanaka-pixkanaka zehaztu da zer jarduketa behar diren kalitatea etengabe hobetzen joateko; horretarako, konpromisoak hartuko dira zerbitzuak emateko eta ebaluazio- eta autoebaluazio-prozedurak izateko, bai eta funtzionamendua hobetzeko neurriak garatzeko ere.

3.– Egoitza-zentroek beren jarduna ebaluatu beharko dute eredu hauetako irizpideak oinarritzat hartuta: bizi-kalitatea, kudeaketako kalitatea eta esku hartzeko etika, autoebaluazio-modalitateak eta kanpoko ebaluazioak konbinatzeko aukera izanik. Horretarako, emandako laguntzak eta zentroaren kudeaketa etengabe hobetzeko metodo bat ezarriko dute.

4.– Osagarri gisa, laguntzak emateko praktika onak hedatzeko eta aplikatzeko lanabesak izango dituzte.

29. artikulua.– Adinekoentzako egoitza-zerbitzuaren gutxieneko baldintzak eta edukiak.

Adinekoentzako egoitza-zentroen erabiltzaileek prestazio hauek behintzat izango dituzte:

1.– Arreta sanitarioa: egoitza-zentroak arreta sanitarioa izan dezatela ahalbidetuko du, erabiltzaileek aukeratutakoa errespetatuta. Edonola ere, bermatu beharko da erabiltzaile guztiek behar duten arreta sanitarioa izatea, barneko zein kanpoko baliabideen bidez emana.

2.– Higienea: higiene-zerbitzuak emango zaizkie erabiltzaile guztiei, beharrizanen arabera eta intimitatea errespetatuta. Zehazki, asistentzia emango da garbiketa eta zainketa pertsonaletarako.

3.– Eguneroko jardueretarako berregokitzapena: barnean hartuko ditu mugitzeko gaitasuna, okupazionala eta harremanetakoa garatzeko sustapen-jarduerak edo programak, maila batean baino gehiagotan (taldea, familia, gizartea eta ingurunea), eta helburua izango da nork bere ahalmenei eustea eta, ahal dela, hobetzea; horretarako, behar diren prebentzio-jarduerak eta ahalmenei eusteko jarduerak egingo ditu, erabiltzaileen mugen eta gaitasunen arabera. Edonola ere, estimulazio kognitiborako programa bat izango da.

4.– Fisioterapia eta errehabilitazioa, galdutako funtzioak berreskuratzeko edo daudenei eusteko, okerrera egin ez dezaten. Halaber, taldeko jarduera fisikoa edo gimnasia egingo da.

5.– Laguntza psikologikoa, pedagogikoa edo psikopedagogikoa: eman egingo zaie hala behar duten erabiltzaile guztiei.

6.– Dinamizazio soziokulturala: animazio soziokulturalerako programa bat egongo da. Programa horrek aisia aktiboko edukiak izango ditu, baita parte hartzera bultzatzen duen metodologia bat ere, erabiltzaileen integrazioa eta mantentze aktiboa suspertzeko.

Urteko jardueren programa ezarriko da; jarduera antolatuak eta orotarikoak izango dira (helburuak, egutegia, egiteko metodoak eta teknikak adierazita), ebaluazio-sistemak egongo dira eta egunero bermatuko dira jarduerak.

7.– Gizarte-lana: gizarte-langile baten ardura izango da arreta soziala eta familiarra, batez ere egoiliarrek behar dituzten informazioak eta aholkuak emateko.

8.– Erabiltzaileen senideentzako laguntza: familiei laguntza emango zaie, batez ere familiei informazioa eta aholkuak ematen, erabiltzailearekiko harreman hobeak izan ditzaten; horretarako, hala nahi badute, senidea zaintzeko lankidetza eta arreta-planeko partaidetza sustatuko dira.

9.– Jatetxe-zerbitzuak: jatetxeko zerbitzurako, nutrizio zuzen bat errespetatuko da, kopuruak, kalitatea eta aniztasuna erabiltzaileen beharrizan espezifikoetara egokituta. Nutrizioari loturiko prestakuntza daukan profesional batek egingo ditu patologia bakoitzerako berariazko dietak. Dieta berezien edo aho-elikaduren kasuan, neurri horiek medikuak agindu behar ditu.

Sukalde-zerbitzua propioa edo kontratatua izan daiteke; hala ere, batean zein bestean, indarreko legeetan xedatutako eskakizunak bete beharko dira eta, batez ere, jantoki kolektiboei buruzko erregelamendu sanitario teknikoa.

10.– Arropa-garbitegiko zerbitzua.

Zerbitzu hauen guztien edukia zentro bakoitzaren indarreko barne-araubidearen erregelamenduan sartu behar da.

30. artikulua.– Sarrera-aldia: zentrorako prestatu eta egokitzea.

1.– Egoitza-zentroko profesionalek neurri egokiak hartu behar izango dituzte harrera-prozesua errazteko:

a) Aurresarrera, sarrera eta egokitzapena desberdindu.

b) Aurresarrera egin aurretik behar den dokumentazioa bildu, elkar ezagutzea bideratu eta dokumentazioa trukatu.

c) Egoitza-zentroaren eta erabiltzaile, senide, erreferentziako pertsona edo legezko ordezkarien arteko komunikazio-kanal bat eskaini.

d) Egoitza-zentroaren ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko informazioa eman.

e) Erabiltzaileari edo legezko ordezkariari erabakia hartzen lagundu.

f) Etxe-aldaketaren eta harremanetako ingurune-aldaketaren ondorio txarrak minimizatu.

g) Hasiera batean arreta emango dioten profesionalak eta bizikidetzan hurbilen izango dituen pertsonak ezagutu.

h) Erabilera pertsonaleko espazioak eta eguneroko erabilera komuneko espazioak ezagutu.

i) Komunikazio-kanalak ezarri, sentimenduen adierazpena erraztu, eta lasaitu, konfiantza eta segurtasuna sortuta.

j) Beharrizanak ebaluatu, eta erabiltzaileari edo legezko ordezkariari emaitzen berri eman.

k) Beharrizanen ebaluazioak emandako datuez baliaturik, arreta-plan indibidualizatua (API) egin; horretarako, zerbitzuen zerrendako jarduerak eta programak bete eta asistentzia-helburuak markatu.

l) Hasierako oinarrizko zainketen plana egin eta bermatu, eta etengabeko arretaren fasearen arabera doitu.

m) Erabiltzailea zentrora egokitu den ebaluatu, sartu eta hiru hilera.

n) Adierazi zein izango den hasiera bateko erreferentziako profesionala egoitza-zentroan; baina hartara eragotzi gabe, ondorengo faseren batean, beste profesional bat izendatzeko aukera, berezitasunak kontuan hartuta, eta, ahal dela, haren hobespenak eta kidetasunak kontuan hartuta.

2.– Aurreko zenbakiko aurreikuspenak erraztu daitezke baldin eta pertsona hori, sartu aurretik, denboraldi batez bizi izan bada egoitza-zentroan, atsedenerako zerbitzuren batean, egonaldi laburren batean edo larrialdiren baten ondoriozko egoitzaratze-kasuren batean.

31. artikulua.– Egonaldia: beharrizanak ebaluatzea eta arreta-plan indibidualizatua.

1.– Balorazio integrala eta arreta-plan indibidualizatuak egitea da arreta geriatrikoaren oinarria, eta adinentzako zerbitzuen filosofia arreta pertsonalizatu integralean oinarrituko da.

2.– Arreta-plan indibidualizatua (API) bakoitzaren beharrizanetara ahalik eta ondoena egokitzeko bermea ematen duen programazio indibiduala da, eta, hori gauzatzeko abiapuntua Oinarrizko Zerbitzuek egiten duten agiria izango da hau da, arreta pertsonalizatuko plana (APP), zeina zabaldu eta pertsonalizatuko baitute egoitza-zentroko langileek. APIan honako gutxieneko hauek adieraziko dira:

a) Balorazio geriatriko integrala (arreta-eremu nagusiak: sanitarioa, psikologikoa, soziala eta eguneroko jarduerak).

b) Gaitasunen, laguntza-beharrizanen, ohituren, lehentasunen eta nahien balorazioa.

c) Prebentzio- eta asistentzia-esparruan, helburu zehatzak planteatzea.

d) Helburuak lortzeko programak eta jarduerak zehaztea.

e) Jarduera horiek egitea.

f) Definitutako helburuen betetze-maila aldika ebaluatzea eta aldaketak eta helburu berriak planteatzea.

3.– Beharrizanen ebaluazioa egiteko, talde zehatz horretarako tresna balidatu eta egokituak erabiliko dira.

4.– Balorazio-prozesu adostua izango da beti, pertsona ardatz duten helburuak lortzera zuzenduko da eta, gabeziak eta gaixotasunak ez ezik, gaitasunak, funtzioak eta harreman positiboak ere ebaluatuko dira.

Diziplinarteko taldea aldika bilduko da, ahal dela astero, eta nahitaez hilean behin, arreta-plan indibidualizatuak planifikatzeko eta haien jarraipena egiteko. Hori guztiori API deritzon dokumentua dinamikoa eta bizia izan dadin, une oro erabiltzailearen egungo egoera jasoko duena.

Diziplinarteko taldearen osaerak bermatu behar du zentroak dauzkan arreta zuzeneko profesional guztiek parte hartzen dutela (arreta zuzeneko taldeko langile teknikoak, zaintzaileak eta gerokultoreak), nork bere lan-eremutik, API hori egiten.

APIa planifikatzen eta egiten parte hartzen duten profesionalak gutxietsi gabe, erabiltzaile bakoitzak bere APIaren xehetasunen berri izango duen erreferentziako pertsona bat izango du esleituta.

APIa egiteko, kontuan hartuko da egoiliarraren eta, kasuan kasu, senideen edo erreferentziako pertsonen parte-hartzea.

APIa idatziz emango zaio erabiltzaileari edo erreferentziako pertsonari, erabiltzaileak nahi badu. Ematen denean, argi azalduko da haren edukia.

Komenigarria da profesionalek erabiltzailea baloratzea lehen 15 egunen barruan.

Egoitzan benetan sartu eta bi hilabetera egingo da APIa.

5.– APIa urtero berrikusiko da, gutxien jota, edo erabiltzailearen egoeran aldaketa adierazgarriren bat egotearen ondorioz helburuak aldatu behar diren bakoitzean; erregistratuta geratuko dira egindako berrikusketak, barnean hartuta sartu eta hiru hilera egindako egokitzapenaren balorazioaren emaitza.

Profesionalek APIan urtean behingo berrikusketa batetik bestera egiten dituzten doikuntzak erregistratzeko sistema bat egongo da.

6.– Hilabetera heltzen ez diren aldi baterako egonaldietan, sarrera horiek izan behar duten arretarako gutxienekoak ezarriko dira; horretarako, «oinarrizko zainketen plana» izango da, arreta-eremu desberdinetako profesionalek egina, sartzen den unetik bertatik, eta horren guztiorren helburua izango da aldi baterako egoitzaratutako pertsonek kalitateko arreta bermatuta izatea.

32. artikulua.– Zentrotik ateratzeko aldia.

Adinekoentzako egoitza-zentroaren erabiltzailearen izaera galtzeak eragingo du zentrotik ateratzea, eta arrazoi hauengatik gal daiteke:

a) Borondatez uko egiteagatik, idatziz berariaz eta zalantzarik gabe eginda;

b) Hiltzeagatik;

c) Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean xedatutakoaren araberako zehapena izateagatik.

33. artikulua.– Langileen eta erabiltzaileen arteko harremanak.

Pertsona ardatz duen arreta integratuaren ereduarekin bat etorriz –kapitulu honetan jasoa–, eta egoitza-zentroan bizikidetza eta harremanak sustatzen direla kontuan izanda, jarduketa profesionalak doitu beharko dira, bereziki, dekretu honetan eta egoitza-zentroko arreta-proiektuan ezarritako jarraibideetara, eta, oro har, laguntza eskaintzen parte hartzen duten profesionalen kode deontologikoetan jasotako jarraibideetara, bai eta barne-araubidearen erregelamendura eta jardunbide egokien eskuliburura ere.

34. artikulua.– Arrisku-egoeretarako gidalerroak.

1.– Zentroak arduratuko dira erabiltzaileentzat beharrezkoak diren espazio fisikoak atontzeaz eta haientzako babes- eta kontrol-neurriez; batez ere pertsona horien baldintza fisiko edo psikikoengatik haien osotasunarentzako arrisku-egoerak aurreikus daitezkeen kasuetan. Horrela, besteak beste inor noraezean ibiltzeko edo ihes egiteko arriskurik sortuz gero, segurtasuna bermatuko duen espazio edo teknologia egokia jarriko da.

2.– Ahaleginduko da lotura fisikorik ez erabiltzen eta, horretarako, kontuan hartuko da arrisku kalkulatuaren maila jakin batzuk hartzeko aukera dagoela; baina, erabiltzailearen baldintza fisiko edo psikikoengatik haren edo gainerako erabiltzaileen osotasuna arriskuan jar daitekeela aurreikus daitekeen kasuetan, euste-neurriren bat erabili ahal izango da, beste aukerak baztertu ondoren eta betiere azken aukera gisa. Euste-neurri hori zentroaren jarduteko protokoloaren arabera aplikatuko da, medikuak agindu beharko du eta baimen informatua beharko du. Gainera, erregistratu egingo da erabilitako euste-mota, zergatik jarri den eta zelan berrikusiko den, arrisku-egoera pasatzen denean kentzeko.

3.– Era berean, portaera disruptiboak prebenitzeko eta halako portaerarik ez sortzeko teknikak aplikatuko dituzte profesionalek. Neurri horiek nahikoak ez direnean portaera horiei aurrea hartzeko edo halakoak kontrolatzeko, edo erabiltzailearen edo gainontzeko erabiltzaileen osotasunerako arriskua dakartenean, tratamendu farmakologikoa erabiliko da. Tratamendu hori medikuaren agindu berrikusgarri baten bidez emango da beti, eta erregistratu egingo da agindutako botika eta emateko arrazoia.

4.– Adinekoekiko tratu desegokiak eta tratu txar fisiko, psikiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta halakoak antzemateko prozedurak ezarriko dituzte zentroek. Horretarako, zenbait estrategia erabiliko dute:

a) Antolamenduan, hauek denak bultzatuko dituzte: errespetua, erabiltzaileen eskubideen sustapena eta defentsa, jardunbide egokien gidak, jardun-arauak eta jardun-protokoloak.

b) Langileei etikaren eta tratu onaren inguruko etengabeko prestakuntza emango diete.

c) Erabiltzaileak eta familiak sentsibilizatuko dituzte.

35. artikulua.– Antolaketa eta kudeaketa.

1.– Egoitza-zentroek argi ezarritako antolaketa- eta kudeaketa-eredu bat izango dute, hauek zehaztuta:

a) Nor arduratuko den kudeaketaz eta antolaketaz.

b) Zein diren profesional bakoitzaren egitekoak eta erantzukizunak.

c) Nolako funtzionamendua duen txanda-sistemak.

d) Nolako funtzionamendua duen erreferentziako profesionalaren sistemak.

2.– Egoitza-zentroek iradokizunak aurkezteko prozedura bat izango dute, baita kexatzeko prozedura bat ere, barnekoa eta kanpokoa, argi ezarria eta gaiaren arloko indarreko arauetara egokitua; erabiltzaileei eta, hala badagokio, senideei haren berri emango zaie.

3.– Egoitza-zentroek dokumentazioa prestatu, gorde eta eskuratzeko prozedura bat izango dute, baita erregistro administratiboetarako ere; datu pertsonalen isilpeko trataera bermatu behar dute, Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta babes berezia duten osasunari buruzko datuei dagokienez, osasun-arloko legeek xedatutako zehaztapenak bete behar dituzte.

36. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Egoitza-zentroek dokumentazio hau izango dute, eta fitxategi informatikoetan gorde ahal izango dute.

a) Egoitza-arretarako proiektua, hauek argi definituta:

– Egoitza-zentroaren helburuak eta egitekoak.

– Arreta-hartzaileen ezaugarriak.

– Arreta-ereduak.

– Zerbitzu-karta, bertan jasota zer prestazio eskaintzen den eta zer konpromiso hartzen den erabiltzaileekin eta senideekin, hala badagokio.

– Proiektua ebaluatzeko metodoa.

– Hautatzeko irizpideak eta baremoak.

b) Barne-araubidearen erregelamendua, bertan jasota zer arau aplikatu behar den egoitza-zentroan, eta eduki hauek aurkeztuta:

– Zerbitzuaren helburuak.

– Jasotzaileen ezaugarriak.

– Sartzeko eskakizunak.

– Edukiera (tokien kopurua).

– Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, edo, hala badagokio, legezko ordezkarienak, eta senideenak.

– Profesionalen eskubideak eta betebeharrak.

– Boluntarioen eskubideak eta betebeharrak.

– Barne-funtzionamenduaren arauak.

– Zehapen-araubidea.

– Bizikidetza-arau espezifikoak.

– Erabiltzaileek edo legezko ordezkariek demokratikoki parte hartzeko bideak.

– Onartzeko, baja emateko eta absentzietarako sistema.

– Eskaintzen diren zerbitzuen zerrenda, bertan zehaztuta zer sartzen den egonaldiaren prezioan eta zer den aukerakoa.

– Prezioak, egonaldiaren eta eskaintzako zerbitzuen kostua.

– Eskainitako zerbitzuen prezioa kobratzeko sistema.

– Iradokizunak, kexak eta erreklamazioak jasotzeko sistema.

– Bisita-ordutegia.

– Bisitetarako, irteeretarako eta kanpokoekin komunikatzeko araubidea.

– Erabiltzaileen parte-hartzea jarduerak planifikatzeko, eta, hala badagokio, parte hartzeko organoak ere sortuko dira.

– Interesdunei eta legezko ordezkariei araubidearen kopia eman behar zaie aurresarrera egiteko bisitan, eta jasota utzi.

c) Espediente indibidual bat erabiltzaile bakoitzeko, hauek barnean dituela:

– Betebeharrak adierazita dauzkan kontratua, zeina egoiliarrak edo legezko ordezkariak sinatuko baitute.

– Datu administratibo, sanitario eta sozial nagusiak.

– Beharrizanen hasierako ebaluazioa.

– Zainketa-plana.

– Arreta-plan indibidualizatua (API).

– APIaren jarraipena eta berrikusketa, planifikazio horren gaineko jarraipen- eta berrikusketa-dokumentuak.

– Hala badagokio, epai judizialak, egoitza-zentroko sarrera ontzat ematekoak.

– Hala badagokio, erabiltzailearen azken nahien dokumentua.

d) Profesionalei buruzko dokumentazioa.

– Profesionalen zerrenda, lan-kategoria eta asteko lanorduen kopurua.

– Langile bakoitzaren titulazioen kopia konpultsatuak.

– Lan-kontratuen kopia.

– Gizarte-segurantzaren kotizazioa egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

– Langileen urteko prestakuntza-plana, lanpostuari buruzko gaietakoa.

– Langile bakoitzak hartutako prestakuntza-orduen egiaztagiriak.

– Kontratatutako edo azpikontratatutako enpresen ziurtagiria, zer jarduera egiten duten adierazita.

– Elkargoko kide izan behar duten profesionalen elkargokidetzaren egiaztagiria.

e) Erregistroak:

– Erabiltzailearen alderdi garrantzitsuenei buruzko erregistroa.

– Erabiltzailearen osasun-historiala jasotzen duen osasun-erregistroa, barnean hartuta eguneratutako medikazioaren orria, gutxieneko hauek izango dituena: agindutako botikak, posologia, administratzeko modua eta hasiera- eta amaiera-datak.

– Botikak administratzeko erregistroa.

– Medikamentuen stocka eta iraungipena kontrolatzeko erregistroa.

– Botikak prestatzen eta administratzen izandako erroreen erregistroa, zerbitzu medikoari gorabeheraren berri eman beharra izanda.

– Higiene eta zainketa pertsonalaren erregistroa.

– Menuen erregistroa eta, behar izanez gero, ahorakinen erregistro indibidualak.

– Erabiltzaileen erorketen edo istripuen erregistroa, zentro barrukoak zein kanpokoak izan.

– Mugikortasunaren erregistroa.

– Langileek egiteko profesionaletan izandako istripuen erregistroa, zentro barrukoak zein kanpokoak izan.

– Eusteko baliabide fisiko eta farmakologikoak zer inguruabarretan ezarri diren jasotzeko erregistroa.

– Aurkeztutako kexa eta erreklamazioen eta erantzuteko hartutako neurrien erregistroa.

– Iradokizunen eta erantzuteko hartutako neurrien erregistroa.

– Bisiten erregistroa.

– Prebentzio-ekipamenduaren berrikusketen eta suteetako ebakuazioen erregistroa.

– Osasun-ikuskaritzen erregistroa.

– Erregai- eta elektrizitate-ekipoen ikuskaritzen erregistroa.

Erregistrook ordenatuta, zenbakituta, eguneratuta eta seguru egon behar dute, bermatu behar baita datuen konfidentzialtasuna; hala ere, ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira, beharrezkoa bada eta behar bezala justifikatzen bada.

f) Zaintzaileen gorabeheren sistema, euskarrri informatikoan zein liburu-eran, bertan jasota erabiltzaileen daturik adierazgarrienak eta berariaz adierazita nor izan den, zer-nolako gorabehera izan den (partea), zer ordutan izan den, eta behar diren gainerako oharrak. Horiek jasotzen dituen liburuak behar bezala zenbakituta egon behar du.

g) Gorabehera edo jarduketa sanitarioak (medikuenak, erizainenak) jasotzen dituen euskarri informatikoa edo liburua, behar bezala datatuta.

Bermatu behar da sistema bien edukia (gorabeheren sistemak edo liburuak) egokiro jakinarazten dela zentroko profesionalen artean.

h) Erabiltzaileen erregistroa, bertan jasota: altak, bajak, nolakoak izan diren (aldi baterakoak edo behin betikoak), arrazoiak, erabiltzaileen identifikazioa, data eta bestelako oharrak.

i) Gutxieneko hauek jasoko dituzten jarduketa-protokoloak:

Hasierako arreta-protokoloak:

– Aurresarrera-protokoloa.

– Sarrera-protokoloa.

– Egokitzapen-protokoloa.

Etengabeko arreta integralerako protokoloak:

Arreta biosanitariorako protokoloak:

– Egokitzapen terapeutikoa egiteko eta medikazioa kudeatzeko protokoloa.

– Presioaren ondoriozko ultzeretan jarduteko protokoloa.

– Tratu txarreko egoerak edo abusuak susmatu edo topatzen direnerako jarduera-protokoloa.

– Erorketak prebenitu eta tratatzeko protokoloa.

– Infekzioak prebenitu eta tratatzeko protokoloa.

– Asaldu psikomotorra prebenitu eta tratatzeko protokoloa.

– Oin diabetikoa/arriskua prebenitzeko eta tratamendua emateko protokoloa.

– Higienerako eta zainketa pertsonalerako protokoloa.

– Nutriziorako eta hidrataziorako protokoloa.

– Mobilizaziorako protokoloa.

– Kanporatze eta inkontinentzietarako protokoloa.

– Fisikoki lotzeko edo botikaz eusteko protokoloak.

– Larrialdi sanitarioetarako protokoloa.

– Kontsulta sanitarioetara laguntzeko protokoloa.

– Bizitzaren amaierako arreta emateko protokoloa.

– Orofaringeko disfagia prebenitzeko eta tratamendua emateko protokoloa – Komunikazioaren eta mintzairaren nahasmenduak prebenitzeko eta tratamendua emateko protokoloa.

– Lagin biologikoak laborategietara eramateko protokoloa.

Arreta psikosozialerako protokoloak:

– Gatazkak konpontzeko protokoloa.

– Etengabeko familia-arretarako protokoloa.

– Erabaki pertsonaletarako protokoloa.

– Ihesetarako protokoloa.

– Tratu txarretarako protokoloa.

– Fiskaltzarekiko arreta-protokoloak.

– Gogo-aldarte eta portaerarako protokoloa.

Amaiera-protokoloak.

– Bajetarako protokoloa (uko egitea, lekuz aldatzea).

– Heriotzetarako protokoloa.

j) Praktika onen eskuliburua; ezarrita egon behar du eta langileek ezagutu behar dute.

k) Kalitate-kudeaketarako plana, barnean hartuta prozesuen mapa, jarduteko prozedurak eta protokoloak, erabiltzaileenak, familiarenak, zerbitzuenak, giza baliabideenak eta eurei loturiko gutxieneko adierazleak.

l) Autobabeserako plana.

m) Arrisku anitzeko aseguru-poliza, kalte-ordainen estaldura bermatuko duena erabiltzaileen eta profesionalen edo hirugarrenen alde, baldin eta kalte-ordainak sortu badira egoitza-zentroan bertan izandako gertakarien edo egitateen ondorioz edo, zentroak antolatu eta zentrotik kanpo garatutako jardueren markoan bertako profesionalek edo erabiltzaileek garatutakoen ondorioz.

2.– Erabiltzaileen eskura jarri behar den dokumentazio guztiak euren ulermenaren arabera egokitutako idazkera bat izango du, eta komunikatzeko duten moduaren arabera egokitutako euskarrietan aurkeztuko da.

37. artikulua.– Betebeharrak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroek prezioen araubidea agerian, jendaurrean eta ondo ikusteko moduan jarri behar dute; eta, gainera, zentro pribatua bada, funtzionatzeko baimena dutela bermatzen duen agiria eta Administrazio eskudunari jakinarazi dizkioten tarifen agiria ere bai.

Jendaurrean jarritako prezio-tarifetan, zehaztuta egon beharko da zenbateko indarraldia duten bai zerbitzuak berak bai tarifa horiek ukitzen dituzten zerbitzuen multzoek.

Horretaz gain, erabiltzaileei faktura emango zaie ordaintzen duten unean, eta likidazioa egingo da zentroko egonaldiaren amaieran.

2.– Kontabilitate-araubidea:

Zerbitzua administratzeko, legez dagokien kontabilitate-araubidearen arabera jokatuko dute.

3.– Erabiltzaile bakoitzarekin edo legezko ordezkariarekin behar bezala egindako akordioa, bete beharreko edukiaren gainekoa eta kontratu bidezkoa, edo, hala badagokio, organo eskudunaren ebazpena.

Kontratu idatzia izango da, eta zentroa edo zerbitzua baimentzeko eskumena duen administrazioak onartutako ereduan egingo da. Ondorengo aldaketarik eginez gero, berdin egingo da.

Kontratuan, hauek behintzat jaso beharko dira: zentroko titularraren edo legezko ordezkariaren izena eta NANa; erabiltzailearen edo legezko ordezkariaren izena eta NANa, kontratatutako zerbitzuak, kontratatutako zerbitzuen prezioak, prezio eguneratuak, kontratuaren indarraldia, luzatzeko aukera eta ebazteko arrazoiak.

Horiekin batera, kontratuan, jasota utzi behar da erabiltzaileak edo legezko ordezkariak hauek jaso eta onartu dituela: barne-erregelamenduaren edukia, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren kartaren kopia, eta apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuak onartzen duen kexetarako eta iradokizunetarako araubidea.

4.– Iradokizun-ontzia.

38. artikulua.– Pribatutasuna.

1.– Egoitza-zerbitzu sozial guztietan, zorrotz errespetatuko da erabiltzaileen pribatutasuna. Alde horretatik, besteak beste, puntu hauek bete behar dira:

a) Baimenduta dago gelako atea itxita izatea, ez badira unitate psikogeriatriko edo soziosanitarioetakoak.

b) Langileek atea joko dute eta zain egongo dira sartzera gonbidatu arte.

c) Inola ere ezin izango da gela barrua ikusi, atea itxita badago.

d) Armairuak eta tiraderak giltzaz itxi ahal izango dira.

e) Baimena emango da gelan bisitak hartzeko.

f) Erabiltzaileek ez dute nahitaez eskatu behar kanpora ateratzeko baimena, horretarako ezarritako ordutegiaren barruan, ezta zertarako eta nora joateko den esan behar ere. Edonola ere, aurreikusita dago irteteak arriskurik lekarkiekeen pertsonak bereziki gainbegiratzea.

g) Erabiltzaileek beren tresnak izan ditzakete gelan, segurtasun pertsonala arriskuan jartzen dutenak izan ezik.

h) Erabiltzaileen intimitatea bermatuko da bainatu bitartean eta jantzi edo erantzi bitartean.

i) Logeletan garbitzeko dauden gelek eta gune komunetan garbitzeko dauden kabinek kanpoaldetik desblokeatzeko botoi-itxitura izango dute.

j) Erabiltzaileek telefonoa pribatuki erabili ahal izango dute.

Salbuespenez, nahasmendu psikikoak dituzten eta judizialki ezinduta dauden pertsonei dagokienez, gerta daiteke eskakizun honen aurreko puntuetako baten bat bete behar ez izatea, baldin eta euren segurtasun pertsonala arriskuan badago; dena dela, behar den errespetuaz eta tratu zuzenaz jokatuko da beti.

2.– Hala badagokio, banako logelak esleitzeko baremoan, ahal dela, saiatuko da itxarote-zerrendako antzinatasuna ez dadila beti izan esleipenerako irizpide bakarra.

3.– Administrazio eskuduna informatu beharra, adosten den maiztasunaz, alderdi hauei buruz:

a) Erabiltzaileen zerrenda eguneratua.

b) Gizarte-zerbitzuak ahalik eta ondoena planifikatu eta programatzeko xedez eskatzen diren datu estatistikoak.

IV. KAPITULUA
LANGILE-ESKAKIZUNAK

39. artikulua.– Kategoria eta erantzukizun profesionalak.

1.– Egoitza-zentroetako langileria profesional-talde batek eratuko du; behar beste profesional izango dira, eta behar besteko trebakuntza eta esperientzia izango dute, erabiltzaileek behar duten arretan erantzukizunak hartzeko eta eremuak garatzeko.

2.– Egoitza-zentroek langile hauek izango dituzte:

a) Zeharkako arretako langileak:

– Zentroaren zuzendaria: zentroaren ordezkaria da eta eginkizun hauei loturiko zuzendaritza-egitekoak dagozkio: zentroaren antolaketa, jardueren barne- eta kanpo-koordinazioa eta laguntzen gainbegiratzea. Bermatuko da zuzendariaren berehalako presentzia edo bera topatzeko aukera, eta, bera egon ezean, arduradun baimendu bat egongo da; arduradun hori zentroaren organigraman agertuko da.

– Administrazio-langileak: behar den laguntza administratiboa emango dute kudeaketako eta antolaketako dokumentazioa egin eta kontserbatzeko.

– Zerbitzu orokorretako langileak: egiteko hauek dagozkie: sukaldaritza, arropa-garbiketa, garbiketa, mantentze-lana eta harrera edo atezaintza.

b) Arreta zuzeneko langileak:

– Talde teknikoa. Barnekoa zein kanpokoa izan daiteke, arreta sanitarioaren, psikologikoaren, sozialaren, terapia okupazionalaren eremuak eta aurreikusitako gainerako eremuak estaltzeko. Gainera, podologiako eta ile-apainketako zerbitzuak egon daitezke. Unitate psikogeriatrikoetan, arreta zuzeneko langileek psikiatria- edo neurologia-zerbitzua ere izango dute.

– Zaintzaileen taldea. Profesionalek osatuko dute, eta erabiltzaileei eguneroko jarduerak egiteko ematen zaizkien laguntzen sistema eman, koordinatu eta gainbegiratuko dute.

3.– Profesional berak egiten baditu arreta zuzeneko profesional baten egitekoak eta zeharkako arretako profesional batenak, kontratuan ezarrita egon beharko da zenbat ordu emango duen eginkizun batean eta bestean.

4.– Lanpostu guztiak lanaldi partzialekoak izan daitezke, zentro-motaren eta zentroaren ezaugarrien arabera.

40. artikulua.– Trebakuntza profesionala.

1.– Zentroen zuzendariek unibertsitate-titulu ofiziala izan beharko dute, eta gainera prestakuntza osagarria ere izan beharko dute egina arlo hauetan: mendekotasuna, desgaitasuna, geriatria, gerontologia, egoitza-zentroen zuzendaritza, edo mendekotasunerako arretaren esparruari loturiko bestelako jakintza-arloak, salbu eta jada okupatuta dauden postuetan, zeinetan arduradunak sektorean gutxienez ere 3 urteko esperientzia izango baitu eta arestian aipatutako prestakuntza osagarria izango baitu.

2.– Arreta zuzeneko profesionalek titulazio ofizialak izan behar dituzte, nork bere espezialitatekoa, eta, legeak hala adieraziz gero, elkargokideak izan behar dute.

3.– Horrelako zentroetan zerbitzuak ematen dituzten arreta zuzenaren taldeko zaintzaileek eta gerokultoreek titulu eta ziurtagirien bidez egiaztatu behar dute gizarte-erakundeetan mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko trebakuntza profesionala dutela, urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera eta bera garatzen duten arauekin bat etorriz.

Horretarako, aintzat hartuko dira honako titulu eta ziurtagiri hauek edo gerora baliokideak direnak:

a) Erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariaren titulua –apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretua–, edo, baliokideak direnez, Klinikako teknikari laguntzailearen, Psikiatriako teknikari laguntzailearen eta Erizaintzako teknikari laguntzailearen tituluak (apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretua)–, edo, hala badagokio, argitaratu eta ondorio profesional berak dauzkan beste edozein titulu.

b) Mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko teknikariaren titulua –azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretua–, edo, baliokidea denez, Arreta soziosanitariorako teknikariaren titulua –maiatzaren 2ko 496/2003 Errege Dekretua–, edo, hala badagokio, argitaratu eta ondorio profesional berak dauzkan beste edozein titulu.

c) Gizarteratzeko goi-mailako teknikariaren titulua –uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretua–, edo, baliokidea denez, abenduaren 22ko 2061/1995 Errege Dekretuan ezarritako Gizarteratzeko goi-mailako teknikariaren titulua, zeina ezarri baitzen 2017ko abenduaren 30ean zaintzaileen edo gerokultoreen lanbide-kategorian lan egiten zuten profesionalentzat –Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluaren eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Erabakia, 2017ko urriaren 19ko BOE–.

d) Mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan emateko profesionaltasun-ziurtagiria –abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretua–, edo, hala badagokio, argitaratu eta ondorio profesional berak dauzkan beste edozein ziurtagiri.

41. artikulua.– Profesionalen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroetako profesional guztiek, sistema publikokoak izan zein ez, bermatuta izango dituzte bai ordenamendu juridikoak aitortutako eskubideak, bai Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan araututako eskubideak.

2.– Adinekoentzako egoitza-zentroetako profesional guztiek bete beharko dituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 12. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan araututako betebeharrak.

42. artikulua.– Langileentzako betebehar espezifikoak.

1.– Egoitza-zentro guztiek hauek izan behar dituzte:

a) Aldizkako langile-bilerak: ahal dela, astero; nahitaez, hilean behin, gutxienez.

b) Egoiliarrei dagokienez, langileek eskura izango dute praktika onen eskuliburua, propioa edo asimilatua.

c) Arreta indibidual zuzenerako programak; bertan esleituko zaio egoiliar bakoitzari erreferentziako profesional bat.

d) Langileek jarduteko protokoloak.

e) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak adierazitako eskakizun espezifikoak beteko dira, bai eta lege hori garatzen duten gainerako arauak ere, eta, batez ere Laneko osasunaren eta segurtasunaren arloko gutxieneko xedapenei buruzko apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretua.

f) Enplegurako prestakuntza, lanpostuko berariazko eginkizunei loturikoa, bai eta Berdintasunekoa eta generoaren arlokoa ere.

43. artikulua.– Langile/egoiliar ratio orokorrak.

Langile/egoiliar proportzioa edo ratioa ezartzeko, hauek hartuko dira kontuan:

1.– Zenbatzaile gisa: alde batera utzita lan-ezaugarriak eta kontratu-mota (finkoa, behin-behinekoa edo ordezkoa, dedikazio osoa edo partziala, lan-zerbitzuen kontraprestazioa, etab.), langileek lanean emandako guztirako orduen kopurua zatituko da lan-hitzarmenean, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuan ezarritako urteko orduen kopuruaz.

2.– Izendatzaile gisa: egoitzan okupatuta dagoen tokien kopurua.

3.– Gutxieneko langile/egoiliar proportzioa edo ratioa hau izango da langile-multzo bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

4.– Mendekotasun-mailak hemen ezarritakoak izango dira: autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea. 0 mailak mendekotasunik ez duten egoiliarrak identifikatuko ditu.

5.– Egoitza-zentroak zeharkako arretarako langile propioak edo kanpokoak izan beharko ditu zentroaren eta instalazioen higienea, janari-prestaketa, garbiketa, desinfekzioa eta mantentze-lana bermatzeko.

44. artikulua.– Boluntarioak, praktika akademikoak edo profesionalak eta ikerlanak.

1.– Egoitza-zentroaren ardura duen entitateak baimena eman dezake boluntarioek erabiltzaileei konpainia egin diezaieten. Inola ere ezin izango dira zenbatu langile/egoiliar ratioa betetzeko.

Boluntarioen parte-hartzea boluntariotza-entitateen bitartez artikulatu beharko da beti, aurretiaz lankidetza-hitzarmena sinatuta; nolanahi ere, ez da lankidetza indibiduala onartuko inola ere. Lankidetzan jarduten duten boluntarioek Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen eskakizunak bete behar izango dituzte; profesionalekin lankidetzan jardungo dute, beren prestakuntza-prozesua aberastearren, eta ezin izango dituzte inola ere taldearen eginkizunak osatu edo ordeztu.

2.– Egoitza-zentroaren ardura duen entitateak baimena eman dezake praktiketako pertsonak hartzeko, praktika akademikoetan zein profesionaletan jarduteko.

3.– Halaber, egoitza-zentroko ikerketa-lanak egiteko baimena eman diezaieke ikerketa sozialean espezializatutako entitate publikoei eta pribatuei eta, nolanahi ere, egoera indibidualei buruzko informazioa isilpekoa dela bermatuko da. Ikerketa horietan, erabiltzaileek parte hartu behar badute edo erabiltzaileei buruzko informazio indibiduala eskuratu behar bada, ukitutako pertsonen berariazko baimena beharko da edo, kasuan kasu, legezko ordezkariena.

V. KAPITULUA
HOMOLOGAZIOA

45. artikulua.– Homologazio-irizpideak.

8.3 artikuluan adierazitakoaren arabera homologatuak izateko, entitate pribatuen mendeko egoitza-zentroek irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan ezarritako lehentasun eta helburuetara lerratutako helburuak, programak eta jarduerak izatea.

b) Administrazio eskudunak ikuskaritzetan gomendatutako hobekuntzak betetzea, gizarte-zerbitzuei buruzko arauak hautsi ez baina hobegarritzat jotzen diren alderdiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren 38.2.e) artikuluarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Dekretu honetan edo bera ordezten duen araudian xedatutakoa betetzen duten egoitza-zentroek egiaztapena izango dute, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 34. artikuluari begira.

2.– Funtzionamendu-baimena ematen duen ebazpenean deklaratuko da egiaztapen hori.

3.– Dekretu hau indarrean jartzen den egunean jardunean dauden egoitza-zentroei, funtzionamendu-baimena badute, egiaztapena emango zaie aplikazio-eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, lehen xedapen iragankorrean ezarritako epeen barruan.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Jardunean dauden egoitza-zentroak egokitzeko epeak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroen titularrak diren entitate pribatuek, dekretu hau indarrean sartzen denean jardunean badaude eta Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren babespeko funtzionamendu-baimena badute, 2 urteko epea izango dute, egun horretatik aurrera, arau honetan xedatutakoa betetzeko, II. kapituluan araututako eskakizun materialak izan ezik.

2.– Adinekoentzako egoitza-zentroen titularrak diren entitate publikoek, dekretu hau indarrean sartzen denean jardunean badaude, 2 urteko epea izango dute, egun horretatik aurrera, arau honetan xedatutakoa betetzeko, II. kapituluan araututako eskakizun materialak izan ezik.

3.– Aurreko zenbakietan adierazitako 2 urteko epe hori iraganda, egoitza-zentro horien entitate titularrek ez badituzte bete aplikatu beharreko eskakizun horiek, Administrazio eskudunak zentroaren baimena erreboka dezake.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren baimenak eta eraikitzen ari diren egoitzak.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroak sortu, eraiki, instalatu edo aldatzeko baimenak, aldez aurretikoak eta funtzionamendukoak dekretu hau indarrean jarri baino lehenago eskatu bazaizkio Administrazio eskudunari, Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretua beteko da eskaera horietarako. Arau hori berori ezarriko zaie titulartasun publikoak diren adinekoentzako egoitza-zentroei, baldin eta oinarrizko proiektua elkargoak ikus-onetsita badago, eta udalean aurkeztuta.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako baimen-eskaerek aldeko ebazpena badute, adinekoentzako egoitza-zentroen entitate titularrek 2 hileko epea izango dute, aldeko ebazpena jakinarazten zaienetik aurrera, arau honetan xedatutakoa betetzeko, II. kapituluan araututako eskakizun materialak izan ezik.

3.– Entitate publikoek ere 2 urteko epea izango dute, egiaztatze-bisitako txostenaren egunetik aurrera, arau honetan xedatutakoa betetzeko, II. kapituluan araututako eskakizun materialak izan ezik.

4.– Lehenengo zenbakian ezarritako 2 hileko epea igarota, adinekoentzako egoitza-zentroen entitate titularrek aplikatu beharreko eskakizunak bete ez badituzte, Administrazio eskudunak zentroa itxiko du.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Homologazioa.

1.– Adinekoentzako egoitza-zentroen entitate titularrek, dekretua indarrean jartzen den egunean edozein euskal administrazio publikorekin hitzartuta edo itunduta egonez gero, Administrazio eskudunari nahitaezko homologazioa eskatu beharko diote arau hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, aldez aurretik dekretu honen V. artikuluan ezarritako irizpideak beteta.

2.– Ordura arte, eta eskabidea ebazten den bitartean, itunduta duten araubidea betetzen jarraituko dute.

3.– Urtebeteko epea igarota, entitate titularrek ez badituzte homologatzeko irizpideak bete, edo, bete arren, homologazioa eskatu ez badute, Administrazio eskudunak dagoen hitzarmen- edo itun-araubide hori hutsalduko du.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerbitzuari loturiko prestaziorako egiaztatuta dauden eta titulartasun pribatua duten jarduneko etxebizitza komunitarioak.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren arabera baimenduta dauden titulartasun pribatuko etxebizitza komunitarioek, horretaz gain zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoaren onuradunei zerbitzuak emateko egiaztapena ere badaukate eta dekretu honen 3. eta 5. artikuluetan definitutako pertsonei arreta eman nahi badiete, bi urteko epea izango dute, dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, egiaztatzeko arau honetan xedatutakoa betetzen dutela, II. kapituluan araututako eskakizun materialak izan ezik.

Bi urteko tarte horretan, etxebizitza komunitarioek 3. eta 5. artikuluetan definituta dauden pertsonei arreta ematen jarraitu ahal izango dute, baldin eta zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoaren onuradunei arreta ematen ari bazaizkie dekretua indarrean jartzen den egunean. Halaber, pertsona horiek prestazioa jasotzen jarraitu ahal izango dute.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Egoitza-zentroen hartzaileak eta pertsonen adina.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean, egoitza-zentroen erabiltzaileak diren 60 urtetik gorako adinekoek bertan bizitzen jarrai dezakete.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan emateko profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko eskakizunak.

Profesionaltasunei buruzko eskakizunak 2017ko abenduaren 31n jarriko dira indarrean, edo, edonola ere, ezohiko gaikuntzako eta behin-behineko gaikuntzako prozedurak amaitutakoan –Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakiaren bidez ezarri ziren prozedura horiek, Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentroen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapenak egiteko irizpide komunei buruzko erabakia baita–, eta lan-esperientzia egiaztatzeko prozesuak ere amaitzen direnean, edo profesionaltasun-egiaztagiriei edo lanbide-heziketako tituluei loturiko prestakuntza-programak amaitzen direnean lehenago hasita badaude eta ondorengo eta 2022ko abenduaren 31ra arteko deialdietakoak badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu hau indarrean jartzeaz batera, indargabetuta geratuko dira hemen xedatutakoaren aurkakoak diren eta maila bera edo beheragoko maila duten xedapen guztiak, eta, batez ere, Adintsuentzako Etxeetako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuan eta ondoren egindako aldaketetan adierazitako arauak, tutoretzapeko apartamentuei eta etxebizitza komunitarioei buruzkoak izan ezik.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala