Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2019ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4066

AGINDUA, 2019ko uztailaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko aukera arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak autonomia-erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren (EK) 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». EKren 7. artikuluak erakunde sindikalak aipatzeak «Espainiako sistema konstituzionalaren oinarrizko osagai» (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Auzitegi Konstituzionalaren Epaia) direla aitortzen die. Aitorpen konstituzional horren bidez, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak, alderdi politikoekin batera (EKren 6. artikulua), zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoaren oinarria dira, EKren arabera.

EKren 7. artikuluaren aitormenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei esleitzen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakundeok beren afiliatuak ordezkatu eta babesten dituzte, baina baita gainerako langileak ere.

Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. EKren 7. artikulu horrek berak zehazten du erakundeon helburuen berariazkotasuna. Manu horren arabera, «Langileen sindikatuek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak sindikatuen helburu zilegien askotarikotasuna dakar. Helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo soziopolitikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.

Erakunde sindikalen izaera bereziaren isla da gainerako elkarteenaz bestelako erregimen juridikoa edukitzea. Erregimen juridiko hori EKren 28.1 artikuluan eta Sindikatu-askatasunaren Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. EKren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.

Erakunde sindikalen finantzaketa-bideetako bat, hala nola enpresaburuen elkarteena, dirulaguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.

Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoki laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezakete bi alderditan, banakoarenean eta kolektiboarenean. Banakoaren askatasuna urratu dezake, sindikatu-askatasunari eragin diezaiokeelako, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboaren askatasuna urratu dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.

Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, EK-k aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.

Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu administrazio publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Ildo horretatik, lan-arloko eskumenak izan dituzten Sailek eta, gaur egun, Lan eta Justizia Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntzak eman izan ohi dizkie zentral sindikalei, betiere zentral sindikalaren berezko helburuen barruan jarduerak betetzen badituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen aurrekontu-luzapenean kreditu bat ezartzen da erakunde sindikalentzat 12. Sekzioan Lana izeneko 3112 Programan. Erakunde sindikal guztiek garatzen dituzten jardueretarako dirulaguntzak emateko da, haien ordezkaritza mailaren arabera.

Dirulaguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2018ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela dirulaguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Adierazitako zentzuan, sindikatu-ordezkagaitasuna erreferentziazko eta beharrezko faktorea da dirulaguntza hauek zehazteko, izan ere Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen baitu sindikatuaren entzunaldiaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateraturako hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horretako 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7, 9.2 eta 129. artikuluak betez.

Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagaitasuna erabiltzen dela sindikatuek herri-administrazioetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako dirulaguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.

Era berean, Agindu hau 2019. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan dago. Aipatutako plana Lan eta Justiziako sailburuaren 2019ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, eta sailaren webgunean argitaratu zen.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan eta 84/2017 Dekretuan, apirilaren 11koa, Lan eta Justizia sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena 3.2.c) artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2019ko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako ohiko gastuak finantzatzeko eta sindikatu horien bulego eta zerbitzuen funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako Luzatutako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 880.000 euro ordainketa-kreditu gisa, eta 220.000 euro 2020rako konpromiso-kreditu gisa.

2. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko abenduaren 31n ordezkaritza duten eta 2019. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2018ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakunde sindikalak.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 eta 50.5 artikuluetan zehaztutakoaren arabera:

– entitate onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

– titulu honetan erregulatutako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoek edo juridikoek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoek ere.

4.– Hala ere, salbuespen izan daitezke araudi hori kontuan hartzen ez duten dirulaguntza motak.

5.– Erakunde eskatzaileek eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak betetzen dituztela.

3. artikulua.– Izapidetze telematikoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen deialdiarekin lotutako eskabideak, errekerimenduak eta jakinarazpenak izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sindikatuentzako-dirulaguntzak-2019-ordezkaritzarengatik/web01-tramite/eu

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakian egin beharko da.

2.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailatuta badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.

b) Sinatzailea identifikatzea, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko, eta ordezkotza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

c) 2018. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

3.– Sindikatuak bere ardurapean egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

– Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, izapidetzen ari badira.

– Erakunde eskatzaileak ez daukala ezarrita laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez daukala legez debekatuta halakorik eskuratzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta.

– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela, erregelamenduz ezarritako eran.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritako beste ezein inguruabarretan sartuta eta ez daukala beste debekurik.

– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen direla dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

4.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak egunean eta Identifikazio Fiskaleko Kodearen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe.

Interesdunek zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, baldin eta erakunde eskatzailearen egoitza EAEko Administrazioarekin elkarreragingarritasun akordiorik ez duen erkidego batean badago.

6. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Dirulaguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68 artikuluetan xedatutakoa betez.

7. artikulua.– Dirulaguntza erabakitzeko irizpideak.

Agindu honen helburu diren dirulaguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2018ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera, eta muga ezarriko du diruz lagundu daitezkeen egiaztatutako gastuen araberako zenbateko errealak.

8. artikulua.– Bateragarritasuna, beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak dirulaguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Lan eta Justiziako Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren berariazko ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Ebazpena, gehienez ere, 4 hilabeteko epean eman beharko da baita pertsona interesdunei jakinarazi ere, Aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen berariaz jakinarazi, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde sindikal interesdunei eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko helburua betetzat hartu bada, eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzat hartu badira, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako dirulaguntza batzuk metatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan-kasuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria (2019. urtean eginiko jarduerak eta gastuak azaltzen dituena) igorri beharko diote Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari, 2019ko azaroaren 22a baino lehen. Memoria horretan, jarduera –gutxienez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez– burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

Halaber, jasotako dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, gelditzen den zati horren justifikazioa 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arte egin beharko da, eta memoria bat aurkeztu beharko da.

Memoria horiei erantsiko zaizkie ohiko eta funtzionamenduko gastuen zerrendari –nominak, fakturak, eta abar– dagozkion jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak, eta hala badagokio pertsonalaren justifikazioa egiaztatzen duten kotizazioko boletinen TC dokumentuak.

2.– Konpromisozko bermeen bidez dirulaguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu. Ildo horretan, dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek dirulaguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.

3.– Halaber, erakunde sindikal onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, Agindu honetako 11. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, alegia, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu osteko ordainketari dagokiona, 2020rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

Entitate eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

13. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

2.– Erantzukizunen erregimena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Halaber, dirulaguntzen itzulketa-kausei dagokienez, honako araua aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 11.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala