Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2019ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4065

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako 2019ko laguntzetarako.

Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, ezagutzaren edozer eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezela sustatzeko laguntzak arautu dira.

Era berean, agindu honetan aipatzen diren laguntzek lagunduko dute Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei dirulaguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien dirulaguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da; halaxe xedatu baita, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publikotasun-printzipioa betetze aldera, Hezkuntza Sailak egingo du egin beharreko deialdia. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen xedea da Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak 2019rako deitzea.

2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Diruz laguntzekoak diren jarduerak hasi beharko dira eskabidea aurkeztu den egutegiko urtean, eta garatu ahal izango dira hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ra arte.

3. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztu beharko dute eskabide-orria (I. eranskina).

Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/bozi/y22-izapide/eu

2.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta.

Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

4. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

118/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, II., III. eta IV. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.

5. artikulua.– Finantzazioa.

1.– 930.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Hona jarduera-mota bakoitzaren zenbateko erabilgarri maximoa:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 200.000,00 euro.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 525.000,00 euro.

c) Esperimentazio-proiektuak: 205.000,00 euro.

3.– Erakunde onuradunak laguntza onartu ondoren, lehenengo ordainketa egingo da; emandako dirulaguntza guztiaren % 45. Ondoren, diruz lagundutako proiektuko jarduera guztiak amaitu eta, 2 hilabeteko epe maximoaren barruan, azken txostena jasotzean, dirulaguntzaren beste % 55a ordainduko da, hala xedatuta baitago 118/2019 Dekretuaren 18.1.b) artikuluan.

4.– Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak; eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.

Finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastu; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia; eta lokalen alokairua edo amortizazioa.

5.– Hona hemen jarduera-mota bakoitza finantzatzeko zenbateko maximoak:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: gehienez ere 35.000 euro, 12 hileko zerbitzuko eta bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz arituko den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Bitartekaritza-zerbitzua 12 hileko epean baino denbora gutxiagotan egiten bada, gehieneko zenbatekoa hainbanatuko da.

c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.

6. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Kapitulu honetako prozeduretan aurkeztutako eskaeretan eta dokumentazioan agertzen diren datu pertsonalak ebazpen honen arloan eskumena duen Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak, arduradun gisa, tratatuko ditu, eta «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategian sartuko dira. Datu pertsonalen aipatutako tratamenduaren xedea izango da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea. Xede hori horien interes publikoan eta horietan parte-hartzeko eskaeran oinarrituta dago.

Datuen sarbide-, zuzentze-, ezerezte-, eta transferitze-eskubideak, horiek mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak, eta datuen tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko, hala dagokionean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren lehenengo 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Bi hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
BIZITZA OSOAN ZEHAR EGITEN DEN IKASKUNTZARI LOTUTAKO JARDUERAK EGITEKO LAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTU-MOTA: PRESTAKUNTZA-JARDUERA ESPEZIFIKOAK
EBALUAZIO-IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROIEKTU-MOTA: IKASKUNTZAKO BITARTEKARITZA-ZERBITZUAK
EBALUAZIO-IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTU-MOTA: ESPERIMENTAZIO-PROIEKTUAK
EBALUAZIO-IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala