Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2019ko abuztuaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3975

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita honako proiektu honi buruz: 24 MW-ko planta fotoboltaiko berri bat instalatzea, Arasurren, Erriberabeitian (Araba).

EGITATEAK

2019ko urtarrilaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, honako hau zela ebaluazio-xede: Arasurren, Erriberabeitian, 24 MW-ko planta fotoboltaiko berri bat instalatzeko proiektua, Ekhin Energía AIE sozietateak sustatzen duena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektuak adierazitako prozedura jarraitu behar du aipatutako arauaren 7.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarri bezala, 2019ko apirilaren 10ean, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez zehazte aldera.

Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzari eta Hirigintza eta Ingurumen Zuzendaritzari (bi horiek Arabako Foru Aldundikoak), Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Arabako Ekologistak Martxan elkarteari, Arabako Natur Institutuari, Natura Defendatu eta Ikertzeko Arabako Taldeari (GADEN) eta Eguzkizaleak Elkarteari.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso ziren: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak; eta Uraren Euskal Agentzia eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzaren Arkeologia eta Museo Zerbitzua. Kontsulten emaitza espedientean jasota dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Hain zuzen, aipatutako II. eranskinaren 4. multzoko i) epigrafean dago jasota Arasurren, Erriberabeitian, 24 MW-ko planta fotoboltaikoa instalatzeko proiektua. Beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arasurren, Erriberabeitiko udal-barrutian, 24 MW-ko planta fotoboltaiko berria instalatzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, hemen jasotzen diren baldintzetan:

A) Proiektuaren helburua da 24 MW-ko planta fotoboltaiko bat instalatzea Erriberabeitiko udal-barrutian, Arasurreko plataforma logistikoaren alboko industria-lurzoru urbanizagarrietan.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

A) Proiektatutako instalazio fotoboltaikoak 48 ha-ko azalera hartzen du eta silizio polikristalinoko 67.620 modulu edo panel fotoboltaiko ditu. Panel horiek lurzoruan finkatzen dira altzairu galbanizatuko profilen bitartez, tinkatuta, zimendurik jarri gabe. 4 gune ezarriko dira outdoor inbertsio-soluzioetarako. Gune horiek elementu hauek izango dituzte: 2 inbertsore fotoboltaiko, 600 kVA-ko igotze-transformadore 1 eta MT babespen gelak. Era berean, sare elektrikoarekin konektatzeko lurpeko 2 linea aurreikusten dira energia ebakuatzeko, 900 m-koak eta 30 kV-ko tentsioarekin. Linea horiek banaketa independenteko sarearen bi puntutan konektatuko dira, eraikin berriko ebaketa-zentroan bertan. Urteko 41.713 MWh-ko elektrizitate-ekoizpen garbia aurreikusten da.

Ur-hornidura eta saneamenduko sareen konexioa Arasurreko Plataforma Logistikoaren lehen fasearen barneko saretik egingo da, Rivagudarako A-4304 errepidearen eta sektorean aurreikusi den ibilgailuentzako bidearen trazatuei jarraikiz.

Honako hauek dira inpaktuak ekar ditzaketen proiektuaren jarduerak:

– Panel fotoboltaikoak instalatzea. Lurra mugitu beharko da lurzorua lautzeko. Hala ere, lurren balantzea zero inguru izatea espero da. Instalazioa egiteko 2,00 metroko garaierako itxiera perimetrala egin beharko da.

– Kontrol-eraikin bat eraikitzea, 260 m2-koa, proiektuaren lursailaren hego-mendebaldeko muturrean. Bulegoak, bilera-aretoa eta komunak izango ditu.

– Bidegurutze bat eraikitzea A-4304 errepidearekin, plantara errepidetik iritsi ahal izateko. Horretarako, lurrak mugitu beharko dira, lubetak, lur-berdinketak eta artekak egiteko.

– Lursaila urbanizatzeko lanak egitea. Lan horiek A-4304 bidegurutzetik hasiko dira, eta 50 metroko luzera duen bidea egingo da, aparkatzeko bandarekin, barne-bideekin eta espaloiekin.

– Zerbitzuetako sareak eta harguneak ezartzea Arasurreko Plataforma Logistikotik, lursailetik 1.000 m ingurura kokatutako puntu batean (euri-uren sarea, ur beltzen sarea, argiteria-sarea, hornikuntza, telekomunikazioak eta hargune elektrikoa). Horien trazatu gehiena AP-68 errepideko zerbitzu orokorren bandatik igaroko da.

– 1.500 mm-ko diametroko mikrotunel bat eraikitzea (hormigoi armatuko hodia), zerbitzuen harguneek AP-68 eta A-4304 errepideak zeharkatu ahal izateko.

– Bide perimetral bat eraikitzea, egun lursaila zeharkatzen duen eta Ribaguda N-1 errepidearekin lotzen duen landako bidea ordezkatzeko. Errodadura-gainazala zabor-legar edo antzeko materialarekin tratatuko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren lursaila Ribabellosa herriaren hegoaldean dago kokatuta. Iparraldetik, AP-1 autobideak mugatzen du; mendebaldetik, AP-68 autobideak eta Arasurreko Pataforma Logistikoak; eta hegoaldetik, Madril-Irun trenbideak. A-4304 errepideak lursailaren hego-mendebaldea inguratzen du.

Lursailak 55,40 ha-ko azalera dauka eta instalazio fotoboltaikoak 48 ha-tik gorako azalera hartuko du. Lursailaren azalera gehiena zerealen kultiboek okupatzen dute, baina eremuko puntu zehatz batzuetan, zuhaitza- edo zuhaixka-orban txiki batzuk ere badaude. Horietan, Europar Batasunaren intereseko habitat hauek kontserbatzen dira, fase degradatuan: Quercus faginea-ren eta Quercus canariensis-en harizti iberiarrak (EB kodea: 9240), eta Brachypodium retusum espeziearen larre xerofiloak (EB kodea: 6220). Habitat horiek eta zereal-laboreek fauna-espezie batzuentzako habitat egokia dira, tartean, mirotz zuriarentzako. Era berean, bizi-eremu egokia da mendebaldeko zingira-mirotzarentzako, arrano sugezale europarrarentzako eta arrano txikiarentzako, besteak beste.

Eremuan ez dago ur-ibilgurik, ezta hezegunerik ere. Gertuen dagoen ibaia Zadorra da eta aipatutako kokalekutik 650 metrora igarotzen da; Natura 2000 Sarean dago sartuta ibai-tartea, Zadorra ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) dela. Lursaila eta ibaiaren artean zereal-zelaiak eta bide-azpiegiturak daude. Ez du interes hidrogeologikorik.

Proiektuaren eremua lehorreko nekazal-paisaia da, arrunta, ingurune antropizatua, eta ez du aipatzeko moduko baliorik. Ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezi eta Apartekoen Katalogoan eta ez da inolako korridore ekologikoren parte.

Ez dago lurzoru kutsatuen frogarik eta akuiferoen kutsatzeko arriskua ertaina da partzelaren zati handienean; hala ere, urrakortasun oso handiko bi eremu oso txiki daude.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egindako txostenaren arabera, interes arkeologikoko bi gune daude lursailean: El Altako eta Montegrandeko etxola-hondoko kokalekuak. Gune horiek babestea proposatu da, aire zabaleko historiaurreko kokaleku baten ebidentzia materialak daudelako bertan.

Gertuen dagoen biztanlegunea Ribagudan dago, eremutik hego-ekialderantz 650 metrotara. Ribagudaren eta lursailaren artean trenbidea eta laboreak daude.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektatutako jardueren ezaugarriak eta proiektuaren eragin-eremua kontuan hartuta, aurreikusi daitezkeen efekturik esanguratsuenek zerikusia dute lur-mugimenduekin, Europar Batasunaren intereseko habitaten kokaguneen galerarekin, ondare kulturalak obra-fasean paira ditzakeen kalteekin eta ustiapen-faseko paisaia-inpaktuekin. Instalazioaren eraikuntza-ezaugarriak direla eta, jarduera eten eta gero eremua gaur egungo egoerara itzultzeko aukera dago.

Ezabatu beharreko landareriaren azalera 1,6 ha-koa da guztira, eta zuhaixka moduko erkametzeko orban isolatuak (Quercus faginea) daude. Zuhaixka horiek laboreen erdian hazten dira eta gunearen baso klimazikoaren fase degradatuak dira. Proiektuak landareztatze-jarduerak barne hartzen ditu guneko berezko landare-espezieekin, 61.564 m2-ko azaleran, instalazioaren perimetroan, orban horien galera konpentsatzeko.

Horrez gain, ezarpen berriak inpaktua izango du eremuko balio paisajistikoetan, instalazioaren tamainagatik eta lursaila inguratzen duten bide-azpiegituretatik dagoen irisgarritasun bisualarengatik. Hala ere, kontuan izan behar da paisaia arrunta dela, kalitate paisajistiko txikikoa, eta instalazioak apantailamenduko neurri zuzentzaileak onartzen dituela.

Ondare kulturalak eragin nabarmena paira dezake, parte batzuk galdu edo hondatu ahal direlako. Izan ere, eremuan balizko arkeologia gune bi daude, lehenago adierazi den bezala. Beraz, prebentzio-neurriak hartu beharko dira hori ekiditeko.

Kontuan hartzeko moduko beste eragin batzuk da nekazaritza- eta ekologia-produktibitatea galtzea, laborantzako lursail bat okupatzearen ondorioz. Dena den, gune urbanizagarri industriala da eta ez da balio estrategiko handiko eremutzat hartzen Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean.

Azkenik, balizko inpaktuen artean kontuan hartu behar dira giza-osasunaren eta atseden publikoaren gaineko eragin zuzena edo zeharkakoa; hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, etab. Hala ere, eremua ez dago biztanleguneetatik gertu.

Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zein neurri osagarriak biltzen ditu, proiektuak sor ditzakeen inpaktuei dagokienez. Neurri horiek barne hartzen dituzte irailaren 7ko Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuaren 253/2018 Foru Aginduak ezarritako baldintzak. Foru Agindu horrek Erriberabeitiko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (I10/S sektorean eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko) ingurumen txosten estrategikoa ematen du.

Aipatutako inpaktuak mugatu, gutxitu edo txikiagotzeko dira neurri horiek, eta obra-fasean nagusiki garatu beharreko gomendioak eta jarduerak dira. Besteak beste, honelako neurriak jasotzen dira: lurzorua eta baliabide hidrikoak babesteko neurriak, bertan bizi daitekeen fauna babestekoak, argi- eta soinu-kalitatea zaintzekoak, sortutako hondakinak behar bezala kudeatzekoak, eta landaredia-inpaktuentzako neurri zuzentzaileak, eta ingurumen-egoera lehengoratzera eta proiektua paisaian integratzera bideratutakoak.

Nolanahi ere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri hauek guztiak (ingurumen-dokumentuaren 10. apartatuan jasotako ingurumen-egoera lehengoratzeko eta paisaian integratzeko neurriak barne) obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

1.1.– Erkametza (Quercus faginea) erabiliko da instalazioaren perimetroko gune berdeak landareztatzeko, ingurumen-dokumentuaren 10.7 apartatuan ezartzen den bezala. Hortaz, zuzendu beharko da zurbeltz espezieari (Quercus ilex rotundifolia) egindako erreferentzia, dokumentuaren 10.6. apartatuan eta ingurumena lehengoratzeari buruzko ingurumen-dokumentuaren 15. planoan.

1.2.– Ingurumen-dokumentuaren 10. apartatuko landaketa-esparruak berrikusiko dira, aleen arteko tartea doitzeko 2-3 m-ra zuhaitzetan eta 1 m-ra zuhaixketan, irailaren 7ko Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuaren 253/2018 Foru Aginduak ezarri bezala. Foru Agindu horrek Erriberabeitiko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (I10/S sektorean eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko) ingurumen txosten estrategikoa ematen du.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira.

2.2.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

2.3.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legean (ekainaren 25eko 4/2015) ezarritakoa bete beharko da.

4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea. Apartatu honetako 11. zenbakian zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makinariaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.

5.2.– Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

6.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Apartatu honetako 11. zenbakian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

6.4.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

6.6.– Sortutako olio erabilia 679/2006 Errege Dekretuak, ekainaren 2koak, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere jariakin kontrolatu gabeak sortuko. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

7.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.

7.2.– Interes arkeologikoko bi gune inbentariatu dira proiektuaren eremuan: El Altako eta Montegrandeko etxola-hondoko kokalekuak. Gune horiek babestea proposatu da, aire zabaleko historiaurreko kokaleku baten ebidentzia materialak daudelako bertan. Beraz, lursailean esku hartu aurretik, orubearen balio arkeologikoari buruzko ikerketa egin beharko da, lanen proiektuak izan dezakeen eragina aztertzeko. Ikerketa hori foru-erakunde eskudunari bidali beharko zaio, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 65. artikuluak ezarri bezala.

8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira.

8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

8.3.– Leheneratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabiliko diren lurren jatorria eta, inola ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon daitekeen lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

8.4.– Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, apartatu honetako 6. zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.

10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

11.– Lan-programa diseinatzea.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazio-eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

Hirugarrena.– Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ingurumena zaintzeko programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Lanek okupatzen dituzten mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

3.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta Ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Arasurren, Erriberabeitian (Araba), 24 MW-ko planta fotoboltaiko berri bat instalatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari eta Erriberabeitiko Udalari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua baimenduko ez balitz. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVÁN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala