Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2019ko abuztuaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KONTUEN EPAITEGIA
3890

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko ekainaren 27ko bilkuran hartua, Berantevillako Udalaren 2017ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2019ko ekainaren 27an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

Berantevillako Udalaren 2017ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, zeina erabaki honen eranskin modura ageri baita.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 27a.

HKEEaren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEaren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
BERANTEVILLAKO UDALAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2017

Laburdurak.

11/1995 FA: 11/1995 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuei buruzkoa.

2/2016 Legea: 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.

27/2013 Legea: 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun neurriei buruzkoa.

3/2004 FA: 3/2004 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa.

56/2015 FD: 56/2015 Foru Dekretua, Arabako Lurralde Historikoko toki erakundeen kontularitzako esparru arautzailea onartzen duena.

57/2003 Legea: 57/2003 Legea, Toki administrazioa eraberritzeko neurriei buruzkoa.

AFA: Arabako Foru Aldundia.

ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

FOFEL: Arabako Toki-erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Berantevillako Udalaren 2017ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta dirulaguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren eta Udal sozietatearen aurrekontuko balantzeak, ekonomia-ondarearen emaitzen kontuak, memoriak eta likidazioak besarkatzen ditu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikazia eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa-prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Berantevillako udalerriak 443 biztanle zituen 2017ko urtarrilaren 1ean eta Udalean, udal administrazioaz gainera, Promoción industrial de Berantevilla, S.A. (Prominbersa) sozietate publikoa (% 100) barne hartzen du, hirigintza eta industria sustatzea helburu duena.

Udalerrian Berantevilla, Lacervilla, Mijancas, Santa Cruz del Fierro, Santurde eta Toberako kontzejuek esku hartzen dute eta hornidura eta saneamendu, kale-garbiketa, herriko argiak, hilerria eta gizarte-etxe zerbitzuak ematen dituzte. Udala Troperagain Partzuergoko atal da, zeinak industria-poligonoan banatzeko urez hornitzen duen, Udalak hornidura-zerbitzua ematen duen esparru bakarra. Gainera, zabor-bilketa Añanako Kuadrillak egiten du mankomunaturik eta hirigintza, animazio soziokultural eta udal-artxiboaren kudeaketan ere kolaboratzen du. AFAk eta Erribera Beitiko Udalak gizarte zerbitzuak ematen kolaboratzen dute.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Epaitegi honen iritzira, Berantevillako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek zuzentasunez bete dute 2017ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Hona hemen Udalaren eta Prominbersaren 2017ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinean, Egoera Balantzean eta Ondare Garbian eragina duten doiketak:

(Ikus .PDF)

2.– Udalak ez du bere ibilgetu materiala eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta ez du 2010 baino lehenagoko alten elementuen araberako xehakapenik egiten. Horregatik guztiagatik, ezin esan daiteke Udalaren Balantzeko Ibilgetu materialaren saldoek, guztira 1,4 milioi eurorenak, islatzen duten Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera 2017ko abenduaren 31n.

Epaitegi honen iritzira, 1 eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Berantevillako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2017ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– 2017ko aurrekontua hasiera batean 2017ko urtarrilean onartu zen, baina abuztura arte ez zen indarrean jarri, argitalpenean atzerapenak izan zituelako; ordea, araudiak agintzen du behin betiko onartu behar dela ekitaldia hasi aurretik. Aurrekontuaren likidazioa eta Kontu Orokorra onartzean ere (2018ko ekaina eta urria) atzerapenak izan ziren; ordea, arautegiak martxoaren 31n eta uztailaren 31n ezartzen ditu, hurrenez hurren, epemuga.

– 2017an alkateak aurrekontuaren 5 aldaketa onartu zituen, guztira 55.363 euroren zenbatekoan; ez zion, baina, horren berri eman Udalbatzari eta idazkari kontu-hartzaileak ez zuen txostenik egin. Gainera, aldaketa horietatik bi, 30.256 euroren zenbatekoan, ALHAOn argitaratu behar ziratekeen.

– Aurrekontuaren Exekuziorako Arauak (23.1 artikulua) aurreikusten du gastu-proposamenen (AD fasea) aurrekontuko kontrola egin behar dela prozedura negoziatu bidez izapidetutako kontratuetan (1 kontratu 2017an) eta hainbat ordainagiri eragiten dituzten kontratu txikietan (6 kontratu). Kontrol hori ez zen 2017an egin. Gainera, hedatzea komeni da kopuru esanguratsuko erosketa eta inbertsioetara.

– Osasun zentroko igogailuaren lanak 2016ko abenduan esleitu ziren eta 2017ko maiatzean egikaritu ziren, 34.961 euroren kostuarekin; ordea, udal aurrekontuan ez zen krediturik izan ekainera arte.

III.2.– Diru-sarrerak eta diru-bilketa.

– OHZ, JEZ, ur eta poligonoko gastuen kobrantza-erroldak alkateak onartu behar zituzkeen.

– 2017an erregistraturiko 1etik 3ra bitarteko kapituluetako saldoen baliogabetzea, guztira 191.606 eurorena, ez zen dagokion espedientean formalizatu eta preskribatuta daude 2014 baino lehenagoko zorrak. Alabaina, 2014ko saldoek, 60.138 euroren zenbatekoek, indarrean diraute eta araztu egin behar lirateke eta dagozkion kobrantzarako izapideak gauzatu.

– Udalak ez ditu dirubilketarako borondatezko aldian kobratu gabe dituen zorrak premiatzen, eta horiek kontularitzako erregistroen arabera 2017ko abenduaren 31n 86.519 euro egin zuten.

III.3.– Langileria.

– 2017ko abenduan indarrean zeuden artean 2007ko aldi baterako 2 lan kontratu, horietako bat dedikazio partzialekoa. Kontratuen iraupenak erakusten du garatutako egitekoek iraunkortasun izaera dutela eta honenbestez, egoera hori zuzendu egin behar da.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen fiskaletan ez ziren 14.035 euroren ordainketak barne hartu.

III.4.– Transferentziak eta dirulaguntzak.

– Udalerrian diharduten 6 kontzejuek honako zerbitzu hauek ematen dituzte: argiteria publikoa, ur hornidura eta saneamendua, kale garbiketa, hilerria, gizarte-etxea e.a. Tokiko araudiak zerbitzu hauek Udalaren eskumen modura definitzen ditu eta kontzejuek eskuordetze bidez gara ditzakete; eskuordetze hori, baina, formalizatu egin beharko litzateke eta udalerrian diharduten 7 administrazioen egiteko eta jarduera eremuak bereizi, betiere eskuordetze zerbitzua modu egokian emateari mugatuz. Zehazki esanda, komeniko litzateke zerbitzu bakoitzari lotutako ondasunak identifikatzea eta zehaztea zein erakundek kudeatuko dituen hobekuntza-lanak eta finantzaketa, udalaren zein AFAren ekarpenak aintzat hartuta.

– Añanako kuadrillak laguntza ematen dio Udalari hirigintzako kudeaketan, agirien artxiboaren mantentze-lanetan eta kultur ikastaro eta jardueren programazioan; 2017an 14.506 euroren kostua izan du. Kuadrillak arautzen dituen Foru Arauak eskualde bakoitzeko udalekin lankidetzan aritzea aurreikusten du; ordea, ez dira Udalean jaso zerbitzu hauen mandatu-erabaki edo -ebazpenak ere.

III.5.– Beste alderdi batzuk.

– Udalak ez ditu ordainketa epeei buruzko nahitaezkoak diren hiruhileko txostenak egiten.

– Gastua onartu eta dirulaguntzak emateko ebazpenak 2017an kontularitzako kontratu edo agirietan aplikatu ziren, dagokion dekretua formalizatu gabe eta alkatetzako ebazpen liburu nahitaezkoa gorde gabe. Berebat, ez zitzaizkion Udalbatzari jakinarazi jaulkitako ebazpenak.

– Udal sozietateak 2008an amaitu zuen 21 etxebizitzaren sustapena; 2013az geroztik galerak izan ditu, kopuru txikikoak, baina etengabe eta honenbestez, aktiboak Udalari eskualdatu eta desegitea gomendatzen da.

– Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispideari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen. Ez da udal sozietateari buruzko informaziorik jasotzen. Udalari dagokionez, webgunean aurrekontuei buruzko informazioa jaso behar zatekeen eta emandako dirulaguntza, esleitutako kontratu eta izenpetutako hitzarmenen egikaritzari buruzkoa. Berebat, zinegotzien ondasunen eta jardueren gaineko aitorpenak ere barne hartu behar ziratekeen.

IV.– Finantzaren Analisia.

Udalak azken ekitaldietan eta fiskalizazio-gai izan den urtean kitatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua:

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: % 3 egin zuten gora 2017 eta 2015 bitartean.

– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: % 6 hobetu dira 2017an handitu zen poligonoko gastuen igoeraren eraginaren ondorioz. OHZk bere horretan eutsi dio, gainerako zerga eta tasen moduan.

– Transferentzia eta dirulaguntza arruntak: % 3 egin dute behera eta egonkor eutsi dio osagai nagusi duen FOFELi, baina eskuratutako gainerako dirulaguntzen zenbatekoa murriztuz.

Funtzionamendu-gastuak: % 21 egin dute gora 2015 eta 2017 bitartean, xehakapen honekin:

– Langile-gastuak: % 4 egin dute gora langile baten ordezkapenetarako eskatutako kontratazioen kontzeptuan.

– Ondasun arrunten eta zerbitzuen kontratazioa: % 21 egin dute gora poligonoak gastu handiagoak eragin dituelako, sarreren igoera eragitearekin batera.

– Transferentzia eta dirulaguntza arruntak: % 46ko igoera izan dute, izan ere beste ekitaldi batzuetako gastuak aitortu dira, beste udalerri batean dagoen ikastetxe baten mantentze-lanek eragindakoak.

Aurrezki gordina eta garbia: aurrezki gordina eta garbia bat bera dira, ez baitago finantza zamarik, eta lehenengo urteko sarrera arrunten % 35 izatetik, 2017an % 24 izatera aldatu da, arestian aipatutako ikastetxeko gastuen eraginez gastuek uneko igoera izan dutelako.

Kapital eragiketen emaitza: hirurtekoko inbertsioak 177.404 eurorenak izan dira, udalerrian diharduten 6 kontzejuei emandako kapitaleko dirulaguntzen kopuru bertsua. Eskuratutako kapitaleko dirulaguntzek % 50ean subentzionatu dituzte kapitaleko eragiketak.

Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina: aldagai hau 2016an gehitu zen eta egonkor eutsi zion 2017an, nahiz urte horretan autofinantzaketak behera egin zuen. 2018rako erabilgarri dagoen Geldikina sarrera arrunten % 79 da.

Zorpetzea: hirurtekoan Udalak ez du kanpoko finantzaketarik behar izan.

Ondorioa: eragiketa arruntek sortutako aurrezkiak fluktuatu egin du aztertutako aldian, baina lehenengo bi ekitaldietan sarrera arrunten % 30 gainditu zuen eta 2017an sarrera arrunten % 24 egin zuen. Aurrezki honek gainditu egin du kapitaleko eragiketen emaitza 3 ekitaldietan eta Geldikina hirurtekoko kapitaleko eragiketen kostua baino handiagoa da.

Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Kontuhartzailetzak aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasun helburuak betetzeari buruzko txostena jaulki zuen. 2017ko Likidazioari buruzko txostenak ondorioztatu du bete egin direla gastu araua eta zorpetze-helburuak, baina urratu egin dela aurrekontuaren egonkortasun helburua, izan ere 8.914 euroren defizita izan da, eragiketa ez finantzarioena.

2018ko urriko Udalbatzan dagokion Ekonomia eta Finantza Plana onartu zen.

V.– Urteko Kontuak.

V.1.– Udalak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

V.2.– Promoción Industrial de Berantevilla, SA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala