Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2019ko abuztuaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3809

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko urtarrilaren 9an, Donostiako Udalak MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, haiei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, Haritzalde elkarte ekologista eta Eguzki, Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.

Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzaren (biak Eusko Jaurlaritzarenak) txostenak jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (hemendik aurrera, HAPB) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Donostiako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako HAPOaren barnean dagoen «MB.01.2 Kaskarre» azpieremuaren gaineko HAPBaren xedea da zonakatze xehatua aldatzea; zehazki, lurzatiaren egungo tipologia, «a.40. Bizilekua, garapen txikikoa», aldatu nahi da, «a.30. Eraikin irekiko bizilekua» izan dadin. Hala, bizileku-lurzatiaren antolamendua zehaztuko da, eta eremuari behar dituen sarbide publikoak emango zaizkio, errepide-sarea hobetuz eta azpieremuko eraikigarritasun aukerak optimizatuz.

HAPBan zehazten dira lurzatiko antolamendu xehatuaren hirigintza-parametroak.

Hauek dira aurreikusita dauden jarduketa nagusiak:

– Bizitegi-erabilerako eraikin bat eraikitzea; 4 etxebizitza izango dira, sestrapeko solairu bat, eta bi sestraren gainetik, eta 5 lekuko aparkalekua egongo da lurrazalean. Egungo urbanizazioa eta hiri-zerbitzuen azpiegiturak nahikoak dira azpieremuan aurreikusita dagoen garapenerako. Beharrezkoak diren zerbitzuak (ur edangarria, ur beltzak, euri urak, energia, etab.) urbanizazioko sareetara konektatuko dira.

– Antolamendutik kanpo dauden eraikinak eraistea.

Eremuaren ezaugarri nagusiak.

725 m2-ko azalera duen hiri-lurzorua da. Mendebaldean, errepide batekin egiten du muga; iparraldean eta mendebaldean beste bizitegi-lurzati batekin; eta hegoaldean, ekipamendu komunitarioarekin (ortuak dauden espazio libreak). Eremutik 50 m hegoaldera, ADIFen Hego-Ekialdea trenbidea dago.

Eremua inguru antropizatuan dago, hiri-asentamenduz inguratua. Egungo eraikinaren inguruan landaredia erruderal nitrofiloa dago. Gainerakoan, lurzorua artifizialduta dago. Ez du ingurumen-balio aipagarririk.

Ia azpieremu osoa erosio-prozesu muturrekoak izaten ari diren guneetan dago, baina horiek apaldu egiten dira lurzatiaren zati handienean, hormigoizko zolatari esker.

Planaren eremua Donostiako Udalak «Urumea» Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu zuen eremuaren barnean dago 2017ko urtarrilaz geroztik, eta zonako plana du. Esan bezala, ADIFen trenbidetik 50 metrora dago, eta trenbidea beera da inguruko zarata-foku nagusia. Aurkeztu den informazioaren arabera, garapen berrietan ez dira beteko KAH-ak, batik bat gauez.

Plan berezia egitearen ingurumen-ondorio nagusiak: urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak izango dira ingurumen-inpaktu nagusiak (lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, ustekabeko isurketak, etab.), baita sosegu publikoak jasango dituenak ere (kutsatzaileen eta zaraten emisioek giza osasuna kaltetuko dute). Gainera, kalitate akustikoko helburuak (KAH) gaindituko dira etxebizitzen kanpoaldean.

Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak: Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE) planaren edo programaren aplikazioak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak jasota daude, klima-aldaketa kontuan hartuta. Obra-fasean jardunbide egokiak aplikatuko dira, besteak beste, hondakinak kudeatzeko eta zarata-maila apaltzeko neurrien arlokoak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. Ingurumen Dokumentu Estrategikoan Plan Berezia beste plan batzuekin bateragarri den ere aztertu da; besteak beste, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin (LAG), Donostialdeako funtzio-arloko Lurraldearen Arloko Planarekin (LAP), Donostiako HAPOarekin, EAEko ibaiak eta ibaiertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planarekin, EAEko Hezeguneen LAParekin, EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko LAParekin, Nekazaritza eta Basozaintzako LAParekin, etab.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ebazpen honen aurreko apartatu batzuetan adierazi bezala, izan litezkeen eragin nagusiak obren fasean gertatzen direnak izango dira (lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makinen joan-etorria, zaratak, hautsa, biztanleei eragozpenak egitea), hala nola landaretzari eragitea, kalitate akustikoko helburuak gainditzea proiektatutako eraikinen kanpoko aldean...

e) HAPB egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

725 m2-ko azalera duen hiri-lurzorua da. Mendebaldean, errepide batekin egiten du muga; iparraldean eta mendebaldean beste bizitegi-lurzati batekin; eta hegoaldean, ekipamendu komunitarioarekin (ortuak dauden espazio libreak). Eremutik 50 m hegoaldera, ADIFen Hego-Ekialdea trenbidea dago.

Eremua inguru antropizatuan dago, hiri-asentamenduz inguratua. Egungo eraikinaren inguruan landaredia erruderal nitrofiloa dago. Gainerakoan, lurzorua artifizialduta dago.

Ebazpen honen aurreko apartatuetan zehaztu denaren arabera, eragindako eremuaren ezaugarriak eta HAPBaren zehaztapenak kontuan hartuta, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Leioako Hiri Antolamenduko Plan Berezian jasotakoarekin bat etorriz.

Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obra-proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

• Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

• Natura-interesekoa den zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

• Gomendatzen da Plan Bereziak tamaina handiko ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko neurriak jaso ditzan, eta espazio libreetan bertako zuhaitzak eta zuhaixkak jartzea, ahalik eta aukera naturalenak hautatuta.

• Gomendatzen da landareztatzeko plan bat egitea, barne hartzen duena haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko.

• Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

• Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

• Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

• Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

• Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

• Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako eraikuntzetan gainditu egiten dira kalitate akustikoaren helburuak (KAH). Alabaina, aztertu den eremua babes akustiko bereziko gune baten barnean dagoela kontuan hartuta, eta dagokion zonako plana egin dela (EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutako edukiaren arabera), kalitate akustikoaren helburuak gainditzen badira eta ezin badaiteke kanpoaldea babestu aipatu KAH-ak ez gainditzeko, neurri osagarriak hartu beharko da, gutxienez eraikinen barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak bete ahal izateko. Horrenbestez, barne-isolamendua jartzea izango da hartu beharreko neurri zuzentzailea, baldin eta kalitate akustikoaren helburuak gainditzen badira.

• Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuetarako tranpak edo iragazkiak.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsita [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

• Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Donostiako MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondore kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako MB 01.2 Kaskarre azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala