Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2019ko abuztuaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3680

115/2019 DEKRETUA, uztailaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza eta Erregelamendua onartzen duen Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea garatzea du xede, haren azken xedapenetatik lehenengoan aurreikusitakoa betez. Era berean, garatu, zehaztu eta interpretatu nahi den Lege horrek sartu dituen aldaketa eta berrikuntzen ondorio ere badira hura onartzeko beharrizana eta aukera.

Dekretua honako hauek osatzen dute: azalpenen zatia, Artikulu Bakarra, Xedapen Gehigarri Bat, Xedapen Iragankor Bat, Xedapen Indargabetzaile Bat, Azken Xedapen Bat eta Eranskin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari buruzkoa.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamenduak berrogeita hamazortzi artikulu ditu, hiru kapitulutan banatuta, xedapen orokorrei buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari buruzkoak, hurrenez hurren. Xedapen gehigarri bat ere badauka, xedapen iragankor bat eta eranskin bat, jarduera-kodeen zerrendari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babesletza administrazio-organo independenteak dira beren artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barruan fundazioen gaietan eskumena duen Sailarekiko bakoitzak duen harreman organikoa eta funtzionala gorabehera. Komunikazioaren eta elkarrekiko etengabeko lankidetzaren printzipioak izango dira bi organo horien arteko harremanaren ardatz.

Erregelamendu honek apurtu egiten du orain arteko antolamendu eredua, bi organo horiek, Babesletza eta Erregistroa, testu bakar baten bidez arautzea aurreikusten baitu. Errespetatu egiten du, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea inspiratu zuen gogoa, alegia, testu bakar batean biltzea Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzko araudi osoa, eta, hala, gaia ulertzeko erraztasunak eta informazioa ematea.

I. kapituluak, xedapen orokorren izenburu pean, Erregelamenduaren xedea, aplikazio-eremua eta fundazioen gaineko eskumenen banaketa ezartzen ditu. Era berean, berariaz adierazten du izapidetze administratiboa bitarteko telematikoen bidez baino ez dela egingo, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako betebeharra kontuan hartuta. Azkenik, notariotzekiko harremana eta elkarreragingarritasuna aipatzen dira, elkarrekin aritzeko. Hartara, administrazioan izapideak egin eta komunikatzeko modurik aurreratuenak erabiliko dira, eta, beraz, administrazio-izapideak erraztu egingo dira eta zerbitzu publikoak arrazionalizatu.

II. eta III. kapituluetan Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren zereginak eta oinarrizko printzipioak arautzen dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak sartzen dituen eskumen berriak garatu ere.

II. kapituluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari buruzkoak, haren egiturari eta funtzionamenduari buruzko bi atal ditu. I. atalak, Babesletzaren egitura arautzen du, eta nabarmentzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordearen erregulazioa. Kontsulta-organoa da eta bere txostenak nahitaezkoak dira, baina ez, ordea, lotesleak, bai fundazioen osaera inskribatzeko espedienteak izapidetzean, bai fundazioen gaineko xedapen orokorren proiektuetan parte hartzean.

II. kapituluko II. atalean aurkituko ditugu Erregelamendu honek ordezten duen araudiarekiko berritasun handienak. II. atal horrek lau azpiatal ditu. Lehenengoan daude jasota Babesletzak fundazioekiko duen aholkularitza orokorreko eginkizunak; bigarrenean, Babesletzak fundazioaren gobernu-organoekiko dituen ahalmenak. Horien artean daude patronatukideen ordainsariak baimentzeko prozedura arautzea edo autokontratazioa.

Hirugarren azpiatalean, «Fundazioen jardueretan eta helburuetan esku hartzea» izenburu pean garatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak bildutako berritasunetako bat, hau da, bere jardun-eremuan sartuta dauden fundazioekiko Babesletzari dagokion ikuskapen-ahala. Ikuskapen-ahalmenak osorik arautzen ditu: urteko ikuskapen-planaren helmena eta edukia, jarduerak egiaztatzeko prozeduraren erregulazioa eta ikuskapen-mota edo -modalitate bietarako arau erkideen finkatzea, baita ikuskatze-ahalmenen edo ikuskatzaileek dituzten gaitasun eta ahalmenen zehaztapena ere. Azpiatal honetan nabarmentzekoa da, halaber, Babesletzak fundazio baten behin-behineko kudeaketa bere gain hartzeko egoerei buruz egiten duen garapena.

Azkenik, laugarren azpiatalean, «Jarduera ekonomikoetan esku hartzea» izenburu pean, kontuak aurkezteko izapideak arautzen dira. Hala, Eusko Jaurlaritzaren web-orrian jasotako inprimakien bidez beteko dira, eta zerbitzu publiko garden, erraz eta teknologikoki aurreratua eratuko da, erregistroko informazioa modu erraz, fidagarri eta kalitatekoan eskuratzeko, segurtasun juridikoa bermatuta. Azpiatal honetan beste hainbat alderdi ere garatzen dira: xedatze- eta kargatze-egintzei buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren edukia, hasierako fundazio-horniduraren araudia, fundazioen helburuetara bideratu behar diren diru-sarreren portzentajearen kalkulua, administrazio-gastuen zehaztapena eta merkataritza-sozietateetako partaidetza, besteak beste. Azkenik, kontuak aurreikusitako epean aurkezten ez direnerako Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa ixteko irizpideak ere ezartzen dira.

Era berean, fundazioen datu eguneratuen urteko ziurtagiriak gutxienez jaso behar duen edukia garatzen da. Ziurtagiri hori, zehazki, urteko kontuekin batera aurkeztu behar da, eta, bertan, ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran dauden erregistro-datu nagusiak jasotzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak segidako traktua betetzen dela egiazta dezan, Erregelamendu honetan aipatutako datuak ere jaso behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak balora dezan diru-sarrerak fundazioaren helburuetara bideratzeko betebeharra betetzen dela eta administrazio-gastuen muga zaintzen dela, bai eta erabilitako baliabideen, egindako jardueren eta lortutako xedeen artean proportzionaltasun egokia dagoela ere.

III. kapituluak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa arautzen du. Lau atalek osatzen dute kapitulua. Lehen atalean xedapen orokorrak azaltzen dira, erregistroaren xedea eta eginkizunak zehazteko. Bigarren atalak nahitaez inskribatu behar diren egintzak zehazten ditu, baita erregistro-idazpenen eta -inskripzioen izaera ere. Hirugarren atalak egintza inskribagarri bakoitzaren prozedura azaltzen du. Azkenik, laugarren atalak Erregistroaren beste eginkizun batzuk garatzen ditu. Kapitulu honetan nabarmentzekoak dira ondorengo nobedadeak:

Fundazioa eratzeko eskritura publikoan nahitaez jaso behar den izenaren ziurtagiria aipatzen da. Izen hori urtebeteko epean erreserbatzeko aukera ere badago.

Erregelamenduan zehar beste alderdi batzuk ere garatzen dira: erregistroko publizitatea eta nahitaezko liburuak legeztatzea. Bestalde, Legean aurreikusitako fundazioen bereizketa edo eraldaketa espedienteak izapidetzeko prozedura ere arautzen da, azken hau era berritzaile batean.

Azkenik, Erregelamenduaren xedapen gehigarriaren edukia nabarmentzekoa da, estatutuen ez-egokitzeari buruzkoa, ez-egokitzearen ondorioei buruzkoa eta fundazioek jarduerarik ez dutela edo funtzionamendu-egoeran daudela zehaztera bideratutako jarduerei buruzkoa.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzea. Dekretu honetan jasotzen da eranskin gisa haren testua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aplikazio ordeztailea.

Erregelamendu honetan aurreikusten ez diren kasuetan, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duten arauak aplikatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Inskripzio-prozesuan dauden fundazioak, eta inskribatutako fundazioen egintzak, inskribatzeko daudenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan fundazioen eraketa inskribatzeko eskaerak eta dagoeneko inskribatutako fundazioen egintzak inskribatzekoak, erregelamendu hau indarrean jarri aurretik aurkeztu baldin badira, aurkezteko unean indarrean dagoen araudiari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu hau indarrean jartzean, indargabetu egingo dira 100/2007 Dekretua, ekainaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza onartzen duena, eta 101/2007 Dekretua, ekainaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa onartzen duena, bai eta, oro har, dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA, UZTAILAREN 23ko 115/2019 DEKRETUARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZAREN ETA ERREGISTROAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Erregelamendu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea garatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari dagokienez. Era berean, fundazioen gobernu-organoari buruzko hainbat alderdi arautzen dira, baita fundazioen ondarearekin, funtzionamenduarekin eta jarduerekin lotutako funtsezko beste gai batzuk ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden fundazioei eta fundazioen ordezkaritzei aplikatuko zaie Erregelamendua, bai eta hartan inskribatzeko izapideak egiten ari direnei ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legean ezarritako eran.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza eta Erregistroa. Izaera eta helburua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, fundazioei buruzko araudia betearazteko, Fundazioen Erregistroaren eta Babesletzaren bidez jarduten du. Alde horretatik, zerbitzu publikoa ematen diete Babesletzak eta Erregistroak bai herritarrei, bai haietara jo behar edo nahi duten erakundeei.

2.– Bata bestetik administrazio-organo independenteak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza eta Erregistroa. Haien artean koordinatuta betetzen dituzte fundazioei aholku emateko eta haiek kontrolatzeko eginkizunak, Erregistroan jaso beharreko egintza eta negozio juridikoak inskribatzekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean bildutako gainerako eginkizunak.

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza eta Erregistroari lotutako eginkizunak.

1.– Honako eginkizun hauek dagozkio fundazioen arloko eskumenak dituen saileko sailburuari, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari dagokienez:

a) Agindu bidez ebaztea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskripzioak egiteko espedienteak eta fundazioak eratzeko, estatutuak aldatzeko, bat egiteko, bereizteko, aldatzeko, azkentzeko eta likidatzeko espedienteak.

b) Gobernu Kontseiluari proposatzea antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera bidezko diren egintza judizialez baliatzea.

c) Fundazioen arloko xedapen orokorretarako proposamenak aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

2.– Fundazioen arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularrari dagozkio fundazioen Erregistroaren eta Babesletzaren gainerako eginkizunak.

4. artikulua.– Baliabide telematikoen bidezko kudeaketa administratiboa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak eta Babesletzak informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritutako sistemak erabiliko dituzte prozedurak kudeatzeko, erregistro-idazpenak egiteko, informazioa biltzeko, bai eta herritarrekin eta fundazioekin berekin harremanak izateko ere, administrazio-prozedura erkidearen araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Sistema horiek elkarreragingarritasuna ahalbidetu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren eta Babesletzaren eta administrazio publiko eta organo judizialen artean, administrazio eta organo horiek beren eskumenak baliatzen dihardutela eta beren erantzukizunpean, Erregistroko datuetara irispidea izateari dagokionez. Datuetara irispidea izateko, prozedura elektronikoak erabiliko dira, eta Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionaletan ezarritako baldintzak eta preskripzio teknikoak bete beharko dira.

3.– Betiere, bereziki babestutako datuei buruzko salbuespenak errespetatu beharko dira, bai eta datu pertsonalak babesteko araudian xedatutako beste edozein muga ere.

5. artikulua.– Notariotzekiko harremanak.

1.– Notariotzek Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan edo Babesletzan egin beharreko jarduketa guztiak baliabide telematikoen bidez egin beharko dira, indarrean dagoen araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Fundazioei buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko aurkeztu behar diren dokumentu publikoak baimentzen badituzte notarioek, kopia baimendu telematikoa igorri beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta Notariotzaren antolaketa eta araubidearen Erregelamendua behin betiko onartzen duen 1944ko ekainaren 2ko Dekretuan (urtarrilaren 19ko 45/2007 Errege Dekretu bidez aldatua), edo horren ordezko arauan xedatutakorekin bat etorrita. Interesdunak kontrakoa adierazten badu, kopia baimendu hori ez da igorriko.

II. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZA
1. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZAREN EGITURA

6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren izaera eta antolaketa orokorra.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza fundazioei aholkua eta laguntza teknikoa emateko administrazio-organo gisa osatzen da. Fundazio-eskubidea behar bezala balia dadin erraztu eta sustatu beharko du, zainduz legearen araberakoa dela fundazioen eraketa eta funtzionamendua eta benetan betetzen direla fundatzailearen edo fundatzaileen borondatea eta fundazioaren helburuak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza arau honen 3. artikuluan zehaztutako organoek beteko dute.

Organo horiek eginkizun betearazleak dituzte eta ondorengo artikuluetan adierazitako Babesletzaren aholku-batzordearen laguntza izango dute.

3.– Babesletzaren eginkizunei dagokionez, oro har, kapitulu honetako bigarren atalean zehaztutakoak izango dira, legeak eman ahal dizkien beste eginkizun batzuk alde batera utzi gabe.

7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren aholku-batzordea.

1.– Aholku-batzordea kontsultarako organoa da eta honako hauek dira haren eginkizunak: laguntza ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari, txostenak egitea fundazioen eraketa inskribatzeko espedienteei buruz, haien helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez eta fundazioen bideragarritasunari dagokionez, baita txostenak egitea nahitaez fundazioen arloko xedapen orokorren proiektuei buruz.

2.– Aholku-batzordearen araubide juridikoak, erregelamendu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, administrazio publikoen kide anitzeko organoen erregulazioa bete beharko du, dagokion araudian jasota dagoena.

8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren aholku-batzordearen egitura eta funtzionamendua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren aholku-batzordea kide anitzeko organoa da eta kide hauek osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako sailetako kide ordezkari banak. Idazkari bat ere egongo da; ez da kide izango, eta hitza izango du baina botorik ez.

2.– Fundazioen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako titularra izango da batzordeko lehendakaria. Batzordearen zuzendaritza- eta ordezkaritza-lanak egingo ditu, bai eta gai-zerrenda ezarri, bilkuren deialdia egin eta haietan buru izan eta erabakiak betearazi ere. Kalitateko botoa ere izango du, berdinketa gertatuz gero bozketak erabakitzeko.

3.– Lehendakariordearen eginkizunak, berriz, fundazioen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako aholkularitza juridikoaren arduradunak izango ditu. Lehendakaria ordeztuko du, hura ez dagoenean edo absente edo gaixorik dagoenean, eta hark eskuordetzen dizkion eginkizunak beteko ditu.

4.– Sailetako kideak dagokion saileko titularrak izendatuko ditu lau urterako, eta berriz ere aukeratuak ahal izango dira epe-mugarik gabe.

5.– Batzordeko idazkari-lanetan, fundazioen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat arituko da. Bilkuren akta eta deialdiak egingo ditu, bai eta dokumentazioa kudeatu eta batzordearen funtzionamendu egokirako beharrezkoa den guztia artxibatu ere.

6.– Batzordeko kideak izendatzeko orduan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan moldatzeko gaitasuna hartuko kontuan, bai eta genero-parekotasuna ere.

7.– Lehendakariak hala erabakiz gero, dagokion gaian espezialista edo aditu direnek parte hartu ahal izango dute bilkuretan, bai eta fundazioen kontuen auditoretza- eta kontrol-lanak egiten dituzten pertsonek ere, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

8.– Batzordea balio osoz eratzeko, bilkuran egon beharko dute lehendakariak eta idazkariak (edo, bestela, haien ordezkoak), bai eta fundazioaren helburuekin lotutako gaiaren araberako kideak ere.

9.– Bilkuretarako deialdia, bost egun baliodun lehenago egingo da, eskuarki, edo bi egun baliodun lehenago, urgentzia-arrazoiak tarteko direnean. Deialdian, hauek jasoko dira: gai-zerrenda, bilkuraren eguna eta tokia eta, hala badagokio, gaiak aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

Batzordekideek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozein erabili ahal izango dute. Euskararen erabilera normalizatze aldera, batzordeak euskaraz idatzi ahal izango ditu deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta gainerako dokumentazioa. Edonola ere, bermatuko egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera.

10.– Bertaratutakoen botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Kide guztiek eska dezakete aktan berariaz jaso dadin gehiengoak hartutako erabakiaren aurka agertu direla. Gainera, boto partikularra aurkez dezakete gehiengoaren erabakien aurka, edo boto horren berri jakinarazi, bilkura amaitu aurretik. Hala eginez gero, idatziz helarazi beharko diote botoa lehendakariari, bi eguneko epean. Boto partikular horrekin bat egin dezakete batzordeko gainerako kideek ere, edo beren botoa idatzi, betiere bilkura amaitu aurretik eskubide hori baliatu baldin badute.

11.– Batzordeak bere jarduerei buruzko memoria bat prestatu beharko du urtero, eta, han, zehaztuko du zenbat fundazio eratu diren, zer izaera eta helburu mota duten, bai eta batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko informazio garrantzizkoa ere. Memoria hori Eusko Jaurlaritzaren web-orrian argitaratu beharko da.

2. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZAREN EGINZUNAK
1. AZPIATALA
AHOLKULARITZA OROKORREKO EGINKIZUNAK

9. artikulua.– Laguntza, sustapen eta aholkularitza eginkizunak.

Honako hauek izango dira Babesletzaren laguntza, sustapen eta aholkularitza eginkizunak:

a) Eratze-prozesuan dauden fundazioei aholkularitza eman, prozesu horri aplikatu beharreko araudiari buruz, eta bereziki, zuzkidura, interes orokorreko helburuak eta estatutuak egiteari buruz, baita dagozkion administrazio-izapideei buruz ere. Horretarako, Babesletzak eredu orientagarriak emango dizkie interesdunei izapide horiek egiteko, eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrian egongo dira eskuragarri.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren web-orriak mekanismo bat eskainiko du fundazioen araudiari buruz kontsultak egiteko. Kontsulta horiei emandako erantzunak argibideak emateko izango dira, kontsultetan azaldutako kasuetan aplikatu ahal izango dira, eta oinarri izango dute kontsulta egin duen pertsonak edo erakundeak emandako informazioa. Ezin izango dira erabili, ordea, interpretazioak egiteko irizpide orokor gisa.

b) Inskribatuta dauden fundazioei laguntza eman haien araubide juridiko, ekonomiko-finantzario eta kontableari buruz.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen hainbat alderdiri buruzko argitalpenak eta estatistika-azterlanak egitea sustatu.

d) Fundazioen eta haien jardueren berri eman, Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroari dagokion erregistroko publizitatearen eginkizuna gorabehera.

2. AZPIATALA
JARDUKETA-EGINKIZUNAK GOBERNU-ORGANOAN.

10. artikulua.– Fundazioen patronatuarekin lotutako eginkizunak.

1.– Babesletzak, oro har, zaindu egingo du fundazioen araudia eta estatutuak betetzen direla honako alderdi hauei dagokienez: fundazioen patronatuaren osaera, patronatukideak izendatu eta ordezteko arauak, patronatukideek kargua uzteko arrazoiak, haien eginkizunak eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua.

2.– Fundazioaren estatutuetan, berariaz arautu beharko dira aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak, edo, bestela, artikulu honetan ezarritakoa aplikatu, non ezartzen baitira fundazioen patronatuaren osaera eta funtzionamendurako ordezko arau hauek:

a) Lehendakari bat egongo da, fundazioa ordezkatuko duena, salbu eta patronatuak berariaz beste kide bati esleitu badio eginkizun hori. Lehendakariak, halaber, patronatuaren bilkuretara deituko du eta haietan buru izango da, eztabaidak bideratuko ditu eta hartutako erabakiak betearaziko.

b) Idazkari bat izendatuko du patronatuak, kideen artean, hitza eta botoa izango duena, edo kanpoko bat, baina, hala eginez gero, ez du botorik izango. Idazkariak bilkuren aktak egin, fundazioaren agiriak zaindu eta egiaztagiriak emango ditu, lehendakariaren oniritziarekin.

c) Lehendakariaren kargua hutsik badago, absente edo gaixorik badago, lehendakariordea arituko da haren ordez eta, bestela, patronatukide zaharrena. Idazkariaren ordez, aldiz, kide gazteena arituko da.

d) Patronatua balio osoz eratzeko lehen deialdian, beharrezkoa izango da kideen erdia gehi bat bertan egotea. Bigarren deialdian, berriz, ez da baldintza hori bete beharko. Bi deialdietan, patronatuko hiru kide bertaratu beharko dira gutxienez, eta han beharko dira, orobat, lehendakaria eta idazkaria, edo eurek berariaz izendatutako ordezkoak.

e) Botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du. Nolanahi ere, fundazioaren estatutuak aldatzeko, fundazioek bat egiteko, bereizteko, eraldatzeko edo azkentzeko, ezinbestekoa izango da bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa.

f) Patronatuko kideek ordezkatzeko baimena eman ahal izango diote gainerako beste edozein kideri bilkuretara bertaratu daitezen, lehendakariari lau egun lehenago zuzendutako jakinarazpen-idazki baten bidez. Bilkura bakoitzerako egin beharko da berariaz. Patronatuko berezko kide direnak, halaber, behin betiko ordeztuak izan daitezke, beren kargu publiko edo pribatua dela eta.

g) Patronatuak hartutako erabakiak akta-liburuan transkribatuko dira. Lehendakariak eta idazkariak izenpetuko dute bilkura bakoitzeko akta, eta, han, honako hauek jasoko dira: hartutako erabaki guztiak, bilkurara dei egindakoak eta bertaratutakoak, bozketen emaitzak, boto partikularrak eta parte-hartzaileen adierazpen esanguratsuak.

3.– Patronatuko kideak gutxiago baldin badira legedian eta estatutuetan ezarritako gutxieneko kopurua baino, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak kide gehiago izendatzeko eskatuko dio patronatuari, eta, horretarako, bi hilabeteko epea emango dio. Epe hori luzatu ahal izango da, fundazioaren patronatuak eskaera arrazoitua eginez gero. Epea amaitu eta izendapena ez bada egin, Babesletzak beste epe bat eman ahal izango dio kopurua osatzeko, gutxieneko patronatukide kopurua berak osatu, jarduerak egiaztatzeko espedientea ireki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 53. artikuluaren arabera, edo fundazioa azkentzea eskatu, bideragarria ez dela irizten bazaio.

4.– Fundazioak patronaturik ez badu, edo epailearen ebazpenez patronatua bere eginkizunez gabetuta baldin badago, Babesletzak bere gain hartuko du, behin-behinean, fundazioaren jarduera kudeatzeko ardura, fundazioa gobernu-organoz hornitzeko, Erregelamendu honen 20. artikuluan aurreikusita dagoen bezala.

5.– Patronatuaren berrosaketaren berri agintaritza judizialari emango zaio. Era berean, patronatua berrosatzeko modurik ez badago estatutuetan aurreikusitakoa betez, agintaritza judizialari jakinaraziko zaio, fundazio azkentzeko eta likidatzeko prozedura abiarazteko eskatuz.

11. artikulua.– Patronatukideen autokontratazioa eta haien ordainsariak baimentzeko prozedura.

1.– Patronatukideek doan jardungo dute. Hala ere, fundatzaileek kontrakorik zehaztu ez bazuten eta Babesletzak baimena emanez gero, patronatuak erabaki dezake ordainsari bat ematea beren eginkizunei dagozkien zerbitzuez gainera fundazioan beste zerbitzu batzuk ematen dituzten patronatukideei.

2.– Baimen-eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Babesletzari aurkeztuko zaio, eta eskaerarekin batera, autokontrataziorako baimen-eskaera egiteko patronatuak hartutako akordioa eta ordainsaria ezarri behar zaizkien zerbitzuen izaera justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko dira. Honako hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

a) Patronatuko zer kide kontratatu nahi den, eta zer kontratu mota egin nahi den, bai eta haren ezaugarriak eta datuak ere.

b) Interes-gatazkarik ez dagoela patronatuko kidearen edo haren ordezkariaren eta fundazioaren artean.

c) Fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa ez duela arriskuan jartzen.

d) Kontratazioak lagundu egingo duela fundazioaren helburuak hobeto lortzen.

e) Kontratazioaren helburu diren zerbitzuengatik ordaina emango dela, merkatuak ezarritako baldintzetan egiten dela kontratazioa, eta proportzionala eta orekatua dela, kontuan hartuta zein diren egindako jarduerak eta lortu nahi diren helburuak.

3.– Interes-gatazka egongo da, patronatuko kide den pertsona bat edo pertsona horren ordezkari bat kontratatu nahi denean, baldin eta, kolokan jar badezake haren inpartzialtasuna eta objektibotasuna eginkizunak betetzerakoan edo fundazioari kalte egin badiezaioke, pertsona horrek interes pertsonala, lan-arlokoa, profesionala, familiakoa edo negozioen esparrukoa edukitzeagatik; era berean, interes-gatazka egongo da, baldin eta arestian aipaturiko loturak ematen badira patronatuko kide denaren artean eta kontratatu nahi den hirugarren baten artean

4.– Halaber, fundazioarekin kontratu bidez lotura duen pertsona fisiko edo juridiko batek fundazioaren patronatuko kide izan nahi badu, autokontrataziorako baimena eskatu eta lortu beharko du izendapena jaso baino lehen. Bestela, ezin izango dute patronatuko kide izendatu.

5.– Fundazioen Babesletzak ebatziko du autokontratazio-espedientea, ebazpen arrazoitu bidez, eta, horretarako, hiru hileko epea izango du. Epe horretan ebazpenik eman ezean, baimena eman dela ulertu beharko da.

3. AZPIATALA
ESKU-HARTZE EGINKIZUNAK FUNDAZIOEN JARDUERETAN ETA HELBURUETAN

12. artikulua.– Esku-hartze eginkizunak fundazioen jardueretan eta helburuetan.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioen jardueretan eta helburuetan dituen esku-hartze eginkizunen helburu nagusia da fundazioen helburuak betetzen direla zaintzea eta helburu horiek gauzatzeko jarduerak egiten direla zaintzea.

2.– Horretarako, Babesletzak kontrolatu egingo du fundazioak diru-sarreren portzentaje egokia bideratzen duela estatuetan finkatutako interes-orokorreko helburuetara eta administrazio-gastuetara, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 2/2016 Legean eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzako kontabilitate-arauetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Helburu horiek gauzatzeko, jarduera-plana, urteko kontuak eta beharrezkoa den gainerako informazioa egiaztatu eta aztertuko dira, eta ikuskapen-modalitate hauek ere burutuko dira:

a) Urteko ikuskapen-planaren araberako egiaztatze-jarduketak.

b) Fundazioen jarduerak egiaztatzeko ikuskapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 53.1 artikuluak jasotako kasuetarako.

Ikuskapenak erregelamendu honetako 19. artikuluan jasotako prozedura erkidearen arabera egingo dira.

4.– Neurri horiek osatzeko, Babesletzak, behin behinean, fundazioaren kudeaketa hartu ahal izango du bere gain, agintaritza judizial eskudunak hala baimentzen badu.

13. artikulua.– Urteko ikuskapen-planaren helmena eta edukia.

1.– Urtero egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak ohiko prebentzio-ikuskapenak, fundazioen araudia betetzen dela egiaztatzeko eta fundatzaileen interes orokorreko helburua eta fundazioen bideragarritasun ekonomikoa babesteko.

2.– Horretarako, urteko ikuskapen-plan bat onartuko da, publikoak izango diren irizpide objektiboen arabera formulatutakoa.

Isilpean gordeko dira, ordea, ikuskatutako entitateen identifikazioa, informazioaren tratamendurako baliabide informatikoak eta entitateak hautatzeko gainerako sistemak. Ez dira argitaratuko eta ez zaizkie jakinaraziko ukitutako fundaziokoak ez diren kanpoko entitateei.

3.– Organo eskudunak hala erabakita, ofizioz, urteko ikuskapen-planean sartuta ez dauden ikuskapenak egin ahal izango dira, izan bere ekimenez edo izan goragoko agindu baten indarrez, edota eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

4.– Fundazioak urteko ikuskapen-planean sartzeko arrazoiak izango dira erregistratzearen inguruko betebeharrak ez betetzeari buruzkoak, baita, indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera, Babesletzari dagokionez dauden betebeharrak ez betetzeari buruzkoak ere.

Ikuskatzeko arrazoiak izango dira, besteak beste:

a) Urteko kontuak eta, hala dagokionean, kanpoko auditoretza ez aurkeztea legez ezarritako epean, salbu eta indarrean dagoen araudiaren arabera, jarduerak egiaztatzeko espedientea egin ahal bada.

b) Jarduera-plana ez aurkeztea.

c) Babesletzarekiko legez ezarritako informazio- eta komunikazio-betebeharrak ez betetzea.

d) Eragiketak egitea aldez aurretik Babesletzak baimena eman gabe, baimena izatea derrigorrezkoa izan arren, edo erantzukizunpeko adierazpena behar duten eragiketak egitea hura egin gabe edota exijitutako azterlan ekonomikoa egin gabe, baita Babesletzaren aurrean dagozkion egintza edo kontratuaren burutzea egiaztatzeko betebeharra ez betetzea ere.

e) Babesletzaren errekerimenduei jaramonik ez egitea behin eta berriz, edo erantzun nabarmen urria aurkeztea.

f) Erregistroan inskribatzeko betebeharrak ez betetzea, erregistratzea beharrezkoa den jarduketen kasuan.

g) Patronatuko postu hutsak betetzeko beharra ez betetzea, horrek akordioak hartzea eta fundazioaren jarduerak gauzatzea eragozten badu.

h) Legez ezarritako portzentajea ez bideratzea fundazioaren helburuak betetzera, akats hori zuzentzeko Babesletzak errekerimendua egin izan arren.

i) Fundazioaren helburuak betetzea ezinezko egingo duen funts propioen narriadura, akats hori zuzentzeko Babesletzak errekerimendua egin izan arren.

j) Fundazioaren helburuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuetara bideratzea baliabideak, edota sarreren bolumenarekiko neurriz kanpokoak diren gastuetara.

k) Patronatuko edo fundazioan zuzendaritzako erantzukizunak dituzten pertsonen edozein jarduketa, entitatearen interesen edo haren helburuen kontrako jardueratzat har daitekeena.

14. artikulua.– Jarduerak egiaztatzeko espedientea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak jarduerak egiaztatzeko espedientea irekiko du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetako bat gertatzen denean.

2.– Espedientea irekiko dela Patronatuari jakinarazi eta sei hilabeteko epean amaitu beharko da espedientea berariazko ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak 53.2 artikuluan adierazitako erabakietako bat hartuko da.

3.– Jarduerak egiaztatzeko jarduketak dokumentatu egingo dira akta, txosten edo egiaztagiri bidez, eta agiri horiek dokumentu publikoaren izaera izango dute.

15. artikulua.– Ikuskapen ahalmenak.

Fundazioak ikuskatzeko eginkizunen barruan daude, gutxienez, honako ahalmen hauek:

a) Fundazioaren datuetara, erregistroetara eta liburuetara irispidea izatea, baita fundazioaren jarduerarekin eta egiaztatuak izan behar diren egintzekin lotutako dokumentaziora ere, euskarria edozein dela, euskarri informatikoa barne. Ikuskatzaileak eskubidea izango du dokumentazio horren kopia eskuratzeko.

Era berean, fundazioaren patronatuari eta zuzendaritza-eginkizunak dituzten pertsonei eskatu ahal izango zaie fundazioaren ondarearen eta baliabideen xedea eta erabilera egokiak direla egiaztatzeko beharrezkoa den informazioa eskura jartzeko.

b) Fundazioaren jarduera gauzatzen den lokaletara eta establezimenduetara sartzea eta ikuskatzea. Ikuskatze jarduketetarako Konstituzioak babestutako bizileku batera sartzea beharrezkoa dela iritziz gero, fundazioaren adostasuna edo dagokion baimen judiziala lortu beharko da.

16. artikulua.– Ikuskatzaileak.

1.– Aurreko apartatuan adierazitako ikuskatze-eginkizunak fundazioen arloko eskumenak dituen organoaren zerbitzura dauden funtzionarioek beteko dituzte.

2.– Eginkizun horiek betetzeko, ikuskatzaileak agintaritzaren agente izaera izango dute eta gainerako agintari publikoek laguntza, sorospena eta babesa eman beharko dizkiete.

Bulego publikoetatik kanpo jarduten dutenean, agintaritzaren agente izaera hori egiaztatu beharko dute, hala eskatzen bazaie.

3.– Aurrekoa gorabehera, ikuskatze lanak prestatzeko eta funtsezkoak diren gertakariak edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko lanak fundazioen alorreko organo eskudunaren zerbitzura diharduten langile ez-funtzionarioei agindu ahal izango zaizkie.

17. artikulua.– Ikuskapen-organoei laguntzea.

1.– Patronatuko kideek eta fundazioetan zuzendaritza-eginkizunak dituzten pertsonek lagundu egin beharko diote Babesletzari, eta errekerimendua egiten bazaie, dagozkion jarduketak egiteko adierazitako tokian, egunean eta orduan aurkeztu beharko dira eta eskatutako dokumentazioa ekarri.

2.– Beste edozein organo edo entitatek ere lagundu egin beharko du ikuskatze-jarduketetan, beharrezkoa izanez gero.

18. artikulua.– Fundazioen kontuen erregistroko publizitatea etetea.

1.– Babesletzak, ebazpen arrazoituaren bidez, fundazioaren kontuen erregistroko publizitatea eten ahal izango du ikuskatze-prozeduraren jarduketak amaitu arte, emango den azken ebazpena eraginkorra izango dela ziurtatzeko.

2.– Etete hori emango da ikuskatze-prozeduran zehar ikusten bada ikuskatzearen helburua egoki lortzea eragotziko duten inguruabarrak ematen direla, eta betiere erabakiak uki ditzakeen interesak haztatu ondoren.

19. artikulua.– Ikuskapenak izapidetzeko prozedura erkidea.

1.– Ikuskapen-prozedura ofizioz has daiteke edo pertsona fisiko edo juridiko batek modu arrazoituan eskatuta.

2.– Ikuskapen-prozedura abiarazteko ebazpena fundazioari jakinaraziko zaio, jarduketen hasiera-eguna berariaz adierazita.

Hala ere, jarduketak modu egokian gauzatzeko beharrezkoa balitz, ikuskapen-prozedura aldez aurretik jakinarazi gabe abiarazi ahal izango da, fundazioaren egoitzetan edo lokaletan bertan azalduta. Kasu horretan, entitateko arduradunak bertan ez badaude, egoitza edo lokal horietako arduradunen bitartez bideratuko dira jarduketak.

3.– Ikuskapenaren emaitza txosten batean formalizatuko da. Egindako ikerketaren ondorioetan oinarrituko da txostena eta honako datu hauek bilduko ditu:

a) Ikuskapenaren tokia, data eta ordua, fundazioaren egoitza sozialean azalduta egin bada.

b) Ikuskatutako entitatearen identifikazio-datuak.

c) Ikuskatzailearen eta jarduketan parte hartu duten gainerako pertsonen identifikazioa.

d) Ikuskapen-egintzen deskripzioa.

e) Ustezko arau-haustea edo irregulartasuna eragin duten gertakarien deskripzioa. Ezagutzen badira, ustezko arduradunak diren pertsona fisiko eta juridikoak adieraziko dira, baita ustez urratu diren legezko edo arauzko manuak ere.

4.– Ikuskatze-jarduketak amaitu ondoren eta jarduketa horiei amaiera emango dien ebazpena eman aurretik, ebazpen-proposamena igorriko zaio fundazioaren patronatuari, hamabost eguneko epean alegazioak egiteko eta egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak aurkezteko.

Horrela bada, ebazpenean jaso egin beharko da prozeduran zehar edo entzunaldian alegazioak aurkeztu diren edo ez, eta aurkeztu badira, proposamena sinatzen duen funtzionarioaren balorazio juridikoa jaso beharko da.

5.– Aurreko apartatuan adierazitako entzunaldia igarota, Babesletzak ikuskapen-prozedurari buruzko ebazpena eman beharko du eta, hala badagokio, egindako irregulartasunak zuzentzeko eta fundazioaren borondatearekiko errespetua berrezartzeko hartu beharreko neurriak zehaztu, baita akzio judizialak egikaritu ere, bidezkoak izanez gero. Ebazpen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie.

6.– Era berean, ikuskapen-prozeduraren eraginkortasuna bermatzeko eta interes orokorra babesteko, behin-behineko kautela-neurriak hartu ahal izango dira.

Ekidin nahi den kaltearekiko proportziodunak izan beharko dute neurri horiek eta inoiz ez dira hartuko kalte konpongaitz edo konponezina eragin dezaketenak.

Neurriak bertan behera geratuko dira neurriak hartzea eragin zuen dena delako egoera desagertzen den unean bertan edo gehienez ere sei hilabeteko epean, baldin eta ez bada beste sei hilabetez luzatzen.

20. artikulua.– Fundazioaren behin-behineko kudeaketa.

1.– Baldin eta fundazioaren biziraupena arriskuan jartzen duen irregulartasun larri bat nabaritzen badu Babesletzak haren kudeaketa ekonomikoan, edota desbideratze larri bat fundazioaren helburuen eta egindako jardueren artean, errekerimendua egingo du egoera erregularizatzeko eskatuz.

Babesletzaren errekerimendua jaso eta hilabeteko epea igarota jaramonik egin ez bada, Babesletzak hartuko du bere gain fundazioaren behin-behineko kudeaketa.

2.– Era berean, fundazioak patronaturik ez badu, edo epailearen ebazpenez patronatua bere eginkizunez gabetuta baldin badago, Babesletzak bere gain hartuko du fundazioaren behin-behineko kudeaketa, fundazioa gobernu-organoz hornitzeko, batez ere.

Fundazioak patronaturik ez duela ulertuko da, baldin eta hura kiderik gabe geratu bada, edo bete gabeko karguen hutsuneek erabateko eragina badaukate eguneroko jardunean.

4. AZPIATALA
ESKU-HARTZE EGINKIZUNAK JARDUERA EKONOMIKOETAN

21. artikulua.– Fundazioen jarduera ekonomikoekin lotutako eginkizunak.

1.– Fundazioen jarduera ekonomikoak kontrolatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak, xedatze- edo kargatze-egintzen eta merkataritza-sozietateetan parte hartzeko egintzen jarraipenaren bidez eta gordailutzeko aurkeztutako urteko kontuen bidez.

2.– Ondoz ondoko bi ekitalditan funts propioen murrizketa larria hautematen bada fundazioaren urteko kontuetan, helburuak lortzea arriskuan jartzen duena, Babesletzak fundazioaren patronatuari eskatu ahal izango dio bideragarritasun-plan baten bidez egiaztatzea egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartu dituela. Beste neurri batzuk ere hartu ahal izango dira, hala nola fundazioa urteko ikuskapen-planean sartzea edo jarduerak egiaztatzeko prozedura irekitzea.

22. artikulua.– Xedatze- eta kargatze-egintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari jakinarazi beharko dizkio fundazioak beraren ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideen kostu bidezko edo doako xedatze-egintzak, baita kargatze-egintzak ere. Honako hauek, hain zuzen:

a) Ondare-zuzkidura osatzen duten ondasun edo eskubideei buruzkoak edota fundazioaren helburuak betetzearekin lotuta daudenei buruzkoak, hau da, zuzenean lotuta nahiz zeharka, fundazioak dituen partaidetza nagusien bitartez.

b) Zuzkidura alde batera utzita, fundazioaren ondarearen zati bat xedatzeko edo kargatzeko direnak, baldin eta onetsitako azken balantzearen arabera fundazioaren aktiboaren ehuneko hogeia gainditzen badute, kontu-ikuskapena aurkeztera behartuta dauden fundazioen kasuan, eta ehuneko berrogeia gainerako fundazioen kasuan.

2.– Xedatze- eta kargatze-egintza egin eta hogeita hamar egun naturaleko epean jakinarazi beharko zaio Babesletzari administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean alderdi hauei buruzko erreferentzia egingo da:

a) Besterendutako ondasunen jatorria eta destinoa. Ondasunen eta eskubideen zenbatekoa eta balorazioa eta haien baldintza esanguratsuak.

b) Jakinarazitako xedatze- edo kargatze-egintzak arau honetako hurrengo artikuluan bildutako irizpideak betetzen dituela adieraziko duen memoria.

23. artikulua.– Xedatze- eta kargatze-egintzak egiteko irizpideak.

1.– Fundazioaren ondasunak edo eskubideak besterentzerakoan, bai eta fundazioak merkataritza- edo industria-establezimenduetan dituen edozein eratako partaidetzak besterentzerakoan ere, irizpide ekonomiko eta finantzarioak eta merkatukoak aplikatuko dira, eta lehia publikoa eta inpartzialtasuna bermatuko dira. Gainera, ziurtatuko da eragiketa ez dela kaltegarria eta ez duela arriskuan jartzen fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa.

2.– Ondare-zuzkidura osatzen duten ondasun edo eskubideak edota fundazioaren helburuak lortzearekin zuzenean edo fundazioak dituen partaidetza nagusien bitartez zeharka lotuta daudenak besterentzeko edo zergapetzeko, fundatzaileek edo ekarpenak egin dituztenek jarritako baldintzak bete beharko dira. Ondasun edo eskubide horiek besterendu edo kargatuta lortutako produktua fundazioaren helburuari lotutako beste ondasun edo eskubide batzuk erosten edo hobetzen inbertitu beharko da berriz ere. Zuzkidurara atxikitzen diren edo ez adierazi beharko da.

3.– Xedatze- edo kargatze-egintzen xede diren ondasun edo eskubideek merkatuan duten balioa fundazioaren aktiboaren ehuneko hirurogei baino handiagoa bada, patronatuak azterlan ekonomiko bat erantsi beharko dio erantzukizunpeko adierazpenari, profesional independente batek egina. Salbuetsita daude merkatu ofizialetan negoziaturiko ondasunak besterentzeko egintzak, baldin eta horiek gutxienez kotizazio-prezioa erdiesten badute.

24. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpen baten edukiaren egiaztatutako faltsutasun kasuak eta horien ondorioak.

1.– Babesletzari aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenetan azaldutako baldintzak eta inguruabarrak egiaztatuta, edukia gezurrezkoa dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak eta arau honetako 22. artikuluak xedatutakoaren arabera Fundazioen Babesletzari jakinarazi beharrekoak diren xedatze-edo kargatze-egintzak egiteko, fundazioak, aurrerantzean, baimena eskatu beharko dio aurretik Babesletzari.

Edukia gezurrezkoa dela ulertuko da adierazitakoaren eta egiaztatze-jarduketen ondorioz egiaztatutakoaren artean desadostasun nabarmenak daudenean.

Babesletzak fundazioari jakinaraziko dio Erregelamendu honen 22. artikuluan bildutako eragiketak egiteko, aurrerantzean, jakinarazi ordez, baimena eskatu beharko duela aurretik.

2.– Neurria bertan behera geratuko da adierazpen hori egin zuten patronatuko idazkaria eta lehendakaria kargutik kentzen dituztenean.

25. artikulua.– Fundazioaren hasierako zuzkidura.

1.– Fundazioaren hasierako zuzkidura, oro har, ezin izango da diru-sarrera gisa erabili.

2.– Salbuespenez, eta ekitaldi ekonomiko jakin baterako, fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurotik gorakoa bada, eta aurrekontuetan jasotako diru-sarrerak lortu ez badira, edo jarduerak gauzatzeko eta helburuak betetzeko aurreikusi gabeko gastuak egin behar badira, fundazioaren patronatuak erabaki dezake hasierako zuzkiduraren zati bat erabiltzea fundazioaren helburuaren berezko jarduerak egiteko. Zati hori ez da inoiz izango zuzkiduraren erdia baino gehiago.

3.– Fundazioak urtebeteko epea izango du diru-sarrera gisa erabilitako hasierako zuzkiduraren zatia itzultzeko. Babesletzak, salbuespenez, epe hori luzatu ahal izango du, baldin eta fundazioak behar bezala justifikatzen badu eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzen ez bada.

4.– Hasierako diru zuzkiduraren ekarpena dena delako kreditu-entitatean jarritako diru-kopuruen ziurtagirien bidez egiaztatuko da eta baimena ematen duen notarioari emango zaio fundazioaren eratze-eskrituran sartzeko.

5.– Hasierako zuzkiduraren ekarpenak diruzkoak ez direnean, ekarpenaren xede diren ondasunak edo eskubideak fundazioaren eratze-eskrituran jaso beharko dira, eta bakoitzaren balioa ere jasoko da. Aditu independentearen txosten bidez egiaztatu beharko da kontsignatutako balioa. Txosten horretan, bazkide sortzaile bakoitzak jartzen dituen ondasun eta eskubideak deskribatu behar dira, erregistro-datuekin, hala badagokio, eta ekarpenaren titulua edo kontzeptua.

6.– Ekarpena ondoz ondoko zatietan egingo bada, egin gabe dauden ordainketak egiteko modua eta gehieneko epea adieraziko dira.

Ondoz ondoko epeetan egindako diruzkoak ez diren ekarpenen kasuan, haien izaera, balioa eta edukia zehaztuko dira aditu independente baten txosten bidez, bai eta ekarpenak egiteko modua eta epea ere.

Kasu batean zein bestean, Babesletzak fundazioa ekonomikoki bideragarria izan dadin zainduko du.

26. artikulua.– Urteko kontuak.

1.– Fundazioen urteko kontuak argiro idatziko dira, eta ondarearen, emaitzen, finantza-egoeraren eta azken ekitaldian ondare garbian izandako aldakuntzen irudi zehatza erakutsi behar dute, bai eta garatutako jarduerarena ere, betiere legezko xedapenekin bat etorriz.

2.– Fundazioek, sozietate-talde bateko erakunde nagusiak badira, Kontabilitate Plan Orokorrak irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat ezarritakoari jarraituz aurkeztu behar dituzte kontuak, eta, kontuokin batera, urteko kontu bateratuak aurkeztu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, unean-unean indarrean dagoen merkataritza-legeen arabera formulatuta. Urteko kontu bateratuei kudeaketa-txosten bateratua erantsiko zaie, eta txosten horretan jasoko da, hala dagokionean, informazio ez-finantzarioaren egoera, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

3.– Fundazioen kontularitza-jarduerak bat etorri behar du irabazi-asmorik gabeko erakundeei egokitutako Kontabilitate Plan Orokorrarekin, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean eta erregelamendu honetan xedatutakoarekin ere.

Urteko kontuetan sartutako memoriak honako hauek jasoko ditu:

a) Kontabilitate Plan Orokorrak irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat ezarritako gutxieneko edukiak.

b) Erantzukizunpeko adierazpenen gaineko informazioa eta egintzak edo kontratuak burutu izanaren gainekoa.

c) Kontu horiek formulatzeko ardura duten pertsonen iritziz kontuek, oro har, fundazioaren irudi zehatza erakuts dezaten eman beharra dagoen informazioa.

d) Irabazi-asmorik gabeko erakundeei aplikatu beharreko zerga-arauek eskatzen duten beste edozein alderdi.

27. artikulua.– Urteko kontuak aurkeztea.

1.– Patronatuak urteko kontuak onartu eta hogeita hamar egun naturaleko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztu beharko dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak unean-unean zehaztuko du zer inprimaki erabili beharko duten bere aplikazio-eremuko fundazioek eginbehar hori betetzeko. Inprimaki horiek eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren web-orrian, eta bide telematikoz bete, sinatu eta aurkeztu beharko dira.

3.– Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko eskaerarekin batera, patronatuak kontu horiek onartzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztuko da, patronatukideek zer bozkatu duten jasoz, eta abstenitu diren edota kontrako botoa eman duten patronatukideak identifikatuz.

Ziurtagiriak, fundazioaren idazkariaren eta lehendakariaren sinadura elektronikoa izango du eta honako hauek adieraziko ditu:

a) Soberakinaren aplikazioa.

b) Kontuak modu laburtuan edo sinplifikatuan formulatu diren, eta horren zergatia.

c) Kontuak bat datozela auditoretzarekin, kontuen auditoretza egin beharra dagoenean nahiz patronatuak bere borondatez erabaki duenean kontuen auditoretza egitea. Kasu bietan, auditoretza-txostena erantsi beharko da, dagokion auditore independente batek elektronikoki sinatuta. Urteko kontuen auditoretza egiteko betebeharra ez dagoenean, horren arrazoia azalduko da.

d) Argi eta garbi egiaztatuko da modu digitalean aurkeztutako urteko kontuak bat datozela patronatuak onartutakoekin.

4.– Aldi baterako finantza-inbertsioak egiten baditu fundazioak balore merkatuaren gainbegiratze-esparruan dauden finantza-tresnetan, urteko txostena aurkeztu beharko du irabazi-asmorik gabeko erakundeek jarraitu behar duten jokabide-kodearen betetze-mailari buruz, indarrean dagoen araudiak edo agintaritza arautzaileak xedatutakoarekin bat etorrita.

28. artikulua.– Urteko kontuak gordailutzea.

1.– Urteko kontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 9/2016 Legearen 32.4 artikuluan xedatutakora formalki egokitzen diren aztertu ondoren, Babesletzak ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan haiek gordailutzea baimentzeko, publikoak izan daitezen. Dokumentazio hau gordailutuko da:

a) Fundazioaren patronatuak onartutako urteko kontuak.

b) Auditoretza-txostena, fundazioak kontuen kanpo-auditoretza nahitaez egin behar baldin badu, edo patronatuak borondatez erabaki baldin badu fundazioaren kontuen auditoretza egitea.

c) Kontuak onartzen dituen erabakiaren ziurtagiria, artikulu honetako hirugarren apartatuan aipatzen dena.

Babesletzak hiru hilabeteko epea izango du, kontuak aurkezten direnetik hasita, formalki egokiak direla egiaztatzeko eta haiek gordailutzea baimentzeko. Epe horretan erantzunik ez badago, eskaera baietsi dela ulertuko da.

2.– Urteko kontuak formalki egokiak diren egiaztatzeaz gain, Babesletzak lau urteko epea izango du, kontuak aurkezten diren egunetik hasita, egiaztapen materialak egin ahal izateko bere eginkizunak betetzen diharduela.

3.– Babesletzak geroago egindako egiaztapen materialen ondorioz beharrezkoa bada aldaketaren bat egitea gordailututako urteko kontuetan edo jarduera-planetan, horren berri emango zaio fundazioaren patronatuari, egin beharreko zuzenketak egin ditzan. Agiri horiek ere gordailutu egingo dira, hasiera batean aurkeztutakoekin batera.

4.– Urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez bada hartarako ezarritako epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak ebazpena emango du Erregistroa ixteko egintza inskribagarrietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak 32.8 artikuluan adierazitako egintzetarako izan ezik. Erregistro-orria ixtea jasota geratuko da hirugarrenek edo fundazioak berak eskatuta egindako ziurtagirietan.

5.– Erregistro-orria berriz irekitzeko, lehenbizi Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailutu beharko dira kontuak, betiere Babesletzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean aurreikusitako betekizun formalak betetzen direla egiaztatu ondoren.

29. artikulua.– Jarduera-plana.

1.– Honako hauek jaso behar dira Babesletzari aurkeztuko zaion jarduera-planean: ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua, fundazioak hurrengo ekitaldian aurreikusitako jarduerak jasoko dituen eta bildutako datu ekonomikoak zehaztu eta garatuko dituen azalpen-memoria bat. Patronatuak jarduera-plana onetsi izanaren ziurtagiria ere erantsiko da.

2.– Jarduera-planak honako baldintzak hauek bete behar ditu:

a) Egitura funtzionala izan behar du, honako hauek zehaztuta: zer helburu lortu nahi diren, zer jarduera egin behar diren horretarako eta zenbat diru erabiliko den, zer finantzabide aurreikusten diren, zenbat lagun arituko den lanean eta zenbat onuradun edo erabiltzaile izango duen aurreikusitako jarduera esanguratsu bakoitzak.

b) Orekatua izan behar du, hau da, lortutako baliabide ekonomikoen guztizkoak estali behar du erabili behar diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa.

c) Diru-sarreren multzoan, fundazioak edozein kontzepturengatik jasotzen dituen guztiak sartuko dira, ekitaldian zehar erabiltzeko jasotako dohainak eta diru-laguntzak barne direla, hala gertatuz gero, bai eta aurreko ekitaldietako emaitzak ere baldin eta patronatuak fundazioaren helburuetarako erabiltzea erabaki badu.

d) Gastuen atalari dagokionez, izaera ezberdina dutenak bereiziko dira, eta kontzeptuaren arabera zehaztuko, bereziki administrazio-gastuak.

3.– Jarduera-plana ekitaldi bakoitzeko azken hiru hilabeteen barruan igorriko zaio Babesletzari.

30. artikulua.– Diru-sarreren xedea.

1.– Fundazioek egiten dituzten jardueretatik edo egiten dituzten zerbitzuetatik eskuratzen dituzten diru-sarreren ehuneko hirurogeita hamar erabili beharko dute, gutxienez, fundazioaren xedeetarako. Fundazioak izandako emaitzen kontuaren diru-sarreren guztizkoa izango da fundazioen xedeetarako erabili beharko den zenbatekoaren kalkuluaren oinarria. Oinarri horretatik, diru-sarrerak eskuratzeko beharrezkoak izan diren gastuak baino ez dira kenduko, fundazioaren helburuak lortzeko gastuak izan ezik.

2.– Betebehar hori betetzeko epeari dagokionez, emaitzak eta diru-sarrerak lortu diren ekitaldiaren hasieraren eta ekitaldi hori itxi ondorengo hiru urteen artekoa izango da hura.

3.– Beharrezko gastutzat hartuko da honako gastu hauetatik diru-sarrerak lortzen laguntzen dutenen zati proportzionala: kanpo-zerbitzuen gastuak, pertsonalekoak, kudeaketakoak, finantzakoak eta tributuenak. Aitzitik, ez dira halakotzat hartuko fundazioaren jarduerak eragindako gastuak.

4.– Gastuak eta diru-sarrerak fundazioaren helburuetara bideratu direla ulertuko da, baldin eta benetan lagundu badute helburu horiek lortzen. Ez dira halakotzat hartuko amortizazioetarako zuzkidurak eta narriatzeak eragindako galerak. Era berean, administrazio-gastuak eta diru-sarrerak lortzeko beharrezkoak direnak ez dira hartuko fundazioaren helburuetara bideratutako gastutzat.

5.– Ekitaldi batean aplikatutako ehuneko hirurogeita hamarrekoaren soberakinak ezingo du konpentsatu hurrengo ekitaldietan aplikatzeko dagoen saldoa.

6.– Artikulu honetan aipatutako kalkuluaren oinarria zehazteko, ez dira inola ere diru-sarreratzat hartuko zuzkidura kontzeptupean egindako ekarpenak –ez eratze-momentuan egindakoak, ez geroagokoak.

31. artikulua.– Administrazio-gastuak.

1.– Administrazio-gastuen zenbatekoak ezingo du gainditu kopuru hauetako handiena: funts propioen ehuneko bosta edo fundazioaren emaitzen kontuko diru-sarreren ehuneko hogeia. Emaitzen kontua kalkulatuko da kontzeptu guztiak hartuta, behin diru-sarrerak lortzeko egindako gastuak kendu ondoren, fundazioaren helburuak betetzeari dagozkionak izan ezik.

2.– Honako hauek izango dira administrazio-gastuak:

a) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen zaintza, kudeaketa eta defentsak zuzenean sortutako gastuen diru-zenbatekoa.

b) Gobernu-organoko kideek beren funtzioetan aritzeagatik izandako eta behar bezala egiaztatutako gastuen diruaren itzulketa eta, hala badagokio, fundatzaileak kideentzat berariaz ezarritako ordainsariak.

c) Gerentzia edo kudeaketa edo fundazioaren izenean beste jarduera batzuk egiteko ardura ematen zaien eta fundazioaren zerbitzuan diharduten langileen ordainsariak.

32. artikulua.– Fundazioek ekonomia-, enpresa- edo merkataritza-jarduerak garatzea.

1.– Ekonomia-, enpresa- edo merkataritza-jarduerak egin ahal izango dituzte fundazioek, halako jarduerak fundazioaren helburuekin lotuta badaude edota jarduera horien osagarri edo lagungarri badira. Zuzenean egin ahal izango dituzte edota beste erakunde batzuen bitartez, eta betiere lehiaren defentsarako arauei men eginez.

2.– Ekonomia-, enpresa- edo merkataritza-jarduerak egin ahal izango dituzte fundazioek, nahiz eta fundazioaren helburuekin lotuta ez egon edota jarduera horien osagarri edo lagungarri ez izan, baina betiere sozietate-zorren gainean erantzukizun pertsonalik ez badago.

3.– Merkataritza-sozietate batean ehuneko hogei edo gehiagoko partaidetza duten fundazioek horren berri eman beharko diote Babesletzari urteko memorian. Fundazioak partaidetzaren gehiengoa duenean merkataritza-sozietate batean, hau da, fundazioaren kapitalaren edo boto-eskubideen edo ondare garbiaren ehuneko berrogeita hamarretik gorakoa bada partaidetza, fundazioak berehala eman behar dio inguruabar horren berri Babesletzari, 30 eguneko gehieneko epean, eta, jakinarazpenarekin batera, partaidetzen gehiengoa eskuratzea justifikatzen duen eskrituraren kopia aurkeztu beharko du, edo boto-eskubideen gehiengoa edo ondare garbiaren gehiengoa eskuratu izanari buruzko ziurtagiria.

33. artikulua.– Fundazioen datu eguneratuei buruzko ziurtagiria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak balioetsi behar du diru-sarrerak fundazioaren helburuak betetzeko erabili diren, administrazio-gastuaren muga bete den eta proportzionaltasun egokia egon den erabilitako baliabideen, egindako jardueren eta lortutako helburuen artean. Horretarako, arau honetako 37. artikuluan adierazitako nahitaez inskribatu beharreko egintzei buruzko informazioaz gain, honako alderdi hauek jaso behar dituzte fundazioek, urteko kontuekin batera aurkeztu behar dituzten datu eguneratuei buruzko ziurtagirian:

a) Fundazioek Babesletzari jakinarazi beharreko xedatzeko eta kargatzeko egintzei, merkataritzako erakundeetako partaidetzei eta jarauntsien eta dohaintzen onarpenari buruzko informazioa, non zehaztuko baita zein diren egintza horietarako arrazoiak eta beharrak, eta adieraziko baita eragiketak ez diola kalterik eragiten fundazioari eta ez duela arriskuan jartzen haren bideragarritasun ekonomikoa.

b) Patronatuko kideen eta haien ordezkarien autokontratazioei buruzko informazioa, honako hauek zehaztuta: zer organok hartu duen erabakia eta zer helburu eta iraupen duten autokontratazioek. Babesletzak horretarako emandako baimenari buruzko informazioa ere eman behar da.

c) Babesletzak edo dagokion organo eskudunak eskatu duten eta zenbait jarduketa egiteko beharrezko diren baimen edo jakinarazpenei buruzko informazioa. Informazioa emango da, era berean, ebatzi gabe dauden eskaerei buruz.

d) Ekitaldian egindako jarduerei buruzko informazioa, honako hauek adierazita: zer baldintza eta inguruabarretan garatu diren, bakoitzak zer eta zenbat helburu izan duen eta jarduerak propioak edo merkataritzakoak diren.

e) Jarduera horiei dagokienez, zehaztu egingo da zenbat langile aritu diren batez beste (soldatapeko, zerbitzu-kontratudun nahiz boluntario) eta zenbat onuradun edo erabiltzaile izan diren (pertsona fisiko nahiz juridiko) eta zer zerbitzu jaso duten. Sexuaren arabera banakatua eman beharko da aurreko informazioa.

f) Batez besteko enplegatu eta boluntario kopurua zehazteko, kontuan hartuko dira ekitaldian laneko edo boluntariotzako harremanen bat duten edo izan duten pertsona guztiak, eta batez bestekoa kalkulatuko da zerbitzuak ematen zenbat denbora igaro duten aintzat hartuta.

g) Fundazioaren helburuak betetzeko gastu eta inbertsioei buruzko informazio zehatza, inbertsio horien finantzabidea adierazita. Halaber, diru-sarreren ehuneko hirurogeita hamar helburuak betetzeko aplikatu behar dela eta, zehatz-mehatz azaldu behar da zer elementu erabili diren ehuneko horren oinarria kalkulatzeko, eta, halaber, informazio zehatza emango da oinarri horretatik kendutako gastuei buruz eta helburuetan aplikatzeko dauden saldoei buruz. Uneko ekitaldirako eta aurreko hiruretarako eman beharko da informazio hori guztia.

h) Administrazio-gastuei buruzko informazio zehatza, emaitza-kontua kontuaren eta partidaren arabera xehakatua barne dela, bai eta gastua administrazio-gastuari egozteko erabilitako irizpideei buruzko informazioa ere.

i) Inbentarioan honako hauek jasoko dira: ondasun, eskubide, betebehar eta bestelako partiden deskribapena; zenbatean eta noiz eskuratu diren; kontabilitate-balioa; balorazioan izandako aldakuntzak; narriatzeagatik eta amortizazioengatik izandako galerak eta bestelako partida konpentsatzaileak, eta besterentze- edo kargatze-egintzen ondorioz ondarean izandako aldaketa guztiak. Fundazioaren patronatuak –ondasun eta eskubideak fundazioaren helburuekin lotzeari buruzko berariazko borondate-adierazpena egiteko– inbentarioan zehaztuko du zer ondasun dauden zuzenean lotuta fundazioaren helburuak betetzearekin, fundazioaren zuzkiduraren parte diren elementuak bereizita.

j) Kontuen auditoretza egin beharra dagoen ala ez azaltzen duen adierazpena, Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitako kasuen balorazioa barne dela.

k) Erakundea euskal sektore publikoko erakundetzat hartzen dela azaltzen duen adierazpena.

l) Fundazioaren organo bakoitzak ekitaldia ixtean dituen kideen zerrenda, sexuaren arabera banakatua.

m) Fundazioaren hasierako dotazioa ondoz ondoko zatietan egingo bada, egin gabe dauden ordainketak egiteko gehieneko epea adierazi beharko da.

n) Nahitaezko liburuak legeztatzeko betebeharra betetzeari buruzko informazioa.

2.– Aurreko informazio horietakoren bat aurkeztutako urteko kontuetan jasota badago, betebeharra betetzat joko da, baldin eta bidalketa zehatza egiten bada informazio hori jasota dagoen atalera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren web-orrian eskuragarri egongo da fundazioen datu eguneratuei buruzko ziurtagiriaren eredua. Urtero bete eta aurkeztu beharko da, kontuekin batera, baina haietatik bereizita.

III. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN ERREGISTROA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

34. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren izaera eta xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa erregistro juridikoa da eta zerbitzu publiko gisa dago eratua, legez eskatutako segurtasun-betekizunak aintzat hartuta bertan gordailututako edukia ezagutzeko interesa dutenentzat.

2.– Erregistroaren xede nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremuan aipatzen diren fundazioak inskribatzea, bai eta fundazio horien egintza, negozio juridiko eta agiriak inskribatzea ere.

3.– Nolanahi ere, Erregistroaren publizitatean ez dira sartuko fundazio bakoitzaren agirietan azaltzen diren pertsonen helbideari, egoera zibilari eta bestelako datu pertsonalei buruzko informazioa, datu pertsonalen babesari buruzko araudiarekin bat etorrita.

35. artikulua.– Erregistroaren eginkizunak.

Erregistroaren eginkizunak dira honako hauek:

a) Fundazioen egintzen kalifikazioa eta inskripzioa, indarreko araudiak inskribatu beharrekotzat jotzen baditu. Salbuespena izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 32.8 artikuluan aurreikusitako kasuak.

b) Urteko kontuen eta patronatuak onetsi dituela egiaztatzen duen ziurtagiriaren harrera; baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak hartutako erabakia gauzatuz kontu horien gordailutzea ere, legeak exijitutako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren.

c) Fundazioen nahitaezko liburuak legeztatzea.

d) Informazio-ohar soilak eta gordailututako dokumentuen eta idazpenen kopia ematea, baita inskribatutako egintzen ziurtagiriak eta egintza horiekin lotuta artxibatu edo gordailutu diren dokumentuen ziurtagiriak ematea, guztia ere datu pertsonalen babesa kontuan hartuta. Izen-erreserbaren ziurtagiria ere emango du hala eskatuz gero.

e) Beraren eskumenekoak diren kontsultei erantzutea.

36. artikulua.– Erregistroaren antolaketa eta egitura.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa erregistro bakar gisa antolatuko da, erregelamendu honen 3. artikuluan adierazitako ahalmenekin bat etorrita. Fundazioen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako aholkularitza arduraduna izango da Erregistroaren arduraduna.

2.– Erregistroa bi liburutan egituratzen da. Inskripzioen eta urteko kontuen gordailuaren liburua eta legeztatzeen liburua. Modu elektronikoan kudeatu beharko dira liburu bi horiek.

3.– Inskripzioen eta urteko kontuen gordailuaren liburuan honako datu hauek jasoko dira fundazioak identifikatzeko:

a) Fundazioaren izena.

b) Fundazioaren helbidea.

c) Jarduketaren lurralde-eremua.

d) Fundazioaren helburuak.

e) Zuzkidura.

f) Orriaren goiko eskuineko angeluan fundazioaren inskripzio-zenbakia jasoko da, baita fundazioari esleitutako jarduera-kodea ere, erregelamendu honetako 58. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Inskripzioen eta urteko kontuen gordailuaren liburuan honako idazpen hauek egingo dira:

a) Inskripzioak.

b) Prebentziozko idatzoharrak.

c) Ezerezteak.

d) Orri-bazterreko oharrak.

5.– Legeztatzeen liburuari dagokionez, fundazio bakoitzeko orri bat irekiko da eta orri horretan jasoko dira fundazioaren izena eta inskripzio-zenbakia, legeztatutako liburu-mota, mota bakoitzaren barruan duen zenbakia eta legeztatze-data.

6.– Inskripzioak eta haien ezerezteak idazpenen eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen ondorean eta modu korrelatiboan zenbatuko dira zifrak erabiliz. Prebentziozko idatzoharrak eta haien ezerezteak letren bidez egingo dira, inskripzioen eta haien ezerezteetarako adierazitako eran, baina alfabeto-hurrenkera zorrotza jarraituta. Orri-bazterreko oharrak erregistro-orriko ezkerraldeko ertzean egingo dira eta argi eta labur adieraziko da erregistroko inskripzioarekin duen lotura.

7.– Idazpenen arrazoi izan diren dokumentuaren mota edo izaeraren inguruko inguruabarrak jasoko dira, gutxienez, eta erregistro-idazpenak egin beharra eragiten duten ebazpen administratibo edo judizialen ebazpen-zatiaren eduki nagusia jaso behar da.

Erregistroko arduradunak sinatu eta data jarriko die. Erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak diren datu pertsonalak baino ez dira jasoko, datuak babesteko araudiak ezarritako erregelak betez.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira erregistro-idazpenak, interesdunak aurkeztutako eskaera zer hizkuntzatan idatzi den gorabehera.

2. ATALA
ERREGISTROKO INSKRIPZIOAK

37. artikulua.– Nahitaez inskribatu beharreko egintzak.

Hauek dira nahitaez inskribatu beharreko egintzak:

a) Fundazioaren eraketa eta fundazioaren hasierako zuzkiduraren ondoz ondoko ordainketak.

b) Fundatzaileen atxikipena, eraketa-eskrituran ezarritako epean.

c) Zuzkidura handitzea edo gutxitzea.

d) Patronatuko kideen eta batzorde betearazle edo eskuordetuko kideen izendapena, ordezpena, etetea eta kargu-uztea.

e) Batzorde betearazle edo eskuordetuen eratzea eta azkentzea.

f) Patronatuak egindako ahalordetze orokorrak, auzietarako ahalordetzea salbu, eta ahalordetzeen errebokatzea.

g) Atzerriko fundazioen ordezkaritzak.

h) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo inskribatutako fundazioen ordezkaritzak eta haietan egindako aldaketak.

i) Estatutuen aldaketak.

j) Fundazioen bat-egiteak eta zatiketak.

k) Fundazioak beste erakunde bat bihurtzea eta alderantziz.

l) Fundazioak azkentzea eta likidazioa.

m) Dagokion araudiak inskribagarritzat jotzen dituen egintzak.

n) Behin-behineko kudeaketa baimentzen duten ebazpen judizialak, hartutako eskumenak, ezarritako epea eta, hala badagokio, epearen luzapena.

o) Oro har, egindako idazpenen edukia aldatzen duten egintzak.

38. artikulua.– Titulu inskribagarriak.

1.– Notario-eskritura publiko bidez formalizatu beharko dira aurreko artikuluko a), b), c), e), f), g), h), i), j) eta k) letretan aipatzen diren egintzak.

2.– d) letrako egintzak, berriz, notario-eskritura publiko bidez edo behar bezala sinaturiko ziurtagiri bidez formalizatuko dira.

3.– l) letran aipatzen diren egintzak eskritura publiko edo ebazpen judizial baten bitartez inskribatuko dira.

4.– n) letran aipatzen diren egintzak ebazpen judizial baten bitartez inskribatuko dira.

5.– m) letran aipatzen diren egintzak kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera inskribatuko dira.

6.– Idazpenen edukia aldatzeko egintzak, o) letran aipatzen direnak, inskribatzeko, aldatzen den egintza inskribatzeko eskatu zen agiriaren mota bereko beste agiri bat aurkeztu beharko da.

39. artikulua.– Erregistroko inskripzioen izaera.

1.– Izaera eratzailea izango du honako egintza hauek Fundazioen Erregistroan inskribatzeak: fundazioen eraketa, bat-egitea, zatiketa, aldatzea, azkentzea eta likidazioa.

2.– Estatutuen aldaketak inskribatzeak izaera eratzailea izango du, erabakia hartu zen egunera arteko atzeraeraginez.

3.– Patronatuko kideen izendapenak eta kargu-uzteak adierazpenezko izaera izango dute, baldin eta hiru hilabeteko epean jakinarazten bazaio aldaketaren berri Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari, erabakia hartzen den egunetik hasita.

4.– Epez kanpo aurkezten bada fundazioaren patronatuko kideen aldaketa inskribatzeko eskaera, erabakiak ez du ondoriorik izango, harik eta Erregistroan inskribatzen den arte. Kasu horretan, gainera, indarrean dagoen patronatuak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, epe barruan jakinarazi ez den patronatuaren aldaketa berresteko.

5.– Gainerako kasuetan, adierazpenezko izaera izango du erregistro-inskripzioak, eta hartu zen unetik izango da baliozkoa. Edonola ere, erabakia Erregistroan inskribatzeko, fundazioei buruzko araudian ezarritako betekizunak bete beharko dira, Erregistroaren publikotasunaren ondorioetarako.

40. artikulua.– Titulua partez inskribatzea.

1.– Inskribatu beharreko tituluan gertakari, egintza edo negozio juridikoak jaso badira –haien artean inolako loturarik ez dutenak–, eta haietako batean akatsen bat hautematen bada, akatsik gabeak inskribatu ahal izango dira. Gainerakoak, interesdunak hala eskatu ondoren inskribatuko dira.

2.– Titulua partez inskribatzea inskribatu beharreko tituluan eskatu beharko da, eta bakarrik egin ahal izango da klausula nahiz estipulazio akastunak aukerakoak badira edo horien ordez beharrezko lege-arauak ezartzen badira inskripzioan.

3. ATALA
INSKRIPZIO-PROZEDURA

41. artikulua.– Fundazioen eraketa.

1.– Honako hauek aurkeztu beharko dira fundazioaren eraketa inskribatzeko eskaerarekin batera: eskritura publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko Legearen 9. artikuluan adierazten diren gutxieneko edukiak dituela, lehenengo ekitaldi ekonomikoaren jarduketa-programa eta, hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurotik beherakoa baldin bada, profesional independente batek egindako azterlan ekonomikoa, fundazioa baliabide ekonomiko horiekin bakarrik bideragarria dela ziurtatuko duena.

2.– Erregelamendu honen 29. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu lehen ekitaldi ekonomikoko jarduketa-programak.

42. artikulua.– Estatutuak aldatzea.

1.– Estatutuen aldaketa inskribatzeko eskaerarekin batera, patronatuak estatutuak aldatzeko hartutako erabakia aurkeztu beharko da, eskritura publikoan jasota.

2.– Estatutuak aldatzeko erabakiak justifikatu egin beharko du aldaketa komenigarria dela fundazioaren intereserako, fundazioaren helburua errespetatzen duela eta fundatzaileek ez dutela espresuki debekatu.

3.– Fundazioaren sorrera ekarri zuen egoera aldatu bada eta horrek fundazioa hasierako estatutuen arabera behar bezala aritzea eragozten badu, estatutuak aldatu egin beharko dira, salbu eta fundazioa azkentzea aurreikusi bazuten fundatzaileek halako kasuetarako.

4.– Estatutu aldaketa dagoen kasu horietan guztietan jaso beharko da aldatutako artikuluen zerrenda, aldatzen edo eransten diren artikuluen idazketa berriaren hitzez-hitzezko transkripzioa eta aldaketaren ondoriozko estatutuen testu bategina.

43. artikulua.– Patronatukideak izendatzea.

1.– Fundazioaren patronatuko kideen izendapena eta ordezpena inskribatzeko eskaerarekin batera, izendapena egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, bai eta kargua espresuki onartu dela egiaztatzen duena ere.

2.– Izendapenaren inskripzioa honako era hauetara egingo da: eskritura publiko bidez, behar bezala sinatutako agiri pribatu bidez edo izendapenak egin diren bilkuraren aktaren ziurtagiri bidez, betiere ziurtagiria egin duen idazkariaren eta lehendakariaren oniritzi sinadurekin.

3.– Kargu publiko edo pribatuak betetzeagatik izendatutako patronatuko kideen inskripzioa ziurtagiri edo antzeko agiri bidez egingo da.

4.– Kide bakarreko patronatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 14.5 artikuluan aurreikusten dena, pertsona fisikoz bakarrik osatuko da.

44. artikulua.– Patronatukideen kargu-uztea.

1.– Dagokion erregistroak emandako ziurtagiri bidez egingo da patronatukideen kargu-uztearen inskripzioa, baldin eta heriotzak, heriotza-deklarazioak edo nortasun juridikoa iraungitzeak eragindakoa bada.

2.– Kargu-uztea edo etetea epailearen ebazpenez erabakitzen bada, delako ebazpenaren lekukotza bidez egingo da inskripzioa.

3.– Patronatukideen kargu-uztearen inskripzioa egiteko, ezintasunak, desgaikuntzak edo bateraezintasunak eragindakoa bada kargu-uztea, Erregistroan aurkeztu beharko da inguruabar horiek ebazten dituen dagokion ebazpen judiziala edo administratiboa.

4.– Uko egitearen ondoriozko kargu-uztearen inskripzioa egiteko agiri publikoa edo behar bezala sinatutako agiri pribatua aurkeztuko da. Uko egitea patronatuaren aurrean egiten bada, idazkariak emandako eta behar bezala sinatutako ziurtagiri bidez egiaztatuko da. Uko egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bertaratuta ere jakinarazi ahal izango da. Kasu horretan, fundazioaren patronatuko kide izateari uko egiteko jakinarazpenaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Behin inskribatuta, Fundazioen Erregistroak fundazioari jakinaraziko dio uko-egitearen inskripzioa baimentzen duen administrazio-ebazpena.

5.– Kargu publikoa betetzeagatik izendatutako patronatuko kideen kargu-uztearen inskripzioa organo eskudunak egindako ziurtagiriaren edo antzeko agiriaren bidez egingo da.

6.– Kargua uzteko ahalmena beste pertsona fisiko edo juridiko bati badagokio, behar bezala sinatutako ziurtagiri edo antzeko agiri bidez egingo da kargu-uztearen inskripzioa.

45. artikulua.– Ahalordetzea, ahalmenak eskuordetzea, batzorde eskuordetuak edo betearazleak eratzea eta haiek errebokatzea.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira egintza hauek inskribatzeko eskaerarekin batera: ahalordetzeak, patronatuak ahalmenak eskuordetzea bere kideei, batzorde eskuordetuak edo betearazleak sortzea, batzorde betearazle edo eskuordetu horietako kideen hasierako izendapena edo aldaketa, batzordeotan egindako aldaketak eta errebokatzeak:

a) Fundazioaren patronatuak ahalordea emateko, aldatzeko edo errebokatzeko hartutako erabakia.

b) Patronatuak emandako ahalmenak. Kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak 18. artikuluan aurreikusitako mugak bete beharko dira.

c) Batzorde betearazle edo eskuordetuko kide izendatutako pertsonen onarpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean egina.

46. artikulua.– Atzerriko fundazioen ordezkaritzak.

1.– Atzerriko fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan estreinakoz inskribatzeko eskaerarekin batera, behar bezala legeztatutako edo zigilatutako agiriak aurkeztu beharko dira, honako hauek egiaztatuko dituztenak: fundazioa izan badela, beren legeria propioaren arabera eratua, hark indarrean dituen estatutuak, gobernu-organoetako titularren identitatea eta ordezkaritza ezartzen duen agiria. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batera egindako agiri horien zinpeko itzulpena aurkeztu beharko da.

2.– Ordezkaritzaren inskripziorako fundazio bat sortzeko agindutako prozedura jarraituko da.

47. artikulua.– Beste fundazio-erregistro batzuetan inskribatutako fundazioen ordezkaritzak.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira beste autonomia-erkidego bateko edo estatuko erregistroetan inskribatutako fundazioen ordezkaritzak inskribatzeko eskaerarekin batera:

a) Patronatuak ordezkaritza sortzeko hartutako erabakia, non jasoko baitira helbidea, ahalordea jaso duten pertsonen identitatea eta haiei emandako ahalmenak.

b) Jatorrizko erregistroak emandako ziurtagiria, non egiaztatuko baita fundazioaren eraketa benetan inskribatuta dagoela eta fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzako pertsonei emandako ahalordea.

c) Eskritura publikoa, indarrean dauden estatutuak bilduko dituena.

48. artikulua.– Fundazioak azkentzea.

1.– Fundazioa azkentzen baldin bada eratzean ezarritako epea bukatzeagatik, azken inskripzioaren ondoan orri-bazterreko ohar bat egingo da, ofizioz edo edozein interesdunaren eskariz, fundazioa azkendu dela adieraziz.

2.– Patronatuak hartu baldin badu fundazioa azkentzeko erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40. artikuluko b), c), d) eta e) letretan ezarritako arrazoietako bat dela medio, patronatuak hartutako erabakia aurkeztu beharko da azkentzeko eskaerarekin batera, eta hartan, azkentzeko arrazoia azalduko da eta honako hauek jasoko: aurreko ekitaldiko kontuez gain, azkentzeko erabakia hartu zen egunean egindako fundazioaren balantzea, likidazio-plana, gerakinaren destinoa eta, hala badagokio, batzorde likidatzailearen izendapena. Eskritura publiko batean jaso behar dira agiri horiek.

3.– Azkentzea inskribatzeko, artikulu honetako aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, Babesletzak aurretik berretsi beharko du.

4.– Agintaritza judizialak erabakitako azkentzea baldin bada, hura deklaratu duen ebazpen judizialaren lekukotzaren bidez inskribatuko da.

49. artikulua.– Fundazioak likidatzea.

Likidazioa inskribatzeko eskaerarekin batera, eskritura publikoan jaso beharko diren honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Batzorde likidatzailearen erabakia, non onartuko baitira likidazio-eragiketak eta erabakiaren egunean egindako likidazio-balantze itxia.

b) Likidazio-eragiketak formalizatzeko erabilitako agirien kopia, eta fundazioa likidatzearen ondoriozko gerakinaren destinoa justifikatzeko agiriak.

50. artikulua.– Fundazioek bat-egitea.

1.– Bat-egite baten inskripzioa egiteko –izan fundazio berri bat sortu delako edo fundazio batek beste bat xurgatu duelako–, aurretik, eragiketan parte hartzen duten fundazioek bat egiteko erabakiak hartu behar dituzte, eta erabaki horiek eskritura publiko bakar batean jasoko dira.

2.– Eskaerarekin batera, eskritura publikoa aurkeztu behar da, erabakiak jasoko dituena, eta erabaki horietan egongo dira bilduta bat-egitea eragin duten arrazoiak eta bat-egitearen ondoriozko patronatua, proiektua, aurreko ekitaldiko urteko kontuak, bat-egitearen balantze itxia, bat-egitea erabaki den unean egina, eta bat-egiteak helburuetan, jardueretan eta ondarean duen eraginari buruzko azalpen-memoria bat.

3.– Fundazio berri bat sortzen bada, eskritura publikoak, adierazitakoez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 9. artikuluan ezarritako betekizunak jaso beharko ditu. Bat-egitea xurgatzearen ondorioz gertatzen bada, fundazio xurgatzailearen estatutuetan izandako aldaketak jasoko dira erabakian, halakorik badago.

4.– Fundazio berri bat osatzeko bat egiten duten fundazioak edo xurgatuak direnak azkendu egingo dira, likidazioan sartu gabe. Fundazioaren ondare osoa fundazio berriari edo xurgatzaileari eskualdatuko zaio, eta honek bere gain hartuko ditu azkendutakoen eskubide eta betebeharrak.

5.– Bat egiteko erabakiak Babesletzaren onarpena izan behar du. Bat-egiteari buruzko inskripzioak egin ondoren, azkendutako fundazioen idazpenak ezeztatu egingo dira ofizioz.

51. artikulua.– Bereizketa.

1.– Fundazioak bereizi ahal izango dira, bitan edo gehiagotan, eta, hartara, fundazio berri bat edo batzuk sortuko dira, edo fundazioaren zati bat bereizi eta berri bat edo batzuk sortu, eta bereizia edo jatorrizkoa mantenduko da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 39.1 artikuluan ezarritako oinarrizko betekizunei jarraituz.

2.– Bereizketak inskribatzeko eskaerarekin batera, eskritura publikoa aurkeztu behar da, honako hauek bilduko dituena:

a) Bereizteko erabakia, fundazio bereiziaren edo jatorrizkoaren patronatuak hartua.

b) Aurreko ekitaldiko urteko kontuak, baita bereizitako fundazioaren balantze itxia, bereiztea erabaki den unean egina.

c) Azalpen-memoria bat, informazio hau bilduko duena: bereizketaren ondorioz sortzen diren fundazioei edo bat egindako fundazioei eskualdatzen zaien jatorrizko fundazioaren zatiaren ondare-egoerari eta jarduerei buruzko informazioa.

3.– Bereizketaren ondorioz fundazio onuradun bat edo batzuk eratzen baldin badira, legedian fundazioen eraketari buruz ezarritako araudia aplikatuko da, bai eta erregelamendu honetan ezarritakoa eta estatutuen aldaketari buruzko araudia ere.

4.– Bereizketaren ondorioz bereizitako ondarea aurretik zeuden fundazio onuradunei esleitzen bazaio, Legean estatutuak aldatzeari buruz aurreikusitakoa aplikatuko zaio.

5.– Bi kasu horietan, bereizketa egiteko, Babesletzak baimena eman beharko du aldez aurretik, eta fundazio berri bat edo batzuk sortzeko bereizketaren aurka agertu ahal izango da, hiru hilabeteko epean, bereizketa egiteko erabakia jakinarazten denetik. Halaber, eskaera bat aurkeztu beharko da bereizteko erabakia Erregistroan inskriba dadin.

52. artikulua.– Fundazioak eraldatzea.

1.– Fundazioak beste pertsona juridiko bat bihur daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 44. artikuluan ezarritako betekizunei jarraituz.

2.– Eraldaketa inskribatzeko eskaerarekin batera, fundazioaren patronatuak hartutako erabakia aurkeztu beharko da. Eskritura publikoan jaso beharko da erabakia, eta honako hauek bildu behar ditu:

a) Fundazioa zer pertsona juridiko bihurtzen den, haren izena eta Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde bat dela.

b) Fundazioa eraldatuta sortzen den erakundeak zer helburu dituen; fundazioak ordura arte zituenak bildu behar ditu, gutxienez.

c) Zer organo publikok izango duen fundazioa eraldatuta sortzen den erakundearen kontrola.

d) Aurreko ekitaldiko urteko kontuak, baita fundazioaren balantze itxia, eraldatzeko erabakia hartu den unean onartua.

e) Azalpen-memoria bat, jasoko duena zein diren fundazioaren ondare-egoera eta jarduerak, hura eraldatuta sortzen den erakundeari eskualdatuko zaizkionak.

f) Balantzea egin ondoren, zein den eraldatutako fundazioaren gerakina, sortzen den erakundearen hasierako ondare garbia osatuko duena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak onartu behar du eraldatze-erabakia.

4.– Hala badagokio eraldatutako fundazioa erregistro eskudunean inskribatu ondoren, fundazioak inskripzio horren berri eman beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari, fundazioaren erregistro-orria ofizioz ezezta dezan. Beste erregistro batean inskribatzeko eskaera ukatzen bada ere, jakinarazpen hori egin beharko da.

53. artikulua.– Fundazio-izaera ez duten pertsona juridikoak fundazio bihurtzea.

1.– Pertsona juridiko bat fundazio bihurtzeko inskripzio-eskaerarekin batera, eraldatzeko erabakia aurkeztu beharko da. Organo eskudun batek hartu beharko du erabaki hori, kontuan hartuta nolako erakunde edo pertsona juridikoa den, eta publiko egin beharko da. Honako hauek jasoko ditu erabakiak:

a) Fundazio-izaera ez duen baina fundazio bihurtzen den pertsona juridikoa zer erregistrotan dagoen inskribatuta, zer izen duen eta gainerako erregistro-datuak.

b) Administrazio-egintza, zeinaren bidez erabakitzen baita fundazio bihurtzen den erakundeari baja ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadin.

c) Fundazioak eratzeko nahitaezkoak diren agiriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoak.

d) Eraldatutako erakundearen helburuak. Antzekoak izan behar dute fundazio berriak estatutuetan bilduta dituen helburuen aldean. Eraldatze-eskritura publikoan jasoko dira estatutuak.

e) Interes orokorreko zer arrazoi dagoen fundazio-izaera ez duen pertsona juridikoa fundazio bihurtzeko. Halaber, adieraziko da eraldatutako erakundearen fundatzaileek ez dutela berariazko debekurik ezarri.

f) Eraldatutako erakundearen aurreko ekitaldiko urteko kontuak.

g) Azalpen-memoria, non jasoko baita eraldatutako erakundeak fundazioari eskualdatuko dizkion ondarearen eta jardueren egoerari buruzko informazioa.

h) Balantzea egin ondoren, zein den eraldatutako erakundearen gerakina, fundazioaren hasierako zuzkidurara bideratuko dena.

2.– Eskritura publikoan jaso beharko dira bai eraldatze-erabakia, bai dagokion araudian eta erregelamendu honetan aurreikusitako nahitaezko agiriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bidaliko zaizkio inskriba daitezen, fundazioak eratzeko aurreikusitako izapideak bete ondoren, betiere.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak eta Babesletzak erabakitzen baldin badute erakundeak ez dituela betetzen fundazio bihurtutako erakundeak inskribatzeko baldintzak, beren araudian eta fundazioei buruzkoan ezarritakoak, prozedurari amaiera emateko ebazpena emango da eta horren berri emango zaio, halaber, erakundea inskribatuta zegoen jatorrizko Erregistroari.

54. artikulua.– Euskal sektore publikoko fundazioak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak 63.1 artikuluan xedatutakoaren arabera euskal sektore publikoko fundazioak direnak, estatutuetan berariaz adieraziko dituzte honako hauek: patronatuaren osaera, kideak izendatzeko eta ordezteko erregelak, kide izateari uzteko arrazoiak, haien ahalmenak, eta gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko modua.

2.– Era berean, Erregelamendu honetako 33. artikuluan araututako fundazioen datu eguneratuei buruzko ziurtagirian adierazi beharko dute sektore publikokoak diren ala ez, eta sektore publikoak egindako ondare-ekarpena eta fundazioaren patronatuko kide-kopurua benetan bat datozela egiaztatu.

4. ATALA
ERREGISTROAREN BESTE EGINKIZUN BATZUK

55. artikulua.– Izen-erreserbaren ziurtagiria.

1.– Fundatzaileek izen-erreserbaren ziurtagiria eskatu beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari, hain zuzen ere egiazta dezan izenak betetzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean eta erregelamendu honetan ezarritakoa.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiri hori eratze-eskrituran jasoko da urtebeteko epean, ziurtagiria jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ziurtagiriak indarra galduko du.

3.– Ezin da lehendik dagoen fundazio baten antzeko izena jarri. Alde horretatik, kasu hauetan ulertuko da bi izen antzekoak direla:

a) Hitz berak ordena, genero eta kopuru desberdinekin erabiltzen direnean.

b) Hitz berak erabiltzen direnean, honako hauek gehituta edo kenduta: hitz edo esamolde orokor edo osagarri, artikulu, adberbio, preposizio, juntagailu, azentu, marratxo, puntuazio-zeinu edo antzeko osagaiak; edo hitz berak erabiltzen direnean, hizkuntza ofizial desberdinetan.

c) Adierazpen fonetikoa berdina denean. Hala gertatzen da proposatutako izenak lehendik zegoen beste izen batekin nahasteko bide ematen duenean.

4.– Izen-erreserbaren ziurtagiri-eskaeran hiru izen adieraz daitezke, gehienez ere, lehentasun-hurrenkeraren arabera. Izen bat baino gehiago proposatzen baldin bada, eskabidean agertzen den lehentasun-hurrenkeraren arabera erabakiko da. Lehendabizikoa gordeko da eta dagokion ziurtagiria egingo da.

5.– Fundazioen Erregistroak hamar egun balioduneko epea du, eskaera egiten den egunetik hasita, izen-erreserbaren ziurtagiria emateko.

6.– Beste fundazio bat xurgatzen denean edo fundazio berri bat sortzen denean, baita erabateko zatiketa gertatu eta zatitutako fundazioa azkentzen denean ere, xurgatutako edo azkendutako fundazioaren izena hartu ahal izango dute erakunde onuradunek.

56. artikulua.– Liburuak legeztatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 35. artikuluan ezarritako derrigorrezko akta-liburua, eguneko liburua eta urteko inbentarioa eta kontuen liburua aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, legeztatu ditzaten, ekitaldi bakoitzeko lehen seihilekoan, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren web-orria erabiliko da. Legeztatze-eskaera epez kanpo aurkeztuz gero, hala jasoko da dagokion liburuaren eginbidean eta idazpenean.

2.– Legeztatze-eskaera elektronikoki sinatu beharko du horretarako beharrezkoa den ahalmena duen pertsonak, eta eskaerarekin batera, legeztatu beharreko liburuen zerrenda aurkeztuko da, bai eta honako hauek ere: zenbat orri daukan liburu bakoitzak, noiz ireki ziren eta, hala badagokio, noiz itxi ziren legeztatutako azken liburuak.

3.– Eraketa-eskritura publikoaren inskripzio-eskaera aurkeztu ondoren baino ezingo dute eskatu fundazioek liburuak legeztatzeko. Liburuak ez dira legeztatuko, harik eta inskripzio hori egin arte.

4.– Manipulatzea eragozten duen euskarri batean aurkeztu beharko dira legeztatu beharreko liburuak.

5.– Modu automatikoan gauzatuko da legeztatzea, zigilu elektroniko bidez. Dagozkion oharrak egingo dira, eta fundazioari itzuliko zaio legeztatutako liburua, euskarri elektronikoan.

6.– Fundazioek aurkeztutako liburuak legeztatu ondoren, haien esku geratuko dira, eta ez da haien edukiaren kopiarik gordeko Erregistroan, ezabatu egingo baita.

57. artikulua.– Erregistro-publizitatea.

1.– Erregistroa publikoa da haren edukia ezagutu nahi duten pertsona edo erakunde guztientzat, eta honako hauen bidez gauzatuko da publikotasuna: idazpenen edukiari buruzko ziurtagiriak, informazio-ohar soilak, egindako inskripzioekin lotura zuzena duten idazpen edo agirien kopia eta zerrendak.

2.– Zerrendak eskatzeko, bilaketa-irizpideak zehaztu beharko ditu interesdunak, eta ez dira onartuko eskaera generikoak edo Erregistroko datu guztiak iraultzeko asmoz egindakoak. Fundazioen izena, inskripzio-zenbakia eta egoitza soziala jasoko dira zerrendetan.

3.– Publikotasuna gauzatzeko, halaber, idazpenak eta agiriak erakusgai jarri ahal izango dira. Horretarako, interesdunek Fundazioen Erregistroaren egoitzan agertu beharko dute, eta langile eskudunen aurrean erakutsiko dira agiriok.

4.– Erregistroak zainduko du datu pertsonalen babeserako araudia betetzen dela, baldin eta eskaerek eragiten badiete idazpen edo agirietan bildutako datu pertsonalei eta espedienteetako ebazpen judizialetan bildutakoei, baldin badaude.

58. artikulua.– Fundazioen jardueren sailkapena.

1.– Fundazioek interes orokorreko helburuak bete behar dituzte, eta helburu horiek lortzea sustatzen duten jarduerak garatu behar dituzte.

2.– Fundazioen helburu eta jarduerak kodifikatuta jaso daitezen, fundazioaren jarduera nagusiarekin bat datorren kodea adieraziko dute interesdunek, eta, horretarako, erregelamendu honen I. eranskinean zehazten diren kodeak erabiliko dituzte. Kode hori eskatuko da honako helburu hauek dituzten espedienteak izapidetzeko: fundazio baten eraketaren inskripzioa, estatutuen aldaketa fundazioaren helburuak aldatu direlako, fundazioen bat-egite, zatiketa eta fundazio-izaera ez duten pertsona juridikoak fundazio bihurtzea eta fundazioen ordezkaritzak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Kode egokirik identifikatzen ez badute, «Bestelakoak» aukeratu ahal izango dute.

3.– Erregistroak dagokion erregistro-orrian idatziko du fundazioak hautatutako kodea.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Estatutuak egokitzea eta jardueraren eta funtzionamenduaren aitorpena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako estatutuen egokitzea nahitaezkoa izango da. Hori egin ahal izateko, eta horretarako bakar-bakarrik, nahikoa izango da bertaratutakoen gehiengo sinplea, betebehar hori bete gabe geratu ez dadin estatutuak ezarritako gehiengoetara iritsi ezin delako.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako epean estatutuak egokitzeko betebeharra bete ez duten fundazioei errekerimendua egingo die Babesletzak, estatutuak egokitu ditzaten.

3.– Errekerimendu horri erantzuteko, hiru hilabeteko epea izango dute beren estatutuak egokitzeko eta jarduera- eta funtzionamendu-egoeran daudela adierazteko, eta Fundazioen Erregistroari jakinaraziko die egoitza soziala, patronatukideek nortzuk diren eta noiz izan ziren hautatuak edo izendatuak.

4.– Fundazioren batek ez baditu estatutuak egokitzen ez eta aurreko apartatuan adierazitako errekerimenduari erantzuten esanez jarduera- edo funtzionamendu-egoeran dagoela, edo ez badio egin inolako eskaerarik edo jakinarazpenik Fundazioen Erregistroari Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea indarrean sartu geroztik, inguruabar hori jasota geratuko da orri-bazterreko ohar batean, jarduerarik ez dutela usteko da eta, hala badagokio, fundazioaren desegite judiziala eskatuko ahal izango da.

5.– Bitarteko egokiak erabilita eta argibideetarako soilik, 32.5 artikuluan aurreikusitako urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioen zerrenda argitaratuko da eta bereizi egingo dira, batetik jarduera- edo funtzionamendu-egoeran dauden erakundeak eta, bestetik, artikulu honetako aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera, ustez jarduerarik ez dutenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzorderako sailetako kideen izendapena.

Arau hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, Babesletzaren Aholku Batzordea eratze aldera, arau honetako 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, sail bakoitzak bere ordezkari jardungo duen kidea izendatu beharko du, titularra eta ordezkoa, hain zuzen. Izendapen hori aholku batzordearen lehendakariari jakinaraziko zaio.

Eusko Jaurlaritzako sailetako egituretan aldaketak gertatzen direnean ere, izendapen horiek egin beharko dira.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZAREN ETA ERREGISTROAREN ERREGELAMENDUAREN ERANSKINA
JARDUERA-KODEAK

1.– Osasuna.

2.– Hezkuntza.

3.– Kultura.

4.– Euskararen sustapena. Hizkuntza-aniztasuna eta euskal kultura.

5.– Kirolaren sustapena.

6.– Giza-eskubideen eta printzipio etiko eta demokratikoen defentsa.

7.– Garapenerako lankidetza eta heziketa. Laguntza humanitarioa.

8.– Boluntariotzaren sustapena eta tolerantziaren defentsa.

9.– Gizarte-zerbitzuak. Gizarte-ekintzaren sustapena.

10.– Komunitate-garapena.

11.– Ingurumenaren eta ondarearen defentsa.

12.– Animalien defentsa eta babesa.

13.– Etxebizitza babestea.

14.– Segurtasuna.

15.– Gizarte-ekonomiaren eta/edo enpresa-ekintzailetzaren sustapena.

16.– Lehen sektorearen eta industria- eta zerbitzu-sektorearen garapena.

17.– Informazio-gizartearen garapena.

18.– Ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa.

19.– Aukera-berdintasunaren sustapena.

20.– Bestelakoak.


Azterketa dokumentala