Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2019ko uztailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3571

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oñatiko (Gipuzkoa) alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa, kirol-ekipamenduko f.1 «Olaiturri» lurzatiaren zati batean estalkia jartzeko plangintzari buruz.

AURREKARIAK

2018ko abenduaren 19an, Oñatiko Udalak udalerriko alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren (aurrerantzean, BPB) aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, kirol-ekipamenduko f.1 «Olaiturri» lurzatiaren zati batean estalkia jartzeko plangintzari buruz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

2018ko abuztuaren 7ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzari eta URA, Uraren Euskal Agentziari (hiruak Eusko Jaurlaritzarenak), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

Era berean, Oñatiko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion 2019ko martxoaren 13an.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, URA, Uraren Euskal Agentziaren, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Sailaren (Gipuzkoako Zuzendariordetza) txostenak jaso dira (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oñatiko (Gipuzkoa) alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren aldaketa –aurrerantzean, BPBren aldaketa– puntualari buruzko ingurumen-txostena formulatzea, kirol-ekipamenduko f.1 «Olaiturri» lurzatiaren zati batean estalkia jartzeko plangintzari buruz, Oñati Udalak sustatuta, eta baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Oñatiko BPBren aldaketaren helburua da estalki bat instalatzea titulartasun publikoko lurzati batean (Olaiturri izenekoan). Lurzati hori kirol-ekipamendukoa da, eta erabilera horixe ematen zaio. Hala, aldaketarekin, irisgarritasuna hobetu eta kirol-eremua babestu eta estali nahi da. Aipatu lurzatia I.30 Enparantza hirigintza-eremuaren barnean dago, indarreko udal-arau subsidiarioen arabera.

Lurzatiaren hirigintza-fitxa (F.2 Kirol-Ekipamendua) plan bereziaren aldaketara egokituko da eta eragindako lurzatiaren egiazko neurriak jasoko ditu. Hala, fitxa hori izango da lurzatiaren gaineko hirigintza-araudia, eta horren osagarri erabili dira indarreko planeamenduko udal-arau subsidiarioak eta alde zaharra birgaitzeko plan berezian jasotako zehaztapenak (espediente honek aldatzen ez dituenak).

Hirigintza-parametro hauek ezartzen dira:

– Komunitate-ekipamenduko sistema orokorreko lurzatia F.2. Kirol-Ekipamendua. 3.162,70 m2-ko azalera.

– Xedea: udal-titulartasuneko kirol-ekipamendua dagoen eremu bat da, indarreko planeamenduko udal-arau subsidiarioen arabera; estalki berria jarriko da, ingurunera egokitua, eta, halaber, irisgarritasuna eta prestazioak hobetuko dira, zerbitzu eta erabilera publikoaren ikuspegitik. Hala, lurzatiko erabilerari eutsi ez ezik, bultzada berri bat ere emango zaio.

Erabilera nagusia: Kirol ekipamendua eta erabilera anitzekoa (kirola, otorduak, dantzaldiak, Gabonetako haur-parkea, kontzertuak –zutik eta jarlekuekin–).

Eremuaren azalera: 3.162.70 m2.

Estalpeko azalera 1.818 m2.

Eremu estali gabea: 1.344,70 m2.

Sestra: 231,45.

Altuera, guztira: 7,50 m.

Altuera librea barnealdean: 6,10 m.

– Garapena eta kudeaketa: proiektu tekniko baten arabera gauzatuko da proiektua, baldintza hauen pean: behar izanez gero, lerrokadurak eta sestrak xehetasun-azterlan baten bidez ordenatuko dira.

– Babes-eremu bat ezartzea Sancti Spiritus unibertsitatearen, Jesusen Bihotzaren Elizaren eta Agustindarren komentuaren inguruan, aipatu estalkia eraikinon atzeko fatxadetatik urrunduta.

– Harik eta estalki-egitura arinena diseinatzea, bistak bermatu eta eraikin babestuetako elementu nagusiak errespetatuko dituena.

– Urbanizazio berriko materialen tratamendua arretaz zaintzea.

– Debekatuta egongo dira estalkiaren albo-itxiturak, eta hiri-espazio irekiaren izaerari eutsiko zaio.

BPBren aldaketaren eremua Agustindarren komentuaren eta Oñati ibaiaren artean dago, inguruneko urbanizazio-mailatik 1,50 metro beherago. Eraikuntzarik batere gabekoa da, ez badira harmailak, petrilak, arranpa bat eta eskailera-maila batzuk. Harmailen eta ibaiaren artean, pasealekua dago. Ibaiaren eskuin ertzeko zaintzeko eremuan dago, eta jabari publiko hidraulikoko babes-zortasuneko eremuan ere sartzen da zati batean, baina ez du uholde-arriskurik, ezta arrisku geotekniko nabarmenik ere.

Ibilguaren ezaugarri naturalak oso eraldatuta daude; bideratze handiak egin dira eta apenas dago landaredirik.

Eremua ez da natura-espazio babestua, eta ez dago sartuta EAEko korridore ekologikoen sarean, ezta plan hidrologikoan ere, eta ez dago Batasunaren intereseko habitatik bat ere.

Eremuaren barnean, ez dago «lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan» identifikatutako kokagunerik.

Oñatik ez du zarata-maparik eta ez dira zehaztu udalerriko babes akustiko bereziko guneak. Plan bereziaren aldaketak ez du foku akustiko berririk ekarriko, kirol-ekipamenduko lurzatiaren egitura aldatuko denez, estalkia jarrita. Horrek, ordea, erabilera handitzea ekar dezake, egoera jakin batzuetan bederen, zarata-mailak handituta aldi horietan. Plazaren ingurunean erabilera erlijiosoak eta hezitzaileak egiten dira, eta 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-mailak bete behar dira.

Aurreikusitako ekintzak

Harmailak eraitsi, eta kontrako aldean ipiniko dira, Agustindarren eraikinaren alboan, lotura zuzena egoteko ibaiaren ibilguarekin (arranpak ezarriko dira irisgarritasuna bermatzeko, Zurezko habeak izango ditu egiturak, eta estalkia polikarbonato zelularreko panel aurrefabrikatuz osatuko da; argia iragazi, eta euri-urak bilduko dituzte. Gainera, zerbitzu lagungarriak izango ditu (elektrizitatea, gasa eta ura), eta kamioientzako sarbidea.

Halaber, inguruko urbanizazioa eta lorategiak ere proiektuaren barne geratuko dira.

Eragindako eremuaren ingurumen-arriskuak

Esparruko arazo nagusia uraren kalitateak jasan ditzakeen eraginak dira, esparrua Oñati ibaiaren ondoan dagoelako, zehazki, eskuin ertzeko zaintza-eremuan, jabari publiko hidraulikoko babes-zortasuneko eremuan ere sartzen dela zati batean. Era berean, kontuan hartu behar dira inguruneko kultura-ondareak izan ditzakeen galerak edo kalteak.

Oro har, ingurumen-arazo nagusiak estalkia eta zerbitzu lagungarri lotuak (elektrizitatea, gasa eta ura, eta kamioientzako sarbidea) eraikitzeari loturikoak izango dira; esaterako, lurzoruaren okupazioa, lur-mugimenduak, sistema hidrologikoa kaltetzea, partikulak aireratzea eta zaratak, landaredia ezabatzea, baliabideen kontsumoa eta herritarrei eragindako eragozpenak.

Babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak

Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE) planaren edo programaren aplikazioak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak jasota daude, klima-aldaketa kontuan hartuta. Lurzoru-okupazioaren eta sistema hidrologikoaren babesari eta optimizazioari buruzko neurrietan oinarritzen da proposamena; hondakinak kudeatzea, airearen kalitatea eta kalitatea akustikoa babestea. Paisaia-integrazioko neurriak ere berariaz jasotzen dira.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Oñatiko BPBren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. IDEn, Arrasate – Bergara eremu funtzionaleko LPPrekiko eta EAEko Ibaietako eta Erreketako Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialarekiko bateraezintasunak aztertu dira, besteak beste.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. BPBren aldaketarekin lortu nahi den helburuetako bat da espazio publiko horren erabilera optimizatzea; eguralditik babestutako eremu irisgarri bat sortu nahi da, ibaiari eta inguruko paisaiari lotua, eta erabilera anitzekoa (kirol-erabileraz bestelakoetarako egokia). Gainera, irisgarritasuna eta paisaia-integrazioa hobetuko dira (paisaia-integrazioko neurriak hartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz), kalitatezko ekipamendua izan dadin.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honetako aurreko apartatuetan aipatu den moduan, aurreikus daitezkeen eragin nagusiak dira, besteak beste, estalkia eraikitzeko obrenak, eraispenenak eta bide berriak eraikitzeko obrenak (lurzoruaren okupazioa; lur-mugimenduak; kutsadura atmosferikoa, partikulak aireratzea eta zaratak; landaredia kentzea; paisaiaren kalitatea galtzea; baliabideen kontsumoa; herritarrei eragindako eragozpenak; eta abar).

e) Plan Bereziaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legedia txertatzeko (EBkoa eta estatukoa).

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta PBPren aldaketaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa, bereziki zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere. Horretarako, honako hau hartu beharko da aintzat:

– Olaiturri lurzatia Oñati ibaiaren eskuin ertzean dago, zaintza-eremuan, eta jabari publiko hidraulikoko zortasun-eremuan sartzen da zati batean. Horrenbestez, Uraren Euskal Agentziaren aurretiazko baimen administratiboa beharko du.

– Kultura-ondarearen ikuspegitik babes-maila jakin bat duten ondasunak ditu inguruan: hegoaldean, Sancti Spiritus unibertsitatea (babes bereziko kultura-ondasuna), eta ekialdean, Jesusen Bihotzaren eliza, babes-maila ertainekoa. EAEko Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, kalifikatuta dauden kultur ondasunen gainean eta horien inguruan egin beharreko esku-hartzeak kasuan kasuko foru-aldundiko organo eskudunek baimentzearen mende egongo dira. Udal-lizentzia eman aurretik eman behar da baimen hori Ondorioz, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailaren baimena jaso beharko du proiektuak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obra-proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Dagoen landaredia babestea.

– Ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

– Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

– Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

– Gomendatzen da BPBren aldaketak tamaina handiko ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko neurriak jaso ditzan, eta espazio libreetan bertako zuhaitzak eta zuhaixkak jartzea, ahalik eta irtenbide naturalenak aukeratuta.

– Landareztatzeko planak barnean hartuko du haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko. Halaber, ertzeko zuhaitz-oin kopurua areagotu beharko da, ertzeko berezko espezieekin, ibilguaren itzalpea hobetzeko.

– Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Oñatiko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

– Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentarako tranpak edo iragazkiak.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Oñatiko (Gipuzkoa) alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren aldaketa puntualak, f.1 «Olaiturri» kirol ekipamenduko lurzatiaren zati batean estalkia jartzeko, eragin garrantzitsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Oñatiko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Oñatiko (Gipuzkoa) alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren aldaketa puntualak, f.1 «Olaiturri» kirol ekipamenduko lurzatiaren zati batean estalkia jartzekoak, onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro ere hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala