Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2019ko uztailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3549

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 3koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zumaiako Artadiko AU 17 hirigintza-eremuko 17/1 UAD zuzeneko jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEAK

2019ko otsailaren 27an, Zumaiako Udalak eskabide bat bete zuen, Artadiko (Zumaia) AU 17 hirigintza-eremuko 17/1 UAD zuzeneko jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu die egoki ikusten dituzten oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian, interesdunek egin ahal ditzaten egoki ikusi dituzten ingurumen-arloko oharrak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, eta espedientean jasota dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Zumaiako Artadi 17 hirigintza-eremuaren 17/1 ZJUaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zumaiako Artadi AU 17 HEaren 17/1 ZJUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedea da eraikuntza-helburuak doitu eta eguneratzea, eta Zumaiako udal-plangintzaren arau subsidiarioen Artadiko 17. HEaren 17/1 Zuzeneko Jarduketa Unitatearen eremuaren antolamendua zehaztea.

Aurreikusitako helburuak lortzeko eta garatu beharreko eraikin-tipologia posibleak aintzat hartuta, honako irizpide hauek aurreikusi dira antolamendu xehatua definitzeko:

– Gehieneko lerrokatzeak definitzen dira, non eraikuntzaren mugimendu-arloak inskribatzen baitira, eraikinak okupatzen duten lurzoruaren definizio zehatza proiektuetan ordezkatuz, betiere definitutako arauketaren arabera (eraikigarritasuna, profila, eta abar).

– Urrunketa mugatatik 3 metrora ezartzen da.

– Toki Alai etxeak hegoaldetik duen sarbidea eta eremuaren iparraldetik 17/1 ZJUak duena mantendu egingo dira, ibilgailuz igarotzeko sarbide biak erabili ahal izateko.

– Eremuaren mugetako jatorrizko aldapak errespetatu egin beharko dira.

Proposamenaren arabera, etxebizitzak eremuaren mendebaldean kokatuko dira. Asmoa da familia bakarreko etxeak edo bi bizitzakoak egitea; izan ere eremu hori A.4 Dentsitate Txikiko Bizitegi Gune kalifikatutako eremuan etxebizitzak egiteko gunea da.

Hektarea bat baino gutxiagoko (1.409 m2) azalera duen hiri-lurzorua nahitaez lagatzeko eremuan eraikuntza-proiekturako eta hirigintzako obra osagarrietarako esparrua ezartzen du Hiri Antolamenduaren Plan Bereziak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planak aukera ematen du hiri-eremua hobetzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Egiten diren jardueretan honako arlo hauetako arauak bete beharko dira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia eta kutsadura akustikoa eta urak. Ildo horretatik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan zehaztutako abifaunaren babes-eremuaren barruan dagoenez eremua, aintzat hartu beharko dira agindu horretan ezarritako neurriak. Agindu horren bidez, arriskuan dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko diren– argitaratzen.

Zarautz-Azpeitia Lurralde Plan Partzialak, irailaren 18ko 132/2018 Dekretuaren bitartez, paisaiaren interes bereziko eremu bezala identifikatzen du Artadi, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikuluak jasotzen duenez, egokitzat hartzen da Plan Bereziak jasotzea paisaia integratzearen azterlana sartzearen beharra, dokumentazio osagarri gisa. 132/2018 Dekretuaren bitartez, behin betiko onartzen da Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta babes-neurriak eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Aurrez adierazi den bezala, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan zehaztutako abifaunaren babes-eremuaren barruan dagoenez eremua, aintzat hartu beharko dira agindu horretan ezarritako neurriak. Agindu horren bidez, arriskuan dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko diren– argitaratzen.

Zarautz-Azpeitia Lurralde Plan Partzialak, irailaren 18ko 132/2018 Dekretuaren bitartez, paisaiaren interes bereziko eremu bezala identifikatzen du Artadi, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikuluak jasotzen duenez, egokitzat hartzen da Plan Bereziak jasotzea paisaia integratzearen azterlana sartzearen beharra, dokumentazio osagarri gisa. 132/2018 Dekretuaren bitartez, behin betiko onartzen da Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan paisaia integratzeko azterlanak egiteko Gida erabiltzea proposatzen da (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, 2016).

Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko– Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko eskuliburua erabiltzea gomendatzen da (Udalsarea 21 koadernoa, 20B zk.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Zumaiako Artadiko AU 17 HEaren 17/1 ZJUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumaiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zumaiako Artadiko AU 17 HEko ZJUaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 3a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala