Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2019ko uztailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3466

98/2019 DEKRETUA, uztailaren 2koa, zeinaren bidez presako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Sopuertan eta Zallan, Enkarterriko eskualdeko 2.1 tartean: Jarraltako adarra-Avellanedako biltegia, lehen mailako sarearen hornidura-proiektua egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Enkarterriko eskualdeko 2.1 tartean: Jarraltako adarra-Avellanedako biltegia, lehen mailako sarearen hornidura» deritzon proiektuaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabili beharra adierazi zuen.

2018ko maiatzaren 8an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (2018ko maiatzaren 31koa, 104. zk.). Geroago, 2018ko azaroaren 27an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko presaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Presaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta daude dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar zen unean, eta bost alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Enkarterriko eskualdeko ur-hornidura udalerri bakoitzean dago zentralizatuta, eta horrek tamaina txikiko ur-bilketa eta ur-araztegiak kudeatzera behartzen du; beraz, horrek eragozpen garrantzitsuak sortzen ditu.

Bestalde, Bilboko ingurune metropolitarraren ur-hornikuntza bi sistematatik egiten da: Zadorra Sistema, Venta Altako EUTan tratatutako uren bidez, eta Ordunte Sistema, Sollanoko (Zalla) EUTan tratatutako uren bidez. Bi sistema horien baliabideak guztiz aprobetxatu ahal izateko, konexio-azpiegitura berriak behar dira.

Proiektua gauzatzeak Venta Altako EUTaren bidez Enkarterriko udalerrien ur-hornidura bermatu beharrari erantzuten dio, kantitateari zein kalitateari dagokienez. Honela, kontrol sakona egitea galarazten duten produkzio urriko baliabide ugariekiko mendekotasuna saihestuko da.

Horretaz gainera, proiektua gauzatzea beharrezkoa da Orduntetik eta Zadorratik datozen sistemen arteko lotura ahalbidetzeko. Honela, hornidura-gabezia eragin dezaketen afekzioak izateko aukerak gutxituko dira Venta Altako EUTak zerbitzatzen duen biztanleria guztiarentzat, hau da, Bilbo Metropolitar osoarentzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak presaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 2ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Enkarterriko eskualdeko 2.1 tartean: Jarraltako adarra-Avellanedako biltegia, lehen mailako sarearen hornidura» deritzon proiektua egiteko behar diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak presaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; horrenbestez, honen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala