Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2019ko uztailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3462

AGINDUA, 2019ko ekainaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez 2019ko dirulaguntzetarako deialdia egiten baita, Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari ezarritako atseden biologikoaren eraginpean dagoen eta egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen flotaren arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko.

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat da itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea, aprobetxamendu ezin hobea ahalbidetuz, eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Zentzu horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

Beraz, Arrantza Politika berriaren oinarrietako bat den heinean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) Arrantza Politika Erkidea aplikatzeko Batasunaren finantza-neurriak ezartzen dira, baita Itsas Eskubideari buruzko neurriak, arrantza- eta akuikultura-guneen eta barne-arrantzarako guneen garapen jasangarrirako neurriak eta Itsas Politika Integratuaren neurriak ere. Hain zuzen ere, 33. eta 34. artikuluetan ezartzen dira arrantza-jarduera aldi baterako eta betiko geldiarazteagatiko laguntzak.

Era berean, 2015eko azaroan Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren gaztelaniazko Programa Operatiboa onartu zen egiturazko neurri horiek eragindako autonomia-erkidego guztien adostasunarekin. Programa horrek Espainiako arrantza-sektorean garatu beharreko neurri guztiak hartzen ditu barne, eta arrantza eta akuikultura lehiakorrak sustatzea du helburu, betiere horiek ingurumenari dagokionez jasangarriak, ekonomikoki bideragarriak eta sozialki arduratsuak badira. Horrez gain, 2015ean Euskadi 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Plan Estrategikoa prestatu zen. Hark arrantza-jardueraren eta arrantzaren mendeko arrantza-gune eta -erkidegoen hazkunde ekonomiko integratzailean, adimendunean eta jasangarrian lagunduko du. 2016ko maiatzean, «Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Programa Operatiboaren esparruko laguntzak emateko hautaketa-irizpideak» jasotzen dituen dokumentu bateratua argitaratu zen; dokumentu horrek aldaketak izan ditu 2017an.

Testuinguru horretan, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua egin zen (Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako eteteko laguntzei dagokienez). Errege-dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan jasotzen denez, oinarrizkoa da arrantza-sektorea antolatzeko arloan. Gero, 2017ko maiatzaren 13an, maiatzaren 12ko 486/2017 Errege Dekretua argitaratu zen (honako hauek aldatzen dituena: 1173/2015 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako eteteko laguntzei dagokienez; 1549/2009 Errege Dekretua, urriaren 9koa, Arrantza sektorea antolatzeari eta Arrantzaren Europako Funtsera egokitzeari buruzkoa).

Era berean, Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsaren Espainiarako Programa Operatiboaren Kudeaketa Agintaritzaren zuzentarauekin bat etorriz, beharrezkoa da dokumentazio jakin bat sartzea, maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa bete dadin.

Azkenik, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2018ko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez, egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen eta tresna txikiko arrantzaren erroldakoa den artisau-flotari atseden biologikoa ezarri zaio (2019ko urtarrilaren 4ko EHAA, 3. zk.). Ebazpen horretan, atseden hori 2019ko urtarrilaren 15etik 2019ko otsailaren 15era bitartean ezarri da, bi egun horiek barnean direla.

Arau-esparru horrek aukera ematen du, besteak beste, zenbait eremutan egindako inbertsioetan laguntzeko, eta horietako bat da, hain zuzen ere, arrantza-jarduerak aldi baterako geldiaraztea.

Agindu honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) araututako laguntza-eskaerak aurkezteko epea irekiko da; erkidegoko Erregelamenduak Europar Batasun osoan zuzenean eta nahitaez aplikatu beharko dira, eta ez dute transposiziorik beharko estatu kideetan.

Agindu hau honako hauetan aurreikusitakoaren arabera ematen da: Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2019ko ekitaldirako luzatuak) onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea, Euskadiko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan aurrekontua luzatzeko araubideari buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartua); Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Jaurlaritzari buruzkoak, 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak galarazi gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Artisau-flotaren aldi baterako geldialdirako laguntzen deialdia egitea; geldialdi hori Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2018ko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez ezarri zen (2019ko urtarrilaren 4ko EHAA, 3. zk.).

Bigarrena.– Onartzea Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldeko –barnealdeko urak– tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotaren geldialdirako laguntzen deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jaso dira.

Hirugarrena.– Deialdi honen zenbatekoa 300.000 eurokoa izango da. Funts horietatik 150.000 euro Europako Itsas eta Arrantza Funtsari dagozkio eta 150.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari, 2019ko ekitaldiko ordainketa-kredituak baitira.

Deialdi honen barruan emango diren laguntzen guztizko kopuruak ezingo du gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, orotarako diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da dirulaguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da xedapen hau. Orotarako diru-kopuru hori agortzen bada, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

Laugarrena.– Laguntzaren onuradun izateko betekizunak, eranskinaren 3. artikuluan jasotako orokorrez gain, eranskin horretako 11. eta 12. artikuluetan jasotakoak izango dira. Hauek dira 12.1.c) artikuluan aipatzen diren modalitateak: otarreak, mailabakarra, tresmaila, tretza, esku-aparailuak eta kazako aparailuak.

Bosgarrena.– Ezarritako laguntzaren intentsitatea % 100ekoa izango da.

Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanaren ziurtagiri guztiak egiaztatu ostean ordainduko da laguntza.

Seigarrena.– 2019ko ekitaldian, agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik aurrera.

Zazpigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Zortzigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
KANTAURI ITSASOAREN IPAR-MENDEBALDEAN TRESNA TXIKIKO ARRANTZAREN ERROLDAKO ARTISAU-FLOTARI EZARRITAKO ATSEDEN BIOLOGIKOAREN ERAGINPEAN DAGOEN ETA EGOITZA-PORTUA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DUEN FLOTAREN ARRANTZA-JARDUERA ALDI BATERAKO GELDIARAZTEKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea hau da: 2019ko dirulaguntzetarako deialdia egitea Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari ezarritako atseden biologikoaren eraginpean dagoen eta egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen flotaren arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko. Atseden biologiko hori ebazpen honen bidez ezarri zen: Ebazpena, 2018ko abenduaren 10ekoa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duen tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen baita (2019ko urtarrilaren 4ko EHAA, 3. zk.). Laguntza horiek erregelamendu honen 33. artikuluan aurreikusita daude: 508/2014 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2014ko maiatzaren 15ekoa, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzkoa.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak:

1.– Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian aktibo gisa erregistratuta dauden eta geldialdia hasi aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera gauzatu duten arrantza-ontzien armadoreak.

Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua aurkeztu beharko dute eskaera egiterakoan. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: kide bakoitzak bere gain hartzen duen egikaritze-konpromisoa partaidetza-ehunekoaren arabera eta elkartearen edo ondasun-erkidegoaren ordezkariaren izena.

2.– Geldialdia hasi aurreko bi urteetan, gutxienez 120 egun itsasoan lan egin duten arrantzaleak, aldi baterako geldialdiaren eraginpeko arrantza-ontzietan ibili badira.

3. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren baldintza eta betekizun bereziez zein espezifikoez gain, onuradun izateko honako betekizun orokor hauek bete beharko dira:

a) Arrantza-ontziak Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar du egoitza-portua.

b) Pertsona juridikoen kasuan, horien egoitza sozialak EAEren lurralde-esparruan egon beharko du.

c) Eskatzaileek egunean egon beharko dute zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan, eta hirugarrenen erregistroan inskribatuta egon beharko dute beren aldeko lehenengo betebeharra onartu baino lehen.

d) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.

e) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez. Sartuta badaude, prozedura horiek zeintzuk diren adierazi beharko dute.

f) EAEko Administrazioak edo haren menpeko erakundeek emandako dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean izatea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

g) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

h) Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

i) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen ebazpen irmorik eragin ez izana.

j) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkaritza legala dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako egoeretan edo ez izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, horietan zehaztutako baldintzetan.

k) Ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzak jaso, honako hauek egin direla egiaztatzen bada:

– Arau-hauste astun bat egin bada, 1005/2008 Erregelamenduko 42. artikuluari edo 1224/2009 Erregelamenduko 90.1 artikuluari jarraikiz.

– 1005/2008 Erregelamenduaren 40.3 artikuluan jasotzen den Europar Batasuneko INDNR ontzien zerrendan sartutako arrantza-ontzien edo Erregelamendu horren 33. artikuluan zehazten diren hirugarren herrialde ez-kooperanteen pabiloian jasotzen diren ontzien ustiaketan, kudeaketan edo jabetzan nahastuta egon bada.

– Arrantza Politika Erkidearen aurkako arau-hauste astunak egin baditu.

– 2008/99/EE Zuzentarauko 3. artikuluan zehaztutako delituren bat egin bada.

2.– f) apartatutik k) apartatura bitartean ezarritako betekizunen eta egoeren egiaztatzea erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egingo da.

3.– 1. apartatuko c) eta g) apartatuetan ezarritako betekizunak onuradun izateko eta emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko dira. Beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta ordainketak egitean.

4.– 1. apartatuko k) azpiapartatuan ezarritako baldintzak betetzen jarraitu beharko dute eskabidea aurkeztu eta gero, eta, onuradun gertatzen badira, diruz lagundutako jarduerak gauzatzen diren aldi osoan eta onuradunei dirulaguntzaren azken ordainketa egin eta hurrengo bost urteko epean.

4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

2.– 38/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, euskadi.eus-en egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egin eta jakinaraziko dira:

https.//euskadi.eus/nirekarpeta (prozedura zk.: 1046418).

5.– 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete administrazioarekin harremanetan jartzea bitarteko ez elektronikoen bidez; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dira, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2 – 48010 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

6.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte armadoreek:

a) Aurkezten dituzten dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat, inprimakiaren arabera.

b) Eraketa-eskrituraren kopia eta Identifikazio Fiskaleko Txartela.

c) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen eskrituraren kopia.

d) Hirugarrenen datuen alta edo aldaketa, baldin eta Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta badago; ez badago, inskribatu egin beharko da, bere aldeko lehenengo betebeharra onartu baino lehen.

e) Rola entregatzea dagokion portuko Itsas Kapitaintzan.

f) Ontziaren titulartasunaren ziurtagiria, Merkataritza Erregistroak egina.

7.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte arrantzaleek:

a) Aurkezten dituzten dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat, inprimakiaren arabera.

b) Hirugarrenen datuen alta edo aldaketa, baldin eta Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta badago; ez badago, inskribatu egin beharko da, bere aldeko lehenengo betebeharra onartu baino lehen.

8.– Laguntzak eskatzen dituztenek 11. eta 12. artikuluetako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

9.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak betetzen direla dagokion foru-ogasunarekin, eta kasuan kasuko ordainketa-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin. Halere, eskatzaileak hala nahi badu, eskabidearekin batera aurkeztu ahal izango du dokumentazio hori.

Bestalde, eskabidea aurkezteak esan nahi du interesdunak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari bere nortasunari buruzko datuak (NANa) lor ditzan. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake eskabide-ereduan inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

11.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

12.– Nolanahi ere, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak modu ordenatuan adjudikatuko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaileei, espedientea osorik beteta dagoen unearen arabera, lehiaketaren teknikara jo gabe.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio eskatutako laguntzen ebazpena ematea.

3.– Ebazpen horren bidez, hala badagokio, laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta Arrantzarako Europako Funtsen kontura emango da.

4.– Ebazpenaren gutxieneko edukia:

a) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren kontura diruz lagundutako zenbatekoa.

5.– Eskabide bakoitza osorik aurkeztu eta gehienez ere sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Sei hilabete igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak onartu egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

7.– Hargatik eragotzi gabe aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinaraztea, EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean eman diren laguntzen onuradun izango diren eskatzaileen zerrenda; emandako zenbatekoak eta diruz lagundutako proiektua ere adieraziko dira.

6. artikulua.– Onuradunen betebehar orokorrak.

Orokorrean, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

2.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Europar Batasunaren esku jarri behar dituzte arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi dela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

3.– Ekonomi Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal epaitegiari, agindu honen kargura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia eskaintzea.

4.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

5.– Eranskin honen 3.1.d) artikuluak xedatzen duena eragotzi gabe, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari.

7.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

8.– Diruz lagundutako gastuen eta jardueren inguruan egindako publizitate edo informazio guztietan ikusteko eta ulertzeko moduan adierazi beharko da horiek finantzatu ahal izateko, batetik, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren funtsak erabiltzen direla –2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 119. artikuluarekin bat etorriz, V. eranskinean adierazten den moduan– eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsak erabiltzen direla, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan zehaztutakoari jarraikiz.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako eginbeharrak betetzea.

7. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak ordaintzeko epea hiru hilekoa izango da diruz lagundu daitekeen jarduera justifikatzeko dokumentazioa behar bezala aurkezten denetik, eskabidean edo eskabidea zuzentzeko dokumentazioan; zuzenean onuradun direnei egingo zaizkie ordainketak.

2.– Onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.

8. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta, kasuaren arabera, laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu. Uko egiteko idazkia Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari bidaliko zaio. Ondoren, bidezkoa bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedurari ekingo zaio. Administrazioak uko egitea onartu eta amaitutzat emango du prozedura; hala ere, ez du prozedura amaitutzat emango, baldin eta hirugarren interesdunak aurkeztu eta prozedura aurrera eramateko eskatzen badute, jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean.

9. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena aldatzea eta ez betetzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren egikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen alorrean aplikagarri den berandutze-interesa. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

10. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntza sei hilabeterako eman ahal izango da, gehienez ere, itsasontzi eta arrantzale bakoitzeko, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 aldirako programazioaren esparruan.

2.– Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntza eta hura behin betiko geldiarazteko laguntza bateraezinak izango dira. Hori dela-eta, arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntza-eskaera aurkezten den momentuan hura behin betiko geldiarazteko laguntza eskatu dela jakinarazi beharko da, hala badagokio; horrenbestez, jarduera behin betiko geldiarazteko laguntza ukatzen bada bakarrik eman ahal izango da aldi baterako geldiarazteko laguntza.

3.– Aldi baterako geldiarazteko laguntza bateraezina izango da geldialdian beste edozein administrazio publikotatik edo erakunde pribatutatik jasotako edozein prestaziorekin (langabezia-prestazioa, desgaitasun-prestazioa, etab.).

4.– Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren ekarpenarekin baino ezin izango da diruz lagundu gastua, ordainketa-agenteak 2014ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean ordaintzen badu dagokion laguntza.

11. artikulua.– Dirulaguntza eskatzen dutenek bete behar dituzten baldintza orokorrak.

1.– Eskatzen den 120 eguneko edo hortik gorako arrantza-jarduera barnealdeko uretan egindakoa izan beharko da, ebazpen honetan zehaztutako modalitatean eta kalan: Ebazpena, 2018ko abenduaren 10ekoa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duen tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen baita.

2.– Jarduera geldiarazi den aldian zehar, arrantza-jarduerarik eza erabatekoa izango da, eta ontziak portuan amarratuta egon beharko du geldialdiari dagokion aldi osoan zehar; hala, ontzia ezin izango da inolako jardueratarako atera. Portu horrek ez du nahitaez oinarri-portua izan behar. Egoera hori behar bezala jasota geratu beharko da despatxo-rolean; gainera, bertan berariaz adieraziko da itsasontzia arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko helburuarekin sartu dela portuan, eta, irteteko egunean, etenaldi hori amaitutzat eman dela adieraziko da.

Agintaritza eskudunak eskatutako eta segurtasun-arrazoiek eragindako itsasontziaren mugimenduak salbuetsita geratu ahal izango dira, baita mantentze-lanak eta konponketak egiteko ontzitegira egindako lekualdatzeak ere (kasu horretan, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du hori). Edonola ere, jarduera zehatz horietarako itsasontziaren despatxoa egin beharko da, eta irteera-eguna eta helmuga-portura iritsi den eguna adierazi beharko dira.

Era berean, eta salbuespen gisa, itsasontziaren mugimenduak onartu ahal izango dira, baldin eta debekualdian edo aldi baterako geldialdian itsasontziek itsas jai tradizionaletan parte hartzen badute. Mugimendu horiek agiri bidez egiaztatu beharko ditu onuradunak, ekitaldi horretan parte hartu duten itsasontzien zerrenda aurkeztuta. Zerrenda hori ekitaldia antolatzen duen arrantzale-kofradiak ziurtatu beharko du. Zerrendan, ekitaldian parte hartzen duten itsasontzien izena edo kodea jasoko dira, lekualdatzearen eguna eta ordua, eta zein eremutan egin den.

3.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduaren 33.3 artikuluan aipatzen diren itsasoko jarduera-egunak ofizioz egiztatuko dira ontziak satelite bidez kokatzeko gailuen bitartez (VMS). Ontziek gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, egunkari elektronikoen (DEA) bitartez egiaztatuko dira. Ontziek aurreko bi gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, arrantza-egunkarien bitartez egiaztatuko dira jarduera-egunak.

Gailu horiek ontzian instalatuta izateko edo arrantza-egunkariak betetzeko betebeharra ez duten gainerako ontzien kasuan, jarduera salmenta-oharren bitartez egiaztatuko da, betiere salmenta-oharrari dagokion eguna eta lehorreratze- edo harrapatze-eguna bat datozela bermatu badaiteke; era berean, itsasoko jarduera-egunak modu fede-emailean egiaztatzea ahalbidetzen duten beste gailu, dokumentu edo bitarteko batzuk erabili ahal izango dira. Itsasontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak dituzten itsasontzi guztiek piztuta izan beharko dituzte gailu horiek aldi baterako geldialdiak irauten duten bitartean. Aurreko bigarren paragrafoan aipatutako salbuespeneko kasuetan, helmugarako ibilbidean piztuta egon beharko du lokalizazio-gailuak, eta itsasontzian mantentze-lanak eta konponketak egiten diren bitartean itzalita edo deskonektatuta egon ahal izango da.

Itsasontziak debekualdian edo aldi baterako geldialdian, salbuespen gisa, itsas jai tradizionaletan parte hartzen badu, armadoreak edo patroiak, itsas prozesioa edo itsas jaia egin baino gutxienez zazpi egun lehenago, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari jakinarazi beharko dio. Jakinarazpen horretan itsasontziaren izena eta kodea zehaztuko dira, bai eta ekitaldia zein egunetan egingo den eta zer ordutegi izango duen ere. Itsasontziaren lokalizazio-gailuak piztuta egon behar du egun horretan egindako ibilbidean zehar. Hala ere, ez dela arrantzan aritu frogatzeko, kontuan hartuko dira agiri bidezko beste froga batzuk ere; besteak beste, harrapaketen deklarazioak edo salmenta-oharrak, armadoreak jai-egun horretan eta jai-ekitaldi horren ondorengo zazpi egunetan arrantzan egin duen egiaztatzeko; edo ikuskapenak egin daitezke ontzian, arrantza-aparailurik ez dagoela edo guztiz jasota daudela begiratzeko.

Ontzitegian sartzeagatik lokalizazio-gailua deskonektatzen bada, ontziolak edo ontzitegiak itsasontziaren sarrera eta irteera egunak ziurtatu beharko ditu. Kasu horretan, interesdunak horren berri emango die Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari eta laguntzak kudeatzeko organo eskudunari.

Gailuaren beraren edo itsasontziaren arazo teknikoengatik lokalizazio-gailua aldi baterako itzali edo deskonektatzen bada, armadoreak horren berri eman beharko dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere. Era berean, laguntzen organo kudeatzaileari agiri bidezko froga guztiak bidaliko zaizkio, itzaltzea edo deskonexioa eragin zuten inguruabarrak egiaztatzeko. Agiri bidezko frogatzat onartuko dira itsasontzian egindako konponketen edo mantentze-lanen fakturak, baldin eta interesdunak hori alegatu badu lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa.

Lokalizazio-gailuaren bateria agortzeak eragin badu itzaltzea, interesdunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, horren berri emango dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere, eta bateria berriz kargatuko den edo ordeztu egingo den adierazi beharko da. Gehienez ere, 48 orduko epea izango du beste bat jartzeko edo 24 orduko epea berriz kargatzeko. Bi kasuetan, itzali zen orduan hasiko da epea kontatzen, eta ez dira egun baliogabeak kontuan hartuko.

Beste bateria bat jartzen bada, agiri bidezko frogatzat onartuko da bateria berriaren erosketa-faktura, eta laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari aurkeztu beharko zaio.

4.– Arrantza-jarduera geldiarazi izana behar bezala egiaztatu beharko da, iristen den momentuan bertan, portuko Itsas Kapitaintzari rola aurkeztuz; dena den, hura aurrerago ere egiaztatu ahal izango da, aurreko atalean adierazitako gailuen bitartez. Itsasontzia ontzitegira lekualdatu behar bada, despatxo-rola helmugako Itsas Kapitaintzan utzi beharko da.

5.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak ziurtatuko du zein egun eta ordutan itzali zen gailua, baita zein egunetan egon zen itzalita eta zein egun eta ordutan konektatu zen berriro ere. Era berean, interesdunak zein egun eta ordutan egin zuen jakinarazpena ziurtatuko du, eta bertan adieraziko du zer alegatu zuen interesdunak itzaltzea edo deskonexioa gertatzeko arrazoi gisa.

6.– Lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa interesdunak artikulu honetako 3. zenbakian aipatutako gerora azaldutako arrazoi teknikoren bat alegatzen badu, beste proba osagarri batzuk egingo dira egiaztatzeko. Proba horien bidez, egiaztatuko da harrapaketen deklaraziorik eta salmenta-oharrik dagoen gailua itzali edo deskonektatu den egunetik geldialdiari dagokion aldi konputagarria amaitzen den egunera arte, bai eta, gutxienez, aldi konputagarria amaitu eta hurrengo zazpi egunetan ere. Zazpi eguneko tarte hori zabaldu ahal izango da, diruz lagundutako geldialdia egin duen flotak arrantzatzen duena merkaturatzeko dauden inguruabar zehatzak kontuan hartuta.

Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak zenbaki honetako aurreko paragrafoan aipatutako aldian egin diren harrapaketen deklarazioak eta salmenta-oharrak ziurtatuko ditu.

7.– Laguntza hauen ondorioetarako, aldi konputagarritzat hartuko da Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2018ko abenduaren 10eko Ebazpenean (2019ko urtarrilaren 4ko EHAA, 3. zk.) flotari ezarritako nahitaezko geldialdia.

8.– Diruz lagundu daitekeen gehienezko aldia 30 egunekoa izango da aldi konputagarriaren barruan.

12. artikulua.– Laguntza eskatzen dutenei eskatu beharreko betekizunak.

1.– Armadoreak:

a) Ontziak Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.

b) Ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira edo, aurreko urtea bisustua bada, aurreko 366 egunak).

c) Arrantza-lizentzia eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2018ko abenduaren 10eko Ebazpenean adierazitako kala eta modalitateetarako baimenak izatea.

d) Itsasoan –barnealdeko uretan– gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana geldialdia hasi aurreko bi urte zibiletan, aurreko ebazpenean ezarritako modalitatean eta kalan.

e) Enpresariak lan-agintaritzari egindako jakinarazpena aurkeztea, zeinaren bidez jakinarazi baita kontratuak eten direla edo lanaldia murriztu dela, eta ezinbesteko kasuetan lan-agintaritzaren ebazpena ere, Langileen Estatutuaren 47. artikuluarekin bat etorriz, geldialdia abiarazteko helburuarekin porturatu den azken egunean ontzian erroldatuta zeuden tripulatzaile guztiei dagokienez.

Kontratuen eteteak edo lanaldiaren murrizketak, ezinbesteko kasuetan, ezinbestea sorrarazi zuen egintzaren egun beretik izango ditu ondorioak, eta arrazoi ekonomikoen, arrazoi teknikoen, antolaketa-arrazoien edo produkzio-arrazoien kasuan, lan-agintaritzari jakinarazi zaion egunetik, salbu eta enpresariaren erabakian geroagoko beste bat ezartzen bada. Hala ere, ez da betekizun hori bete beharrik izango, baldin eta agiri bidez justifikatzen bada geldialdia abiarazteko helburuarekin ontzia porturatu denean ontziko tripulatzaileen lan-kontratuak (daukaten izaeragatik) une horretan azkendu edo eteten direla, edota armadoreak ontziko tripulatzaileak eurak badira eta Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda badaude.

2.– Tripulatzaileak:

a) Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanak ukitutako arrantza-ontziren batean erroldatuta egotea –Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2018ko abenduaren 10eko Ebazpenean adierazitako geldialdiaren arabera (2019ko urtarrilaren 4ko EHAA, 3. zk.)–.

b) Artikulu honen 1.e) apartatuan jasotako lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko prozesuetan sartuta egotea.

c) Gizarte Segurantzan alta-egoeran egotea eta geldialdian zehar flota geldiarazi den momentuan erroldatuta zeuden itsasontziko enpresa armadorearekin lan-harremana izatea.

d) Lan-bizitza osoan zehar, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian gutxienez hamabi hilabeteko kotizazio-aldia egiaztatzea.

e) Arrantzale batek beste itsasontzi batean arrantza-jarduerari berriro ekiten badio, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.

f) Tripulatzaile gisa erroldatuta azaltzen diren armadoreek laguntza tripulatzaile gisa jasotzeko eskubidea ere izango dute.

g) Itsasoko Gizarte Institutuaren egiaztagiria, lan egindako eta kotizatutako egun-kopurua zehatz adierazita.

13. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi duten ontzietako armadoreei emandako laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, hurrengo koadroan zehaztutako baremo aplikagarria ontziaren tonaje gordinarekin (ETG) eta diruz laguntzeko moduko ezarritako egun-kopuruarekin biderkatuko da.

Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko primaren gehieneko zenbatekoa

Armadoreentzako baremoa

Kalte-ordainetarako gehienezko zenbatekoak

(Ikus .PDF)

Ondorio horietarako, tonaje gordinaren (ETG) zenbakia itsasontziko inskripzio-orrian agertzen dena izango da.

2.– Tripulatzaileei eman beharreko laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Diruz lagundu daitekeen aldia 15 egun baino luzeagoa bada eta gehienez ere 31 egunekoa edo laburragoa, arrantzaleentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldata baino bi bider handiagoa izango da hileko.

b) Diruz lagundu daitekeen aldia 15 egun baino laburragoa bada edo 31 egun baino luzeagoa, arrantzaleentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa honela kalkulatuko da: gehienez ere 60 euro biderkatuta diruz laguntzeko moduko ezarritako egun-kopuruarekin.

3.– Armadoreentzako laguntzak kalkulatzeko diruz lagundu daitekeen aldiaren iraupena berbera izango da geldialdiak eragindako itsasontzi guztientzako, bakoitzaren oinarri-portua edozein dela ere.

14. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.

Laguntzaren intentsitatea Europako Itsas eta Arrantza Funtsean ezarritako guztirako ekarpen publikoari egokituko zaio. Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanaren ziurtagiri guztiak egiaztatu ostean ordainduko da laguntza.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala