Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2019ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3407

AGINDUA, 2019ko uztailaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzen (CTP Programa) oinarriak arautzen dira eta horietarako 2019ko deialdia egiten da.

Euskadiko turismo-industrian berrikuntza garatzeak garrantzi handia izan du eta hala izaten jarraituko du datozen urteetan ere, merkatu eta profil gero eta segmentatuago eta espezializatuagoa baitaukagu, gero eta maizago agertzen baita multiturista delakoa, eta beharra baitago baliozko proposamen aparteko eta bereiziak edukitzeko, bidaiariekiko harremanak sendotzeko eta fidelizatzeko edo harreman- eta komunikazio-bideak dibertsifikatu eta zabaltzeko.

EAEko turismoaren ikuskera estrategikoaren planteamendua da (2030. urtea jomuga izanik eta epe laburrerako 2017-2020 Gida Plana hartuta –plan horren barruan sartzen da EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020, sailak proposatzen dituen helburuak eta ekintzak biltzen dituena–) Euskadi turismo-gune bikain eta espezializatu gisa finkatzea eta, horrez gain, turistei balio handia eta EAEko gizarteari eta sektoreari oparotasuna ekartzea, horretarako berrikuntza eta turismo jasangarriaren ikuskera erabiliz.

Mundu globalizatu batean, bikaintasunez eta kalitatez behar du lehiatu Euskadik, derrigor. Horretarako, arlo estrategikoetan sortzen diren ekimen berriztatzaileei laguntza ematea eta turismo-arloaren profesionaltasunaren sustapena behar ditugu. Era berean, turismo-produktu berriak sortu eta merkaturatzen lagundu nahi zaio ekimen pribatuari.

Bestalde, turismoaren garapenak hazkunde jasangarriaren irizpideetan oinarritu behar du, ez bakarrik ingurumenaren eta gizartearen ikuspuntutik, baita EAEko turismo-sektorearen lehiakortasunetik ere; eta, horregatik, beharrezkoa da arau-esparrua eta laguntzak turismoaren sektorera egokitzea.

Helburu horrekin, esperientzia eta turismo-proiektu lehiakorrak sortzen laguntzen duten proiektuak garatzea bilatzen du turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzen programak, horien sustapena eta merkaturatzea, eta, horrekin batera, Euskadi Basque Country turismo-markaren kokapena finkatzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea. Horretarako, helburu hauek ezarri dira:

1.– Euskadin garatutako esperientziak eta turismo-produktuak sortzeko, abiarazteko, sustatzeko eta merkaturatzeko laguntza.

2.– 2017-2020 aldirako EAEko Turismoaren Marketin Planarekin lerrokatzen diren Euskadin garatutako esperientziak eta turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak bultzatzea.

3.– Euskadiren turismo-posizionamendua sendotu ez ezik ostatu-gauen kopurua handitzen ere laguntzen duten ekitaldien sustapena eta merkaturatzea bultzatzea Euskadin.

Eskuduntzen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legeak 5.1.e) artikuluaren bidez Euskadiko turismo-administrazioari esleitzen dio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskuduntza, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuz, eta 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.

EAEko Administrazioaren egungo egiturarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13.1.a) artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskuduntzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori), Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau onartzeko ahalmena.

Azkenik, 2019ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka laguntza-programa honek, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartua, 2019ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez).

Horrenbestez, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Xede hauek agindu ditu honek: Euskadiko turismo-produktuak eta esperientziak diseinatzen eta martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten proiektuen garapena sustatzeko laguntzen deialdia egitea eta laguntza horiek arautzea, eta, Euskadiren turismo-kokapena sendotzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.

2.– Jarduketa hauek egiteko dirulaguntzak emango dira:

a) Euskadin garatutako esperientziak eta turismo-produktuak sortzeko, abiarazteko, sustatzeko eta merkaturatzeko laguntza.

b) 2017-2020 aldirako EAEko Turismoaren Marketin Planarekin lerrokatzen diren Euskadin garatutako esperientzien eta turismo-produktuen sustapena eta merkaturatzea bultzatzea.

c) Euskadiren turismo-posizionamendua sendotu ez ezik ostatu-gauen kopurua handitzen ere laguntzen duten ekitaldien sustapena eta merkaturatzea bultzatzea Euskadin.

3.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Laguntzetara zuzendutako baliabide ekonomikoak 717.000 euro dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasota baitaude.

2.– Emandako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, helburu hau duen programa bat baita: agindu honek onuradun izateko eskatzen dituen betekizunak betetzen dituzten erakunde guztiei laguntzak ematea, baldin eta eskaerak behar bezala eta sasoiz egin badituzte. Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskaerei agindu honen 6. artikuluan ezarritako zenbateko eta portzentajeetan aurre egiteko, laguntza eskaeren artean hainbanatuko da, eta, kalkulua egiteko, 6. artikuluan adierazitakoaren arabera teorian jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da oinarritzat.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honetan, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020: 2030 horizontean euskal turismoak duen ikuspegi estrategikoaren arabera egindako dokumentua, zeinak identifikatzen baititu bere eta epe laburrerako 2017-2020 Gida Planean lehentasunezkotzat jotzen diren eskari-segmentuak, honako irizpide hauen arabera: produktu mota, bezero tipologia, bidaiaren arrazoia eta merkatuak. http://.euskadi.eus/contenidos/tramita_plandep/planmarketingturismo20172020/eu_def/adjuntos/PMTV%202017-20%20%20WEB.pdf

2.– Turismo-produktua: turismo aldetik erabiltzeko eta gozatzeko egituratuta dauden baliabide edo zerbitzu nagusiak eta/edo osagarriak; erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin ditzakete berauetan.

3.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak: edozein motatako informazioa kanal teknologiko desberdinen bitartez tratatu, kudeatu, administratu, zabaldu eta elkarbanatzeko sortutako tresna, teknologia eta programen multzoa.

4.– Turismo-paketea: modu bakarrean merkaturatzen den eta ostatuaz gain beste zerbitzu turistiko bat edo gehiago eskaintzen dituen produktua.

5.– Esperientzia turistikoa: jarduera bat da, balioa ematen dioten eta ahaztezina egiten duten elementu gehigarriak dituena.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde hauek izan daitezke agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun:

1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo horien arteko elkartzeak, zerbitzu turistikoak eskaintzen dituztenak edo sektore turistikoan eragina dutenak.

Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.

2) Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak egiten dituzten elkarteak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak.

2.– Era berean, pertsonek edo erakundeek, onuradun izaera lortzeko, arau honetan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte; honako hauek, besteak beste:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitu ez izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.

c) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsiarazteko ebazpen irmorik ez eman izana.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatea.

e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.

f) Agindu honek edo beste legeren batek ezarritakoaren arabera dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

3.– Laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean egingo da aurretik aipatutako baldintzak bete direlako justifikazioa.

4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik; azken kasu horretan, laguntza eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro badira, eta ordainketa osteko ekitaldi batean egiten bada.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete direla ziurtagiri telematikoen bidez. Kasu horretan ez ditu dagozkion egiaztapenak aurkeztu beharrik izango.

Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahalko du onarpena; hala eginez gero, egiaztapenak aurkeztu beharko ditu.

5.– Agindu honen babesean eskatutako laguntzaren xedeko jarduketak garatzeko eta beren jardueran aritzeko, erakunde onuradunek legez eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

6.– Dirulaguntza emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

5. artikulua.– Erakunde baztertuak.

Laguntzen programa honetako erakunde onuradun izatetik baztertuta daude honako hauek:

a) Eskualde-mailako nahiz eskualdez gaindiko turismo-lankidetzako erakunde gisa jarduten diren erakunde publiko edo pribatuak, eta berezko pertsonalitate juridikoa duten sozietate publikoak, udalen, foru-aldundien edo Eusko Jaurlaritzaren mende daudenak edo haiekin lotura dutenak.

b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.

6. artikulua.– Jarduketak, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Diruz lagundu daitezke 2019ko ekitaldian proiektu tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:

A) Esperientziak eta turismo-produktuak sortzea, abiaraztea, sustatzea eta merkaturatzea.

Apartatu honetan lagunduko dira mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek (ETE) edo haien bat-egiteek egindako proiektuak, betiere Euskadin garatzen badira eta salgai baldin badaude 2019an.

A.1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduketak:

a) Produktu turistikoak eta esperientziak sortzea eta abian jartzea:

– Eskualde-mailako nahiz eskualdez gaindiko turismo-lankidetzako erakunde lanetan diharduten erakunde publiko edo pribatuekin lankidetzan garatutako produktu turistikoak eta esperientziak.

– 2017-2020 aldirako EAEko Turismoaren Marketin Planarekin lerrokatutako produktu turistikoak eta esperientzia berritzaileak.

– Online Bidaia Agentzien (OTA) bidez merkaturatutako produktu turistiko eta esperientziak.

b) Sustapenera bideratutako materiala IKTak erabiliz prestatzea.

Sustapenera eta merkaturatzera bideratutako materiala prestatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak euskarri gisa erabiliz: bisitak egitea errazten duten eta turismo-esperientzia optimizatzen duten gida elektronikoak edo gailu mugikorrak, eta orrien nahiz argazki- eta film-bankuen garapen eta hobekuntza nabarmenak.

c) Sustapenera eta merkaturatzera bideratutako merchandisinga prestatzea.

d) Produktu turistikoak eta esperientziak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei eta influencer-ei harrera egitea -xede-talde bati zuzentzen zaizkielako edo xede-publiko batek jarraitzen dituelako- Kontzeptu horren barruan onartuko dira gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak.

e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

f) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetara joatea, betiere 2017-2020 Euskadiko Marketin Plan Turistikoan lehentasunezkotzat jo diren merkatuetan; bai nazioarteko merkatuan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Eskandinaviako herrialdeak, Herbehereak), bai estatukoan (Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa). Kontzeptu horren barruan onartuko dira partaidetza-kuotarekin batera, erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko, bai eta, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.

A.2.– Laguntzen zenbatekoa:

1) Onartutako gastuaren % 60; gehienez 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

2) Diruz lagundu daitekeen jarduketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez zuzenean sustatutako turismo-produktuak eta esperientziak sortzeko eta garatzeko proiektuetan sartuta egonez gero; hau da, familia-turismoa, enogastronomia, ihesaldiak, ibilbideak, bilerak, Euskal Kostaldea, natura eta kultura: onartutako gastuaren % 60; gehienez 20.000 euro.

B) Produktu turistikoen eta esperientzien sustapena eta merkaturatzea.

Apartatu honetan bultzatuko dira sektoreko elkarteek, fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek egiten dituzten Euskadiko turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko proiektuak, betiere 2017-2020 aldirako EAEko Turismoaren Marketin Planarekin lerrokatuta badaude.

B.1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduketak:

a) Produktu turistikoen eta esperientzien sustapena eta merkaturatzea:

– Eskualde-mailako nahiz eskualdez gaindiko turismo-lankidetzako erakunde lanetan diharduten erakunde publiko edo pribatuekin lankidetzan garatutako produktu turistikoak eta esperientziak.

– Online Bidaia Agentzien (OTA) bidez merkaturatutako produktu turistiko eta esperientziak.

b) Sustapenera bideratutako materiala IKTak erabiliz prestatzea.

Sustapenera eta merkaturatzera bideratutako materiala prestatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak euskarri gisa erabiliz: bisitak egitea errazten duten eta turismo-esperientzia optimizatzen duten gida elektronikoak edo gailu mugikorrak, eta orrien nahiz argazki- eta film-bankuen garapen eta hobekuntza nabarmenak.

c) Sustapenera eta merkaturatzera bideratutako merchandising-a prestatzea.

d) Produktu turistikoak eta esperientziak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei eta influencer-ei harrera egitea -xede-talde bati zuzentzen zaizkielako edo xede-publiko batek jarraitzen dituelako-. Kontzeptu horren barruan onartuko dira gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak.

e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

f) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetara joatea, betiere 2017-2020 Euskadiko Marketin Plan Turistikoan lehentasunezkotzat jo diren merkatuetan; bai nazioarteko merkatuan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Eskandinaviako herrialdeak, Herbehereak), bai estatukoan (Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa). Kontzeptu horren barruan onartuko dira partaidetza-kuotarekin batera, erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko, bai eta, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.

B.2.– Laguntzen zenbatekoa:

1) Eremu geografikotzat lurralde historikoa edo EAE duten elkarte sektorialak: onartutako gastuaren % 50; gehienez 35.000 euro.

2) Tokiko elkarte sektorialak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak: onartutako gastuaren % 50; gehienez 15.000 euro.

3) Diruz lagundu daitekeen jarduketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez zuzenean sustatutako turismo-produktuak eta esperientziak sortzeko eta garatzeko proiektuetan sartuta egonez gero; hau da, familia-turismoa, enogastronomia, ihesaldiak, ibilbideak, bilerak, Euskal Kostaldea, natura eta kultura:

– Eremu geografikotzat lurralde historikoa edo EAE duten elkarte sektorialak: onartutako gastuaren % 50; gehienez 40.000 euro.

– Tokiko elkarte sektorialak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak: onartutako gastuaren % 50; gehienez 20.000 euro.

C) Proiekzio turistikoa duten ekitaldiak sustatzea eta merkaturatzea bultzatzea.

Apartatu honetan, fundazioek, elkarteek eta ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko enpresek egiten dituzten eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotu ez ezik ostatu-gauen kopurua handitzen ere laguntzen duten kultura-, gastronomia- eta kirol-arloko ekitaldiak bultzatuko dira.

Ez dira hemen sartuko herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak, ez eta azokak eta erakusketak ere.

Ez dira hemen sartuko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ekitaldiak antolatzen dituzten enpresa gisa alta emanda ez dauden enpresak.

Ekitaldiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Herritar guztientzat irekita egotea oro har.

– Ekitaldiaz gain, ostatua eta beste zerbitzu turistiko batzuk eskaintzea.

– Estatu-mailako eta nazioarteko proiekzio turistikoa izatea.

C.1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduketak:

a) Sustapenera bideratutako materiala IKTak erabiliz prestatzea.

Sustapenera eta merkaturatzera bideratutako materiala prestatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak euskarri gisa erabiliz: bisitak egitea errazten duten eta turismo-esperientzia optimizatzen duten gida elektronikoak edo gailu mugikorrak, eta orrien nahiz argazki- eta film-bankuen garapen eta hobekuntza nabarmenak.

b) Ekitaldiaren sustapenera eta merkaturatzera bideratutako merchandising-a prestatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan eta hortik kanpo oihartzuna duten online bidezko (webaren diseinua, landing page, email marketing, blog edo sare sozialekin lotutako gastuak) eta offline bidezko (komunikabideetan sustapena egitearekin lotutako gastuak) komunikazio-estrategiak.

d) Ekitaldia Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten -xedeko publiko bati zuzentzen direlako edo haiek jarraitzaile dituztelako- turoperadoreei, kazetariei edo influencer delakoei harrera egitea.

e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

f) Ekitaldia sustatzen laguntzeko EAEtik kanpo egiten diren sustapen-ekintzak: xede-taldeari zuzendutako azoka, jardunaldi edo beste ekintza batzuetan parte hartzeagatiko gastuak. Kontzeptu horren barruan onartuko dira, parte hartzeagatiko kuotaz gain, erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

g) Ekitaldia sustatzeko bestelako gastuak; hala nola, diseinu grafikoa, flyer-ak, prentsaurrekoetarako dosierrak edo baliabide teknikoak, karpen alokairua edo ekipo teknikoen alokairua (proiektuak, pantailak).

C.2.– Laguntzen zenbatekoa:

1) Onartutako gastuaren % 50; gehienez 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

2) Pakete turistiko bat badago eta bidaia agentzia batekin lankidetza akordioa dagoela egiaztatzen bada: onartutako gastuaren % 50; gehienez 25.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

2.– Onar daitekeen gastutzat hartuko da zenbatekoaren balio garbia, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ostean geratzen den balioa.

3.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, Euskadiri dagokion gastua onartuko da soilik, eta eskaeran xehatu beharko da gastu bakoitzari dagokion ehunekoa.

4.– Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezin da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

5.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Inbertsio-gastuak.

b) Informatikako ekipamendua eskuratzea.

c) Web orria eta sare sozialak erregistratu, mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) gastuak.

d) Erakunde eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak.

e) BEZa (berreskuratu edo konpentsatu daitekeenean), tasak eta bestelako zergak.

f) Aseguruak.

g) Gonbidapenak, bazkariak eta bestelakoak, salbu eta eskabidean justifikatuta badago beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.

h) Erakunde eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.

i) Sarien (diru-kopurua, trofeoak, dominak) eta oparien gastuak.

j) Sustapen-ekitaldien garbiketa edo hornidura gastuak.

6.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta haren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzetan.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak xede berberarekin kudeatutako hitzarmen, babes edo beste laguntza-aginduen bidez jarduketa berberei ematen diren laguntzekin izan ezik.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoaren kopuruak ezingo du, inola ere, beste administrazio edo erakundeek emandako laguntzak eta dirulaguntzak batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu.

3.– Gainfinantzaketa badago, agindu honen babesean eman beharreko laguntza gutxituko da soberakinari dagokion kopuruan.

4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake guztira dirulaguntzetan, edozein kontzepturengatik, eskaera egiten duen ekitaldiaren aurreko bi zerga-ekitaldietan eta aribideko zerga-ekitaldian.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora joz. Horretarako, https://.euskadi.eus/zerbitzuak/0089403 helbidea erabili behar dute.

3.– Aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, egiaztapenak eta gainontzeko ereduak betetzeko jarraibideak.

4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira, https://.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide eta proiektu tipologia bakarra aurkeztu ahal izango du 6. artikuluarekin lotutako jarduketetarako. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio eta, egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da eta gainerako guztiak artxibatu egingo dira.

7.– Betetako eskabideak, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, datorren artikuluak aipatzen duen dokumentazio euskarria gaineratuko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

8.– Agindu honi lotuta dauden prozedura guztietan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza eman ahal izango zaio beste pertsona bati; Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez https://.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ edo eskaerari Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilesteko Inprimaki normalizatua erantsiz https://.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea, behar bezala beteta.

9.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

9. artikulua.– Eskabideen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.

1.– Erakundearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezko informazioa edukiko du eredu normalizatuan betetako eskabideak. Honako agiri hauekin batera bidali behar da:

a) Eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen legezko ordezkariarena. Hauxe da informazio hori:

1) Laguntzaren erakunde onuraduna izateari dagokionez:

– Eskabidearen xede den proiektua egiteko moduko aurrekontua duela.

– Erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).

– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) izatekotan, hala kalifikatua izateko baldintzak betetzen dituela.

– Hala badagokio, EAEko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta dagoela.

– Hala badagokio, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela ekitaldiak antolatzen dituen enpresa gisa.

2) Zehapenei dagokienez:

– Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta.

3) Beste laguntzei dagokienez:

– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes eta beste agindu batzuen babesean eskatu edo eskuratu dituen laguntzak.

– Proiektu bererako beste erakundeei edo organismoei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

– Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako minimis izaerako laguntzak, laguntza eskatu den urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat, Agindu honen 7.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

– Ez dagoela zigortuta dirulaguntza eta laguntza publikoen erakunde onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/ 2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

– Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

– Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/ 2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

5) Eskabideko datuei dagokienez:

– Laguntzak arautzen dituen Aginduan ezarritako betekizunak betetzen dituela.

– Egiazkoak direla eskaeran adierazitako datuak, eta aurkeztutako agiri guztien egiazkotasunaren erantzukizuna bere gain hartzen duela.

Erantzukizunpeko adierazpenean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:

– Proiektuaren azalpen-memoria zehatza: laguntza eskatutako jarduketa bakoitzaren deskribapena, helburuak eta aurrekontu banakatua, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskuratutako eredu normalizatuaren arabera: https://.euskadi.eus/zerbitzuak/0089403. Eskabidean aurreikusitako jarduketak zehaztu beharko ditu.

– Ekitaldien kasuan, arestian aipatutako memoriaz gain, aurreko edizioaren laburpena non zehaztuko baita parte-hartzaileen kopurua sexuaren eta jatorriaren arabera, hedabideetan izandako oihartzuna, inpaktu ekonomikoari buruzko azterlana, eta, ekitaldira joateko aukerarekin batera, ostatua eta beste zerbitzu turistiko batzuk eskaintzea. Lehen edizioa bada, parte-hartzaileen kopuruaren eta inpaktu ekonomikoaren aurreikuspena, bai eta ekitaldiaren berri ematea aurreikusten den hedabideen zerrenda ere.

– Ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alta eta bajen ziurtagiria, salbu eta erakundea salbuetsita badago eta hala egiaztatzen badu.

– Hala badagokio, Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dagoela ziurtatzen duen zerga-administrazioaren adierazpena edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa ez dela ziurtatzen duen agiria, eskainitako ondasunak eta zerbitzuak kobratzen ez direlako.

– Hala badagokio, erakunde eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.

– Enpresa-elkarteak sortzen diren kasuetan: horiek gauzatzeko eskritura publikoaren kopia.

– Hala badagokio, EAEko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatu izanaren kopia.

– Hala badagokio, bidaia-agentzia batekin egindako lankidetza-hitzarmenaren egiaztagiria.

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili gabe ordezkaritza emanez gero, eta behar bezala betetako Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilesteko Inprimaki normalizatuarekin batera: pertsona fisikoa bada: NANa edo ordezkaritza ematen duen pertsonaren agiri baliokidea. Pertsona juridikoa bada: ordezkaritza-ahalordearen agiria edo hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion entitateak legezko ordezkari gisa legitimatzen duen zuzenbidez baliozkoa den beste edozein agiri.

2.– Ez da nahitaezkoa izango edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.

3.– Eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari baimena ematea hark, ziurtagiri telematikoen bidez, zuzenean egiaztatzeko eskatzaileak betetzen dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak. Hala eta guztiz ere, erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua Onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutako moduan aurkeztu beharko du egiaztapena.

Baldintza horiek bete direla egiaztatuko da laguntza eman baino lehen eta likidazioa egin baino lehen.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

1.– Eskabidea guztiz beteta ez badago, edo ez badauka aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentuak bidal ditzan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko diote eta dagokion ebazpena emango da.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez. https://.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du, alde batetik, egiaztatzeko jakinarazpena zein egun eta ordutan jarri den jakinarazten den ekintzaren interesdunaren eskura eta, bestetik, egiaztatzeko interesduna noiz sartu den jakinarazpenaren edukira; une horretatik aurrera joko da gauzatutzat jakinarazpena. Jakinarazpena interesdunaren eskura jarri izanaren ziurtasuna egonik egutegiko hamar egun igarotzen badira interesduna haren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin diola ulertuko da eta izapidea prozedurari jarraituz egintzat emango, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

11. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.

1.– Turismo, eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari.

2.– Ondoren, eskabide bakoitzari dirulaguntza emateko proposamen bat egingo dute, eta, bertan, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituko dute, eta agindu honen 6. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoaren) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte. Kalkulatutako dirulaguntza dezimalik gabe emango dute, zenbatekoa hurrengo zenbaki osora biribilduz.

12. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Turismo eta Ostalaritza arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularrari dagokio erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinaraztea; sei hileko epea du horretarako, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ebazpen horretan identifikatuko dira erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak.

2.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda, publizitate ondorioetarako.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– 1 paragrafoan aurreikusitako epea igarotzen bada ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharraren kalterik gabe.

5.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko -eta, bidezko denean, ordaintzeko- ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» aplikazioa erabili beharko da: https://.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Erakunde onuradunak agirien bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta dirulaguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak bukatu ondoren, eta betiere jarduketak gauzatzeko epea bukatzen denean (2020ko urtarrilaren 31n bukatuko da epe hori).

Aurreko justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

Edozein kasutan, egindako gastuak egiaztatzen dituzten fakturak 2019ko abenduaren 31ko epemuga baino lehen eman beharko dira.

3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote erakunde onuradunari Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek.

4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da eta ordainagiriak aurkeztuko dira Horrek dokumentazio hau bildu beharko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Ekitaldien kasuan, memoria bat non zehaztuko baita parte-hartzaileen kopurua sexuaren eta jatorriaren arabera, hedabideetan izandako oihartzuna, inpaktu ekonomikoari buruzko azterlana, eta, ekitaldira joateko aukerarekin batera, ostatua eta beste zerbitzu turistiko batzuk eskaintzea.

c) Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:

1) Jarduera bakoitzaren gastuak zehazten dituen fakturen koadroa: enpresa hornitzailearen identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagundu badaiteke) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.

Fakturen koadroa Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskuratutako eredu normalizatuaren arabera beteko da: https://.euskadi.eus/zerbitzuak/0089403

2) Jatorrizko fakturak -elektronikoak izan daitezke- edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduradunaren edo horretarako baimendutako pertsonaren sinadurarekin, betiere zenbateko hori emandako dirulaguntza osoaren % 10 baino txikiagoa bada.

3) Ordainketaren egiaztagiriak.

4) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Diruz lagundutako jardueren artean sustapena eta merkaturatzea, merchandising-a eta beste edozein sustapen euskarri egiteko materialaren prestaketa daukatenek frogatu egin beharko dute Euskadi Basque Country turismo-marka eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa jarri dituztela; betiere horiek erabiltzeko eskuliburuari jarraituz. Baita, hala badagokio, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin lotzen dituen banner-a daukatela ere.

5.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

6.– Dokumentazioa egiaztatzerakoan ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan, jakinaren gainean jarriko dute eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

7.– Adierazitako alderdi guztiak egiaztatzen direnean, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek txosten bat egingo dute eta Turismo eta Ostalaritza arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularrari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko dute.

Zentzu horretan, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak.

8.– Ordainketa bakarrean ordainduko da dirulaguntza, artikulu honetan aurreikusten den eran dirulaguntza justifikatu ondoren.

14. artikulua.– Laguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, era berean, horrekin batera beste erakunde nahiz organismo batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketak ez-betetze kasuak estaltzen ez baditu, dirulaguntzen entitate onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira, eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie. Gutxieneko betekizun horiek bete behar dituzte entitateek, laguntza-programa honetako onuradun izateko. Betekizunak agindu honen 4. artikuluan daude, eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak, berriz, 6. artikuluan. Horri begira, turismo- eta ostalaritza-arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak emango du aldatzeko ebazpena, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira bertan.

2.– Nolanahi ere, aldaketak egiten badira eta, betiere, aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzea eragiten ez badute, agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badituzte eta laguntzaren jatorrizko xedeari eusten badiote, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko dira turismo eta ostalaritzaren gaineko eskumena duen zuzendaritzan, baina horrek, hala ere, ez du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eragingo.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion proportzioan, turismo eta ostalaritzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularraren gutxitze-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

15. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritza arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.

2.– Erakunde onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta ostalaritzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bitartez, berariaz onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak, guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean, eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ondoren zerrendatzen diren egoera hauetakoren batean egoteak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galaraziko du erabat:

a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

b) Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpora aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako betekizunak ez betetzea.

d) Laguntza emateko xedea ez betetzea. Edonola ere, ez-betetzetzat hartuko da diruz lagundutako proiektuaren % 25 edo gutxiago soilik gauzatu bada, emandako dirulaguntza kontuan hartuta.

3.– Turismo eta Ostalaritza arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularrari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «NIre karpeta» aplikazioaren bitartez izapidetuko da: https://.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Prozedura administrazioko arau-haustea izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraiki.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.

4.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori eskabidearekin batera aurkeztu ez bada, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu nahi bada, horren berri ematea aldaketa egin aurretik.

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen dieten informazio guztia.

7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:

a) Jarduketa guztiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa, eta Euskadi Basque Country turismo-marka eraman beharko dituzte, horiek erabiltzeko eskuliburuari jarraituz. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez eskuratu daiteke: https://.euskadi.eus/nirekarpeta

b) Webguneak garatuz gero edo bertan hobekuntza nabarmenak egin, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du baita ere bere web orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.

9.– Beren gain hartzea administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

10.– Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte eta horietan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzu horiek ematen dituzten nahikoa enpresa ez badago, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (dirulaguntzaren justifikazioarekin edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko dira eskaintzak), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta berariaz justifikatu beharko da, txosten baten bidez, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

11.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jarduketen garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritza eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio guztia ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jarduketan sartu eta tratatuko dira. Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 3a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.


Azterketa dokumentala