Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2019ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3406

AGINDUA, 2019ko uztailaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Hirigune Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako 2019ko laguntza-programarako arauak ezarri eta deialdia egiteko.

XI. legegintzaldi honetako Euskadi 2020 gobernu-programan, I.1 ardatzaren barruan (Hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena). 31. konpromisoan («Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatu»), hau jasotzen da: tokiko merkataritza bultzatu eta bere lehiakortasuna sustatu, funtsezko elementua baita enplegua finkatzeko eta herriak eta hiriak dinamizatzeko, eta, horrekin batera, hiri-espazioak modu eraginkorrean kudeatu. Halatsu, merkataritza-lankidetza sustatu, merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatuta eta merkataritzako enpresarien elkarteak indartuta. Horretarako, ezinbestekoa dugu hainbat ekintza abian jartzea, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioaren bitartez, dinamizazio-programak ezartzeko udalen eta elkarteen artean.

2017-2020ko aldirako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko plan estrategikoan, sail horretako politika publikoen plangintza egiteko lan-tresna eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko bitarteko egokia den aldetik, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduketa publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta.

Barne-merkataritzari dagokionez, plan estrategikoaren helburuetako bat hau da: sektore-lehiakortasuna sustatzea elkarteekin elkarlanean jardunez eta ikuspegi berritu eta eraginkor baten bidez. Horretarako, hainbat lan-ardatz eta jarduketa-lerro zehaztu dira, horietako bakoitzaren helburuaren arabera. III. ardatz edo esparruan, Hiri-eremuen merkataritza-kudeaketan, helburua hau da: hiri-eremuen merkataritza-kudeaketan sakontzea esku-hartze tradizionalak aberastuz eta desberdinduz. Hala, ahalmen eraldatzailea eta eraginkortasuna optimizatu ahal izango da eta lurraldea laguntza-politikek eta lerroek bat egiteko eremua den ideia indartuko da. Era horretan, hirigintzako jarduketetan eta hiri eremuak dinamizatzekoetan berrikuntza sustatuko dugu.

Era berean, Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 50. artikuluan aipatzen denez, Eusko Jaurlaritzak, merkataritzaren arloko sailaren bitartez, merkataritza-egiturak eraberritzea bilatzen duen jarduketa oro aurrera eramango du, eta batez ere honetara bideratuak: merkataritzako enpresen artean taldekatze edo unitate integratuak osatzera, merkaturatzeko egitura eta prozesuak hobeto ezagutzera bideraturiko azterlan eta ikerketak egitera eta merkataritza-azpiegituraren akatsak zuzentzera.

Aberastasuna emateko eta enplegu iraunkor eta kalitate onekoa sortzeko helburuz taxutu behar ditugu politikak, jakinik globalizazioak eta kontsumo-ohitura hauek marraztutako jokalekuan mugitu beharko dugula: gure ingurua gero eta lehiakorragoa eta profesionalago izango da, eta produktu nahiz zerbitzuen bikaintasun eta kalitatea gero eta erabakigarriagoak izango dira zer erosi aukeratzerakoan, bai eta, ondorioz, lortzen diren emaitzetan ere. Era berean, sektore ahulenei eta ingurune babesgabeei erreparatu behar diegu, ez ikuspuntu ekonomikotik soilik, baizik baita sozialetik ere.

Horrenbestez, hurbileko merkataritzaren apustu egiten jarraituko dugu, auzoetan, herrietan eta hirietan hiri-ehuna eratzen duenez, eta indar handiagoz egingo dugu, gainera, autonomia-erkidegoko batez besteko langabezia-tasa baino handiagoa duten horietan.

Helburu horiek betetzeko, ezinbestekoa da arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza bideratzeko mekanismoetara jotzea, eta sektore nahiz zonako kooperazioa bultzatzea udalerrian bertan; hartara, gure enpresek kokapen sendoagoa izango dute beren inguruan ondo errotuta egoteko.

Laguntza-programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntzen 2019ko Plan estrategikoan jasotzen da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak 2019ko martxoaren 26an Agindu bidez onartutakoan. Programak, halaber, nahikoa aurrekontu-kreditu du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean ezartzen den arabera, 2019rako luzatu baitira aurrekontuok.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek xedetzat du udalerrikako jardun-proiektu bakarrak eta globalak garatzeko laguntzen esleipena arautzea, hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzeko zentroko zonetan eta inguruetan, hala nola auzoetan (berriak, zahartuak, degradatuak...).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 3.560.043 euro bideratuko dira baliabide ekonomiko gisa, banaketa honen arabera:

– Udalen jarduketetarako laguntzak: 1.810.043 euro (1.267.030,10 euro 2019rako, eta 543.012,90 euro 2020rako).

– Merkatarien elkarteen eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako elkarte mistoen edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen jarduketetarako dirulaguntzak: 1.750.000 euro.

Aurkeztutako eskaerak ebatzi ondoren, udaletarako edo merkatarien elkarteetarako eta elkarte mistoetarako edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteetarako aurreikusi diren baliabide ekonomikoak agortzen ez badira, baliabideak bestearen defizita finantzatzera bideratzeko aukera egongo da, beharrezkoa izanez gero.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki. Halakorik gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordetzak ebazpen bat emango du gertaera horren berri emateko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ondoren zerrendatutako EAEko udalek eta udalerriko merkatarien elkarteek edo hiri-merkataritzaren elkarte mistoek edo hiri-merkataritzaren plataformek, elkarte-multzoek edo elkarteek; baina 4. artikuluan adierazitako lankidetza publiko-pribatuko «esparru-akordio» bat sinatu beharko dute biek.

a) Ondorengo udalerrietako Udalak:

1) 15.000 biztanletik gora dituzten udalerriak. Zerrenda agindu honetako I. eranskinean dago jasota.

2) 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hirigune historikoa baldin badute eta udalerriko merkataritza-establezimenduen kopurua dela eta, biziberritze komertzial baterako potentzialtasuna duten kasuan. Halako udalak agindu honetako II. eranskinean daude zehaztuta.

3) Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak, 75 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak. Aipatutako udalak agindu honetako III. eranskinean daude zehaztuta.

4) Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeetako udalerri nagusiak, 75 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak, VI eranskineko 1.c) artikuluan jasotako jardueretarako soilik. Halako udalak agindu honetako IV. eranskinean daude zehaztuta.

5) 10.000 biztanletik gora daukaten udalerriak, 75 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak eta, 2019ko urtarrilaren 1ean, langabezia-tasa Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino altuagoa dutenak, VI. eranskineako 1.c) artikuluan jasotako jardueretarako soilik. Halako udalak agindu honetako V. eranskinean daude zehaztuta.

b) Zona-eremuko merkatarien elkartek eta elkarte mistoak, baldin eta, 2019ko urtarrilaren 1ean, inskribaturik badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, zeina ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaz arautu baitzen.

c) Plataformak, elkarte-multzoak edo hiri-merkataritzako elkarteak, pertsona fisiko edo juridiko gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo edozein motako unitate ekonomiko edo ondare, izaera juridiko propioa duena, eta, zuzenbideak onartutako edozein eran, 2019ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.

2.– Merkataritza-banaketaren jarduketarekin zerikusia duten merkatari elkarteen edo elkarte mistoen artean, laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu den egunean, bazkide gehien dituztenak, eta gutxienez ere 10 merkataritza-establezimendu dituzten udalerrietakoak, I., II., III., IV. eta V. eranskinetan jasotzen diren udalerrietakoak salbu. Elkarte horiek ez dute esparru-akordiorik eta MSPB azterlanik (Merkataritza Suspertzeko Plan Berezia) aurkeztu beharko.

3.– Entitate onuraduna izateko, laguntza eskatzen duten entitateek ondo bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan xedatzen diren baldintzak.

4.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo laguntzak itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

5.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik; azken kasu horretan, laguntza eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro badira, eta ordainketa osteko ekitaldi batean egiten bada.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden inguruabar edo zirkunstantziak, ziurtagiri telematikoen bidez.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz ukatu ahalko du baimena; hala eginez gero, egiaztapenak aurkeztu beharko ditu.

4. artikulua.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa:

Agindu honetan arautzen diren laguntzak eskatzeko sinatu behar den lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioak honako hau hartu beharko du barnean:

1.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatzen duten subjektuak:

a) I., II., III., IV. eta V. eranskinetako udalak.

b) Udalerriko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteak, zehaztapen hauekin:

b.1.– Vitoria-Gasteizen, Donostian eta Bilbon, honako honek sinatuko du lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa: udalerriko merkatari-elkarteen ordezkaritza handiena biltzen duen hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteak.

b.2.– Gainerako udalerrietan, hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarterik ez dagoenean eta elkarte bat baino gehiago badago, akordio bidez zehaztuko da nor izango den guztien ordezkaria eta lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatuko duena.

Udalerriko elkarte guztien artean egindako akordioak honako hauek jasoko ditu:

Akordioa sinatzen duten elkarteak.

Elkarte guztiak ordezkatzen dituen elkartea.

Nor izendatu duten ordezkari laguntza-programa honetatik eratorritako betebeharrak gauzatzeko.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketak.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

b.3.– Udalerriko merkatari-elkarte guztien adostasuna lortuko ez balitz, udalaren eta, elkartekide kopuruari dagokionez, balioduna izango da lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordio bat, sinatzaile hauek izango dituena: alde batetik, udala, eta bestetik, kide-kopuruari dagokionez, enpresa-ordezkaritza maila handiena duen edo duten merkatari erakundeak. Aipatutako elkarteen arteko akordio batean geratuko da idatzirik inguruabar hori, eta honako hauek jasoko dira:

Akordioa sinatzen duten elkarteak eta haien enpresa-ordezkaritza maila.

Elkarte guztiak ordezkatzen dituen elkartea.

Nor izendatu duten ordezkari laguntza-programa honetatik eratorritako betebeharrak gauzatzeko.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketak.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

Akordioan parte hartzen ez duten udalerriko elkarteak eta bertan parte ez hartzeko arrazoiak.

Bazkide bat merkatari-elkarte bat baino gehiagokoa bada, nahitaez zehaztu beharko du bere kidetza zein elkartetan konputatzea nahi duen.

2.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren xedea izango da zehaztea zer jarduera diruz lagungarri egin beharko dituzten entitate onuradunek, udalerrian hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko proiektuak garatze aldera.

3.– Egin beharreko jarduketek honako hauek jasoko dituzte: garatu beharreko ekintzak, aurreikusitako egutegia, ekintzak gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta haien jatorria.

4.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehazten diren ekintzen kontrola eta jarraipena zenbait adierazleren bidez egingo da, ekintza bakoitzaren estaldura eta betearazpen-maila neurtzeko.

5.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren kontrol- eta jarraipen-organoa jarduketak ebaluatzeko eratuko da.

II. KAPITULUA
UDALENTZAKO LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Azterlanak eta hirigintza-jarduketak merkataritza-eremuetan (VI. eranskinean zehazten diren ezaugarriak dituztenak), EAEko udalek eginak, 3. artikuluan sartzen direnak.

6. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Merkataritza-esparruetako azterlan eta hirigintza-jarduketa diruz lagundunak, baldin eta 2019ko urtarrilaren 1 eta 2019ko abenduaren 31 bitartean hasi eta 2020ko irailaren 30 baino lehen amaitzen badira.

7. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gastua.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat jotzen dira merkataritza-esparruko azterlanak eta hirigintza-jarduketak, baldin eta zalantzarik gabe betetzen badituzte VI. eranskinaren zehaztapenak, betiere azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa baldintzak betetzen baldin badu.

2.– Honako hauek ez dira diruz lagunduko: BEZa, tasak, profesionalen zerbitzu-sariak, industria-irabazia eta gastu orokorrak.

3.– Ez dira diruz laguntzeko modukoak izango gero udalerriari itzulketa ekonomiko bat ekarriko dioten jarduketa edo inbertsioak.

4.– Diruz lagun daitekeen jardueraren azpikontratazioaren ehunekoa % 100 izango da gehienez, eta azpikontratazio horrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa).

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gastuaren % 80 izango da, eta hauek izango dira gehieneko zenbatekoak VI. eranskineko 1. puntuan jasotzen diren azterlanetarako:

– 1.a) puntuko azterlanak (MSPB eta eguneraketak): 25.000 euro.

– 1.b) puntuko azterlanak (udal-merkatuak): 15.000 euro.

– 1.c) puntuko azterlanak (udal-plan estrategikoen lanketa): lanketa-kostuaren % 75 (gehienez ere 25.000 euro).

2.– Udal bakoitzerako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitza izango da: jarraian zehazten den populazio-tartearen arabera dagokion dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (VIII. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
MERKATARIEN ELKARTE ETA ELKARTE MISTOENTZAKO, EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE-MULTZO EDO ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

EAEko merkatari-elkarteen, elkarte mistoen edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen jarduketak, zeinen ezaugarriak VII. eranskinean zehazten diren, baldin eta 3. artikuluan sartzen badira.

10. artikulua.– Gauzatzeko epea.

2019ko urtarrilaren 1aren eta 2019ko abenduaren 31ren artean hasi eta amaitzen diren jarduketa diruz lagungarriak.

11. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gastua.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartzen dira VII. eranskinaren zehaztapenekin zalantzarik gabe bat datozen proiektuak, betiere azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa baldintzak betetzen baldin badu.

2.– Ez dira diruz lagunduko ez BEZa, ez tasak, ez zergak.

Hala ere, diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da BEZa, balio erantsiaren gaineko zerga aurkeztu behar ez duten merkatarien elkarteen eta elkarte mistoen, edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen kasuan. Inguruabar hori prozedura honen instrukzio-organoak egiaztatu beharko du.

3.– Diruz lagun daitekeen jardueraren azpikontratazioaren ehunekoa % 100 izango da gehienez, eta azpikontratazio horrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa).

12. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Emandako dirulaguntzen zenbatekoa proiektuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 80 izango da, blogak eta web orriak sortzeko, ezartzeko eta garatzeko proiektuen kasuan izan ezik. Azken kasu horretan, proiektuen kostuaren % 20 izango da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Udalerriko merkatari-elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitzan izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (VIII. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
IV. KAPITULUA
PROZEDURA

13. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 13an hasi eta 2019ko abuztuaren 26an amaituko da.

2.– Eskaera bakarra egingo da aurreikusten diren ekintza guztietarako, eta oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.

3.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

4.– Eskaera eskuratzeko eta betetzeko, Egoitza Elektroniko honetara jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015606

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak agindu honen IX. eranskinean daude jasota.

Agindu honekin zerikusia duten espedienteetarako irispidea, bai eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta eskaeraren ondorengo gainerako izapide guztiak ere, honako helbide honen bitartez egiten dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskaerarekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko egiaztatua ez ezik, aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeenak ere ekarri beharko dira.

6.– Ordezkari bidez jardun nahi bada, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, interesdunaren izenean bide elektronikoz jardun dezan Agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), dela eskaerari erantsita lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua, behar bezala beteta. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

7.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

8.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna.

9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

14. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza-eskaera IX. eranskinaren araberakoa izango da, eta agiri digitalizatu hauekin batera aurkeztu beharko da:

1.– Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauek jasoko dira adierazpen horretan:

a) Bete egiten dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan (onuradun izatea eragozten dute horiek).

c) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruko ezein itzulketa edo zehapen prozeduratan.

d) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

e) Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

f) Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen duela.

g) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

2.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi izanez gero, ordezkari jardun dezaten modu elektronikoan, eta horretarako erabiltzen ez bada Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, «Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilestea-Inprimaki normaldua» delakoa (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) behar bezala bete, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

– Pertsona fisikoen kasuan: ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak aipatu informazioa lor dezala administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidez balio duena.

3.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, hirugarrenari alta emateko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/).

Hirugarrenen alta Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez egiten ez bada, inprimakiarekin batera nortasun fiskaleko txartela ere aurkeztu beharko da.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, eskatzaileak kudeaketa-organoak zuzenean eskura ditzala nahi ez duenean.

5.– Agiri zehatzak, laguntzaren eskatzailearen araberakoak:

UDALAK:

a) Laguntza onartu duela egiaztatzeko akordio-ziurtagiria, eskumena daukan organoak egina, aurkeztutako jarduera bakoitzaren kostua eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuta.

b) Dirulaguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardueren inguruko azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren (MSPB) ikerlanean duten kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian dutena, halakorik baldin badago.

Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:

1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:

1.a.– Lortu nahi diren helburuak.

1.b.– Gauzatu beharreko ekintzak.

1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Aurrekontuak, partidaz partida zehaztutakoak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) Dokumentazio grafikoa, jardueren kokaleku izango diren eremuen aurretiko egoeraren argazkiak barne.

c) 4. artikuluan aipatutako lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa, baita ondoren egindako edozein aldaketa ere.

d) Hiri-jarduketaren bat eskatuz gero, VI. eranskineko 2. puntuko f), g) eta h) apartatuetan jasotzen den horietakoa, udal-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da jarduketa merkataritza-kale batean egingo dela, halakotzat hartuta lonjen % 70 gutxienez merkataritzarako dituztenak, eta horietarik % 70 martxan dituztenak.

MERKATARIEN ELKARTEAK ETA HIRI-MERKATARITZAKO ELKARTE MISTOAK EDO PLATAFORMAK, ELKARTE-MULTZOAK EDO ELKARTEAK:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.

b) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela, baldin eta nahi ez bada instrukzio-organoak aipatu informazioa lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

c) Laguntza zer jarduketarako eskatzen den, bada horietako bakoitzerako azalpen-memoria bat, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:

1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:

1.a.– Lortu nahi diren helburuak.

1.b.– Gauzatu beharreko ekintzak.

1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) MSPB azterlanean edo hori erabat ordezkatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.

5) Jardueran parte hartzeko aukera jakinarazteko erabiliko den sistema, hala behar den kasuetan.

e) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko ziurtagiria, Merkatari Elkarteen Erroldan agertzen diren erakunde eskatzailearen datuen ingurukoa.

f) Hiri-merkataritzaren plataformako, elkarte multzoko edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria. Bazkideen zerrenda jaso behar du, eskaera-epea hasi aurreko hilabetean eguneratua, baita azken ekitaldian bildutako kuotak ere. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bananduta islatu beharko da; alegia, merkataritza-enpresetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

g) 4. artikuluan aipatutako lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa, baita ondoren egindako edozein aldaketa ere, 3. artikuluko 2. puntuetako elkarteak izan ezik.

h) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluko 1.b) puntuan adierazten den kasuan.

15. artikulua.– Zuzenketak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Merkataritza Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat, hutsen edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, dena delakoa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Epe hori igarotakoan, zuzendu ezean, ebazpena emango da eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko.

16. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariak arduratuko dira udalei dagozkien dirulaguntzetara biltzeko eskarien azterketaz eta ebaluazioaz; beste alde batetik, lurralde historiko bakoitzeko merkatari-elkarteei eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteei dagozkien dirulaguntzetarako eskariez ari garela, diruz laguntzeko moduko jarduerak garatuko diren lurralde historikoko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak arduratuko dira eskarien azterketaz eta ebaluazioaz.

2.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamen bat aurkeztuko da eta berariaz adieraziko da eskatutako dirulaguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.

17. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Merkataritza zuzendariak, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko ditu eskabideak, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita; ebatzi ere, ordenari jarraituz, espedienteko dokumentazioa osatu zen unearen arabera.

2.– Eskatutako laguntza eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak honako hauek jaso beharko ditu: entitate onuradunaren identitatea, diruz laguntzen den jarduketa bakoitzerako ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa (jarduketaren kostu zenbatetsiarekin eta egikaritze-epearekin) edo, kasuan kasu, ukapenaren arrazoia.

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Dirulaguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Ebazpena emateko epea amaitu, eta erakunde interesdunari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan agindutakoarekin bat etorrita.

6.– Erakunde eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

18. artikulua.– Gastuak eta inbertsioak justifikatzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Merkatari-elkarteek eta elkarte mistoek, edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek garatutako jarduerei dagokienez, 2019ko abenduaren 31 izango da epe-muga; eta udalek garatutakoei dagokienez, 2020ko irailaren 30a.

3.– Justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2 hilabete izango da, onartutako azken proiektua egikaritzen den unetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek entitate onuradunari eskatuko diote dokumentazioa aurkez dezala hamabost eguneko epe luzaezinean. Ezarritako epearen barruan justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko.

4.– Entitate onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazioa hau aurkeztu beharko dute, entitate onuradunaren arabera:

UDALAK:

– Kontu-sailak likidatzeari buruzko ziurtagiriak.

– Jardueraren amaierari buruzko udal ziurtagiriak.

– Ekintza bakoitzeko fakturen laburpen-koadroa (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa).

– Fakturak eta ordainagiriak.

– Dokumentazio grafikoa.

– Azken egoeraren argazkiak (eskaeran aurkeztutako argazkiekin bat egin beharko dute).

– Jardueraren gastuak eta diru-sarrerak.

– Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Finantza-erakundea, jarduketa eta onetsitako edo jasotako zenbatekoa zehaztuko dira.

– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehaztutako jarraipen-batzordearen balorazio-akta, eta, halakorik ezean, elkartearen txostena, bertan jasota gauzatutako proiektuen adierazleen hasierako eta amaierako emaitzak, baita garatutako ekintza bakoitzetik lortutako ondorioak eta udalak nahiz merkatari-elkarteek egindako balorazioa ere. Horrez gain, etorkizuneko ekitaldietan errepikatzeko komenigarritasuna eta arrazoiak.

MERKATARI-ELKARTEAK ETA ELKARTE MISTOAK, EDO HIRI- MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEAK:

– Ekintza bakoitzeko fakturen laburpen-koadroa (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa).

– Fakturak eta horien ordainagiriak; merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkartearen edo enpresa-erakundearen izenean egon daitezke, edo entitate (plataforma eta elkarte multzo) horietako edozein elkarte bazkideren izenean.

– Dokumentazio grafikoa.

– Jarduketaren gastuak eta diru-sarrerak.

– Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Hauek zehaztuko dira:

• Eskaeraren urtea.

• Finantzaketa-instituzioa.

• Finantzaketaren jatorrizko programa.

• Jarduketa.

• Jarduketaren zenbatekoa, guztira.

• Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

• Emandako laguntzaren zenbatekoa.

– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehaztutako jarraipen-batzordearen balorazio-akta, eta, halakorik ezean, elkartearen txostena, bertan jasota gauzatutako proiektuen adierazleen hasierako eta amaierako emaitzak, baita garatutako ekintza bakoitzetik lortutako ondorioak eta udalak nahiz merkatari-elkarteek egindako balorazioa ere. Horrez gain, etorkizuneko ekitaldietan errepikatzeko komenigarritasuna eta arrazoiak.

– Berariazko parte-hartzea beharrezkoa den kasuan, jarduketara bildutako saltokien zerrenda, elkarte antolatzailearen kide den edo ez zehaztuta.

– Diruz lagundutako jarduketen barnean, aldaketak onetsi ahal izango dira jarduketa bereko jardueren artean. Ezin izango da, inolaz ere, ordezkapenik egin, ezta ekintza berririk txertatu ere.

– Diruz lagundutako jarduketaren bati uko egiten bazaio, zenbatekoa ezin izango da gaineraketan sartu.

5.– Bi kasuetan, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen beste edozein agiri, eta justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

6.– Justifikatutako gastuak aztertu behar dira, eta egiaztatu dirulaguntzak xedetzat dituen jarduketak agindu honetan zehazten diren baldintzen arabera gauzatzen direla eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla. Horretaz arduratuko dira Merkataritza Zuzendaritzako teknikariak, udalen kasuan, eta Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetakoak, lurralde historiko bakoitzeko merkatari-elkarte eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen kasuan.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

8.– Aurkeztutako proiektua edo proiektuak justifikatzean ikusten bada beherako desbideratzea izan dela, % 25ekoa baino txikiagoa, aurkeztu zen aurrekontuarekiko –dirulaguntza emateko kontuan hartu zenarekiko, alegia–, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, hasierako dirulaguntza kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberekin.

9.– Beheranzko aldea % 25 edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, salbu eta justifikatzen bada dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla. Bigarren kasu honetan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

10.– Nolanahi ere, ez balira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartuko, eta horrek emandako dirulaguntza murriztea ekarriko balu, Merkataritza zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio enpresa interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena igorriko du, langile teknikoen txostena kontuan hartuta.

19. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Laguntzak horrela ordainduko dira:

Aldeko ebazpena eman ostean ordainduko da emandako dirulaguntzaren % 70, 20.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotakoan, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

Gainerakoa, egindako inbertsioak eta gastuak justifikatu ostean, Agindu honen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

20. artikulua.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onura hartzen duten erakundeek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Horrez gain, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia beren eginkizunen barruan deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jardueren argitalpen, iragarki eta publizitate guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie entitate onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.

f) Ez dute ezein euskarritan, publizitatekoa edo informaziokoa izan, hizkera edo irudi sexistarik erabiliko. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa izango da.

g) Espresuki adierazi beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela udalek egindako hiri-azterlan eta -jarduketa guztietan, bai eta merkatari-elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean ere. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez ale bat helarazi beharko da.

h) Entitate onuradunek honako hauek komunikatu beharko dituzte:

– Udalek Merkataritza Zuzendaritzari: jarduera bakoitzaren amaiera data.

– Merkatari-elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek dagokion Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoari:

– Gutxienez ere 7 egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako ekintzak non, zer datatan eta zer ordutan izango diren.

– Diruz lagundutako jarduketen jardueren edozein aldaketa, jarduerarako aurreikusi den dataren aurretik.

21. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak, Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntza edo dirulaguntzenak batuta, ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua; gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, aldaketarekin ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Horretarako, Merkataritza zuzendariak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du, zeinean doituko baitira emandako dirulaguntzen zenbatekoak.

23. artikulua.– Ikuskapena.

Merkataritza Zuzendaritzak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako proiektuen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta, hori guztia, alde batera utzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, kontrolak egitea jasotako laguntzei dagokienez.

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ez baditu betetzen laguntza emateko ebazpenean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, non erakunde interesdunari entzungo zaion, adieraziko du onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzatze-mailarekiko proportzioan, bai eta berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, zati baten diru-itzulketari dagokionez, 38/2003 Legeak, 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez,

Ez-betetze espediente hori egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

25. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalei «Merkataritza-arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jarduketa aplikatuko zaie.

Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dionez administrazio-bideari, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak zenbatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 2a,

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala