Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2019ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3405

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) GA.06 sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2018ko abenduaren 20an, Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) GA.06 sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektuak adierazitako prozedura jarraitu behar du aipatutako arauaren 7.2.a artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2019ko abenduaren 11n, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari; Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; Ekologistak Martxan-Gipuzkoa elkarteari, eta Eguzkizaleak elkarteari.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena (biak ere Eusko Jaurlaritzakoak); kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean jasota dauden proiektuei. Horrenbestez, II. eranskineko 7.a artikuluaren arabera, Hernaniko GA.06 sektorearen urbanizazio-proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura jarraitu behar du; prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko efektu adierazgarririk duen, eta ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura jarraitu behar duen.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Hernaniko (Gipuzkoa) GA.06 sektorearen urbanizazio-proiektuarena, baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da Hernaniko GA.06 sektorearen barne-urbanizazioaren obrak egitea. Ordenamendua, funtsean, honetan datza: lurzatietara iristeko bide-sistema garatzea, bai eta lurzation zerbitzu-azpiegitura beharrezkoak ere.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1) Proiektuaren ezaugarriak:

Honako hauek dira inpaktuak ekar ditzaketen proiektuaren jardueren ezaugarriak:

– Eraisketak eta aurretiazko lanak: bulego-eraikin txiki bat eraitsi beharko da, eta horri atxikitako eraikina, eta egungo zoladurak kenduko dira.

– Lur-mugimenduak: proposatutako ordenamenduak ez du ekarriko lur-mugimendu handirik. Profilen arabera kalkulatutako indusketa-bolumenaren guztizkoa 6.444 m3-koa da; horietatik, 484 m3 eraispen-produktuak dira, eta 5.960 m3, berriz, lurrak. Betelanen bolumena, bestalde, 490 m3-koa da.

Aipatu esparrua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituen lurzoru gisa katalogatuta du Eusko Jaurlaritzak. Beraz, indusketa-lan guztiak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-organoaren aurrean egin beharreko izapideen emaitzaren mende egongo dira. Gaikako Indusketa Plana egin beharko da, indusketa-modua, induskatutako materialen kontrola, materialon helmuga eta abarrak adierazita.

– Azpiegiturak:

• Saneamendua: malda baten bidez, bide bakoitzaren hustubidean jasoko dira euri-urak, eta dagokien biltodiaren bitartez, biribilgunean elkartuko dira, euri-uren biltodi nagusia bertan eraikitzea aurreikusita baitago. Modu bereizian, ur beltzak biltodietan bildu, eta biribilgunean dagoen saneamendu-sarera konektatuko dira.

• Ur-hornidura: biribilguneko sareari konektatuta egongo da pabilioien, hidranteen eta ur-harguneen ur-hornidurako hoditeria.

• Energia elektrikoa: erdi-tentsioko linea jartzea aurreikusten da, behe tentsioko lineak abiatuko diren transformazio-zentro bat elikatzeko: gainera, egungo aireko linea eta zentroa desmuntatu beharko dira.

• Telekomunikazioak: bi telekomunikazio-operadore instalatzea aurreikusi da.

• Gasa: bide bakoitzean gas-adar bat prest utziko da, lurzati bakoitzeko hargunea horretara konektatzeko.

• Argiteria publikoa: LED teknologiako luminariak erabiliko da argiteria publikoan, eta kableak lurpeko hodien barnetik joango dira.

• Zoladura: bide-zoruen pakete batekin egingo da zoladura, zirkulatuko diren ibilgailu astunen kategoriara egokituta. Bide guztietan (errepideak, bidegorriak edo oinezkoenak) hartu beharko dira kontuan udal-ordenantzen II.3 kapituluan xedatzen diren ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak.

• Lorezaintza eta hiri-altzariak: egungo landaredia aztertuko da, leheneratu eta ordenamendu berriarekin bat etor daitekeen zehazteko. Landaketa gehiago egitekotan, paisaia-irizpideak ez ezik, ur-kontsumoa murriztea, mantentze-premiak minimizatzea, iraunkorra izatea, ezaugarri ez alergenikoak, biodibertsitatea babestea eta beste alderdi gehiago hartu beharko dira kontuan, udal-ordenantzetan xedatutakoari jarraikiz. Landaketa guztiak, ingurunera bikain egokitutako espezie autoktonoak erabilita egingo dira. Behar den hiri-materiala ipiniko da.

Urbanizazio-obrek 12 hilabeteko epea izatea aurreikusten da, eta eraikuntza-obrek, aldiz, 24 hilabetekoa, sektorearen urbanizazio osoa amaitzen denetik zenbatzen hasita.

2) Proiektuaren kokapena:

Ebaluazioaren xedeko eremua Hernani (Gipuzkoa) udalerriaren iparraldean dago, Galarreta azpiesparruan (Jauregi auzoa). 46.845 m2 inguruko azalera du.

Inguru nagusiki industriala da, gehienbat landa-lurrez inguratua; baserri batzuk daude aztertutako eremuaren hegoaldeko eta iparraldeko mugetan. Batik bat, biztanleguneetan ohikoa den landaredia erruderal-nitrofiloa dago, eta eremuaren inguruan zenbait landaredia-orban daude: larre eta labore atlantikoak, harizti azidofiloa eta baso misto atlantikoa. Zabalaga erreka da gertuen dagoen ur-ibilgua; kokagunetik 200 bat metrora dago.

3) Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpakturik adierazgarrienak obra-fasean (aurretiazko lanak, indusketa eta urbanizazioa) eta ustiapen-fasean espero dira (paisaia leheneratzea, isilgailu-zoladura, etab.). Ingurumen-inpaktuaren dokumentuan aurkeztu den analisian ondorioztatzen denaren arabera, ebaluazioko emaitzak kontuan hartuta, esan daiteke proiektuak ez duela izango eragin adierazgarririk ingurumenean, eta, beraz, proiektua bideragarria dela ingurumen-ikuspegitik.

Inpaktu akustikoari buruzko txostena egin zuen Laecor Ingeniería Acústica enpresak (2018ko azaroaren 25ean), eta neurri zuzentzaile zenbait proposatu (AP1 errepidean hesi akustikoa ipintzea). Horiekin, azterketaren xedeko lurzatian, 2 m-ko altueran, kalitate akustikoko helburuak beteta leudeke, segurtasun-marjinarekin, bai gaur egun bai 20 urte barru, aldi guztietan (eguna, arratsaldea eta gaua).

Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zein neurri osagarriak biltzen ditu, proiektuak sor ditzakeen inpaktuei dagokienez. Aipatutako inpaktuak mugatu, gutxitu edo txikiagotzeko dira neurri horiek, eta obra-fasean nagusiki garatu beharreko gomendioak eta jarduerak dira. Besteak beste, honelako neurriak jasotzen dira: proiektuaren eraginpeko eremua kontrolatzeko neurriak, landare-lurra behar bezala kudeatzekoak, eta fauna eta flora babestekoak. Gainera, hiriko ingurunea eta airearen kalitatea babesteko neurriak ere badaude, baita hondakin-sorrerarekin lotutakoak ere.

Nolanahi ere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendien kudeaketaren arloan eskumena duten organoek ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

1) Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik, sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du atal honetako 10. zenbakiak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

2) Oro har, landaredia autoktonoa kentzea ekidingo da, batik bat eremuaren inguruan barreiatuta dauden landaredia-orbanak: larre eta labore atlantikoak, harizti azidofiloa eta baso misto atlantikoa. Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko. Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremuetan, atal honetako 10. zenbakiak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, Lanen Zuzendaritzari laguntzeko.

3) Obren eraginpeko eremuetan espezie exotiko inbaditzaileak agertzen badira, baita berme-aldian ere (obra amaitu ondorengo 2 urteetan), Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazteko protokolo bat jasoko da, kasuan-kasuan egokienak diren ekintzak ezar daitezen.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak uraren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

1) Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

2) Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Beharrezkoa bada, hormak eta zimenduak kokatzeko hondeatu beharreko eremuak ponpatzeagatik sortzen diren efluenteak tratatzeko, berriz, dekantazio-putzuak edo orrizko dekantazio-tangak izango dira, eta pH-a zuzentzeko sistema bat izango dute.

3) Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

4) Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

5) Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak atal honetako 6. zenbakian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua kokatu nahi den eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduketak edo instalazioak dauden edo egondako lurzoruen inbentarioan sartuta dago (20040-00129 kodea), iraganean Repsol Butano SA enpresaren jardueraren kokagune izan zenez. Gainera, egiaztatuta dago lurzatian lurzoru-espedienteen arloko jarduketak egin direla; esaterako, gaur gaurkoz, DCS-60/17 -Jauregui Bailara 35 kodea duen espedientea dago irekita; hori ebazteko eman zen «Ebazpena, 2017ko azaroaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Hernaniko (Gipuzkoa) GA.06 sektorearen plan partzialeko GA.06.04 lurzatian –Repsol Butano SA enpresaren jardueraren kokagune ohian–, eraikuntza arrazoiengatik, materialak induskatzeko baimena ematen duena».

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legean (ekainaren 25eko 4/2015) ezarritakoa bete beharko da.

4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

1) Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

2) Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea. Atal honetako 11. zenbakian zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

3) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

1) Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makinariaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.

2) Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.

3) Soinu-emisioen fokuek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen muga-balioak bete beharko dituzte.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

1) Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

2) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Atal honetako 11. zenbakian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

3) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

4) Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

5) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

6) Sortutako olio erabilia 679/2006 Errege Dekretuak, ekainaren 2koak, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

7) Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere jariakin kontrolatu gabeak sortuko. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

8) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

1) Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.

2) Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

1) Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurunea leheneratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik leheneratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

2) Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

3) Leheneratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabiliko diren lurren jatorria eta, inola ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon daitekeen lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

4) Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, atal honetako 6. zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.

10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

11.– Lan-programa diseinatzea.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honakoak errespetatuta: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenak, 5.1 artikuluan xedatzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko denak, 7. artikuluan xedatzen duena.

Hirugarrena.– Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ingurumena zaintzeko programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Lanek okupatzen dituzten mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

3.– Zarataren kontrola.

Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduera motak tipifikatzea ahalbidetuko da, soinu-emisioen arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.

4.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Hernani (Gipuzkoa) GA.06 sektorearen urbanizazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hernaniko Udalari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua baimenduko ez balitz. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala