Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2019ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3400

AGINDUA, 2019ko apirilaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Larratxo» izeneko fundazioaren zatiketa partziala eta «Munduko Gazteen Alde Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa.

Ikusi eta aztertu da fundazioaren zatiketa eta eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko martxoaren 1ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko bai Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dagoen «Fundación Larratxo» fundazioaren zatiketa partziala, bai «Munduko Gazteen Alde Fundazioa» fundazioaren eraketa. Eskabidearekin batera, eskritura publikoa aurkeztu zen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2019ko apirilaren 1ean aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta fundazio berriaren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Estatutuen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, «Munduko Gazteen Alde Fundazioa» fundazioaren helburua izango da: bizitzaren inguruabarren ondorioz familia dela edo alkohola, drogak, pobrezia eta abar direla, gizatasunik gabeko egoeretan bizi diren pertsonei zuzendutako giza arretari eta sustapenari loturiko zerbitzuak emateko proiektuak sustatzea eta beraietan parte hartu eta murgiltzea, besteak beste, honelako jardueren bidez:

a) Oro har, orube, era guztietako lursail, eraikin eta higiezinen salmenta, errentamendua eta ustiapena.

b) Lokal horiek zuzenean zein zeharka ustiatzea, barnean hartuta errentan edo beste eraren batean hartu edo ematea ere.

c) Erakundeen funts propioetako parte-hartzea kudeatu, zuzendu eta administratzea, baliabide material eta pertsonalak behar den moduan antolatuta.

Aipatutako interes orokorreko helburu horiek betetzeko, «Fundación Larratxo» fundazioa «Munduko Gazteen Alde Fundazioa» fundazioarekin arituko da lankidetzan, fundazioaren entitate fundatzailea denez gero, bai eta beste entitate batzuekin ere, antzeko helburuak dituzten entitateekin alegia, berarekin lotura estua badute, bai fundazioak berak edo haren fundatzaileak eratu dituelako, bai horrelako lotura duen beste fundazio batzuekin eratu direlako eta «Fundación Larratxo» fundazioaren hastapeneko printzipioak eta fundazio horren fundatzaileak ezarritako baldintzak errespetatzen badituzte.

Laugarrena.– Estatutuen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, fundazioaren egoitza Donostiako Larratxo pasealekuko 22ko solairuartean egongo da; batez ere, hiri horretan bertan jardungo du, baina beste proiektu batzuk ere sustatu ahal izango ditu beste esparru batzuetan ere, sozietatearen xedearekin bat etorriz gero, batez ere Latinoamerikan eta Afrikan; fundazioaren helburua betetzeko, batez ere langile boluntarioak eta kristautasunak gidatuak dauzka.

Bosgarrena.– «Fundación Larratxo» fundazioak 1.317.029,47 euroko ekarpena egin du hasierako fundazio-zuzkidurarako; izan ere, emandako eskritura publikoaren arabera, balio hori eman zaie zatiketan eskualdatutako eta zerrendan jasotako higiezin eta finantza-aktiboei.

Seigarrena.– Kide hauek osatuko dute hasierako Patronatua, bost urterako, fundazioaren eraketa-eskrituran ezartzen duen bezala:

– Lehendakaria: José Antonio Aguirre Franco.

– Lehendakariordea: Eduardo Aguirre Franco.

– Idazkaria: María Isabel Larrañaga Padilla.

– Bokala: Covadonga Cienfuegos-Jovellanos Romero.

– Bokala: Consuelo Cienfuegos-Jovellanos Romero.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, zatiketa-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura, 39. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikulutik 39. artikulura eskatutakoa, eta aplikatzekoak diren legezko eta arauzko aurreikuspenetara doitzen fundazioaren eraketa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak, beraz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta agintzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba daitezela, egungo datarekin, honako erabaki hauek, zeinak hartu baitzituen «Fundación Larratxo» fundazioaren patronatuak, Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean (310 protokolo-zenbakia) 2019ko martxoaren 1ean emandako eskritura publikoan adierazitakoaren arabera.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan G-30 erregistro-zenbakiarekin inskirbatutako «Fundación Larratxo» fundazioaren zatiketa partziala.

– Donostiako «Munduko Gazteen Alde Fundazioa» fundazioaren eraketa (F-442 zenbakia) eta patronatuaren hasierako osaera, zeina seigarren aurrekarian adierazitakoek osatzen baitute karguak berariaz onartu ostean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala