Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2019ko uztailaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3350

47/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ticketbai / TicketSi-Bai fakturazio- eta kobrantza-sistemak aztertzeko eta kontrolerako tresnak ezartzeko helburua duen egitasmo bat garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ticketbai / TicketSi-Bai fakturazio- eta kobrantza-sistemak aztertzeko eta kontrolerako tresnak ezartzeko helburua duen egitasmo bat garatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 17KO 47/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU-ALDUNDIEN ARTEKOA, FAKTURAZIO- ETA KOBRANTZA-SISTEMAK KONTROLATZEKO TRESNEN AZTERKETARI ETA EZARPENARI BURUZKO PROIEKTUA GARATZEKO DENA (TICKETBAI / TICKETSI-BAI PROIEKTUA)

Vitoria-Gasteizen, 2019ko maiatzaren 29an.

BILDU DIRA:

Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta haren ordezkari gisa, Ogasun eta Ekonomiako sailburu den aldetik.

Luis Esáin Equiza jauna, Nafarroako Zerga Ogasunaren izenean eta haren ordezkari gisa, organismo autonomo horren zuzendari kudeatzaile den aldetik.

José Luis Cimiano Ruiz jauna, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru-diputatu den aldetik.

José María Iruarrizaga Artaraz jauna, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa, Ogasun eta Finantza Saileko foru-diputatu den aldetik.

Jabier Larrañaga Garmendia jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatu den aldetik.

Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartu diote elkarri eta, hori dela bide, hauxe

AZALTZEN DUTE:

I.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 48. artikuluan ezartzen du administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, hitzarmenak sinatu ahalko dituztela zuzenbide publikoko eta pribatuko subjektuekin eta, hitzarmenak sinatuz, besteak beste, kudeaketa publikoaren efizientzia hobetu beharko dela, bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztu eta erabilgarritasun publikoko jarduerak egin daitezen lagundu.

II.– Iruzur fiskalak –alegia, arauen ez-betetzea zerga-ordainketa ekiditeko asmoarekin– zuzeneko eta berehalako eragina du diru-sarrera publikoetan, administrazioen gastu-ahalmena murrizten baitu, eta, ondorioz, politika publikoak finantzatzeko ahalmena eta ondasun publikoak hornitzeko aukerak gutxitzen baititu. Baditu beste eragin batzuk ere; horietako bat, garrantzi handikoa, zerga-sistemetan eragiten duen ekitate-printzipioaren haustura, eta, haren ondorioz, sistema horien ospea galtzeko arriskua. Testuinguru horretan, eztabaidaezinak dira iruzur fiskalari aurre egiteko politikak eta estrategiak, zeinen efikazia sendotu egingo baita zerga-administrazioaren eremuan eskumenak dituzten erakundeen artean itunak eginez eta lankidetza-loturak estutuz.

III.– Lurralde historiko bakoitzaren Zergen Foru Arau Orokorrak xedatzen du zerga-administrazioek Iruzurraren Kontra Borrokatzeko edo Zergak Egiaztatzeko Plana taxutu behar dutela aldian behin. Iruzurraren kontra borrokatzeko 2016ko planetan, prebentzio-jardueren atalean, lehentasunezko jardun-lerro hau zehaztu zen, besteak beste: urte anitzeko proiektu bat abian jartzea, zeinari esker eskudiru asko erabiltzen duten jarduera-sektore jakin batzuetan kutxa erregistratzaileak kontrolatzeko sistemak ezarri ahalko baitira, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) 2013ko urriko ikerlanean («Salmenten ezabapen elektronikoa: zerga-sarreretarako mehatxu bat» deritzon horretan) jasotako gomendioekin bat eta kontuan hartuta gure inguruko beste herrialde batzuen esperientzia. Horrez gain, 2017ko eta 2018ko planen prebentzio-ekintzek proiektuaren jarraitutasuna berresten dute; izan ere, jasotzen dute proiektuaren diseinuan aurrera egingo dela, konponbide teknologiko aproposena aukeratuko dela eta hura ezartzeko beharrezkoak diren araudi-aldaketak proposatuko direla.

IV.– Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 26ko osoko bilkuran 6. ebazpena onartu zuen, eta haren bidez «beharrezkotzat jotzen du Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortzea, Iruzurraren kontrako Borrokarako Plan Bateratua prestatzeaz arduratuko dena, hiru lurralde historikoen eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin, Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan». Ebazpen horren arabera, «Iruzurraren kontrako Borrokarako Batzordea batzorde teknikoa izango da eta 4 kidek osatuko dute: Eusko Jaurlaritzako kide bat, Ogasunaren arloko sail eskuduneko titularrak izendatua, eta foru-aldundi bakoitzeko kide bat, Ogasun Saileko foru-diputatuak izendatua ikuskaritza-zerbitzuetan lan egiten duten finantza-ikuskarien artetik». Legebiltzarraren ebazpen hori betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortu zuen Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak, 2013ko urriaren 14ko erabakiz –organo horrek Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien ordezkaritza du, eta Zergapideen elkar-egokitasun, erakidetasun eta lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 16. eta 17. artikuluetan arautua dago–. Eusko Legebiltzarraren ebazpenean xedatutakoari jarraituz, Iruzurraren kontrako Borrokarako Plan Bateratua egiteko, irizpide orokor batzuk eta foru-aldundiek egin behar dituzten jarduketak zehaztu behar dira, zeinen artean egongo baitira informazioa lortzeko ekintzak, prebentzioaren gainekoak eta erregularizatze- eta kobrantza-ekintzak. Foru-aldundien planetan ageri diren prebentzio-jarduketen ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko iruzur fiskalaren kontrako borrokarako 2016ko, 2017ko eta 2018ko plan bateratuetan ere jasota geratu da aurreko atalean adierazi den urte anitzeko proiektua. 2018ko planean, gainera, estrategia orokor baten azterketa aurreikusten da, datozen urteetan fakturazio- eta kobrantza-gailuak kontrolatzeko neurri sorta hori ekonomia-jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztietara hedatzeko helburua duena, betiere fakturazioari buruzko informazioaren osotasuna eta hura zerga-administrazioari helarazten zaiola bermatzeko moduan.

V.– Nafarroako Zerga Ogasuna bat dator Eusko Jaurlaritzarekin eta foru-aldundiekin lehentasunezko helburu batean –alegia, zerga-iruzurraren kontrako borrokaren efikazia eta efizientzia handitu beharra dagoela– eta, horretarako, ezinbestekotzat jotzen du zerga-administrazioen arteko elkarlana areagotzea. Nafarroak taxutu duen Zergen Kontrolerako 2018ko Planean bada jarduera-ildo espezifiko bat, aurreko planetan esandakoaren bide beretik doana, iruzur fiskala egiteko arrisku handia duten jarduera-sektore jakin batzuetako salmenta-puntuetako terminalak eta kutxa erregistratzaileak nahitaez kontrolatzeko sistema bat ezartzeko aukera jasotzen duena, bi helburu lortzeko: batetik, transakzio guztiak zuzen erregistratzen direla egiaztatzeko, eta, bestetik, Zerga Administrazioari informazioa bide seguruetatik jakinarazteko.

VI.– Horiek horrela, foru-aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Zerga Ogasunak lantalde tekniko bat osatu dute, bost erakundeen parte-hartzearekin. Lantaldearen lehenengo helburua da aztertzea zer aukera dagoen azken kontsumitzaileari ondasunak saltzen edo zerbitzuak ematen dizkieten jarduera-sektoreetan, eskudirutan kobratu ohi dutenetan, salmenta-erregistroen manipulazioa minimizatu edo galarazten duten tresnak ezartzeko, betiere zergen arloko foru-administrazioek erregistro horietarako kontrola eta irispidea izanik. Behin hori eginda, lantaldearen bigarren helburua izango da, azterketaren emaitzen arabera, tresna horiek garatzea eta ezartzea. Lantaldea eratzeko bilkura 2016ko uztailaren 19an egin zen, eta proiektuaren izena erabakita geratu zen: Ticketbai / TicketSi-Bai. Marka hori erregistratuta dago, eta, ondorioz, proiektua sustatu duten erakundeek identifikazio-zeinu hori erabiltzeko eskubide esklusiboa dute.

VII.– Fakturazio- eta kobrantza-sistemak kontrolatzeko tresnak aztertzeko eta haien ezarpena bultzatzeko erakundearteko proiektua garatuko bada, zenbait jarduketa egin behar dira denen artean koordinatuta; kasu batzuetan, erakunde parte-hartzaileen baliabide propioak erabiliz, eta, beste alderdi batzuetarako, kanpoko baliabideetara joz. Komeni da laguntza teknikoko eta kontsultarako zerbitzu bat kontratatzea; batez ere, konponbide teknologikoko efizienteena finkatu eta definitu ahal izateko. Bestalde, zehaztuta utzi behar da erakunde bakoitzak zer baldintzatan parte hartuko duen proiektua garatzen den bitartean egin daitezkeen jarduketen exekuzioan eta finantzaketan; halaber, hitzarmena sinatu baino lehen jarduketak egin badira proiektuaren eremuan, halakoen finantzaketari buruzko alderdiak ere zehaztu behar dira.

VIII.– Administrazio publikoen arteko elkarlan, koordinazio eta lankidetza aurreikusten dituzten arauak kontuan hartuta eta haien jardunak efizientzia-printzipioan eta herritarrentzako zerbitzuaren printzipioan oinarrituta egon behar duela, alderdi sinatzaileek beharrezkotzat jo dute araututa uztea zein izango diren proiektu bateratuan ordezkaritza duen erakunde bakoitzaren partaidetza- eta elkarlan-baldintzak; proiektu horri esker, betebehar legalak eta teknikoak arautzen dituen sistema baten ezarpena aztertu eta bultzatuko da, halako eran non zerga-administrazioak aukera izango baitu jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoen diru-sarrerak kontrolatzeko.

Horregatik guztiagatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Hitzarmenaren xedea da definitzea alderdiek zer partaidetza- eta elkarlan-araubide izango duten fakturazio- eta kobrantza-sistemak kontrolatzeko tresnak aztertzeko eta, hala badagokio, haien ezarpena oro har bultzatzeko Ticketbai / TicketSi-Bai deitutako proiektu bateratuaren garapenari dagokionez.

2.– Hitzarmenaren babesean geratuko dira alderdiek Jarraipen Batzordean xede hori erdiesteko adosten dituzten ekimenen antolamendua, diseinua, gauzatzea eta finantzaketa –batzorde hori zazpigarren klausulan aurreikusia dago–.

3.– Hitzarmenaren ondoreak honako jarduketa hauetara zabalduko dira:

a) Iruzurra kontrolatzeko sistemei buruzko kontsulta-zerbitzuaren eta aholkularitza estrategikoko eta bulego teknikoko (konponbide-proposamena) zerbitzuaren kontratazioa; Bizkaiko Foru Aldundia, 189.668 euro. Zenbateko hori baterako jarduketetarako parte-hartze finantzarioko arauen arabera finantzatuko da –hirugarren klausulan jasotako arauak–.

b) «TicketSi-Bai» eta «Ticketbai» Europar Batasuneko markak EAEko Administrazioaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien eta Nafarroako Zerga Ogasunaren izenean erregistratzeak berekin dakarren kostua, 4.969,80 euro, zeina EAEko Administrazioak ordaindu baitu dagoeneko.

c) Konponbide-proposamenaren bideragarritasun teknikoa egiaztatzeko kontzeptu-proba jakin batzuk egite aldera, aholkularitza estrategikoko eta bulego teknikoko zerbitzuaren kontratazioa; Bizkaiko Foru Aldundia, 22.494 euro.

4.– Nafarroako Zerga Ogasunak «TicketSi-Bai» proiektuan izango duen parte-hartzea klausula honen aurreko apartatuko a) eta b) letretan adierazita dauden baterako jarduketekin amaituko da; guztizko kostua 194.637,80 euro da, eta hirugarren klausulan ezarrita dagoenaren arabera ordainduko da.

5.– Nafarroako Zerga Ogasunak geroko baterako jarduketetan parte hartu nahi izanez gero, Jarraipen Batzordeak –zazpigarren klausulan aipatua berau– aho batez hartu beharko du horri buruzko erabakia, hitzarmen honetako gainerako klausulei men eginda.

Bigarrena.– Parte-hartzearen eta elkarlanaren modalitateak.

1.– Oro har, proiektua dela-eta garatu behar diren jarduketak gauzatzeko, hitzarmena sinatzen duten administrazioen giza baliabide eta baliabide material propioak erabiliko dira. Administrazioek beren gain hartuko dituzte jarduketen kostuak, eta ez zaie erakundearteko konpentsazio finantzariorik emango.

2.– Alderdiek erabaki dezakete finantzaketa partekatuko baterako jarduketak egitea, baina, horretarako, administrazio parte-hartzaile bakoitzaren organo eskudunak proiektua baimendu beharko du aldez aurretik, haren zenbatekoa onartu eta dagokion aurrekontu-partidari egotzi.

Hirugarrena.– Baterako jarduketetarako parte-hartze finantzarioko arauak.

1.– Eskuarki, finantzaketa partekatuko baterako jarduketak, bigarren klausularen arabera bost administrazioen parte-hartzea izango dutenak, honela ordainduko dituzte administrazio sinatzaileek, nork bere aurrekontuen kontura:

– EAEko Administrazioa: guztizko kostuaren % 20.

– Nafarroako Zerga Ogasuna: guztizko kostuaren % 20.

– Foru-aldundiak: guztizko kostuaren % 60 (*).

– Arabako Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 9,864.

– Bizkaiko Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 30,222.

– Gipuzkoako Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 19,914.

(*) Hiru foru-aldundien artean banatuko da proportzionalki, Baliabideak banatzeko metodologiari eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenei buruzko Araudian jasota dauden eta hitzarmena sinatzen den urtean indarrean dauden koefiziente horizontalen arabera.

2.– Gerta liteke erreferentziazko bost entitateetatik batek edo batzuk ez parte hartzea zenbait jarduketetan; bada, halakoetan, beste kuota batzuk zehaztuko dira, zeinak kalkulatuko baitira parte hartu behar ez duten entitateei legokiekeen zenbatekoa besteen artean banatuz, halako eran non entitate parte-hartzaileek aurreko taulan adierazi diren guztizko kostuaren banaketa-proportzioei eutsiko baitiete.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak parte hartzen ez duen jarduketetan, eta, bereziki, lehenengo klausularen 3. apartatuko c) letran adierazita dagoen jarduketan, administrazio sinatzaileek zenbateko hauek ordainduko dituzte, nork bere aurrekontuen kontura:

– EAEko Administrazioa: guztizko kostuaren % 25.

– Foru-aldundiak: guztizko kostuaren % 75 (*).

– Arabako Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 12,3300.

– Bizkaiko Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 37,7775.

– Gipuzkoako Foru Aldundia: guztizko kostuaren % 24,8925.

(*) Hiru foru-aldundien artean banatuko da proportzionalki, Baliabideak banatzeko metodologiari eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenei buruzko Araudian jasota dauden eta hitzarmena sinatzen den urtean indarrean dauden koefiziente horizontalen arabera.

3.– Lehenengo klausularen 3. apartatuko a), b) eta c) letretan adierazita dauden jarduketa zehatzak hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek finantzatuko dituzte, programa eta aurrekontu-partida hauen kontura:

(Ikus .PDF)

Ondorio horietarako, administrazio ordaintzaileak fakturen kopiak bidaliko dizkie gainerako administrazioei, argi adierazita zer zenbateko ordaindu behar duen bakoitzak, eta haiek kopuru hori transferituko dute administrazio kontratatzailearen diruzaintzaren kontura, fakturak jaso eta hurrengo hilabetean.

4.– Batera finantzatzen diren jarduketen emaitzen titulartasuna ere partekatua izango da; hau da, jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak eta, oro har, haietatik erator daitezkeen emaitzak finantzaketan parte hartu duten administrazioenak izango dira.

Laugarrena.– Baterako jarduketak kontratatzea.

1.– 2. Klausulako 2. Idatzi-zatian aurrikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen kontratazioak, kasu bakoitzean, Kontratazio-espediente bakar batean bilduko dira; espediente horren sustatzailea Jarraipen Batzordeak –zazpigarren klausulan aurreikusia berau– erabakitzen duen administrazio kontratatzailea izango da. Administrazio kontratatzailearen organo eskudunek beteko dute organo kontratatzailearen funtzioa, eta haiek idatziko dituzte agiriak, baterako finantzaketako jarduketetan parte hartzen duten entitateek Jarraipen Batzordearen bidez zehazten dituzten jarraibideen arabera.

Kontratazio-mahaiaren bileretara Jarraipen Batzordeko kideak joango dira, aholkulari espezializatu gisa, baterako jarduketetan parte hartzen duten administrazioen ordezkari direnez gero –Jarraipen eta Balorazio Batzordea zazpigarren klausulan aurreikusita dago–.

2.– Administrazio kontratatzaileak hartuko du bere gain kontratazioak eragindako kostuak ordaintzeko betebeharra, hargatik eragotzi gabe ondoren administrazio parte-hartzaileei jasanaraztea. Ondorio horietarako, administrazio ordaintzaileak fakturen kopiak bidaliko dizkie gainerako administrazioei, argi adierazita zer zenbateko ordaindu behar duen bakoitzak, eta haiek kopuru hori transferituko dute administrazio kontratatzailearen diruzaintzaren kontura, fakturak jaso eta hurrengo hilabetean.

3.– Prezioak aldatu edo berrikusi direlako kostu gehigarriak badaude, hirugarren klausulan adierazitako parte-hartze finantzarioko arauen arabera banatuko dira.

4.– Batzuetan, urte anitzeko gastua berekin dakarten kontratazioetan, hitzarmen honetan adierazitako parte-hartze finantzarioko arauei dagokienez, entitateek beste ordainketa-agindu bat ezar dezakete, hobeto egokitzen zaiona administrazio bakoitzak duen aurrekontu-erabilgarritasunari.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta azkentzea.

1.– Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe lehenengo klausularen 3., 4. eta 5. apartatuetan aurreikusitakoa, eta 2021eko abenduaren 31n utziko dio indarrean egoteari, salbu eta alderdietako edozeinek, hilabeteko aurreabisuarekin, hitzarmena salatzen badu.

Indarraldia amaitu aurretik aukera dago hitzarmena luzatzeko, gehienez ere beste lau urtetarako, alderdien ahobatezko erabakia badago.

2.– Hitzarmen hau indarraldia amaitutakoan iraungiko da, edo, bestela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarrita dauden suntsiarazte-arrazoiengatik.

Seigarrena.– Aldaketak eta ez-betetzeak.

Hitzarmena aldatzeko, ezinbestekoa da alderdi guztien idatzizko erabakia. Alderdiren bat ez badago ados aldaketarekin, hitzarmena utz dezake, baina behartuta egongo da hitzarmena utzi aurretik onartu ziren jarduketen konpromisoen gaineko ardura hartzera.

Ezein alderdik ezingo du laga bere posizioa hitzarmenean, non eta gainerako sinatzaileek, aldez aurretik, idatzizko akordio espresua ematen ez duten.

Alderdiek hitzarmen honetan ezarritakoa beteko dute, eta ez dute proposatuko, onartuko edo hartuko erabakirik, egintzarik edo ez-egiterik, hitzarmen honetan ezarritakoa zuzenean edo zeharka galarazi edo oztopa dezakeenik.

Alderdiek ez badituzte betetzen beren gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan xedatzen den prozedura abiaraziko da.

Zazpigarrena.– Jarraipen batzordea.

1.– Jarraipen Batzordearen bitartez gauzatuko da administrazio sinatzaileen arteko lankidetza.

2.– Ezertan eragotzi gabe lehenengo klausularen 4. eta 5. apartatuetan ezarritakoa, Jarraipen Batzordea agiri honen azalpen zatiaren VI. atalean aipatutako lantaldeko bost kidez osatuta egongo da: administrazio bakoitzetik ordezkari bat, edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

3.– Txandaka zein administraziori dagokion, haren ordezkaria izango da batzordeburu, zeinek Batzordearen bilkuretarako deialdiak egingo baititu, eztabaidak zuzenduko baititu, egindako bilkuretako aktak ikus-onetsiko baititu eta egoki irizten dituen dokumentu guztiak igorriko baititu Batzordean ordezkaritza duten erakundeetara; halaber, Batzordearen akordioak betetzeko komeni dena xedatuko du. Urtero izendatuko da batzordeburu bat, txandaka, bost administrazio sinatzaileen ordezkarien artetik. Batzordearen lehenengo bilkuran aukeratuko da lehenengo urterako batzordeburua; hurrengo urteetarako batzordeburuak, berriz, lehenengo bilkuran adostutako hurrenkeraren arabera txandakatuko dira.

4.– Batzordeko idazkari nor izango den Batzordeak erabakiko du lehenengo bilkuran. Administrazio sinatzaileen zerbitzura dagoen edonor izan daiteke idazkari, eta hari dagozkion eginkizunak bete beharko ditu. Pertsona horrek ez du boto-eskubiderik izango.

5.– Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmenaren xede den proiektua dela-eta egin behar diren baterako jarduketak proposatzea.

b) Laugarren klausulan jasotako baterako jarduketen administrazio kontratatzailea izendatzea.

c) Administrazio kontratatzailearen organo eskudunek agiriak idazteko bete behar dituzten jarraibideak zehaztea, baterako finantzaketako jarduketei dagokienez.

d) Baterako jarduketen organo kontratatzaileak egiten dituen bilkuretan parte hartzea, aholkulari espezializatu gisa.

e) Aurreikusitako helburuak eta ekintzak betetzen direla aldian-aldian jarraitu eta ebaluatzea.

f) Hitzarmena betetzen dela zaintzea.

g) Hitzarmena garatu eta gauzatzeko orduan sor litezkeen interpretazio-auziak argitzea.

h) Hitzarmen honetan zehaztutako beste edozein eginkizun.

6.– Idazkariak egingo ditu Batzordearen bilkuretarako deialdiak, batzordeburuaren aginduz eta, ahal bada, bitarteko elektronikoak erabiliz. Deialdiarekin batera, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko behar diren agiri guztiak bidaliko ditu.

Oro har, Batzordearen eraketa balioduna izan dadin, kide guztiak eta idazkaria bertan egon beharko dira. Hala ere, baterako jarduketa zehatzei eragiten dieten eginkizunen kasuan, aski izango da jarduketetan parte hartzen duten administrazioen ordezkariak eta idazkaria bertan egotea.

Hitzarmen honen hirugarren eta laugarren klausuletan definituta dauden baterako jarduketen gaineko erabakiak aho batez hartuko dituzte haietan parte hartzen duten administrazioek.

Zortzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak.

Lankidetza-hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluko 2. apartatuko a) letran aurreikusitako motakoa da.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen, Espainiako ordenamendu juridikora Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten duenaren, 6.1 artikuluan aurreikusten duenaren arabera, hitzarmen hau xedapen horren aplikazio-eremutik kanpo dago.

Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Hitzarmen hau gauzatzean alderdiek eskuratzen duten informazio guztia konfidentziala da, eta hitzarmenaren xedeetarako baino ezin da erabili. Alderdiak behartuta daude informazio horren gaineko sekretua gordetzera eta hirugarrengoei ez ematera, non eta alderdien idatzizko adostasuna ez duten. Nolanahi ere, salbuespena egingo da zenbait langile, agente, ordezkari eta aholkularirekin; hain zuzen ere, beren zereginak betetzeko informazio hori beharrezkoa dutenekin.

Konfidentzialtasun-betebeharrak arindu egingo dira kasu hauetan: kontrako errekerimendu administratibo edo judizialik edo bestelako lege-agindurik badago; informazio konfidentziala jabetza publikokoa bada; hitzarmenaren aurretik informazio hori ezaguna bazen; hirugarren pertsonei esker ezagututako informazioa izanik, konfidentzialtasun-betebeharrik ez badakar; eta informazio-emaileak, aldez aurretik eta idatziz, informazioa ematearekin ados dagoela adierazi badu.

Klausula honetan ezarrita dauden betebeharrek indarrean egoten jarraituko dute hitzarmena suntsiarazitakoan, edozein dela ere suntsiarazte-arrazoia.

Hamargarrena.– Gatazkak ebaztea.

Hitzarmena garatu eta betearaztean alderdien artean auzirik sortzen bada eta Jarraipen Batzordeak –zazpigarren klausulan aurreikusia berau– ezin badu hura ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, bost aletan eta ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua,

JOSÉ LUIS CIMIANO RUIZ.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatua,

JOSÉ MARÍA IRUARRIZAGA ARTARAZ.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.

Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Saileko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendaria,

(38/2019 Foru Agindua, martxoaren 28koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana).

XABIER EZPELETA IRÁIZOZ.


Azterketa dokumentala