Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2019ko uztailaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3345

7/2019 LEGEA, ekainaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarena.

Eusko Legebiltzarrak 7/2019 Legea, ekainaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA
I

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea zenbait aldiz aldatu da, eta bereziki Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez, lege hartatik segurtasun publiko osoaren alde erkideak bereizi baitzituen, hala nola Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren erregulazioa, udaltzaingoen arteko koordinazioa edo polizia-lankidetzako mekanismoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legeak defendatzen zuen polizia-eredua sozialki finkatuta eta onartuta dago. Eraberritze honek sendotu nahi du eredu horren gizarte-txertaketa, modu ireki batez, etengabeko hobekuntzak egiteko prest, eta poliziaren baliabideen eta jardueraren proportzionaltasuna eta egokitasuna aintzat hartuta. Segurtasun Batzordearen 2017ko ekainaren 14ko Akordioek berretsi dute eredu hori zein Ertzaintza, estatutuz, gure lurralde-eremuan polizia integraltzat hartua izatea.

Legearen bosgarren aldaketa honetan, zenbait eraberritze partzial egiten dira, herritarrei –zeinei kontuak eman behar baitzaizkie– zerbitzua ematearekin lotutako kontuak indartzeko joera dutenak, oro har.

Ildo horretan, eraberritze honen bidez, sendotu nahi da zerbitzu polizialen txertaketa irekia, plurala, eta elebiduna den eta eskubideetan berdinak diren gizonezkoez eta emakumezkoez osatuta dagoen gizarte batean.

Gizarte ireki eta plural batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren misioa da eskubideen eta askatasunen defentsarekin eta horren babesarekin konpromiso aktiboa izatea. Horregatik lege honek bere egiten du, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari aplikagarri zaion ordenamenduaren zati gisa, Europako Kontseiluaren Poliziaren Etikaren Kode Europarraren inguruko Gomendioa.

Gurea bezalako gizarte elebidun batean, eredu poliziala bi hizkuntza ofizialetan ematera zuzendu behar da, ahalbidetuz euskara zerbitzu-hizkuntza zein lan-hizkuntza izatea, bai eta euskal polizia herritarrek aukeratutako hizkuntza ofiziala egiteko gauza izatea ere. Era berean, behar diren neurriak hartu behar dira, emakumezkoek eta gizonezkoek aukera-berdintasuna benetan baliatzen dutela bermatzeko, betiere genero-ikuspuntua eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean adierazitako printzipioak bere eginez (otsailaren 18ko 4/2005 Legea).

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak –eta bereziki Ertzaintzak, polizia integrala den aldetik– aurre egin behar dio bizikidetza-arazoek eta kriminalitatearen globalizazioak dakarten erronkari, eta prest egon behar du, halaber, behar beste foru estatal zein nazioartekoetan parte hartzeko, bere eginkizunak eta eskumenak eraginkortasunez garatu ahal izateko.

Orain arte azaldutako helmugei begira, eraberritze honen bidez, prozedura bizkorrak finkatu nahi dira zerbitzu polizialaren premiei ondo erantzuteko, funtzionarioen eskubideak bermatuz. Halaber, zerbitzu polizialaren eraginkortasuna eta efikazia zaintzeko mekanismo egokiak jaso nahi dira, hain zuzen, ondoren azaltzen direnak.

II

Eredu poliziala indartzeari dagokionez, lege honek honako neurri hauek onartzen ditu:

a) Gure ordenamenduan Poliziaren Etikaren Kode Europarraren edukia jasotzen da, zeinak polizien jokabide-jarraibideak ez ezik, polizia-agintarienak ere finkatzen baititu, bai herritarrekiko harremanetan bai zerbitzuen barruko antolakundeari dagokionez, eta, horretarako, jarraibideak ezartzen ditu kontuak emateari buruzko atalean.

b) Zerbitzu poliziala ebaluatzeko eta hobetzeko mekanismoak indartzen dira. Horretarako, poliziaren jardun onari lotutako pizgarri positiboen sistema indartzen da, zenbait ordain-pizgarri sartuta, hala nola produktibitate-osagarri batzuk, jardunaren ebaluazioari lotutako karrera profesionaleko osagarriak, aparteko ordainsariak edo kondekorazioen eta sarien sistema. Era berean, diziplina-erregimena aldatzen da, barneko mekanismo eraginkor, proportzional, egoki eta justuak ezartzeko, betiere diziplina-ezaren kasu partikularretatik eta arrisku-faktoreetatik haratago joz, prestakuntzan edo prozeduran edo lan-giroan hobekuntzak egiteko orientazioa emateko helburuz.

c) Poliziaren eta herritarren arteko derrigorrezko interakzioa jasotzen da, kexak prebenitzeko eta tratatzeko mekanismoak zerbitzu polizialarekiko independenteak izango direla bermatuz, herritarrek neutraltasunez eta korporatibismorik gabe tratatuko dituztelako konfiantza izan dezaten.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzen da, erakunde iraunkor hibrido gisa, autonomia funtzionala duena erakunde polizialarekiko, eta espezializatutako pertsonez osatuta, aditu polizialak barne. Batzordearen helburua da Ertzaintzaren edo udaltzaingoaren baitako praktikak aztertzea, organo eskudunek eskatuta, baldin eta herritarrek haiei buruzko kexak badituzte edo eragina badute poliziarekiko duten konfiantzan. Gainera, poliziaren esku-hartze edo operatibo baten testuinguruan edo zaintza polizial bat bitartean pertsona bat hiltzen bada edo larriki lesionatuta suertatzen bada, ofizioz ikertuko ditu gorabehera horiek, eta zerbitzua hobetzeko neurriak proposatuko ditu.

Ikertzen dituzten gertakizunak egiten ari den ikerketa penal baten xedea badira, agintari judizial eskudunari haren berri emango diote, ikerketa penalean esku ez hartzeko, ezta haren jardueren erreserban ere. Hala gertatuz gero, diligentzia penalen ikergai diren agenteak ez dira batzordeari laguntzera behartuta egongo, eta batzordeak kasuarekin lotutako dokumentazio administratiboa eskuratu behar izanez gero edo ikuskapenak in situ egin behar izanez gero, aurretik kasuan diharduen agintari judizialaren onarpena lortu beharko du. Ez da batzorde horren eginkizuna izango, inola ere, agintarien edo langileen erantzukizuna banan-banan aztertzea.

Batzorde horren erregulazioak batzordekideen neutraltasuna eta independentzia babesten ditu, kideok kargugabetzeko kausak era tasatuan arautuz, ez daitezen zerbitzutik bereizi arbitrarioki, ikerketa bat gauzatzen ari denean. Batzordeari laguntzeko obligazioa jasotzen da, bi aukera emanez: funtzionario publikoek laguntzea, zerbitzu-eginkizunetan, batzordea ikerketak egiten ari denean. Ezartzen da, gainera, batzordeak Eusko Legebiltzarrari bere jardueraren kontu eman beharko diola zuzenean.

III

Langileak hautatzeko eta haiek kidegoetan sartzeko sistemari dagokionez, hauek dira lege honen berrikuntzak:

a) Langileak hautatzeari eta haiek kidegoan sartzeari dagokionez, probetan onartua izateko baldintzak lege mailako arau baten bidez zehazten dira, eta ez orain arte bezala, erregelamendu bidez. Bestalde, hautaketa-organoetako arauak egokitzen dira, bi kontu hauek gogoan hartuta: organo horiek inpartzialak, profesionalak eta dena delako espezialitatekoak izatea, eta, funtzionario publikoen artean, orokorrean, gizon- eta emakume kopuruari dagokionez oreka egotea. Era berean, deialdietako oinarrien arteko lotura egin dadila xedatzen da, eta orobat zehazten da zein kasutan izango den zilegi deialdi bateko lanpostu hutsen kopurua aldatzea edo akatsak zuzentzea, eskabideak aurkezteko beste eperik hasi gabe.

b) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia hautaketa-organo iraunkor gisa eratzen da, eta, gainera, aukera ematen da udaltzaingoan sartzeko hautaketa-prozedurak batera egiteko, toki-administrazioko entitateek beren borondatez hala eskatzen badiote.

c) Ekintza positiborako neurriak ezartzen dira emakumeak polizia-kidegoetan sartzeko eta polizian emakumeen kopurua handitzeko, gaur egun kopuru hori urria da-eta. Hala, bada, polizia-kidegoetako emakumeentzako lanbide-sustapeneko planak arautzen dira, kidegoetan sartzean eta lanbide-karreran berdintasuna bermaturik izan dezaten, dagokiena baino daukaten ordezkaritza urriago hori zuzentzeko, eta poliziaren eraginkortasuna handitzeko.

Nabarmentzekoak dira, berrikuntza dakarten aldetik, txanda libreko hautaketa-prozeduretarako emakumeen alde ezartzen diren ekintza positiboko neurriak, zenbait egoeratan emakumezko hautagaia gizonezkoaren gainetik hobestea ekarriko baitute, Europako Erkidegoko jurisprudentziak lege-neurriei, proportzionaltasunari eta arrazoizkotasunari buruz ezartzen dituen eskakizunen kontra jo gabe.

Hala, bada, lege-mailako arau batean ezartzen da neurri hori. Arrazoizkoa da, mugatu egiten baitu txanda libreko sarbidea, eta diskriminazio egitatezko eta historiko bat arintzeko ez ezik, polizia-zerbitzua eraginkortasunez emateko emakumeen masa kritiko baten eskakizunari erantzuteko ere bada. Proportzionatua ere bada, lehentasuna modu subsidiarioan eta murriztuan aplikatzen delako, hautatutako emakumezko hautagaiaren eta bazter utzitako gizonezko hautagaiaren arteko nolabaiteko gaitasun-baliokidetasuna ere bermatuz beti, lehentasuna aplikatzeko orduan. Eta, gainera, salbuespenezko neurria ere bada aldi baterako den aldetik, ez baita aplikatzen jarraituko, emakumeak dena delako kidego, eskala eta kategorian % 33 izatera iritsitakoan. Neurri horren xedea ez da sexuen arteko parekotasuna, baizik eta emakume kopurua gutxienez masa kritiko jakin batera iristea (% 33).

IV

Barne-sustapen, karrera profesional eta lanpostuak betetzeari dagokienez, nobedade garrantzitsuak aurreikusten dira.

a) Karrera administratiboa bultzatzen da, barneko sustapenaren bidez. Horretarako, erraztu egiten da langileek erakundearen barruan gora egitea, goragoko kategoria batera igarotzeko zerbitzuan bete beharreko urte kopurua gutxituz. Beste alde batetik, bertan behera uzten da barne-sustapeneko prozeduretan parte hartzeko hiru deialdiko muga; muga horrek murriztu egiten baitzuen ibilbide administratiborako eskubidea, baita funtzionarioek probak gainditu bai, baina plazarik lortzen ez zuten kasuetan ere. Eta, azkenik, zerbitzu aktiboaren pareko administrazio-egoeretan daudenen barneko sustapena ahalbidetzen da, sustapen profesionala izateko eskubidearen ondorioetarako.

b) Beste neurri batzuk ere ezartzen dira, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzearekin zerikusia dutenak, barne-sustapeneko prozeduretan aurkezteko aukera emanez eszedentzian direnei, eszedentzia hartzeko arrazoia bada haurrak edo senitartekoak zaintzea, genero-bortizkeria edo zerbitzu bereziak. Era berean ezartzen da, ezen, barne-sustapenerako benetako zerbitzuetan emandako denbora kalkulatze aldera, barne-sustapenean parte hartzea ahalbidetzen duten egoera administratiboetan emandako denboraldiak kontuan hartuko direla.

c) Lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeari dagokionez, alderdi hauek bereizten dira: batetik, legearen arabera merezimendutzat jo daitezkeen alderdiak eta, bestetik, hornitu beharreko postuak berezko dituen ezaugarrien arabera merezimendutzat jo daitezkeenak. Gainera, lehiaketa-prozedurek eduki behar dituzten edukiak zehazten dira.

d) Superintendente-kategoria kentzen da, eta, horrela, Ertzaintzaren erantzukizun goreneko postuak eskuratzea eta betetzea bizkortzen da, lanpostuak betetzeko prozedura arrunten bidez.

e) Karrera profesional horizontala arautzen da, lanpostua aldatu beharrik gabe garapen profesionalaren mailan aurrera egiteko aukera gisa ulertuta. Karrera profesional horizontaleko sistemak berarekin batera dakar aitortze-mekanismo bat ezartzea, kategoria bakoitzean aurreikusitako garapen profesionaleko maila desberdinetara urteetan zehar sartu ahal izateko, eta gaitasun profesionalak egiaztatzearen bitartez. Garapen profesionaleko mailaren arabera jasotzen da ala ez karrera profesionaleko osagarria, eta, hala badagokio, maila horrek lanpostu jakin batzuk betetzeko gaitzen du. Orain arte adierazitakoaren ondorioz, ordainketa-egitura aldatzen da, karrera profesionaleko osagarria ordainsari osagarrien artean sartzeko.

f) Espezialitateen erregimena arautzen da, ezagutza espezifikoak dituzten zereginetarako. Espezialitate horietan sartzeko, espezializatzeko ikastaro bat egin beharko da, eta titulazio edo ezagutza jakin batzuk eskatu ahal izango dira. Espezializatzeak jarraitzeko konpromisoa dakar berarekin batera, bai eta espezialitatean jarraitzeko gaurkotze-probak egitea ere, hala behar izanez gero. Halaber, lege honetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta segurtasun-arloan eskumena duen sailak deialdi bateratuak egiteko aukera jasotzen da; deialdiotan, espezializazio-ikastaro batean sartzea eta hura gainditzea lotuko da borondatezko zerbitzu eginkizunak berehala ematearekin, hutsik dauden lanpostu espezializatuetan.

V

Egoera administratiboei dagokienez, berrikuntzarik garrantzitsuenak dira poliziaren jardunari buruzko egokitzapenak, adinaren ondorioz egiten direnak, edo funtzio polizialaren berezko gaitasunak gerora galdu izatearen ondorioz, eta betiere funtzionarioen osasuna babesteko eskubidearekin bat etorrita.

Adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboa arautzen da, zeina honetan baitatza: zerbitzu aktiboan jarraitzean, agentearen egoerarako egokiak diren eginkizunak eginez. Administrazio bakoitzak, aurrez negoziazio kolektiboa eginda, ezarri ahalko du zer adin izan beharko duen funtzionarioak haren borondatez mota horretako zerbitzua aitortzea eskatu ahal izateko, bai eta hura aitortzeak ekar litzakeen jardun polizialaren egokitzapenak ere.

Horrela, legezko estaldura ematen zaio lehendik zegoen arautzeari, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Hitzarmenaren arabera, eta udaltzaingoetan zabaltzeko aukera irekitzen da, betiere zerbitzu poliziala ematen jarraituko dela bermatzen bada; udalak ezarriko du zerbitzu mota hori eskatzeko izan beharreko adina.

Lan polizial guztiak normaltasunez betetzeko gaitasun psikofisiko nahikorik ez dutelako bigarren jardueran aritzen diren polizien egoera administratiboari buruz ere arau berriak ezartzen dira; hala, bada, haien arabera, funtzionarioek beren benetako gaitasunetara egokitutako lanpostuak edo funtzioak bete beharko dituzte, aurreko araudietan ez bezala, hura premisa honetatik abiatzen baitzen: bigarren jardueran aritzen zirenek oinarrizko ordainsariak kobratzen zituzten, lanpostu bat betetzeko edo jarduera polizialak betetzeko deitzen zieten arte. Lege honetan, berriz, egoera administratibo horretara igarotzen diren funtzionarioek lan egiten jarraituko dute, hala aurreko lanpostuan –bigarren jardueran aritu ahal izanez gero–, nola bete dezaketen beste lanpostu batean; eta birkokapena berehala egin ezean, agentearen lanpostua bere premietara egokituko da aldi baterako.

Behin-behineko eginkizunen etenaldiari dagokionez, bi zehaztapen egiten dira egoera hauek ekartzen dituzten ondorioez: etenaldi hori irmo bilakatzen duen zehapen bat egonez gero edo, aitzitik, behin-behineko etenaldia zehapenik gabe kenduz gero.

VI

Funtzionarioen banakako eskubideen erregimenari dagokionez, kapitulu berria sartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoen babes sozialari buruzkoa, oinarrizkoa zein osagarria izan, eta bereziki kontuan hartuta administrazioek langileen baldintza psikofisikoak, laneko osasuna eta laneko arriskuen prebentzioa zaintzeko obligazioa dutela.

Lanean edo lanaren ondorioz sortutako gaixotasunak edo laneko istripuak sortutako lesioak edo patologiak direla-eta izaten diren aldi baterako ezintasunen kasuetarako, babes sozial osagarriko mekanismoak izatera behartzen da.

Ildo horretan, agenteen heriotza edo laneko ezintasunak direla-eta dauden eskubide osagarri horiei buruzko arau gehiago ezartzen dira, egoera horiek zerbitzu poliziala edo beren funtzioak betetzen edo Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoetako funtzionario izatearen ondorioz gertatzen diren kasuetarako, ez baitzaio lotzen agente polizialaren merituzko jokabidearen ebaluazioari.

Eta aurreneko aldiz jasotzen da kondekorazioak eta ohorezko sariak emateko erregimena, zerbitzu-ekintzan hildako funtzionarioak edo erretiroa hartu dutenak goiko kategoriara ondorio ekonomikorik gabe eta ohore gisa igarotzeko aukera jasoz.

Ertzaintzako funtzionarioen ordezkaritzari eta partaidetzari dagokienez, argitu egiten da Ertzaintzaren Kontseiluak izan beharreko esku-hartzea diziplina-prozeduretan eta birgaitze-espedienteetan, bai eta kondekorazio-erregimena aplikatzean ere.

VII

Diziplina-erregimenerako ezartzen diren aldaketen helburuak dira polizien erregimena enplegatu publikoenera gerturatzea, zehapen-araubidea leuntzea eta espedientatutako pertsonen bermeak handitzea.

Sexu-jazarpenarekin, jazarpen sexistarekin eta laneko jazarpen errepikatuarekin zerikusia duten falta berriak sartzen dira, oso astunak, bai eta polizia-bideokamerak erabiltzeko araudiari eginiko arau-hausteak ere; halaber, beste era batez idatzi da polizia izatetik abantaila ateratzeari buruzko faltaz eta funtzioak nabarmen bete ez izanaz, enplegatu publikoen arau orokorrekin bat etorriz.

Zehapenen zerrenda leuntzen da eta zehapenak mailakatzeko irizpideak arautzen dira, besteak beste: lanbide-historiala inguruabar aringarritzat hartzen da, berrerortzearen kontzeptua mugatzen da astungarri gisa eta, delituagatiko falten kasuan, beren-beregi baloratzen dira ezarritako zigorraren zenbatekoa edo tamaina, sententzia irmoaren arabera, eta jokaera deliktiboaren eta funtzio polizialen arteko harremana.

Espedientatutako pertsonen bermeak indartzen dira, deklarazioak ez egiteko dituzten eskubideei dagokionez, bai eta beren buruaren kontra ez egiteko, beren burua erruduntzat ez jotzeko eta errugabetasun-presuntzioa izateko, bai eta prozeduraren izapideen egoeraren berri izateko eskubideei dagokienez ere. Defentsa-eskubideari dagokionez, espedientatutako pertsonei beren konfiantzazko jarduneko abokatu baten, sindikatuetako ordezkari baten edo kidego polizialeko funtzionario baten aholkularitza eta laguntza izateko aukera bermatzen zaie, eta ezartzen da, baita ere, agintariek erraztasunak emango dizkietela izendatutako funtzionarioei espedientatutako pertsonaren agerraldi pertsonaletan egon daitezen.

Prozeduraren erregimena eta iraungitze-epea arautzen dira, eta, oro har, falten eta zehapenen preskipzio-epea gutxitzen da.

Zehapenen bete beharra jasotzen da, bai eta zehapena eten beharreko edo baldintzapean kentzeko kasuak ere, horrela jokatzeko motiboak daudenean. Zehatutako pertsonari albait kalterik txikiena eginda beteko dira zehapenak; horrela, bada, aurreikusten da zehapena baldintzapean kentzea, baldin eta zehatutako pertsonak zehapena betetzeko hautazko neurri gisa hartzen badu lanalditik kanpo lan egitea, soldatarik edo inolako konpentsaziorik gabe, jarritako zehapen-aldia bitartean.

VIII

Ertzaintzako funtzionarioei eta haien egitura profesionalari buruzko titulu espezifikoari dagokionez, aldaketa hauek sartzen dira:

a) Superintendente-kategoria desagertzen da; hala, eskala eta kategoria horretan sartutako plazen eginkizunak lanpostu jakin batzuetan bereizten dira, eta hark lanpostu horietara sartzen laguntzen du, betiere lanpostuaren baldintzak lanpostuak betetzeko ohiko sistemen bidez betetzen badira.

b) Berridatzi egiten da Ertzaintzak polizia judizial gisa duen eginkizunaren antolakunde-egiturari buruzko erregulazioa; izan ere, indarrean zegoen testuan Botere Judizialaren Lege Organikoaren arau jakin batzuetara jotzen zen, bidalketa horiek zaharkituta geratu baitziren.

IX

Udaltzaingoari dagokionez, eraberritze honek homologagarriak diren lanbide-egiturak sendotzen ditu, eta, aldi berean, udal bakoitzari uzten dio bere beharrizan eta berezitasunei egokitutako antolakuntza-konponbideak aurkitzen.

Horrela, bada, dauden jardunbideei erantzun juridikoa emateko, askotariko neurriak aurreikusten dira, esaterako, Udaltzaingoak udalerritik kanpo jarduteko aukera, tokiko agintariak babesteko funtzioak gauzatzeko, eta abar.

Begi-bistakoa da udalek bitarteko funtzionarioak izendatzen dituztela, Udaltzaingoan dauden premia larriei erantzuna emateko, batez ere azken urteotan, efektiboak ordezteko mugapenek eraginda, eta, urte honetatik hasita, udaltzainen erretiro-adina aurreratzeak eraginda. Legeak izendapen horiek aurreikusten dituzten kasuak murriztu nahi ditu irtenbide iragankorrak egonkortu ez daitezen, horien norabidea ez bada Udaltzaingoaren kidegoak guztiz profesionalak izatea eta plantillak egonkortzea.

Horretarako, Udaltzaingoko plaza hutsak bitarteko funtzionarioak izendatuz betetzeko aukera lotzen dio plaza behin betiko betetzeko prozesuaren hasierari. Hala ere, enplegua egonkortzeko prozesuak jasotzen dira gaur egun bitarteko-kontratu bidez betetako plazak jabegoan bete ahal izateko.

Legeak zenbait mekanismo jasotzen ditu une bakoitzean urgentziazko beharretan laguntzeko, zerbitzuan dagoen plantillak betetzen ez dituenean, Ertzaintzarekiko elkarlanaren bidez, udalen arteko lankidetza-mekanismoen bidez edo bitarteko funtzionarioak izendatuz polizia-kidegoen zenbait zeregin indartzeko, laguntzaile gisa.

Beste alde batetik, Udaltzaingoko lanbide-egitura Ertzaintzakoa bezalatsu jasotzen da. Bereziki, Udaltzaingoko buruei dagozkien kategoriak zehazten dira, biztanleriaren arabera edota kidegoa osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera. Hori kontuan hartuz, lege-proiektuak Udaltzaingoko langileak eskala berrietan sartzea arautzen du, bai eta Udaltzaingoko kidegoetako buruzagitza-postuen egokitzapena ere.

Azkenik, arautzen da, udaltzaingorik sortu ez duten udalerrietan udaltzaingo-zerbitzuak ematen dituzten udaltzainen figura eta mugikortasun-agentearena, hirigunean zirkulazioa arautzeko.

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legea aldatzen da, honela aldatu ere:

Lehena.– I. tituluko II. kapitulua honela geratzen da:

«II. KAPITULUA
POLIZIAREN JARDUNA KONTROLATZEKO MEKANISMOAK

6. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia erantzule da herritarren aurrean bere jardueren zuzentasunaz eta efikaziaz, lege honetan aurreikusitako mekanismoen bidez, bai eta administrazio-jarduerarako dauden kontrol jurisdikzionalaren zein kontrol parlamentarioaren bidez ere.

2.– Kexak tratatzeko eta ustezko jardunbide txarrak ikertzeko prozedura eraginkorrak eta inpartzialak ezarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak mende dituzten administrazio publikoek; prozedura horiek erantzukizuna erraztuko dute, eta herritarren eta Poliziaren arteko komunikazioan eta elkar ulertzean oinarrituko dira.

7. artikulua.–

1.– Herritarrek Ekinbide-Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenen bulegoan aurkeztu ahalko dituzte zerbitzu polizialen funtzionamenduari buruzko kexak; nolanahi ere, tokiko administrazioetan beren zerbitzuei buruzko kexak aurkezteko mekanismoetara ere jo ahalko dute.

2.– Ekinbiden Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoei buruz jasotako kexak tokiko agintariei bidaliko zaizkie, izapidetu ditzaten.

8. artikulua.–

1.– Gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak arbitratu ahalko dira, bitartekaritza, esaterako; betiere metodook gatazkak konpontzeko efikazagoak badira, eta aldeek onartuak.

2.– Ez dira baliatuko metodo alternatibo informal horiek, zigor- edo diziplina-arloko gaitzespena merezi ahal dituzten jokabideengatik aurkeztu badira kexak.

9. artikulua.–

1.– Ekinbidek aurkeztutako kexen segimendua egingo du, errepikatzen diren elementuak dauden aztertzeko eta elementu horien kausak ikertzeko.

2.– Publizitatea emango zaie Ekinbidek kexei buruz egindako ebazpen-txostenei, datu pertsonalen edo legez konfidentzialtasuna edo erreserba gorde behar duten bestelako datuen konfidentzialtasuna errespetatuz.

3.– Kexak tratatzeko sistemaren emaitzak Ekinbidek Legebiltzarrean aurkezten duen urteko memorian sartuko dira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Ekinbidek erregulatutako formatu bat sortuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako agenteek artatutako pertsonen esker onak eta zorionak biltzeko, aurreko puntuetan jasotako oihartzun berberarekin. Halaber, zorion eta eskertza horiek kontuan hartuko dira dominak edo kondekorazioak emate aldera, horrela badagokio.

10. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzen da, kide anitzeko organo gisa, zeinak autonomia funtzionala duen erakunde polizialarekiko eta Eusko Jaurlaritzan segurtasun-gaietan eskumena duen sailarekiko. Haren eginkizuna da jardun polizialaren gaineko kontrolen legitimitatea indartzea eta kontrol horien neutraltasunean eta objektibotasunean herritarrek duten konfiantza indartzea.

2.– Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen eginkizunak:

a) Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruko zenbait jokabide edo jardunbide ikertzea, 12.1 artikuluan adierazitako erakundeek hala eskatuta, baldin eta kexak jaso badira eskubideak urratzeari buruz eta kezka handia badago herritarrek polizian duten konfiantzan izandako inpaktuarengatik.

b) Poliziaren esku-hartze edo operatibo baten testuinguruan edo zaintza polizial baten barruan norbait hiltzen bada edo larriki lesionatuta suertatzen bada, nahitaez, ofizioz ikertuko ditu gorabehera horiek. Ertzaintzak edo Udaltzaingoak berehala jakinarazi beharko diote hori gertatu dela batzordeari.

c) Aurreko eginkizunak gauzatzerakoan egindako ikerketak ikusita, jardunbide onak gomendatu beharko ditu; poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide-patroiak edo jardunbideak identifikatu, eta neurri zuzentzaileak edo prebentiboak proposatuko ditu.

3.– Aztertzen ari den jardunbide poliziala agindu edo mandatu judizialak betetzearen ondorio denean, batzordeak ez ditu haiek aztertuko; nolanahi ere, aztertu ahalko du nola gauzatzen diren, horri dagokionez Poliziak erabakitzeko marjina duen neurrian.

11. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea osatuko dute batzorde horren buruak eta Gobernu Kontseiluak izendatutako beste bost lagunek, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak hala proposaturik, zeinek segurtasun publiko, zuzenbide, soziologia, medikuntza, psikologia eta etikaren moduko arloetan aitortutako izena, erabakimena eta esperientzia izan beharko baitute.

Kideen hirutik bat izendatuko da Eusko Autonomia Erkidegoko Poliziako eskaletan eta kategorietan izan diren edo dauden pertsonen artetik aukeratuta, eta, gutxienez, hamabost urteko esperientzia izan beharko dute kidegoan; kideen beste hirutik bat, berriz, aukeratuko da aipatu arloetan entzute akademiko handia duten langileen artetik.

Batzordeak berak, osoko bilkuran bilduta, hautatuko du lehendakaritza hartuko duen batzordekidea.

2.– Izendapena bost urterako izango da, berau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Izendapen hori birritan baino ezin izango da berritu, iraupen bereko denboraldietarako.

3.– Arrazoi hauek direla medio baino ez dute kargua utziko: hilez gero; agintaldia amaituz gero; karguari uko eginez gero, idazki formalizatu baten bidez; batzordeko gehiengoak ulertuz gero larriki hautsi direla abstentzio eta isiltasuneko betebeharrak; epai irmo baten bidez ezgaitzea aitortuz gero edo epai irmo baten bidez doluzko delituarengatik zigorra egonez gero.

4.– Batzordeko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko beren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte.

5.– Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko nahikoa jasoko da batzordeak bere lanak egin ahal ditzan.

12. artikulua.–

1.– Batzordeak esku hartuko du segurtasun-eskumenak dituen sailak, dagokion udal-agintariak edo Arartekoak hala eskatuta, eta ofizioz jokatuko du soilik lege honek berariaz aurreikusitako kasuetan.

2.– Batzordeko kideek berek gauzatuko dituzte batzordearen jardunbideak, eta, hala badagokio, ikerketa jakin batzuk egiteko, zerbitzu-eginkizunetan diharduten funtzionarioen laguntza eskatu ahalko dute. Kasu horietan, ez dute jaso beharko jatorri-destinoko agintariek emandako agindurik.

3.– Polizia-arduradunek instalazio polizialetan sartzea erraztu beharko dio batzordeari, bai eta ikerketa bideratu aurretik behar diren datu, dokumentu, datu-base, komisariako bideo- zein audio-grabaketak eta artxibo polizial guztiak eskuratzea ere. Poliziako langile guztiak ikerketan laguntzera behartuta daude, zitazioetara joanda eta behar diren datuak eta informazioa emanda. Zentzu horretan edozein polizia-azpiegiturak edo eraikinek izango du mugarik gabeko sarrera, edozein momentutan eta aldez aurretik jakinarazpena egin gabe.

4.– Batzordeak ikertzen dituen gertakizunak ikerketa judizial edo diziplinazkoa burutzen ari dela ezagutzen badu, ikerketa horrekin zerikusia ez duen, edo kaltetzen ez duen beste edozein ikerketa egin ahal izango du. Ikertzen dituzten gertakizunak egiten ari den ikerketa penal baten xedea badira, agintari judizial eskudunari haren berri emango diote, ikerketa penalean esku ez hartzeko, ezta haren jardueren erreserban ere.

Hala gertatuz gero, diligentzia penalen ikergai diren langileak ez dira batzordeari laguntzera behartuta egongo, eta, batzordeak kasuarekin lotutako dokumentazio administratiboa eskuratu behar izanez gero edo ikuskapenak in situ egin behar izanez gero, aurretik kasuan diharduen agintari judizialaren onarpena lortu beharko du.

5.– Edozein unetan, batzordeak antzematen badu ez-zilegi penala edo administratiboa egon daitekeela, haren berri emango die agintari eskudunei.

13. artikulua.–

Ikerketa amaituta, batzordeak txosten bat emango du, non hau guztia jasoko baitu laburbilduta: kasuaren gorabeherak; egindako jarduerak; jarduera polizialaren zuzentasunaren ebaluazioa, indarrean dauden arauei, estandarrei, prozedurei eta protokoloei jarraikiz; eta azpian dauden arazoen azterketa. Horrez gain, gomendio bat ere idatziko du, zeinean, hala badagokio, neurri zuzentzaileak, prebentiboak edo hobetzekoak proposatu ahalko baititu, hutsuneei aurre egiteko edo atzemandako arazoak errepikatzea saihesteko.

14. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari buruzko publizitatea eta zabalkundea egingo da, haren izatearen, funtzioen, funtzionamenduaren eta lanaren berri emanez.

2.– Batzordeak bere jarduerei buruzko txosten bat egingo du, bi urterik behin, eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio».

Bi.– Hau da 17. artikuluaren d) letraren testu berria:

«d) Diziplina-espedienteen ebazpen-proposamenei buruzko txostenak egitea, zerbitzutik bereizteko zigorra proposatzen denean, eta egotzitako gertakariak izan zirenean sindikatuetako ordezkariak edo delegatuak zirenen kontra izapidetzen diren guztietan.

Era berean, funtzionarioak birgaitzeko espedienteei dagokienez duen iritzia jasotzea».

Hiru.– Hau da 17. artikuluaren i) letraren testu berria:

«i) Aldizka jasotzea informazioa, Ertzaintzako langileei merezimendu polizialagatiko dominak eman izanaz edo 80. artikuluan aurreikusitako ohorezko maila-igoeraz. Halaber, entzuna izatea zerbitzu-ematearen deklarazio-espedienteetan».

Lau.– Honela geratzen da 25. artikulua:

«25. artikulua.–

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoak izaera zibileko eta egitura eta antolakuntza hierarkizatua duten institutu armatuak dira. Horietako kideak Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo dagokien udalerrietako karrerako funtzionarioak izango dira, eta beren zereginak betetzean agintaritzaren agente-izaera izango dute lege mailako ondorio guztietarako».

Bost.– Bi paragrafo eransten zaizkio 27. artikuluari, 4.a eta 5.a, eta honela geratzen da:

«4.– Toki-korporazioetako agintariak babesteko funtzioak betetzen dituztenean, dagokien udalerritik kanpo jardun ahal izango dute, segurtasun-arloan eskumena duen sailaren baimena izanez gero. Baimen hori orokorra eta iraunkorra izango da, hala emanez gero.

5.– Udaltzainen kidegoko langile funtzionarioek erregelamendu bidez zehazturiko armak eta baliabide tekniko operatiboak eramango ditu aldean, ekainaren 28ko 15/2012 Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen 37.1.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dagokion toki-erakundeak hornituko ditu su-armak eta bestelako baliabide tekniko operatiboak eta defentsakoak, eta leku egoki eta seguruak egongo dira araubidezko armamentua gordetzeko eta zaintzeko, indarrean den araudian ezarritakoaren arabera.

Bide publikoko segurtasunerako zerbitzuak eta segurtasun eta zaintzakoak armekin emango dira. Hala ere, Alkateak erabaki ahal izango du, modu arrazoituan, zer zerbitzu emango diren armarik gabe, Udaltzaingoko buruak aurretiko txostena eman ondoren, non eta ez dakarten berekin zentzuz larritzat jo daitekeen arriskuren bat langile funtzionarioen edo hirugarrengoen bizitzarentzat edo osotasun fisikoarentzat».

Sei.– 2. paragrafoa eransten zaio 28. artikuluari, eta honela geratzen da:

«2.– Kapitulu honetan eta lege honen gainerakoan xedatzen dena modu loteslean ulertu behar da Europako Kontseiluaren Poliziaren Etikaren Kode Europarraren inguruko Gomendioan adierazitako printzipio eta arauen argitan. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako agintari eta langileek printzipio eta arau horiei jarraitu behar diete, eta haiek zeinahi modutan urratzeari aurka egin».

Zazpi.– Kendu egiten da 30. artikuluaren 3. paragrafoa.

Zortzi.– 30 bis artikulua eransten zaio, eta honela geratzen da:

«30 bis artikulua.–

1.– Honela jokatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileek herritarrekiko harremanetan:

a) Tratu zuzena eta zaindua emango diete, enpatiaz jokatuz, eta laguntza emango diete arriskua eta babesgabetasuna saihesteko berehala jarduteko eskatzen duten egoeretan.

b) Inpartzialtasunaren printzipioaren arabera jokatuko dute, ekitatiboki esku hartuz eta era berean errespetatuz norbanako edo talde guztiak, haien tradizioak, sinesmenak edo bizimoduak, betiere legeekin bateragarriak badira eta ez badute herritarren segurtasuna nahasten.

c) Edozein diskriminazio saihestuko dute, arraza, etnia, erlijioa, sinesmenak, sexua, orientabide sexuala, adina, ideologia, ezintasuna edo beste edozein arrazoi direla medio.

d) Hala behar izanez gero, eta beren jarduketekin zerikusia duten pertsonek hala eskatzen badiete, poliziak direla egiaztatu beharko dute. Herritarren aurrean identifikatuko dira, edozein jarduera polizial hasi aurretik, eta egiaztatuko dute herritarrek poliziak direla antzeman dutela. Horretarako, zerbitzua ematen ari diren bitartean, erregelamenduaren araberako uniformea jantzita badaramate, uniformearen leku ikusgarri batean, agente bakoitzari dagokion identifikazio pertsonala eramango dute. Erabilitako identifikatzaile pertsonalen erregistro bat egongo da, hura daraman pertsonaren identitatea ezagutu ahal izateko.

e) Beren esku-hartzeek ukitzen dituzten pertsonei esku-hartze horiei buruzko behar beste informazio emango diete; informazioak ulergarria izan beharko du, eta bereziki zainduko dituzte delituen biktimak eta bereziki ahulak diren kolektiboko kideak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak aintzat hartuko ditu Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aitortutako hizkuntza-eskubideak, herritarrekin erlazionatzen direnean. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazioak ahaleginduko dira beren zerbitzura aritzen diren langileak behar bezala gaitzen gizarte elebidun batean zerbitzua emateko, eta, horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte eta kidego horietan euskara erabilia izan dadila sustatuko dute. Nolanahi ere, herritarrak zein hizkuntza aukeratu, horrexetan artatuko dute.

3.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazioak ahaleginduko dira beren langileak sentikortzen eta gaitzen, herritarren aniztasuna kudeatzen, bai eta desberdinak diren pertsonen kontra, desberdinak izateagatik, herrak eta diskriminazioak eragindako arau-hausteen kontrako borrokan ere».

Bederatzi.– 39. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzen da, eta honelakoa izango da:

«3. Administrazio bakoitzak bere helburuen eta polizia-zerbitzuak betetzeko beharren arabera zehaztuko du akademian planifikatzen diren etengabeko birziklatze- eta prestakuntza-jardueren hartzaile izango diren langileen planifikazioa, bai eta babes pertsonalerako hornitzen zaizkien bestelako baliabideak erabiltzen trebatzeko beste aldian behingo praktika batzuena ere.

Azken horiek egingo ditu hartzaile jotako langile orok, polizia-zerbitzu jarraitua ematea eragotzi gabe, unitate bakoitzarentzat erregelamendu bidez ezartzen den maiztasunarekin, haren zereginak eta funtzioak aintzat hartuta».

Hamar.– 40. artikulua honela idatzita geratuko da:

«40. artikulua.–

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia sustatuko du Administrazio eskudunak baliozko ditzala beren mendeko zentroetan jasotzen diren ikasketak. Horretarako, akademia ahaleginduko da hezkuntzako administrazioaren eskakizunetara egokitzen ikasketa horien izaera eta iraupena eta ikasketa bakoitza egiteko eskatzen diren titulazioak; gainera, hezkuntzako Administrazioaren, unibertsitatearen, Botere Judizialaren eta ikaskuntzarako bereziki lagungarri izan daitezkeen beste erakunde, zentro edo ikastetxeren lankidetza lortzea ere sustatuko du.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, bertan egiteko eskaintzen dituen ikastaroetan, ikasgai jakin batzuk baliozkotu ahal izango dizkie horiek lehenago gainditu izana egiaztatzen dutenei, erregelamenduz zehazten den eran, betiere horiek zentro ofizialetan edo polizia-zentroetan eman badira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatu dituen prestakuntza-ikastaroak baliozkotu ahal izango ditu, lehenagoko beste hautaketa-prozesuetan gaindituta, hautagaiak horrela eskatuz gero. Horrelakoetan, lehenagoko sarbide-ikastaroan lortutako kalifikazioa zenbatuko da».

Hamaika.– 41. artikuluko 1. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da:

«1.– Lanpostu-zerrendetan agertzen dira hurrenkeran jarrita Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako eskala eta kategoria desberdinetako funtzionarioentzako gordeta dauden lanpostuak. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidego bakoitzak bere lanpostuen zerrenda izango du».

Hamabi.– Hau da 43. artikuluaren testu berria:

«43. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoek behar diren espezialitateak izango dituzte, ezagutza espezifiko batzuen maila jakin bat izatea eskatzen duten lan jakin batzuk egiteko. Espezialitate horietan sartzeko, kasuan kasuko espezializatze-ikastaroa gainditu beharko da, eta, hala badagokio, kasu bakoitzean ezartzen diren titulazioak edo ezagutzak eduki beharko dira.

2.– Espezialitate desberdinetako langileei espezialitate horietan jarraitzeko konpromisoa emateko eskatu ahalko zaie, bai eta aldizka gaurkotzeko hautaketa-probak gainditzeko ere, betiere lanpostuen zerrendan jasota badago.

3.– Erregelamendu bidez zehaztuko dira espezialitateak, haien definizioa, haietan sartzeko, bertan jarraitzeko eta espezialitateak uzteko betekizunak eta baldintzak, bai eta haien arteko bateragarritasuna ere».

Hamahiru.– Hau da 47. artikuluaren 2. paragrafoko c) letraren testu berria:

«c) Probak, gai-sorta eta, hala badagokio, merezimenduen zerrenda, bai eta ebaluatzeko irizpideak eta arauak ere».

Hamalau.– 5. paragrafoa eransten zaio 47. artikuluari, eta honela geratzen da:

«5.– Deialdiaren oinarriek lotu egingo dituzte Administrazioa, hautaketa-sistema epaitzeko eginkizuna duten epaimahaiak eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten izangaiak.

Deialdiak edo haren oinarriak, behin argitaratu ondoren, administrazio-prozedura erkidea arautzen duten arauetara hertsiki loturik baino ezin izango dira aldatu. Deialdian eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua aldatu nahi denean edo akats materialak edo egitezkoak zuzendu nahi direnean, ez da nahitaezkoa izango eskabideak aurkezteko beste epe bat hastea».

Hamabost.– 47 bis artikulua eransten da, eta honela geratzen da:

«47 bis artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazioek bermatuko dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako aurreikuspenak aplikatuko direla kidego horietako lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautaketa-prozesuetan, segurtasuneko zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuz.

2.– Polizia-kidegoetan emakumeen presentzia sustatzeko planak egingo dira, kidegoetan sartzeko orduan eta lanbide-karreran emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bermatzearren.

Plan horiek ezarriko dute, dagokion plangintza-aldirako, emakumearen ordezkaritza eskasa zuzentzeko nahiz polizia-eraginkortasuna handitzeko plantillan lortu nahi den emakume-portzentajea, bai eta polizia-eraginkortasuna handitzeko neurriak ere; orobat, emakumeen aldeko berariazko neurriak ezarri ahal izango dituzte, egitatezko desberdintasun nabariak zuzentzeko, oraindik ere baldin badaude.

Neurri horiek bidezkoak eta neurrizkoak izan beharko dute lortu nahi den helburuaren aldean.

3.– Hautaketa-prozeduretako sailkapenean puntuazioan berdin geratzea gertatuz gero, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideen arabera ebatziko dira berdintzeak, lege horretan aurreikusitako kasuetan.

4.– Poliziako agentearen eta komisariondokoaren kategorietan txanda irekiaren arabera sartzeko hautaketa-prozeduretan, emakumeek zenbat plaza bete behar dituzten zehaztu behar da, segurtasunaren zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko xedea iriste aldera sustapen-planean aurreikusitakoari jarraituz.

Plaza kopuru hori, beraz, iritsi nahi den helburuaren araberako proportzioan eskainiko da, eta ezingo da izan deialdian eskainitakoen % 40 baino gehiago; halaber, ezingo da izan emakumeak sustatzeko planei eta hautaketa-prozeduretan parte hartzen duten eta prozedura gainditzen duten emakumeen estatistika-datu historikoei jarraituz arrazoiz ezarritako portzentajea baino txikiagoa.

Oro har, emakumeen aldeko sustapen-plan horiek ezartzen ez diren artean, gutxieneko portzentajea ezingo da izan % 25 baino txikiagoa, betiere hiru plaza baino gehiagorako deialdia egiten bada.

5.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren hautaketa-prozeduretan, deialdian eskainitako lanpostu hutsak esleitzeko orduan, izangaien behin betiko zerrenda bakarrari jarraituko zaio, hain zuzen ere, zerrenda horretan ageri den puntuazio-hurrenkerari eta berdintzeak ebazteko legez ezarritako irizpideei jarraituz.

Aurreko paragrafoan xedetzat aipatzen den portzentajea ez bada iristen goragoko paragrafoan xedatutakoari jarraituz, emakumezko hautagaiak lehenetsiko dira xedera iritsi artean, betiere:

a) Hautaketa-sistemako oposizio-aldiko probak eta ariketak gainditu izanak gaitasunean baliokidetasuna badakar.

b) Lehentasun hori aplikatuz hautatzen diren emakumezko hautagaien eta atzera geratzen diren gizonezkoen arteko puntuazioaren arteko aldea ez bada % 15 baino handiagoa, ez oposizio-aldian, ez eta, hala behar balitz, lehiaketa-aldian ere –betiere hautaketa-sistemaren arabera.

c) Beste hautagaiari ez badio eragiten neurri hori ez aplikatzeko legezko ezein salbuespenek, nahiz eta sexua dela-eta diskriminaziorik eragiten ez dutenen artekoak izan, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetakoak izatea.

6.– Aurreko atalean aipatzen den lehentasun hori aplikatzeko, beharrezkoa izango da hautaketa-prozesuaren deialdian eskaintzen diren lanpostuei dagozkien kidego, eskala eta kategorietan emakumezko funtzionarioak % 33ra ez iristea».

Hamasei.– Hau da 48. artikuluaren testu berria:

«48. artikulua.–

1.– Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-organo iraunkor espezializatu gisa jarduten du Ertzaintzaren hautaketa-prozesuetan, eta udaltzaingoen hautaketa-prozesuetan toki-administrazioek eskatzen diotenean.

Toki-administrazioetako epaimahai edo hautaketa-organo bakoitzean, organo iraunkorrak izan ala ez, Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak izendatutako ordezkari bat egongo da, eta ordezkari horrek bere izenean jardungo du.

2.– Epaimahaiek garatu eta ebaluatuko dituzte hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo dute; prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango dira, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

3.– Epaimahaiek edo hautaketa-organoek kide anitzekoak izan behar dute, eta inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituta osatu behar dira, bai eta emakume eta gizonen ordezkaritza orekatura egokituta ere.

4.– Inpartzialtasun-printzipioaren arabera:

a) Epaimahaikide edo hautaketa-organoetako kide norbere izenean izan beharko da, eta ez inor ordeztuz edo inoren izenean.

b) Hauek guztiak ezin izango dira hautaketa-epaimahaikide izan: hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudun langileak, ezta azken bost urteotan enplegu publikoan sartu nahi zuten hautagaiak prestatzen ibili direnak ere.

c) Hautaketa-epaimahaikideek eta hautaketa-organoetako kideek ezin izango dute parte hartu arrazoi pertsonal edo profesionalengatik, edo bestelakoengatik, haien inpartzialtasuna zalantzan egon daitekeen kasuetan, ez eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

5.– Espezialitate-printzipioaren arabera, boto-eskubidea duten kide guztiek lanpostua eskuratzeko behar den ikasketa-maila bereko edo goragoko titulazioa izan beharko dute, eta, erdiek, gutxienez, ezagutza-alor berekoa.

6.– Gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioari jarraikiz, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza aproposa duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da, hori ezinezkoa dela justifikatzen denean izan ezik. Lau kidetik gorako hautaketa-organoei dagokienez, honako hau jotzen da ordezkaritza orekatutzat: sexuetariko bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea; gainontzekoetan, sexu biak ordezkatuta egotea.

7.– Epaimahaiak aholkulari-espezialisten lanaz baliatu ahal izango dira beren lanetan, hautaketa-sistemaren proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari-espezialista horiek beren aholkularitza eta laguntza teknikoa ematera mugatuko dira beren espezialitateetan jardutean. Aholkulari horien jardunak ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen araberakoa izan beharko du.

8.– Prestakuntza-ikastaroetan eta praktikaldietan tutore eta gainbegiratzaile izango direnek egokitasun- eta inpartzialtasun-eskakizunak bete beharko dituzte, eta uko egin zeregin horiek hartzeari, horretarako arrazoiren bat egonez gero».

Hamazazpi.– Hau da 50. artikuluaren testu berria:

«50. artikulua.–

1.– Eusko Jaurlaritzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak proposatuta, toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak ezarriko ditu, zeinok Ertzaintzan beste horien baliokide diren eskala eta kategorietarako ezarritako antzeko irizpideei egokituko zaizkie.

2.– Toki-erakundeek eskatu ahalko diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, hark aurretik onartzen badu, Udaltzaingoan sartzeko hautaketa-prozedurak batera gauzatzeko, bai eta, hala badagokio, aguazilen edo mugikortasun-agenteen kidegoetan sartzeko ere. Eskaera hori eginez gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak egingo ditu hautaketa-prozedura horiek.

3.– Erregelamendu bidez zehaztuko dira epaimahaien osaketa eta plazak esleitzeko formulak».

Hemezortzi.– Artikulu berri bat gehitzen zaio III. tituluko V. kapituluaren 3. atalari, 55 bis artikulua; eta honela geratzen da:

«55 bis artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kidegoetako funtzionarioak izateko txanda libreko hautaketa-probetan onartua izateko, euskal enplegu publikoa arautzen duten legeetan aurreikusitako betekizunak bete beharko dira, berezitasun hauekin:

a) 18 urte beteta izatea. Agente-kategorian sartzeko, 38 urte beteta ez izatea; nolanahi ere, muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kidegoetan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.

b) Ez izatea dolozko delituagatik kondenatua, ezta Administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia edo funtzio publikoak egiteko ezgaitua ere; hargatik eragotzi gabe birgaitua izateko aukera, arau penalen eta administratiboen arabera.

c) Sartu beharreko kategorian eskatu behar den titulazioa izatea.

d) Erregelamenduz ezartzen diren medikuntzako bazterketen taulan ez egotea.

e) Erregelamenduz ezartzen den gutxieneko garaiera izatea; ezberdina izango da emakumeentzat eta gizonezkoentzat.

f) Deklarazioaren bidez armak eramateko konpromisoa hartzea eta, hala badagokio, erabiltzeko.

g) Deialdi bakoitzean zehazten den gidabaimen mota edukitzea.

h) Bestelako eginkizun espezifikoak, deialdian aurreikusitako bete beharreko eginkizunekin eta lanekin harreman objektiboa dutenak.

2.– Aipatutako baldintzak, beraz, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik bete beharko dira, g) letrakoa izan ezik, deialdi bakoitzean zehaztutako egunerako eduki beharko baita.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako eskala eta kategorietan barne-sustapenez sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da lege honetako 59. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzea».

Hemeretzi.– Hau da 56. artikuluaren testu berria:

«56. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako agente-kategoriarako sarbidea txanda askearen bidez izango da, oposizio edo lehiaketa-oposizio bidez.

2.– Komisariondoko-kategoriarako sarbidea barne-sustapenez eta txanda aske bidez izango da, oposizio-, lehiaketa- edo oposizio eta lehiaketa-sistemen bitartez, eta txanda aske bidez betetzeko erreserbatu ahal izango dira, gehienez, hutsik dauden plaza guztien ehuneko berrogeita hamar. Barne-sustapen bidez bete gabe geratzen diren plazak txanda askera bideratutakoei gehituko zaizkie, azken sistema hori aplikagarria denean. Txanda askean hutsik geratutako plazak barne-sustapenera bideratutako plazei gehituko zaizkie.

3.– Gainerako kategorietarako sarbidea barne-sustapen bidez izango da, oposizio-, lehiaketa- edo oposizio eta lehiaketa-sistemen bidez.

4.– Erregelamendu bidez arautuko da txanda aske bidez iragarritako plaza hutsen ehuneko bat Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren beste kidego edo zerbitzu batzuetako langile funtzionarioen artean lehiaketa-oposizio bidez betetzeko aukera. Horretarako, langile funtzionario horiek deialdiaren xede den plazaren kategoria berekoa den plaza batean egonak izango dira gutxienez bost urte efektibotan, edo bi urtean, oinarrizko eskalako agente-kategorian. Txanda horretan bete gabe geratzen diren plazak txanda askeko plazei gehituko zaizkie, hala dagokionean».

Hogei.– Honela idatzita geratzen da 58. artikulua:

«58. artikulua.–

1.– Jatorrizko eskalaz besteko kategoria edo eskaletarako barne-sustapenean, beharrezkoa izango da txanda aske bidez sartzeko ezarritako proba berberak gainditzea, barne-sustapena eta txanda askea, biak daudenean. Hala eta guztiz ere, barne-sustapen bidez lehiatzen direnak salbuetsi ahal izango dira zenbait proba, prestakuntza-jarduera edo praktikaldi egitetik, jatorrizko kategorian sartzeko eskaturiko ezagutzak egiaztatzera bideratuak direnean, edo lanbidearen jardunean egiaztatu direnean, baldin eta hala zehazten bada deialdiaren oinarrietan.

2.– Eskala beraren barruko beste kategoria baterako barne-sustapenean, beharrezkoa izango da deialdian ezarritako merezimendu-baloraziodun hautaprobak gainditzea, eta ezin exijituko da prestakuntza eta praktikaldi bat gainditzea, non eta ez den hala zehazten deialdiaren oinarrietan».

Hogeita bat.– Hau da 59. artikuluaren testu berria:

«59. artikulua.–

1.– Barne-sustapeneko txandan lehiatzeko, dagokion kategorian sartzeko ezarrita dauden baldintza orokorrak bete beharko dituzte funtzionarioek; arau honek jasotzen dituen egoera administratiboetan egon eta exijitu daitezkeen zerbitzu-urteak eginak izan, kasuaren arabera, hartu nahi den kategoriaren azpitik hurrena dagoen kategorian edo eskalan, eta batzordeak zehapenik ezarri ez izana falta astunagatik edo falta oso astunagatik, edo, zehapenik ezarri bada, zehapen hori baliogabetuta egotea.

2.– Hauek dira barne-sustapenaren bidetik lehiatzeko gaitzen duten egoera administratiboak: jarduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezietan egotea, bai eta eszedentzia-egoeran ere, seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko, edo genero-indarkeriagatik.

3.– Hauek dira, kasu bakoitzean, hartu nahi den kategoriaren azpitik hurrena dagoen kategorian edo eskalan eginak behar diren zerbitzu-urteak, barne-sustapenaren bidetik lehiatu ahal izateko:

a) Agente lehenen kategorian sartzeko, hiru urte egiazko zerbitzuetan oinarrizko eskalako agente gisa.

b) Ofizialorde edo ofizial kategorietan sartzeko, lau urte egiazko zerbitzuak egiten oinarrizko eskalako kategoriaren batean.

c) Komisariondoko edo komisario kategorietan sartzeko, lau urte egiazko zerbitzuetan ikuskapen eskalako kategoriaren batean, eta horietatik bi, gutxienez, ofizial-kategorian.

d) Intendente kategorian sartzeko, lau urte egiazko zerbitzuetan, eskala betearazleko kategoriaren batean.

4.– Jatorrizko kategoria edo eskalan egindako egiazko zerbitzuen denbora kalkulatzeko, barne-sustapenerako sarbidea ematen duten egoera administratiboetan egindako denborari gehituko zaio kategoria edo eskala horretan sartu aurretik egindako praktikaldiaren denbora, baldin eta hautaketa-prozesua gainditu bazen».

Hogeita bi.– 59 bis artikulua gehitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legeari, honako hau:

«59 bis artikulua.–

1.– Ertzaintzako fakultatibo eta teknikarien eskalarako sarbidea izango da oposizio-, lehiaketa- edo lehiaketa eta oposizio-sistemen bidezkoa, Ertzaintzako langile funtzionarioen barne-sustapen gisa. Hala eta guztiz ere, plazak ez badira betetzen barne-sustapenaren bidetik, txanda aske bidez egin ahalko da deialdia.

2.– Ertzaintzako fakultatiboen eta teknikarien kidegoan Ertzaintzaren beste eskaletako batetik sartzeko, beharrezkoa izango da jarduneko zerbitzuan izatea kidegoko beste eskalaren batean; kategoria horretan bi urtez egiazko zerbitzuetan jardun izana eta batzordeak zehapenik ezarri ez izana falta astunagatik edo falta oso astunagatik, edo, zehapenik ezarri bada, zehapen hori baliogabetuta egotea.

3.– Ertzaintzako fakultatibo eta teknikarien eskalara sartzen diren langileek parte hartu ahal izango dute eskala horretan sartu aurretik zeukaten kategoriako lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan».

Hogeita hiru.– Hau da 61. artikuluaren 1. paragrafoaren testu berria:

«1.– Funtzionario-izaera euskal administrazio publikoetako enplegatuei aplikatzen zaizkien lege orokorretan aurreikusitako arrazoiengatik galduko da».

Hogeita lau.– Hau da 62. artikuluaren testu berria:

«62. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioen erretiroa euskal enplegu publikoa arautzen duten legeetan aurreikusitako eran egiten da, Gizarte Segurantzaren arauek Ertzaintzarako edo udaltzaingoetarako aurreikus ditzaketen berezitasunekin.

2.– Bidezkoa izango da erretiroa hartzea, erretiroa hartzeko datan betetzen zuen lanpostua erreserbatuta, baldin eta, aplikagarria zaion aurreikuspen sozialeko erregimenarekin bat etorriz, ezintasunerako hasierako aitortzan ezintasun hori gerora errebisatu beharra ezarri bazen, gehienez bi urteko epean lanera itzultzeko bidea emango lukeen hobekuntza gertagarria zelakoan».

Hogeita bost.– Hau da 65. artikuluaren 2. paragrafoaren testu berria:

«2.– Lehiaketa da lanpostua betetzeko ohiko sistema. Lehiaketan, hautagaien gaitasunak lanpostuaren eginkizunetara egokitzen diren baloratuko da.

Lanpostuak betetzeko deialdietan baloratu beharreko merezimenduak definituko dira, zeinen artean hauek egongo baitira: antzinatasuna, gradu pertsonal zehatz bat edo garapen profesionalaren gradu jakin bat izatea –hala badagokio–, garatutako lanaren balorazioa eta euskararen ezagutza-maila egiaztatua, hura bete beharreko baldintza ez denean.

Era berean, deialdian hala ezartzen denean, hauek guztiak ere agertu ahalko dira: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak; titulazioak eta gradu akademikoak; hizkuntzen ezagutza edo irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduera eta bete beharreko lanpostuak berezko dituen ezaugarrien arabera egokiak izan daitezkeen guztiak.

Orobat, eta egin beharreko eginkizunen izaera kontuan hartuta, hautagaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen diren ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren probak ezarri ahalko dira deialdietan».

Hogeita sei.– 65. artikuluko 3. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Izendapen librearen sistemaz bete ahalko dira soilik lanpostu-zerrendetan hala hornitzeko gordetako lanpostuak, ardura berezikoak izateagatik, eta lanpostuak betetzeko konfiantza pertsonala ezinbestekotzat dutenak. Hala ere, hornidura modu horretarako gordetzen diren lanpostuak ezin dira izan plantilla osoaren % 7a baino gehiago.

Zehazki, honako hauek hornitu ahal izango dira izendapen librearen bidez:

a) Polizia-kidegoetako goi-eskaletako gordetako burutzetako postuak.

b) Eskala betearazlerako gordetako burutzetako postuak, unitate berean ez badaude izendapen libreko eta eskala bereko beste postu baten mende. Hala ere, hornidura mota horretarako gorde ahalko dira eskala bereko postuak, modu espezifikoan inteligentzia-zereginetan aritzen badira edo agintariak babesteko jarduerak koordinatzen.

c) Oinarrizko eskalako eta ikuskapen-eskalako postuak, salbuespen gisa horrela xedatzen bada lanpostuen zerrendan, ardura bereziagatik edo konfiantza bereziagatik, guztira lanpostu guztien % 6ko muga gainditzen ez bada, bi eskalak gehituta.

Lanpostuak izendapen librez betetzeko deialdiak publikoak izango dira, eta publiko egingo da zer gaitasun profesional behar den deialdiaren xede den lanposturako. Izendapen librean, organo eskudunak bere iritziaren araberako balorazio bat egiten du hautagai diren pertsonen egokitasunari buruz, lanpostu jakin batean jarduteko eskatutako baldintzen argitan, eta, horretarako, egin daitezke curriculumaren balorazioak, egokitasun-txostenak, elkarrizketak edo hautagai diren pertsonen egokitasuna egiaztatzeko egoki den beste edozein ebaluazio-prozedura. Nolanahi ere, deialdietan kontuan hartuko diren egokitasuneko alderdi eta elementuak aipatu beharko dira».

Hogeita zazpi.– 65. artikuluko 4. paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«4.– Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako destinoak ukaezinak dira. Ezin izango da merezimendu-lehiaketa batean parte hartu bi arte igaro arte lekualdatze-lehiaketa deitzeko ebazpena eman zenetik, zeinean funtzionarioak bere behin betiko destinoa lortu baitzuen. Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko behin-behineko atxikipenaren egoeran daudenei, egoera hori ez bada eratorri postuari uko egitetik, 70. artikuluko c) paragrafoan ezarritakoaren arabera».

Hogeita zortzi.– 65 bis artikulua eransten da, eta honela geratzen da:

«65 bis artikulua.–

1.– Lanpostuak hornitzeko ezarritako prozeduren bidez beteko dira espezialitatea eduki behar duten lanpostuak, dagokion espezialitatea dutenen artean.

Espezialitate-ikastaroen deialdiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Administrazio eskudunak batera egiten dituztenean, ikastarook gainditzen dituztenei esleituko zaizkie espezialitatean hutsik dauden lanpostuak, behin betiko esleitu arte.

2.– Espezializazio hori behar duten eta hutsik dauden lanpostu guztietara aurkeztera eta lehentasunez eskatzera behartuta egongo dira dagokion espezialitate-ikastaroa gainditu dutenak, gainditu dutenetik egiten den lehenengo deialdian. Hori egin ezean, derrigorrez atxiki ahalko dira hutsik dagoen edozein lanpostura.

3.– Espezializazioa behar duten lanpostuek gutxieneko eta gehieneko presentzia-denbora eduki ahalko dute lanpostu-zerrendan».

Hogeita bederatzi.– Hau da 66. artikuluaren testu berria:

«66. artikulua.–

Langileek bigarren jarduera gisa bete ditzaketen lanpostuak bete nahi direnean, lehentasuna izango dute egoera administratibo hori aitortuta duten funtzionarioek».

Hogeita hamar.– Hau da 67. artikuluaren 1. paragrafoko d) letraren testu berria:

«d) Merezimendu-lehiaketaren bidezko prozeduren kasuan, merezimendu-baremoa, sartzen diren proba espezifikoak, postua eskuratzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa eta hautaketa-batzordearen osaera».

Hogeita hamaika.– Kendu egiten da 70. artikuluaren 5. paragrafoa.

Hogeita hamabi.– Hau da 71. artikuluaren 3. paragrafoaren testu berria:

«3.– Lanpostu bat behin-behinean betetzen duten bitartean, funtzionarioek lanpostu horri dagozkion ordainsari osagarriak jasoko dituzte eta, horrela badagokio, kategoriari dagokion destinoko osagarria, Ertzaintzaren kasuan, edo kontsolidatuta dutena, Udaltzaingoaren kasuan.

Hala eta guztiz ere, behin-behineko atxikipena lehen betetako lanpostua ezabatzearen ondoriozkoa denean, eta lanpostu berriari esleitutako ordainsaria amortizatuarena baino txikiagoa bada, funtzionarioak bien arteko aldea besteko osagarri iragankorra jasoko du. Osagarri hori mantenduko da interesdunak parte hartzen duen edo parte har dezakeen lehen lehiaketara arte».

Hogeita hamahiru.– 5. paragrafo berria gehitzen zaio 71. artikuluari.

«5.– Espezialitate jakin bati lotuta daudela erregelamenduz ezarrita duten lanpostuen kasuan, 70.2.f) artikuluan aurreikusten den arrazoiarengatik lanpostua utzi behar izan duen pertsonak osagarri pertsonal bat izango du, baldin eta aldi horretan aipatu lanpostuetan egiazko zerbitzuan egon bada. Osagarri pertsonal hori izango da utzi behar izan duen lanpostuaren berariazko osagarri bereziaren eta behin behingoz edo behin betikoz hartzen duen postuari dagokionaren arteko aldea bestekoa.»

Hogeita hamalau.– II bis kapitulu berria eransten zaio III. tituluari, –«Karrera profesionala» izenburua duenari–, eta honela geratzen da:

«II BIS KAPITULUA
KARRERA PROFESIONALA

73 bis artikulua.–

1.– Segurtasun Sailak eta udalerriek lanbide garapenerako sistemak ezarri ahal izango dituzte beraien udaltzaingoen pertsonalaren jardunerako, horien lan-jarduera eta jokabidea ebaluatzearen ondorioz.

2.– Ezarriko den sistema aplikatu ahal izango zaie zerbitzu aktibo edo bigarren jarduneko administrazio-egoeretan dauden funtzionarioei.

3.– Lanbide-garapenerako sistemek, betiere, bi fase izango dituzte:

a) Mailaketa-fasea.

b) Jardunaren urteroko ebaluazioaren fasea; hori gainditzea ezinbestekoa da aitortutako mailari dagozkion ordainsariak jasotzeko.

4.– Ezarriko diren lanbide-garapenerako sistemak lau mailatan artikulatu beharko dira lanbide-eskala bakoitzeko, dagokion maila eskatzeko behar diren antzinatasun-urteen arabera.

Maila Antzinatasun-urteak

I. maila: 5 urte edo gehiago

II. maila: 11 urte edo gehiago (+6)

III. maila: 17 urte edo gehiago (+6)

IV. maila: 25 urte edo gehiago (+8)

5.– Mailaketa prozesurako gainditu beharko da horretarako sortutako organo teknikoek egindako ebaluazioa, administrazio publiko bakoitzeko lanbide-garapena erregulatuko duen araudiarekin bat etorriz; ebaluaziorako, gutxienez, faktore hauek kontuan hartuko dira:

a) Lanbide-jarduera.

b) Lanbide-gaitasun eta -kualifikazioa.

c) Inplikazioa eta konpromisoa antolakuntzarekin.

73 ter artikulua.–

1.– Lanbide-garapeneko mailaketa egiteko eskabidea borondatezkoa izango da.

2.– Mailaketa hori ezetsia baldin bada ebaluazioa gainditu ez delako, bi urteko epea igaro beharko da beste eskaera bat egiteko.

3.– Mailaketa eskatzeko deialdi bakarra izango da urtero; eskatzen diren antzinatasun-urteak beteta dituztenek eskaera aurkeztu ahal izango dute kasu bakoitzean aurreikusitako urte kopurua betetzen duten urtearen hasieran.

73 quater artikulua.–

1.– Eskuratutako mailak galdu egingo dira ondorengo arrazoi hauengatik:

a) Falta astun edo oso astunagatik zigortua izatea sei hilabete edo gehiagoko eperako.

b) Bere ardurapeko pertsonalaren ebaluazioa egiteari uko egitea.

c) Dagokion polizia-kidegoko funtzionario-izaera galtzea.

d) Borondatezko eszedentzia egoerara igarotzea interes partikularrarengatik.

2.– Aipatutako arrazoiengatik lortuta zeukan maila galtzen duen funtzionarioak hurrengo urteroko deialdian eskatu ahal izango du berriz aitortzea lortutako maila, ondorengo kasu hauetan:

a) Aurreko apartatuaren a) letran adierazitako zehapena bete ondoren.

b) Bere ardurapeko pertsonalaren ebaluazioa egiteari uko egin duenetik urtebete igaro ondoren, aurreko apartatuaren b) letraren kasuan.

c) Funtzionario-izaera berreskuratzea.

d) Aurreko apartatuaren d) letran adierazitakoari dagokionez, zerbitzu aktibora edo bigarren jardunera itzultzea.

73 quinquies artikulua.–

1.– Lanbide-garapeneko maila aitortzearen ondorioz, lanbide-garapeneko osagarria jasoko da urtero lanbide-karreraren osagarri gisa. Osagarri hori lotuta egongo da jardun profesionalaren ebaluazioa gainditzeari, erregelamenduz ezarriko diren baremoen arabera. Baremo horien artean honako hauek kontuan hartu beharko dira: lanbide-jokabidea, emaitzak lortzea eta ordutegia bete eta lanera joatearen maila.

2.– Betiere, aitortutako maila bakoitzak eragin ekonomikoak izango ditu mailakatze-prozedura hasten den dataren hurrengo urtearen urtarrilaren 1etik aurrera.

3.– Funtzionario bat kategoria altuago batean sartzeak ez dauka eraginik aitortuta daukan lanbide-garapenaren mailan ez bada maila altuago batean mailakatzen.

4.– Inoiz ere ezin izango da jaso aldi berean lanbide-kategoria bat baino gehiagoko garapen-osagarria.

5.– Lanbide-garapenaren aitortza norberaren kategoriari bakarrik eragingo dio, nahiz eta kategoria altuagoko funtzioak bete izan arren».

Hogeita hamabost.– Hau da 74. artikuluaren testua:

«74. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako funtzionarioen egitura eta ordainsarien erregimena Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako funtzionarioei aplikatzen zaien legedian ezarritakoaren araberakoa izango da, lege honetan ezartzen diren berezitasunekin, zeinak Ertzaintzaren kidegoari aplikatzekoak baitira.

2.– Ertzaintzaren ordainsari osagarriak berezitasun hauen araberakoak dira:

a) Destino-osagarria da funtzionarioaren kategoriaren mailari dagokion ordainsari osagarria, eta Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek urtero zehaztuko dute horren zenbatekoa, eta lanpostuak eskala hauetan sailkatzen dira: gorena, betearazlea, ikuskapenekoa eta oinarrizkoa, zazpi mailatan, eskala honen arabera:

– Agente-kategoria: 1. maila

– Agente lehenaren kategoria: 2. maila

– Ofizialorde-kategoria: 3. maila

– Ofizial-kategoria: 4. maila

– Komisariondoko-kategoria: 5. maila

– Komisario-kategoria: 6. maila

– Intendente-kategoria: 7. maila.

Fakultatiboen eta teknikarien eskalako lanpostuak erregelamendu bidez klasifikatzen dira euskal administrazio publikoen lanpostuetarako ezarritako mailaren batean; mailok beren sailkapen-taldekoak izan beharko dute.

b) Berariazko osagarri orokorrak ordaintzen ditu arriskua, arduraldia eta Ertzaintzaren kidegoko lanpostu guztietan ageri diren berezitasun guztiak. Haren zenbatekoa, kategoria bakoitzarentzat, Gobernu Kontseiluaren akordio bitartez zehazten da.

c) Berariazko osagarri berezia, edo lanpostuarena, bakarra izango da lanpostu-zerrendan osagarri hori esleituta daukan lanpostu bakoitzarentzat, eta soil-soilik ordainduko ditu lanpostu hori ezaugarritzen duten baldintza bereziak, aintzat harturik kasuan kasuko zailtasun tekniko berezia, erantzukizuna, arduraldia, nekagarritasuna edo arriskua, edo lanpostu horren beste edozein baldintza. Haren zenbatekoa lanpostuen balorazio eta azterketatik eratorriko da, eta ezin izango du gainditu, eskala bakoitzean, eskala horren azpitik hurrena dagoen kategoriari dagozkion elementu hauen baturaren % 35a: oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak, destino-osagarria eta berariazko osagarriaren osagai orokorra.

d) Buruzagitza-osagarriak ordaintzen du eskala goreneko eta betearazleko postuen aginte-egoera berezia, berekin baitituzte segurtasun publikoko politikak formulatzeko parte-hartzea, goi-ordezkaritza instituzionaleko funtzioak hartu beharra, pertsonak eta baliabideak autonomia maila handiz zuzendu eta kudeatu beharra, eta beste edozein jarduerarekin bateragarritasun deklarazioa eragozten duen arduraldia. Haren zenbatekoa berdin-berdina izango da eskala horietako postu guztietan; Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, eta ezin izango da ondorengoen baturaren % 30etik gorakoa: oinarrizko soldata gehi eskala betearazlearen beheko mailari dagokion oinarrizko soldatari dagozkion aparteko ordainsarien zatia.

3.– Lanbide-garapeneko osagarria urtero jasoko da Ertzaintzan produktibitate-osagarriaren parte gisa, eta lotuta egongo da lanbide-garapeneko sistemaren mailetan aurrera egitearekin eta, jardun profesionalaren ebaluazioa gainditzearekin, lege honetako 73 quinquies artikuluan aurreikusitako terminoetan.

4.– Ezohiko zerbitzuengatik ordaindutako haborokinak ez dira finkoak izango, ez zenbatekoan ez epeetan, laneko ohiko ordutegitik kanpo emandako zerbitzuei dagozkie, ordutegian konpentsatzen ez direnean, lan-baldintzak arautzen dituzten akordioetan jasotako terminoetan; nekagarritasun eta arrisku bereziko baldintzetan egindako lanengatik ordainduko da soilik inguruabar horiek noiz-behinkakoak direnean eta lanpostuak berezkoak ez dituenean.

Ez da horrelakorik jasoko berariazko osagarria zehazteko arduraldi berezia edo nekagarritasun edo arrisku bereziko baldintzak neurtuta dituzten lanpostuetan.

Halaber, ezohiko zerbitzuengatiko haborokinek ardura, arduraldi, nekagarritasun edo arriskutasuna ordaindu ahal izango dute zerbitzu-eginkizunetan, lege honetako 72.5 artikuluan jasotako kasuetan, baldintza horiek ordaintzen ez direnean berezko lanpostuan eta eginkizun horiek ez dagozkienean modu espezifikoan beste lanpostu bati esleitutakoei. Kasu honetan, ezohiko zerbitzuengatiko haborokinak aldizka ordaindu daitezke eginkizun horietan jardun bitartean eta, nolanahi ere, lege honetako 72.3 artikuluak aurreikusitako denbora-mugarekin. Kontzeptu hori dela-eta Ertzaintzarentzat ezartzen diren ezohiko haborokinen multzoa ezin izango da inola ere kidego osorako ezarritako lansariaren % 1 baino handiagoa, eta organo eskudunari dagokio norbanakoentzako zenbatekoa zehaztea Ertzaintzaren negoziazio-mahaiaren esparruan ezartzen diren irizpideen arabera, lege honetako 103.2 artikuluan aurreikusten den moduan.

5.– Euskal Herriko polizia-kidegoetako funtzionarioek zerbitzua dela-eta dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte.

Zerbitzua ematean kalte-galerak jasan baditu, eta kaudimengabetzat emandako hirugarren pertsona bat horiengatik epaibidez zigortua baldin bada, polizia-funtzionarioak zerbitzua ematen dion Administrazioak ordaindu beharko du kalte-ordainaren kopurua, kontzeptu horrengatik kaltetutako pertsonak dituen eskubideetan subrogatuz.

6.– Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak direla-eta, Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu lansari-araubidea eta ordainen araubidea, langileek kidego horretan emandako zerbitzuagatik».

Hogeita hamasei.– Kendu egiten da 76. artikulua.

Hogeita hamazazpi.– Hau da 78. artikuluaren 2. paragrafo berria:

«2.– Ezin izango dute, beren jarduerekin batera, sektore publikoan edo pribatuan bigarren lanpostua, kargua edo jarduera bete, ez zuzenean ezta ordezko baten bidez ere.

Dena den, lanpostu, kargu, lanbide edo jarduera publiko edo pribatu bat garatu ahalko dute, indarrean dauden bere arauetan aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan eta betekizunekin, salbu eta bigarren lanpostu hori gauzatzeak kidego polizialaren irudia eta prestigioa hondatzea badakar, edo poliziak jarduteko dituen oinarrizko printzipioen kontrakoa bada. Ezin izango zaie bateragarritasunik baimendu edo aitortu buruzagitza-osagarria jasotzen duten langileei, hor sartuta baitago bateraezintasun faktorea.

Ertzaintzan zerbitzu aktiboan aritzea bateraezina da Indar Armatuen erreserbista izatearekin edo krisi- edo larrialdi-egoeretan kidego polizialetik at funtzio publikoak garatzeko beste konpromiso pertsonal batzuekin».

Hogeita hemezortzi.– III. tituluko V. kapitulua honela geratzen da:

«V. KAPITULUA
OSASUNA ETA BABESA

79. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazio publikoek zainduko dute poliziek beren eginkizunak gauzatzeko behar diren baldintza psikofisikoak izango dituztela. Horretarako, osasun-zerbitzu bat egongo da, eta, ondorio horietarako, lankidetza-kontratuak edo hitzarmenak ezarri ahalko dira medikuekin edo erakunde sanitario publiko edo pribatuekin.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen osasuna zainduko da, laneko arriskuak prebenitzeko planean ezartzen den moduan, eta laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuaren jarduera-eremuaren barruan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia kidegoetako laneko arriskuak prebenitzea txertatu beharko da beraien jarduera guztietan ondorengo hauen bidez: lan-arriskuen ebaluazioa, neurri zuzentzaileak ezartzea, eta lan-arriskuak prebenitzeko plana ezartzea eta aplikatzea. Plan horrek, gutxienez, arrisku-faktore hauek hartuko ditu aintzat:

a) Eraso fisiko, jauste, kolpe, lan-istripu, trafiko-istripu eta abarren aurreko segurtasunarekin lotutako arriskuak.

b) Ingurumen-arriskuak, biologikoak edo laneko higienearekin lotutakoak, hala nola kutsadura biologikoaren arriskua, kutsadura kimiko edo erradiologikoa, ingurumen fisikoaren eragina (zaratak, bibrazioak eta abar); mugikortasuna eta ibiltaritza; intoxikazioa hainbat produktu manipulatzeagatik edo horiekin kontaktuan izateagatik, eta abar.

c) Arrisku ergonomikoak, objektu, lanpostu, makina, ibilgailu eta ekipamenduekin lotutako arrisku-faktore guztiak barne, eta horiek dakarten lan-zama fisikoa.

d) Arrisku psikosozialak: funtzionarioen osasunean kalte psikiko, sozial edo fisikoak sor ditzaketen diseinu, antolakuntza, lan-zuzendaritza eta ingurune sozialeko alderdi guztiak barne. Horrek barne hartzen ditu polizia-lanaren berezko eskakizun psikologiko emozional, sentsorial, kuantitatibo eta kognitiboetatik eratorritako faktoreak; trauma osteko estresa; txandakako lana eta gaueko lana; burnout delakoa, gaixotasun profesionalak, eta abar. Jarduera-protokoloak ezarriko dira laneko modalitate desberdineko jazarpen-kasuetarako.

e) Aparteko beste arrisku batzuk: in itinere istripuak; pertsonen arteko gatazken bitartekaritza: larrialdi edo hondamendiko egoeretan jardutea, eta abar.

f) Haurdun den pertsonalarentzat berezko jarduera-protokoloak ezarriko dira; protokolo horietan lanpostuaren arriskuak berehala ebaluatu eta neurri zuzentzaileak hartuko dira, lan-baldintzak, lan-erritmoak, atseden hartzeko jarraibideak eta lekuak eragindako pertsonaren osasun-beharretara egokitzeko.

4.– Ertzaintzako funtzionarioentzako berezko prebentzio-zerbitzua egongo da, besteak beste, zeregin hauek izango dituena:

a) Prebentziorako lan eta programak diseinatu, aplikatu eta koordinatzen laguntzea; baita prebentzio-neurrien efikazia zaintzea ere.

b) Ertzaintzako pertsonalaren lan-arriskuen ebaluazioa egitea.

c) Lehentasunak ezartzea prebentzio-neurri egokiak hartzeko, egindako arrisku-ebaluazioen eta horien efikaziaren arabera.

d) Ertzaintzako pertsonalari informazioa eta prestakuntza ematea laneko segurtasun eta osasunari buruz.

e) Antolakuntzaren eskakizunei dagokienez, prozedurak ezartzea eta eguneratuta izatea, sistemaren aurreikuspenen egokitasuna egiaztatzeko.

f) Prebentziorako helburuen betetze-maila egiaztatzea; arriskuak prebenitzeko erregistroak, auditoria eta ikuskapenen emaitzak eta prestakuntza-erregistroak kodifikatzea eta artxibatzea.

g) Larrialdietako eta lehen sorospenerako planak egitea, eta horiek lan-zentroetan ezartzea.

h) Ertzaintzaren pertsonalaren osasuna zaintzea horien lanaren ondorio diren arriskuei dagokienez, beraien duintasuna eta intimitaterako eskubidea errespetatuz. Medikuek eta osasun-agintariek beste inork ez du izango norberaren informazio medikorako sarbidea.

i) Istripuak ikertzea, kexak eta iradokizunak izapidetzea, eta prebentzio mailako arazo zehatzak aztertu eta horiei irtenbidea ematea.

j) Segurtasun eta Osasuneko Batzordeari babesa, aholkua eta informazioa ematea, Prebentzio-Zerbitzuak segurtasun eta osasunaren arloan egingo dituen jarduerei buruz, horiek ezagutzeko eskumena baldin badu.

k) Osasun-zaintzari dagokion funtziotik eratorritako azterketa mediko eta psikologikoak aldizkakoak eta borondatezkoak izango dira, non eta azterketa mediko eta psikologikoak egitea ez den beharrezkoa egiaztatzeko ea langilearen osasun-egoera arrisku izan daitekeen harentzat edo hark betetzen duen eginkizunarekin zerikusia duten gainerako pertsonentzat.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako pertsonalak zaindu egin beharko du, bere posibilitateen arabera eta kasuan-kasuan har daitezkeen prebentzio-neurriak betez, bai bere segurtasun eta osasun propioa bere funtzioak betetzean, bai bere jarduera profesionalak –bere egite eta ez-egiteen kausaz– eragin diezaiekeen beste pertsona guztiena, bere prestakuntzarekin eta jasotako instrukzioekin bat etorrita. Bereziki, honako hau egin beharko dute:

a) Behar bezala erabili, beren izaeraren eta aurreikusteko moduko arriskuen arabera, makinak, aparatuak, erremintak, substantzia arriskutsuak, ekipamenduak eta, oro har, bere jarduera betetzeko beste edozein baliabide.

b) Behar bezala erabili babes indibidual edo kolektiborako emandako baliabide eta ekipamenduak, jasotako instrukzioen arabera, baita segurtasun-gailuak ere, nola badaudenak hala bere jarduerarekin lotutako baliabideetan zein jarduera hori burutzen den tokietan jar daitezkeenak.

c) Informazioa eman berehala, bide erregularretik, babes- eta prebentzio-jarduerak egiteko izendatutako pertsonalari, arrazoizko zioengatik segurtasunarentzat eta osasunarentzat arrisku izan daitekeen edozein egoerari buruz.

d) Lagundu betetzen agintari eskudunek segurtasuna eta osasuna babesteko ezarritako betebeharrak, eta bere lankidetza leiala eman baldintza seguruak bermatzeko zerbitzua ematean.

79 bis artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen ordezkaritzaren eta partaidetzaren araubideak, lan-arriskuen prebentzioari dagokionez, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako printzipioak eta irizpideak beteko ditu.

2.– Langileen ordezkaritza eta partaidetza prebentzio-ordezkarien bidez bideratuko da, zeinak sindikatuek izendatuko baitituzte dagozkion hauteskundeetan lortzen duten ordezkaritza-mailaren arabera. Prebentzio-ordezkari izan daitezke sindikatuek izendatutako funtzionarioak, nahiz eta funtzionariook ez izan langileen ordezkari edo sindikatuko ordezkari.

Ertzaintzaren baitan, zortzi prebentzio-ordezkari egongo dira, eta Ertzaintza ordezkatzen duten sindikatuek izendatuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 103.2 artikuluan xedaturikoaren arabera, hauteskunde sindikaletan lortu duten ordezkaritzarekiko proportzioan.

3.– Prebentzio-ordezkariek eginkizun hauek dituzte:

a) Prebentzio-ekintza hobetzen laguntzea.

b) Langileen elkarlana bultzatzea eta sustatzea laneko arriskuak prebenitzeko buruzko araudia betearaziz.

c) Zaintzea eta kontrolatzea betetzen dela laneko arriskuak prebenitzeari buruzko araudia.

4.– Beren eginkizunak betetzean, ahalmena dute:

a) Teknikariei laguntzeko lan-inguruneko prebentzio-ebaluazioak egiten, eta, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 40. artikuluan jasotako baldintzetan, laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei laguntzeko laneko arriskuak prebenitzeari buruzko araudia betetzen dela egiaztatzeko lantokietan egiten dituzten bisitetan eta egiaztapenetan, bai eta haiei behar diren oharrak egiteko ere.

b) Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 22. artikuluaren 4. apartatuan jasotako mugekin, irispidea izateko beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den lan-baldintzei buruzko informaziora eta dokumentaziora, eta, bereziki, aipaturiko legearen 18. eta 23. artikuluetan jasotako informaziora. Informazioak aipaturiko mugak baldin baditu, informazio hori emango da konfidentzialtasuna errespetatzen badu bakarrik.

c) Administrazioarengandik informazioa jasotzeko langileen osasunean eragindako kalteei buruz, langileek kalte horien berri izan ondoren; eta egitateen lekura joateko, baita lanorduez kanpo ere, egitateak zer egoeratan gertatu diren jakiteko.

d) Administrazioarengandik informazioak jasotzeko, hark enpresan babes- eta prebentzio-jarduerez arduratzen diren pertsonengandik edo organoengandik eta langileen segurtasunaren eta osasunaren arloan eskumenak dituzten organismoengandik lortzen dituenak, ahaztu gabe zer ezartzen duen Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 40. artikuluak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekiko lankidetzaren arloan.

e) Lantokietara bisitan joateko, zaindu eta kontrolatu dezaten zer-nolako lan baldintzak dauden, eta, horretarako, lantokiko edozein gunetara sartzeko eta lanaldian zehar langileekin hitz egiteko, zerbitzuan enbarazurik eragin gabe.

f) Administrazioaren hitza izateko hartuko dituela prebentzio-neurriak eta langileen segurtasunaren eta osasunaren babes-mailak hobetzeko neurriak, eta, horretarako, Administrazioari proposamenak egiteko.

g) Oro har, 3/1995 Legearen 36. artikuluan aitorturiko gainerako eskumenak garatzeko, kontuan izanik, hala badagokio, kanpoan geratu behar duten jardueren harira dauden mugak, lege horren beraren 3.2 artikuluan ezartzen denez.

5.– Administrazioek prebentzioari buruz behar diren baliabideak eta prestakuntza eman beharko dizkiete prebentzio-ordezkariei, haien funtzioak gauzatu ditzaten. Prestakuntzan emandako denbora lan-denboratzat joko da ondorio guztietarako.

6.– Kide anitzeko partaidetza-organoak ezarriko dira lan-arriskuak prebenitzeko arloan, zeinetan Administrazioak eta langileek ordezkari kopuru bera izango baitute.

Ertzaintzaren baitan, Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordea egongo da, laneko arriskuen prebentziorako planak, programak eta ebaluazioak ohiz eta aldian-aldian kontsultatzeko kide anitzeko organo gisa, eta hamasei lagunek osatuko dute, parekotasunez hautatuak: erdiak prebentzio-ordezkariak izango dira Ertzaintzako langileen ordezkari moduan; eta beste erdiak, segurtasun-arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako saila ordezkatzen dutenak, lehendakaria eta idazkaria barne. Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordeak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 49. artikuluak aitortzen dizkion eskumenak izango ditu, eta bigarren jarduerako epaimahai medikoaren jardunaren berri emango zaio. Batzordeko kideek beren eginkizuna betetzen igarotzen duten denbora ohiko lanaldiaren barruan igarotakoa dela joko da, ondorio guztietarako, jarduera hori egiteko hitzartu den sistemaren arabera; nolanahi ere, denbora hori lanaldiaren barruan igarotakotzat jotzeko, unitateburuari jakinarazi behar zaio aldez aurretik.

79 ter artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileak bere baitan hartzen dituen erakundeko funtzionarioei dagokien babes sozialeko erregimena bete behar dute; langileok gizarte-segurantzari buruzko arauek horri dagokionez dituzten berezitasunekin.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kidegoak bere baitan hartzen dituzten administrazio publikoek babes sozial osagarriko mekanismoak arbitratuko dituzte aldi baterako ezintasunak daudenean, ezintasun-egoera hori zerbitzua ematerakoan izandako lesioek edo patologiek sortzen badute, eta, betiere, langilearen aldetik ez bada dolorik edo arduragabekeria edo trebetasun-falta larririk egon. Era berean, istripu-aseguruak hitzartuko dituzte, heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia edo lesio iraunkorrak sortzen direnerako, bere funtzioak betetzean sortutako lesioen ondorioz gertatu badira.

3.– Zerbitzua ematerakoan hilez gero, edo heriotza funtzionarioaren kontra polizia izateagatik egindako ekintza bidegabeetatik ondorioztatzen bada, ezkontideak edo bikotekide superstiteak –edo, halakorik egon ezean, haren legezko ondorengoek– izango dute eskubidea hildako pertsonak hil zenean betetzen zuen lanpostuan jasotzen zituen ordainsari osoen bi urteko ordainsariak jasotzeko, dena batera, edozein zela ere lanpostua betetzeko forma.

4.– Funtzionarioak nahitaezko erretiroa hartu behar izanez gero, hirugarren pertsonek haren aurka (zerbitzua ematen ari zela edo polizia izatearen ondorioz) egindako ekintza bidegabeen ondorioz, aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango du; prestazio hori gehi egokitzen zaion pentsioa, ohikoa edo apartekoa, eskubide hori sortzen duen gertakaria gertatu zen unean betetzen zuen lanpostuaren ordainsari finkoen eta aldizkakoen ehuneko laurogeira helduko da.

Prestazio hori ezin da laneko errentekin batera jaso, ezta legez bateragarriak diren beste pentsioekin edo subsidioekin batera ere. Jasotzen dituen prestazio ekonomikoaren, pentsioen eta hartzeko pasiboen batura ezin izango da aurreikuspen sozialeko erregimen publikoan aurreikusitako gehieneko pentsioa baino handiagoa.

Prestazio ekonomikoak aipatutako ordainsari finko eta aldizkakoak aplikatzetik ondorioztatzen den urteko gehikuntza izango du, eta hilero ordainduko da, adinagatik haren nahitaezko erretiroa aldarrikatu behar izan den egunera arte, salbu eta hori gertatu baino lehen hil egingo balitz».

Hogeita hemeretzi.– V bis kapitulua eransten zaio III. tituluari, eta honela geratzen da:

«V BIS KAPITULUA
KONDEKORAZIOAK ETA AITORTZAK

80. artikulua.–

1.– Erregelamendu bidez ezarriko da merezimendu polizialari dominak, zorionak eta gainerako kondekorazioak emateko erregimena, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioei saritzeko, baldin eta beren eginkizunak betetzean gizartearen mesederako zenbait tasun nabarmen egiaztatzen badute, hain zuzen: eredugarritasuna, sakrifizioa, eraginkortasuna eta zerbitzuari emanak izatea.

2.– Erregelamendu bidez arautuko dira merezimendu polizialari ematen zaizkion domina motak, bai eta aurrekontuak eta prozedura ere. Ofizioz hasten da prozedura, organo eskudunak egokitzat jotzen duenean, dauden informazioak kontuan hartuta.

3.– Erregelamendu bidez ezartzen diren kasuetan, merezimendu polizialaren domina ematearekin batera ondorio ekonomikoak egon ahalko dira, baldin eta ez badagokio aurreko artikuluan aipatutako prestazio ekonomikoak aitortzea.

4.– Diskrekzionalki igo ahalko dira hurrengo kategoriara, ohore gisa, beren izaera poliziala betetzean izandako jarduera heroiko baten ondorioz hiltzen diren edo ezintasunagatik erretiratu behar diren funtzionarioak, hori egitea justifikatzen duen egoera berezia dagoenean. Aitormen horrek ez du ondorio ekonomikorik».

Berrogei.– Hau da 81. artikuluaren testu berria:

«81. artikulua.–

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoetako langileak euskal enplegu publikoaren legedi orokorrean aurreikusitako egoera administratiboren batean egongo dira, kapitulu honetan jasotzen diren berezitasunekin, edo bigarren jarduerako egoera administratibo espezifikoan».

Berrogeita bat.– 5. paragrafoa eransten zaio 84. artikuluari, eta honela geratzen da:

«5.– Baldin eta behin-behineko eginkizun-etenaldia behin betiko bihurtzen bada, funtzionarioak itzuli egin beharko du behin-behineko eginkizun-etenaldian jasotakoa. Behin-behineko eginkizun-etenaldia ez bada zehapen irmo bilakatzen, Administrazioak bueltatu beharko dio funtzionarioari benetan jaso dituen hartzekoen eta eskubide guztiak izan balitu jasoko zituzkeen hartzekoen arteko aldea».

Berrogeita bi.– 6. paragrafoa eransten zaio 84. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«6.– Behin-behineko eginkizun-etenaldian emandako denbora kontuan hartuko da behin betiko eginkizun-etenaldiaren epea betetzeari begira».

Berrogeita hiru.– Hau da 85. artikuluaren testu berria:

«85. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoetako funtzionarioek –Ertzaintzako fakultatiboen eta teknikarien eskalakoak direnak izan ezik–, zerbitzu aktiboko egoeran daudenean, adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboaren modalitatera igarotzea eskatu ahalko dute, zerbitzua emateko baldintzetan egin beharreko aldaketak eginda, zerbitzu aktiboa emateko helburuz.

2.– Administrazio bakoitzak ezarriko ditu, behin langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboa aitortua izateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak. Arautze horretan, datu hauek guztiak sartuko dira:

a) Zer adinetatik aurrera aitortu daitekeen adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboa.

b) Zer aldaketa mota egin behar den zerbitzua emateko baldintzetan.

c) Urtean zerbitzu mota horren aitorpenen gehieneko kopuru bat ezartzeko aukera dagoen, salbuespen gisa eta arrazoiak azalduta, zerbitzu polizialaren prestazioa ematen jarraitzea bermatzea ezinezkoa denean.

d) Unitate singularrak dauden, non adina dela-eta zerbitzuarekiko egokitzapenak bateraezinak diren, zerbitzuaren izaera dela eta, lanpostuaren eginkizunak betetzearekin. Kasu horretan, erregelamenduak jaso beharko du hutsik dagoen eta beste lanpostu bati berriz atxiki beharra, hartan aritzeko bete beharreko baldintzak betetzen baditu, lehen betetzen zuen postua hornitzeko betebeharreko baldintza berdinetan eta interesdunak aukeratzeko eta lehentasuna ezartzeko ezartzen diren baldintzekin.

3.– Adina dela-eta egokitutako zerbitzua aitortua izateko, agenteak borondatezko erretiro aurreratua eskatzeko konpromisoa hartu beharko du, horretarako behar den adina duenean betiere, kasuan kasuko aplikatu beharreko Gizarte Segurantzaren araubideak xedatutakoaren arabera. Konpromiso hori atzeratu ahalko da, baldin eta erretiro aurreratua hartzeko adina betetzen duenean, ez baditu betetzen oinarri arautzailean xedatutako pentsioa ehuneko ehunean jasotzeko baldintzak».

Berrogeita lau.– Hau da 86. artikuluaren testu berria:

«86. artikulua.–

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoetako funtzionarioak –Ertzaintzako fakultatiboen eta teknikarien eskalakoak direnak izan ezik–, zerbitzu aktiboan daudenean, bigarren jarduerako egoera administratibora igaro ahalko dira, baldin eta zereginak egiteko beharrezko ahalmen fisiko eta psikikoen gutxitze agerikoa badute; ageriko gutxitze horrek, polizia-lanbidearen oinarrizko egitekoak eraginkortasunez egitea galarazi gabe, bere kategoriako berezko zereginak osorik gauzatzeko ahalmenaren urritze iraunkorra ekarri beharko du berekin.

Lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, lanbide polizialaren funtsezko eginkizuntzat jotzen dira, zehazki, ordena eta herritarren segurtasuna eusteko eta lehengoratzekoari buruzkoak, delituzko gertakariak prebenitzekoak eta haiek ikertzekoak, eta errudunen jazarpena egitekoak. Lan horiek eraginkortasunez egiteko, oinarrizko gaitasuna behar da, bai su-armak eta gainerako erregelamendu-defentsak erabili eta maneiatzeko, baita egoera normaletan ibilgailuak gidatzeko ere; oinarrizko mugimendu-gaitasuna ere eduki behar da.

2.– Administrazio-egoera horretara igarotzeko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariaz hasiko da, aurrez Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari baliaezintasun iraunkorra aitortzeko deklarazioa eskatu beharrik gabe.

3.– Hiru sendagilek osatutako epaimahai ebaluatzaile batek balioetsiko ditu urritasun funtzionalak; sendagileok Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloa eskumena duen sailak edo dagokion toki-erakundeko organo eskudunak izendatuko ditu, eta ordezkari sindikalek proposatuko dute haietariko bat. Epaimahaiak, bere egitekoa zuzen egiteko asmoz, beharrezkotzat jotzen dituen sendagile espezialisten partaidetza eskatu ahalko du, eta helburu horretarako beharrezkotzat jotzen dituen medikuntza-alorreko proba, ikuskapen edo azterketa guztiak egitea erabaki ere.

4.– Epaimahai ebaluatzaileak ematen dituen irizpenek organo eskudunarentzat behartze-indarra izango dute bigarren jarduerako egoera adierazterakoan; hala eta guztiz ere, prozesua baliogabetu dezakeen irregulartasunen bat sumatuz gero, organo horrek berrazterketa egiteko aukera izango du, administrazio-prozedura arautzen duten arauekin bat etorriz. Baldin eta, egindako ikuskapenen ondorioz, epaimahaiak susmatzen badu funtzionarioengan ezintasun fisikorik edo bere zereginetan jarduteko ezintasun iraunkorra dakarkion ahalmen-gutxitzerik, irizpenean jasoko du egoera horren berri, egoki diren ondorioetarako.

5.– Bigarren jarduerako egoera administratibora igarotzen diren funtzionarioek utzi egingo dute atxikita duten lanpostua, ez bada bigarren jarduerako egoeran dagoen langileek egiteko modukoa, eta aldi baterako atxikipenez esleituko dira haiek egiteko moduko zerbitzuak ematen dauden unitateko lanpostuetara. Baldin eta unitatean ez badago lanpostu hutsik, interesdunak proposatutako hiru lanposturen artetik Administrazioak ezartzen duen lantokira atxikiko da funtzionarioa, betiere lantoki horretan kidego polizialaren postu-zerrendan definitutako posturen bat hutsik egonez gero.

Aurreko paragrafoen aurreikusitakoaren araberako lanpostu hutsik ez badago, edo zerbitzuak ematen ari den lantokiaren inguru mugakidean ez badago lanpostu hutsik, eta interesdunak ez badu bere borondatez horrelakoren bat proposatzen, aldi batez eta aukera hori ez dagoen bitartean, Administrazio eskudunak egokituko du funtzionalki betetzen ari zen lanpostua interesdunaren gaitasunetara, epaimahai ebaluatzaileak ematen duen irizpidearen arabera.

6.– Bigarren jarduerako egoera administratibora igarotzeko borondatez eskatzeak berarekin batera dakar aurreratutako borondatezko erretiroa eskatzeko konpromisoa, kasuan-kasuan aplikatu daitekeen Gizarte Segurantzaren araubidearen arabera, erretiro mota hori hartzeko eduki beharreko adina betetzean. Konpromiso hori atzeratu ahalko da, baldin eta erretiro aurreratua hartzeko adina betetzen duenean, oinarri arautzailean xedatutako pentsioa ehuneko ehunean jasotzeko baldintzak betetzen ez baditu.

7.– Bigarren jarduerako egoera administratiboan dauden funtzionarioek beren kategoriako oinarrizko lansariak jasoko dituzte, eta baita norbere ezaugarriengatik aitortuta dituztenak ere, horien artean, hirurtekoei dagozkienak, zeinek egoera horretan ere hobetzen segituko duten. Betetzen den lanpostuari edo plazari dagozkion ordainsari osagarriak jasoko dira.

Gizarte Segurantzako organo eskudunek ezintasun iraunkorreko egoeran daudela aitortu dieten funtzionarioen kasuan, nahitaezko erretiroa hartzera behartu gabe, dagozkien ordainsari osagarriak kontzeptu harengatik aitortuta duten aldizkako prestazioaren zenbatekoan murriztuko dira.

8.– Bigarren jarduerako egoera administratiboan dauden funtzionarioek eskubidea dute adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiborako aurreikusitako eginkizunen modulazio berberak hartzeko, baldintza berberetan».

Berrogeita bost.– Hau da 87. artikuluaren testu berria:

«87. artikulua.–

Adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran aritzen diren funtzionarioek, baldin eta salbuespen gisa aldi baterako destinorik gabe eta dagokien polizia-kidegoaren esku badaude, egoera horrek irauten duen bitartean, kategoriari dagozkion oinarrizko lansariak eta aitortuta dituen ordainsari pertsonalak jasoko dituzte, bai eta betetako azken lanpostuaren lansariak ere, berariazko osagarri berezia izan ezik».

Berrogeita sei.– Kendu egiten da 88. artikulua.

Berrogeita zazpi.– 92. artikuluko 2. paragrafoko b), d), g), k) eta l) letrak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«b) Polizia izateaz abantaila erabiliz, herritarrei, mendekoei edo Administrazioari kalte larria eragitea, bai eta beren eginkizun polizialak gauzatzerakoan haiekin erlazionatzen diren pertsonei, bereziki beren zaintzapean daudenei, edozein tratu jasanezin, apalesgarri, diskriminatzaile edo iraingarri ematea ere. Tratu diskriminatzailetzat joko da Konstituzioaren 14. artikuluan adierazitako arrazoiren batean oinarritzen dena.

d) Sekretu profesionala urratzea eta behar bezalako isiltasuna ez gordetzea bere kargua dela-eta ezagutzen dituen gaiei buruz, baldin eta gai horiek kalte larria eragiten badute lan polizialaren garapenean edo edozein pertsonarengan.

g) Nabarmenki, behin eta berriz eta justifikatu gabe errendimendu gutxi izatea, bai eta nabarmenki ez betetzea lanpostuari datxezkion oinarrizko eginkizunak edo esleitutako eginkizunak.

k) Segurtasun indar eta kidegoetako gainerako kideekin lankidetzan ez aritzea, nabarmen, baldin eta jokabide horrek kalte larria eragiten badio zerbitzuari edo ondorio larriak ekartzen baditu herritarren segurtasunarentzat.

l) Falta astuna egitea lehendik zehatuta izan denean, bide administratiboan irmoak izatera heldu diren ebazpenen arabera, egindako falta bezain astunak edo astunagoak diren beste bi faltarengatik, baldin eta haren oharrak ez baditu baliogabetuta izateko betekizunak betetzen».

Berrogeita zortzi.– Bi letra berri –l bis) eta l ter)– eransten zaizkio 92. artikuluaren 2. paragrafoari, eta honela geratzen da idatzita:

«l bis) Sexu-jazarpena, jazarpen sexista eta laneko jazarpena. Azken hori honela ulertuko da: zerbitzu-harremanetan, behin eta berriz, jazarpen psikologikoa egitea eta etsaitasuna adieraztea.

l ter) Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruz legeetan falta oso astuntzat jotako arau-hausteak».

Berrogeita bederatzi.– Hau da 93. artikuluaren testu berria:

«93. artikulua.–

Kapitulu honetan aipatzen diren faltengatik, honako zehapen hauek jarri ahal izango dira:

1.– Falta oso astunak direla-eta:

a) Zerbitzutik baztertzea.

b) Eginkizunak kentzea, gutxienez urte bat eta egun batez, eta bi urtez, gehienez.

2.– Falta astunak direla-eta:

a) Eginkizunak kentzea, lau egunez, gutxienez, eta urtebetez, gehienez.

b) Destino-aldaketa, destinoa galduta edo galdu gabe.

3.– Falta arinak direla-eta:

a) Ohartarazpena.

b) Eginkizunak kentzea, egun batez, gutxienez, eta hiru egunez, gehienez, baina antzinatasuna zenbatzeko orduan eraginik izan gabe.

Funtzionarioei ezarritako zehapena nahitaezko lekualdatzea denean, funtzionario horiek ezin izango dute destino berria lortu inolako prozeduraren bidez lekuz aldatuta izan ziren zentroan edo unitatean, urtebete eta hiru urte bitarteko aldian, zehapena ezartzen dien ebazpenean ezarritakoari jarraikiz, hurrengo artikuluan ezarritako irizpideen arabera».

Berrogeita hamar.– Hau da 94. artikuluaren testu berria:

«94. artikulua.–

Faltak larritasun handiagoa edo txikiagoa duen ezartzeko, eta ezarri beharreko zehapena graduatzeko, elementu hauek kontuan hartuko dira, objektiboki egin denaz edo egin ez denaz gain, eta proportzionaltasun-printzipioaren pean jokatuta:

a) Nahita egin den.

b) Noraino parte hartu duen egitez edo ez egitez.

c) Zer nahaste zor dezakeen Administrazioaren eta polizia-zerbitzuen ohiko funtzionamenduan.

d) Herritarrentzat eta mendekoentzat ekar ditzakeen kalteak edo begirune-falta.

e) Noraino urratu diren diziplina-, hierarkia- eta lankidetza-printzipioak.

f) Historial profesionala, zeina, ondorio horietarako, inguruabar leungarri gisa baino ezin izango baita baloratu.

g) Berrerori den. Berrerortzea dago, baldin eta funtzionarioak falta egiten duenean dagoeneko zehapen bat jaso badu ebazpen irmo baten bidez beste falta astunago batengatik edo larritasun bereko edo gutxiagoko bi faltengatik, eta falta horiek ez badira baliogabetu. Berrerortzea dagoela ulertzeko, ez dira zenbatuko baliogabetu diren edo baliogabetu beharko liratekeen diziplina-aurrekariak.

h) Administrazioaren edo zerbitzu polizialen irudia hondatu den.

i) Oro har, herritarren segurtasunerako zer garrantzia duen.

Delituzko falten kasuan, espezifikoki baloratuko da epai irmoaren arabera ezarritako zigorraren zenbatekoa edo garrantzia, bai eta delituzko jokabideak eginkizun polizialekin duen erlazioa ere».

Berrogeita hamaika.– 2 bis paragrafo berria eransten zaio 95. artikuluari, eta honela geratzen da:

«2 bis.– Espedientatutako pertsonak badu ez deklaratzeko eskubidea, bere kontra ez egiteko eskubidea, bere burua erruduntzat ez jotzeko eskubidea eta errugabetzat joa izatekoa. Instruktoreak bermatuko du une oro espedientatutako pertsonak duen defentsarako eskubidea, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.

Espedientatutako pertsonak aukeratu ahalko du bere konfiantzazko jarduneko abokatu bat edo sindikatu-ordezkari bat edo kide polizialeko funtzionario bat, haren aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozedurak dakartzan jarduera guztietan.

Bigarren aukera hori hartuz gero, agintariek erraztuko diote izendatutako funtzionarioari egotea espedientatutako pertsonak diziplina-agintarien edo espedienteen instrukzio-egileen aurrean egin beharreko agerraldi pertsonaletan, eta haren aholkularitza borondatezkoa izango da beti; izendapenak ez dio inolako eskubiderik emango laguntzatik ondorioztatu daitezkeen gastuetatik ordaindua izateko».

Berrogeita hamabi.– 2 ter paragrafoa eransten zaio 95. artikuluari, eta honela geratzen da:

«2 ter.– Espedientatuek une oro jakin ahalko dute zer egoeratan dagoen prozeduraren izapidetzea, administrazio-prozedura erkidea arautzen duten legeetan aurreikusitakoaren arabera».

Berrogeita hamahiru.– Hau da 95. artikuluaren 5. paragrafoaren testu berria:

«5.– Prozedura hasi eta handik sei hilabetera ez bada ebazpena oraindik jakinarazi, iraungita geratuko da, administrazio-prozedurari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitako ondorioekin. Sei hilabeteko epe hori eten egingo da, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean aurreikusitako kasuetan, baita prozedura geraturik dagoen tartean ere, interesdunari edo prozeduraren xedea diren gertakizunak direla eta jarduera judizial penalari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik».

Berrogeita hamalau.– Hau da 97. artikuluaren 2. paragrafoaren testu berria:

«2.– Falta oso astunak bi urtera preskribatuko dira; astunak, urtebetera; eta arinak, hilabetera. Falta egiten den unetik hasiko da kontatzen preskripzio-epea».

Berrogeita hamabost.– Hau da 97. artikuluaren 3. paragrafoaren testu berria:

«3.– Falta oso astunengatik ezarritako zehapenak bi urtera preskribatuko dira; falta astunengatik ezarritakoak, urtebetera; eta falta arinengatik ezarritakoak, hilabetera. Preskripzio-epea zehazteko ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen».

Berrogeita hamasei.– 97 bis artikulua eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«97 bis artikulua.–

1.– Diziplina-zehapenak exekutiboak izango dira, baldin eta haien kontra ezin bada inolako errekurtso arruntik ezarri bide administratiboan, eta haietan beren efikazia bermatzeko behar diren kautela-xedapenak hartu ahalko dira, baldin eta ez bada exekutiboa, eta kasuan kasuko hartu diren aldi baterako neurriei eustea izan ahalko da.

Ebazpena exekutiboa denean, eten ahalko da, kautelaz, baldin eta interesdunak adierazten badio Administrazioari ebazpen irmoaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko asmoa duela, bide administratiboan.

Kautelazko etenaldi hori amaituko da legez aurreikusitako epea amaitzen denean, interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri gabe, edo, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarrita ez bada izapide berean eskatu aurkatutako ebazpenaren kautelazko etena edo organo judizialak ematen badu bere iritzia eskatutako kautelazko etenaldiari buruz bertan aurreikusitako moduan».

Berrogeita hamazazpi.– 97 ter artikulua eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«97 ter artikulua.–

1.– Diziplina-zehapenak ezartzen diren ebazpenean ezarritakoaren arabera eta beren izaeraren arabera beteko dira, zehatutako pertsonari albait kalte gutxien egiteko moduan, eta zehapena exekutibotasuna hartzen duen egun berean hasiko dira betetzen, salbu eta, justifikatutako arrazoiak direla medio, ebazpenean bertan atzeratzen bada hura betetzea artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Ezin bada ebazpena ematen den unean zehapena ebatzi, funtzionarioaren administrazio-egoerak hori egitea eragozten duelako edo nahitaezko erretiroa hartu behar izan duelako, zehapena gauzatuko da soilik haren egoera-aldaketak horrela egitea uzten badu, salbu eta preskribatzeko epea igaro bada.

3.– Eginkizunak aldi baterako eteteko zehapen bat baino gehiago egonez gero, zehapenen ezarpenaren ordena kronologikoari jarraituta beteko dira, eta, ordena horren barruan, larrienetatik hasita eta sei urteko muga bete arte. Zehapenen baturak muga hori gainditzen badu, gainerako denboran zehapena ez da beteko.

4.– Eginkizunak aldi baterako eteteko zehapenaren ondorio ekonomikoak berehala gauzatuko dira zehapena jaso duen pertsonaren kargura.

5.– Falta arina edo astunarengatik gehienez 15 egun arteko etenaldiaz zehatutako funtzionarioak zehapen hori betetzeko alternatiba bat aukeratu ahalko du, aldez aurretik Administrazioak horrela egitea onartuz gero: ezarritako lanalditik kanpo lan egitea inolako ordainsaririk edo konpentsaziorik jaso gabe ezarritako zehapenaldia bitartean, eta edonola ere, lanaldien arteko atsedenen bermeak errespetatuz.

6.– Segurtasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta udalaren organo eskudunak, ofizioz zein interesdunak eskaturik, eta bidezko arrazoiak direla-eta, erabaki ahalko dute zehapena preskribatu aurreko tarte batez etetea, edo partzialki edo osorik bete beharrik ez izatea. Zehapena etenda egondako denbora kontuan hartuko da zehapena baliogabetzeari begira».

Berrogeita hemezortzi.– Hau da 99. artikuluaren 3. paragrafoaren testu berria:

«3.– Hautesle eta hautagai honako hauek izango dira, hauteskunde-bideari hasiera ematen zaion eguna abiapuntutzat harturik: zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeran dauden karrerako funtzionarioak eta prestakuntza-ikastaroa gainditu ondoren praktiketan ari diren funtzionarioak».

Berrogeita hemeretzi.– Aldatu egiten da 103.3 artikuluaren e) letra.

«e) Gizarte-laguntzak».

Hirurogei.– Hau da 105. artikuluaren testu berria:

«105. artikulua.–

1.– Ertzaintza eskaletan egituratzen da hierarkikoki eta, eskala horien barruan, kategoria hauetan:

a) Goi-mailako eskalan: intendente-kategoriarekin.

b) Eskala betearazlean, bi kategoriarekin: komisarioa eta komisariondokoa.

c) Ikuskapen-eskalan, bi kategoriarekin: ofiziala eta ofizialondokoa.

d) Oinarrizko eskalan, bi kategoriarekin: agente lehena eta agentea.

2.– Eskalak ondorengo lanbide-taldeetan eta azpitaldeetan sailkatzen dira:

a) Goi-mailako eskala talde hauetan sailkatzen da: A taldea eta A1 azpitaldea.

b) Eskala betearazlea talde hauetan sailkatzen da: A taldea eta A2 azpitaldea.

c) Ikuskapen-eskala eta oinarrizko eskala talde hauetan sailkatzen dira: C taldea eta C1 azpitaldea.

3.– Fakultatiboen eta teknikarien eskala ere egongo da Ertzaintzan, eta haren lanpostuak A1, A2 eta C1 sailkapen-taldekoak izango dira, kasuan kasuko eskatzen den titulazioaren arabera».

Hirurogeita bat.– IV. tituluaren («Ertzaintzako funtzionarioak») II. kapituluaren III. atala («Polizia Judiziala») honela geratzen da idatzita:

«3. ATALA
POLIZIA JUDIZIALA

112. artikulua.–

1.– Ertzaintzako funtzionario guztiei dagokie Polizia judizial gisa jardutea delituak ikertzen lagundu behar dutenean, bai eta delitugileak aurkitzean eta aseguratzean ere. Lan hori beren eskumenen barruan egingo dute, zeinak Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan zehazten baitira, eta Segurtasun Batzordeak eginkizunak mugatzeko sinatutako akordioen barruan, eta betiere agintari judizialen eta Fiskaltzaren zuzendaritza-eginkizunen kalterik gabe.

2.– Ertzaintzaren egituran, krimen-ikerketako eta Polizia judizialeko unitateak ezarriko dira, zeinak funtzionalki agintari judizialen eta Fiskaltzaren mende egongo baitira, haiek agintzen dizkieten eta Botere Judizialaren Lege Organikoan jasotzen diren jarduera guztiak gauzatzean. Unitate polizial horietako arduradunek agintari judizialen eta Fiskaltzaren errekerimenduak bideratuko dituzte, funtzionarioek edo aipatutako unitateetako baliabideek ikerketa batean esku har dezaten.

3.– Segurtasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, jarduera-erritmoa eta langileen prestasuna kontuan hartuta, atxiki ahalko dizkie epaitegi edo tribunal jakin batzuei, iraunkortasunez eta egonkortasunez, ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko zerbitzuak, sekzioak edo unitate-taldeak.

113. artikulua.–

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bidez emango da ikerketa kriminaleko eta Polizia judizialeko zerbitzuei atxikitako funtzionarioen prestakuntza espezifikoa, eta, hala badagokio, praktikak egiteko aldiak sartuko ditu, zeinetan Epailetzako eta Fiskaltzako kideek parte hartu ahalko baitute.

Ikerketa kriminaleko eta Polizia judizialeko unitateetako lanpostuak betetzeko, beharrezkoa izango da espezializazio egokia izatea.

114. artikulua.–

1.– Ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateei atxikitako funtzionarioek esklusibotasunez beteko dute eginkizun hori, baina, nolanahi ere, delinkuentzia prebenitzeko misioak eta Ertzaintzari dagozkion eginkizunen artean eskatzen zaizkien gainerakoak ere garatu ahalko dituzte, egoerak hala egiteko eskatzen duenean.

2.– Epaile edo fiskal eskudunak ikerketa jakin bat egiteko agintzen dien funtzionarioei, 112. artikuluan aipatzen diren zereginak betetzean, ezin izango dira kendu ikerketa horretatik, Botere Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitako moduan izan ezik.

3.– Zigor-arloko jurisdikzioko eta Fiskaltzako organo judizialek izango dituzte, modu iraunkorrez esleitzen zaizkien ikerketa kriminaleko eta Polizia judizialeko unitateei dagokienez, Segurtasuneko Indar eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 35. artikuluak aitortzen dizkieten ahalmen berberak.

4.– Ikerketa kriminaleko eta Polizia judizialeko unitateetako funtzionarioei diziplina-espediente bat irekitzen zaienean, eta espedientearen xedea diren gertakariek harreman zuzena badute agindu zaien ikerketarekin, mendeko diren organo judizialaren edo Fiskaltzaren txostena eskatuko da, eta horrek ez du kenduko egokitzat jotzen dituzten beste batzuk ere ematea.

5.– Sekzio honetan ezarritakoa kenduta, ikerketa kriminaleko eta Polizia judizialeko zerbitzuei atxikitako funtzionarioen erregimena, oro har, lege honetan Ertzaintzarentzat aurreikusten den berbera izango da.

115. artikulua.–

Segurtasun-arloan eskumena duen sailak bultzatuko du Ertzaintzaren partaidetza ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko koordinazioari buruzko batzorde eta foro erregional, estatal eta nazioarteko garrantzitsuetan».

Hirurogeita bi.– Hau da 117. artikuluaren testu berria:

«117. artikulua.–

1.– Udaltzaingorik ez duten udaletan, udaltzaingo-zerbitzu bat sortu ahal izango da, gehienez ere bost agente-plazarekin, eta haien artean nagusi koordinatzaile bat izendatu ahal izango da, izendapen librez, haien postuetan agertzen diren beste eginkizunen artean, lege honen 27.1 artikuluan jasotzen diren eginkizunak betetzeko.

2.– Zerbitzu horietako langileak, armak eraman edo ez, agintaritzaren agente izango dira beren eginkizunak betetzen dituztenean, uniformea erabiliko dute eta dagozkion dokumentazioarekin eta bereizgarriarekin egiaztatu behar dute agintaritzaren agente direla. Haien jarduera-eremua bakoitzari dagokion udalerria izango da, alde batera utzita hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretarako kasu bakoitzean indarrean dagoen legedian xedatutakoa.

3.– Udaltzaingo-zerbitzuetako langileak C1 azpitaldeko funtzionarioak izango dira, ondorio guztietarako parekatuta egongo dira udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente-kategoriarekin eta lege honetan xedaturikoa aplikatuko zaie, bai eta toki-administrazioko funtzionarioei aplikatu beharreko estatutua ere.

4.– Udaltzaingoko agente-kategoriarako ezarritako irizpide berberen arabera hautatuko dira, ezagutzen probak dagozkion titulaziora egokituta, eta aurrez prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian».

Hirurogeita hiru.– 117 bis artikulu berri bat gehitzen da, honako hau:

«117 bis artikulua.–

1.– Udaltzaingoa duten udalerriek izendatu ahal izango dituzte, hala eskatzen duten behin-behineko beharrak sortzen direnean, polizia-laguntzaile funtziodun bitarteko funtzionarioak, lege honen 27.1 artikuluaren d) eta i) paragrafoetan ezarritako funtzioak bete ditzaten eta Udaltzaingoaren elkarlanean aritu daitezen, bai eta herriguneetan trafikoa antolatzen, mugikortasun-agenterik gabeko udalerrietan.

2.– Beren funtzioak betetzeko, udaltzain-laguntzaileek udaltzainei dagokien uniformea jantzi beharko dute, plaka-ikurrik eta bereizgarririk gabe besaburuetan, eta ondo agerian jarrita beren polizia-laguntzaile izaera, bai uniformean, bai lanbide-egiaztagirian».

Hirurogeita lau.– Hau da 118. artikuluaren testu berria:

«118. artikulua.–

1.– Udaltzaingoaren kidegoak eskaletan egituratzen dira hierarkikoki, eta eskala horien barruan, kategoria hauetan:

a) Goi-mailako eskalan: intendente-kategoriarekin.

b) Eskala betearazlean, bi kategoriarekin: komisarioa eta komisariondokoa.

c) Ikuskapen-eskalan, bi kategoriarekin: ofiziala eta ofizialondokoa.

d) Oinarrizko eskalan, bi kategoriarekin: agente lehena eta agentea.

2.– Eskalak ondorengo lanbide-taldeetan eta azpitaldeetan sailkatzen dira:

a) Goi-mailako eskala talde hauetan sailkatzen da: A taldea eta A1 azpitaldea.

b) Eskala betearazlea talde hauetan sailkatzen da: A taldea eta A2 azpitaldea.

c) Ikuskapen-eskala eta oinarrizko eskala talde hauetan sailkatzen dira: C taldea eta C1 azpitaldea.

3.– Udaltzaingoetan eskalak eta kategoriak sortzeak Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezartzen dituen kategorien arteko proportzionaltasun-irizpideei erantzun behar die, biztanleria, herriaren ezaugarriak eta agente kopurua kontuan hartuta, eta dagozkion kategoriak sortzera behartuta egongo dira honako kasu hauetan:

a) Intendente-kategoria, 150.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, bertako polizia-kidegoak 200 agente edo gehiago baldin baditu plantillan.

b) Komisario-kategoria, 50.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 100 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

c) Komisariondoko kategoria, 25.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 40 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

d) Ofizial-kategoria, 15.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 20 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

e) Ofizialondoko-kategoria, 15.000 biztanle baino gutxiago eta plantillan 5 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

4.– Goragoko kategoria bat eratzeko, azpiko beste kategoria guztiek aurrez eratuta egon beharko dute».

Hirurogeita bost.– Hau da 119. artikuluaren testu berria:

«119. artikulua.–

Udaltzaingoaren buruzagitzako lanpostuei dagokien kategoriari dagokionez, buruzagitza pertsona bakar baten esku dagoenean, Udaltzaingoarentzat onartutako hierarkia-egiturako gorengo kategoriari egokituko zaio, aurreko artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz».

Hirurogeita sei.– Hau da 120. artikuluaren testu berria:

«120. artikulua.–

1.– Udal batek premiaz eta aldi baterako lanpostuak bete behar dituenean Udaltzaingoko zenbait kategoriatan, legez ezarritako udalen arteko lankidetza-bitartekoen arabera jokatu ahalko du, edo zenbait bitarteko funtzionario izendatu, funtzio publikoko legeriak orokorrean ezarritakoaren arabera, betiere bitartekoei beren zereginetan jarduteko oinarrizko prestakuntza ematen zaiela bermatzen badu. Azken kasuan, plantillako plaza hutsak izanez gero, izendapena egiteko beharrezkoa izango da aldez aurretik plaza huts horiek enplegu-eskaintza publikoan sartzea eta plaza horiek jabegoan betetzeko prozesua hasita egotea, edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari hautaketarako kudeaketa-gomendioa eskatzea.

2.– Toki-erakundeek Ertzaintzaren laguntza eskatu ahal izango diote segurtasun-arloan eskumena duen sailari, Udaltzaingoari dagozkien polizia-funtzio hutsetan, bai eta herriguneetako zeharbideetan trafikoa antolatu eta zuzentzeko ere, polizia-kidegorik ez badute edo, izanda ere, beren eskumeneko zerbitzu guztiak emateko baliabide nahikorik ez badute. Azken kasu horretan, lankidetzak ezin izango da iraunkorra izan.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak lan-poltsak osatu ahal izango ditu, bitarteko funtzionarioak udaltzain laguntzaile edo udaltzain funtzionario izendatzeko, berak antolatutako oinarrizko ikastaro espezifikoak gainditu dituztenekin. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zehaztuko ditu ikastaroa egiteko baldintzak».

Hirurogeita zazpi.– III. kapitulua gehitzen zaio V. tituluari («Mugikortasun-agenteak»), eta honela geratzen da:

«III. KAPITULUA
MUGIKORTASUN AGENTEAK

121. artikulua.–

1.– Biztanle ugari duten udalerrietan, Udalbatzaren Osoko Bilkurak funtzionario batzuk izendatu ahalko ditu herrigunean trafikoa antolatzeko, seinalatzeko eta arautzeko funtzioak esklusiboki betetzeko, trafiko eta bide-segurtasuneko arauetan ezarritakoaren arabera, eta mugikortasun-agente deituko dira. Hori egiteak ez du ekarriko agente kopurua handitzea, ezta langile-kostuak ere.

2.– Beren eginkizunak gauzatzean aginte-agentetzat joko dira, tokian tokiko Udaltzaingoko langileen mende, baina kidego horietan sartu gabe; ezin izango dute su-armarik eraman eta haien uniformeak argiro bereizi beharko dira Udaltzaingoak berezko dituenetik.

3.– Plaza horiek eskuratzeko, C-2 klasifikazio-taldeari edo baliokideari dagokion titulazioa eduki beharko da, eta aldez aurretik ikastaro teoriko-praktiko bat gainditu beharko dute, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo hark ordeztutako prestakuntzako udal-zentroetan, eta beste gainerako kontuetarako tokiko funtzionarioentzat aurreikusitako arau erkidearen arabera jo beharko dute».

Hirurogeita zortzi.– Hogeigarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«HOGEIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioek, baldin eta kondizio hori galdu badute erretiroa hartu dutelako, kidegoko kide erretiratuaren kondizioari eutsiko diote, erretiroa hartzerakoan zuten kategoriarekin, eta uniformea jantzi ahalko dute ekitaldi instituzional eta sozial hotsandikoetan, agiri profesionala izan eta ikur-plaka gorde, zeinak behar bezala aldatuko baitira erregelamendu bidez ezartzen den moduan».

Hirurogeita bederatzi.– Hogeita batgarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«HOGEITA BATGARRENA

Zerbitzu aktiboaz besteko egoeretan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioek, bai eta erretiroa hartzeagatik funtzionario-kondizioa galdu dutenek ere, baldin eta judizio batean bertaratu behar badira lekuko edo peritu gisa zerbitzu aktiboan eman zuten denborarekin zerikusia duten gertakariak edo ikerketak direla-eta, zerbitzu-arrazoia dela-eta aktiboan dauden funtzionarioentzat aurreikusitako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango dute. Judizioan bertaratu daitezen errazte aldera, oraingo helbidea jakinarazi beharko diote Administrazioari».

Hirurogeita hamar.– Hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«HOGEITA BIGARRENA

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak krimen-ikerketari eta Polizia judizialari buruzko prestakuntza-jarduera espezifikoak antolatu ahalko ditu udaltzaingoentzat, horrelako eginkizunak bete ditzaten ekainaren 28ko 15/2012 Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen 44.3 eta 4 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Erregelamendu bidez arautuko da udaltzaingoetako funtzionarioak Ertzaintzako krimen-ikerketako eta Polizia judizialeko unitateetara zerbitzu-eginkizunetan atxikitzeko aukera».

Hirurogeita hamaika.– Hogeita hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«HOGEITA HAMAHIRUGARRENA.

1.– Alkateek, Udaltzaingoko burutzaren aurretiko txostenarekin, baimena eman dezakete destinoak trukatzeko zerbitzu aktiboan dauden eta zenbait udalerritan zerbitzua ematen duten udaltzaingoetako langileen artean, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Biak ala biak Udaltzaingoko karrerako funtzionario izatea.

b) Eskala eta kategoria berekoak izatea.

c) Eskatzaileetako bat ere ez ari izatea buruzagitza-postu bat edo izendapen libreko postu bat betetzen.

d) Zerbitzu aktiboan bost urtez jarraian egon izana, eta batak eta besteak zerbitzuan eman duten urte kopuruaren diferentzia ez izatea hamar urte baino handiagoa.

e) Gutxienez hamar urte falta izatea legez ezarritako erretiro-adina betetzeko.

f) Trukatzaileetako batek ez hartzea borondatezko erretiro aurreratua edo borondatezko eszedentzia trukea egin eta hurrengo bi urteetan. Kasu horretan, eraginpean dauden bi korporazioetako edozeinek deusezta dezake trukea erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren bitartez.

g) Eskatzaileetako batek ere ez edukitzea diziplina-espedienterik irekita edo zehapen bat betetzen ez egotea.

2.– Trukatzaileetako batek ere ezin du beste truke bat eskatu aurreko trukea egin zenetik bost urte igaro arte.

3.– Lanpostuak betetzeko prozesu honetan emandako baimenetan, aintzat hartuko da funtzionarioen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea».

Hirurogeita hamabi.– Hauek guztiak kentzen dira: hirugarren xedapen gehigarria, zortzigarrena, hamabigarrenaren lehenengo eta hirugarren atalak, eta hamaseigarrena; bai eta xedapen iragankorretatik, lehena, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, bosgarrena, zazpigarrena, zortzigarrena, bederatzigarrena, hamargarrena, hamaikagarrena eta hamabigarrena ere.

Hirurogeita hamahiru.– «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria» jartzen da 42.2 eta 67.1 artikuluetan Ertzaintzaren Aldizkaria aipatu beharrean.

Hirurogeita hamalau.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legean, «Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia» aipatzen den guztietan, «Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia» jarriko da; eta «Barne Saila» edo haren organoak aipatzen direnean, berriz, «Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloko eskumena duen saila» jarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Martxan dauden hautaketa-prozesuak eta lanpostuak betetzeko prozesuak.

Gaur egun indarrean dauden hautaketa-prozesuek eta lanpostuak betetzeko prozesuek beren deialdiko arauen araberakoak izaten jarraituko dute.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kondekorazio-erregimena eta zerbitzu-ekintza.

Harik eta 79 bis eta 80. artikuluetan ezarritakoa erregelamendu bidez garatu arte (zerbitzua ematerakoan gertatzen den heriotza eta nahitaezko erretiroa direla-eta ematen diren prestazioei eta ohorezko aitorpenen erregimen berriari buruzkoak), lege honen aurka ez dagoen guztian, urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan eta urtarrilaren 26ko 27/2010 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da (lehena Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzekoa, eta, bigarrena, Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzainen kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio-eta sari-erregimenari buruzkoa).

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Diziplina-espedienteak.

Aurreko xedapenek arautuko dituzte arau hau indarrean sartzen den unean izapidetzen ari diren diziplina-espedienteak, salbu eta arau honetakoak espedientatutako pertsonaren aldekoagoak badira.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Superintendente-kategoria.

Sei hilabeteko epean, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda aldatuko da, superintendente-kategoriarako erreserbatutako lanpostuak lege honetan ezarritakoaren arabera egokitzeko.

Aldaketa hori egin arte, legea indarrean hasten denean superintendente-kategoriako lanpostuak betetzen dituztenek jarraituko dute kategoria horri esleitutako ordainsariak jasotzen, aurreko arauen arabera.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Langileak oinarrizko eskalan sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoetako langileek, baldin eta lege hau indarrean hasi aurretik ezarritako prozeduretan Ertzaintzaren edo udaltzaingoen oinarrizko eskalako agentearen izendapena lortu badute, ondorio guztietarako sartuko dira lege honetan aurreikusitako kategoria eta sailkapen-talde berrietan, abenduaren 13ko EDU/3497/2011 Aginduan (abenduaren 26ko BOE) ezarritako baliokidetza egiaztatuz. Haren bidez ezarri da, hain zuzen, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agentearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoetako agentearen baliokidetza hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketako teknikari-tituluarekiko.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udaltzaingoko funtzionarioak goi-mailako eskalan sartzea.

1.– Intendente-kategoriako Udaltzaingoko funtzionarioak berez sartzen dira goi-mailako eskalan. Orobat, komisario- eta komisariondoko-kategoriako funtzionarioak berez sartzen dira eskala betearazlearen barruan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean sartu aurretik A mailako lanpostua lortu zuten eta horren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortutako plaza baino maila baxuagoko kategorietan sartu ziren Udaltzaingoko kidegoetako funtzionarioak goi-mailako eskalan sartuko dira, eragindako kategoria bakoitzeko lehentasun hierarkikoaren arabera eta baldin eta eskala horri dagokion titulazio akademikoa badute.

3.– Eskala horretan sartzeak ezingo du ekarri gastu publikoa handitzerik, ez eta jasotzen duten guztizko urteko ordainsariak aldatzerik ere; beraz, aldaketa horrek dakarren oinarrizko ordainsarien hazkundea beste ordainsari osagarri batzuek xurgatuko dute.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udaltzaingoko burutza-lanpostuak egokitzea.

1.– Lege hau indarrean sartu eta hiru urteko epean, polizia-kidegoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek kidego horietako burutza-lanpostuak egokitu egin beharko dituzte, lege honek agindutakoarekin bat etortzeko.

2.– Udaltzaingoko funtzionarioek, lege honetan ezarritakoaren arabera egokitu behar diren kidegoko burutza-lanpostuak betetzen dituztenean, izendatu zituztenean ezarritako baldintza berberei jarraikiz jarraituko dute lanpostu horiek betetzen, eta betetzen duten lanpostuari esleitutako ordainsariak jasoko dituzte.

Langile horiek birkalifikatutako postuari dagokion kategorian sartuko dira, betiere baldintza hauek betetzen badituzte: leku horretan izatea lege hau indarrean sartu aurreko bost urteetan behin betiko destinoa, kategoria horri dagokion titulua izatea, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako egiaztapen profesionaleko ikastaro teoriko-praktikoa gaindituta izatea, zeinean kontuan hartuko baitira esperientzia profesionala, espezializazioko eta gaikuntzako ikastaroak eta aurrez eskatutako ezagutzak.

Eskala horretan sartzeak ezingo du ekarri gastu publikoa handitzerik, ez eta jasotzen duten urteko ordainsariak aldatzerik ere; beraz, aldaketa horrek dakarren oinarrizko ordainsarien hazkundea beste ordainsari osagarri batzuek xurgatuko dute.

ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aguazilak.

1.– Udaletan aguazil, zaindari edo antzeko izendapenik duten langile funtzionarioak C taldean sartuko dira, C1 azpitaldean, Udaltzaingoko zerbitzuko agentearen kategorian, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean. Horrek ez dakar, ordea, nahitaez gastu publikoa handitzea edo funtzionarioen urteko ordainsari osoak aldatzea- Hala ere, funtzionarioen ordezkari sindikalek eta udalek negoziatu dezakete, ekitaldi bakoitzean aurrekontuen legeak administrazio publiko guztietarako oinarrizko izaerarekin ezartzen dituen mugen barnean.

2.– Agente-kategorian sartzeko eskatzen den titulazioa ez duen langilea kategoria horretan sailkatuko da 10 urteko esperientzia egiaztatzen badu aguazil gisa, edo 5 urteko esperientzia badu eta prestakuntzako ikastaro espezifikoa gainditzen badu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

3.– Titulazioaren edo antzinatasunaren eskakizuna egiaztatzen ez duen langileak, edo aurreko puntuan aipatu den prestakuntzako ikastaro espezifikoa gainditzea, kategoria horretan sailkatuko da soilik ordainsariari dagozkion ondorioetarako.

4.– Lege hau indarrean sartzen denean lege honen arabera aguazil gisa eratutako postuak betetzen dituzten langile finkoek postu horietan jarraitu ahal izango dute, eta lege honetan eginkizun horiek betetzean Udaltzaingoko zerbitzuko agenteentzat ezarritako babes juridikoa izango dute. Halaber, lege hau indarrean sartu eta hiru urteko epean, bi deialditan gehienez ere, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez deitutako barne sustapeneko hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izango dute, udaltzainak izateko lehia askeko hautaketa-prozesuekin batera izan ala ez, betiere beharrezko titulazioaren baldintza eta gainerako eskakizunak betetzen badituzte; ondorio horietarako, meritu gisa baloratuko dira lan-kontratudun langile gisa emandako zerbitzuak eta izaera hori eskuratzeko gainditutako hautaketa-probak.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aguazilak Udaltzaingoko kidegoetan sartzea.

Udaltzaingoa sortzen denean udalean zerbitzuak ematen ari ziren aguazilak Udaltzaingoan sartuko dira, behin lehiaketa mugatua gaindituta, zeinean adinaren eta altueraren baldintzetatik salbuetsita egongo diren, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ezartzen duen ikastaroa gaindituta.

Udaltzaingoaren kidego berrian sartzeko prozedura gainditzen ez dutenek jarraituko dute beren funtzioak egiten ezabatu beharreko postuetan.

HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuak Udaltzaingoko kidegoetan.

1.– Udalek salbuespenezko hautaketa-prozesuen deialdi bakarra egin ahal izango dute, lege hau indarrean sartu ondoren, aldi baterako enplegua egonkortzeko Udaltzaingoan izaera estrukturala duten plazetan. Hautaketa-prozesu horiek lehiaketa-oposizioko erakoak izango dira, eta horietan baloratuko dira Udaltzaingoko lanpostuetako esperientzia orokorra eta deialdia egin duen Administrazioan emandako zerbitzuen esperientzia espezifiko, bereizi eta osagarria, hautaketa-prozesuan deitutako lanpostuetan jardutean. Lehiaketa-fasearen balorazioa ezin izango da hautaketa-prozesuan lortu daitekeen % 40a baino handiagoa izan, euskarak merezimendu gisa duen balorazioa alde batera utzita.

2.– Udaltzaingoko kidegoko kategorian bitartekotasun-portzentajea % 40 baino handiagoa bada, enplegua egonkortzeko prozesuan sarbide-txanda berezia txertatu ahal izango da, deitutako plazetan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenentzat, deialdia egin duen Administrazioaren Udaltzaingoko kategorian. Sartzeko txanda bereizi horretarako gorde ahal izango da eskainitako plazen % 60ra arte.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatu diren enplegua egonkortzeko prozesuetan, adinaren gehienezko muga udaltzaingo-kidegoan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da. Muga hori ez zaie aplikatuko deialdia egin duen Administrazioan gutxienez zortzi urteko esperientzia egiaztatu duten langileei, deitutako plazak dagozkion Udaltzaingoko kategorian.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lanpostuen zerrendak.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak horien mende dituzten administrazioek, ez badute beren lanpostu-zerrendarik egin, bi urteko epean egingo dituzte lege hau indarrean sartzen denetik.

AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Testu bategina prestatzeko gaikuntza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean sartu zenetik lege horri sartu zaizkion aldaketak testu bakar batean egonkortzeko, baimena ematen zaio Gobernuari, aipatu arauaren testu bategina egiteko eta onartzeko, segurtasun-arloan eskumena duen sailak proposatuta, lege hau indarrean sartzen denetik hamabi hilabeteko epean, berriz ere zenbatuz behar beste artikulu, kapitulu eta xedapen, legeek beren baitan beste arau batzuetara egiten dituzten bidalketak egokituz, hizkuntzaren erabilpena ez sexista egiteko egokituz, eta bategin egin beharreko legezko testuak arautuz, argituz eta harmonizatuz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen aldaketa.

Aldatu egiten da ekainaren 28ko 5/2012 Legea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa, 48. artikuluan, eta honela geratzen da:

«48. artikulua.– Lankidetza-hitzarmenak.

1.– Behar bereziak sortuko balira, urte-sasoiari edo polizia-zerbitzuaren inguruabar berezi edo apartekoei lotutakoak, mugakideak edo geografikoki hurbilak diren udalerri interesdunek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte elkarren artean, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak baimena eman ondoren, Udaltzaingoko langile funtzionarioek, banaka zehaztuta, aldi jakin batean udal interesdunaren lurralde-esparruan aldi batez jardun ahal izan dezaten, funtzio publikoari buruzko legedian jasota datozen mekanismoak aplikatuta. Akordio horiek jarduteko eremua edo eremuak zehaztu beharko dituzte, eta erregelamenduz zehazten diren baterako jarduerarako irizpideak errespetatu.

2.– Artikulu honen arabera norberaren udal-mugartetik kanpo egiten diren zerbitzuak, betiere, jarduten den udalerriko alkatearen burutza gorenaren pean egingo dira, eta alkateak berak izendatuko du aginte operatiboa, zerbitzuaren izatasunaren eta berezitasunen arabera».

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernu Kontseiluak lege hau indarrean sartu eta 12 hilabeteko epean ondu eta onetsiko ditu lege honen aurreikuspenak garatzeko erregelamenduak.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Garapen profesionalerako sistema ezartzea Ertzaintzan.

1.– Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Ertzaintzako garapen profesionalerako eta karrera profesionalerako sistema garatzeko dekretua onetsiko du, eta hura abian jartzeko mekanismoak garatuko ditu, kontuan izanik sistema hori ezartzeko faseak, xedapen honetan agertzen diren parametroei jarraikiz.

2.– Dekretuak hasierako ezarpen-fasea jasoko du. Fase hori 2023ko abenduaren 31n amaituko da, eta, hor, mailaketa-prozedura bakarraren deialdia egingo da garapen-dekretua indarrean sartu eta hurrengo hiru hilabeteetan. Hura ebaluatzeko, bi faktore hartuko dira kontuan:

a) Langileak Ertzaintzan duen antzinatasuna; zerbitzuan lan egiten igarotako denborak zenbatuko dira, lege honetan ondorio horietarako adierazten denarekin bat.

b) Lana eta kualifikazioa; oro har, zera hartuko da aintzat:

– Zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran lan egiten igarotako denboraldiak, bai eta antzinatasuna kalkulatzeko zenbatzen diren gainerako egoeretan lan egiten igarotakoak ere.

– Lanbide-kualifikazioa: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak, titulazio akademiko ofizialak eta hizkuntzak.

– Merezimenduzko ekintzak, hala nola polizia-lana aitortzeko dominak, polizia-zerbitzuagatiko diploma, diziplina-zigorrik eza, ekitaldietan parte hartzea Ertzaintza ordezkatuz, eta goragoko kategoriaren bateko eginkizunetarako esleitua izatea.

– Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa; horren erakusgarri izan daitezke presentzia-ehunekoa, jardueretako partaidetza-maila, lantaldeak edo hobekuntza-ekimenak, taldean lan egiteko gaitasuna, eta hobekuntza eta aldaketarako egokitzapena sustatzen dituzten sistemak, ereduak eta lan-metodologiak ekartzea.

3.– Eskala bakoitzeko dimentsioak, beren guztizko puntuazioari dagokionez, ponderazio hauen arabera ebaluatuko dira:

Eskala Antzinatasuna Lana eta Kualifikazioa

Oinarrizkoa % 60ra arte Gainerakoa

Ikuskapena % 45era arte Gainerakoa

Betearazlea % 40ra arte Gainerakoa

Gorena % 30era arte Gainerakoa

4.– Mailaketaren ebaluazioa gainditzeko, Ertzaintzako funtzionarioak % 50 baino gehiagoko puntuazioa eduki behar du bi ebaluazio-faktoreetako bakoitzean.

5.– Erregelamendu bidez zehaztuko da zer parametro behar diren eta urteko jarduna nola ebaluatuko den egokiro garapen profesionalagatiko osagarria ordaintzeko, bai eta zer zenbateko ekonomiko dagozkion ere maila eta eskala bakoitzari.

6.– Sistema ezartzen den lehenengo urtean, zenbateko hauek jasoko dira karrera profesionalagatiko osagarri gisa maila eta eskala bakoitzean, hots, ezarpen-fasea amaitzen denetik osagarri horri dagokion guztizko zenbatekoaren % 25, zeina eskala bakoitzari dagozkion beheragoko mailetako zenbateko hauei baitagokie:

Oinarrizkoa 344,5 euro

Ikuskapena 409,9 euro

Betearazlea 469,84 euro

Gorena 584,85 euro

Ehuneko hori igo egingo da urtez urte, ezarpen-fasean zehar, progresio honen arabera: bigarren urtean, % 50 izatera pasatuko da; hirugarrenean, % 75 izatera; eta laugarrenean, % 100 izatera. Zenbatekoak eguneratu ahal izango dira aurrekontu-legeek edo aplikatzekoak diren xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

7.– Jaurlaritzari baimena ematen zaio behar diren aurrekontu-aldaketak egiteko, diru-sarrerak eta gastuak eta produktibitatea hobetzeko proiektu gisa garapen profesionalerako sistema ezartzeak eragin ditzakeen kreditu-sortzapenak edo, hala badagokio, -gaikuntzak egokitu daitezen. Egokitzapen horiek errespetatu beharko dute betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloan ekitaldi horietarako ezarri dituen helburuak eta konpromisoak.

AZKEN XEDAPENENETATIK BOSGARRENA.– Fakultatiboen eta teknikarien eskala garatzea.

Azken xedapen bigarrenak aipatutako epe berean, fakultatiboen eta teknikarien eskala garatuko da, eta finkatuko da zer unitate eta plaza behar diren.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Gehieneko adinaren eskakizuna salbuestea.

1.– 2014ko, 2015eko eta 2016ko deialdietan Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-kategoriara sartzeko eskatzen den gehieneko adinaren baldintza betetzetik salbuetsita daude aipaturiko hautaketa-prozesuetan kautelaz parte hartuta oposizio-fasea gainditu duten eta kautelaz praktiketako funtzionario izendatu diren izangai guztiak.

2.– Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-kategoriara sartzeko 2016an deitutako hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditu arren dagokion hautaketa-prozesua burutu ez duten izangaiek, adina dela-eta prozesu horretatik kanpo geratu direlako, eskubidea izango dute dagokion hautaketa-prozesua burutzeko.

3.– Xedapen hau indarrean jarri eta hurrengo bi hilabeteetan, edo, hala badagokio, praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, interesdunek berek berariaz uko egin ezean, Ertzaintzako karrerako funtzionario izendatuko dira, oinarrizko eskalako agente-kategoriarekin, egoera hauek betetzen dituzten izangaiak:

a) 2014an, 2015ean eta 2016an deitutako hautaketa-prozesuetan behin-behinekoz parte hartu dutenak, nahiz eta 35 urte baino gehiago izan deialdiak egin ziren unean;

b) hasieran eskatzen zen gehieneko adinaren baldintza kontuan hartu gabe, dagokion hautaketa-prozesua gainditzen dutenak edo gainditu dutenak.

AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 2a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala