Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2019ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3321

EBAZPENA, 2016ko urriaren 26koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Elgoibarko udalerrian sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduerari.

AURREKARIAK

2014ko abuztuaren 17an, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Elgoibarko udalerrian hondakin ez-arriskutsuen zabortegia instalatzeko.

Halaber, 2011ko abuztuaren 2an, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen jarduera hirigintzarekin bateragarria dela egiaztatzeko eskaria egin zion Elgoibarko Udalari (Gipuzkoa).

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2014ko abenduaren 22an emandako ebazpenaren bidez, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2015eko urtarrilaren 19an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, alegaziorik aurkeztu ez dela egiaztatu da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2015eko otsailaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Elgoibarko Udalari, Gipuzkoako URAri eta Osasun Sailari.

2016ko irailaren 12an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betetzeko, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa) 1. artikuluan dio atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea duela helburu, edo hori ezinezkoa bada, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz ingurumen osoaren babes-maila altua lortzeko.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean (lege horren bidez aldatzen dira Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea) jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horiez gain, aipatu legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak hartzen ditu barne baimen honek, baita, eranskin horretan jasota ez egonik, jarduera horrekin erlazio teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurketen, igorpenen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak xedatzen duena aplikatzeko, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: jarduteko lizentzia, saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere nahitaezko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.

Aipatu uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu. Ondore horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Aipatutako 28. artikuluan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruz aplikatu behar diren autonomia-erkidegoko arauei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean (Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa). Adierazitako aginduak aplikatuz, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) ingurumen-baimen integratuaren barne daude Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien balioak zehazte aldera, eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko baldintzak zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan da teknika erabilgarri onenen erabilera, bai eta hondakinak zabortegira eramanez ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako neurriak eta baldintzak ere.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa) 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan (Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ebazpen-proposamena, 2016ko irailaren 12koa; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra (Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzkoa); uztailaren 1eko 16/2002 Legea (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa); ekainaren 11ko 5/2013 Legea, hura aldatzekoa; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua (industriako emisioen Erregelamendua onartu eta 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa, garatzen duena); ingurumen-ebaluazioari buruzko Legea (abenduaren 9ko 21/2013 Legea); apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua (Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena); azaroaren 26ko 30/1992 Legea (Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena); urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena); eta aplikazio orokorreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateari (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Elgoibar udalerrian (Gipuzkoa) hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat instalatzeko ingurumen-baimen integratua ematea, ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera; mankomunitateak Eibarko (Gipuzkoa) Egigurentarren kaleko 2. zenbakia behean du egoitza soziala, eta G-20079703 IFK zenbakia du.

Jarduera 5.4 kategorian sartuta dago: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik», uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoak, 1. eranskinean adierazitakoari jarraituz.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) garatutako jarduera hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat zigilatzea, haren mantentze-lanak egitea eta hura itxi ondorengo kontrola egitea da.

Zabortegia Elgoibarko udal-mugartean dago kokatuta, Urruzuno auzoan. 15.000 m2 ditu eta honako hauekin egiten du muga: iparraldean, Spriren jabetzako lehen isuri-ontziarekin; hegoaldean, Urruzuno errekarekin; ekialdean, auzo-pista batekin; eta mendebaldean, San Antolin mendiaren lursail naturalarekin.

Zabortegira N-634 errepidearen desbideratze batetik joaten da, Elgoibarko erdigunetik Albitxuriko Industrialdera igotzen den bidetik, Urruzuno auzoan.

Urruzunoko zabortegia 1989tik 2006ra bitartean ustiatu zen bi eremutan, eta data horretan, hondakinak biltzeari utzi zitzaion; dena den, 2007ko azarora arte jarraitu zuen mankomunitateko garbiguneetako hondakinak jasotzen.

Lehen eremua (1. eremua) 2000. urtera arte ustiatu zen, eta data horretan, baimen honen xede den bigarren eremua (2. eremua) egokitu zen; zabortegiaren uretan gorako 1. eta 2. handitze-lanak ere deitu zitzaion, eta 2007. urtera arte egon zen aktibo.

Lehen eremua itxi ondoren, industrialde bat eraiki zen eremu horretan (Albitxuriko industrialdea). Urruzunoko zabortegiaren 1. eremua itxi ondorengo kontrol- eta mantentze-baldintzak araututa daude Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2013ko urriaren 14ko Ebazpenean.

Bigarren eremua amaituta dago (zabortegia ibaian gora handitzeko 1. eta 2. faseak), baina guztiz itxi gabe, eta arestian esan dugun moduan, 2007an eten zen bertako jarduera. Ustiatu zen azken faseak zigilatze-sistema bat du oinarrian, honako hauez osatua: lurren nibelazio-geruza, 0,5 metroko buztinezko geruza trinkoa, 1,5 mm-ko lodierako HDPE geomintz bat eta PPzko sastatzearen aurkako geozuntza.

Betelan-gainazalera goialdetik iristen da; bertan, 5.000 m2 inguruko zabaldegi bat dago. Ezponden alderdi guztia landarediaz beteta dago.

Zabortegiaren gainazala 50 cm-ko lodierako buztinezko geruza batek estaltzen du eta, bertan, 10-15 cm inguruko landare-lur geruza bat dago.

Zabortegia Deba ibaira isurtzen den Aranbeltz errekaren gainean dago kokatuta. Hari kalte ez egiteko, zabortegi osoa zeharkatzen duen hormigoizko galeria aurrefabrikatu bat eraiki zen, Deba ibaiarekin bat egiten duen puntura iritsi arte.

Lixibiatuak jasotzeko sare bat dago, legarrez estalitako PVC bidezko hodi artekatu batez osatua; hark galeriaren sarreran kokatuta dagoen kontrol-kutxatila batera eramaten ditu lixibiatuak. Lixibiatu horiek 1. eremuko (lehengo zabortegia) lixibiatuekin bat egiten dute eta, azkenean, Gipuzkoako Uraken biltodira bideratzen dira biak, isurpen-puntu bakar batekin. Kaudalimetro bat dago isurpen-puntura iritsi baino lehen dagoen kontrol-kutxatilan.

Zabortegiak bi piezometro ditu zabortegiaren punturik baxuenean.

Hondakin ez-arriskutsu eta ez-organikoetarako zabortegiaren sailkapena (materia organiko edo biodegradagarri gutxi dutenerako) (B1b azpikategoria) du instalazioak, sailkapen hori baitagokio otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, agintzen duen sailkapenari erreparatuta.

Puntu hauek mugatzen dute isuri-ontzia (UTM ETRS 89 koordenatuak):

X: 548581,25 Y: 4785067,50

X: 548591,62 Y: 4785062,78

X: 548620,86 Y: 4785032,60

X: 548644,44 Y: 4785003,84

X: 548705,27 Y: 4784980,26

X: 548763,75 Y: 4784943,47

X: 548752,90 Y: 4784919,42

X: 548743,94 Y: 4784913,76

X: 548725,08 Y: 4784918,95

X: 548720,84 Y: 4784917,06

X: 548690,18 Y: 4784914,23

X: 548670,85 Y: 4784919,42

X: 548662,83 Y: 4784918,48

X: 548657,64 Y: 4784902,45

X: 548650,10 Y: 4784891,60

X: 548626,99 Y: 4784898,67

X: 548603,41 Y: 4784891,60

X: 548595,40 Y: 4784890,66

X: 548553,90 Y: 4784936,87

X: 548550,60 Y: 4784965,64

Zabortegiak sartzeko eta ixteko perimetro-ate bat du eta, beraz, sarbidea uneoro dago kontrolatuta.

Bigarrena.– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Elgoibarko udal-mugartean (Gipuzkoa) sustatu duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar dio urtero Ingurumen Organoari, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Era berean, kontratatutako aseguru berri horren baldintza orokor, berezi eta espezifikoen kopia ere igorri beharko dio organo horri.

B) Sustatzaileak finantzen azterketa eguneratua aurkeztu beharko du hiru hileko epean, eta bertan sartuko ditu A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, 30 urteko aldiaren ondorengo itxiera eta mantentze-lanen zenbatetsitako kostuak eta neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betearazteari buruz baimen honetan ezarritako eskakizun guztiak. Partiden eta urteen arabera banakatuko dira gastuak aipatu finantzen azterketan.

Aurrerantzean, hamabost egunean behin eguneratuko da finantzen azterketa, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko da.

Gainera, azterketa egiteko, finantzen azterketa egiteko irizpideei buruzko argibide teknikoetan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko dira, ingurumen-organoak zehaztutakoak.

C) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako edozein daturen aldaketen berri emango dio Ingurumen Sailburuordetzari.

D) Babes eta zuzenketa-neurriak egingo dira sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

D.1.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak eta lurzoruaren okupazioa ekartzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako esparru horretan ustekabeko kalteren bat sortuz gero, neurri zuzentzaile eta eraberritzaile egokiak hartuko dira, ebazpen honen D.1.7 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian. Zehaztapen hori obraren zuzendaritzak onartu behar du, D.1.7 epigrafean aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren.

D.1.2.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

b) Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze naturaleko sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.

D.1.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, bai obrek eragindako ingurunean, bai horietarako sarbideetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran. Gailu horien ezaugarriak eta horien lokalizazio zehatza jaso beharko dira ebazpen honen D.1.8 puntuan aipaturiko agirietan.

D.1.4.– Zarataren eta bibrazioen eragina gutxitzeko neurriak.

Eraikuntza-fasean, proiektuan eta ebazpen honetan deskribatutako neurriak aplikatu beharko dira makinek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen ingurunerako soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa betez (errege-dekretu hori apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du), eta haien mantentze-lanei eta lan-ordutegiei dagokienez.

D.1.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

b) Obran sortutako hondakin guztiak teknikoki eta ekonomikoki balioztatzeko aukera bada, hondakinak balorizatzeko gune baimendu batera igorri beharko dira. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.

c) Zabortegira bideratu behar diren berrerabili edo baliotu gabeko materialak zabortegietan hondakinak onartzeko irizpideen eta prozeduren arabera kudeatu behar dira.

d) Betelanetarako edo lursailak egokitzeko erabiltzen diren materialak, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

e) Hondeaketako soberakinak biltegiratzeko betelanak sustatu nahi badira, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera, dagokien betelan-proiektua idatzi beharko da udalaren edo organo horren eskutik administrazio-lizentzia lortzeko, arau horren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Olio erabiliak kubeta edo segurtasun-sistema barruko andeletan biltegiratuko dira aldi baterako, harik eta kudeatzaile baimenduak jasotzen dituen arte, andel nagusiaren hausturek edo estankotasun-galerek olioa sakabana ez dezaten. Horretarako, kontratistak beraren kubeta eta segurtasun-sistemak erabiliko dira edo Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak Urruzuno zabortegiko instalazioetan (2. eremuan) dituenak.

g) Hondakinak kudeatzeko araudia betetzea errazteko, lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin ez arriskutsu eta geldoentzako. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak, eta abar) jarriko dira obran zehar, hondakin motaren arabera bereizita. Hori guztia, aurreko paragrafoan adierazitako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da, eta horretarako, kontratistaren beraren elementuak edo Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak Urruzunoko zabortegiaren instalazioetan (2. eremuan) dituenak erabiliko dira.

D.1.6.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz.

D.1.7.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

D.1.8.– Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu ondorengo azpi-apartatuetan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek, ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira eta obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu, aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda. Ondoren lanak burutzeko programan txertatuko dira. Honako hauek dira dokumentuak:

a) Kontratistaren instalazio-eremuen lokalizazioari eta ezaugarriei eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzko xehetasunak, ebazpen honen D.1.1 apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

b) Ebazpen honen D.1.2 apartatuan aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

c) Ebazpen honen D.1.3 apartatuan aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

D.1.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Obrak egin bitartean jardunbide egokiak egiten direla kontrolatuko da, eta arreta berezia jarriko zaie eragindako eremuari eta ingurune urtarraren babesari, hondakinen kudeaketari (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko elementuen funtzionamenduari, egiten den hautsari eta zaratari, eta ebazpen honetan adierazitako gainerako alderdiei.

D.1.10.– Obra-amaierako txostena.

Obra bukatu eta hilabeteko epean, obra-zuzendaritzak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria bidali behar dio Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Ingurumen Organoari. Agiri hauek jaso behar ditu:

– Obren garapenean zehar sortutako gorabeherak.

– Ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-maila, eta hondeaketa-materialen kudeaketa zuzena gauzatzeko ingurumen-organoak eskatutako neurriena.

– Hala badagokio, obra gauzatu bitartean gehitu diren aldaketak. Xehetasunez dokumentatu beharko dira, segurtasunaren edo ingurumen-babesaren murrizketa ez dutela ekartzen egiaztatuz (dagokionean, kalkulu justifikagarriak). «As built» planoak gehituko dira.

– Obran barrena garatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzen txostena, sortu diren hondeaketa-materialen helmuga zehatza eta kantitatea barne.

– Eraikitze-kalitatearen berme-kontrolaren emaitzak jasotzen dituen txostena, bereziki, geosintetikoen instalazioarena edo in situ trinkotutako material mineralekin egindako hesi geologiko artifizialen instalazioarena.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.1.1.– Baldintza orokorrak.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) hondakin ez-arriskutsuen zabortegia ustiatzean, atmosferara egingo diren igorpenek ebazpen honetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Atmosferara igortzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien jariakinak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

D.2.1.2.– Gasen karakterizazioa eta kudeaketa.

Segurtasuna dela eta, instalazioaren jabetzaren mugan metano gasaren kontzentrazioa ez da % 5 baino handiagoa izango, ezta % 1,25 baino handiagoa ere instalazioaren espazio itxietan, kontrol-sistemen edo gasa berreskuratzeko osagaien kasuan izan ezik.

Zabortegian egon litekeen gasari dagokionez, ingurumen-organoak ezartzen dituen zabortegiko gas-igorpenak murrizteko jarraibide teknikoetan zehaztutakoa bete behar da.

D.2.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin ez-arriskutsuen zabortegia.

Jarduera taldea: 0-Zerbitzuak.

ESJN: 92150. Zaborrak eta hondakinak errausteko eta ezabatzeko zerbitzua.

(Ikus .PDF)

D.2.2.2.– Isurien emari eta bolumen karakteristikoak.

– Zabortegiko lixibiatua:

(Ikus .PDF)

D.2.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) behar bezala bete beharko ditu isurien muga-balioak, 2012ko abuztuaren 1ean argitaratutako Gipuzkoako Ur Kontsortzioko kolektorerako isurketa arautzen duen Erregelamenduan oinarrituta:

(Ikus .PDF)

Metalen kontzentrazioak elementu horien «guztizko» edukiari dagozkie.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.

D.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio aurretik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, lixibiatuak kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da; kutxeta horrek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

Era berean, efluentea kontrolatzeko (on-line kontrolak), nahitaezkoa izango da gailu hauek izatea, totalizatuaren erregistroarekin:

– Kaudalimetroa (1. eremuko eta 2. eremuko lixibiatuen nahasketa).

– Kaudalimetroa (2. eremuko lixibiatuak).

D.2.3.– Plantan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (2.d apartatua) ezarritakoa alde batera utzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organoan eta Elgoibarko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

D.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

1. hondakina: «Erabilitako olioa».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/1.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/6.

HEZ: 130205.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, makinen olioak birjartzeko lanetan.

2. hondakina: «Fluoreszenteak eta lanpara ultramoreak».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/2.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C16.

Arrisku-ezaugarria(k): H14.

HEZ: 200121.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, lanpara fluoreszenteak birjartzeko lanetan.

3. hondakina: «Berun azidozko bateria erabiliak».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/3.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C18/23.

Arrisku-ezaugarria(k): H8.

HEZ: 160601.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorretako azpiprozesuan sortzen dira, bateriak berritzeko lanetan.

4. hondakina: «Olio-iragazkiak».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/4.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

HEZ: 160107.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

5. hondakina: «Erregai-iragazkiak».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/5.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

HEZ: 160121.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

6. hondakina: «Botoi-pilak».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/6.

Helburu-eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C16.

Arrisku-ezaugarria(k): H6.

HEZ: 160603.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sortzen dira.

7. hondakina: «Gai arriskutsuekin kutsatutako materialak (trapuak, eskularruak eta xurgatzaileak)».

Identifikazioa: G20079703/2000004935/1/7.

Helburu-eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

HEZ: 150202.

Urtean sortutako kopurua: unean unekoa.

Materialak eta xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Honako hauek zehazten dituzte: zer hondakin mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen (zehaztasunez jasota daude osagai horiek ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek indarreko araudian ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta etiketatu beharko dira argi, irakurtzeko eta ez ezabatzeko moduan.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Organoari bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua egokitzen zaiela ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokie, horretarako egin beharreko jakinarazpena eginda dagoela, araudian zehaztutako aurretiaz, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute (106/2008 Errege Dekretua, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa). Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua), berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edo, bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

k) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

l) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) urtero adierazi behar dio Ingurumen Sailburuordetzari zein den sortutako hondakin arriskutsuen jatorria, zenbat hondakin sortu den, zer erabilera emango zaien, eta adierazpenari dagokion ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

m) Baldin eta Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

n) Apartatu honen e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistema erabilita.

o) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoa) 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera eman beharko dira.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile baten onarpen-agiria izan beharko dute, eta bertan zehaztuta agertu behar dira onarpenerako baldintzak. Agiri horren kopia bidali behar da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako printzipio orokorrak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua egokitzen zaiela ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) onarpen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

d) Halaber, hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da.

e) Baldin eta Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

f) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, bilketa-maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

g) Apartatu honen c) eta d) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM sistema erabilita.

D.2.4.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

Aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aldez aurretiko txostenak honako alderdi hauek bete beharko ditu sei hilabeteko epean: in-situ egiaztapena; lurzorua kaltetzeko probabilitatea zehaztea, kutsadura-iturriaren arabera; lurzoruaren kalitateari buruzko ebaluazio kualitatiboa; kokagunearen eta lurzorua kutsa dezaketen fokuak kalifikatzea; eta neurriak proposatzea.

Era berean, eta txosten horretan jasotako gomendioekin bat etorriz, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu lurzorua babesten dela bermatzeko, baita egokitzat jotzen direnak edo Ingurumen Organoak eskatzen dituenak ere.

Bost urtez behin, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiko txostena, instalazio guztiei dagokion kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiz. Aipatu txostena dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio sustatzaileak ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Lur-mugimenduak egitea biltzen duten obrak egin behar direnean (baita produkzio-jarduerarik gabeko eremuetan ere), jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz kalterik jaso ote duten egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, haiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

Alabaina, obrak egin behar badira aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere jarduerarik eza hori behar bezala justifikatzen bada.

Ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzerako proposatutako kudeaketa modua egokia dela, organoak onartu aurretik; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da, eta egindako azterketen kopia bat erantsi:

1.– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak 10 azpilagin izango ditu gutxienez, hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3-ko, baina hori aldatu ahal izango da espero izatekoa den kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, material horiek honako balioa izan beharko dute: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, dekretu honen arabera: urriaren 10eko 199/2006 Dekretua, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

3.– Lurretan ez badira gainditzen VIE-A B parametroak, ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoak, edo TPHko 50 mg/kg, lur horiek garbiak kontsideratuko dira, eta, beraz, onargarriak baimendutako betelan batean.

4.– Murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da harrizko substratu osasuntsua. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurrean kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek hartu beharreko neurriak zehaztu ditzan, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz.

E) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatzeko obrak gauzatzeko baldintzak eta betebeharrak.

E.1.– Zigilatze-obrak hasi aurretiko baldintzak.

Eraikitzailearekin eta sustatzailearekin loturarik ez duen obra-zuzendaritza bat izendatu behar du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua). Zabortegiak eraiki eta zigilatzeko lanetan espezializatutako zuzendaritza izan behar du.

Horrez gainera, enpresa bat izendatu behar du, loturarik ez duena sustatzailearekin eta eraikitzailearekin, zabortegia zigilatzeko geosintetikoen instalazioari dagokion kalitate-bermea kontrola dezan. Enpresa hori izango da ebazpen honen E.2 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko arduraduna.

Obrak hasi aurretik, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) ingurumen-organoari jakinarazi behar dio zer enpresa izendatu den zuzendaritza teknikoa gauzatzeko eta zer enpresak egingo duen zigilatze-lanetarako geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrola.

Zabortegiko biltegi bakoitzaren zigilatze-lanak hasi baino behar beste denbora lehenago, proiektua aurkeztu beharko zaio ingurumen-organo honi. Bertan, exekuzio-baldintzak, zigilatzearen sekuentzia eta obrak egiteko epeak txertatuko dira besteak beste.

Gainera, zigilatze-obrak egiteko irizpideei buruzko argibide teknikoetan, ingurumen-organoak zehaztutakoetan, ezarritakoa bete beharko da. Argibide horiek argitara emango dira.

E.2.– Zabortegia zigilatzeko obrak egiteko baldintzak eta eskakizunak.

a) Zabortegiaren akaberako zigilatzearen segida ondorengo geruzez (goitik behera) osatuta egongo da:

– Gainazala belarkien bidez estaltzea. Zabortegiaren zigilatzearen gainean zuhaixkak edo zuhaitzak landatzea, helduak direla haien tamaina eta sustraiak, sakontasuna, mota, kokapena edo ezarritako babesak direla-eta, drainatze-geruzaren, geomintzaren edo zigilatzearen hesi geologiko artifizialaren segurtasunari edo funtzionaltasunari ez eragiteko baldintzapean egongo da; eta irristaduraren aurrean, landaketak ez du segurtasun-faktorea 1,5etik behera murriztu beharko.

– Gutxieneko 0,15 metroko lodiera duen landare-lurzoruzko geruza.

– Gutxieneko 0,60 metroko lodiera duen estaldura-lurzoruzko geruza.

– Iragazketako ur garbien geruza drainatzailea. Ale-formako material natural baten geruzaz osatuta egon daiteke (legarrak edo hareak), azpitik sastatzearen aurkako geozuntzaren bidez geomintzaz bereizia, eta gainetik iragazki-geruzaren bidez, edo drainatzaile-geokonposatuaren bidez. Nolanahi ere, geruza drainatzaile horren igorgarritasuna drainatze-luzeraren, drainatzearen isurialdearen eta gaineko lurzoruaren estaldura-geruzaren eroankortasun hidrauliko asearen arabera kalkulatuko da. Horrela, ezarritako geruzaren igorgarritasunak kalkulatutako igorgarritasunarekiko = 6ko segurtasun-faktorea (FS) izan dezan eta geruza horren barruan lodiera aseak geruzaren lodiera edo 0,30 m gainditu ez ditzan; txikiena den neurria, hain zuzen ere.

– 1,5 edo 2 mm-ko lodiera duen dentsitate altuko polietilenozko geomintza (HDPE).

– Hesi geologiko artifiziala. 0,60 m-ko lodiera eta = 10-9 m/s-ko iragazkortasuna duen geruza mineral trinkotuaz osatuta egongo da, 0,15 m-ko 4 geruzaz eraikia. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten hondakin trinkotuak edo antzeko babesa bermatzen duen bentonitazko geokonposatua erabil daitezke.

– 0,50 m-ko lodiera duen erregularizazio-geruza, Proctor Aldatua entseguaren gehienezko dentsitatearen % 95era trinkotutako hondakin hautatuaz osatua.

– Gasak drainatzeko geruza, sortutako gas-emaria husteko diseinatua, zabortegiaren barruan presioak sor ez daitezen, gasak atmosferara ihes egitea edo hondakin-masaren edo zabortegia zigilatzean egonkortasun mekanikoko problemak sortzea saihesteko.

Ingurumen Organo honek ez du egokitzat jotzen «Urruzunoko zabortegia itxi eta ingurumena berreskuratzeko eraikitze-proiektuan» ezarritako zigilatze-sekuentzia, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) aurkeztu zuen eta Idemak 2010eko martxoan egin zuen proiektua. Horrenbestez, gehienez ere sei hilabeteko epea izango dute proiektua eguneratzeko eta ebazpen honetan ezartzen den zigilatze-sekuentziari egokitzeko.

Bestelako zigilatze-segidak proposa daitezke, modu egokian justifikatuz instalazioaren gorabehera zehatzei emandako soluzioa.

Ezpondaren eremuetan instalatu aurretik, zigilatzea osatzen duten geruzen egonkortasunaren azterketa egin beharko da, irristaduraren aurrean geruzek = 1,5eko segurtasun-faktorea dutela bermatu ahal izateko.

Behin betiko zigilatzearen azaleraren azken morfologia hauen arabera definituko da: utzi beharreko hondakin-masa itxi ondorengo 30 urteetan sortuko diren asentuen balioespena, eta zigilatze-segidan erabilitako materialek asentu horien ondorioz jasango dituzten deformazioei eutsiko dietela justifikatzeko kalkuluak. Modu berean, asentatzearen ondoren behin betiko zigilatzearen azalerak ur isuri garbiak biltzeko areketarantz gutxienez % 2ko isurialdea duela justifikatu beharko da, eta areka horiek diseinuko emari-ahalmenari eusteko aukera eskainiko dutela.

b) Zabortegiaren gainaldearen birmoldaketa amaitu ondoren, haren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, malda egokien gainean egiteko zigilatze-sekuentzia eta zabortegiak hartuko duen eremua eta zigilatuko den eremua zehazteko. Gutxienez metro bateko zabalerako zerrenda gehigarria hartuko du hark, birmoldaketaren ostean zabortegiak hartuko duen azalerarekiko. Plano takimetriko horren gainean, zigilatzeko lanetan zehar ager daitezkeen lixibiatuen iturburuak kokatuko dira, horietako bakoitzean hauek zehaztuz: emaria, pH, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurketaren eguna.

c) Zigilatze-lanetan zehar sortzen den eta aldaketa nabarmenak eragiten dituen zigilatze-proiektuaren aldaketa oro Ingurumen Organoari jakinarazi behar zaio, gauzatu aurretik onar dezan.

d) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatu ondoren, zigilatze-lanen zuzendariak lanak ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betebeharren eta ebazpenaren oinarri den agiri teknikoen arabera bete dela egiaztatu beharko du. Egiaztapena egiteko, obra-zuzendariak sinatutako zabortegia zigilatzeko obra-amaierako ziurtagiria bidali beharko du, honako agiri hauekin batera:

– Eraikitze-proiektua («as built»), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda duela. Plano-jokoa eta obra-fasean egindako aldaketek ebazpen honetan eta ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunei dagokienez segurtasunaren murrizketa ekartzen ez dutela adierazten duen justifikazioa. Halaber, obra bukatzerakoan ezin ikusi diren elementuen eta euren ezaugarrien argazki-erreportajea egin beharko du, xehetasunen ikuspegiak zein planoan duten kokalekua azalduz, ikuspegi panoramiko orokor gisa.

– Plano topografiko bat, zigilatze-sekuentziaren landare-lurraren geruzaren gainazalarena, UTM ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan emana.

– Eraikuntza-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria eta emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak; horrez gainera, zenbait eranskin bilduko ditu, landa-laneko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasoko dituztenak (azken horiei buruz txosten osoak jasoko dira), bai eta laginketa-puntuek kokapena plano takimetrikoan duten kokapena ere.

e) Aurreko apartatuan adierazitako obra-amaierako ziurtagiria eta hari erantsitako dokumentazioa Ingurumen Organoari aurkeztu beharko zaio, onar dezan. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, ingurumen-organoak isurketaren jarduera etetea, zigilatzearen bukaera eta itxi ondorengo aldia abiatzea onartuko du.

F) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo baldintzak.

a) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) izango da zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta eginkizun horiez arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio ingurumen-organoari.

b) Zabortegiaren titularrak jakinarazi beharko du honako hauen inguruan izandako edozein aldaketa: posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, eta zabortegia itxi osteko kontrolaz arduratuko den pertsona.

c) Itxi ondorengo kontrola eta zaintza-aldia 30 urtekoa izango da, zabortegiaren jarduera eten eta zigilatzea bukatu dela onartzen den egunetik hasita. Ingurumen-organoak hala irizten badio, data hori aldatu ahal izango da, itxi ondorengo kontroletan barrena lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, ingurumen-organoak emandako ebazpenaren bidez ezarriko dira itxi ondorengo aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik apartatu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

d) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) erabakiko du nork zainduko dituen zabortegia itxi ondorengo lanak. Enpresa hori ez baldin bada zabortegiaren titularra, enpresa hori gutxienez urtebeterako izendatuko du titularrak. Izendapen horren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi osteko zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua barne izango ditu. Zerrendak aipatu zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak eta zigilatzean eta ordura arteko itxi osteko zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak jaso beharko ditu.

e) Itxi ondorengo aldian zehar kokapenean obrak eta/edo jarduerak egin nahi izanez gero, aldez aurretik ingurumen-organoaren baimena izan beharko da. Nolanahi ere, jarduera horiek zigilatze osoa, perimetro-kanalen funtzionamendua, egonkortasuna edo itxi osteko kontrol-sistemaren elementuetan eraginik ez dutela, eta garatu nahi den jardueraren erabilerarako edo jarduerarako arrisku onartezina eragingo ez duela ziurtatu beharko zaio ingurumen-organoari. Hala eginez gero, horiek birjartzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi direla ziurtatu beharko da.

Horretarako, zigilatzearen gainean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia kenduko da.

Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

Zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzaileak jartzea zaindu beharko da; hala badagokio, horiek ugaltzea kontrolatu eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Zigilatzearen azaleran izandako jaulkitzeak, irristatzeak eta higadurak konponduko dira.

Eragindako eremu guztiak lehengoratuko dira, hau da, zabortegiaren lurzatian, haren instalazio osagarrietan eta irispideetan daudenak, nahiz lixibiatuen zerbitzu- eta ebakuazio-sareetarako beharrezkoak direnak, hala nola lur gaineko urak jasotzeko kanalizazioak, drainatzeak eta lixibiatuen hodiak, galeriaren barrualdea eta itxi ondorengo zaintza-planean zehaztutako kontrol-puntuak, baita instalatutako beste elementu osagarri batzuk ere, hala nola lixibiatuen kaudalimetroa edo kasuan kasuko kontrol-arketak. Aipatutako elementuren bat narriatu dela antzemanez gero, ahalik eta azkarren konpondu beharko da.

Lixibiatuak drainatzeko hodiak aldizka garbitu beharko dira, jaulki ahal izan diren sedimentuak kentzeko, instalazioaren eraginkortasunean eragin baitezakete. Horren erregistro bat edukiko da, ingurumen-organoari igorriko zaizkion aldizkako txostenetan sartuko direnak.

Inolaz ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko inolako jarduketarik zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbil dadin.

G) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:

G.1.– Airearen kalitate-kontrola.

G.1.1.– Atmosferara egindako igorpenen kontrola.

Hondakin ez-arriskutsuen zabortegian, honako kontrol hauek egingo dira zigilatze- eta ixte-lanak abiarazi aurretik:

Sei hilabeteko epean, honako alderdi hauek aztertuko dira kanpo-erakunde baten aldetik: putzuetako eta ur-bilketako gasak, lixibiatuen irteera eta gainazal azpiko uren irteera, baita zabortegiaren gainazalean eta ustiapen-eremuaren perimetroan ere.

Neurtu beharreko parametroak, gutxienez, hauek izango dira: CO, CO2, O2, H2S eta CH4, presio atmosferikoa eta airearen tenperatura.

Azterketa horrek emandako emaitzen arabera, proposamen bat aurkeztuko da, beharrezkoa izanez gero, zabortegiak igorritako gasen tratamendurako; hura ere Ingurumen Organo honi aurkeztu beharreko zigilatze-proiektuan txertatu beharko da.

G.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira zabortegia zigilatu aurreko fasean:

(Ikus .PDF)

Kontrol-puntu guztien UTM koordenatuak aurkeztu eta piezometro bat instalatu beharko da zabortegiaren uretatik gora.

Sustatzaileak proposamen bat aurkeztu eta beharrezkotzat jotzen diren lanak egin beharko ditu zabortegitik datozen lixibiatuak hura zeharkatzen duen hormigoizko galeriara sar ez daitezen.

b) Zabortegia itxi ondorengo fasean zehar, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

c) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara eta Gipuzkoako Ur Kontsortziora bidaliko dira laginak hartzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta aztertutako parametro guztiek D.2.2.3 apartatuan ezarritako muga guztiak egiaztatzen badituzte.

G.3.– Datu meteorologikoak biltzea.

Zabortegia zigilatu aurreko eta itxi ondorengo aldian, parametro meteorologikoen kontrol bat egingo da zabortegi barruko estazio meteorologikoan, eta 10 minuturo gordeko dira. Zehazki, parametro hauek aztertuko dira:

– Prezipitazioa.

Gainerako parametro meteorologiko guztien erregistroari dagokionez, Euskal Meteorologia Zerbitzuaren meteorologia-estazio automatikoen sareak erregistratutako datuak balia daitezke meteorologia-kontrola egiteko.

Honako parametro hauek kontrolatu behar dira:

– Haizearen abiadura eta norabidea.

– Airearen tenperatura.

– Hezetasun erlatiboa.

– Presio barometrikoa.

– Prezipitazioa (zabortegiko estazioan erregistratutako datuak osatzeko).

– Eguzki-irradiazio orokorra.

Lurrunketa lisimetrotan lortuko da edo antzeko metodo baten bidez.

G.4.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.

Urtero, kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidrikoa egin beharko du, eta horretarako, erregistratutako lixibiatu isurien datuak, erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren azaleran izandako aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurketa-eremuak, etab.) erabiliko dira.

Itxi ondorengo aldiko lehen balantzeak zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia barne izango du, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren alderaketatik abiatuta.

Aipatutako balantzea dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.

Balantze hidrikoa egiteko, ingurumen-organoak ezarritako jarraibide teknikoak jarraitu beharko dira.

G.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

Adierazlea: 2. eremuan sortutako lixibiatuak, guztira

Unitatea: m

Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta ingurumena zaintzeko dagokion urteko programarekin batera aurkeztu beharko dituzte.

G.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txosten ezberdinen emaitzak behar bezala erregistraturik geldituko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dituzte Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak horretarako prestatu duen IZP Gidaliburuarekin bat etorriz. Webgune honetan dago eskuragarri gidaliburu hori:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-pcc/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik (horrelakoen igorpena uren apartatuan zehaztuta dago), ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean baino ez dute berehala jakinarazi beharko, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritako mugak betetzea lortzeko neurriak ere aurkeztu beharko dituzte horrelakoetan. Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Ingurumena zaintzeko programa urtero bidaliko da, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

G.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, baimen-eskarian eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

H) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

H.1.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatuta.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (90.002 epigrafea, «Hondakinak tratatzeko jarduerak»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) hasiera eman behar dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, itxi ondorengo mantentze-jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

H.2.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo igorpen oro saihesteko.

H.3.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioei antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoru gaineko isurpenak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita atzemandako gertaerena ere.

d) Zabortegiaren perimetro-itxitura egoera onean egongo da.

e) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien kantitate nahikoa eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

f) Debekatutako substantzia isurtzeko berehalako arriskua balego, horren berri urgentziaz emango dio erabiltzaileak Gipuzkoako Uren Partzuergoari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

g) Egoera horietan, hondakinak arriskutsuak badira edo arriskutsuak direla susmatzen bada, berehala emango zaio horren berri faxez edo posta elektronikoz (jaso izanaren adierazpenarekin) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, intzidentzien erregistroan idatzitako datuak erantsita.

h) Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isuria, muga-balioak gainditzea, edo zabortegiaren zigilatzearen edo itxi ondorengo sistemaren elementuren baten funtzionamenduari edo osotasunari eragin diezaiokeen beste edozein), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio (nolanahi ere, neurri zuzentzaile edo atxikitzaile aproposak hartu ondoren) Ingurumen Sailburuordetzari. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiaki eta Elgoibarko Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, hurrengo datu hauek agertuko dira:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

i) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

j) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

J) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez transmitituko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horretaz gainera, une oro bermatu beharko da Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betetzen dela.

K) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Horrez gain, organo honen baimena ere eskatu beharko dute, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak (industriako emisioen Erregelamendua onartzeaz gainera, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, betiere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen (uztailaren 1eko 16/2002) 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

L) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago uztailaren 1eko 16/2002 Legearen (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa) 30. artikuluari jarraituz, eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak Elgoibarren (Gipuzkoa) ustiatzen duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduerako instalazioari 16-I-01-000000000314 erregistro-kodea esleitzea.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezke gehiegizko kosturik izan gabe erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada (ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 16. artikuluak aldatu zuen artikulu hori).

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahiko ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluaren 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, ondorioztatzen bada aldatu egin behar dela.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik emango, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa) 25.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bosgarrena.– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) honako hauek aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari:

Ebazpen hau jakinarazi eta ondorengo hiru hileetan:

– Azterketa ekonomiko eguneratua, ebazpen honen B apartatuan jasotzen den moduan.

– Ebazpen honen G.2 apartatuan adierazitako isurien kontrol-puntuen UTM koordenatuak (1. eremuko + 2. eremuko lixibiatuak, 2. eremuko lixibiatuak, Aranbeltz errekaren gainazaleko uren kontrola uretatik gora eta uretatik behera, lurpeko uren kontrola (piezometroak), uretatik gora eta behera.

– Zabortegitik eratorritako lixibiatu guztiak biltzeko eta jasotzeko proposamena, hormigoizko galeriara iragaz ez daitezen.

Ebazpen hau jakinarazi eta ondorengo sei hileetan:

– Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena, ebazpen honen D.2.4 apartatuan adierazten den moduan.

– Zabortegiko gasen karakterizazio-txostena eta, beharrezkoa izanez gero, gasaren tratamendurako proposamena, ebazpen honen G.1.1 apartatuan jasotzen den moduan.

– Zabortegitik ibaian gora instalatutako piezometroaren egiaztapena.

– Zabortegiko lixibiatu guztiak biltzeko eta jasotzeko obren ezarpena, Aranbeltz errekak zeharkatzen duen hormigoizko galeriara iragaz ez daitezen.

Ebazpen hau jakinarazi eta ondorengo bederatzi hileetan:

– Zabortegiaren zigilatze-proiektuaren berrikuspena, ebazpen honen E.2 apartatuan adierazten den moduan.

Seigarrena.– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateari (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) eskatzea Ingurumen Sailburuordetza honetara igorri beharreko ingurumena zaintzeko datorren urteko programan ebazpen honetan jasotako ingurumen-baimen integratuaren aldaketak gehitzeko.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua) nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarreko arauek ezarritako kasuetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateari (Urruzunoko Zabortegia, 2. eremua), Elgoibarko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 26a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IOSU MADARIAGA GARAMENDI.


Azterketa dokumentala