Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2019ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
3317

96/2019 DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Sociedad Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda-Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 6ko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea baimena eman ziezaiola, EAEko aurrekontuak onartzeko 5/2017 Legearen 5.c) apartatuari jarraikiz, agentzia horrek berak parte har zezan Sociedad Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda-Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Kapital-gehikuntza hori gauzatzeko, existitzen diren akzio guztien balio nominala 125.000 euro arte handituko da, hau da, gehikuntza horren % 50. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda-Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen helburu soziala da enpresa-jarduera berriak sortu eta indartu daitezela akuilatu eta sustatzea; horretarako, ekintzaileak atzemango dira, eraikuntzen ustiaketa kudeatuko errentamendu-formulen bidez eta enpresa-izangaiak hautatuko eta horietan ezartzera gonbidatuko. Enpresa horien osagai handi bat berritzailea edo ingurumenari dagokiona izango da, eta enplegua sortuko dute; horretarako, lokalak eta zerbitzuak sustatuko dituzte, berrikuntza eta teknologiaren transferentziaren alde egiteko jarduerak garatuko, ingurumenaren kudeaketa egokia eta lanpostuak sortuko, eta Nerbioi Ezkerraldearen garapen ekonomikoari laguntzeko behar diren jarduera eta zerbitzu oro gauzatuko dira horretarako.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 25ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda-Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, 124.343,10 euroko guztizko zenbatekoarekin, hau da, gehikuntza horren % 50. Kapital-gehikuntza hori gauzatzeko, existitzen diren akzio guztien balio nominala handituko da. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

2. artikulua.– Baimena ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda-Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen estatutuen aldaketa onartzeko.

3. artikulua.– Sozietatearen Estatutuen 5. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen: «Bi milioi, bostehun eta berrogeita bi mila eta ehun eta hogeita bost euro eta hirurogei zentimotan (2.542.125,60) ezartzen da kapital soziala, bostehun eta berrogeita hamabi mila seiehun eta hogeita hamasei (552.636) akziotan zatituta; akzio bakoitzak lau euro eta hirurogei zentimoko (4,60) balio nominala du, eta akzioak modu korrelatiboan zenbakituta egongo dira, 1etik 552.636ra, biak barne, eta erabat harpidetuta eta ordainduta».

4. artikulua.– Ahalmena ematen zaio Ondare eta Kontratazioko zuzendariari aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala