Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2019ko ekainaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3207

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita IM.03. «Luisa Enea» azpieremuaren Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko martxoaren 26an, Donostiako Udalak eskabide bat bete zuen, IM.03 «Luisa Enea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ekologistak Martxan-Gipuzkoa eta Eguzkizaleak elkarteei.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako IM.03 «Luisa Enea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Administrazio Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– IM.03 «Luisa Enea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da azpieremu berri bat sortzea «IN.03 Intxaurrondo Berri» hirigintza-eremuan, eta aipatu eremuaren antolamendu xehatua aldatzea.

Azpieremuaren antolamendu xehatu berriak baldintza hauek izango ditu:

1) Aipatu azpieremua osatzen duten lurzatiak antolatzea, berauen hirigintza-errendimendua optimizatzeko. Hala, eremua lorategi-hiriaren motako bizileku-eremua izatetik inguruan jarraitu den tipologiara aldatuko da (eraikin ireki motakoa), lurzoruaren aprobetxamendua areago ordenatzeko, ingurumen-jasangarritasuneko baldintzen arabera.

2) Luisa Enearen eta Mons pasealekuaren arteko berdegunea kontsolidatzea, egungo izaeraren araberako kalifikazioa emanda.

3) Mons pasealekuaren goiko aldea eta Julimasene kalea, eta Zubiaurre pasealekuaren beheko aldea lotuko dituen bide publiko berri bat zehaztea.

4) Aurkeztu den proposamenaren zuzkidura-jarduketaren izaera zehaztea eta justifikatzea, eta, ondorioz, ahal dela, indarrean den hirigintzako araudiaren betekizunetatik eratorritako zuzkidura-lagapenak ezartzea.

Hala, planean proposatzen den antolamenduak lau lurzati mota bereizten ditu «IN.03.3 Luisa Enea» azpieremuan.

– a.30/1 lurzatia, eraikin ireki motako bizileku-eremua: 2.488 m2-ko azalera. Eraikin bakarra proposatzen da, lurzoruaren maldara egokituko diren hiru modulu laukizuzen berdin eta elkarri atxikiz osatua.

– e.10/1 azpigunea, bide-komunikazioaren sarea: bide berria, bi bide-zati zuzenekoa, irteerarik gabea eta azpieremuko ekialdean kokatua.

– f.20 azpiguneak, hiri-espazio libre komunak: hiru espazio barreiatu proposatzen dira, berdeguneetarako eta espazio publikoetarako.

– g.00/1 lurzatia, ekipamendu komunitarioa: ekipamendu komunitarioaren lurzatia azpieremuaren iparraldean egongo da, «Mi Capricho» etxearen jatorrizko onibarrean; aipatu etxea antolamendutik kanpo geratuko da.

Planaren xedeko eremua hiri-lurzoruaren izaerakoa da, eta Donostiako Intxaurrondo auzoan dago kokatuta. Ez du natura- eta geologia-intereseko elementurik, eta ez dago gune babesturik, ezta kultura-ondasun izendatu diren kultura-ondarearen elementurik ere.

Kutsadura akustikoari dagokionez, egin den inpaktu akustikoari buruzko txostenaren arabera, lurzorutik bi metrora egindako neurketetan, erabilera gehienbat sanitario, hezitzaile eta kulturaleko lurzoruetan, egoera ona da, ez baitira gainditu kalitatea akustikoaren indizeak egunez eguneko neurketak egin diren hiru aldietan. Bizileku-erabilera izango duen lurzoruan, emaitzak on samarrak dira goizez eta arratsaldez, baina txarrak gauez eremuaren hegoaldean, ez baitira gutxieneko kalitate akustikoaren indizeak betetzen. Alabaina, aztertu den eremua «Urumea» babes akustiko bereziko gunearen barnean dagoela kontuan hartuta, eta dagokion zonako plana egin dela (EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutako edukiaren arabera), kalitate akustikoaren mugak gainditzen badira eta ezin badaiteke kanpoaldea babestu aipatu mugak ez gainditzeko, neurri osagarriak hartu beharko da, gutxienez eraikinen barnealdeko kalitate akustikoaren mugak bete ahal izateko. Horrenbestez, barne-isolamendua jartzea izango da hartu beharreko neurri zuzentzailea, baldin eta kalitate akustikoaren mugak gainditzen badira.

Inpaktu adierazgarri gehienak eremuaren antolamendu xehatua garatzeari loturiko urbanizazio-proiektuaren obrak egin bitartean etorriko dira. Esaterako, landaredia moztuko da, lur-mugimendu handiak egingo dira (15.092 m3), eta airearen kalitatea jaitsi eta kutsadura akustikoa handituko da (eraikinak eraitsiko da eta aipatu lur-mugimenduak egingo dira). Ondoren, hirigintza-garapen berria osatuta, kutsadura akustikoak gora egitea pentsatzekoa da, bide berriek ekarriko duten zirkulazio-hazkundea dela eta.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer-nolako eragina duen aldaketak beste plan edo programa batzuetan: aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu denez, ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira: lur-mugimendu handiak, makinen joan-etorriak eta eraispen-hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Eremuan ez dago ingurumen-babeseko araubideren batez babestutako gunerik (esaterako, Natura 2000 sarea), ezta natura-balio esanguratsuko elementurik ere. Era berean, ez dago kultura-ondasun izendatuta dagoen kultura-ondareko elementurik; hori bai, planaren esparruaren barnean dago toki-mailan interes arkitektonikoa duen eraikin bat, «Mi Capricho», zeinaren ezaugarriak kontuan hartuta, hirigintza-planeamenduaren katalogoan egiturazko babesa ematea proposatzen dena.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gerora kalitateko akustikoko helburuak (KAH) gaindituko direnez, jarduketa-eremu batzuetan, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direnak, kalitate akustikoko helburuak (KAH) bete daitezen. Horrela izan ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 212/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira exekutatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten IM.03 «Luisa Enea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, IM.03 «Luisa Enea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala