Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2019ko ekainaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3129

90/2019 DEKRETUA, ekainaren 18koa, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituena.

Garapenerako Lankidetzari buruzko Legeak (otsailaren 22ko 1/2007 Legeak) 21. artikuluan ezartzen duenez, honako hau da ekintza humanitarioa: hondamendiek eragindako biktimei edo egoera biziki ahulean dauden herriei ematen zaien laguntza oro, bizirik iraun dezaten, edo beren eskubideak babestearren, duintasuna defendatzearren eta geroko garapenerako oinarriak jartzearren.

Eusko Jaurlaritzak ekintza humanitarioaren gaineko esku-hartzeak finantzatu ditu nazioarteko elkartasun-politikarekin hasi zenetik eta, beraz, ibilbide luzea dauka eremu honetan, krisiak eragindako pertsonen duintasuna babesteko eta bizitza salbatzeko daukan konpromisoaren ondorioz. Gizatasun, inpartzialtasun, independentzia eta neutraltasunaren printzipioek zuzentzen duten politika honen erdigunean pertsonak daude. Eragile humanitario gehienek onartzen dituzte printzipio hauek, eta beren jardueren ardatz bihurtzen. Izan ere, beharrezkoa den tokian laguntza eman behar dela defendatzen duen betebehar humanitarioa sustatzen dute, iruzkin politikoak, interes ekonomikoak edo arraza, etnia, nazionalitate, erlijio, sexu, adin edo lotura politikoen ziozko diskriminazio negatiboak albo batera utzita.

Azken urteetan, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren bidez ezarri dira ekintza humanitarioak burutzeko laguntzen deialdiak.

Ekainaren 19ko 5/2008 Legeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen du; martxoaren 3 ko 95/2010 Dekretuak eta erakundearen antolaketa eta funtzionamendua zehazten du. Aurreko araudietan aurreikusitakoaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio garapenerako lankidetza-politika betearaztea.

Zehazki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasuna dituena. Dirulaguntza horien kudeaketan pilatutako esperientziari esker, egin daitezkeen zenbait hobekuntza identifikatu ditzakegu, barne-kudeaketa eta erakunde hartzaileek dirulaguntzok eskuratzeko erraztasuna hobetze aldera betiere. Horretarako, ezinbestekoa da dirulaguntzen araudia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren errealitate juridikora eta praktikara egokitzea.

Era berean, 2017an Eusko Jaurlaritzak Ekintza Humanitarioko Estrategia bat onartu zuen, sistema humanitarioko erronketako batzuei aurre egiteko, azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta laguntza horietan parte hartzen duten erakundeek metatutako esperientzia oinarri hartuta. Gaur egun, krisialdiak denboran zehar luzatzen dira, eta beharrizanak laguntzak baino erritmo biziagoan hazten dira. Horrexegatik ezarri dira, hain zuzen ere, erronka hauek. Eragile humanitarioek gero eta egoera konplexuagoei egin behar izaten diete aurre, eta sistema humanitarioa, dirudienez, ez da gai eskaerei erantzuteko, pertsona gero eta gehiago artatu eta inoiz baino leku gehiagotan jardun arren.

Ekintza Humanitarioko Estrategiaren helburua da, beraz, 2018-2023 aldirako Eusko Jaurlaritzaren politika humanitarioa planifikatzea eta lau jarduera-ardatzetan antolatzen diren ekintza zehatzak proposatzea: krisi humanitarioak kalte egin dion biztanleria babestea; erakundeak indartzea, beren lana eraginkortasun handiagoarekin gauzatu dezaten; herritarrak informatu eta sentsibilizatzea, ekintza humanitarioan parte har dezaten; eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eginkizuna eta beste eragile batzuekin duen koordinazioa indartzea, bere politikaren kalitatea hobetzeko.

Hori guztia dela eta, diruz lagun daitezkeen esku-hartzeei beste ikuspegi bat eman zaie, gatazkak eta beste indarkeria-egoera batzuk lehenestea izan dadin helburu nagusia.

Horren harira, aurreko dekretuaren aldean egindako aldaketa nabarmenenak dira, batetik, gatazka-testuinguruak eta beste indarkeria-egoera batzuk lehenetsi izana. Gaur egun, gatazketan ez dira sartzen soilik gerrako borrokak, baizik eta baita beste indarkeria-egoera batzuk ere, narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin lotuak. Gainera, azaleratzen ari direnak, luzeak edo ahaztuak izan daitezke. Krisi humanitario luzeak dira pertsonak nahitaez desplazatu beharra eragiten duten arrazoi garrantzitsuenetako bat, eta garapen jasangarria hondatzen ari dira. Krisialdi luzeetan beharrizan izugarriak eta ustekabekoak, egiturazko ahultasunak eta urteetan irauten duten larrialdiak batzen dira. Ahaztutako gatazketan biztanleriak ez du ia laguntzarik jasotzen, eragile humanitario gutxi, estaldura mediatiko txikia eta dohaintza-emaileen interes-falta baitago.

Bestalde, dekretu honen arauaren helburuak bere aplikazio-eremutik kanpo uzten ditu larrialdi humanitarioko ekimenak diruz laguntzeko laguntzak, premiazko jarduera horiek berehalako erantzun bat behar baitute, hots, 48 edo 72 orduan eman beharrekoa, eta hori ezin da bete dirulaguntzen arau honekin.

Era berean, dirulaguntza hauen kudeaketa optimizatzeko asmoz, administrazio-prozesuak sinpletzeko alderdiak arautzen dira, Grand Bargain akordioan ezarritako xedearekin bat. Akordio hori, zehazki, 2016an Istanbulen egin zen Munduko Goi-bilera Humanitarioaren ezarri zen.

Esparru orokor honen barruan, aurreko dekretuak arautzen zituen esku-hartzeko bi modalitateei eutsi zaie –ekintza humanitarioko proiektuak eta ekintza humanitarioko estrategiak–, eta esku hartzeko beste bi modalitate sartu dira, finantzagarriak, irekiak eta iraunkorrak direnak ekintza humanitarioko ekimenetarako eta ekintza humanitarioko estrategietan norgehiagoka arautzen dutenak; halaber, dirulaguntzen arauak aurreikusten zuen ordainketa-sistema berbera ezarri da.

Hori guztia Eusko Jaurlaritzako Ekintza Humanitarioko Estrategiaren emaitzan sartzen eta justifikatzen da, bai eta hura egiteko prozesuan sortu diren hausnarketetan eta sistema humanitarioaren barruan sortzen ari diren eraldaketetan ere.

Horren arabera, Lehendakariak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da ekintza humanitarioko esku-hartzeak finantzatzeko laguntzen araubidea arautzea, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten pertsonen eskubideak eta giza duintasuna babesteko, sufrimendua arintzeko eta bizitzak salbatzeko, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.

2. artikulua.– Finantzatu daitezkeen esku-hartze modalitateak.

Esku-hartze modalitate hauek finantzatu ahal izango dira:

a) Ekintza humanitarioko proiektuak, krisi humanitarioen eraginpeko pertsonak babesteko esku-hartzeak, baldin eta dekretu honen 5.1.a), 5.1. b) eta 5.2 artikuluetan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten erakundeek egiten badituzte.

b) Ekintza humanitarioko estrategiak, epe ertaineko eta aurrekontu handiagoko esku-hartzeak, zeinek, aipatutako babes-ekintzez gain, erakunde humanitarioak sendotzeko eta euskal herritarrak sentsibilizatzeko bestelako ekintzak ere jasotzen baitituzte, baldin eta dekretu honen 5.1 eta 5.2 artikuluetan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten erakundeek egiten badituzte.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntza horietarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik aterako dira.

4. artikulua.– Adjudikatzeko prozedurak.

1.– Eskatutako esku-hartze modalitatearen arabera, laguntza adjudikatzeko prozedura hau izango da:

a) Ondoz ondoko lehia-prozedura, modu iraunkorrean zabalik dagoena ekintza humanitarioko proiektuentzat, eta eskaerak aurkeztutako ordenari jarraikiz adjudikatuko dena. Aurkeztutako eskabideak ezesteko arrazoia izango da aurrekontu-kreditua agortzea, horren argitalpen ofiziala baino lehen aurkeztu badira; argitalpen horren ostean, eskabide berriak ez dira onartuko.

b) Norgehiagoka-araubideko prozedura, ekintza humanitarioko estrategietarako.

2.– Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoek ezin izango dituzte muga hauek gainditu:

a) Ekintza humanitarioko proiektuetarako, diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzaren muga 200.000 eurokoa da.

b) Ekintza humanitarioko estrategietarako, dirulaguntza gutxienez 500.000 eurokoa eta gehienez 800.000 eurokoa izango da. Edonola ere, deialdia ebaztean, murriztu egin ahal izango da estrategia bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko edo gutxieneko zenbatekoa.

3.– Modalitateetako bakoitzerako ezarritako zenbatekoa deialdiaren ebazpenean bertan zehaztuko da. Norgehiagoka-araubideko prozeduran aurreikusitako zuzkiduran esleitu ez den soberakina ondoz ondoko emakidaren modalitatean erabili ahalko da, bai zuzkidura hori agortzeko estrategia-eskaerarik jaso ez delako, bai aurkeztutako eskaerek betekizunak betetzen ez dituztelako, bai eskabidea egiteko unean indarrean dauden Garapenerako Lankidetzaren Gida Planean eta Ekintza Humanitarioko Estrategian ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako edo eskatzen den gutxieneko puntuaziora iristen ez direlako.

4.– Aurreko zenbakian adierazitako esleipena egin ondoren esleitu gabeko zenbatekorik geratzen bada eskaera-kopuru nahikorik jaso ez delako, zenbateko hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aurrekontu-ekitaldirako duen beste laguntza-programa baterako erabili ahal izango da.

5.– Laguntzen deialdira bideratzen diren baliabide ekonomikoen zenbatekoak bete egin beharko du deialdia egiteko unean indarrean diren Garapenerako Lankidetzaren Gida Planean eta Ekintza Humanitarioko Estrategian ezarritako esparrua.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzak eskatu ahal izango dituzte erakundeek edo erakunde-elkarteek, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan izena emanda egotea.

b) Estatutuek berariaz jasotzea bere xedeetako bat ekintza humanitarioko proiektuak garatzea dela, edo agiri bidez egiaztatzea erakundeak modu etengabean diharduela, gutxienez bi urte, arlo horretan.

c) Ekintza humanitarioko estrategia bat eskatuz gero, erakunde eskatzaileak ekintza humanitarioko plan estrategiko bat eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko bere egoitzatik egiten duen lanerako. Plan horrek gutxienez 36 hilabeteko iraupena edukiko du, indarrean egon beharko da eskaera aurkezten den unean eta esku-hartzea garatuko den bitartean, eta haren amaierara arte luzatu ahal izango da. Plan estrategikoan gutxienez honako eduki hauek jaso beharko dira:

– Erakundearen misioa, ikuskera eta balioak.

– Helburuak eta ildo estrategikoak.

– Biztanleriaren babesarekin lotutako ekintzei eta lekukotza, salaketa eta eraginen ekintzei buruzkoak diren adierazleak, gutxienez.

– Planeko jardueren gutxi gorabeherako aurrekontua.

2.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen) 13. artikuluan aurreikusitako gorabeheraren bat duten erakundeak. Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan, orobat, sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) 3.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Eskatzaileak erakunde-elkarteak badira, erakunde bakoitzak bete beharko ditu aurreko ataletan aurreikusitako betekizunak, eta bere gain hartu beharko du esku-hartzea egikaritu eta justifikatzearen erantzukizun solidarioa. Elkarteko erakunde bakoitzak egikaritu behar duen dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da eskabidean.

6. artikulua.– Ekintza humanitarioko esku-hartzeen betekizunak.

1.– Laguntzak eskuratzeko, betekizun hauek bete beharko dituzte ekintza humanitarioko esku-hartzeek:

a) Dagokion deialdiaren aurrekontu-ekitaldian hastea.

b) Gehienez ere hamabi hilabeteko iraupena edukitzea –beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin– ekintza humanitarioko proiektuetarako, eta hogeita lau hilabetekoa –beste hamabi hilabetez luzatzeko aukerarekin– ekintza humanitarioko estrategietarako.

c) Tokiko bazkide baten edo bazkide-elkarte baten partaidetza edukitzea, publikoa nahiz pribatua izan, esku-hartzea garatuko den lekuan edo lekuetan. Tokiko bazkidea deitzen zaio, zehazki, erakunde onuradunarekin lankidetza-harremanak dituen eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo partzialki zuzenean egiteko erantzukizuna hartzen duen pertsona juridikoari.

2.– Tokiko bazkideek bete beharko dituzten betekizunak honako hauek izango dira:

a) Esku-hartzea garatuko den herrialdeetakoren batean aplikatu beharreko legediarekin bat eginez eratutako nortasun juridikoa edukitzea eta formalki inskribatuta egotea dagokion erregistroan, eskaera aurkeztu den data baino gutxienez urtebete lehenagotik. Tokiko bazkidearen izaera juridikoaren ondorioz ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago herrialdeko egoeren ziozkoa dena, erregistroan inskribatuta egoteko baldintza egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

b) Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta zigor edo administrazioaren arloan inoiz zehapenik jaso ez izana, indarreko legeriaren arabera.

c) Eskatzaileak tokiko bazkideen elkarteak badira, bazkide bakoitzak bete beharko ditu aurreko ataletan aurreikusitako betekizunak, eta bere gain hartu beharko du esku-hartzea egikaritu eta justifikatzearen erantzukizun solidarioa. Elkarteko erakunde bakoitzak egikaritu behar duen dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da eskabidean.

3.– Ekintza humanitarioko estrategien kasuan, erakunde humanitarioak sendotzeko ekintzak jaso beharko dituzte esku-hartzeek, krisiaren eraginpeko pertsonei hobeto lagundu ahal izateko; gainera, lekukotza, salaketa eta eraginen ekintzak ere jaso beharko dituzte, krisi horiek sortzen dituzten kausei buruz sentsibilizatzeko euskal herritarrak.

7.– artikulua.– Deialdiak.

1.– Aldian-aldian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen bidez, Dekretu honetan araututako laguntzak deituko dira. Dekretu honek jasotzen dituen bi esku-hartze modalitateak deialdi batean bateratu ahal izango dira, edo horietako batentzat bakarrik egin ahal izango da.

2.– Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan zehaztuko dira deialdiaren xedea, modalitateetako bakoitzerako hornidura ekonomikoa, Hautaketa Batzordeko kideen izendapena, eskaerak aurkezteko modua eta epea, eta, hala badagokio, esku-hartze bakoitza diruz lagun litekeen gehieneko eta gutxieneko zenbatekoa, erakunde bakoitzak aurkez dezakeen gehieneko eskaera-kopurua, eta garapenerako lankidetzaren urteko planak ezarritako esparruaren barruan diruz lagun daitezkeen ekimenetako lehentasunak.

3.– Deialdiaren ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: izapidetze elektronikora sartzeko modua, eta formatu, jarraibide eta agirietara sartzeko sarbide elektronikoa, behar bezala aurkezteko.

8.– artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz lagundutako esku-hartzearen izaerari erantzuten diotenak, hertsiki beharrezkoak direnak, eta ezarritako betearazpen-epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuraketa-kostua ezin izango da inola ere izan merkatuko balioa baino altuagoa, eta tokiko bitarteko materialak eta giza baliabideak lehenetsiko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan daitezke, besteak beste: materialen eta gaien erosketa eta garraioa; ekipo eta espazioen alokairua; pertsona fisiko eta juridikoen kontratazioa; bidaiak eta egonaldiak; produktu eta materialen sorrera eta hedapena; hori guztia, 7. artikuluko 3. atalean ezartzen diren irizpideen arabera. Deialdiaren ebazpenean bertan ezarriko da horietara jotzeko modua.

3.– Gastuak zuzen sailkatzeko, bai aurrekontuan, bai justifikazio-kontuetan, 7.3 artikuluan aipatzen diren jarraibideak bete beharko dira.

4.– Diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:

a) Identifikazio-gastuak.

Diruz lagundu beharreko esku-hartzea identifikatu aurreko ekintzekin zuzenean lotuta dauden gastuak; gehienez ere esku-hartzea aurkeztu den dataren aurreko bost hilabeteen barruan egin beharko dira gastu horiek.

b) Ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko gastuak, erkidegoak eta pertsonak babesteko.

Krisiak eragindako pertsona eta erkidegoak babesteko zerbitzu eta ondasunak ematearekin zuzenean lotutako gastuak –elikadura, ura eta saneamendua, arropa eta babesa, oinarrizko azpiegituren berreraikuntza eta errehabilitazioa, osasuna, hezkuntza, babes juridikoa eta psikosoziala, gaitasunen indartzea, diru-sarrerak sortzen dituzten jarduerak, eta abar–. Zerbitzu horiek gauzatan edo diruzko ekarpen edo bono bidez eman ahalko dira.

c) Erakunde humanitarioak indartzeko gastuak.

Erakunde humanitarioen gaitasunak indartzearekin zuzenean lotutakoak.

d) Lekukotza, salaketa eta eraginen gastuak.

Lekukotzak batzearekin, txostenak egin eta hedatzearekin, eta ukitutako pertsonen egoera salatzeko gainerako jarduerekin eta tokiko, nazioko edo nazioarteko espazioetako eraginarekin lotutako gainerako jarduerak.

e) Langileen gastuak.

Esku-hartzeari lotutako zerbitzu-langileak lanaldi osoan edo partzialki modu iraunkorrean kontratatzearekin zuzenean lotutakoak.

f) Funtzionamendu-gastuak.

Tokiko bazkideen zerbitzuetan edo higiezinetan egindako gastuak, esku-hartzea oro har kudeatzeko, duten atxikipenaren arabera hainbanatuta.

g) Ebaluazioaren eta kontu-auditoriaren gastuak.

Esku-hartzearen ebaluazioarekin eta kontu-auditoriarekin zuzenean lotutako gastuak. Azken justifikazio-datua entregatzeko datara arte (21. artikuluan zehaztua) egotzi ahal izango dira gastu horiek.

h) Zeharkako kostuak.

Erakunde onuradunak esku-hartzearen kudeaketa eta jarraipenerako egiten dituen gastuak.

9. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin itundu ahal izango du diruz lagundutako jarduera egikaritzea, betiere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gehienez, azpikontratu guztien prezioak gehituta.

2.– Betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie erakunde onuradunari eta kontratistari.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora sartzeko, deialdiaren ebazpenean zehazten den helbidea erabiliko dute, betiere egoitza elektronikoan eskuragarri dauden formatu eta jarraibideei jarraikiz.

2.– Eskaera osteko izapideak egiteko bitarteko elektronikoak erabiliko dira soilik, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgune elektronikoaren bidez.

3.– Erakunde interesdunak baimena eman ahalko dio instrukzio-organoari bere legezko ordezkariaren nortasunari buruzko datuak kontsulta eta egiazta ditzan; halaber, zerga-betebeharrak, edota, Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta 5. artikuluan ezarritako gainerako betekizunak betetzen dituela ere.

4.– Erakunde eskatzaileak aurreko apartatuan adierazitako egiaztapenak baimendu dituela ulertuko da, baldin eta eskaeran berariaz aukera horri uko egiten ez badio. Erakunde eskatzaileak kontrakotasunik ezean, instrukzio-organoak dokumentuak sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez jasoko ditu. Datuak kontsultatu eta egiaztatzeari berariaz uko egiten badio eskaeran, agiri horien kopia elektronikoak aurkeztu beharko ditu, dirulaguntzen gainean indarrean den legedian horretarako ezartzen diren baldintzen arabera.

5.– Eskaeran erantzukizunpeko adierazpenei buruzko atal bat jasoko da eta, bertan, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

1) Jakinaraztea ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

2) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean.

3) Erakunde eskatzailea ez egotea sartuta oraindik izapidetzen ari diren diru-itzulketa edo zigortze-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitakoetan.

4) Erakunde eskatzaileak ezin du ezarrita eduki laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ezin du eduki legez debekatuta halakorik eskuratzea (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean –otsailaren 18ko 4/2005 Legean– sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

5) Tokiko bazkideak zehapenik jaso ez izana zigor edo administrazioaren arloan sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta, indarreko legeriaren arabera.

6) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 28.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskaerarekin batera.

1.– Erakunde eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, dagokien formatuan eta egoitza elektronikoan azaltzen diren irizpideei jarraikiz.

a) Esparru humanitarioko esperientzia azken bi urteetan, baldin eta estatutuek ez badute berariaz adierazten ekintza humanitarioa erakundearen xedeetako bat dela.

b) Tokiko bazkidearen nortasun juridikoa egiaztatzeko dokumentazioa.

2.– Ekintza humanitarioko estrategien kasuan, gainera, 5.1.c) artikuluak aipatzen duen ekintza humanitarioko plan estrategikoa aurkeztu beharko dute.

3.– Eskabidea baloratzeko dokumentazio gehigarria aurkeztu ahal izango du erakundeak, 15. artikuluan azaldutako irizpideen arabera.

12. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuaren eginkizuna izango da laguntzen azterketa teknikoa egitea eta kudeaketa-zereginak betetzea.

13. artikulua.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako agiri guztiak ez baditu, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko eskatuko zaio edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratzeko, Hautaketa Batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako goi-mailako bi teknikari; bietako batek egingo ditu batzordeko idazkari-lanak.

2.– Deialdiaren ebazpenean ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira, karguak hutsik badaude, titularrak bertaratzen ez badira, gaixo badaude edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada ordezkoak izateko.

3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

4.– Batzordearen erabakiek batzordekide gehienen aldeko botoa beharko dute.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Betekizun guztiak betetzen dituzten eskaerak baloratuko dira hurrengo irizpideen arabera, eta gehienez 100 puntu jaso ahal izango dituzte:

a) Esku-hartzearen kalitatea (43 puntu arte).

Hauek baloratuko dira: esku-hartzearen egokitasuna eta koherentzia testuinguru humanitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko, eta esku-hartzearen bideragarritasuna baldintza teknikoei eta giza eta segurtasun alderdiei dagokienez.

b) Zeharkako ikuspegiek esku-hartzean duten lekua (40 puntu arte).

Eskabidea egiteko unean indarrean diren Garapenerako Lankidetzaren Gida Planean eta Ekintza Humanitarioko Estrategian ezarritako esparru barruko ikuspegiak baloratuko dira, betiere urteko planean aurreikusitakoarekin bat etorrita.

c) Erakunde onuraduna (6 puntu arte).

Ekintza humanitarioaren espezializazio-maila eta genero-politikak erakundean duen tokia baloratuko dira.

d) Tokiko bazkidea (11 puntu arte).

Erakundearen toki-izaera, ekintza humanitarioaren espezializazio-maila eta genero-politikak erakundean duen tokia baloratuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Laguntzak dekretu honetan zehaztutako hautaketa-prozesuarekin eta balorazio-irizpideekin bat etorriz adjudikatuko dira. Betiere, ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten eskaerak bakarrik hautatuko dira, eta, horien artetik, eskabidea egiteko unean indarrean dauden Garapenerako Lankidetzaren Gida Planean eta Ekintza Humanitarioko Estrategian ezarritako baldintzak betetzen dituztenak eta gutxienez 50 puntu eskuratzen dituztenak, dagokion deialdiaren ebazpenean ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugara iritsi arte, gehienez ere.

2.– Ondoz ondoko emakida-prozeduretan, baldin eta azken eskaera baterako soberakina geratzen bada funtsean, dagoen zenbatekoaren arabera murriztuko da emango zaion diru-kopurua.

3.– Norgehiagoka-prozeduretan, partzialki baietsiko da deialdian ezarritako kreditua nahikoa ez delako baietsi ezin diren eskabideen artean puntuaziorik onena lortu duen eskabidea, eta horren zenbatekoa txikitu egingo da, erabilgarri dagoen kopurura iritsi arte.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango du eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena.

2.– Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakaritzari, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

3.– Ekintza humanitarioko proiektuei dirulaguntzak emateko hartzen diren ebazpenak banan-banan jakinarazi beharko zaizkie erakunde eskatzaileei; hala ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira, jendearen ezagupen orokorrerako.

4.– Ekintza humanitarioko estrategiei dirulaguntzak emateko hartzen diren ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta argitalpen hori jakinarazpena dela ulertuko da.

5.– Norgehiagoka-araubideko prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdian ezarritako eskaerak aurkezteko epea amaitzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako).

Ondoz ondoko lehia-prozeduraren kasuan aldiz, 6 hilabeteko epea igaro eta berariaz jakinarazi ez bada, eskaera onetsi egin dela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharra.

Dekretu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea, eta, horretarako, hamar eguneko epea egongo da, emakida jakinarazten denetik aurrera. Erakunde onuradunak ez badu laguntza onartzen, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak dirulaguntza onartu ez dela ulertuko du, eta, beraz, zenbateko hori hurrengo eskaerara bideratuko da, baldin eta funtsak agortu direlako adjudikaziodun izan ez bada eta Dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen baditu.

b) Laguntza onartzearekin batera, eta laguntza-eskabidean adierazitako datak aldatu badira, esku-hartzearen hasiera- eta amaiera-data adieraziko ditu erakunde onuradunak. Nolanahi ere, aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen hasi beharko da esku-hartzea.

19. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Dekretu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, helburu bera badute.

2.– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako dirulaguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gain-finantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzari diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa kenduko zaio.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordaindu beharko dira:

1.– Ekintza humanitarioko proiektuak ordainketa bakarrean ordainduko dira, laguntza onartu ondoren.

2.– Ekintza humanitarioko estrategiak jarraian adierazten den eran ordainduko dira:

a) Diruz lagundutako zenbatekoaren % 50aren lehenengo ordainketa laguntza onartu ondoren egingo da.

b) Bigarren ordainketa, falta den zenbatekoa duena, emandako dirulaguntzaren % 25 justifikatu denean egingo da, laguntza onartu den aurrekontu-ekitaldiaren hurrengoa amaitu baino lehen betiere.

3.– Erakundeek zuzen jokatu beharko dute funtsak erabiltzean; horrela, esku-hartzearen xedeak betetzeko baino ez dituzte aplikatuko, eta horien trazabilitatea bermatuko dute.

4.– Erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

21. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Esku-hartze humanitarioen justifikazioa burutzeko, egindako gastuaren justifikazio-kontua erabiliko da, kontu-auditoriaren txostena ere aurkeztuta, betiere esku-hartzeak egiten diren herrialdeetako araudiaren arabera. Nazioarteko erakundeek eginiko gastuen kasuan, honako hauen arabera egin eta egiaztatuko dira: nazioarteko akordioetan, konbentzioetan eta aplikatu beharreko bestelako tresnetan ezarritako mekanismoen arabera.

2.– Esku-hartzea amaitu eta ondorengo sei hilabeteetan aurkeztu beharko da azken justifikazio-kontua. Justifikazio-kontu horrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgune elektronikoan eskuragarri dauden eredua eta jarraibideak bete beharko ditu.

Justifikazio-kontuan honako agiri hauek sartuko dira:

a) Memoria narratzaile bat, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak bete direla zehazten duena.

b) Memoria finantzario bat, aurrekontuaren egikaritza zehazten duena.

3.– Ekintza humanitarioko estrategietan, erakunde onuradunek, aurreko atalean adierazitakoaz gain, bitarteko justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dute, emandako dirulaguntzaren % 25 garatu ondoren, eta laguntza onartu den aurrekontu-ekitaldiaren hurrengoa amaitu baino lehen.

4.– Kontu-auditorearen txostena erantsi beharko da azken justifikazio-kontuetan, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formatuaren arabera, eta Kontabilitateko eta Kontuen Auditoriako Institutuaren menpeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean jardule gisa izena emanda dagoen kontu-auditore batek egin beharko du txostena.

5.– Kontu-auditoriaren txostena atzerrian egiten bada, esku-hartzeak garatuko diren herrialdean edo herrialdeetan jarduleak diren kontu-auditoreek egin ahalko dute, baldin eta herrialde horietan kontu-auditorian aritzeko gaikuntza-araubide bat baldin badago. Gaikuntza-sistemarik ez badago, herrialdean ezarritako kontu-auditore batek egin ahal izango du txostena, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak izendatzen badu, edo Agentziak berresten badu, erakunde onuradunak hala proposatu ondoren.

6.– Kontu-auditoriaren txostena egitea ezinezkoa bada, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak baimena eman ahalko du, esku-hartzea garatzeko testuinguruaren arabera eta erakunde onuradunak behar bezala arrazoitutako justifikazioa eman ondoren, dirulaguntza justifikazio-kontuaren modalitatean justifikatu dadin, gastuen egiaztagiriak aurkeztuta, baina kontu-auditoriaren txostenik gabe.

22. artikulua.– Abalaren salbuespena.

Aurretiaz egiten diren eta 180.303,63 eurotik gorako zenbatekoa duten ordainketetan ez da aurkeztu beharko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak) 2. artikuluan arautzen duen abala edo fidantza.

23. artikulua.– Ondasunak dirulaguntzeen xedeetara lotzea.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantziazioarekin eskuratutako ondasun guztiak eta horiek sortzen dituzten zatikizunak formalki lotu behar dira egindako esku-hartzearen xedeetara. Beren izaeraren arabera, eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede den biztanleriaren, tokiko bazkidearen edo erakunde onuradunaren jabetzakoak izango dira. Nolanahi ere, esku-hartzearen ondoren ondasunen jabetza zein den behar bezala egiaztatuta eta azalduta geratu beharko da azken justifikazio-kontuan.

24. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berbera lortzeko emandako dirulaguntzak edo baliabideak eta dirulaguntza hau aldi berean jasotzeak, aldarazi egin dezakete dirulaguntza emateko ebazpena, betiere dirulaguntzaren erakunde onuradun izateko arau honetan ezarritako betekizunak gordetzen badira.

2.– Ondorio horietarako eta 14. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoaren proposamenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ebazpena emango du emandako dirulaguntzen kopuruak berriro egokitzeko. Hala ere, emandako dirulaguntza handitzea ekar lezaketen baldintzen aldaketek, ez dute inolaz hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatuko.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak). Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Nolanahi ere, bidezkoak diren beste ekintza batzuk ere garatu ahalko dira. Zehatzago esanda, honako hauetan jasotzen diren gertaera eta egoerek eragingo dute dirua itzultzeko beharra: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluak.

26. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura, ezarritako baldintzak eta betebeharrak urratu direnean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legean) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituenean) ezarritako eran egingo da. Hau da:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde onuradunari, eta hamabost eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe bukatu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak bukatutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.

c) Ez-betetzeren bat egon dela adierazten badu ebazpenak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta jasotako zenbatekoak eta aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da ebazpenean bertan. Jakinarazpena egiten den egunetik bi hileko epea bukatu baino lehen itzuli beharko da dirua. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

d) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.

e) Hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

27. artikulua.– Esku-hartzeetan eginiko aldaketak.

1.– Erakunde onuradunak baimen-eskaera bidali beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara, esku-hartzean aldaketa nabarmenak eragiten dituen eraldaketa oro egin aurretik.

2.– Funtsezko aldaketatzat hartzen dira, betiere, honako hauetan eginikoak: xedeak eta emaitzak, kokapena, tokiko bazkidea edo biztanleria subjektua. Era berean, funtsezko aldaketatzat joko dira esku-hartzean izandako atzerapenak edo esku-hartzearen garapenari eragiten dioten aurrekontu-aldaketak.

3.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutako zenbatekoa baino baxuagoa bada, erakunde onuradunak esku-hartzea birformulatu beharko du, adjudikatutako zenbatekoaren arabera, eta birformulatutako esku-hartzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari jakinaraziko dio.

4.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emango du proposatutako aldaketei buruzko ebazpena eta, aldaketa egiteko eskaera ukatuz gero, hasieran ezarritako baldintzetan jarraitu beharko du prozesuarekin erakunde onuradunak.

28. artikulua.– Kontrola.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendaritzak aldian behin azter dezake aurreikusitako jarduerak Dekretu honetako helburuei egokitzen zaizkien, behar diren neurri zuzentzaileak finka ditzake, eta egoki iritzitako egiaztapenak egin, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Halaber, egokitzat jotzen duen adina egiaztapen egin dezake emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu, hala eskatzen badu.

2.– Erakunde onuradunak behartuta daude dagokion deialdiaren kargura jasotzen dituzten dirulaguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren zereginak betetzen ari direla, eskatzen dieten informazioa ematera.

3.– Prozesuaren garapenaren egiaztapen bat hastera doanean, erakunde onuradunak bermeak eta erraztasunak emango ditu ekintza egiten ari den tokira eta higiezinetara sartzeko, bai eta ekintzari dagozkion liburu, kontu eta egiaztagiriak eskuratzeko ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da otsailaren 19ko 31/2008 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituena, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duen maila bereko edo baxuagoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak garatua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala