Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2019ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3107

AGINDUA, 2019ko ekainaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzako 2019ko ekitaldiko laguntzak emateko deialdia («Elkarteak» Programa).

2011ko abenduaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (233. zk.), azaroaren 15eko 233/2011 Dekretua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Dekretu horren 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuaren agindu baten bidez erabakiko da urtero zer eperen barruan aurkeztu behar diren laguntza-eskaerak, zer irizpide aukeratuko diren 7.1 artikuluan ezarritakoen artetik, zein den sektore bakoitzerako (nekazaritza, arrantza, elikadura) aurrekontu-esleipena, eta zer dirulaguntza eman daitezkeen gehienez ere diruz lagundu daitezkeen 5. artikuluko gastu hauetarako: a) ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak, b) funtzionamenduaren gastu arruntak, c) izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak eta d) nekazaritza, arrantza edo elikadurari buruzko azokak eta lehiaketak antolatzeko egindakoak.

Laguntza-deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak aurreikusita dituen aurrekontu-kredituen kontura doa, (orduko aurrekontuak 2019rako ere luzatu zituen Legeak, Euskadiko aurrekontu-araubideen kontuan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren bidetik: maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluak dauka zehaztu nola izango den luzapenen araubidea).

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan araututako dirulaguntzetarako deialdia argitara ematea, 2019ko ekitaldirako. Izan ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzak arautu dira («Elkarteak» programa).

Xede horretarako, laurehun eta lau mila, hirurehun eta hirurogeita hamabi (404.372,00) euro bideratuko dira guztira 2019. urterako. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera. Diru-kopuru hori honela banatuko da:

– Nekazaritza-sektorerako: ehun eta hogeita lau mila (124.000) euro.

– Elikadura-sektorerako: ehun mila (100.000) euro.

– Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogei mila, hirurehun eta hirurogeita hamabi (180.372) euro.

Bigarrena.– 1.– Onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metagarriak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:

Elikadura-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 10).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 10).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 20).

e) Lanbideko azoketan izan duen parte-hartzea (gehienez ere % 10).

f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (gehienez ere % 15).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 15).

Nekazaritza-sektorea:

a) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen ekonomia eta gizarte interesen garrantzia (gehienez ere % 25).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

c) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 10).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 10).

e) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (gehienez ere % 20).

f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (gehienez ere % 10).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 5).

Arrantza-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 20).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 15).

c) Erakundeak sektore bakoitzean garatu edota sustatzen dituen jardueren garrantzia (gehienez ere % 15).

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 15).

e) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 15).

f) Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektoreari dagokionez (gehienez ere % 10).

g) Berori osatzen duten ekoizle eta egileen kopurua (gehienez ere % 10).

2.– Lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, dirulaguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte. Sektore bakoitzaren barruan dirulaguntza sobera badago, soberakin hori gainerako sektoreei esleituko zaie, harik eta soberakina erabat agortu arte. Ehunekotan neurtuta aurrekontu-beharrik handienak dituenari emango zaio lehentasuna.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» programa) ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak eta beste hauek bete beharko dira:

1.– Onuradun izatea, erreferentziako dekretuko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Laugarrena.– 1.– Dagokion zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak:

a) Nekazaritza-sektoreak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara.

b) Elikaduraren sektoreak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

c) Arrantza-sektoreak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara.

2.– Eskatzaileek tramiteak baliabide elektronikoen bidez bakarrik egin ahalko dituzte, euskadi.eus gunean, gaztelania: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/, euskara http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/.

3.– Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelania: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ eta euskara http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/

4.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: gaztelania http://www.euskadi.eus/micarpeta, euskara: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Aurkeztutako eskabideak akatsen bat badu edo behar bezalako zehaztasunak ematen ez baditu, edota baldintza guztiak betetzen ez baditu, errekerimendu bat egingo zaio interesdunari, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan. Adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ostean, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

Bosgarrena.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako laguntzak («Elkarteak» programa) jasotzeko eskaerak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Dagokion zuzendaritzak, eskaera jaso duenak, izapidetu, ebatzi eta ordainduko ditu laguntza-eskabideak, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Baldin eta, laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egun igarota, onuradunak dirulaguntzari beren beregi eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.

Zazpigarrena.– Aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan adierazitako gastuak lagundu ahal izango dira diruz 2019an, zenbateko hauen arabera:

a) Ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuak, gehienez ere % 90.

b) Funtzionamenduaren gastu arruntak, gehienez ere % 50. Dena den, zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zainketa- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZa barne) soilik lagundu ahal izango dira diruz.

c) Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkion gastuak, % 100eraino.

d) Azokak eta lehiaketak antolatzearen gastuak, % 100eraino.

Zortzigarrena.– Hona hemen dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, kontzeptu jakin batzuetarako:

a) 75.000 euro, autonomia-erkidegoaren, estatuaren eta Europako Erkidegoaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuetarako.

b) 100.000 euro, elkarteen funtzionamendurako gastu arruntak ordaintzeko, gastu horiek elkarteen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira betiere.

c) 120.000 euro, izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteko gastuetarako, baldin eta jarduera eta azterlan horien helburua bada sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzea.

Bederatzigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 3ko Aginduko dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek ezin izango dituzte agindu honetako ditulaguntzak jaso. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2019ko deialdia egiten du (2018ko abenduaren 11ko EHAA, 237. zk.).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 17a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala