Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2019ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3104

AGINDUA, 2019ko ekainaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako 2019. urterako laguntzak iragartzen dituena minimis araubidearen barnean.

Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak alde batera utzi dira eta landa- eta itsasertz-eremuek ez dute belaunaldi-erreleborik; horiek behar bezala jorratu beharreko gaiak dira, lurralde horietan bizi diren herritarren premiei eragiten dieten eremu guztietan. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremuak biziberritzeko gizarte-ekitaldiak egitea.

Gizarte-ekitaldiek zeharkako izaera eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, eta gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai diren energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gai dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gizarte-kohesioa eta identitatea, eta herri edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua azpimarratzea, eta gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaile bat dira. Hori dela-eta, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea nekazaritza-jarduera alde batera utzi eta belaunaldien erreleborik eza aukeraren terminoetan jorratzen diren bitartean, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko, gizarte-arloan oinarrituz; antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritzen diren eredu ekonomiko berrien barnean egin behar dira, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.

Laguntzen programa honen bitartez, landa eta itsasertzeko udalerriei bizia eman eta horietan jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte, ekitaldi gehienak hiri-eremuetan egin baitira; horregatik, oso garrantzitsua da ahalegin bat egin eta ekitaldi horiek landa eta itsasertzeko eremuetara eramatea. Era berean, landa-garapenerako laguntzak areagotzeko aukera bat izango litzateke, diziplina anitzeko ikuspuntu berri batetik. Landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzeko helburu estrategikoan kokatuko litzateke, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez; jarduera ekonomikoa sortzen ere lagunduko luke.

Horrela, bada, agindu honen xedea da, 2019rako, gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Bestalde, 1/2011 Legegintzako Dekretuak eta 5/2017 Legeak ahalbidetu egiten dute aurtengo ekitaldirako laguntzetarako deialdia egitea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da; abenduaren 22ko 9/2015 Legearen bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira –2019ko ekitaldirako luzatuak–).

Horien arabera:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da, 2019rako, gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko, betiere honako helburu hauek lortzen laguntzen badute:

a) Sektore pribatuaren eta publikoaren partaidetza sustatzea landa- eta itsasertz-eremuko gizarte-ekitaldiak finantzatzeko orduan, eremu horiek dinamizatzeko.

b) Gizarte-ekitaldi berriak sustatzea eta landa- eta itsasertz-eremuan inpaktu positibo esanguratsua dutenak finkatzea.

c) Inpaktu ekonomikoa sortzea jarduera-eremu horretan.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– EAEko landa- edo itsasertz-eremuetan gizarte-ekitaldiak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek edo publikoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera EAEko landa- edo itsasertz-eremu batean garatzea, Agindu honetako I. eranskinean zehaztutako G1etik G6ra eta L1etik L7ra arteko landatartasun/itsasertzekotasun-mailako eremuen arabera.

b) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, laguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat egin beharko da aurreko bi zerga-ekitaldietan eta abian den ekitaldian zehar jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez.

d) Pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagokion Erregistroan inskribatuta egotea.

e) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen edo bestelakoen elkarte edo erakundeen kasuan, emakumeen presentzia izatea zuzendaritza-organoetan.

3.– Hauek ezin izango dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean daudenak.

b) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmoren batekin zigortuta edo kondenatuta daudenak, eta horretarako legezko debekuren bat egiten dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

c) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza izan, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean sartuta daudenak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan aipatzen diren arau-hausteen zigorra ezarri zaienak eta Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotako egoerak betetzen ez dituztenak.

e) Krisialdian dauden enpresak, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

f) Berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira gizarte izaerako ekitaldiak, horiek nekazaritza-jarduerarekin lotuta ez badaude eta landa-eremuan eragin dinamizatzailea badute. Honako hauek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso: tokiko azokak eta jaiak, bai eta toki-erakundeek antolatzen dituzten eta urteko programazioan sartzen diren jarduerak ere. Honako ekitaldi hauek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, tailerrak, txapelketak, hitzaldiak eta erakusketak, musika-, antzerki- eta dantza-ikuskizunak, bertsolaritza, errezitaldiak eta antzekoak, betiere efektu dinamizatzailea badaukate eta eremuan inpaktu ekonomikoa sortzen badute.

2.– Deialdi honen babespean, ekitaldi batek bakarrik jaso ahal izango du dirulaguntza eskatzaile bakoitzeko, eta eskatzaile bakar batek ekitaldi bakoitzeko.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira deialdi honen laguntzak jaso dituzten jardueretan egin diren gastuak, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

Diruz laguntzeko moduko gastu gisa hartuko dira laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko zuzenean sortu diren gastu guztiak, betiere jardueraren exekuzio-epean zehar. Horiek modu egokian zerrendatu eta kuantifikatu beharko dira, eta justifikazio-epea amaitu baino lehen ordainduta egon behar dute. Izaera enuntziatiboz eta ez murriztailez, honako hauek gaineratzen dira:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Ekitaldia eta jarduerak gauzatzeko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak (erakunde onuradunaren egoitza sozialaren alokairua kanpo).

d) Ekitaldiak eta jarduerak gauzatzeko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren ekitaldien publizitatearekin eta hedapenarekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

4.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: dirulaguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

2.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

3.– Aurreko zenbakian jasotakoa betetzeko, pertsona onuradunei dagokie ziurtatzea, diruz lagunduko den jarduera gauzatzea hirugarrenekin hitzartuz gero, dekretu honek ezarritako mugak berdin errespetatuko direla diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituztela behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

4.– Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueren exekuzio osoa edo partziala hitzartu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako debekuekin loturaren bat duten pertsonekin.

Bosgarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntza horien zenbatekoak ez du jardueraren kostu osoaren % 50 gaindituko, eta ez da 20.000,00 eurotik gorakoa izango.

2.– Laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko orduan, ebazpenaren seigarren puntuan lortutako puntuazioaren eta pertsona onuradunak eskatutako kantitatearen arteko proportzionaltasun zuzena hartuko da kontuan, betiere honako taula honetan zehaztutako mugak errespetatuz (gutxienez 50 puntu lortuz gero):

(Ikus .PDF)

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

4.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

5.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira.

Dena den, ez dira bateragarriak izango Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak deitutako gainerako laguntzekin.

6.– Era berean, laguntza hauek batu ahal izango zaizkie beste administrazio publiko batzuek, agindu honetakoak ez diren xedeekin, onuradun berdinei emandako de minimis laguntzei; halere, guztien artean ez dute 200.000 euroko laguntza gaindituko, onuradun bakoitzeko eta 2017, 2018 eta 2019ko zerga-ekitaldietan, 1407/2013 Erregelamenduak ezarritakoari jarraikiz. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira gehieneneko atalase horretara egokitu arte.

Seigarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2019ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak 200.000 euro egiten ditu.

2.– Laguntza horiek emateko prozedura segidako konkurrentzia bidezkoa izango da eta, beraz, espedienteak eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira.

3.– Laguntza horietara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela eta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

4.– Aurkeztutako jarduera bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko orduan, aurkeztutako eskaerak baloratuko dira. Eskaera horiei aplikatuko zaizkie erakunde sustatzaileari, jarduera edo proiektuari eta kokapenaren landatartasun/itsasertzekotasun-mailari buruzko irizpideak, taula honetan jasotako baremazioaren arabera:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 10 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek dirulaguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Onuradunak, halakorik eskatzen bazaio, informazio osagarria bidali beharko du Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara, beronek diruz lagundutako jardueren garapenaz eta burutzapenaz egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ahal izateko.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea.

e) Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe.

f) Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren edozein aldaketa, aldaketa hori egitea aurreikusita zegoen data baino lehenago.

g) Eusko Jaurlaritzaren babesa beren-beregi adierazi beharko da diruz lagundutako euskarri, kartel, seinale, sari, garaikur eta jardueretan, baldin eta jarduerak berak publizitatzekoak, hedatzekoak edo zabaltzekoak badira, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera: http://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/. Txertatu beharreko logoa erabiltzaileen eskura egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, esteka hauen bitartez: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (eventos sociales) eta http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (ekitaldi sozialak).

h) Jarduerarekin lotutako jakinarazpen guztietan, hizkuntza inklusiboa erabiliko da irudietan zein testuetan. Ekitaldiaren publizitatean, euskarria edozein dela ere, ez da erabiliko hizkuntza edo irudi sexistarik.

i) Edizioa, komunikazio-euskarria edozein dela ere, gutxienez euskaraz egin beharko da, kasu guztietan.

j) Pertsonen bertaratzeari eta parte-hartzeari buruzko informazioa sexuen arabera bereizita lortu eta eskaini beharko da.

k) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, baita 2017, 2018 eta 2019ko ekitaldietan zehar jasotako beste de minimis laguntza batzuen kasuan ere.

Zortzigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-eskaerak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bideratuko zaizkio eta aurkezteko epea Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta ondorio horietarako bideratu den aurrekontua agortzen den momentuan amaituko da. Kasu horretan, ebazpen-zati honen 6. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da. Edonola ere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 30ean amaituko da. Eskaerari ebazpen-zati honen 6. apartatuan aurreikusitako agiriak gehitu beharko zaizkio.

Eskaeraren edukia agindu honen II. eranskinean jasotzen da.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

a) Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

b) Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

3.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, ebazpen honen 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

4.– Eskabideak eta horiek izapidetzeari buruzko jarraibideak, eta behar diren gainerako ereduak edo memoriak, modu presentzialean nahiz elektronikoan, eskura egongo dira euskadi.eus orriko egoitza elektronikoan, esteka hauen bitartez: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (eventos sociales) eta http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (ekitaldi sozialak).

Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/micarpeta eta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

b) Jardueraren memoria, agindu honen III. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera. Memoria horretan, landa- eta itsasertz-eremuen dinamizazioaren justifikazioa, exekuzio-epeen aurreikuspen bat, eta honako alderdi hauei buruzko datuak gaineratu beharko dira: finantziazioa, kokapena, enpleguaren sorrera, bideragarritasun ekonomikoa, genero-ikuspegiaren inklusioa, aurreikusitako inpaktuaren justifikazioa eta hedapena, hau da, partaide kopurua eta aurreikusitako publikoa, sexuen arabera bereizita, eta neurketa-sistemaren azalpen labur bat, bai eta jarduerak izango duten inpaktu ekonomikoaren aurreikuspena ere. Aurkezten ez diren datuak edo informazioa ezin izango dira kontuan hartu proiektuaren edo jardueraren balorazioa egiteko.

c) Jardueraren laguntza publikoari edo pribatuari dagozkion beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen ziurtagiria (adibidez: Udala / Foru Aldundia / Eusko Jaurlaritza / beste batzuk).

d) Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; deialdi-agindu honek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela; dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea; enpresa ez dagoela krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01); konpromisoa hartzen duela beharrezko agiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen edo kontrol-organoen esku jartzeko, laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatze aldera; ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion inolako legezko debekuren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz; eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.1 eta 13.2 artikuluetan xedatutako ezein egoeratan.

e) Foru-ogasunari eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeari dagokionez, dirulaguntza eskatzean, eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari horien egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egin dezan. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

f) Hala dagokionean, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan jasotako gainerako de minimis laguntzei inguruko berariazko adierazpena, zeinetan jasota egon beharko baitira dirulaguntza ematen duen erakundearen identitatea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Bederatzigarrena.– Organo Kudeatzailea eta ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako proposamena jaso ondoren, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak ebazpena emango du eta, bertan, eskatzaileari eskatutako laguntza eman edo ukatuko zaio gehienez ere lau hilabeteko epean, laguntza-eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita.

3.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak onetsitzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, baita diruz lagundutako gizarte-ekitaldiak eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Hamargarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko landa- eta itsasertz-eremuetan garatuko diren gizarte-ekitaldietarako laguntzak 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra gauzatu ahal izango dira, eta gastuaren exekuzio zuzena honako hauen bitartez egiaztatuko da:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria bat. Bertan, laguntzaren xede den jardueraren exekuzioari buruzko informazioa jasoko da, batez ere erreferentzia eginez publikoaren bertaratzeari buruz aurreikusitako inpaktuari eta jardueraren inpaktu ekonomikoari (ekitaldia antolatzeko toki-baliabideetan egingo den gastuaren ondoriozko inpaktua eta eskualdeko beste jarduera batzuetan eginiko gastuaren ondoriozko inpaktua); hala badagokio, jardueraren zabalkundeari buruzko informazioa ere jasoko da.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak aurkeztea; horiek laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean egon beharko dute. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta froga-balio bereko agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira agiri horiek, zehaztu beharko da zein diren programak eta, faktura edo justifikazio-agiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

c) Aurkeztea, hala badagokio, ekitaldiaren zabalkundea egiteko eskuorri edo kartelaren ale bat, non agertuko baitira Eusko Jaurlaritzaren babesaren aipamena eta dagokion logotipoa. Dirulaguntza jaso dezaketen ekitaldien kasuan, urtarrilaren bataren eta agindu hau argitaratu eta hilabeteko epearen artean egingo badira, aipamen hori ez da nahitaezkoa izango.

d) Laguntza jasotzeko pertsonifikaturiko erakunde bat eratu beharra baldin badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

e) Laguntza jasotzeko nahitaezko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

2.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2020ko otsailaren 28an egin beharko da beranduenez.

3.– Ordainketa bakarra egingo da, aurreko apartatuan aurreikusitako ziurtagiriak egiaztatu ondoren.

4.– Edonola ere, eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamaikagarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, Agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.12 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Ondorio horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Uko egitea.

Onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari berariaz uko egiteko idazki bat aurkezten badu; Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

Hamahirugarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetako betekizunak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, dirulaguntzen arloan behar diren berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Hamabosgarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 5a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)
II. ERASKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Identifikazioa.

a) Eskatzailea (Pertsona edo entitatea, telefonoa, emaila, jaiotza data, helbidea, abisuak jasotzeko datuak, jakinarazpen eta abisuen hizkuntza) edo ordezkariaren datuak.

2.– Proiektuaren edo jardueraren datuak.

a) Proiektuaren edo jardueraren izena.

b) Eskatutako laguntzaren guztizko gastua eta gehieneko zenbatekoa (Guztizko gastua eta eskatzen den laguntza).

c) Erakunde sustatzailea.

d) Proiektuaren edo jardueraren kokapena.

e) Proiektuaren edo jardueraren azalpena (Egunak eta azalpen laburra).

f) Inpaktua (Parte-hartzaileen kopurua sexuaren arabera banakatua).

g) Eragina izango duen eremua.

h) Gastuaren zenbatekoa (kontzeptuaren arabera sailkatua).

3.– Proiektua edo jarduera baloratzeko azalpen-memoria.

a) Erakunde sustatzailea.

3.1.1.– Erakunde mota.

3.1.2.– Erakunde sustatzaileak jardueraren arloan duen eskarmentua: pertsona fisikoak badira, laguntzaren xede izatea nahi den proiektua edo jarduera abiatzeko ezaugarri pertsonalak eta profesionalak. Antzeko proiektuetan izandako eskarmentu egiaztatua. Funtzionamenduan dauden enpresak badira, enpresaren ezaugarriei buruzko txostena, bai eta aurkeztu den proiekturako duen eskarmentu egiaztatua ere. Proiektua abiatzeko arrazoiak eta xedeak. Pertsona sustatzaileak lurraldearekin duen lotura.

3.1.3.– Tokiko eragileen inplikazioa: adierazi zein tokiko eragile dagoen jardueran sartuta, eta zein eginkizunekin.

b) Proiektua edo jarduera.

3.2.1.– Proiektuaren edo jardueraren izena.

3.2.2.– Jardueraren azaleko azalpena, alderdi garrantzitsuenak nabarmenduz. Aurreikuspenen arabera landa-ingurunea dinamizatzen nola lagunduko duen, ondorioak jasoko dituen eremu zehatzari dagokionez. Tokiaren garapen-maila, proiektuari dagokionez. Espero diren inpaktua eta emaitzak (proiektuak edo jarduerak nola lagunduko dion udalerriaren, eskualdearen edota herrialdearen garapenari).

3.2.3.– Bideragarritasun ekonomikoa. Aurrekontu xehea, eta, hala badagokio, finantzazio-plana.

3.2.4.– Xede publikoa: parte-hartzaileen eta hartzaileen kopuru aurreikusia, sexuaren arabera banakatuta, neurketa-sistemaren azalpen laburrarekin.

3.2.5.– Eragina izango duen eremua: nazioartekoa edo estatukoa, autonomia-erkidegokoa, lurralde historikokoa, eskualdekoa, edo tokikoa.

3.2.6.– Inpaktu ekonomikoa. (Ekitaldiaren antolaketarako tokiko baliabideetan aurreikusitako gastuak eta eskualde-eremuan beste jarduera batzuetan eragindako gastuak).

3.2.7.– Genero-ikuspegia txertatzea proiektuaren edo jardueraren garapenean: azaldu emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta premia ezberdinak sistematikoki balioetsi ote diren eta desberdinkeria deuseztatzeari eta berdintasuna sustatzeari begirako helburu eta jarduera espezifikoak sartu ote diren.

3.2.8.– Hedapen-ekintzak: jardueraren emaitzak hedatzeko eta ustiatzeko aurreikusi diren neurriak.

c) Landatartasun/itsasertzekotasun-maila: jarduera gauzatuko den eremuaren landatartasun/itsasertzekotasun-maila. I. eranskinaren arabera.

III. ERASKINA
PROIEKTUA EDO JARDUERA BALORATZEKO MEMORIA

1.– Erakunde sustatzailea.

a) Erakunde-mota.

b) Jarduerarekin lotuta erakunde sustatzaileak duen esperientzia: pertsona fisikoen kasuan, diruz laguntzeko eskatu den proiektua edo jarduera martxan jartzeko ezaugarri pertsonalak eta profesionalak. Esperientzia egiaztatua antzeko proiektuetan. Martxan dauden enpresen kasuan, enpresaren ezaugarriei buruzko memoria eta esperientzia egiaztatua aurkeztutako proiekturako. Proiektua martxan jartzeko motibazioa eta helburuak. Sustatzaileak lurraldearekiko duen lotura.

c) Tokiko eragileen inplikazioa: adierazi tokiko zer eragile dagoen inplikatuta jardueran, eta zer egitekorekin.

2.– Proiektua edo jarduera.

a) Proiektuaren edo jardueraren izena.

b) Proiektu edo jardueraren deskripzio laburra, alderdirik garrantzitsuenak nabarmenduz. Aurreikusitakoaren arabera, nola lagunduko duen landa-eremua dinamizatzen eragin-esparru zehatz horretan. Eremuaren garapen-maila, proiektuari dagokionez. Itxarondako eragina eta emaitzak (proiektu edo jarduerak nola lagunduko duen udalerria, eskualdea, lurraldea eta abar garatzen).

c) Bideragarritasun ekonomikoa. Aurrekontu xehatua eta finantzaketa-plana.

d) Zenbat pertsonari bideratuta dagoen. Parte-hartzaile kopurua eta aurreikusitako publikoa, sexuaren arabera bereizita; labur azaldu beharko da neurketa-sistema.

e) Eragin-eremua. Adierazi zer nolako eragina aurreikusten den: nazioartekoa edo estatukoa, autonomia-erkidegokoa, edo eskualdekoa edo tokikoa.

f) Eragin ekonomikoa.

i.– Ekitaldia antolatzeko toki-baliabideetan egingo den gastuaren ondoriozko inpaktua: kontratatutako langileak, erakunde hornitzaileak...

ii.– Eskualdearen esparruan beste jarduera batzuetan eginiko gastuaren ondoriozko inpaktua: ostatuak, jatetxeak, merkataritza...

g) Genero-ikuspegia txertatzea proiektu edo jardueraren garapenean. Azaldu sistematikoki hartu diren kontuan emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinak, eta desberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburuak eta jarduerak bildu diren.

h) Jardueraren zabalkundea. Jardueraren emaitzak ustiatzeko eta horien berri emateko aurreikusi diren neurriak.

3.– Jarduera egingo den eremuaren landatartasun/itsasertzekotasun-maila. I. eranskinaren arabera.


Azterketa dokumentala