Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2019ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3102

41/2019 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Urretxuko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko Urretxuko udal-mugartean, «Gainzabal» etxebizitzatarako jarduketa integratuko 16. eremuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Urretxuko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko Urretxuko udal-mugartean, «Gainzabal» etxebizitzatarako jarduketa integratuko 16. eremuan. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 6KO 41/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN ETA URRETXUKO UDALAREN ARTEKOA ALOKAIRUKO BABES SOZIALEKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO URRETXUKO UDAL-MUGARTEAN, «GAINZABAL» ETXEBIZITZATARAKO JARDUKETA INTEGRATUKO 16. EREMUAN

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 22a.

BILDU DIRA

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Jon Koldobika Luqui Albisua jauna, Urretxuko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA

Lehena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 30an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Urretxuko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2019ko maiatzaren 20an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:

AZALDU DUTE

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Urretxuko Udalak– elkarrekin esku-hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta toki erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, 2012ko ekainaren 26ko batzarraldian, hurrengo erabakia hartu zuen: onartzea Urretxuko Plangintzako Hiri Antolaketako Arauak berrikusteko testu bategina (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2012ko irailaren 12a).

Etxebizitzari dagokionez, aipatutako agirian etxebizitzarako hiri lurzoru hogei jarduketa eremu aurreikusten dira eta beste eremu misto bat. Guztira 473 etxebizitza berri egiteko aukera egongo da. Urbanizazioa exekutatzeari dagokionez, besteak beste, AIR 16 Gainzabal jarduketa integratutzat jotzen da.

Alkatetzak 2015eko irailaren 9an emandako Ebazpenez, Provincia religiosa del Sagrado Corazón de la Congregación de la Pasión de Jesucristo (PP.Pasionistas) delakoak aurkeztutako A.I.R. 16 Gainzabal eremuaren Urbanizazio Jarduketa Programari behin betiko onarpena eman zaio (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2015eko irailaren 18a; hutsen zuzenketa 2015eko irailaren 28a).

Alkate-Lehendakari jaunak 2016ko irailaren 26an honako Ebazpena eman zuen: AIR 16 Gainzabal eremuko birpartzelazio-Proiektuari behin betiko onarpena ematea (Gipuzkoa Aldizkari Ofiziala, 2016ko urriaren 17a).

Birpartzelazio-Proiektuari jarraituz, Urretxuko Udalari eremuko a.2.16.5 lursailaren % 100eko titulartasuna dagokio. Lursail hori eraikigarria da lursail horretan babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko.

Lursail hori Urretxuko 7471 finka da. Bergarako Jabetza Erregistroan inskribatua, 1522 liburukia, 144 liburua, 161 orrialdea. Finkaren deskribapena hurrengoa da:

Hiritarra-babes ofizialeko bizitegirako lurzati eraikigarria (BOLE).

Deskribapena.– A.I.R. 16 Gainzabal jarduketa Integratuko Eremuko Ekialdean kokaturiko lurzatia, Babes Ofizialeko bizitegirako Lurzati gisa identifikatua (BOLE), zortziehun eta hirurogeita hemezortzi m2-ko (878,00 m2) azalera duena. Mugakideak: Iparraldetik, AIR 16-Gainzabal Eremu Integratuko muga eta LILIBASOko 12 banaketa Arearen muga; Hegoaldetik, Lilibaso kaleko 16 B zenbakia duen eraikina; Ekialdetik, Lilibaso kalea eta Mendebaldetik, AIR 16- Gainzabal-en birpartzelazio proiektutik sortutako EL2 eremu libreen lurzatia.

Erabilera.– Babes Ofizialeko Etxebizitzarako bizitegi izaera duen lurzati eraikigarria, Urretxuko udalerriko Arau Subsidiarioen Testu Bateratuaren arabera, Lurzoruaren ondare Publikoari erantsiko zaiona, betiere urriaren 30eko 7/2015 Errege Lege-Dekretuaran 27.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatutako lurzati horretan, non kokatzen den a.2.16.5 Babes Ofizialeko Etxebizitza Blokea, IV/I profil eraikigarria duena, eta beheko solairuan guztira 664,80 m2t eraikigarritako fisikoa duena, goiko solairuetan 2.008,20 m2t eta hegaletan 88,80 m2t; aipatutako eremurako Arau Subsidiarioetan aurreikusitako erabilerak izango dituena, bereziki, babes ofizialeko etxebizitza-bizitokia, garajeak, etxebizitzaren erabilera osagarriak eta lagungarriak.

Urretxuko Udalak hurrengo agiria du: «Proyecto básico de 24 Viviendas de Protección Oficial en Urretxu». Agiri hori Estudios y Obras Rekalde enpresak prestatu du 2011ko abenduan.

Aipatutako agirian jasotakoaren arabera, lursailerako sarrera Lilibaso kaletik egiten da. Lursaila urbanizatua dago; ibilgailuen eta oinezkoen sarbiderako zerbitzuak ditu; eta azpiegiturak daude, bai dagoen bai proposatzen den eraikinei zerbitzua emateko direnak. Lursailean 22 metroko malda duen harkaitz-ezponda dago. Aurrekoa kontuan hartuta, azterketa geotekniko bat burutu da, zimentazioari dagokion sistema estrukturala kalkulatzeko. Halaber, mendi-hegalean egin behar den indusketa ere jasotzen duena.

Laugarrena.–. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluak adierazten duenez, Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, etxebizitzak babes publikoko araubide bati atxikita eraikitzeko kalifikatu ahal izango dira lursailak. Betiere, legearen 80. artikuluan aurreikusita dauden gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar den lurzoru-kalifikazioa egin beharko da gutxienez.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Bosgarrrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitzaren alorrean dituen eskumenak erabiliz, lurzorua behar du etxebizitza behar handiak dauden udalerrietan, haien artean Urretxu, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko, errenta gaitasun txikia duten eta etxebizitzaren merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten familientzat, pertsonentzat, bizikidetza unitateentzat edo gazteentzat.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Urretxuko Udalak uste dute etxebizitza publikoa udalerrian sustatzeko gauzatzen duten politika bateratua osatu egin behar dela babes sozialeko etxebizitzen sustapen berrien exekuzioarekin.

Hartara, Urretxuko Udalak doan lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari bere titulartasuneko Urretxuko 7471 finka (Gainzabal 16. AIR-eko a.2.16.5 lursaila). Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak agiri honetan aurreikusten diren babes sozialeko etxebizitzen sustapena burutuko du.

Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko 2/2007 legeak, azaroaren 6koak, bere testu bateginean horretarako xedatutakoa beteko da.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.

Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehena: Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Urretxuko udal-mugartean alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzea, Urretxuko udal-mugartean, «Gainzabal» Etxebizitzarako Jarduketa Integratuko 16. eremuan

Bigarrena.– Urretxuko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute Urretxuko 7471 finka (Gainzabal 16. AIR-eko a.2.16.5 lursaila) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak alokairurako babes sozialeko etxebizitzen sustapenerako erabiltzea.

Urretxuko Udalak aipatutako lursaila lagatzeko konpromisoa hartzen du, inolako kargarik gabe, doaneko lagapena egiteko beharrezko erabakia hartuta.

Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu Hitzarmen honek xede duen lursaila doaneko lagapenaren bidez eskuratzeko ondare jardueraren eskriturek eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak eragindako gastuak.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Hitzarmen honen xede diren babes sozialeko etxebizitzen sustapenerako beharrezkoak diren agiri teknikoak idaztea. Agiri horiek prestatzeko kontuan hartuko da Udalak duen oinarrizko proiektua.

– Lankidetza-hitzarmen honetan aurreikusten diren alokairurako babes sozialeko etxebizitzen obrak kontratatzea eta exekutatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapenari lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak Hitzarmen honetako indarraldian amaituko dituela.

– Hitzarmen honetan aurreikusten diren alokairurako babes sozialeko etxebizitzen sustapenaren eremuaren urbanizazio obrak kontratatzea eta exekutatzea (lur mugimenduak eta dagoen ezpondaren sostengurako aurreko obrak barne).

– Hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzea, hau da, horiei balioa emateari emango diola lehentasuna (ezabatzeari baino).

– Obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko neurri egokiak hartzea, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran uztea.

Klausula honetan jasotzen diren jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hartuko ditu bere gain.

Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasun eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarritasunen baldintzapean egongo dira.

Laugarrena.– Urretxuko Udalak ondorengo jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartu du:

– Eraikuntza eta urbanizazio obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak eskaera egin duenetik hasita.

– Partzelari dagokion segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, alokairurako babes sozialeko etxebizitzen eraikuntza lanak hasi arte.

– Babes sozialeko etxebizitzen sustapenari eta dagokion urbanizazio obrei aplikatu beharreko Eraikuntzen, Instalazioen Eta Obren Gaineko Zergaren kitapenean % 95eko hobaria ematea. Hobari hori aipatutako zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalean aurreikusten da eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak izendatuta daudenean zirkunstantzia sozial, kultural edo historiko-artistikoak izateagatik edo enplegua sustatzeko baliagarriak gertatzeagatik.

– Salbuetsi egingo du Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Hitzarmen honetan aurreikusitako helburua lortzeko hirigintza arloan beharrezko diren espedienteen tramitazioari dagozkion tasak ordaindu beharretik, eta baita ere Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikuluan araututa datozen hirigintza-lizentziengatik dagozkion tasak ordaindu beharretik (horien artean daude lokalak irekitzeagatiko lizentzia, garajeak, erregaiak biltegiratzea, galdara-aretoak, informazioaren tratamendu eta komunikazio zerbitzuak eta abar), betiere Hitzarmen honen helburu diren babes publikoko etxebizitzak sustatzeko beharrezko direnak.

– Ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak lehengoratzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Urretxuko Udalak ordainduko ditu.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Urretxu dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Nolanahi ere, Urretxuko Udalak behar sozialei erantzuteko lau etxebizitza behar dituenez, esaterako larrialdi soziala, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak hartzeko, hirigintza-jarduketen ondorioz eragindako pertsonak hartzeko, eta abar, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak esleipen prozeduratik kanpo utziko du aipatutako etxebizitza kopurua, hain zuzen ere, Udalak erabilgarri eduki ahal izan ditzan.

Esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du dagokion Eginkizun-Arloko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako aginduaren bidez.

Seigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzatzen direla begiratzea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, aipatutako babes publikoko etxebizitza horien sustapena egiterakoan sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Aipatutako Jarraipen Batzorde hori lau kidez osotuko da. Alderdi bakoitzak bi proposatuko ditu.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez diren kontuei dagokienez, Jarraipen Batzordearen funtzionamenduak Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Zortzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamargarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bideraezina bada.

Eraikina ez bada Hitzarmen honetako Hirugarren klausulan jasotzen den epean eraikitzen edo eraiki arren ez bazaio alokairuko babes sozialeko etxebizitzen erabilerari eusten hurrengo 30 urteetan, Udalak lagapena bertan behera utzi ahalko du, eta, ondorioz, dagozkion izapideak egin ondoren, lurzatia eta, hala badagokio, eraikuntza Udalari itzultzea erabakiko da.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Urretxuko Alkate lehendakaria,

JON KOLDOBIKA LUQUI ALBISUA.


Azterketa dokumentala