Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2019ko ekainaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3048

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Beasaingo Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa 32-Errekarte I eremurako.

AURREKARIAK

2019ko martxoaren 4an, Beasaingo Udalak eskabide bat bete zuen, 32-Errekarte I eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; Ura-Uraren Euskal Agentziari; eta elkarte hauei: Ekologistak Martxan-Gipuzkoa y Eguzkizaleak.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak) eta Ura-Uraren Euskal Agentzia (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Beasaingo 32-Errekarte I eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa Puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Beasaingo Udalak sustatutako 32-Errekarte I eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da xedapenen bat aldatzea 2008ko irailean onartu eta indarrean dagoen 32-Errekarte I eremuaren Plan Berezian. Urbanizazio-proiektu berriarekin, ez dira aldatuko lurzati-aprobetxamenduak, ezta etxebizitza kopurua ere. Sortuko diren hiru lurzatietan (R-3.1, R-3.2 eta R-3.3) 129 etxebizitza egongo dira aurrerantzean ere.

Zehazki, hauek dira aldaketak:

– R-3.1 eta R-3.2 lurzatien mugak berrantolatu eta doitzea:

a) R-3.1 lurzatia berrantolatzea, Errekarte kalearekin eta eremuko beste bi blokeekin lerrokatuta. Profila 2PS + PB + IV + PA izango da, eta altuera 20 m-an geratuko da.

b) R-3.2 lurzatiaren mugak doitzea, SLRVII bidearen antolamendu berrira egokitzea. Bide horrek Loinatzko San Marti baselizara darama. Bide-trazatuaren sestra-azpiko lerrokadura doituko da. Ondorengo sestra-azpiko lerrokadura ere aldatuko da, SLV12 bidea kenduko denez.

c) R-3.3 lurzatia kontsolidatzea.

– Bide-sarea aldatzea:

a) Errekarte kaletik Loinatzko San Martin baselizara daraman bidea egun doan ibaiertzean geratuko da eta ez du Arrilun-Maleza erreka zeharkatuko.

b) 34. eremuko SLRV1.1 bideak ibilbide eta neurri berriak izango ditu; 5,00 metroko galtzada eta 2,00 metroko espaloia. Ermitarako bidearekin lotzen da eremutik kanpo. Hala, errekaren ibilguan aire zabalean jarraituko du, eta Telleri baserrirako eta eraikinerako sarbidea lekualdatuko da. Hori izango da erreka gaineko pasabide bakarra, egungo egoerari eutsita. Errekaren gaineko sarbide horrek konponbidea emango dio gurpil bidezko eta oinezko irisgarritasunari blokeetako batean.

c) SLRV1.2 bidea kenduko da. Bide horrek funtzio bakarra zuen; R-3.2 lurzatiko sotoetarako gurpil bidezko sarbide-arranpa zen. R-3.2 lurzatiko sotoetarako sarbide berri bat proposatu da. Hala, SLRV1.2 bidea ez da beharrezkoa.

d) Kaleko aparkalekua Errekarte kalean egongo da, baterian aparkatzeko 13 leku egongo dira R-3-1 lurzatiaren parean, eta 4 leku SLRV1.1 bidean.

– Berdegunean berrantolatuko dira (SLELI.a.5); handitu egingo dira Arrilun-Maleza errekaren inguruan eta bizitoki-lurzatien bestaldean.

Planaren eremua Oria ibaiaren ezkerraldean dago, Beasain udalerriaren iparraldeko mugan, hiri-lurzorutik nekazaritzako eta abeltzaintzako eta landako lurzoru urbanizaezinera arteko trantsizio-gunean. Soroz eta baratzez inguratutako baserriak daude eremuak.

San Martin errekak zeharkatzen du eremua, eta Errekarte kaletik aurrera lurpean doa.

Inguruan ez dago natura- edo geologia-intereseko elementurik, ez eremu babesturik (Natura 2000 Sarekoak). Gaur egun, egon litekeen basoa (hostozabalen baso mistoa) baserri-erabilerako landarediak ordeztu du eremu osoan: gramineoen soroak-bazkalekuak, baratzeak eta landaredia erruderala, edota San Martin errekako ertzetako landaredia. Intereseko edo mehatxu peko basafaunari eta basaflorari dagokienez, ez da interes bereziko eremua.

Inpaktu adierazgarri gehienak eremuaren antolamendu xehatua garatzeari loturiko urbanizazio-proiektuaren obrak egin bitartean etorriko dira. Esaterako, Guztiona etxerako sarbidea egongo den San Martin errekako zubia eraikitzean, errekaertzeko landaredia kaltetuko da; airearen kalitatea gutxitu, eta kutsadura akustikoa areagotuko da, eraikinak eraistearen eta lur-mugimenduen erruz. Ondoren, hirigintza-garapen berria osatuta, kutsadura akustikoak gora egitea pentsatzekoa da, bide berriek ekarriko duten zirkulazio-hazkundea dela eta.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer-nolako eragina duen aldaketak beste plan edo programa batzuetan: aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu denez, ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira: lur-mugimenduak, batez ere eraldatutzat jotako lurzoruak dituzten partzeletan, makinen joan-etorriak eta eraispenetako hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: induskatutako lurzoruen kontrola: Beasaingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gerora kalitateko akustikoko helburuak (KAH) gaindituko direnez, jarduketa-eremu batzuetan, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direnak, kalitate akustikoko helburuak (KAH) bete daitezen. Horrela izan ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 212/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira exekutatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Balizko uholde-arriskua. Gaur egun ez dago San Martin errekaren uholde-arriskuari buruzko kartografiarik. Alabaina, R-3.1 eta R-3.2 lurzatietan aurreikusita dauden garapenen kokapena kontuan hartuta, uholde-arriskua aztertu beharko da, azterlan/justifikazio hidraulikoa aurkeztuta. Uholde-arriskua badago, garapen-proposamenak urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren I. eranskineko 40. artikuluan xedatutakoa betetzen duen egiaztatu beharko da. Arau horren bidez onartzen da Kantauri Ekialdeko demarkazio hidrografikoko Espainiako zatiko plan hidrologikoen berrikuspena, eta artikuluak, zehazki, zaintza-eremu urpekorrak izan ditzakeen erabilerak mugatzen ditu. Horiek betetzearen egiaztapena atxiki beharko zaio Planaren dokumentazioari.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualak ez du izango ondorio esanguratsurik ingurumenaren gainean, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Beasaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Beasaingo 32-Errekarte I eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala