Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2019ko ekainaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3046

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Arrasate udalerriko Zerrajeran, 63 babes ofizialeko etxebizitza azalera eskubidean esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.– 2007ko abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Arrasateko Udaleko alkate-udalburuak sustapen honetan eragina duen hitzarmen bat sinatzen dute. Hitzarmen horren bosgarren klausulan Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du Arrasate interesdun udalerri bakarra izendatzeko. Hortaz, udalerri horretan erroldatutako pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute esleipen prozeduran. Esleipen prozeduran etxebizitzarik soberan geratzen bada, eskualde egitura bereko beste udalerri batzuen babestutako etxebizitzen eskaera betetzeko erabiliko dira.

3.– Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2018ko azaroaren 30eko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Arrasate udalerriko Zerrajerako 63 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, eta EB3-0756/18-LC-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako 3, bi logelakoak, 89,98 m2 ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 60 etxebizitzetatik 21 bi logelakoak dira, eta 58,41 m2 eta 59,68 m2 bitarteko azalerak dituzte, eta 39 hiru logelakoak dira, eta 76,82 m2 eta 89,03 m2 bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindu hau ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren –etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa– 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau edo hitzarmen-xedapenik ezean.

6.– Agindu horretan honakoa ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.

7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

8.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasate udalerriko babes ofizialeko 63 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Mondragon-Bergara eskualde egituran kokatzen da.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Arrasate izango da, eta udal horretan urtebeteko errolda antzinatasuna egiaztatuko du titularretako batek.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean urte beteko antzinatasunez erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan.

Seigarrena.– 2017. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten elbarriek edo desgaitasun psikikoa duten pertsonek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.

Zazpigarrena.– 5 kide edo gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute honako esleipen prozeduran parte hartu.

Zortzigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2019ko ekainaren 24a eta uztailaren 5a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 20004-Donostia.

– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004-Donostia.

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus

Bederatzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 3 etxebizitza, 89,98 m2 azalerak dutenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek honako ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Hamargarrena.– Egokitu gabeko 60 etxebizitzetatik 21 bi logelakoak dira, eta 58,41 m2 eta 59,68 m2 bitarteko azalerak dituzte, eta 39 etxebizitza hiru logelakoak dira, eta eta 76,82 m2 eta 89,03 m2 bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitza horiek, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira.

Hamaikagarrena.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari agindu hau argitaratu ondoren jakinarazitako bizikidetza unitateen aldaketak ez dira kontuan hartuko, aldaketak egun hori baino lehen eman badira ere, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen honako aldaketa hau salbu: ezkontza bidez elkartuta edo Elkarketa Zibilen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonek babes ofizialeko etxebizitza eskuratzekotan elkarrekin izan beharko duela.

Hamabigarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak agindu horren 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Hamahirugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamalaugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala