Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2019ko ekainaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2982

AGINDUA, 2019ko ekainaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrekin batera doan memorian (aurtengo ekitaldirako luzatu dira aurrekontuak), Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehentasunezko helburuetako bat da kooperatiben arteko eta gizarte-ekonomiako beste enpresa-mota batzuen arteko lankidetza sustatzea. Globalizazioa gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, lehia ere oso handia da. Egoera horretan, gomendatzen da hazkunde-estrategiak hartzea, tamaina egokia lortzeko eta, horri esker, bizirauteko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren gaitasunak eta baliabideak eskuratu ahal izateko.

Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza beharrezkoa eta erabilgarria da; eta beharrezkoa eta erabilgarria da bi arrazoirengatik. Batetik, enpresa horiek errealitate ekonomiko nazioartekotu gero eta konplexuagoan mugitzen dira, eta, beraz, beharrezkoa da enpresen arteko lankidetzarako egitura gutxi-asko formalak ezartzea, merkatu jakin batzuetan lehiakorrak izan daitezen edo merkatu horietara egokitutako ondasun edo zerbitzuak produzitu ahal izateko. Bestetik, kooperatiba txikiei dagokienez –halakoak baitira lan elkartuko kooperatiba eta lan-sozietate sortu berri gehienak–, era guztietako lotura eta harremanak ezarri behar dira, tokiko merkatuetan mantendu eta garatu daitezen.

Historikoki, arlo honetan, sustapeneko jarduera administratiboak osatu egin izan du enpresa-mota horien elkarteek egindako jarduera; izan ere, elkarte horiek enpresen arteko lankidetza-sare indartsuak eta kohesionatutak sustatu behar dituzte. Hala ere, aurreko urteetan ikusi da hainbat lankidetza-proiektu interesgarri eta garrantzitsu ez zirela egokitzen dirulaguntzen agindura, ezinezkoa edo desegokia zelako elkarteek edo enpresen lankidetza-taldeak horietara aurkeztea, arrazoi desberdinak direla eta.

Horrela, bada, aukera eman da lankidetza-proiektu batean parte hartzen duten enpresak eurak izan daitezen dirulaguntza jaso dezaketenak. Kontua da gizarte-ekonomiako enpresen artean negozio-aukera guztiak sustatzea edozein esparru geografikotan eta sektore ekonomikotan.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten, Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2019ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta horien gastuak honako jarduera hauek finantzatzera bideratuko dira:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzeak eta ezartzeak eragindako gastuak.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea. Era berean, lankidetza-proiektutzat joko da bazkide langileek kapitalean duten partaidetza eskualdatu eta aipatutako proiektuan parte hartzen duten sozietateetan ezartzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatzea eta prestatzea, kasuan kasuko elkartearen gidaritzapean. Mekanismo horiek administrazio-organoak zehaztutako gobernamendu-ereduan integratuko dira.

b) Akordioak landu eta formalizatzeko eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzeko beharrezkoak diren gastuak, gizarte-ekonomiako enpresek bat-egiteko beharrezkoak direnak barne. Halaber, azterketa- eta diseinu-fasean programa honen kargura lagundu ziren eta dagoeneko ezarrita dauden lankidetza-akordioak eta -egiturak finkatzeko gastuak.

2.– Agindu honen indarrez dirulaguntza jaso dezaketen jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2020ko ekainaren 30a baino lehenago amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hirurogeita sei mila seiehun eta hirurogeita zazpi (166.667) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun mila (100.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako eta hirurogeita sei mila seiehun eta hirurogeita zazpi (66.667) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

2.– Adierazitako zenbateko orokorra handitu ahal izango da, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik, eta lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatutako gainerako programan bete ondoren aurrekontu erabilgarririk izatearen arabera. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

3.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute dirulaguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako dirulaguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko da onartu diren eskabide guztien artean.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza_arteko_lankidetzarako_2019/

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Kooperatiba-sozietateak eta lan-sozietateak.

b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarteak.

c) Gizarte-ekonomiako enpresen lankidetzako egiturak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukatenak.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Diruz lagundutako jardueretan parte hartu dezaketen aholkularitza-erakundeek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz. Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

3.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean.

4.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza izateko eskubidea aitortzen bazaio, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko ditu era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela, eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, 2.a) artikuluko kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

Bestetik, 2.b) artikuluko kasuetarako, goian aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

2.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Lan eta Justizia Sailak, muga hauekin:

a) 2.a) artikuluko jarduerak: hamabi mila (12.000) eurora arte.

b) 2.b) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila (30.000) eurora arte.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuaren eraginpeko pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

4.– Langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzeko proiektuen kasuan, artikulu honetako bigarren paragrafoan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

5.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen kopuruaren muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein Administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 9.5 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste Administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.5 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza_arteko_lankidetzarako_2019/

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, 12. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira.

12. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek aurreko artikuluan aipatutako eskaera-inprimaki elektronikoa bete beharko dute, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu:

a) Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Entitate bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

– Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat-egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

b) Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu:

– Erakundearen datuak.

– Azterlana gauzatzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Zinpeko aitorpena, Agindu honetako 7. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

13. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 60, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du, honako informazio hau barnean daukala:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean, egoki iritzitako egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak, eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko epea hamabi hilekoa izango da gehien jota.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 11.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala