Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2019ko ekainaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2981

AGINDUA, 2019ko ekainaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak arautzen baitira gizarte-ekonomiako ekintzailetzan hasteko eta, lurralde-mailan eta modu planifikatu batean, gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko, eta laguntza horietarako deialdia egiten baita.

Gizarte-ekonomiako ekintzailetzarako laguntzen araupetze honek aurreko ekitaldietan araututako irizpideei eusten die; horrela, aurreko ekintzailetza-ildo guztiak barneratzen ditu, sustapen-laguntza profesionalean eta gizarte-ekonomiako sektorekoan oinarrituta, eta gutxieneko bideragarritasun ekonomikoa eta sozietate-bideragarritasuna bermatzen du. Era berean, helburua da: enpresa horiek eratu ondoren, laguntza teknikoa edukitzeari eta gizarte-ekonomiakoak izateari eustea, eta, funtsean, gizarte-ekonomiako enpresa bideragarri gisa jarraitutasuna izatea.

Ildo berean dago Enplegurako Plan Estrategikoa (2017-2020), horren bidez ere lagundu nahi baita enpresa berriak sortzen eta dagoeneko existitzen direnak sendotzen, batez ere, sektore ekonomiko guztiei loturiko lana egiten dutenak.

Diruz lagundu daitekeen kooperatiba-sozietate gisa segitzen du izaera integrala duenak eta bazkide erabiltzaileen eta lan-bazkideen arteko posizio juridiko orekatua duenak, ulertzen delako errealitate hori bat datorrela lan elkartuko kooperatiben errealitatearekin. Era berean, nekazaritza-kooperatibak sortzeak ere segitzen du dirulaguntza jaso dezaketen gizarte-ekonomiako enpresen artean egoten.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da: Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bidez, 2019. ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko eta gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, bi milioi hamalau mila zazpiehun eta hogeita hamabost (2.014.735) euro erabiliko dira, honela banatuta:

a) II. kapituluari dagokienez, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeari buruzko 15. kapituluko 1. eta 2. apartatuetan, milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamalau mila zazpiehun eta hogeita hamabost (1.754.735) euro, honela banatuta: milioi bat laurehun eta berrogeita bat mila hirurehun eta hogeita hamasei (1.421.336) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta hirurehun eta hamahiru mila hirurehun eta laurogeita hemeretzi (333.399) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

b) II. kapituluari dagokionez, krisian dauden enpresen bideragarritasun-azterlanei buruzko 15. artikuluko 3. apartatuan, berrogeita hamar mila (50.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: berrogei mila eta bostehun (40.500) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako eta bederatzi mila eta bostehun (9.500) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

c) III. kapituluari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, berrehun eta hamar mila (210.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: ehun eta bost mila (105.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako eta ehun eta bost mila (105.000) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

2.– Adierazitako zenbateko orokorra handitu ahal izango da, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik, eta lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatutako gainerako programan bete ondoren aurrekontu erabilgarririk izatearen arabera. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

3. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.

1.– Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, betekizun orokor hauek betez gero:

a) Aurkeztutako eskabidearen gaineko ebazpena eman aurretik, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzan inskribatuta.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea.

c) Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso eta, horren ondorioz, laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

f) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du prozedura nahiz zehapen-prozedura oro Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

5. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako eskariak eta ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide hauetan:

– Enpresak eratzea: https://www.euskadi.eus/ayuda-emprender-constitucion-2019/web01-tramite/es

– Enpresak eratzeko sustapena: https://www.euskadi.eus/ayuda-emprender-promocion-2019/web01-tramite/es

– Bideragarritasun-azterketak: https://www.euskadi.eus/ayuda-emprender-viabilidad-2019/web01-tramite/es

– Planifikatutako lurralde-sustapena: https://www.euskadi.eus/ayuda-emprender-promocion-territorial-2019/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Dirulaguntzen eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

7. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideetan betebeharreko guztiak betetzen ez badira edo kasuko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa eransten ez bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Bana-bana aztertuko dira, 2. artikuluan adierazitako hiru apartatuen arabera, agindu honetan xedatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten laguntza-eskaerak. Atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunei laguntzeko, Agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.

2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz 2. artikuluko ataletan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:

a) Lehenbizi, gainerako apartatuetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek bideratuko dira funtsik gabeko apartatuetara, hasiera batean apartatu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.

b) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak nahiko ez badira hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko, zenbateko horiek murriztuko dira eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, bana-bana, atal bakoitzeko.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke xede eta helburu bererako beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok emandakoekin.

Laguntza honi begira, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.

2.– Dirulaguntza hau beste lurralde-administrazio edo haien mendeko erakunde publiko batzuetatik datozen dirulaguntza batzuekin uztartzen bada, honela jokatuko da:

– Horiek batuta, 18. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, soberakin hori bateraezintzat joko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztu.

– 15.1 artikuluko jardueraren dirulaguntza beste lurralde-administrazio edo haien mendeko erakunde publiko batzuetatik datozen helburu eta xede berekoekin uztartzen bada, eta horien baturak bazkide langile edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu (agindu honetako 18.1.d) artikuluak aipatutakoaren arabera), soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztu. Administrazio honek gehienez ematen duen dirulaguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakundeko.

3.– 15.1 artikuluaren bidez erakunde onuradunei eman beharreko zenbatekoa zehazteko, agindu honen baremoen arabera lortutako emaitzatik kendu egingo da bazkide langileek edo lan-bazkideek gizarte-ekonomiako enpresa batean sartzeagatik jaso duten kopurua (enpresa horietara bazkideak sartzeko laguntzen bitartez jasotako kopurua). Laguntza horiek Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatzen ditu.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babespeko dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten egitura asoziatibo baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari 21.1 artikuluan adierazitako denboraz, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan; onuradunak, ondorioz, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.

3.– Entitate onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 21.2 artikuluan adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.

4.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak, eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntzaren erakunde onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak; halaber, 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko epea hamabi hilekoa izango da gehien jota.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oro har, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezarri ziren.

II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, izaera hori ez duten enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barnean hartuta. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak eta gainerako kooperatiba-motak, baldin eta lan-bazkideekiko izaera integrala badute (lan-bazkideek beste mota bateko bazkideekin modu orekatuan parte hartuko dute sozietate-organoetan); horiez gain, beste hauek ere gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira: lan-sozietateak, eta beren prestakuntza akademikoaren zati gisa eta dagokion unibertsitatearen tutoretzapean enpresa bat garatzen duten unibertsitate-ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barnean direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.

3.– 2019an, honako ikasketa hauek egitea –gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko helburua izanik–:

a) Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomia- eta finantza-bideragarritasuneko azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.

b) Ikerketa juridiko eta ekonomiko-finantzarioa, non aztertu behar den bideragarria den langileek beren gain hartzea zerbitzuak ematen dituzten enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.

16. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete artikulu honetan bilduriko laguntzak:

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: 2018ko uztailaren 28tik agindu hau EHAAn argitaratzen den egunera bitartean (egun biak barnean hartuta) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Horretarako, erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan erregistratu izanaren datatzat.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: pertsona juridikoak, zeinen helburu soziala izan behar baitu kooperatiba edo lan sozietateak era daitezen sustatzea, eta irabazi-asmorik gabekoak badira, edo erakundeen jabetza batik bat irabazi-asmorik gabekoa bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 15.1) in fine artikuluan aipatutako kooperatibetarako, hezkuntza-proiektuen tutoretza duten unibertsitateak.

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horiek gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek gehiengoarekin partaidetutako enpresak izan behar dute, edota kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten beste aholkularitza-enpresa batzuk, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunde bati lotutakoak.

17. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– 15.1 artikuluko erakunde onuradunetarako:

a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.

b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.

c) Dirulaguntza eman aurretik, legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea.

d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten duen unean.

e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

2.– 15.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.

3.– 15.3 artikuluko erakunde onuradunetarako: bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez langile-zerrendaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako konpromiso idatzi bat aurkeztu beharko da gizarte-ekonomiako erakunde bat eratzeko, enpresa bideragarria baldin bada.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Baremo hauen arabera kalkulatuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaion gizarte-ekonomiako enpresa sortu berri bakoitzari:

a) 4.000 euro, lan-kontratu mugagabeaz sartzen den bazkide langile bakoitzeko. Halakotzat joko dira: gizarte-ekonomiako enpresako bazkide langile guztiak, baldin eta erakundea eratzen denetik agindu hau EHAAn argitaratzen den egunera bitartean (egun biak barnean hartuta) sartu badira enpresan.

Aurreko paragrafoan bazkide langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.

b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:

– Emakumeak izatea, erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.

– Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko desgaitasuna onartua izatea.

– Egoitza sozialak Eusko Jaurlaritzaren talka-planean adierazitako 17 udalerrietako batean egon behar du, hain zuzen, eremu behartsu gisa katalogatutako eremuen artean (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena: Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zierbena, Erandio, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Hondarribia, Irun).

– Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

– Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mende izatea.

– Etxeko indarkeriaren biktimak. Egoera horretan dagoela ulertzeko, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, betiere gertakari horiek salatuta auzialdi polizial edo judizialetan.

– Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan, laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitutakoan egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.

– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da –agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako–, lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta dituzten eta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago eman duten pertsonak, baldin eta lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.

c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutakoa, ezta 30.000 eurotik gorakoa izan ere.

2.– 15.1 artikuluko jardueretarako, aurreko apartatua aplikatuta ematen duen kopuruaren % 100.

3.– 15.2 artikuluko jardueretarako, artikulu honen 1. apartatua aplikatuta ematen duen kopuruaren % 30.

4.– 15.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 70, eginiko azterlan bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.

19. artikulua.– Ordaintzeko era.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

a) Lehenengo, dirulaguntza osoaren % 81 ordainduko da, dirulaguntza eman ostean eta dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketan, % 19 ordainduko da; baina, lehenik, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, eta zehazkiago hauek:

– 15.1 artikuluko jardueretarako:

• Agindu honetako 21.1 artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo entitatearen ziurtagiria.

• Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

– 15.2 artikulu jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren agiriekin batera.

– 15.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.

20. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:

a) Memoria zehatza eta enpresa-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).

b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte ekonomiaren alorreko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.

e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.

f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskaera aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.

g) Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

h) Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non minusbaliotasun-maila adierazi behar baita.

i) Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.

j) Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura dagoela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo batzuk.

k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.

l) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

m) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

n) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emana.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako:

a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria, halakorik dagokionean.

b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzaketa-planari buruzko memoria zehatza.

c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako:

a) Bideragarritasun-azterketako proiektuaren memoria.

b) Enpresa 15.3 artikuluan jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.

Erakunde interesdunek ez dute eskatutako agiriak aurkeztu beharrik izango baldin eta aurretiaz aurkeztu badituzte eta baldintza beretan indarrean badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:

a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek hau egin beharko dute:

1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan gordetako lanpostu-kopuruaren arabera.

Aldi horretan, bazkideen artean, bajarik edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.

Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hileko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, eskatu egingo zaie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igarota, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea hasiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.

2) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.

Artikulu honetako 2. zenbakian aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.

b) Erakundea behar den erregistroan inskribatu, eta hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeak gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko du.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du egoera hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, eskatu egingo zaizkie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igarota, konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea hasiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.

Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Beste kasu batzuetan, prozedura adierazi berri horri jarraituko zaio.

c) Dirulaguntzaren erakunde onuradunak egitura asoziatibo batean integratuta segitu beharko du eratzen denetik hiru urte bete arte.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez egitura asoziatibo batean integratuta jarraitzeko betebeharra; horretarako, erakunde asoziatiboei ziurtagiria eskatuko die.

d) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; hori gorabehera, galerarik badago, zenbateko horrekin konpentsatu ahal izango dira dirulaguntza jasotzen duen enpresan sortutako galera horiek.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, aurreko b) letran ezarritakoa egin beharko da, eta ez egiteak, berriz, letra horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zen egunetik urtebete igaro ondoren zenbatzen hasi eta hilabetera.

Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) letran aipatutakoarekin batera.

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: arau honetako 15.3 artikuluan aipatzen den aholkulari adituak sinatu beharreko bideragarritasun-azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean, eta aurkeztutako proiektuaren arabera.

Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1 zenbakiko b) letran ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
LURRALDE-SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako ekintza-plan bat landu, garatu eta gauzatzea, agindu honen 24. artikuluko eskakizunei jarraikiz. Gizarte-ekonomiako enpresak lanean parte hartzean, aberastasuna sortu eta orekaz banatzean, eta enplegua sortzean oinarrituko dira. Ekintza-planen erakunde egileek, berriz, eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeen eta gizarte-ekonomiako enpresen parte hartzea izan beharko dute, alde batetik, eta, bestetik, erakunde horiek enpresa-mintegi bat bermatzeko adinako egitura izan beharko dute eskura, 24. artikuluan araututako ekintza-plana aplikatzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatze aldera, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.

23. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza honen onuradun izan ahalko dira berezko nortasun juridikoa duten erakundeak, eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Helburuen artean enpresa-sustapena izatea.

b) Ekintza-plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiarekin.

c) Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea planifikatutako lurralde-sustapenaren mota honetan.

d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, non adieraziko baita enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela, batez ere gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko, eta, modu subsidiario batean soilik, enpresak sortzea ezinezkoa bada, gizarte-ekonomiako enplegua sortzeko borondatea duela.

24. artikulua.– Jarduketa-planaren baldintza zehatzak.

a) Jarduketa-planak eduki hauek izan beharko ditu:

1) Helburu kuantitatibo eta kualitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.

2) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.

3) Ekintzailetza-prozesuaren faseak.

4) Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.

5) Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta. Gastuen zerrendaren barruan agertu beharko dute xedea lortzeko beharrezkoak izan eta atzerriko erakundeekiko harremanak ezartzetik eratorritako gastuek.

b) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du lurraldean hezkuntza-erakundeak daudela, zeinek etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa eman ahalko baitiete enpresa-jardueran arituko diren pertsonei.

c) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek planean parte hartuko dutela. Laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila zehaztu behar da jarduketa-planean proiektu bakoitzerako.

25. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Lan eta Justizia Sailak hauei emango die dirulaguntza:

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko gastu orokorren % 75, gizarte-ekonomiako ekintzailetzari ekiteko erakunde onuradunak jarduna egiten duen lurraldean, gehienez ere 30.000 eurorekin.

2.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen duen jarduketa-planean gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu eratu bakoitzerako –horren ezean, gizarte-ekonomiako enpresa batean sortutako sozietate-lanpostu bakoitzerako– aurreikusitako gastuaren % 75; hala ere, sortutako proiektu bakoitzeko, gehienez 9.000 mila izango dira, eta, sortutako sozietate-lanpostu bakoitzeko, gehienez 3.000 mila.

Gehieneko 18 hileko epea dago enpresak eratzeko, betiere dirulaguntza emateko ebazpenetik zenbatzen hasita.

3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak 70.000 euro jaso ditzake gehienez.

26. artikulua.– Ordaintzeko era.

a) Lehenengo, dirulaguntza osoaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza eman ostean eta dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketan, dirulaguntza osoaren beste % 50a emango da, 25. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean. Horretarako, sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu beharko dute aurretiaz erakunde eskatzaileek Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzan, eta memoria horretan esanbidez jasota egon beharko da egindako jarduera osoa: bai gizarte-ekonomiaren arloko enpresen sustapena eta bai, zabalkunde-jardueratik eratorrita, gizarte-ekonomiakoak ez diren bestelako erakundeen sustapena ere. Era berean, egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturekin edo fotokopia konpultsatuekin. Egiaztagiri horiek guztiak dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita gehienez ere 18 hileko epean aurkeztu beharko dira.

27. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Jarduketa-plana, agindu honetako 24. artikuluan ezarritako baldintza eta eskakizunekin.

b) Lurraldeko egungo hezkuntza-erakundeen egiaztagiriak –erakunde horiek 24.b) artikuluan daude adierazita– eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.

c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan izango duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria, 24.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.

15.1 eta 15.3 artikuluari dagokionez soilik, Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta. Dirulaguntza emateko ebazpenean, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio emandako laguntza minimis izaerakoa dela eta Administrazioak eskubidea duela erakunde onuradunaren aldetiko informazio guztia lortzeko, minimis laguntza orori buruzkoa, uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 11.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala