Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2019ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2819

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira Enpresen Gizarte Erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan zabaltzeko eta ezartzeko laguntzak.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balio estrategiko handikotzat jotzen du Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzea eta hedatzea. Gizarte-erantzukizuna gizarte-ekonomiaren bereizgarrietako bat da, zehatzago esanda, mugimendu kooperatibistarena, kooperatiben printzipioetako bat da eta. Agindu honen bidez, balio eta printzipio horiek gizarte-ekonomiaren eremutik haratago zabaldu eta hedatu nahi ditugu, zeharo sinetsita gaudelako Enpresen Gizarte Erantzukizunaren garapenean guztiz inplikatuta egotea aurretiazko behin betiko urratsa izan daitekeela gizarte-ekonomiaren enpresa bihurtzea planteatzeko.

Lan eta Justizia Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuetan Enpresen Gizarte Erantzukizuna sustatzeko eta bultzatzeko onartutakoa gauzatzen da.

Ekitaldi honetarako, dirulaguntzak emateko oinarrizko hiru lerroei eusten zaie, zertxobait aldatu badira ere, burututako lanetara egokitzeko eta haien eraginkortasuna hobetzeko. Lehenengo eta behin, Enpresen Gizarte Erantzukizunaren eremuan orain arte egindakoari buruzko analisia bultzatzen da, enpresetan eta antolakundeetan duen benetako eta egiazko ezarpenean sakontzeko.

Aldi berean, diruz lagundu daitezkeen jasangarritasun-memorien izaera handitzen da, nazioartean gizarte-kontabilitateko tresnatzat hartzen diren ereduekin. Horrela hobeto ezagutu nahi da enpresa bakoitzean gizarte-erantzukizunak une zehatz batean bizi duen egoera, bere ezarpen aurreratuaren ondorio ukigarrien eta ez-ukigarrien kontzientzia hartzeko.

Bukatzeko, luzapena ematen zaio Enpresen Gizarte Erantzukizunak enpresa zehatz batean izan duen aplikazioa adibidetzat duten kasuak euskal gizartean zabaltzeko esfortzuari.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da iragartzea eta arautzea Enpresen Gizarte Erantzukizuna Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzeko eta ezartzeko Eusko Jaurlaritzak 2019ko ekitaldian emango dituen laguntzak.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

Enpresen Gizarte Erantzukizunak euskal gizartean bizi duen egoera ezagutzeko azterlanak, eta Enpresen Gizarte Erantzukizuna bultzatzeko azterlanak.

Enpresen Gizarte Erantzukizuna enpresetan ezartzea, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 metodologiari edo gisakoei jarraitu beharko diete.

Enpresen Gizarte Erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan zabaltzeko jarduketak.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2019ko azaroaren 30a baino lehenago amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta laurogeita lau mila euro bideratuko dira (184.000). Adierazitako zenbateko orokorra handitu ahal izango da, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik, eta aurrekontu erabilgarririk badago Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatutako gainerako programak bete ondoren. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute dirulaguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako dirulaguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako dirulaguntzei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Eskabideak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira: http://www.euskadi.eus/enpresen-gizarte-erantzukizuna-euskadi-2019/web01-tramite/eu

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

4.– Eskabidearekin batera, 9. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– Unibertsitateek, elkarte enpresarialek eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren sustapenean espezializatu diren entitateek, 2.a) eta 2.c) artikuluaren jarduketetarako.

2.– Enpresa txikiek eta ertainek, 2.b) artikuluaren jarduketetarako.

6. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste Administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du prozedura nahiz zehapen-prozedura oro Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

7. artikulua.– Erakunde onuradunek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Dirulaguntzen eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da: http://www.euskadi.eus/enpresen-gizarte-erantzukizuna-euskadi-2019/web01-tramite/eu

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza, haien finantzaketa-planarekin.

– Dirulaguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

11. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira diruz laguntzeko gastuak: diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balidatu eta onartuko du plangintza hori.

2.– Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

a) 2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– 2.a) artikuluko jarduerei buruzko eskaerak onartzeko irizpideak honako hauek izango dira:

– Berrikuntza azterlanaren edukietan edo analisiaren metodologian: 5 puntu, gehien jota.

– Egindako azterlanen sakontzea edo maila egiaztatua duten lanak Euskadiren eremuan aplikatzea: 3 puntu, gehien jota.

– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduketak ezartzea eta haien landa-lana egitea: 5 puntu, gehien jota.

– Lana egiten duen entitatean egiaztatzen duten gaitasuna eta esperientzia: 3 puntu, gehien jota.

Ez dira finantzatuko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako balorazioan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten eskaerak.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, hamabost egun igarotakoan dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik hasita, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarrenik, gainerako % 40a ordainduko da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du, honako informazio hau barnean daukala:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean, egoki iritzitako egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

4.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik hasita, eta dokumentazio hori 2019ko abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko da beti.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzaren helburua konplitutzat hartu delarik, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero eta, hala badagokio, beste edozein administrazio publikok emandako dirulaguntzak pilatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko baitituzte soberakinak.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak, eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez erakunde onuradunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, erakunde eskudunak ebazpena emango du, eta, horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko du, gehienez ere bi hileko epean ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Itzultzeko prozedura ebazteko epea hamabi hilekoa izango da gehien jota.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.

Agindu honetan jasotako eta 2.b) artikuluaren babespean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Laguntza-eskaera egiten duenak deklaratu egin beharko ditu dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk, modu horretara, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzaketa-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala