Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2019ko ekainaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2712

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta haiek emateko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako, informazio geografikoa hobetu eta udal mapak egin eta zabal ditzaten, 2019ko ekitaldirako.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emateko dirulaguntzak arautzea, indarra egin dezaten udal informazio geografikoaren kalitatea hobetzeko, eta, horretarako, denon intereseko datuak jaso, digitalizatu eta interneten argitara ditzaten, mapa paperean inprimatzearen kalterik gabe, udalen aukera izango baita.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez, 2018ko martxoaren 14an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak agindu bat eman zuen Sailaren 2018-2020 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzeko. Horretan, dirulaguntza-lerro hau aurreikusten da.

Dirulaguntza-lerro honen bidez, jarraipena eman nahi zaio 2014an Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hasitako programari, udal datuak geoatari batera migratzeko kanalak eratzeko, eta udalek gobernuaren webguneak ematen dituen datu geografikoak erabiltzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak du eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan informazio geografikoaren ekoizpena koordinatzeko, datu geografiko bateratuak eta kalitatekoak edukitzeko, gaur egungo nahiz etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta Europar Batasuneko informazio espazialaren (Inspire) azpiegituraren inguruko Europako araudian xedatutakoa betetzen dela zaintzeko.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horiek emateko deialdia egitea, bai udal-mugartearen mapa digitala egiteak eragindako gastuetarako, bai, aukerakoa den arren, paperean inprimatzeak eragindakoetarako: horretarako, mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak bildu, berrikusi eta aurkitu behar dira, eta, nahitaez, gutxienez toponimia, kale-izendegia, eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri-elementuak berrikusi eta eguneratu behar dira.

Informazio hori interneten argitaratu behar da mapa-bisore bat erabilita; horretarako, www.geo.euskadi.eus atariko mapa-bisorea baliatu daiteke. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak du atari horren ardura, eta udalen webgunean txertatu ahal izateko moduan dago eginda.

Gutxieneko eskakizun teknikoetan dago adierazita zein diren bildu beharreko elementuak, formatuak eta eskakizunak dirulaguntza jasotzeko moduko mapak egiteko (ikusi eranskina).

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

200.000 euro bideratuko dira 2019ko ekitaldirako dirulaguntza finantzatzeko, 19.0.1.05.12.0000.4.722.01.43130.002/P aurrekontu-partidaren kargura.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan zehazturik dauden baldintzak, eskakizunak eta prozedurak betez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak izan daitezke dirulaguntza honen erakunde onuradunak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Ezin dira onuradun izan aurreko hiru ekitaldietako edozeinetan dirulaguntza jaso duten erakunde onuradunak, ez badiote berariaz uko egin.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezin izango dute izan dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

4.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da 38/2003 Legearen 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta inguruabar bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrari dagokio agindu honetan aurreikusitako prozedurak kudeatzea, zeinak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko baitzaizkie.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan:

Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1016605

Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016605

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Eskabidean, berariaz aipatuko da lana paperean inprimatuko den ala ez.

6.– Betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari:

a) Jakinaraztea ea eskatu den eta, hala badagokio, ea eskuratu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo beste baliabiderik.

b) Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

c) Entitate eskatzailea ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

d) Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean izatea eskaera egiteko unean.

Eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, dagokion ziurtagiri administratiboaren bidez egiaztatu beharko du.

e) Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

Akatsen zuzenketa jakinarazteko, baliabide elektronikoak erabiliko dira. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak elektronikoki izenpetzen duenean hura jaso izana. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzen kargura finantzatu ahal izango dira diruz lagundutako mapa digitala egiteko zerbitzu-sariei dagozkien gastuak, barnean hartuta behar den informazio geografikoa biltzeko eta berrikusteko lanak eta udal webguneko mapa-bisorean zabaltzekoak. Ondorengo apartatuan adierazitakoa aplikatu behar den kasuetan, emandako dirulaguntzak barnean hartzen baditu mapa paperean ezartzeko gastuak, inprimatze-lanei dagozkien gastuak ere finantzatu egingo dira.

Ondore horietarako, entitate onuradunek diruz lagundutako lan guztiak kontratatu ahal izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluan ezarritako mugekin.

Diruz laguntzekoak diren gastu guztiei aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua.

2.– Honako formula hau erabiliko da udal bakoitzari zenbateko gehieneko dirulaguntza emango zaion zehazteko:

«H» gehieneko dirulaguntza da eurotan, eta «P» udalerriko biztanleen kopurua da, EUSTAT–Euskal Estatistika Erakundeak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean emandako biztanleriari buruzko azken datuaren arabera.

H = 8.000 + (P/100)

Udalak maparen aleak paperean inprimatzea aukeratu badu, H zenbatekoari % 20 gehituko zaio. Dirulaguntza ez da inola ere 12.000 euro baino gehiago izango. Era berean, ezingo du 12.2 artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoa gainditu (kostu garbiaren % 80, BEZa eta gainerako zergak kanpo).

3.– Agindu honetako 10.1 artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea edo proportzio-araua aplikatzen bada, baliteke azkenean emango diren dirulaguntzen zenbatekoak artikulu honetako formulen bidez lortzen diren kopuruak baino txikiagoak izatea.

9. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak norgehiagoka ez-lehiakorraren eta hainbanaketako kuantifikazioaren bidez emango dira.

2.– 5. artikuluan aurreikusitako organo kudeatzaileak irizpide hauek izango ditu kontuan dirulaguntzak esleitzeko:

– Epe barruan jaso eta 3., 4. eta 6. artikuluetako eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiak hartuko dira kontuan.

– 8.2 artikuluan jasotakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoen bolumen osoa deialdiko zuzkidura ekonomikotik gorakoa bada, hainbanatze-irizpidea edo proportzio-araua erabiliko da eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko.

3.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrak eta, hark izendaturik, zuzendaritzara atxikitako bi teknikarik prozedurako ebazpen-proposamena egingo dute, eta Lurralde Plangintzako sailburuordeari helaraziko.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Organo kudeatzailearen proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

Ebazpen horretan zehaztuko da erakunde eskatzaileei dirulaguntzak esleitu ala ukatu zaizkien, eta, ukatuz gero, ukatzeko arrazoiak ere azalduko dira.

Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenean, honako hauek jasoko dira:

a) Zein diren udal onuradunak.

b) Zer biztanleria-datu eman duen Euskal Estatistika Erakundeak (Eustatek) eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

c) Udal onuradunek paperean inprimatzea aukeratu duten ala ez.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ebazpen hori jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta, informazioa emateko xedeetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan ere argitaratuko da.

2.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

3.– Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, lehen aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Udal onuradunek jasotako dirulaguntza ezarritako epeen barruan justifikatu egin beharko dute, dokumentazio hau aurkeztuta egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalean.

a) Dirulaguntzako lanen hasieraren ziurtagiria eta, hala badagokio, kontratazioarena; espresuki adierazita lanak amaitzeko gehieneko epea bederatzi hilekoa dela. Gehienez ere, bi hileko epean aurkeztu beharko da ziurtagiri hori, dirulaguntza esleitzeko emandako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Lanak amaitzeko 9 hileko gehieneko epea luza daiteke Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularraren ebazpenaren bidez. Horretarako, erakunde onuradunak luzapena eskatu beharko du lanak atzeratzen ari direla antzematen duenean eta beti ere epea amaitu baino lehen. Eskaeran, horretarako zioak azaltzen dituen justifikazio-memoria bat aurkeztu behar du, eta kasuan kasuko agiria aurkezteko aurreikusitako epea proposatu.

c) Epea luzatzea erabakitzen bada, gehienez lau hilabetez luzatu ahal izango da, azaldutako zioen arabera.

2.– Diruz lagundutako lanak gauzatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago, entitate onuradunek, hala mapa digitala bakarrik egingo dutenek nola paperean inprimatzea ere erabaki dutenek, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzara informazio digitala igorriko dute, dirulaguntza jasoko duten mapek bete beharreko gutxieneko betekizun teknikoen betetze-mailari buruzko txostena egin ahal izateko (agindu honen eranskinean daude betekizun horiek). Txosten hori hilabeteko epean emango da, eta, akatsen bat atzemanez gero, zuzendu egin beharko da txostenean adierazitako epean.

3.– Diruz lagundutako lanak benetan eginda daudela egiaztatzeko, erakunde onuradunak zenbait entregagai bidali beharko ditu Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean, eta denek ere bat etorri beharko dute agindu honi eranskin gisa gehitutako betekizun teknikoen agirian jasota dauden eskakizun eta formatuekin. Honako hauek dira entregagaiak:

a) Udalerrian dauden interes publikoko hiri-elementuei, zerbitzuei eta instalazioei buruzko informazioa.

b) Toponimiari buruzko informazioa.

c) Kale-izenei buruzko informazioa.

d) Oinarrizko kartografiari buruzko informazioa.

e) Maparen irudi-fitxategiak, PDF formatuko fitxategi konprimitu batean, mapa webgunearen bidez zabaltzeko, eta mapa digitalaren irudi geoerreferentziadunak, eranskinean deskribatutako formatuetan.

f) Paperean inprimatzeagatik % 20ko finantzaketa gehigarria eskuratzen bada, 50 ale paperean entregatu beharko dira, eta inprimategirako prestatutako materiala duen azken fitxategi digitala.

g) Udal atariaren URL helbidea, non argitara emango baita mapatik eratorritako informazioa bisore kartografiko batean.

4.– Ondoren, eta modu elektronikoan, aurreko apartatuko dokumentazio-entregaren data eta erregistro-zenbakia adieraziko dira. Horretaz gain, modu presentzialean ekarritako dokumentuen zerrenda adieraziko da, eta diruz lagundutako lanen ondorioz eginiko gastua egiaztatzen duten fakturak erantsiko dira, banakatuta. Hala badagokio, xede bererako jasotako laguntza guztien ziurtagiriak ere erantsiko dira.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza behin eta dena batera ordainduko da, ordainketa bakarrean, dirulaguntza justifikatu ostean; horretarako, aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Dirulaguntzako gastuen zenbatekoa ezin da, inoiz ere, kostu garbiaren % 80 baino handiagoa izan (BEZa eta gainerako zergak kenduta), eta egiaztatu beharko da diruz lagundutako lanen faktura banakatuen bidez.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

13. artikulua.– Informazioa zabaltzea.

Dirulaguntza honetatik eratorritako informazio orori zabalkunde egokia eman ahal izango diote bai Eusko Jaurlaritzak bai erakunde onuradunek.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, agindu honen 10.1 artikuluaren arabera dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

d) Dirulaguntza hauek kudeatzen dituen Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean.

e) 11. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, manu horretan adierazitako epeetan.

f) Paperezko eta euskarri digitaleko mapetan, berariaz adierazi behar da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (318/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena, EHAA, 205. zk.).

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, emateko ebazpena alda daiteke, betiere, arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak mantentzen badira eta dirulaguntzaren xedea bete dela jotzen bada. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribaturen batek emandako dirulaguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste sarrera edo baliabide batzuk jasotzea.

Ondorio horietarako, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak behar den aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.

16. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Erakunde onuradunak ez badu erabiltzen dirulaguntza hori eskatu eta eman zitzaion xederako, edo dirulaguntza eragin duen jarduketa egiten ez badu, edo finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

17. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Agindu honetako deialdiko dirulaguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da deialdi honetan emandako dirulaguntzekin batera 12.2 artikuluan ezarritako ehunekoen muga (kostu garbiaren % 80) ez gainditzea. Muga hori gainditzen bada, emandako dirulaguntzaren benetako zenbatekoa adierazitako mugaraino gutxituko da.

18. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta haren araudia, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betearazteko behar diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 22a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala